Agurain

Arabako herria eta udalerria

Agurain[1] Arabako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Arabako Lautadako kuadrillako burua. Arabako udalerri jendetsuenetan laugarrena da, 5.155 biztanle baitzituen 2016. urtean (Gasteiz, Laudio eta Amurrio dira, hurrenez hurren, jendetsuagoak). Gasteiztik 26 bat kilometro ekialdera dago.

Agurain
 Araba, Euskal Herria
Agurain eta Arabako Lautada.JPG
Agurain eta Arabako lautada.

Aguraingo armarria

Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoa
Lurraldea Araba
Eskualdea Aguraingo Kuadrilla
Izen ofiziala Escudo de Salvatierra-Agurain.svg Salvatierra / Agurain
Alkatea Iñaki Beraza (EAJ-PNV)
Posta kodea 01200
INE kodea 01051
Herritarra aguraindar[1]
Kokapena
Koordenatuak 42° 50′ 57″ N, 2° 23′ 21″ W / 42.8493°N,2.3891°W / 42.8493; -2.3891Koordenatuak: 42° 50′ 57″ N, 2° 23′ 21″ W / 42.8493°N,2.3891°W / 42.8493; -2.3891
Azalera 37,77 km2
Garaiera 600 metro
Distantzia 26 km Gasteiza
Demografia
Biztanleria 5.155 biztanle (2016)
(Green Arrow Up.svg 50)
Dentsitatea 136,48 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[2]
Green Arrow Up.svg% 23,52
Zahartze tasa[2] % 15,55
Ugalkortasun tasa[2] ‰ 60,86
Ekonomia
Jarduera tasa[2] % 82,3 (2011)
Genero desoreka[2] % 2,31 (2011)
Langabezia erregistratua[2] % 14,71 (2013)
Kultura
Euskaldunak % 27,49 (2010)
Euskararen erabilera % 4,8 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera data 1256
Webgunea http://www.agurain.com/

Kokagune estrategikoan dago Agurain, igarobidean: bertatik igarotzen da Iberiar penintsularen erdialdea eta mendebaldea Europako iparraldearekin lotzen duen errepide nagusietako bat, A-1 errepidea. Erdi Aroaz geroztik izan da toki estrategikoa, Aguraindik pasatzen baitzen Europa osoan garrantzitsua den Done Jakue bidearen barne ibilbidea (kostaldetik ez zihoana); gainera, Gaztelako eta Nafarroako erresumen artean zegoen.

IzenaAldatu

Herriaren izena Agurain da euskara batuan. Gaur egun ere Oñati aldeko euskaldunen artean bizirik dagoen Salbaterra izena erabiltzea ere zilegi da, batik bat historia alorreko idazkietan. Izen ofiziala, berriz, Salvatierra / Agurain da: Salvatierra gaztelaniaz, eta Agurain euskaraz.[1]

Historikoki, Hagurahin izenez ageri da 1025eko Donemiliagako goldean. 1256an, Alfontso X.a Jakituna Gaztelako erregeak Hagurahin izen zaharraren ordez Salvatierra ezarri zion, hiri forua eman zionean:

« (Gaztelaniaz) [...] é puse nombre Salvatierra que antes abia nombre Hagurahin [...] »

GeografiaAldatu

Aguraingo udalerria Arabako lautadaren ekialdean dago, Aratz-Aizkorri, Urkilla eta Elgea mendilerroen arteko eskualde zabalean, Arabako ipar-ekialdeko angeluan.[3]

Ingurune naturala eta klimaAldatu

Zadorra da udalerritik igarotzen den ibairik garrantzitsuena. Hegoaldean Entzia mendilerroa dago, udalerriko mendilerrorik garaiena (bertako Ballo mendia 1.197 metro garai da).

