Zuberoako historia Euskal Herriko herrialde horren historia da.

Erdi Paleolitotik populatuta bazegoen ere, historian Erdi Aroko Zuberoako bizkonderriarekin batera sartu zen. Ingalaterrak, Bearnok eta Nafarroak okupatuta, bere erakunde propioek bizirik zirauten 1790ean Frantziako Iraultzak foruak abolitu arte. Geroztik Pirinio Behereko departamenduan izan da Ipar Euskal Herriko beste herrialdeekin batera.

Zuberoako bandera.

Historiaurretik Erdi Arora aldatu

Erdi Paleolitoan jadanik populatuta, Neanderthaleko gizakiaren hondakinak aurkitu zituzten Altzürüküko Xaxixiloaga eta Etxeberriko kobazuloetan[1]. Neolitoaren bukaerarako populazioa zabaldu[2] eta beste herrietako teknika eta jakintzak bereganatu zituen[1]. Erromatarrek Euskal Herriko gainerako lurraldeetan besteko eragina izan zuten bertan[3]. Bere gaztelu zaharetatik lurraldea kontrolatzen zutenak baskoiak edo akitaniarrak ziren esatea zaila da, agian Julio Zesarren Sibusates[4] edo Plinio Zaharraren Sybillates[5] izan zitezkeen. Hala ere, aitzineuskaraz aritu zirela esan daiteke. Zuberoa, hasieran Akitaniaren zati bat bazen ere, II. edo III. mendeetan Novempopulania sortu eta probintziaren beste eskualde bihurtu zen[3][6].

Erdi Aroa aldatu

 
Mauleko gaztelua.
Sakontzeko, irakurri: «Zuberoako bizkonderria»

412an bisigodoek Akitania inbaditu bazuten ere,[3] frankoek VI. mendean herrialdea konkistatu zuten.[1] 602an Baskoniako dukerria sortu zenean, Merovingiar leinuko Dagoberto I.ak Zuberoa konkistatzeari ekin zion.[2] 660ean Baskoniako dukerriari zegozkion lurrak, Zuberoa tartean, Akitaniako dukerriak bereganatu zituen.[1] 768an Karolingiar leinuek Akitaniako dukerria inbaditu eta lotuta izan zuten IX. mende arte.[1]

Hala ere, karolingiarrrek ezin zuten eskualdea erraz menderatu, bertoko baskoiek askotan arpilatu zuten inguruko lurraldeak eta gogor erantzun zuten okupazioari Orreagako guduan.[3]

IX. mendean Zuberoako bizkonderria sortu zen,[7] eta Aznar bihurtu zen lehenengo bizkonde.[1] Maule leinuak XIII. mende arte iraun zuen gobernuan bai Nafarroako erregearen menpean (Alfontso I.ak Mauleko gaztelua indartu zuen[3]) bai, gehienetan, Akitaniako dukearen pean.[3] 1152an Leonor Akitaniakoak Henrike II.a Ingalaterrakoa ezkondu zuenean Zuberoa eta Lapurdi ingelesen eskuetan geratu ziren,[1][3] ohiturak mantendu bazituzten ere.[3] XIII. mendean Zuberoa matxinatu egin zen eta Henrike III.a Ingalaterrakoak Zuberoako bizkonderria amaitu zuen.[3][8] Orduz geroztik, ingelesek Gaskoiniatik kontrolatu zuten herrialdea.[3]

Europa, Euskal Herria barne, Ehun Urteko Gerran aritu bitartean, Ahaihe Nagusien arteko sarraskiak Zuberoa hondatu zuten. Agramondar eta Luxe leinuen arteko borrokak mende bi iraun (XIV. eta XV. mendeak) eta Nafarroara zabaldu ziren.[3] Orduko borroken kontakizuntzat, baladak sortu ziren, hala nola Bereterretxen khantoria.

Ingelesen jabetzak 1449 arte iraun zuen, Bearnoko bizkondea zen Gaston XI.a Foixkoa Frantziako erregearentzat eskualdea konkistatu arte.[2] Ordutik aurrera, Zuberoa Bearno eta Frantziari lotuta izango zen.[3] Izan ere, Luis XI.a Frantziakoak bertako foruak zin egin bazituen ere Frantziaren esku utzi zuen.

Aro modernoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Matalas apaizaren matxinada»

Nafarroako konkistarekin batera, 1512ko apirilaren 11an Zuberoa, Bearnoarekin batera, Frantziako koroan sartu zen[3]. 1520an Frantziako erregeak bere herrialdeetako foruak idatz zitezela agindu eta urrian Zuberoako Gorteek berea bukatu zuten. Zuberoak Joana III.a Albretekoak eragindako erlijio-gerrak jasan behar izan zituen[2]. Zuberotarrak, Joana Albretekoak ezarri nahi zuen protestantismoaren aurka borrokatu ez ezik, Bearnoko bizkondesa zenez, zapalkuntza politikoa ere borrokatu zuten[1].

