Erromantizismoa Erresuma Batuan eta Alemanian XVIII. mendearen amaieran sortu eta XIX. mendean zehar garatu zen mugimendu artistiko, literario, kultural eta politikoa da, Ilustrazio eta Neoklasizismoko arau aristokrata, sozial eta politikoen aurkako mugimendu iraultzailea. Pentsamendu eta idazkeraren askatasunagatik irudimen eta subjektibitatea dira mugimenduaren joera bereizgarrienetakoak: sentimenduaren garrantzia gailentzen da. Literaturatik abiarazitako mugimendua izan zen, XIX. mende osoa hartu zuena, baina azkenean espazio literarioa errealismoarekin partekatu zuen.

Caspar David Friedrich-en Biadaiaria laino-itsasoaren aurrean (Kunsthalle, Hanburgo)

Lehenik eta behin, jatorriz ere, edukiz bezala, aski nahasia da hitz hori. Hain zuzen ere, erromantiko hitza, jatorriz behe-latineko romanticus-etik datorrena, latinezko idazkien arau estuak betetzen ez zituzten erromantze-hizkuntzan idatzitako roman (kontaketa) izenen hedaduratik hartu zen XVII. mendean, garai hartako zentzuzkotasun eta arrazoizkotasunaren arau klasikoak betetzen ez zituzten literatura-moduak izendatzeko: fantasiak, gauza bitxiek, egiak neurtzen ez zituzten gertaerek leku handia zuten literatura-moduaren izen gaizto gisa, alegia. «Eleberrietan baizik gertatzen ez direnak» aipatzeko erabiltzen zen, hitz batean esateko, «erromantiko» hitza.

Handik mende batera, ordea, arte- eta literatura-gustuak aldatu zirelarik, omenezko bilakatu zen «erromantiko» izatea, ingelesez hasi, eta Europako hizkuntza nagusi guztietan gero, fantasiazko gauzen, gauza irrazional, misteriozko, bitxi, malenkoniazko edo beldurgarrizkoen zale egin zenean Europan zabaltzen ari zen sentikortasun berria. Orduan azaldu ziren antzinako gaztelu gotikoak, hondoa jotako monasterioak, paisaia pintoreskoak («pinturazkoak»), bakartiak, malkarrak; eta orduan zabaldu zen, orobat, erromantikotasunaren eta Erdi Aroaren ideia baten arteko lotura.

Erromantizismoaren testuingurua aldatu

Garaiko aldaketa politikoekin bat eginik zetorren erromantizismoa. Horietatik aipagarriena askatasun, berdintasun eta senidetasunaren printzipioak aldarrikatu zituen Frantziako Iraultza (1789) izan zen, baina 1770 eta 1830 artean Europako iragan feudalari behin betiko amaiera eman zion beste zenbait gertaera ere izan ziren: burgesia garatuz liberalismoaren oinarria izan zen Ingalaterrako Industria Iraultza (1760-1840); aipagarria da orobat, giza eskubideak aldarrikatuz eta gobernuan errepublika ezarriz, Ameriketako Iraultzan eman zen Independentzia Deklarazioa (1776); tirania askatasunaz ordezkatu zen, botere absolutua mugatuz eta demokrazia gobernu-eredutzat ezarriz.

Frantziako Iraultza garaiko pentsamoldea nagusitu zen Europan: Antzinako Erregimena deritzon aparatu politikoa desegin, eskubide feudalak eta gremioen murrizketak indargabetu, zerga-sistema arrazionalizatu, Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak aldatu eta, esandako guztiaz gainera, luzean ordezkaritza politiko gabe zeuden taldeek burujabetzea lortu zuten.

Idazle gazteenen belaunaldiak Frantziako Iraultza arau eta ohitura zaharkituen aurkako moralitatearen erreibindikaziotzat hartu zuen: justizia tiraniaz eta natura maltzurkeriaz ordezkatuz.

Erromantizismoaren aurrekari eta eraginak aldatu

Erromantikoengan ezin uka daiteke Jean-Jacques Rousseau frantziar filosofoaren eragina. XVIII. mendeko sentikortasun kultua, introspekzio pertsonalaren filosofia, naturaren ikuspuntu espiritualista barneratzen zuen joera konplexua, konbentzionalismo sozialaren errefusa, eta adierazkortasunaren balioan sakondu zuen, Erromantizismoko estetikan funtsezko bilakatzear zeuden terminoak aztertuz alegia.

Literatura erromantikoa metafisikoa zen, eta batez ere, autore bi izan ziren intentsitate metafisiko hori biziki irudikatzea lortu zutenak: Ossian eta Shakespeare.

James Macpherson poeta eskoziarrak ere erromantizismoaren garapenean funtsezko garrantzia izan zuen 1792an kaleratutako Ossianen poema-sortaz, Goethe eta Walter Scott inspiratuz. Erabat famatua zen Ossian bardo gaelikoa; haren poemak folklore zeltikoz beterik zeuden, eta zinezkotasun etnikoarenganako grina zuen belaunaldiaren irudimena erabat sustatu zuen. Ossian bardoa Macphersonen asmakizuna izatea gutxienekoa izan zen, idazle-belaunaldi oso batek irakurri baitzuen, heroitasun-bilaketaren obsesiopean iparraldeko Homeroren baliokidea aurkitu nahian.

Bestalde, Shakespeare-k ere berebiziko eragina izan zuen erromantikoen irudimenean. Haren lanetan ageri zen narratiba, kantu eta beste genero batzuen nahasketa erakusbide izan zen, neoklasizismoan ezarritako genero-tiraniaren aurkako gakoa izan baitzen.

Erromantizismoaren nahiak aldatu

Idazkera herrikoiago eta mistikoagoa zen idazle erromantikoen gogoeta. Nahi hori nabarmena zen Wordsworth eta Coleridge-n Lyrical Ballads lanean jada, 1709an. Autore bi horiek idatzitako hitzaurre erabat famatuan eguneroko bizitzan gertatzen ziren gorabeherak giza hizkeran idaztea zuten gogoan. Baina Wordsworthek aipatu zuen moduan, eguneroko kontuak buruan ezohiko itxuraz ikusi behar ziren, irudimen poetikoaz itxuraldatuak, toki arruntenen misterioak agerraraziz.

Erromantikoen gehiengoak mundu enpirikoa itxuraldatze-prozesu baten hasiera-puntutzat besterik ez zuten ikusten, eta eraldatze-prozesuaren gaitasunari irudimen izena eman zioten. Garaiko idazleen ustetan, idazkera poetikoaren prozesua irrazionala eta adiezina zen, bitartekorik gabeko adierazkortasunaren produktu zuzena zen. Wordsworthek berak sentimendu bortitzen bat-bateko gainezkatze moduan deskribatu zuen.

Erromantizismoaren gaiak aldatu

Egozentrismoa aldatu

Arima du gizonak bere barneko etsaia, guztiz ezinezko dena lortzeko nahi eta grina sendaezina baita berez, eta horregatik ez dio bizitzaren gozamenik hartzen uzten pertsonari, eta halaxe bizitza sufrikario eta mingarri bihurtzen dio. Erromantikoaren arima ez baita bere baitatik, pertsonaren baitatik kanpora sortua, nor horrek bere sentimenduen kontzientzia hartzen duenean sortua baizik. Nor banakoa banako eta unibertsal bihurtzen du aldi berean; unibertsoa ezin ezagut daiteke norberaren ezagueratik abiatuta ez bada, makrokosmosaren irudia baita, izan ere, gizona.

Egozentrismo horrek Fichterena gogoratzen du neurri handi batean: Nia da egiaz existitzen den errealitate bakarra, ez baita oharpena duzuna beste objekturik. Zeu zara zure objektu bakarra. Horregatik, hain zuzen, Nia baizik ez da erreala, Nia da Absolutua, eta olerkiak, hain zuzen, esperientzia hori sentiarazteko, komunikatzeko balio dezake, arimaren irudikapena eta barne-mundu osoaren irudikapen betea denez. Olerkaria arima eta unibertsoa, bi-biak da batean.