Lautadako jatorrizko landaretza baso zabalak ziren; lautada osoa hartzen zuten basoek. Gaur egun ditugun landaretza gune bakanak espezie autoktonoek osatzen dituzte gehienbat, gizakiek landatutako pinua, izeia, alertzea eta nekosta izan ezik. Mendietako basoek ondo iraun dute, baina lautadan nekazaritzak hartu ditu lur gehienak, baso uharte txiki batzuk salbu, horietako batzuk garrantzi handikoak. 800 metrotik gora, Agurainen iparraldeko zein hegoaldeko mendilerroetan, pagoa da nagusi (Fagus sylvatica). Hortik behera, hegoaldeko mendi magaletan, ametza da nagusi (Quercus pyrenaica), eta ipar orientazioa daukaten magaletan, haritza (Quercus robur). Azken hori ipar orientazioa duten magaletan ere izaten da, baina altitude baxuagoan. Haritza alde lauetan ere agertzen zaigu, erkametzari bide eginez (Quercus faginea). Gebara-Aldaiako mendilerroan, espezie nagusia artea da (Quercus ilex rotundifolia). Ibaiak haltz zuriez inguratuta azaltzen zaizkigu.

Fauna, gizakiaren presentzia oso handia den arren, neurri batean ugaria eta askotarikoa da. Lautadako habitatak asko aldatu ziren Uribarri-Ganboako urtegia eraiki zutenetik 1950a inguruan. Batez ere uretako fauna eta hegazti-fauna. Lautadako ibai eta erreken erregina amuarraina da. Bertako ibai-karramarroa, lehen oso ugaria, beste lekuetako espeziekin ordezkatua izan da. Lur faunari dagokionez, aipagarri dira gardatxoa eta hainbat suge mota. Ugaztunen artean, erbia, katagorria, orkatza eta muxarra; ugaztun haragijaleen artean, erbinudea, lepahoria, igaraba, bisoia, azeria eta basurdea. Lautadako faunaren harribitxiak hegaztiak dira. Urtegiaren hegoaldea, Mendixur inguruan, aterpe ezin hobea da hegaztientzat, eta Ramsar hezegune izendatu dute, hegazti mota ugariren bizileku baita: murgilak, lertxunak, kopetazuriak eta ahate espezie ugari. Arrano beltzek eta sai zuriak hegoaldeko zerratan egiten dituzte habiak. Zikoina kanpandorreetan hasi da habia egiten berriz ere, urte askotan ikusi gabe egon garen arren. Eper eta galeperrak nekazaritza lurrak hartzen dituzte; eta ibar, ibar-baso eta basotxoak beste espezie askoren bizileku dira. Pagauso eta oilagorren pasea ehiztarientzat oso erakargarria izaten da.

Klimak ozeaniar ezaugarriak eta kontinentalak dauzka: neguak luzeak eta hotzak dira, eta udak leunak.[3]

Udalerri mugakideakAldatu

HerriakAldatu

HistoriaAldatu

HistoriaurreaAldatu

 
Sorginetxe da Aguraingo historiaurrearen lekukotasun nagusia. Arrizala herrian dago, Aguraingo herrigunearen hegoaldean.

Garai honetan ekonomia ehizan eta bilketan oinarritzen zen, baina hemendik aurrera elikagaiak ekoizten hasi ziren, hau da, abeltzaintza eta nekazaritza lantzen. Duela 5.000 urte artzainak gure mendietan ibiltzen ziren. Kulturalki Pirinioetan daudenen antzekoak dira. Lautada pasabide bat omen zen, eta bertan, hegoaldekoen eraginez kobrezko tresnak egiten hasi ziren artzainak, baso erdian, artzainek erabiltzen zituzten bideen ondoan, hilobi kolektiboak eraiki zituzten, trikuharriak hain zuzen ere. Mendietan iruinarriak eta harrespilak topatuko ditugu. Artzain haiek paleolitiko garaiko biztanleen ondorengo ziren, eta gaur egungo euskaldunen arbaso. Pentsa dezakegu erabiltzen zuten hizkuntza ere euskararen aurrekari izan litekeela.

Duela 3.000 urte, Lautadara Europatik datozen beste herri batzuetako kideak etortzen hasi ziren: indoeuropar zeltak. Artzainak, nekazariak eta metalurgialariak ziren. Etorritako lehenengoek brontzezko tresnak ekarri zituzten, eta ondorengoek burdinazkoak. Lautadako jendea nekazaritza eta metalurgiaren arloetan aurrerapausoak ematen hasi zen, eta mendietatik ordokira jaitsi ziren. Leku estrategikoetan kokatu ziren, babesteko leku egokietan, esaterako, Henaioko Kastroan ( brontze arokoa), gaur egungo Dulantzi inguruan, eta Santa Luziakoan (Burdin Arokoa), gaur egungo Gebara inguruan.

AntzinaroaAldatu

Erromatarrak Lautadara heldu zirenean egoera horrekin egin zuten topo, K.a 72. urtearen inguruan. Artzain herriak ziren, erromatarrek baskoiak deitu zituzten. Baskoiek Erromarekin harreman adiskidetsua izan zuten, beraz hauen etorrerarekin, eusko-erromatar kultura sortu zen. Via trajana iter XXXIV izeneko galtzadak, Burdigalamdik (gaur egungo Bordele) Asturicara (Astorga) zihoanak, Lautada ekialdetik mendebaldera zeharkatu zuen, Mansio Albatik (Albeniz), Tulloniotik (Dulantzi), Suessatiotik (Arkaia) eta Iruña-Veleiatik zehar.

Urte haietan bakea izan zen nagusi, Erromaren krisialdia inguru honetara heldu arte, III. mendearen erdialdetik aurrera. Hortik aurrera barbaro herrien inbasioak izan ziren, bai eta barruko matxinadak ere, eta horrek guztiak bizitza erabat baldintzatu zuten. Gizarte maila altuek hiriak utzi eta nekazaritza eremuetan villak osatzen hasi ziren, eta nekazariak hara inguratu ziren babes bila.

Goi Erdi AroaAldatu

Baskoiek eta franko merovingioek Akitaniatik bota eta gero, bisigodoek Hispania menpean hartu izanak Pirinioez hegoaldeko baskoien bizitza erabat baldintzatu zuen. Garai ilun haietan, Lautadako herritarrak, Ebroko gainerako lurretako herritarren antzera, askatasunaren eta bisigodoen menpeko egoeraren artean bizi ziren. Horregatik, 711. urtean, Tarik musulmanak Gibraltarko itsasartea zeharkatzen duen urtean, Errodrigo godo erregea Iruñean setiatuta zegoen. Hartara, islamak oso harrera ona izan zuen godoen menpe zeuden baskoien artean, bai eta Hispaniako gainerako herrien artean ere.

824. urtean, Karlomagnoren armadaren kontrako Orreagako garaipenak 788. urtean emandako indarra eta batasuna oinarri hartuta, baskoiek Eneko Aritza Iruñeko errege izendatu zuten. Garai hartan hedatu zen Pirinioetako Erresuma, eta Antso III.a erregearekin (1004-1035) inoizko lurralde eremu handiena hartu zuen; musulmanen eskuetatik eremu asko bereganatu zituzten baskoiek (Errioxa, esaterako) eta lur asko jendeztatu (hala nola antzinako Autrigonia, gaur egungo Burgos probintziako iparraldea). Gaztela-Leongo monarkiak, bere burua bisigodoen ondorengotzat hartzen zuenak, politika espantsionista eraman zuen aurrera, eta arian-arian lur eremuak kendu zizkion baskoien erresumari, Gartzea Ramirez erregearen garaitik (1134-1150) Nafarroako Erresuma deitu izan zenari, alegia.

1200. urtean, Gaztelak bere egin zuen Lautada, Nafarroako Erresumaren mendebaldearekin batera. Gaztelako erregeek baskoien artean sortutako muga indartu nahi zuten, eta, hala, Alfontso X.a Gaztelakoak Hagurahingo herrixka villa de Salvatierra izendatu zuen, eta 1256an forua eman.

Behe Erdi AroaAldatu

 
Aguraingo Harakin kaleak Erdi Aroko arkitektura gorde du.

