Ireki menu nagusia

Nafarroako Diputazioa

Nafarroako Diputazioa 1501ean eratu zen. Aristokraziako, elizako eta merindadeetako ordezkariek osatzen zuten. Nafarroako diputatu edo ahaldunak zergak biltzen zituzten errege-gizonak ziren jatorriz (XV. mendea). Diputazioaren helburua foruak begiratzea eta errege-gobernuaren antolamendu berria bideratzea zen.

Gaztelako koroaren mendean geratu ondoren, Nafarroa Garaiko Gorteek diputazioa, edo ahaldunez (bina ordezkari) osaturiko erakundea, sortzea erabaki zuten: Nafarroako Erresumako Diputazioa (1576). 1642an, zazpi diputatu izatea erabaki zuten: bat elizarena, bi militar, bi Iruñeak jarriak eta beste bi merindadeek, txandaka, aukeratutakoak. 1678an, herriek merindadeetako ordezkariak hiriburuetako ordezkari zuzenak ez izatea erdietsi zuten, eta honela osatu zen Diputazioa: diputatu bat elizaren aldetik (ordenetako abadeak ziren, txandaka, eta boto bat zuten); aitoren semeetako bi diputatu militar (bi boto); bi diputatu herrien aldetik (boto bat); eta bi diputatu Iruñeak aukeratuak (boto bat). Nafarroako Diputazioak foruak eta legeak zaintzen zituen, herritartasuna eman ziezaiekeen atzerritarrei, justizia-arazoak bere gain zituen, mendi, bide eta herrilanak eta hezkuntza zituen ardurapeko, eta Espainiako erregearen edozein agindu onartzeko nahiz gaitzesteko ahalmena zuen. Diputazioak Gorteen aurrean azaldu behar zituen beti hartutako erabakiak eta asmo guztiak.

1841eko Ley Paccionada delakoaren ondorioz desagertu egin ziren Nafarroako Gorteak, Erresumako Diputazioa eta epaitegi bereziak, eta Nafarroa Probintziako Diputazioa sortu zen. Erabaki horren ondoren, arras murriztu ziren Nafarroak zituen eskubideak. Nafarroako Gobernua edo Diputazioa 1841eko hitzarmenezko legean oinarrituriko Foruaren Hobekuntzarako Legearen arabera egituratua dago gaur egun.

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu