Tapia eta Leturia
Tapia eta Leturia musika taldea da, Joseba Tapia trikitilariak eta Leturia pandero-jotzaileak 1984an sortua. Arkaitz Miner biolin-jotzailea eta Txus Aranburu piano-jotzailea ere elkartu zitzaizkienetik, laukotea osatzen dute.[1][2]
Tapia eta Leturia | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Gipuzkoa |
Musika mota | trikiti eta herri-kanta |
Urteak | 1984 |
Joseba Tapia Xabier Berasaluze | |
Informazio gehigarria | |
tapiaetaleturia.com | |
Taldea
aldatuHastapenak
aldatuBuenos Aires izeneko auzoan jaioa, musikarekin harreman oso estua zuen familia batekoa da Joseba Tapia; besteak beste, Juanito eta Eleuterio osabak trikitilari ospetsuak zirelako. Txikitatik hasi zen musika lantzen, hasiera batean soinu handia, akademia batean. Zortzi urtez aritu zen ikasten, baina hamabost urterekin erabaki zuen hura ez zela bere tresna, eta soinu txikia lantzen hasi zen, Eleuterio Tapia irakasle zuela.
Harekin hasi zen plaza eta erromerietan jotzen, eta 1981. urtean agertu zen plazan bakarrik lehenengo aldiz, Donostiako Igeldo auzoan. Handik hiru urtera, aurrerantzean bere pandero jole izango zen Xabier Berasaluze Leturiarekin jotzen hasi zen. Hortik aurrera, bikote bereizezina bihurtuko zen, Tapia eta Leturia izen artistikoa hartuz.
Bikoteak bi aldiz irabazi zuen Euskal Herriko Trikiti Txapelketa, 1986. eta 1988. urteetan. Txapelketa horietan argi gelditu zen trikitia jotzeko molde berritzaile bat zutela, eta aurreko belaunaldiarekin etena egin nahi zutela. Bi txapel horien artean Tapia eta Leturiak lehenengo diskoa argitaratu zuen, Jo ta hautsi (Elkar, 1987). Joseba Tapiak egindako musikaren gainean, pieza instrumentalak eta abestutakoak uztartzen ziren lan horretan. Hitzak egin zituztenen artean, bi bertsolari ezagun: Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Amuriza. Eta kolaboratzaileen artean, artean ezezaguna zen Kepa Junkera, akordeoia jotzen, baita Juan Mari Beltran ere.
Bigarren diskoa "Juergasmoan"
aldatuOrdurako erromerietan oso ezagunak ziren, baina bikotearen sendotzea 1989. urtean etorriko zen, bigarren diskoarekin: Juergasmoan (Elkar, 1989). Lan horretan, laguntzaile talde zabala izan zuten ondoan: Mikel Artieda, Aitor Amezaga, Mixel Ducau, Jose Alberto Batiz, Anjel Valdes... Eta horiekin guztiekin taldearen soinua askoz elektrikoagoa bihurtu zen, trikitiaren ohiko doinuetatik aldenduta. Disko horretako hainbat abesti euskal kantutegiaren klasiko bihurtu dira dagoeneko: "Maitatzen zaitudalako" (Joxan Ormazabalek idatzia), "Anbototik Gorbeara" eta "Hik lan eta nik jai" (Xabier Amurizak idatzia), baita Flaco Jimenez mexikarraren bi bertsio ere: "Maddalen" eta "Festarik festa".
Trikitiaren ohiko mugak apurtuta, Tapia eta Leturiak entzule berriengana eraman zituzten beren doinu dantzagarriak. "Nik oso gaztetatik izan nuen eskusoinua rock-era hurbiltzeko gogoa, baina orduan ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Garai hartan trikitiaren mundua oso lotuta zegoen nekazal girora eta erromerietara, eta bazirudien ezinezkoa zela bi mundu horiek elkar hurbiltzea. 80ko hamarkada hasierako urte haietan, trikitia oso gustuko nuen bezala, Hertzainak eta Kortatu asko entzuten nituen, baita AC/DC edo Ramones ere; baina ez zegoen bi mundu horien arteko loturarik. 1987an Anje Duhalderekin jotzen hasi nintzenean, lehenengo harremana izan nuen bateria, baxu eta abarrekin, eta ni ere animatu nintzen antzeko zerbait egitera. Gero gu ere hasi ginen erromeria elektrikoak egiten. Horrek guztiak ekarri zituen berrikuntza batzuk", azaldu du Tapiak.