Garai latzak izan ziren Lautadan,nahiz eta hasiera batean ondo hasi. Lautada pasabide garrantzitsua izanda, ekonomia garapen aipagarria izan zuen garai honen hasieran,gehienbat Arabako jauntxoek 1332an Gaztelako erregeari eskubide jurisdikzionalak borondatez eman eta gero. Jauntxo hauek zergak kobratu eta justizia kudeatzen zuten nekazaritzako noble txikiak izatetik, merkatariak izatera eta errentak kobratzera pasa ziren. 1337 urtean , Alfontso XI.a Gaztelakoak Alegriako hiribildua fundatu zuen, Dulantziko eta Burgeluko herrixken ondoan, oparotasun garaiak ziren hauek. Lautadako bideetatik merkatariak eta Santiago bidea egiten zuten erromesak ibiltzen ziren. Baina garai oparoak gutxi iraun zuten, XIV. mendearen erdialdean, Izurieta heldu zen Lautadara, eta ondoren Europan 100 Urteko Guda gertatu zen, hasiera batean Ingalaterra eta Frantzia artean, baina hemen eragina izan zuen Petri I.a Gaztelakoak eta haren sasiko anaia Enrike Trastamarakoak tronua eskuratzeko izan zuten borroka dela eta. Ingelesek, Gaskoinia menpean baitzuten, Petri I.a babestu zuten, frantziarrek, berriz, Trastamarakoa. Nafarroako errege Karlos II.ak Petri I.arekin bat egin zuen, 1200. urtean kendutako lurrak itzultzeko baldintzarekin, haien artean Arabako Lautada, 1367an berriz ere Nafarroako Erresumaren parte bilakatuko dena. Aurretik, 1351n, Beltran Velez de Gebara jauntxoak Nafarroako Erresumako basailu izendatu zuen bere burua. Azkenik, 1369an, Enrike Trastamarakoa gailendu zen, eta 1371n Nafarroako baskoiek berreskuratutako lurrak, berriz ere, bere menpe hartu zituen Gaztelak. Enrike II.ak, tronuan jarraitu ahal izateko, botere gehiago eman zien nobleei. Nobleek beren artean borrokatzeari utzi zioten, eta Agurain Aiarako jaurerrikoa izatera pasatu zen. Bando gerrak, oinaztarren eta ganboatarren artekoak, nagusi ziren garai hartan. Herrixka ugari jenderik gabe geratu ziren. Borrokek 1487 a arte iraun zuten, Errege Katolikoek hiribildu guztiak bere menpe hartzen dituztenean. Forua nobleen, ahaide nagusien eta erregearen arteko gaia izatera pasatzen da eta hiriguneak gobernatzeko sistema bilakatzen da. Hiribilduak lurralde bakoitzeko Juntaren inguruan elkartzen dira.

 
Aguraingo Andre Mariaren eliza, XV. mendearen bukaera aldera eraikia.

Aro ModernoaAldatu

Ahaide nagusi eta txikiek, nahi zuten boterea lortu ez bazuten ere, beren jaurerriak mantendu zituzten. 1512ko uztailean, Fadrique Álvarez de Toledo, Albako dukea, buru zuen armada Aguraindik abiatu zen Nafarroa inbaditzeko. Aguraingo konde Pedro Lopez de Aialari, zein 1519an Karlos V.aren kontra matxinatu zen, komuneroen altxamendua aprobetxatuz. 1521ean matxinada galdu eta atxilotua izan zen, eta gero eraila. Agurainek hereje-hiribilduaren titulua eskuratu zuen orduan, eta etorkizuna ez zen batere erraza izan. 1565ean izurriteak berriz ere eraso zion Araba osoari. Eta hori gutxi balitz, kutsatutako biztanleen ondasunak erretzeko orduan, ohitura zen moduan, sua deskontrolatu eta hiribildu osoa erre zen. Berreraikitze lanetan oso garrantzitsuak izan ziren Amerikako aurkikuntzaren ondorioz heldu ziren ondasunak. Diru hau gauza askotarako erabili izan zen: tenpluak birmoldatzeko, eraikin berriak egiteko, zibilak zein erlijiosoak, eta artelanetan inbertitzeko; esterako, Ozaetako Sortzez Garbiaren baseliza, frai Juan de Luzuriagak eraikia; 1680tik aurrera frantziskotarren ordenako Espainia Berriko komisario orokorra izan zenak eraikia, alegia.

Ameriketatik aberastasunak heldu ziren, bai eta Lautadako bizitza erabat eraldatu zuten nekazaritza produktuak ere: tomatea, artoa eta, batez ere, patata. Oparotasun garai hura XVIII. mendean amaitu zen. Agurainen eta Lautadan garestitasunaren ondorioz matxinadak izan ziren. Mende haren amaieran Konbentzio Gerra (1793-1795) gertatu zen, eta Euskal Herria frantziar iraultzaileek menpean hartu zuten. Ordutik aurrera mende eta erdi iraungo zuen guda garaia etorri zen.