Luis XIII.a Frantziakoak 1620ko urriaren 20an "Frantziari Nafarroa eta Bearnoren batze agiria" plazaratu eta Zuberoa Nafarroa Behereko parlamentuari erantsi zion, eta 1626an Bordelekoari. Zapalkuntza politikoa ez ezik, Luis XIV.a Frantziakoak ezarritako zergak eta laborariek ustiatzen zituzten erregearen lurrak saltzeak benetako gerra zibila eragin zuen Zuberoan[1]. Orduko zuberotarren buruzagia Matalas apaiza zen. 1661an politika moderatua erabili ezin eta matxinada[8] hasi eta ia herri-diktadura ezarri zuen Zuberoan[3]. Bordeleko parlamentuen armadak gogor ito zuen matxinada[2].

Garai hartan, XVII. mendean, herrian berrikuntza sozial agertu ziren (agoteak, buhameak...) zein ekonomikoak (Baionako xingarraren industria) gero inportantzia handia izango zutenak[3]. Edonola ere, bertako foru erakundeak guztiz ahuldurik geratu ziren, eta 1730an, errege aginduz, Zinbideta eta haren ahalmenak desegin egin ziren, trukean estamentuen araberako Frantziako ohiko estatuak ezarriz.

Aro garaikidea aldatu

1790eko martxoaren 4an, Frantziako Iraultzaren ondorioz sortutako Frantziako Asanblada Nazionalak, lurraldeetako pribilegio eta foruak abolitu zituen eta Zuberoa Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Bearnorekin batera, Pirinio Behereko departamenduan sartu zituen[1]. Ipar Euskal Herrian hiru barruti sortu ziren: Maule, Donapaleu eta Uztaritze, nahiz eta geroago azken hau Baionara eramango zen. Mauleko barrutiak Zuberoa osora hedatu zen, 25.156 biztanleetatik 3.431 bozkatzeko eskubideak zituztenak[3]. Foruekin batera Zuberoako antzinako "mezutegiak" edo eskualde administratiboak (Arbailak, Pettarra eta Basabürüa) desagertu ziren. Eran berean Montori, Hauze, Barkoxe, Larraine, Atharratze, Santa Grazi eta Maulek hiribilduek zuten izaera juridiko berezia galdu zuten[2], komunak bihurtuta.

Ondorengo Frantzia eta Espainiaren arteko gerrek eta Napoleondar Gerrek hondamena ekarri zioten Zuberoari, gudu zelaia bihurtuta. Euskal Herriko Ehiztariak Frantziaren alde borrokatu ziren.[3]

Ipar Euskal Herrian eskuineko alderdiek gehiengoak lortu izan badituzte ere, Zuberoan, agian espartingintzak garrantzi handia izan duelako[1], indar handiagoa lortu dute ezkerreko alderdiek: 1848ko Iraultza eta ondorengo 1849ko hauteskundetan Agosti Xaho eta XIX. mendearen bukaeran Martial Berdoly errepublikar laikoak irabazleak izan ziren. XX. mendeko hasieran, berriz, Jean Ibarnegarai baxenabartar eskuindarra bihurtu zen Zuberoako jaun, euskaldun-fededun itxura hartuz[3].

Bigarren Mundu Gerrak Ipar Euskal Herria bitan zatitu eta Philippe Pétain marexalek zuzendutako Vichyko erregimenak Nafarroa Behereko zati bat eta Zuberoa gobernatu zituen[9]. Hala ere 1942ko azaroaren 11n Hirugarren Reichak Zuberoa inbaditu eta erresistentziak borrokatzeari ekin zion. Normandiako Lehorreratzearekin batera martxan ipini eta 1944ko abuztuaren 23an Zuberoak bere burua askatu eta gudarostearen 207 alemaniarrak harrapatu zituen. Hurrengo egunean Mauletik irtendako makiek Hendaia eta Baiona askatu zituzten[10].

Abertzaletasuna, berriz, Iparraldeko beste herrialdeetan bezala, ez du inoiz indar askorik lortu Zuberoan. Hala ere, aipatzekoa da 1932an Piarres Lafitte aitaren inguruan sortutako Eskualzaleen Biltzarraren mugimendua[11] eta 1960ko hamarkadan sortutako Enbata mugimendua[3][2].

Administratiboki, Zuberoa beste herrialdeak baino gehiago egon da lotuta Bearnori, zuberotarren atsekaberako. Zuberoa 1994an sortutako Euskal Herriko Garapen Kontseiluan sartu zen, 1790an sortu zenetik Pirinio Atlantikoen barnean euskal herrialdeek batera eta bakarrik osatutako egitura bat eratzen zenaren lehendabiziko aldia[1]. Era berean, erakunde erdipribatua bada ere, 1990ean Zuberoak Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbaran parte hartzeari lotu zion.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu