Foruak Eraldatzeko Legea

Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea» orritik birbideratua)

1841eko Foruak Eraldatzeko Legea[1], geroago Nafarroako Lege Hitzartua ere deitu izan dena (gaztelaniaz: Ley Paccionada), XIX. mendean Nafarroa Garaiko estatus politikoa aldatu zuen Espainiako legea izan zen. Ondorioz, Nafarroako Erresuma desegin egin zen, eta Nafarroa Garaia 1833an Javier de Burgos Justizia ministroak ezarritako 49 probintzietako bat bihurtu zen Espainian. Galdu egin ziren Gorteak, Erresumako Diputazioa eta erresumako burujabetasun legegile eta judizialak; bisorraiaren trukean, Espainiako gobernadore zibila ezarri zen.

1893-1894ko Gamazadan hasten den eztabaida historiografiko eta politikoan, lege hitzartu edo itundutzat jo izan dute autore eta talde batzuek, nabarmenki Victor Praderak. Hargatik, gehienetan, ikerketa xeheagoek gertaera politiko horren hitzarmen izaera arbuiatu dute, Nafarroako legediaz bestela ezarritako inposiziotzat hartuz, artean Nafarroa Espainiako gobernuaren armadak okupatua zela. Foruak Eraldatzeko Legea nabarrismo espainolistaren oinarri ideologiko bihurtu zen, XX. mende hasieratik eta, bereziki, 1917tik aurrera.

Espainiako liberalen goraldiaAldatu

 
Francisco Cea Bermúdez Espainiako lehen ministroa eta 1933ko azaroko administrazio berrantolamenduaren bultzatzailea

Fernando VII.a espainiar erregearen azken urteetan (1830-1833), liberalak heldu ziren Espainiako Gobernura. Errege hori hil zenean, liberalek tronura altxa zuten Maria Cristina Borboikoa erreginordea. 1833ko azaroaren 30eko errege dekretuz, gobernu liberal berriak Espainiako administrazioa berrantolatu zuen, 1820-1823 aldiko Hirurteko Liberalean jada egin zuen bezala.

Une horretan bertan, Lehen Karlistaldia piztu zen, Hego Euskal Herria erdigune harturik, Nafarroa Garaian indar bereziaz. Hurrengo urtean, Francisco Martínez de la Rosa Espainiako ministro kontseiluko buruak bultzaturik, Maria Cristinak Erreginaren Estatutua eman zuen 1834ko apirilean,[2] 1837ko Konstituzio liberalerako bidea zelaitzen zuen oinarrizko lege agiri edo gutuna.[3]

1839ko abenduaren 25eko Foruak Berresteko Legea Nafarroa Garaiaren izaera forala eta 1837ko Espainiako Konstituzioak ezarritako erregimen liberala elkartzen saiatu zen. Konstituzio hori Espainian Maria Kristina Borboikoa erregeordea zela eta Lehen Karlistaldi bete-betean ezarri zen, 1812ko konstituzioan inspiratuta eta progresisten babespean.

Nafarroako gertaeren bilakaeraAldatu

Nafarroako Erresumaren amaieraAldatu

1834ko Erreginaren Estatutuak bete-betean urratzen zituen Nafarroako foru arau asko eta ez zuen Nafarroako Gorteen oniritzirik.[2] Hargatik, Espainiako Gobernuak Iruñeko Aldizkari Ofizialean argitararazi zuen. Erresumako Diputazioa irailaren 6an bildu zen, azken aldiz, eta Nafarroako ordezkariek iritzi zioten Madrilera mandatariak igortzeko errekerimendua legez kanpokoa zela, eta erresumako legediaren eta independentziaren kontrakoa, Nafarroa Behereko Estatu Orokorrek 1789ko Pariserako deialdiari erantzun zioten bezala. Madrilek, berriz, Diputazioa kargugabetzea agindu zuen irailaren 7an. Nafarroako Diputazioaren ordez, Espainiako Gobernuak batzorde bat eratu eta izendatu zuen: probintziako diputazioa edo aldundia.[2]