XIX. mendeaAldatu

 
Tomas Zumalakarregi jenerala, Karlos errege-nahia eta buruzagi karlistak, Aguraindik hurbil, Lehen Karlistaldian.

1808 eta 1813 a bitartean, Penintsulako Guda gertatu zen Napoleonen armadaren kontra, Espainiako eta Portugalgo erresumen lurretan. Lautadan Wellington dukearen armadaren garaipenarekin amaitu zen, bertan indar aliatuak Jose Bonaparteren armadaren kontra borrokatu ziren, eta Gasteiz inguruetan 1813ko ekainaren 21ean garaipena lortu zuten. Atzera egin zutenean, frantziar iheslariek Lautadako herri asko arpilatu zituzten.1833-1839 eta 1872-1876 urte tarteetan guda berriz ere itzuli zen Lautadara, kasu honetan beste arrazoi batzuengatik. Fernando VII.a erregearen heriotzarekin garai bat amaitu zen, antzinako erregimenarena hain zuzen ere. Madrilen liberalismoak boterea hartu zuen, baina ez zen bakea bermatzeko gai izan. Nekazariak, artisauak, langileak, elizjende xumea eta nekazaritza jauntxoak matxinatu egin ziren, beraien bizimodua mehatxaturik ikusi zuten eta. Hildako erregearen jarraitzaile bihurtu ziren, Carlos I arena hain zuzen ere. Lautadako herritar gehienek karlisten alde egin zuten, foru komunalen eta kristautasunaren defentsan, hots, tradizioaren alde. 1834ko urriaren 26 eta 27an, Zumalakarregi jeneralak Gobernuaren tropak garaitu zituen Dulantzi inguruetan. Hala ere, karlistek guda galdu zuten. Lautadako boluntarioek amaiera arte eutsiko zioten borrokari Gebarako gazteluan, hau karlistek amore eman ondoren liberalek bolboraren bidez leherrarazi egin zuten. Karlisten errebolta bizirik iraun zuen XIX. mendean zehar, garaien araberako intentsitate desberdinekin. Mendearen amaieran, ideologia politiko berriak sortu ziren, esaterako, nazionalismoa eta sozialismoa.

XX-XXI. mendeakAldatu

XX. mendea, aurreko mendeko konpondu gabeko arazoak zirela, injustiziak zirela, gatazka internazionalak zirela, oso garai ezegonkorra izan zen. Hasiera batean Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, eta 1936an, haren kontrako matxinada hasi, armadak eta oligarkiak bultzatuta. Guda zuzena ez zuen Lautadan eraginik izan, bertako herritar asko beste tokietako fronteetan hil arren. Hala ere, errepresioak eragin handia izan zuen Lautadan, matxinatuen garaipenaren ondorioz urte luzeetan mantendu zena. Diktaduraren ondoren, Lautadan eta Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan,demokraziarako eta askatasunerako bide luze eta zailari ekin zitzaion; nekazari-exodoak herri txikiak hustu zituen, biztanle berriak heldu ziren gure lurraldera, eta gizartean eta politikan oreka lortzeko bide zailari ekin zitzaion.

EkonomiaAldatu

Herritarrek batez ere industrian dihardute, baina lehen sektoreak —batik bat nekazaritzak— oraindik badu garrantzia.[3]

Banaketa administratiboaAldatu

Aguraingo udalerria sei herriz osatua dago:

EkonomiaAldatu

1912an Cerámica Alavesa enpresa ezaguna sortu zuen Dimas Ugarte aguraindarrak, azulejuak ekoizteko. Zeramika-lan artistikoak ere egin zituen. 1970eko hamarkadan ateak itxi zituen.

Nahiz eta 1960ko hamarkadara arte Aguraingo jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza izan zen, ordutik, herriaren inguruan hainbat industrialde garatu dira, herriak dituen komunikabide onei esker, Gasteiz eta Iruñea arteko autobidea esaterako. Lehen industrialdea Litutxipikoa izan zen, 1980ko hamarkadatik aurrera.Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren bidez, beste bi gune garatu dira, Galzar industrialdea eta Agurain industrialdea, biak autobidearen ondoan. Galzarkoak 520.000 metro koadroko azalera izango du guztiz garatzean, eta Agurain industrialdeak 460.000 metro koadro.