Egozentrismo erromantiko horrek Kanten filosofian eta idealismo transzendentalean ditu erroak. Kantek gizonaren baitara aldatu zuen filosofiaren muina, eta sentimenduari leku handia eman zion ezaguera bide gisa. Shellingen filosofiak izate osoa gizonera mugatzen eta ate guztiak ixten zizkion filosofiari; kanporako ateak zabaldu zizkion ezagutza oro norbere ispilu izatera urritzen zuen filosofiari. Bada mundu bat, kanpoan, barne-munduaren (Niaren) aurkakoa. Senak egiten du Bataren (Niaren) eta Guztiaren (Izadiaren) arteko sintesia.

Nia, Bata, kanpoko mundu horri hurbiltzen zaio, solas egitera, harekin izakide izatera, harekin bakezkoak egitera. Shellingen sisteman, halako panteismo gisako batean ageri da gizonak infiniturantz duen proiekzioa.

Subjektuak gauzaz haraindi dagoen zerbaitetan sinesten du, eta askatasunezko esentziaren senaz atxiki dezake gauzez gainetiko zera hori.

Askatasuna aldatu

Guztizko askatasuna da erromantikoaren ideala, etika erromantikoaren oinarrizko printzipioa: askatasuna artearen eremuan, pertsonak askatasuna behar baitu bere burua eta kanpoko mundua aztertzeko, Bataren eta Guztiaren artean komunikazioa lortzeko, era horretara infiniturantz hurbilduz joateko.

Erromantikoak izaki libre gisa ikusten du bere izatea, izan nahi bat bezala, egiaren bilaketa bat bezala. Ezin du ezein autoritateren mende egoterik onartu. Erromantiko askok izan zuten beren baitan Argien Mendeak arrazoiaren izenean erlijiozko dogma guztiak zalantzan jarri izanak eragin zuen kontzientzia-krisi mingarria.

Askatasuna, infinitua bezalaxe, nahi bat gehiago da, izan, izatez den gauza bat baino. Askatasunaren bitartez uste du erromantikoak gaindituko dituela Niaren mugak, eta adostuko dituela subjektua eta objektua.

Maitasuna eta heriotza aldatu

Erromantikoak batera jartzen ditu maitasuna eta heriotza, Goetheren Werther-en gertatzen den bezala. Maitasuna ezagutzarako bide den aldetik, sentimendu garbi, bizitzan sineste, artearen eta edertasunaren gailur den aldetik, erromantikoaren helburua bihurtzen da. Maitasunak, ordea, infiniturako gogoa biziagotzen du. Bataren eta Guztiaren bat-egitearen eredua da maitasuna, horixe du hain zuzen helburu nagusi. Baina ez du lortuko maitasunaren harmonia.

Erromantikoak maitasun delako maite du maitasuna, eta maitasun horrek heriotzara darama, heriotza desiratzera behartzen du, bizitzaren hasiera bat, heriotza bizitza bihurtzeko aukera erakutsiz hartan: maitasunezko heriotza bizitza da, eta maitasunik gabeko bizitza, berriz, heriotza.

Muga guztietatik askatzeko bidea topatzen du heriotzan erromantikoaren arimak.

Erromantikoen erlijioa aldatu

Erromantizismoak ez du jarrera bat bakarra erlijioari buruz, jarrera asko eta era askotakoak baizik. Baina esan daiteke, hala ere, sinestearen oinarria ez dutela inolako arau finkotan, inolako moral jakinetan jartzen erromantikoek, Jainkoarekin bat-egite mistiko batera eraman behar duen barne-sentipen edo jainkozko denaren esentziazko intuizio batean baizik.

Barne-sentipen hori da, hain zuzen, erromantikoen erlijioak, Alemanian batez ere, dakarren herritasuna, gauza guztiz berria. Pertsona banakoaren eta unibertsoaren arteko komunikazioak goi-mailako bizitza bat adierazten du, eta horixe da bizitza morala izateko lehenengo baldintza.

Erromantikoentzat, munduaz eta gizonaz kanpo ez da jainkorik, eta gizonaren eta izadiaren arteko, gizonaren eta jainkoaren, Bataren eta Guztiaren arteko zuzeneko harremanak eragiten duen suhar eta maitasunaren berotasunean behar dugu jokatu geure bizitzan («Jainkoz beterik» dio Shlegelek).

Nazionalismo erromantikoa eta literatura aldatu

Nazioaren espirituaren (Volkgeist) errebindikazioak, espiritu hori herriaren sorkarietan eta olerkari handiengan mamitzen zela aldarrikatzeak eta Frantziako klasizismoaren kontrakotasunak nazio-literatura modernoak bultzatu zituen.