 
Euskal Herrian Karlistaldiari amaiera eman zion Maroto eta Espartero jeneralen arteko besarkadaren irudikapena (1839)
 
Espartero espainiar jeneralaren potreta Foruak Eraldatzeko Legea ezartzeko garaian (1843)

Lehen Karlistaldia Espainiako lege bilakatutako konpromiso batekin amaitu zen: Bergarako Besarkada, hizkera bihurri batez Hego Euskal Herriko foruak berrestea Espainiako Gobernuaren eskuetan utziz;[4] hizkera anbiguo horrek auzia atzeratu besterik ez zuen egiten.[5] Arabar zein nafar batailoi karlistek eta gipuzkoarren erdiek baino gehiagok traiziotzat hartu zuten hitzarmen hori.[6] Hitzarmenak Espainiako lege baten forma hartu zuen, Foruak Berresteko Legea (1839), urriaren 25ekoa. Lege horrek, ordea, klausula bat gehitu zion gerra amaitu zuen Bergarako Besarkadari, 1. artikulua: "Baskongaden eta Nafarroaren foruak berresten dira, Monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe".[7]

2. artikuluak, berriz, Konstituzioarekin bateratze lana egiteko Espainiako Gorteetan komenigarri ikusten ziren aldaketak egitea aipatzen zuen.[8] Lorenzo Arrázola Grazia eta Justizia ministroaren arabera, horrek esan nahi zuen “lotura handietako batasuna, hala nola errege konstituzionala, botere legegilearen batasuna eta ordezkaritza nazional komun bakarra egotea”.[7] Geroago, azaroko espainiar dekretu banak ezarri zuen probintziako diputazioak bi ordezkari izendatu behar zituela, biek "konponbiderako plana negoziatzeko eta, haren bitartez, Nafarroak Nazioko besteekin bat egitea promes egiteko",[2] eta 1839ko azaroaren 16ko lege-dekretuak bisorraiak gobernadore zibilekin ordezkatu zituen. Lege-dekretu horretan bertan, nolanahi ere, Arrázolak foru araubidea onartu zuen bertan udalak, Batzar Nagusiak eta Diputazioak izendatzeko orduan.[3] Aldiz, mendebaldeko euskal lurraldeek ez zuten lege-dekretu hori onartu.[5]

Nafarroa Garaia Espainiako probintziaAldatu

Bi jarrera Espainiako Gobernuaren aurreanAldatu

Nafarroako probintziako diputazio berriak beste euskal lurraldeez aparte jokatu zuen gerra amaieran. 1840ko otsailaren 8an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan diputazio nagusiak eta batzar nagusiak eratu ziren, ez probintziako diputazioak, eta egun horretan bertan adostu zuten ez onartzea foruei eraldaketarik egitea.[5]

1840ko martxoan, Nafarroako Erresumako Diputazioa ez zen jada existitzen, eta Nafarroa Garaian Espainiako Gobernuak ezarritako probintziako diputazioa aukeratu zen hauteskundeetan;[2] zazpi kidek osatu zuten, lehen Erresumako Diputazioan bezala.[5] Honako pertsonek osatuko zuten diputazio hori: Lorenzo Mutiloa (Lizarra), Jose Maria Perez (Lizarra), Justo Galartza (Iruñea), Fermin Gamio (Iruñea), Bonifacio Gartzes (Erriberri), Serapio Agirre (Zangoza) eta Tomas Arteta (Tutera).[2] Espainiako Gobernuarekin elkar ulertzera oso lerratua zen, eta gobernu horrek atseginez hartu zuen haren osaera.[5]

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Foruak Berresteko Legea
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Foruak Eraldatzeko Legea
 
Diccionario de antigüedades del Reino de Navarra idazlanaren azala (1840)

Karlistaldia amaitzean, Nafarroan bi posizio nagusi agertu ziren: Madrilgo armada garailearen agintariekin negoziatzearen aldekoak ("paktista") eta kontrakoak. José YanguaS lehendabizikoetan zegoen, adieraziz Nafarroako foruak zaharkituta zeudela, eta 1837ko Espainiako Konstituzioa Nafarroarentzat balioetsiz. Nafarroa Garaiko probintziako aldundiaren idazkaria zen, Erriberako noblezia lur-jabearen hurbilekoa.

