Ireki menu nagusia

Gero, bi partetan partitua eta berezia[1] liburua —laburturik, maiz Gero izenaz aipatua— Pedro Agerre Azpilikueta —Axular deitua— euskal idazleak idatzitako lan nagusia da, bai eta euskal literatura osoko maisulan handienetarikoa ere. Axular hil baino urtebete lehenago argitaratu zen, 1643an, Bordelen, lapurtera klasikoan idatzirik.

Gero
Gero azala.jpg
Liburuaren azala
Datuak
Idazlea Pedro Agerre
Argitaratze-data 1643
Generoa erlijio literatura
Jatorrizko izenburua Gueroco guero, edo Gueroco luçamendutan ibiltceac, eta arimaren eguitecoac guerocotz utzteac cembat calte eguiten duen Escritura Saindutic, Eliçaco Doctor-etaric, eta liburu devocionozcoëtaric Axular Saraco Errotorac vildua eta arguitara emana
Herrialdea  Euskal Herria

Lehenengo edizio hartatik zenbait ale kontserbatzen dira, bost edo sei apika. Urte batzuk geroago bigarren edizio bat kaleratu zen. Aldi honetan, izenburua aldatu eta Gueroco guero izenburupean argitaratu zuten, inprimategi berean, hots, Bordeleko Milangues inprimatzailea, baina hainbat aldaketatxo eginik.

Erlijio betekizunak geroko uzteak dakartzan kalte eta zorigaitzez dihardu liburuak; gizakiak, luzamendutan ibili gabe, Jainkoarengana bihurtu behar duela, alegia. Izenburuak «bi partetan partitua» dela aipatzen duen arren, liburu bakarra baizik ez da ezaguna (Piarres Lafittek bi parteak batera eta nahasian ageri direla dio, baina iritziak bereiz dabiltza, Luis Villasante bigarren partea betiko galdu delakoan baitago). Obrak ez du mistizismo apurrik ere erakusten; aszetikako egia bat azaldu, erakutsi eta frogatu nahi du, eliz pulpitutik ari bailitzan taxutua.

Euskal literaturako liburu klasiko bat da, maisulana: eduki aberatsa, literatura ederrekoa, egitura dotorez taxutua, antzinatasuna eta originaltasuna dituena. Estiloari dagokionez, euskal sena du, egileak betiere abiapuntu eta maila literario egokia erakutsi zuen bere euskalkian; hitz jokoak, argudioak, errefrauak, ateraldiak, eta abar, denak euskal hizkera dotorez eta ulergarriz moldatuak daude. Ideiak hobeto adierazteko, Axularrek adibideak erabiltzen ditu sarritan, sinonimoak pilatuz eta autore klasikoen aipuak tartekatuz.

EzaugarriakAldatu

Euskal literaturaren historian lehen prosazko liburu original argitaratua da. Joannes Leizarragak eginiko Bibliaren itzulpena eta 2004an aurkitu ziren Lazarragaren testu laburrak alde batera utzirik[2], Gero dugu euskarazko lehen liburu mardula. Euskal idazle klasikoek, Iparraldekoek nahiz Hegoaldekoek, euskal maisulan gisan goraipatu zuten, eta denbora luzez euskara jasoaren eredu izan da. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok bizkaierara itzuli zuen liburua ia osorik; beraz, Axularren ospeak bizkaierazko literaturan ere eragina izan zuen, bai zuzenean, bai Añibarroren itzulpenaren bidez[3].

Axular hil baino urtebete lehenago inprimatu zen, 1643an.[4] Inongo mistikarik gabe, irakurlearen jokabidea aldarazi nahi du: Kristauari zeinen arriskutsu izan dakiokeen arimaren zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea, beti gerotik gerora luzamendutan ibiltzea. Liburuaren gai nagusia «gero dioenak bego dio» atsotitzarekin laburtzen delarik, hori ez da izan, noski, kritikoek maisulan gisa hartzeko arrazoia, ezpada Axularren estilo bizi eta aldi berean landuagatik.

Sinonimia ez darabil, maiz pentsatu den bezala, ahalik eta euskaldun gehienek uler dezaten, perpaus-periodoen erritmoa kontrolatzeko baizik. Bestalde, argudioak sendotzeko autore klasikoen eta testu sakratuen aipuak tartekatzen ditu. Nabarmena da latinezko aipuak euskaratzean erakusten duen sena eta dotorezia.