DemografiaAldatu

Agurainek ez zuen izan Euskal Herriko beste herri batzuk izan zuten populazio hazkunde bizkorra 1950eko hamarkadatik aurrera, baina beste toki batzuetan ez bezala, 1970eko hamarkadan hasi zen biztanle kopurua handitzen. XXI. mendeko lehen hamarkadak hazkundea bizkortu egin zen.

Aguraingo biztanleria
Datu-iturria: www.ine.es

PolitikaAldatu

 
Aguraingo udaletxea

2019ko hauteskundeen ondoren, EAJ alderdiko Ernesto Sainz hautatu zuten alkate. 2015eko hauteskundeetatik alkate izandako alderdi bereko Iñaki Beraza ordeztu zuen.

Aguraingo udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24

2011ko maiatzaren 22

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6 / 11
1.334 (% 54,63)
5 / 11
897 (% 40,30)
Bildu
5 / 11
984 (% 40,29)
6 / 11
904 (% 40,61)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
0 / 11
74 (% 3,03)
0 / 11
116 (% 5,21)
Datuen iturria: Eusko Jaurlaritza[4]

AlkateakAldatu

Hauek izan dira Aguraingo azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[5]
María Luisa Murguiondo[6] 1979 1983 Haguraingo Aukera
María Luisa Murguiondo 1983 1987 Independentea
Iñaki Beraza Zufiaur[7][8] 1987 1991 EA
Iñaki Beraza Zufiaur[7][8] 1991 1995 EA
Iñaki Beraza Zufiaur[6][7][8] 1995 1999 EA
Iñaki Beraza Zufiaur[7][8] 1999 2003 EA-EAJ
Iñaki Beraza Zufiaur[7][8] 2003 2007 EA-EAJ
Iñaki Beraza Zufiaur[7][8] 2007 2011 Agurain Guztion Artean
Maider Garcia de Bikuña[7] 2011 2015 Bildu
Iñaki Beraza Zufiaur[5][7][8][9][10] 2015 2019 EAJ
Ernesto Sainz Lanchares[9][10] 2019 Jardunean EAJ

KulturaAldatu

HizkuntzaAldatu

Louis Lucien Bonaparteren planoan (1863) euskal eremutik at bazegoen ere, uste da XVIII. mendearen bukaera arte euskaraz mintzo zirela aguraindarrak.

Lautadan antzina herritar gehienak euskaldun elebakarrak ziren. Mendeak aurrera egin ahala euskara indarra galtzen hasi zen gaztelaniaren eraginez. Azken hau gizartean eta kultura alorrean erabat gailendu zen arte. Horren arrazoi nagusia goi gizarte-mailen erdararako joera izan zen, horrek euskararen ospe-galtzea ekarri zuen eta. Horren ondorioz euskara, euskaldunen artean ere, kulturarik gabeko eta pertsona baldarren hizkuntzatzat ikusten hasi zen. Euskararen baztertzea, batez ere, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera izan zen, baina Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko euskal herritar intelektual batzuek baztertze hura moteltzea lortu zuten.

XIX. mendean, nekazariek karlistaldiak galdu izanak eta 1876an foruak bertan behera uzteak, hezkuntza politika gobernu espainiarraren eskuetan geratzea ekarri zuen, eta honek Lautadan euskararen erabateko heriotza ekarri zuen. Aguraingo bake epaitegiko aktek diotenez, 1841ean, oraindik ere, itzultzaile baten beharra zuten. Horrek esan nahi du bertako euskaldun elebakarren ehunekoa handia zela.

Gaur egun euskaraz egiten edo ulertzen dute lautadarren % 37k. Ehuneko hori 1870koaren berdintsua da, Ladislao Belaskok euskararen egoera Araban aztertu zuen garaikoa, garai hartan 1000 biztanle inguruk egiten baitzuten euskaraz. Mende bat geroago, 1970ean, Pedro Irizarrek egindako inkestaren arabera, lautadar jatorriko hiru biztanlek besterik ez zuen egiten euskaraz. Beraz, oso nabarmena izan da euskararen berreskuratzea azken 25 urtean, herritarrek beren kultura izaera berreskuratzeko borondateari eta eginahalari esker.