Erromantizismoak askatasuna esan nahi du literaturan, forma aukeratzeko eta edukia aukeratzeko askatasuna. Literaturaren eraberritze guztizko bat esan nahi du horrek, arau klasikoak desegitea baitakar, eta neoklasizisten aiherkundea, horrenbestez. Frantzian, hala ere, oso gogorra izan zen klasikoen eta erromantikoen arteko gatazka.

Olerkian ere forma berriak azaldu eta saiatu baziren ere (hala Alemaniak Lied edo balada, edo poema dramatikoa) antzertian izan ziren aldakuntzarik handienak, neoklasizismoaren arauekin alderatuz batez ere. Antzerti berriak ordu arte Shakespeareren obretan baizik iritsi ez zen askatasun bat eskatzen du. Eraberritze horren sustraia nazio-espirituaren eta nazionalismoaren gorakada da Europako herrialde gehienetan; hain zuzen ere, eragin arrotzak deuseztatu eta Frantziako neoklasizismoaren eragina deseginik, literatura nazional berri bat sortu nahiak eragiten baitu joera berri hori. Horregatik dute, zinez, horren leku handia historiako gaiek eta gertaera nazionalek drama berri horietan, nortasunaren adierazgarri diren heinean.

Klasizisten iritzian dramak behar zituen batasunen ordez (leku-, denbora- eta ekimen-batasuna), gai bakoitzak bere arau bereziak behar dituela uste dute erromantikoek. Formak organikoa behar du izan, eta ez mekanikoa.

Nahiago dituzte gai historikoak, menderatuen eskubideak aldarrikatzen dituztenak batez ere, gai klasikoen ordez.

Shakespeare, Lope de Vega, Calderon, Schiller izango dira handik aurrera eredu baliozkoenak.

Nobela berriak sentipenak eta pasioak deskribatuko ditu aurrerantzean, eta nobela historikoa asmatuko da, Walter Scotten eskutik, hura izango baita sortzailea eta maisua. Haren protagonista idazlearen beraren itzala izango da maiz, idazleak bere baitan murgildurik deskribatuko baititu sentipenak, eta sortuko du mundu miresgarria, exotikoa, menturazkoa. Goetheren Werther izan zen horretan erromantikoen eredua, egunkari baten gisan pertsonaiaren barrenean murgildurik haren sentipenak azaldu eta unibertsal bihurtzen baititu.

Erromantizismoaren herentzia aldatu

Joera erromantikoak bizirik daude oraindik ere literaturan, musikan, pinturan, etab.

Hitza bera ere asko erabiltzen da, zentzuz aldatuta eta arrunt bilakatuta bada ere.

Modernotasunaren etorrera erromantizismoaren erroan txertatuta dago, neoklasizismoak esan nahi zuen dekadentziaren aurkako biziberritze bat zen heinean. Baina modernotasunaren aurreiragarpen soila gabe, modernotasunaren erroa bera ere bada erromantizismoa, modernotasuna gaur egun hartzen den zentzuan, zeren erromantizismoak zilegiztatu baitzuen forma artistikoaren askatasuna, gizakiari nortasuna aitortu zion mundu zabalago baten barruan.

Gaur egungo arte guztietan sumatzen dira erromantizismoak ekarri zuen iraultzaren arrastoak. Erromantizismoa den gertaera konplexu horren guztiaren bateragunea horixe da, hain zuzen: itzulikatu egiten duela gizakia errealitatera hurbiltzeko zentzua.

Gizakiak eratzen du, handik aurrera, mundua, barneko munduak baldintzatzen du kanpokoa, eta ezerk ezin du mugatu Nia.

 
Eugène Delacroixen Jakob aingeruarekin borrokan, 1861ean margotua.