Hirugarren diskoa "Dultzemeneoa"
aldatuHirugarren diskoak, Dultzemeneoa (Elkar, 1992), aurrekoaren ildo beretik segitu zuen. Trikitia eta panderoa zituen oinarri, baina beste musika tresna asko ere agertzen ziren: saxofoia, perkusioa, mandolina, gitarrak, biolina... Lan horretan Joseba Tapiaren trikitiaren ondoan, beste bi trikitilari berritzaile ere agertzen ziren: Iker Goenaga eta Kepa Junkera. Aurreko diskoko kolaboratzaile gehienek errepikatu zuten, baita beste berri batzuk gehitu ere: Bixente Martinez (Izukaitz, Oskorri, Hiru Truku), Luis Camino, Ibon Koteron, Pascal Gaigne, Anton Latxa (Oskorri)...
Ordurako taldea rock eta pop moldeetatik hurbilago zegoen, herri musikatik baino. Horrexegatik, hurrengo urratsa nahiko logikoa izan zen: Tapia eta Leturia Tapia eta Leturia Band bihurtu zen. Mikel Artieda (baxua eta ahotsak), Jose Alberto Batiz (gitarra eta ahosoinua) eta Fernando Leiza (bateria) musikarien ekarpenarekin osatu zen boskotea. Rocka, popa, heavy, baita hip-hopa ere izan ziren taldeak landutako estiloetako batzuk, rock talde berezi baten itxura hartuta. Tapiaren estetika ere dezente aldatu zen urte horietan, bisera eta gisakoak jantzita agertzen baitzen agertokira.
Laugarren diska "Tapia eta Leturia Band"
aldatuTapia eta Leturia Band (Elkar, 1995) izan zen talde berriaren lehen lan diskografikoa, eta arrakasta, sekulakoa. Taldekideek egindako musikaren gainean idazle eta bertsolari garrantzitsuen hitzak zituzten kantuok: Andoni Egaña, Jon Sarasua, Jexuxmari Irazu, Xabier Montoia, Patziku Perurena, Unai Iturriaga... Kantuen artean, bi nabarmendu ziren bereziki, urteko kanturik entzutetsuenetakoak bihurtzeraino: Galdurikan nago eta Ez mesedez, ez.
Plazak utzita, taldeak rock taldeekin egin zituen zuzeneko emanaldiak. Formula berritzailea izan zen, eta garai horietan sortuko zen triki-pop estiloaren aitzindaria. "Askok diote ni izan nintzela aitzindari, ni naizela jarrera horren aita; ez nau horrek harrotzen. Ez dut horrelako tituluen beharrik. Modako erritmoetan trikitia sartuta arrakasta lortzen genuen: lehendabizi trikirocka egin genuen, ondoren trikirapa, gero trikipopa. Baina azaleko arrakasta horrek gero iraupen txikia izaten zuen, barrenetik hutsa zegoelako seguruenik. Hala ere, nik ez ditut esperimentu hauek kondenatzen; trebatzeko balio dute. Beste musikariekin inprobisazioa lantzea, formula jazzistikoan edo blues estrukturetan, interesgarria izan da niretzat. Beste musikariekin ondo pasatzeko balio izan dit teknika horrek, eta gozatu ere egiten da" (2).
Ondorengo diskak
aldatuBoskotearen bigarren lana bi urte geroago etorri zen, Ero (Elkar, 1997), baina ez zuen lehenak izan zuen oihartzunik izan.
Hurrengo urtean bikote formatura itzuli eta, horrekin batera, trikitia molde tradizionaletara. 1998 lan bikoitzean (Elkar, 1999) Xabier Amurizaren laguntzaz bildutako 51 herri kantu eman zituzten, trikiti eta panderoarekin. Xabier Amurizarekin izandako elkarlanak beste fruitu bat eman zuen Bizkaiko kopla zaharrak diskoan (Elkar, 1999). Horretan, Bixente Martinez eta Mixel Ducau izan zituzten trikitia eta panderoa laguntzen, eta, ahotsetan, oso gonbidatu bereziak: Amuriza bera, Natxo de Felipe, Amaia Zubiria, Igor Elortza, Mentxu Alkorta, Leire Bilbao eta Mikel Markez.
Tapia eta Leturia Band deseginda, azken urteotan Tapia eta Leturia bikotea Arkaitz Miner (biolina, gitarra eta mandolina) eta Jexux Aranbururekin (pianoa) aritu da. Musikari horiekin eman zuten argitara Hain zuzen (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Ruper Ordorikak ekoitzitako zuzeneko diskoa.