JaiakAldatu

  • Inauteriak: Lautadako herri askotan ospatu izan ziren, neguaren amaiera ospatzeko, 1936ko gerra arte. Diktadura-garaiaren ondoren Zalduondon berreskuratu ziren, eta azkenaldian Ilarduia, Egino, Andoin eta Agurainen ere ospatzen dira. Gidoi zehatzik gabeko antzezpena da, pertsonai zehatz batzuekin eta itxura estereotipatuarekin egiten dena. Mozorroen bidez parte-hartzaileen benetako izaera ezkutatzen da.
  • Donibane: Donibane jaia kristautasunaren aurretiko jaia da, udako solstizioa ospatzen duena, urari eta eguzkiari estu loturik. Lautadako herri askotan sua egiten da Donibane bezperako gauean, ekainaren 23an. Agurainen, berriz, herriko gazteek Done Joan enparantzan makala landatzen dute gau horretan, eta jarraian makalaren goialdera igotzen saiatzen dira.
  • Aguraingo azoka: Aguraingo azoka urriaren lehenengo astean ospatzen da, Arrosarioaren Amabirjinaren omenezko jaietan hain zuzen ere. 1395ean du jatorria, eta gaur egun arte mantendu da. Antzina garrantzi handiko azoka zen, eta estatuko nekazaritza eta abeltzaintza munduan oso ezaguna izan zen, batez ere, zaldiei esker. Nekazaritza eremuen mekanizazioaren ondoren, abereen eta nekazaritzako tresnen erakustaldi bilakatu da. Horrez gain, abere eta gazta lehiaketak egiten dira, artisauen azoka, eta bertako produktuen salmenta. Egun horretan pilota partidu profesionalak ere izaten dira.
  • Errepuierre: ohitura hau Lautadako herri askotan ospatzen da urte amaieran. Inauterien antzeko ohitura da, berez, erritu berdina da, baina data desberdinetan ospatzen da; bata gaur eguneko egutegia kontuan hartzen du eta besteak antzinako egutegia, baina biek garai baten amaiera ospatzen dute. Herriko gazteak kalez kale aritzen dira lastozko panpin bat beraiekin daramatela eta Errepuierre abestia kantatuz. «Errepuierre» euskal hitza da, «erre ipurdia erre» hitzen laburketa hain zuzen ere. Hau da, urteari ipurdia erretzen zaio egun horretan, eta inauterietan bezala lastozko panpina erre egiten da aurreko urteko zorigaitz guztiak amaiarazteko.

MusikaAldatu

Azpiegitura eta garraioakAldatu

La Burundesa autobus konpainiaren Sakanako herriak lotzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honakoa da:

Ondasun nabarmenakAldatu

 
Sorginetxe, Arrizalan dagoen trikuharria.

Aguraindar ospetsuakAldatu

 
Evaristo Páramos, aguraindar ospetsuenetako bat.

Argazki galeriaAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. a b c Euskaltzaindia. (PDF) 150. arauaː Arabako herri izendegia. .
  2. a b c d e f Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  3. a b c Arabako Foru Aldundia. (2010). Araba herriz herri. Arabako Foru Aldundia, 18 or..
  4. Hauteskundeen emaitzak, Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net webgunean.
  5. a b «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es . Noiz kontsultatua: 2020-03-21.
  6. a b «SALVATIERRA/AGURAIN - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2020-04-14.
  7. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) I. Salgado - I. Azparren - M. Jauregi - I. Bizkarguenaga - R. Sola - A. Goikoetxea - M. Diaz. «De Agurain a Tutera, quince municipios a los que mirar con atencion» Naiz - 2019/05/25 . Noiz kontsultatua: 2020-03-09.
  8. a b c d e f g (Gaztelaniaz) «Eran tiempos difíciles pero muy emocionantes» EITB - 2019-04-02 . Noiz kontsultatua: 2020-03-09.
  9. a b (Gaztelaniaz) «Sainz toma la makila de Agurain de manos del histórico Iñaki Beraza» El Correo 2019-06-15 . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  10. a b (Gaztelaniaz) «Alcaldías en Álava: Labastida, Zigoitia y Laguardia para el PNV, Samaniego para EH Bildu | Gasteiz Hoy» Gasteiz Hoy 2019-06-15 . Noiz kontsultatua: 2020-03-14.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Araba