EdizioakAldatu

Lehen edizioa argitaratu eta hirurogeita zortzi urte beranduago[oh 1] bigarren edizioa egin zen izenburua aldatuta: Gveroco Gvero, datarik gabe eta zuzenketa eta aldaketa urri batzuekin.[5]

Hirugarren edizioa 1864koa da; Baionan inprimatu zen Intxauspe kalonjearen eskutik, Bonapartek hala proposatuta.[6] Hirugarren edizio horrek badu berezitasun bat: gaien hurrenkera aldatu egin zen eta testuan hainbat aldaketa barneratu ziren, errealismoa oso agerikoa zenean, bereziki.[4]

Laugarren edizioa Zarautzen inprimatu zen 1954an. Bertan ortografia modernoagoa baliatu zen eta bigarren edizioan egindako aldaketak ageri dira oraindik.[7] Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkarian (1910) lehenengo edizioa argitaratzeari ekin zitzaion faksimile modura baina lana amaitu gabe geratu zen, aldizkaria argitaratzeari utzi baitzitzaion 1936an.

1964. edizioa elebiduna da eta Donostian inprimatu zen 1643ko jatorrizkoari jarraiki. Itzulpena Aita Luis Villasantek egin zuen. Axularren lana Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroara ere hedatu zen nahiz eta lapurtarrez idatzita egon.

1820an, Aita Añibarrok bizkaierazko bertsioa egin zuen baina ez zen argitaratu. Euskal-Esnalea delakoan hasi zen gipuzkerazko bertsioa ematen 1909an, baina hau ere lehenengo kapituluetan amaitu zen. Gaur egun Gero balio handiko liburutzat jotzen da eta aipagarria da edizio elebiduna Aita Luis Villasanteren hitzaurre batekin hornitzen dela. Axular eta bere obra goitik behera aztertzen da bertan. 1988an Euskaltzaindiak faksimile bat argitaratu zuen 1643an Bordelen argitaratutakoan oinarritua.[4]

SarreraAldatu

Hauxe da liburuaren sarrera, hitzez hitz:

«

Bi partetan partitua eta berezia. Lehenbizikoan emaiten da aditzera, zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko utzteak.
Bigarrenean kidatzen da, eta aitzinatzen, luzamenduak utzirik, bere hala, bere egin bideari lothu nahi zaikana.
Eskritura Saindutik, Elizako doktoretarik eta liburu debozinozkoetarik, Axular Sarako errotorak bildua.
Ne tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem, Eccles 5.
Bordelen. G. Milanges erregeren inprimazaillea baithan. 1643.

»


Izenburuaren «bi partetan partitua eta berezia» azpitituluak hainbat eztabaida ekarri ditu adituen artean. Axularrek «Irakurtzaileari» izeneko atarikoan dioenez, bere nahia liburua bi liburukitan argitaratzea zen, baina liburuaren bigarren zatirik ez da inon ageri. Batzuen ustez, argitaratu gabeko bigarren zatia betiko galdutako testua genuke. Beste batzuen iritziz ostera, bi parte haiek liburuki bakarrean batera argitaratu bide ziren, bata bestearengandik bereizi gabe.

GaiakAldatu

Liburu horretan aditu gorenetakoa den Patxi Salaberri Muñoa filologoak zortzi ataletan biltzen ditu pasarte antologiko nabarmenenak:[8]

  1. "Etsaiak".
  2. "Alferrak eta nagiak".
  3. "Usantza eta fidantziak".
  4. "Kolera eta haserrea".
  5. "Aho-sabelaren erresuma".
  6. "Sabeletik beherakoak".
  7. "Barne ausikiak".
  8. "Amaiera ordukoak".

OharrakAldatu

  1. Auñamendi Entziklopediaren arabera; Vinsonen arabera 1703an eta Bruneten arabera 1728an

ErreferentziakAldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. kizkitza Euskaraz argitaratutako lehen liburua ikusgai — Igartubeiti Baserria . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  3. «Pedro Antonio Añibarro: Geroko Gero» klasikoak.armiarma.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  4. a b c «Agerre Azpilkueta, Pedro» Auñamendi Eusko Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  5. Axular, Pedro (2010-01-29) Gueroco guero, edo Gueroco luçamendutan ibiltceac, eta arimaren eguitecoac guerocotz utzteac cembat calte eguiten duen Escritura Saindutic, Eliçaco Doctor-etaric, eta liburu devocionozcoëtaric Axular Saraco Errotorac vildua eta arguitara emana . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  6. «literaturaren zubitegia - Aurkibide alfabetikoa» zubitegia.armiarma.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  7. kritiken hemeroteka » Gero . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  8. Axular, Pedro de (1556-1644). (1998) Axularren historiak Pamiela ISBN 8476812833 PMC 491130784 . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.

BibliografiaAldatu

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Gero (Axular)
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Gero (Axular)