Ordurako, baina, Joseba Tapiak bide propioa zuen hasia. 1998. urtean, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean, Apoaren edertasuna proiektua (Gaztelupeko Hotsak, 1998) jarri zuen martxan. Izagirreren narrazio baten gainean osatu zuten diskoa, eta ondorengo ikuskizuna, trikitiaren eta literaturaren arteko uztarketa berezia eginez. Bakarkako hurrengo proiektua ere ezohikoa izan zen. Québec, hamalau kantu independentziarako diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 1999) Tapiak herrialde horretako idazle eta poeten kantuak abestu zituen, Itxaro Bordak eta Koldo Izagirrek euskaratuak. Alderdi musikalean Arkaitz Miner (biolina), Ritxi Salaberria (kontrabaxua) eta Pascal Gaigneren (gitarra eta moldaketak) izan zituen alboan.
"Ni Quebecera hurbildu banaiz izan da beraiek dituzten kezkak nireen parekoak direlako; eta bide horretan proiektuak ugari dira, toki guztietan daudelako arazoak eta toki guztietan dagoelako lanean diharduen jendea. Nire izenean bakarka hasitako lana hortik doa. Musika tradizionaletik aldentzen ari naiz, nahiz eta bere eragina oraindik handia den, eta kezka batzuk jasotzen dituen musika egin nahi dut. Mundu aldrebes honetan hamaika kezka ditugu, ez bakarrik politikoak, eta horiei musika jarri nahi diet. Bai Quebec eta bai Apoaren edertasuna bide horretan kokatzen dira, eta nire musika-sena horren alde jarriko dut. Gainera, kanpoko herrialdeekiko harremana asko interesatzen zait. Egiten dudanak karga ideologiko handia izatea garrantzitsua da" (1).
Trilogia berezi horri amaiera emango zion lanak ere Joseba Tapiaren alderik konprometituena erakusten zuen: Agur Intxorta maite. 1936-1937 guda kantuak (Gaztelupeko Hotsak, 2001). Disko horretan 36ko gerran euskaldunek abesten zituzten kantu antifaxistak berreskuratu zituen Tapiak, Koldo Izagirreren ezinbesteko laguntzaz. Ordu arte egin gabe zegoen lan historiko eta kultural handia dago disko horretan.
Orain arteko bakarkako azken diskoarekin beste urrats bat egin zuen Tapiak. Estimatzen zituen testuei hitza jarri zien Real politik diskoan (Zakurraren biolina, 2006), eta, horrez gain, lan hori autoekoitzi zuen. Josetxo Azkona, Koldo Izagirre, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Bilintx, Bertolt Brecht eta beste musikatu zituen.
Horrez gain, beste bi proiektu garrantzitsutan hartu du parte Joseba Tapiak. Zaldibobo da bat, dantzarako eta erritmo afrikarrak uztartzen zituen talde interesgarria. Mixel Ducauk sortuta, beste lau musikari aritu ziren taldean: Joseba Tapia (trikitia), Mikel Artieda (baxua), Beñat Amorena (bateria) eta Frederic Gaillardet (teklatuak). Bi disko argitaratu ostean, taldea 1996. urtean desegin zen.
Ruper Ordorika eta Bixente Martinezekin batera, Hiru Truku taldean ere aritu zen Joseba Tapia. Bizkaiko eta Nafarroako kantu zaharrak gaur egungo folk doinuetara eman zituen taldeak argitaratutako hiru diskoetan.
Horrez gain, Euskal Herriko zein atzerriko musikari askorekin kolaboratu izan du Tapiak: Negu Gorriak, Mikel Laboa, Fermin Muguruza, Ñaco Goñi eta Albert Pla besteak beste.
Diskografia
aldatu- Euskadiko Trikitixa Txapelketa (IZ, 1986)
- Jo eta Hautsi (Elkarlanean, 1987)
- Euskadiko Trikitixa Txapelketa (IZ, 1988)
- Tapiatarren Trikitixa (Elkarlanean, 1989), familian eginiko diskoa, osabekin eta lehengusuarekin batera.
- Juergasmoan (Elkarlanean, 1990)
- Dultzemenoa (Elkarlanean, 1992)
- Tapia eta Leturia Band (Elkarlanean, 1995)
- Canada Tour (1996), Dultzemenoa diskoaren Kanadarako edizio berezia.
- Tapia eta Leturia Band: "Ero" (Elkarlanean, 1997)
- 1998 (2 CD) (Elkarlanean, 1998)
- Bizkaiko Kopla Zaharrak (Elkarlanean, 1999), Xabier Amurizarekin.
- Hain zuzen (Gaztelupeko Hotsak, 2002)
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Tapia eta Leturia» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
Kanpo estekak
aldatu- ↑ «Trikiti doinuekin kulunkan -» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).
- ↑ Sarasola, Ainhoa. «Trikiti doinuekin kulunkan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).