Ireki menu nagusia
Nekazal lurren ehunekoa (2006).

Euskal Herriko ekonomia herrialdez herrialde aldatzen da.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeak Frantziako estatuko industriaguneetatik urrun daude, eta nekazaritzari, arrantzari (Lapurdiko kostaldean) eta jarduera horien araberako gizarte molde bati loturik bizi izan dira luzaroan. Hego Euskal Herriko bi herrialde, Bizkaia eta Gipuzkoa, Espainiako estatuko industrializazioaren gune nagusia izan ziren hasieratik bertatik. Zerbitzuen sektoreak geroz eta pisu handiagoa izan du, oro har, Euskal Herrian; bost langiletik hiruk zerbitzuetan lan egiten du. Lehen sektoreak du garrantzi gutxiena, eta bigarren sektoreak, indarra galdu badu ere, garrantzi handia du oraindik ere. 2001. urteko datuen arabera, langileen % 61,6 zerbitzuetan dihardu lanean, % 35,4 industrian eta % 3 baino ez nekazaritzan. Europako testuinguruan eta industrian diharduen langileen proportzioaren arabera, Euskal Herria Europar Batasuneko herrialde industrialenetako bat da gaur egun: Europar Batasunean batez beste langileen % 29,6 dihardu industrian, % 35,4, berriz, Euskal Herrian. XIX-XX. mendeetan, industrializazio prozesu indartsua gertatu zen, baina XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran, zerbitzuen sektoreak gero eta indar handiagoa hartu du. Nafarroa Beherea da herrialde nekazariena, Gipuzkoa industrialena, eta zerbitzuek, berriz, Lapurdin dute garrantzi gehiena. Lehen sektorearen barruan, nekazaritza intentsiboaren eredua nagusitzen ari da, eta, ustiategi kopuruak behera egin badu ere (% 21eko galera 1989-1999 bitartean), gero eta eremu gehiago erabiltzen da nekazaritzarako. Arrantzak garrantzi handia izan du historian zehar, baina, nekazaritzarekin gertatu bezala, arrantzaren gainbehera nabarmena izan da azken hamarraldietan: 2001ean 4.000 arrantzale eta 400 itsasontzi baino gutxiago zeuden Euskal Herrian; hamabost urte lehenago, berriz, 8.000 arrantzale baino gehiago eta 750 itsasontzi inguru. Donibane Lohizune-Ziburu eta Hendaia dira Lapurdiko arrantza portu nagusiak. Frantziako estatuko lehen atun portua da Donibane Lohizune. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza portuak Espainiako estatuko garrantzitsuenak dira oro har, eta itsas barruko arrantzan (kostaldetik urrun) nahiz kostaldekoan jarduten dute bertako itsasontziek. Basoek Euskal Herriaren herena baino gehiago hartzen dute. Bizkaian eta Gipuzkoan, pinuak eta, neurri apalagoan, eukaliptusak hartu dituzte aurreko garaietan bertako arbolek (pagoa, haritza, gaztainondoa) estaltzen zituzten eremu handi zabalak. Oihanak zabalak dira Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko hegoaldean. Iratiko oihana, Nafarroa Garaiko Aezkoaren eta Zuberoako Basaburuaren artean, Europako haritz oihan nagusietako bat da. Bizkaiko burdin meatzeek galdu egin dute egun duela ehun urte zuten garrantzia eta, Nafarroa Garaiko hobi batzuk alde batera utzita (magnesita), Euskal Herriko meatzeek ez dute garrantzi handirik. Euskal Herria industria herria da, baina jarduera hori ez da bertako bazter guztietara modu berean zabaldu. Euskal Herrian XIX. mendearen erdialdean hasi zen hazkunde industriala, XX. mendean ekonomiaren ardatza bilakatu zen arte. Euskal Herriak oro har eta herrialde batzuek bereziki industrializazio prozesu handia jasan dute. XX. mendearen hirugarren laurdenean Araban eta Nafarroa Garaian industrializazio prozesu azkarra gertatu zen, eta Bizkaian eta Gipuzkoan areagotu egin zen prozesu hori; horrek guztiak sakoneko aldaketak ekarri zituen: 750.000 etorkin inguru iritsi ziren, biztanleria bikoiztu egin zen eta etxebizitza ugari eraiki ziren. Hala ere, mende oso batez euskal ekonomiaren sektore nagusia izan ondoren, 1970eko hamarraldiaz geroztik, indarra galdu zuen eta birmoldaketa sakon bat gertatu zen. Garai hartako ekonomia krisiak oso gogor astindu zuen industria, eta ondorioak garratzak izan ziren, lanpostu asko galdu baitziren. Laurogeiko hamarraldian industrian jarduten zuten langileek greba eta protesta gogorrak egin zituzten. Oso latzak izan ziren, besteak beste, Bilboko Euskalduna lantegiko langileen borrokak. Azkenik, zerbitzuen sektorea da indar gehiena duena gaur egun Euskal Herrian (% 61,6). Hiriburuetan bildu dira administrazioaren zerbitzu nagusiak. Edonola ere, euskal herrialde guztietan zerbitzuen sektoreak ez du garapen berbera izan: Lapurdin langileen % 76,7 dihardu zerbitzuetan, eta Zuberoan, berriz, % 48,9 baino ez; bizkaitarren % 65,3k eta gipuzkoarren % 58,4k lan egiten dute sektore horretan. Kontuan hartu behar da, halaber, zerbitzuen sektorea izan dela azken bi hamarraldietan zazpi herrialdeetan hazkundea izan duen sektore bakarra. Turismoak badu garrantzia kostaldean eta Ipar Euskal Herrian, baina gutxi garatu da barnealdeetan.

Garraioak eta komunikabideakAldatu

Euskal Herriko errepide sarea ongi horniturik dagoen arren, ez ditu behar guztiak behar bezala betetzen. Bilbo-Behobia-Baiona autobideak lotzen ditu kostaldeko hiriak. Bilbo-Gasteiz-Burgos autobideak errazten du Bizkaia eta Araba arteko komunikazioa eta Iruñea-Irurtzun-Andoain-Donostia autobideak Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko errepide harremanak azkartzen ditu. Pirinioetako mendiek eta bi estaturen arteko muga izateak guztiz oztopatu dituzte Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak. Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko iraganbidea da, Bidasoa ibaiaren gainean, errepide bidezko pasabide bizkorrena eta erabiliena, guztiz funtsezkoa Frantziako eta Espainiako estatuen arteko harremanetarako. Nafarroa Garaiaren eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren arteko bideak, ordea, guztiz bestelakoak dira; orografia eta klima oztopo handiak gainditu behar dituzte eta ez dira erosoak. Euskal Herriko burdinbide sareari dagokionez, Madril-Paris burdinbidea du ardatz nagusia eta horrekiko loturak osatzen dituzte beste gainerako burdinbideak: Bilbo-Miranda-Castejon; Altsasu-Iruñea-Tutera; Baiona-Donibane Garazi. Bide estuko burdinbide batek lotzen ditu, zuzenean ez bada ere, Hendaia eta Bilbo. Gisa horretako burdinbide asko galdu da Euskal Herrian azken berrogeita hamar urteetan, Gasteiz-Lizarra, Gasteiz-Maltzaga edota Urolako trena, adibidez. Hiru merkataritza portu ditu Euskal Herriak. Bilboko portua Espainiako estatuko nagusia da, eta Europako Hego Atlantikoko garrantzizkoenetako bat. Kontuan hartzekoak dira, halaber, Pasaiako eta Baionako portuak. Bost aireportu ditu Euskal Herriak, lau hegoaldean (Loiu, Foronda, Hondarribia eta Noain) eta bosgarrena Lapurdin (Miarritze).

ErreferentziakAldatu