Yanguasek Antiguedades del Reino de Navarra lan historiografiko mardula argitaratu zuen ia aldi berean (1840), Nafarroako legedia zaharkituta zegoela argudiatuz. Angel Sagaseta de Ilurdotz erresumako kontsultore eta sindiko kargugabetu eta erbesteratuak, berriz, Fueros fundamentales del Reino de Navarra ondu zuen, Iruñean 1840an argitaratua, nafar jurisdikzio subiranoaren eta independentziaren alegatua.[3]

Probintziako aldundiaren batzorde bat eratu zen 1840ko martxoaren 9an eztabaidatzeko foruei buruzko zirriborro plan bat umotu eta Madrilen gobernuarekin antolamendu berria negoziatu eta zehazteko;[9][3] lau mandatarik osatzen zuten batzordea, eta Jose Yanguasek ondutako egitasmoa eraman zuten plana eztabaidatzeko oinarritzat, idazkari horrek 1840ko apirilerako prestatzen amaitua.[5] Probintziako aldundiaren nafar mandatariak Madrilen izan ziren sei hilabetez, 1840ko abendu arte.[2]

Maiatzean, nafar batzordea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioko ordezkariekin bildu zen eta, haiek ez bezala, Nafarroa Garaiko batzordeak erabaki zuen gobernuarekin elkarrizketan jarraitzea. Abendurako, Madrilgo nafar mandatariek adierazi zioten diputazioari elkarrizketak ia amaituta zeudela, eta Espainiako Gobernuak ontzat eman zuela zerga ekarpen bakarra egitea. Diputazioak ontzat jo zuen, osoki, mandatarien kudeaketa eta erabakitako edukien oinarriak.[5]

Estatus politiko-administratibo berria zehaztenAldatu

Horretan zirela, baina, Baldomero Espartero jeneralaren altxamenduak ordu arteko Espainiako Gobernua kargugabetu zuen.[3] Nafar probintziako diputazioaren batzordeak, berriz, konponbide hau proposatu zuen Nafarroa Garairako antolamendu administratibo-politiko berrian gauzak zehazten joateko:[7]


«
  1. Gobernadore politikoa (gobernadore zibila)
  2. Probintziako diputazioa (eta ez Erresumako Diputazioa)
  3. Ekonomia ituna, zerga ekarpen bakarrekoa
  4. Udalak Espainiako lege orokorraren arabera antolaturik
  5. Espainiako kode zibila
  6. Zerbitzu militarra, foruaren arabera
  7. Aduanen lekualdaketa, Espainiako mugetara.
»


Espartero erregeorde hautatu zuten 1841eko maiatzaren 10ean Maria Kristinaren ordez; erregeordetza gobernuko presidentetzari lotu zitzaion, Esparterok progresisten babesa izan zuen, eta konpromisoetara heltzearen kontrakoa jarrera hartu zuen. Madrildik, bada, nafar batzordeak 26 puntuko lege bat ekarri zuen, Foruak Eraldatzeko Legea. Bertan, Nafarroa Garaia Espainiako probintziekin parekatzen zen, 25. puntuan izan ezik: “Nafarroak, lehen adierazitako zergez gain, zuzeneko zerga bakarrean, urteko milioi bat zortziehun mila errealeko zenbatekoa ordainduko du”, alegia, kupoa.[10]

 
1850eko Espainia, Hego Euskal Herriko lege jurisdikzio bereziak erakutsiz

Nafarroan beste batzorde bat eratu zen, Madrilen umotu zuten plana tramitatzeko. Martxorako lege egitasmo bat hasi ziren Espainiako Kongresuan tramitatzen. Bada, 1841eko uztailean Espainiako Kongresuak plana onartu zuen, eta egun batzuk geroago, abuztuan, herrialde horretako Senatuak.[2] Abuztuaren 16an beste lege bat eman zen, "Nafarroako administrazio orokorra antolatzeko legea" izenburukoa; lege hori 1841eko azaroaren 11n argitaratu zen Nafarroan.[2]

Esparterok, gainera, ahalmen bereziz horniturik, bere kabuz jokatu zuen 1841eko abenduan, aduanak Pirinio eta itsasora lekualdatuz, Pasaia eta Donostiara. 1842ko urtarrilaren 5ean, foru baimena indargabetu zuen errege agindu batez, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako probintziako aldundiak ezarri zituen. José Ramón Rodil izan zen Nafarroako azken bisorraia (1836-1843).