Subjektibotasunaren lehentasuna aldatu

Subjektibotasunari ematen zaion lehentasuna da, ziur aski, mugimendu erromantikoaren ezaugarri nagusi eta bereziena. Nia da, subjektua, antolamendu ororen zentroa, erdigunea. Hain zuzen ere, erromantizismoak burgesiaren kulturari egin zion ekarpen nagusia subjektibotasuna Ni indibidual gisa irudikatzea izan zen; hala, desiraren eta pertzeptzioaren gune den Niaren eta Ni hori inguratzen duen munduaren eta gizartearen arteko tirabira gisa agertzen da erromantikoarentzat gizonaren existentzia. Niaren ikuspegitik begiratu behar zaio munduari; horrexegatik da horren barnera begira zalea erromantizismoa: literatura edo arte erromantikoaren gaia ez da, beraz, mundua bera, hari begira dagoen Niaren ezkutuko psikologia baizik. Mundu psikologiko hori geroz eta sakonagoa, geroz eta ilunagoa bilakatzen da. Psikologia horretan isla daitekeen neurrian da mundua literaturaren gaia.

Gero eta sakonagoa egiten da idazlearen espazio psikikoa. Jarrera indibidualista horren ondorioa, literaturari dagokionez, unibertsoa subjektu bakar baten barnean isla daitekeela pentsatzea da. Eta artea, asmamena, asmatzeko ahalmena denez gero, existentzia bera bere adimenean sartzeko, eta bere desiraren irudien arabera berridazteko, gizonak duen ahalmenaren paradigma da. Poeta erromantikoak errealitatea definitu, sortu eta aldatzen du bere testuetan, eta Ni sortzailea biziarazten du. Testu erromantikoak adierazten duen Nia, beraz, subjektu egilea da, bere burua eraikitzeko prozesuan dagoena. Ni independentea eta ordenatzailea bilatzen du artearen bidez, eta bilaketa horretxek sortzen ditu erromantikoen zintzotasun-sentipena eta ironia: zintzotasun erromantiko biziak artea esperientziaren baliokide izan daitekeela dio, eta ironia erromantikoak, herriz, artearen eta esperientziaren artean dagoen hutsunearekin jokatzen du. Hortaz, testu erromantikoak, idazle-pertsona benetakoa eta subjektu kontalaria, edo testuak sorturiko ekintzaren subjektua, nahastera bultzatzen du irakurlea: Ni lirikoa edo protagonista egilearekin identifikatzen da, hau da, artea bizitzarekin identifikatzen da. Baina, era berean, irakur daiteke obra erromantikoa desira kolektiboaren irudi gisa, subjektibotasun orokor baten irudi gisa, ez bakarrik gizabanako batek egindako bere buruaren adierazpentzat hartuta. Obraren nolabaiteko irekitasun hori galdu egingo da XIX. mendearen bukaerako erromantizismoaren jarraitzaileengan, haientzat Ni intimoa apartatu egin baitzen ez bakarrik bere kanpoko jardueraz, baita bere burua gainditzeko desira oroz ere.

Errealitatera hurbiltzeko modua irauli izanak eman zion erromantizismoari batasunaren giltzarria. Gizabanakoak taxutzen du mundua, barnekoak kanpokoa baldintzatzen du, ez da onartzen Nia muga dezakeen ezer. Barne-askatasuna, erabateko askatasuna, hori da xede nagusia. Askatasun horrek gidatu du gaurko munduaren askapen-prozesua, gaur egun arte: gizabanakoaren askapena gizartearen aurrean, emakumearena gizonaren aurrean, eskualdearena nazioaren aurrean, koloniarena metropoliaren aurrean, langilearena burgesiaren aurrean. Askapena da hitza, baita arrunkeriak eta are likiskeriak ere onartzen dituena: erlijio-askatasuna, gurtza desberdinak onartzen dituena: hezkuntza-askatasuna, nortasunaren garapena bultzatzen duena. Baina askatasun horrek guztiak prezio bat izaten du, bakardade eta hustasunezko sentipen sakona. Ordena, segurtasuna, obedientzia hausteak, horrek urradura mingarri bat dakar, bere buruaren aurrez aurre aurkitzen baita bat-batean gizakia, beste inor gabe. Hortxe dituzte sustraiak, dudarik gabe, erromantikoek hain modu bikainez adierazi zituzten eta haien ondoren Mendebaldeko kultura modernoak adierazten jarraitzen duen pesimismoak, estutasunak, malenkoniak, erromantikoek ezin ezaba zezaketen «mal du siècle» hark.

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Erreferentziak aldatu