OndorioakAldatu

Jose Mari Espartzak adierazi du Nafarroa Garaian gehienek arbuiatu zutela konponbide hori.[11] Lege horren bitartez, Lehen Karlistaldiaren ondoren, monarkia liberala Espainian egiten ari zen erreforma politiko, instituzional, legegile eta judizialak ezarri ziren Nafarroa Garaian.

Galdu ziren Erresumako Gorteak, Erresumako Diputazioa eta erresumako burujabetasun legegile eta judizialak, baita bere dirua igortzeko ahalmena, nafarrak beharturik izango ziren zerbitzu militarrean parte hartzera (Madrilgo nafar mandatariek hasieran ezetz esan bazuten ere), aduanak Pirinioetara lekualdatu ziren, besteak beste.[11]

Kintak ezartzeak nafarrak biziki sumindu zituen.[11] Valentzian erbesteratuta zegoen Angel Sagaseta de Ilurdotz Gorteetako azken sindikoak gogor kritikatu zuen prozesua.[12] Nafarroa Garaian, legearen arbuioak Espainiako Trantsizio arte luzatu zen joera politiko bat sortu zuen: foru berrezarpena edo integrismoa.[11]

Geroko bilakaeraAldatu

1876an, Bigarren Karlistaldian Nafarroa Garaiko agintariek Baskongada Probintzietatik bereiz jokatu zuten. Hori ikusita, Canovas del Castillo Espainiako ministro kontseiluko presidenteak asmo sendoa agertu zuen Foruak Eraldatzeko Legeak Nafarroari aitortzen zizkion prerrogatibak kentzeko, lege bat besterik ez zelakoan, eta ez hitzarmen bat. 1876ko ekainean, Espainiako Aurrekontuen Legean 1841etik aldatu gabeko kupoa aldatu zuen, 24. artikuluaren bidez.

19/2/1877 Errege Dekretuak estatus administratibo bereiz bat aitortu zion Nafarroari, baina Espainiako gobernua ez zen kito geratu: 1877ko Aurrekontuen Legeak zirrikitu berriak ireki zituen 8. artikuluan geroago zerga erreforma gehiago egin ahal izateko, Nafarroa Espainiako probintziekin guztiz berdintzeari begira. Nafar zerga araubidea Madrilgo aurrekontuetatik hausteko hurrengo ahalegina 1893-94an gertatu zen, Germán Gamazo ministroa Nafarroa Garaiari estatuko aurrekontuak inposatzen ahalegindu zenean.

Horrek, ordea, Gamazada piztu zuen Iruñean. Gamazadak forutasunaren aldeko mugimendua harrotu zuen, protesta masiboak eginez eta beste euskal lurraldeekin elkar hartuz; Madrildik Gamazo aldatzen saiatutako nafar prerrogatibak, kupoa, berezko nafar foru nortasuntzat hartu zituzten, eta ulertu espainiar ministroa hitzarmen bat hausten ari zela. Ondorioz, 1841eko Lege Hitzartuaren ideia zabaldu zen. Lege hori eta hitzartua izatearen ideia bilakatu ziren nabarrismoaren oinarri ideologiko.[13]

Foruak Eraldatzeko Legea Martin Villa Espainiako gobernazio ministroak 121/1979 Errege Dekretua ezarri arte egon zen formalki indarrean; Dekretu horrek, izan ere, Espainiakoa hartzen du agintaritzaren (eta legearen) iturri bakartzat. 1982ko Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak erregimen historiko horren jarraipena dela adierazten du bere izenean eta atarikoan.

Hitzartua izateari buruzko auziaAldatu

Espainiako monarkiaren "batasun konstituzionala"k eta Nafarroa Garaiko foruak iraunarazteko asmoak talka egin zuten. Orduan sortu zen Nafarroa Garaiaren estatus politikoaren inguruan, hiru iritzi nagusi daude:

  1. Lege arrunta. Legea Espainiako Gorteek beste lege bat balitz bezala onartu zuten, alegia, juridikoki, lege arrunta besterik ez zen, eta Espainiako Gorteek aldatu edo indargabetu zezaketen. Iritzi honen jarraitzaileak dira Cánovas del Castillo edo Miguel Primo de Rivera politikariak, Eduardo García de Enterría, Tomás-Ramón Fernandez edo Martínez Tomás legelariak eta Rafael Navascués, Pedro Larunbe eta Demetrio Loperena; joera horretan kokatzen da María Cruz Mina historialari nafarra, hitzarmenaren ideia horri "mito historiko" deituz,[13] eta Xabier Irujo historialariak ere hitzarmenaren ideia okerra nabarmendu du, okupazio militarreko testuinguruan gertatutako inposiziotzat hartuz.[14]
  2. Hitzartutako Legea. Nafarroako Erresumako agintariekiko negoziaketetan kontraprestazio eta hitzarmenak izan ziren, eta Estatuak ezin du legearen alde bateko aldaketa egin. Iritzi honen jarraitzaileak izan dira Prim eta Práxedes Mateo Sagasta espainiarrak eta José Alonso, Serafin Olabe, Arturo Campion, Eladio Esparza, Rafael Aizpun, Rodriguez Garraza, Jaime Ignacio del Burgo eta Víctor Manuel Arbeloa nafarrak.
  3. Tarteko legea. Alde batetik, formalki lege arrunta bada ere, bestetik, politikoki hitzarmena izatea zuten helburu bai Nafarroako Erresumaren erakundeek, bai Espainiakoek. Iritzi honen aldekoak dira Pablo Ilarregi eta Fulgencio Barrera legea negoziatzeko Nafarroako Erresumako Aldundiaren ordezkariak,[erreferentzia behar] eta Jose Antonio Rázquin eta Ignacio Olabarri nafar legelariak.

ErreferentziakAldatu

  1. 1841eko abuztuaren 16ko Foruak Eraldatzeko Legea, zeinaren bidez Nafarroako Foruen Eraldaketa onartzen baita, osorik adierazita.
  2. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2021). «La disolución de un reino de mil años (824-1841)» Noain, 1521; Azken bataila / La última batalla. Nabarralde, 152-161 or. ISBN 978-84-09-30804-0..
  3. a b c d e Convenio navarro o Ley paccionada de 1841Colaboran. (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
  4. Convenio navarro o Ley paccionada de 1841Colaboran. (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
  5. a b c d e f g Historia de Navarra.. Gobierno de Navarra, Departamento de Presidencia [1993?]-1995 ISBN 84-235-1203-7. PMC 32085478. (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  6. www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «El Abrazo de Bergara · Guía contra la desmemoria | Jose Mari Esparza» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-12).
  7. a b c (Gaztelaniaz) ORELLA UNZUÉ, José Luis. «Convenio navarro o Ley paccionada de 1841» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  8. (Gaztelaniaz) ORELLA UNZUÉ, José Luis. «Convenio navarro o Ley paccionada de 1841» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  9. Zergak kudeatzeko eta gai administratiboak kontrolatzeko sortu zuten Nafarroako Foru Aldundia, ikus Bixente Serrano Izko: Nafarroa. Historiaren hariak (2005, Euskara Kultur Elkargoa). ISBN 84-932845-9-9
  10. Orella, José Luis (2015-11-03). Convenio navarro o Ley Paccionada de 1841, Naiz
  11. a b c d Zabalegi, José María Esparza. (2009-09-16). «Del Burgo: ¿ingenuo o perillán?» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2021-08-13).
  12. «Sagaseta de Ilurdoz, Ángel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-10).
  13. a b Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 14 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
  14. (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2021). «La disolución de un reino de mil años (824-1841)» Noain 1521; Azken bataila / La última batalla. Nabarralde, 144-166 or. ISBN 978-84-09-30804-0..

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu