Olinpiar Jokoak edo Joko Olinpikoak munduko hainbat tokitako atletek parte hartzen duten diziplina anitzeko nazioarteko kirol ekitaldirik handiena dira. Olinpiar Jokoak kirol munduko lehiaketa nagusitzat hartzen dira, berrehun nazio parte-hartzaile baino gehiagorekin. Lau urtean behin antolatzen dira, bai uda partean bai eta baita neguan ere. Udako eta Neguko Olinpiar Jokoen artean bi urteko tartea dago[1].

Olinpiar Joko modernoen ikur nagusia dira Olinpiar eraztun olinpikoak, munduan ikur ezagunenetakoa eta bakearen ikur. Lehen aldiz 1920an erakutsi ziren

Olinpiar Joko modernoak K. a. VIII. mendeko Antzinako Olinpiar Jokoetan inspiratu ziren. Antzinaroan antolatutakoen antzeko ekitaldi batzuk egiteko ideia sortu zen, nagusiki Pierre Frèdy noble frantsesaren gestioei esker zehaztuko zirenak, Coubertingo baroia. Coubertin baroiak Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) sortu zuen 1894an. Ordutik, NOB bihurtu da Olinpiar Mugimenduaren organo koordinatzailea, haren egitura eta agintea zehazten duen Olinpiar Gutunarekin[2].

Aro Modernoko Olinpiar Jokoen lehen edizioa Atenasen egin zen, Greziako hiriburuan, 1896ko apirilak 6tik aurrera. Ekitaldi hartatik, lau urtean behin egin dira munduko hainbat hiritan, eta salbuespen bakarrak 1916, 1940 eta 1944ko edizioak izan dira, Lehen eta Bigarren Mundu Gerraren leherketaren ondorioz.

2000 urteko domina podium bat

XX. eta XXI. mendeetan mugimendu olinpikoak izan duen bilakaerak hainbat aldaketa ekarri ditu Olinpiar Jokoetan. Egokitzapen horietako batzuen artean daude neguko kiroletarako Neguko Jokoen sorrera, ezintasunen bat duten atletentzako Paralinpiar Jokoak eta atleta nerabeentzako Gazteen Olinpiar Jokoak[3].

NOBk hainbat aurrerapen ekonomiko, politiko eta teknologikotara egokitu behar izan du. Horren ondorioz, Olinpiar Jokoak amateurismo hutsetik urrundu dira, Coubertinek aurreikusitakoaren arabera, atleta profesionalen parte hartzea ahalbidetzeko. Masa komunikabideen gero eta garrantzi handiagoak enpresen babesaren eta Jokoen merkaturatzearen gaiari ekin zion.

Olinpiar Mugimenduak kirol bakoitzeko nazioarteko federazioak, Olinpiar Batzorde Nazionalak eta edizio bakoitzeko Batzorde Antolatzaileak ditu. NOB da egoitza hiria aukeratzeko arduraduna. Olinpiar Gutunaren arabera, hiri anfitrioiaren ardura da Jokoak antolatzea eta finantzatzea. Hainbat ikur eta zeremonia olinpiko daude, hala nola bandera eta zuzi olinpikoak, baita irekiera eta itxiera zeremoniak ere. Ekitaldi bakoitzean lehen, bigarren eta hirugarren mailako irabazleek domina olinpikoak jasotzen dituzte: urrea, zilarra eta brontzea, hurrenez hurren.

Olinpiar Jokoei egindako kritikatzat, salatu izan da Olinpiar Jokoak antolatzen dituzten gobernuek joko hauek kirolezko zuriketarako erabiltzen dituztela. Hau da, gobernu antolatzaile horiek, kirola erabiliz, beren fama kaltetua hobetzeko helburua izan dutela. Hartara, 1936ko Udako Joko Olinpikoak, Berlinen, Alemania naziaren kirolezko zuriketa izan zirela jotzen da.

Antzinaroko Olinpiar Jokoak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Antzinaroko Olinpiar Jokoak»
 
Olinpiako estadioaren hondakinak

Olinpiar Joko modernoen oinarria antzinako Olinpiar Jokoetan dago, honela deituak Olinpia hirian (Grezia) ospatzeagatik, Zeusen santutegian. K. a. 776an hasi ziren ospatzen eta hamabi mendetan zehar ospatu ziren, lau urtean behin, 393. urtera arte[4].

Lehiaketara zenbait hiri-estatuetako eta antzinako Greziako erresumetako partaideak joaten ziren. Lau urteko aldia Olinpiada bezala ezagutzen zen, greziarrek denbora neurtzeko euren unitateetako bat bezala erabili zuten. Jokoetan, parte hartzen zuten hiri-estatuen arteko gatazkak atzeratu egiten ziren kirol-lehiaketak amaitu arte. Etsaitasunen etenaldi hau bake edo su-eten olinpiko bezala ezagutzen zen. Jokoak, Joko Panhelenikoak bezala ezagutzen den ziklo baten zati izan ziren, Pitiar Jokoak, Nemeo Jokoak eta Joko Istmikoak ere barne hartzen zituena[3].

Jolas horietan hainbat kirol ekitaldi, borrokaldi eta lasterketa egiten ziren. Lasterketak, pentatloia (luzera jauzia, disko jaurtiketa, xabalina, oinezko lasterketa eta borroka (boxeoa, borroka librea, pankrazioa) eta zaldi-ekitaldiak izaten ziren. Hiritar greko libreek soilik har zezaketen parte; garailea bere jaioterriko heroi bilakatzen zen eta haren omenez odak eta estatuak egiten ziren. [5]

Ofizialki amaitu zireneko datari dagokionez, adituen artean adostasunik ez badago ere, datarik onartuena 393. urtea da. Erromatar Inperioan kristautasunaren domeinuaren hasiera data, Teodosio I.a enperadoreak kultu eta praktika pagano guztiak ezabatuak izango zirela agindu zuenean. Ohi aipatzen den beste data bat 426. urtea da. Bere oinordekoak, Teodosio II.ak, greziar tenplu guztiak suntsitzeko agindu zuenean [6].

Olinpiar Joko Modernoak aldatu

 
Pierre de Coubertin baroia

Olinpiar jokoak berpizteko interesa Greziaren independentzia gerrarekin hasi zen, non greziarrek Otomandar Inperioaren aurka borrokatu zuten 1821ean. 1833an, Panagiotis Soutsos poeta eta editoreak Antzinateko Olinpiar Jokoak berrezartzea proposatu zuen[7]. Evangelos Zappasek lehen Olinpiar Jokoak babestu zituen 1859an, Atenas hiriko plaza batean ospatu zirenak. Horietan parte hartu zuten atletak, jatorriz, Grezia eta Otomandar Inperiokoak ziren. Zappasek, gainera, Panathinaiko estadioaren zaharberritzea finantzatu zuen, etorkizuneko edizioak har zitzan[7].

Estadio hau 1870ean eta 1875ean izan zen olinpiar jokoen egoitza[7]. 1890ean, Wenlockeko Olinpiar Jokoetara joan ondoren, Pierre de Coubertin frantziar baroia Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) sortzeko inspiratu zen[8]. Coubertinek Brookes eta Zappasen lanetan oinarritu zituen bere ideiak, lau urtean behin ospatuko ziren nazioarteko Olinpiar Jokoak ezartzeko asmoz, eta Kongresu Olinpikoan aurkeztu zituen. Bilera hori 1894ko ekainaren 16tik 23ra egin zen, Parisko Unibertsitatean[9]. Ekainaren 23an aho batez onartu zen Olinpiar Jokoen berpizkundea zehazten zuen ebazpen bat, gainera, hauen lehen edizioa Atenasen bi urte beranduago izango zela ezarri zen. Bi urte geroago, Coubertinek Vikelas ordezkatu zuen erakunde horretako presidente gisa[10].

Atenas 1896 aldatu

Lehen Olinpiar Jokoak NOBren babespean ospatu ziren Panathinaiko estadioan, Atenasen, 1896an. Bertan 12 herrialdeetako kirolariek parte hartu zuten. Zappasek eta bere lehengusu Konstantinos Zappasek fideikomiso bat utzi zioten gobernu greziarrari etorkizuneko Olinpiar Jokoak finantzatzeko. Horiek sarreren salmentaren bidez eta oroitzapenezko lehen zigiluen salmentaren bidez berreskuratzea espero zen.[11][7]

Funtzionario greziarrak eta publikoak, oro har, gogotsu zeuden Olinpiar Jokoak hartzeko esperientziarekin. Sentimendu hau, atleta askok partekatu zuten eta asko ziren Atenas ekitaldi honen egoitza iraunkorra izatea exijitu zutenak. Hala ere, NOBk egoitza mundu osoko hainbat hirietara txandakatzea bilatu zuen, honela, Paris Olinpiar Jokoen bigarren edizioaren egoitza bezala aukeratu zen[12].

Moldaketak aldatu

Udako Olinpiar Jokoak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Udako Olinpiar Jokoak»

1896ko Atenasen arrakastaren ondoren, Olinpiar Jokoak, bere biziraupena mehatxatu zuen geldialdi garai batean sartu ziren. 1900ean Parisko Erakusketan eta 1904an San Luiseko Erakusketa Unibertsalean egindako Olinpiar Jokoak bigarren mailako atrakzioak izan ziren. 1900ean, Parisen, emakumea lehen aldiz agertu zen olinpiadetan. San Luis 1904an 650 atleta inguruk parte hartu zuten, baina 580 AEBetakoak ziren. Ospakizun horien izaera homogeneoa kontrako puntua izan zen Olinpiar Mugimenduarentzat.[13]

Jokoak 1906an berreskuratu ziren, lehen Joko Interkalatu bakarrak ospatu zirenean — horrela deituak, hirugarren olinpiadan ospatu ziren bigarren Jokoak izan zirelako — Atenasen. Horiek ez ditu ofizialki aitortzen NOBk. Nazioarteko parte hartzaile eremu zabal bat erakarri zuten, eta interes publiko handia sortu zuten. Horren ondorioz, Olinpiar Jokoen ospea eta tamaina etengabe handitu ziren.[14]

Neguko Olinpiar Jokoak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Neguko Olinpiar Jokoak»
 
Gillis Grafström lehen Neguko Olinpiar Jokoetan, Chamonix 1924.

Neguko Olinpiar Jokoak neguko kirolak aurkezteko sortu ziren, logistikoki Udako Jokoetan egitea ezinezkoa zirenak. Patinaje artistikoko (1908an eta 1920an) eta izotz hockeyko (1920an) lehiaketak egin ziren udako edizioan, baina NOBk kirol zerrenda hau zabaltzea bilatu zuen neguko beste jarduera batzuk hartzeko. 1921eko Nazioarteko Olinpiar Batzordearen 19. bilkuran, Lausanan, Olinpiar Jokoen neguko bertsio bat egitea erabaki zen. 1924an Chamonixen (Frantzia) ospatu ziren Parisko Jokoen esparruan eta ekitaldi hau historiara pasako zen Neguko lehen Olinpiar Jokoak bezala[15][16].

1992. urtera arte udako eta neguko Olinpiar Jokoak urte berean egiten ziren, baina NOBk ondorengo neguko Olinpiar Jokoak bi urte aurreratzea eta udakoetatik bereiztea adostu zuen. Hala, 1994an neguko Olinpiar Jokoak Lillehammerren egin zituzten.

Paralinpiar Jokoak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Paralinpiar Jokoak»

1948an, Sir Ludwig Guttmannek Bigarren Mundu Gerraren ondoren soldaduen errehabilitazioa sustatzeko erabakia hartu zuela adierazi eta hainbat ospitaleren arteko kirol ekitaldi bat antolatu zituen, 1948ko Londresko Olinpiar Jokoekin bat eginez. Hurrengo hamabi urteetan, Guttmannek eta beste batzuek kirola sendatzeko bide gisa erabiltzeko ahaleginak egiten jarraitu zuten. 1960ko Erromako Olinpiar Jokoetarako, Guttmannek 400 atleta bildu zituen "olinpiada paraleloan" lehiatzeko, lehen Paralinpiar Jokoak bihurtuz[17][18]. Ordutik, olinpiar urte bakoitzean ospatzen dira Paralinpiar Jokoak. 1988ko Seulgo Olinpiar Jokoetatik, Olinpiar Jokoen egoitza den hiria Paralinpiar Jokoen egoitza ere bada. 2001ean, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) eta Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak (CPI) akordio bat sinatu zuten, non hiri anfitrioiek Olinpiar Jokoak zein Paralimikoak administratzeko konpromisoa hartzen zutela bermatzen zen[19].

Nazioarteko Olinpiar Batzordea aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nazioarteko Olinpiar Batzordea»
 
Nazioarteko Olinpiar Batzordearen egoitza Lausanan, Suitza

Olinpiar Mugimenduak nazioko eta nazioarteko erakunde, kirol-federazio, komunikabide, atleta, funtzionario, epaile eta Olinpiar Gutuneko arauak betetzearekin ados dagoen beste edozein pertsona eta erakunde biltzen ditu.[20]

Olinpiar Mugimenduaren aterki erakundea, Nazioarteko Olinpiar Batzordea, Olinpiar Jokoen edizio bakoitzaren egoitza den hiria aukeratzeaz, horien plangintza gainbegiratzeaz, kirol programa eguneratzeaz eta onartzeaz, eta babesletza eta irrati-difusio eskubideen negoziazioaz arduratzen da[21]. Egoitza Lausanan (Suitza) duen erakunde hau Pierre de Coubertinek sortu zuen 1894. urtean[20].

Mugimendu olinpikoak hiru elementu nagusi ditu:

  • Nazioarteko federazioak: kirol bat arautzen duten nazioarteko organoak dira. Adibidez, Nazioarteko Futbol Elkartuen Federazioa (FIFA) futbolaren nazioarteko federazioa da. 35 federazio daude Olinpiar Mugimenduan, olinpiar kirol bakoitzaren ordezkari gisa[22].
  • Batzorde olinpiko nazionalak: herrialde bakoitzaren barruko mugimendu olinpikoa ordezkatzen eta arautzen dute. Esaterako, Suediako Olinpiar Batzordea. NOBk aitortutako 205 batzorde olinpiko nazional daude[23].
  • Olinpiar Jokoetako Batzorde Antolatzaileak: aldi baterako batzordeak dira, Olinpiar Joko bakoitza antolatzeaz arduratzen direnak. Batzorde horiek edizio bakoitzaren ondoren desegiten dira, azken txostena NOBri ematen zaionean[24].

Frantsesa eta ingelesa dira Olinpiar Mugimenduaren hizkuntza ofizialak. Jokoen edizio bakoitzean erabiltzen den hizkuntza egoitzako herrialdeko hizkuntza da — hizkuntzak, herrialdeak hizkuntza ofizial bat baino gehiago badu —. Aldarrikapen bakoitza hiru hizkuntza horietan — edo gehiagotan — egiten da, edo bi nagusietan, baldin eta egoitzako herrialdea ingelesa edo frantsesa bada hizkuntza ofiziala.

Kirolak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kirol olinpiko»

Olinpiar programak 35 kirol, 30 diziplina eta 400 lehiaketa inguru izaten ditu. Adibidez, borroka bi diziplinatan banatzen den kirol olinpiko bat da: greko-erromatarra eta librea. Udako Olinpiar Jokoetan 26 kirol daude eta Neguko Olinpiar Jokoetan, berriz, 15 kirol[25]. Atletismoa, igeriketa, esgrima eta gimnasia artistikoa dira edizio guztietan dauden kirol olinpiko bakarrak. Bestalde, eskia, izotz gaineko patinaje artistikoa, izotz hockeya, eski konbinatua, eski jauzia eta izotz gaineko abiadura-patinajea dira 1924an ekitaldi hau sortu zenetik neguko edizio guztietan agertzen diren neguko kirolak. Badmintona, saskibaloia eta boleibola, erakustaldi kirol gisa agertu ziren lehen aldiz, geroago ordea erabateko olinpiar kirolak bihurtu ziren[26]. Lehen Jokoetan aurkeztu ziren kirol batzuk programatik kendu zituzten[27].

NOBk aitortutako nazioarteko federazioek arautzen dituzte kirol olinpikoak, eta kirol horien ikuskatzaile globalen funtzioak betetzen dituzte. 35 federazio daude ordezkatuta NOBen.[28] NOBk onartutako kirol batzuk ez daude programa olinpikoan sartuta. Kirol hauek ez dira kirol olinpikotzat hartzen, baina estatus honetara pasa daitezke NOBren berrikuspen batean, Olinpiar Joko bakoitzaren amaieran egiten dena. Berrikuspen hauetan zehar, kirolak programatik kanpo utz daitezke, baldin eta erabaki hori NOBko kideen bi herenek hartzen badute.[29] Badira inoiz olinpiar saio batean egon ez diren kirol aitortuak, tartean xakea eta surfa.[26]

2004ko urria eta azaroa bitartean, NOBk Programa Olinpikoaren Batzorde bat ezarri zuen, programa olinpikoan kirolen berrikuspenaz arduratu zena, baita aitortutako kirol ez-olinpikoez ere. Helburua Jokoen edizio bakoitzeko programa olinpikoa ezartzeko ikuspegi sistematikoa aplikatzea izan zen. Zazpi irizpide formulatu zituen batzordeak kirol bat olinpiar programan sartu behar zen ala ez epaitzeko. Hauek dira irizpide horiek: kirol honen historia eta tradizioa, unibertsaltasuna, kirol honen ospea, irudia, atleten osasuna, kirola zuzentzen duen Nazioarteko Federazioaren garapena eta kirol hau egitearen kostuak. Azterketa horretatik abiatuta, Londresko Olinpiar Jokoetan sartzeko hautagai gisa onartutako bost kirol sortu ziren: golfa, karatea, errugbia, patinajea eta squash-a. NOBko Batzorde Betearazleak aztertu zituen kirol horiek, eta, ondoren, gaia 2005eko uztaileko bilkura orokorrean eztabaidatu zen, Singapurren[30]. Inklusiorako bost kirol hautagaietatik bi bakarrik aukeratu zituzten finalistatzat: karatea eta squash. 2009ko urrian NOBk 2016ko Udako Olinpiar Jokoetako olinpiar programara golfa eta errugbia gehitu zituen[31].

Sinbologia aldatu

 
2012ko Udako Olinpiar Jokoetako su olinpikoa, pebeteroan

Mugimendu Olinpikoak hainbat sinbolo erabiltzen ditu Gutun Olinpikoan jasotako idealak irudikatzeko. Ikur olinpikorik ezagunena eraztun olinpikoak dira: bost eraztun elkarlotu, bertan bizi diren bost kontinenteen batasuna irudikatzen dutenak (Afrika, Amerika, Asia, Europa eta Ozeania). Eraztunen kolorezko bertsioak, kolore urdin, hori, beltz, berde eta gorriko bost eraztun irudikatzen ditu hondo zuri baten gainean, honek, olinpiar bandera osatzen duelarik. Kolore horiek aukeratu zituzten, nazio bakoitzak gutxienez bat duelako bere bandera nazionalean. Bandera 1914an diseinatu zen, baina 1920ko Anberesko Olinpiar Jokoetan altxatu zen lehen aldiz. Ordutik, Jokoen ospakizun bakoitzean igo izan dute bandera. Olinpiar leloa Citius altius fortius da, "azkarragoa, altuagoa, indartsuagoa" esan nahi duen lokuzio latinoa.[32].

Jokoen edizio bakoitza baino hilabete batzuk lehenago, sugar olinpikoa pizten da Olinpian, greziar erritu zaharrak islatzen dituen zeremonia batean. Emakumezko artista batek, apaiz baten moduan jardunez, zuzi bat pizten du, eguzkiaren izpiak biltzen dituen ispilu paraboliko baten barruan jarriz, orduan pizten da lehen zuzia, horrela, zuzi olinpikoaren ibilbide bat hasiz, Jokoen edizio horretako irekiera zeremonian (pebeteroaren piztea) amaituko dena. Sua 1928tik olinpiar ikurra izan bada ere, zuziaren ibilbidea 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoetan sartu zen, Alemaniako gobernuak bere ideologia nazionalsozialista sustatzeko egindako saiakera baten parte gisa.[32][33]

Herrialde anfitrioiaren ondare kulturala irudikatzen duen maskota olinpikoa, animalia edo giza irudi bat, 1968an sartu zen, hala ere, lehen maskota olinpikoa Waldi izan zen, 1972ko Municheko saltxitxa maskota bat. Maskota olinpikoak paper garrantzitsua jokatu du Jokoen nortasunaren sustapenean Mosku 1980tik, Misha hartz errusiarrak nazioarteko ospea lortu zuenetik. Londresko 2012ko maskotak, Wenlock eta Mandeville, "Olinpiar estadioa osatu zuten altzairu tantetatik" sortu ziren[34].

Zeremoniak aldatu

Irekiera aldatu

Karta Olinpikoan xedatutakoaren arabera, hainbat elementuk osatzen dute Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia. Elementu horietako gehienak 1920ko Anberesko Olinpiar Jokoetan ezarri ziren[35][36]. Zeremonia, Jokoak egiten diren herrialdeko bandera altxatzearekin hasi ohi da, baita ereserki nazionalaren aurkezpenarekin ere. Geroago, herrialde horretako kulturaren musika, kantu, dantza, antzerki eta abarren adierazpen artistikoak aurkezten dira[37]. Aurkezpen artistikoak tamainan eta konplexutasunean hazi dira egoitzek beren aurrekoak baino gehiago irauten duen zeremonia bat eskaini nahi izan duten heinean. Pekingo 2008ko irekiera ekitaldia 100 milioi dolar kostatu zen, segmentu artistikoan gastatutako aurrekontuaren zati handi batekin[38].

 
2012ko Udako Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldia, Londres.

Zeremoniaren zati artistikoaren ondoren, atletek desfilea egiten dute, herrialdeka bilduta, Estadio Olinpikoan. Greziakoa da, tradizionalki, estadiora sartzen lehena, Olinpiar Jokoen jatorriari ohore egiteko asmoz. Berehala, parte hartzen duten nazioak alfabetikoki sartzen dira estadiora, edizio horren egoitzan hitz egiten den hizkuntzaren arabera, herrialde anfitrioiaren kontingentea da sartzen azkena. 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan, bandera greziarra sartu zen lehenik estadiora, baina, hala ere, Greziako ordezkaritza azkena sartu zen. Diskurtsoek formalki ematen dute Jokoen irekiera. Azkenik, zuzi olinpikoa estadiora sartu eta pebetero olinpikoa pizten da[35].

Itxiera aldatu

 
2012ko Udako Olinpiar Jokoetako itxiera zeremonia, Londres

Olinpiar Jokoen amaiera ekitaldia kirol ekitaldi guztiak amaitu ondoren izaten da. Parte hartzen duten herrialde bakoitzeko banderadunak sartzen dira estadiora, eta ondoren, inolako bereizketa nazionalik gabe elkarrekin sartzen diren atleta guztiak. Hiru bandera, dagozkien ereserki nazionalak erreproduzitzen diren bitartean igotzen dira: egoitzako bandera, Greziako bandera eta Olinpiar Jokoen hurrengo edizioko egoitzako bandera[39]. Batzorde Antolatzaileko presidenteak eta NOBko presidenteak diskurtsoak egiten dituzte. Tradizioz, NOBko presidenteak Jokoak itxita deklaratzen ditu eta "munduko gazteriari" hurrengo egoitzan lau urte beranduago elkartzera deitzen dio[40]. Itxiera zeremonian zuzi opinpikoa itzaltzen da pebeteroan. Anberesko Zeremonia bezala ezagutzen denari dagokionez, Olinpiar Jokoak antolatu zituen hiriko alkateak bandera berezi bat transferitzen dio NOBko presidenteari, honek, ondoren, hurrengo hiri anfitrioiko alkateari ematen dio. Jarraian, hurrengo egoitzak bere kulturaren erakustaldi artistiko adierazgarriak sartzen ditu[41].

Sari zeremonia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Olinpiar Joko guztietako domina taula»

Ekitaldi olinpiko bakoitzaren ondoren egiten da sariketa zeremonia bat. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako irabazleak hiru mailako podiumera igotzen dira, eta bertan ematen dizkiete dominak. Dominak NOBko kide batek eman ondoren, hiru dominadunen bandera nazionalak igotzen dira, urrezko dominaren irabazlearen ereserki nazionala entzuten den bitartean[42].

Eztabaidak aldatu

Boikotak aldatu

 
Olinpiar Jokoak boikoteatu dituzten herrialdeak

1896an Olinpiar Joko modernoak sortu zirenetik, soilik Grezia, Australia, Frantzia eta Erresuma Batuako kontingenteak agertu dira edizio guztietan. Nahiz eta herrialde batzuek ez duten parte hartzerik lortzen sailkatutako atletak falta direlako, edo NOBean afiliatuta ez daudelako, batzuek, hainbat arrazoirengatik, Jokoak boikotatzea aukeratzen dute. Irlandako Olinpiar Kontseiluak 1936ko Berlin boikotatu zuen, NOBk bere kontingenteak Irlandako Estatu Librearekin bat egin behar zuela azpimarratu baitzuen, Irlanda uharte osoa bakar batean ordezkatzeko[43].

Hainbat herrialdek 1956ko Melbourneko Olinpiar Jokoak boikotatu zituzten: Herbehereek, Espainiak eta Suitzak uko egin zioten joateari 1956ko Hungariako iraultzaren errepresio sobietarra argudiatuta. Bestalde, Kanbodiak, Egiptok, Irakek eta Libanok Sinaiko Gerraren ondorioz boikota egin zuten; Txinak (Txinako Herri Errepublika) gauza bera egin zuen, Taiwani (Txinako Errepublika) lehiatzeko aukera eman zitzaiolako[44].

1976an, Afrikako 24 herrialdek Montrealgo Jokoak protesta moduan boikotatu zituzten, Zeelanda Berria kanporatzea eskatu baitzuten, arrakastarik gabe, Hegoafrikako taldeen aurka errugbi partidak egiteagatik, euren politika arrazistengatik baztertua izan zena[45][46]. Euren mehatxua betez, Afrikako herrialdeek Guyana eta Irak batu zituzten Tanzaniak zuzendutako erretiroan[47]. Taiwanek ere Jokoak boikotatzea erabaki zuen, Txinako Herri Errepublikak Txinako Errepublikaren izenaren inguruan Batzorde Antolatzaileari egindako presioaren ondorioz. Txinako Errepublikak Taiwango bandera eta ereserkia erabiltzea ahalbidetuko zion proposamen bat baztertu zuen, betiere parte hartuko zuen izena aldatuko bazen. Taiwanek ez zuen berriro Olinpiar Jokoetan parte hartu 1984ra arte, Txina Taipei izenarekin eta bandera eta ereserki berezi batekin itzuli zenean[48][49].

1980an eta 1984an, Gerra Hotzaren aurkariek boikot handiak egin zituzten. 65 herrialdek uko egin zioten 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetan lehiatzeari. Boikot horrek 81 herrialdetara murriztu zuen parte-hartzaileen kopurua, 1956tik izandako kopururik txikiena[50]. Sobietar Batasunak eta Ekialdeko blokeko 14 aliatuk (Errumania izan ezik) hurrengo edizioa boikotatu zuten: 1984ko Los Angelesko Olinpiar Jokoak, euren atleten segurtasuna bermatu ezin zutela argudiatuz.

Politika aldatu

 
Jesse Owens 1936ko Udako Olinpiar Jokoetan

Olinpiar Jokoak ideologiak sustatzeko plataforma gisa erabili izan dira. Alemania naziak Alderdi Nazional Sozialista onbera eta bakearen maitale bezala erretratatu nahi izan zuen, Berlin 1936ko Jokoen egoitza izan zenean, nagusitasuna erakusteko erabili zituzten arren. Alemania izan zen herrialde arrakastatsuena edizio horretan, eta horrek asko egin zuen aria nagusitasunaren bere alegazioak babesteko, baina Jesse Owens bezalako afroamerikarren garaipen nabarmenek, urrezko lau domina irabazi zituena, eta Ibolya Csák hungariarra bezalako juduek, mezua zapuztu zuten[51].

1928tik aurrera sobietarrek nazioarteko kirol ekitaldi bat antolatu zuten, Eskribaua izenekoa. 1920 eta 1930eko gerren arteko aldian, hainbat herrialdetako erakunde komunista eta sozialistak "burgesen olinpiadak" deitu zutena indargabetzen saiatu ziren, Langile olinpiadak sortuz. 1952ko Helsinkiko Olinpiar Jokoetan, Sobietar Batasunak lehen aldiz parte hartu zuen Olinpiar Joko batzuetan.[52]

 
Tommie Smith eta John Carlos 1968ko Udako Joko Olinpikoetan, Botere Beltzaren agurra egiten

Melbournen 1956an Alemania Federalak eta Ekialdeko Alemaniak bandera berarekin parte hartu zuten irekiera ekitaldian, baina bakoitza bere aldetik lehiatu ziren.

Australiako berrogeialdiko eta animalien babeserako legeen ondorioz, Melbournen 1956an zaldi-kirolak Stockholmen egin behar izan ziren, Olinpiar Jokoak bi herrialde ezberdinetan (bi kontinente ezberdinetan) egiten diren lehen aldia izanik.

Banaka ere politika sustatzea bilatu izan da. Mexikon, 1968an, bi atleta estatubatuarrek, Tommie Smithek eta John Carlosek, 200 metrokoan lehen eta hirugarren, Botere Beltzaren agurra egin zuten sariketa ekitaldian. Bigarren lekuan, Peter Norman australiarrak onartu zuen Giza Eskubideetarako Olinpiar Proiektuaren intsignia eramateko gonbidapena, Smith eta Carlosi laguntzeko. Protestari erantzunez, Avery Brundage NOBko presidenteak bi aukera eman zizkion Estatu Batuetako Olinpiar Batzordeari: bi atletak etxera bidaltzea edo atletismo talde osoa erretiratzea. Erakundeak Smith eta Carlos erretiratzea erabaki zuen[53].

Sydney 2000n eta Atenas 2004an, Ipar eta Hego Koreak bandera bakarrarekin desfilatu zuten bi edizioen irekiera ekitaldietan. Hala ere, bi herrialdeak bakoitza bere aldetik lehiatu ziren.

Arrazakeria aldatu

Gaur egun NOBk Olinpiar Jokoetan arrazakeriaren agerpen posibleak debekatzen dituen arren, hauek ez ziren arrotzak izan zenbait ediziotan, herrialde ezberdinetatik edo hauen atletetatik.

San Luis 1904an, kirolaren historian orban arrazistarik handiena izan zena gauzatu zen; arrazismoa Olinpiar Jokoetan agertzen zen lehen aldia ere izan zen[54]. Edizio honetan arraza ezberdinetako kirolariek parte hartu zuten, eta arraza beltzeko kirolariek Olinpiar Jokoetan parte hartzen zuten lehen aldia ere bazen. George Poage atleta estatubatuarra domin olinpiko bat irabazi zuen lehen kirolari beltza bilakatu zen. Hala ere, joko horietan arrazismoak benetan eragin zuena, paraleloki egin ziren "egun Antropologikoak" izan ziren, eta, berez, Olinpiar Jokoen parodia bat izan ziren, beste arraza batzuen aurrean nagusitasun zuria erakusteko[55].

1936ko Berlinen, zenbait mito eta kondairatan, Adolf Hitler arrazaren nagusitasuna frogatzeko jokoak erabiltzen saiatu zela uste da. Esaten denez, Hitlerrek uko egin zion Jesse Owensi (urrezko domina irabazi zuena) eskua emateari, arraza beltzekoa izateagatik, eta Owensen beraren arabera, Alemaniako gobernuaren aldetik idatzizko zoriona soilik jaso zuen. Joko horiek nazientzat umiliazioa izan zirela ere esaten da, kirolari beltz askok urrezko dominak irabaztea lortu zutelako; baina, egia esan, Alemania izan zen domina gehien irabazi zituena, eta horrekin gustura agertu omen zen Hitler[56]. Halaber, Gretel Bergmann atleta, jokoak hasi baino hilabete lehenago altuera jauzian marka nazionala berdindu arren, Alemaniako taldetik kanpo utzi zuten, judua izateagatik[57].

Hegoafrikak Olinpiar Jokoetan debutatu zuen 1908an eta normaltasun osoz parte hartu zuen hurrengo edizioetan, 1960ra arte. Hala ere, Hegoafrikan apartheid politika zegoenez, arraza beltzeko pertsonak erabat diskriminatzen zituena, NOBk Hegoafrika modu iraunkorrean Olinpiar Jokoetatik kanporatzea erabaki zuen bere politika aldatzen ez zuen bitartean. Hegoafrikak, azkenik, 1990ean apartheid politika desagerrarazi zuenean, berriro Olinpiar Jokoetan parte hartzeko baimena eman zitzaion; eta horrela, 1992an, Bartzelonan, Hegoafrikak berriz ere Olinpiar Jokoen edizio batean parte hartu zuen.

Gatazkak aldatu

 
Municheko Parke Olinpikoan atentatuan hil zirenei dedikaturiko memoriala

Gaur egun arte munduko bi gerrek gelditu dituzte Olinpiar Joko Garaikideak. Aurrena Lehen Mundu Gerra izan zen, gerra honek 1916ko Berlingo Olinpiar Jokoak bertan behera uztera behartu zuen. Beste guda Bigarren Mundu Gerra izan zen. Gerrate honek 1940ko Tokiokoak eta 1944ko Londreskoak bertan behera uztera behartu zuen.

Terrorismoak ere hainbat Olinpiar Jokori eragin die, tartean, Munich 1972ri. Udako Olinpiar Jokoak Munichen egin zirenean, Israelgo olinpiar taldeko hamaika kide bahitu zituen Irail Beltza talde palestinarrak. Gaur egun Municheko sarraskia bezala ezagutzen den honetan, terroristek bi atleta bahitu eta gutxira hil zituzten, eta gainerakoak askapen saiakera huts baten ondoren hil zituzten. Alemaniako poliziako ofizial bat eta 5 terrorista ere hil ziren. Avery Brundage NOBko presidenteak uko egin zion Jokoak eteteari, eta sarraskia gertatu eta 34 ordura, esaldi polemiko batekin ekin zien berriro: "Jokoek jarraitu egin behar dute"[58][59][60].

Atlantan, 1996an, bonba bat leherrarazi zuten Centennial Olympic Parken, eta bi pertsona hil eta 111 zauritu ziren. Eric Rudolph terrorista estatubatuarra izan zen atentatuaren egilea, eta gaur egun biziarteko zigorra betetzen ari da[61]. Gatazka hauek, beste batzuen artean, Olinpiar Jokoetako segurtasuna indartzea eragin dute.

Dopina aldatu

XX. mendean, olinpiar atleta asko drogak erabiltzen hasi ziren euren trebetasun atletikoak hobetzeko eta areagotzeko. San Luis 1904an, Thomas Hicksi, maratoian urrezko domina lortu zuena, bere entrenatzaileak estriknina eman zion[62]. 1908an, Dorando Pietri italiar atletak estriknina injektatu zuen errendimendua hobetzeko eta hau erabiltzeagatik eta deskalifikatua izan zen[63][64]. Dopinak eragindako eta Olinpiar Jokoekin lotutako heriotza bakarra 1960an gertatu zen, Knud Jensen Enemark txirrindulari daniarra bere bizikletatik erori zen, eta handik denbora batera hil zen. Auzitegiko ikerketa batek anfetaminen arrastoak aurkitu zituen bere gorputzean. 1960ko hamarkadaren erdialdean, kirol federazioak errendimendua hobetzen zuten drogen erabilera debekatzen hasi ziren; 1967an, NOBek gauza bera egin zuen[65].

Dopin proba batean positibo eman zuen lehen atleta olinpikoa Hans-Gunnar Liljenwall izan zen, 1968an Mexikon alkoholagatik positibo eman zuen suediar atleta bat. Ben Johnson (100 metroak irabazi zituen) atleta kanadarraren dopina izan zen publizitaterik handiena izan zuena Seulen 1988an. Johnsonek positibo eman zuen estanozolagatik eta urrezko domina kendu zioten.[66][67]

1990 amaieran, NOBk dopinaren aurkako borroka antolatuago batean hartu zuen ekimena, 1999an Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia eratuz. 2000ko eta 2002ko Sydneyko Olinpiar Jokoetan dopin proba positiboek gorakada handia izan zuten. Halterofiliako eta sakoneko eskiko hainbat medailista dopinagatik deskalifikatu zituzten. 2006ko neguko Olinpiar Jokoetan, atleta batek bakarrik eman zuen positibo dopin azterketa batean[68]. NOBk sortutako dopinaren aurkako proben erregimenak mundu mailako erreferentzia-puntu bat ezarri du, eta mundu osoko beste kirol-federazio batzuk hori emulatzen saiatzen ari dira. 2008ko Pekingo Jokoetan, NOBk 3667 atleta ebaluatu zituzten, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren babespean. Gernu eta odol probak egin zituzten, debekatutako substantziak atzemateko. Hainbat atleta baztertu zituen Olinpiar Batzorde Nazionalak Jokoen aurreko lehietatik; soilik hiru atletak eman zuten positibo dopin probetan[69].

Sexismoa aldatu

 
Charlotte Cooper, Olinpiar Jokoetan lehen urrezko domina irabazi zuen emakumea

Emakumea 1900ean agertu zen lehen aldiz Joko Olinpikoetan, Parisen, baina 1992ko Bartzelonarako oraindik 35 herrialdek soilik gizonezkoekin parte hartzen zuten. Kopuru hau azkar murriztu zen ondorengo urteetan. 2000. urtean, Bareinek bi emakume bidali zituen lehen aldiz Olinpiar Jokoetara: Fatema Hameed Gerashi eta Mariam Mohamed Hadi Al Hilli[70]. 2004an, Robina Muqimyar eta Rezayee Fariba Afganistanek Olinpiar Jokoetan zuen ordezkaritzako lehen emakumeak bihurtu ziren[71]. 2008an, Arabiar Emirerri Batuek emakumezko atletak, Maitha Al Maktoum eta Latifa Al Maktoum bidali zituzten lehen aldiz olinpiadetara, biak Dubaiko gobernadorearen senitartekoak[72].

2010 urterako hiru herrialdek bakarrik ez zuten emakumezko atletarik bidali Jokoetara: Brunei, Saudi Arabia eta Qatar. Urte horretan bertan, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jakinarazi zien herrialde horiei 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan emakumeen parte-hartzea ahalbidetu eta erraztu behar zutela; bestela, baztertuak izango ziren beren jarrera aldatu arte. Anita DeFrantz NOBko Emakumearen eta Kirolaren Batzordeko presidenteak iradoki zuen herrialde horiei Olinpiar Jokoetan parte hartzea ukatu behar zitzaiela, emakumeen parte-hartzea galarazten bazuten. Handik gutxira, Qatarreko Olinpiar Batzordeak Londresera "lau tiro eta esgrima atleta bidaltzeko itxaropena" zuela iragarri zuen[73].

2012ko Olinpiar Jokoak izan ziren parte hartu zuten herrialde guztiek euren talde olinpikoan emakumeak sartu zituzten lehenak[74]. Saudi Arabiak bi emakume sartu zituen Sarah Attar eta Wojdan Shahrkhani[75]; Qatarrek lau sartu zituen: Noor Hussain Al-Malki, Bahiya al-Hamad, Nada Wafa Arkaji eta Aya Majdi; Bruneik Maziah Mahusin[76], emakume bat sartu zuen. Qatarrek, gainera, Bahiya al-Hamadi aukeratu zuen bandera eramateko Londreseko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian[75].

1968an Mexikon Enriqueta Basilio atleta mexikarra izan zen zuzi olinpikoa bere ibilbidean zehar eraman zuen lehen emakumea, eta sugar olinpikoarekin pebetero olinpikoa piztu zuen lehen emakumea ere izan zen.

Olinpiar Jokoen Egoitzak aldatu

 
Udako Olinpiar Jokoetako egoitzak, 2020ra arte.

Olinpiar Jokoen egoitza den hiria ospakizuna baino zazpi urte lehenago aukeratu ohi dute[77]. Hautaketa-prozesua bi fasetan egiten da, eta fase horiek bi urteko aldia hartzen dute. Hautagaitzaren bila dabilen hiriak bere Batzorde Olinpiko Nazionalari eskatzen dio hautagaitza, baina herrialde bereko hiri batek baino gehiagok bere hautagaitza aurkezten badu, honek, eskuarki, barne hautaketa prozesu bat du, bere aldeko hiri bakar bat aurkeztu baitaiteke Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren ebaluaziora. Proposamenak aurkezteko epea amaitzen denean, lehenengo fasea (eskaera) eskatu zuten hiri hautagaiek Olinpiar Jokoen antolaketarekin lotutako funtsezko hainbat irizpideri buruzko galdetegia aplikatzen zaie[78].

Horrela, gutun olinpikoa eta NOBko Batzorde Betearazleak ezarritako gainerako arauak beteko dituztela bermatu behar dute eskatzaileek[77]. Erantzundako galdetegien ebaluazioa NOBko talde espezializatu batek egiten du. Galdetegiek eskatzaile bakoitzaren proiektuen ikuspegi orokorra eta Jokoak hartzeko potentziala eskaintzen dute. Ebaluazio tekniko hori oinarri hartuta, NOBko Batzorde Betearazleak hautagaitza fasera igaroko diren hautagaiak aukeratzen ditu. Hiri hautagaiak hautatutakoan, beren proiektuaren aurkezpen handiagoa eta zehatzagoa egin beharko dute, hautagaitza-espediente baten zati gisa. Hiri bakoitza ebaluazio-batzorde batek aztertzen du[78].

Batzorde horrek hiri hautagaiak ere bisitatuko ditu, tokiko funtzionarioak elkarrizketatuz eta instalazio potentzialak ikuskatuz, eta, azkenik, ondorioei buruzko txosten bat aurkeztuko du NOBren azken erabakia hartu baino hilabete lehenago. Elkarrizketa prozesuak iraun bitartean, hiri hautagaiak ere bermatu behar du Jokoak finantzatzeko gai izango dela. Batzorde ebaluatzailearen lanaren ondoren, hautagaien zerrenda NOBren bilkura orokorrean aurkezten da, eta hiri hautagairik ez duen herrialde batean bildu behar da. Bileran bildutako NOBko kideek egoitza hiri bat aukeratu behar dute. Behin hiria aukeratuta, hiri horretako hautagaitza-batzordeak (dagokion herrialdeko hautagaiarekin batera) Egoitza Hiriaren Kontratu bat sinatzen NOBkin, ofizialki Olinpiar Jokoen egoitza bihurtuz[77][78].

Udakoak aldatu

Negukoak aldatu

Hasiera batean, Neguko Olinpiar Jokoetako oraingo kiroletako batzuk, izotz gaineko hockeya eta patinaje artistikoa kasu, Udako Olinpiar Jokoetako kirol bezala hasi ziren agertzen. Baina, halako batean, izotzetan eta elurretan egiten ziren kirolentzako Olinpiar Joko propioak sortu ziren. Horrela Neguko Olinpiar Jokoak 1924tik 1992ra Udako Olinpiar Jokoen urte berean ospatzen ziren, baina, 1992ko jokoen ondoren, Udako Olinpiar Jokoen bi edizioren artean sartzea erabaki zen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Olympic Games | History, Locations, & Winners» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).
  2. Olympia Charter. .
  3. a b The Olympic Games in Antiquity. .
  4. «olinpiko - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-10-08).
  5. «Antzinako Greziaren handitasuna» Argia 2002-12-21 (Noiz kontsultatua: 2019-10-08).
  6. (Ingelesez) Crowther, Nigel B.. (2007). The Ancient Olympic Games. Sport in Ancient Times. Greenwood Publishing Group. ISBN 978-0-275-98739-8...
  7. a b c d Young, David C.. (2008). A Brief History of the Olympic Games. John Wiley & Sons ISBN 978-0-4707-7775-6..
  8. «SI.com - Rugby School motivated founder of Games - Wednesday July 7, 2004 9:41PM» web.archive.org 2012-11-03 (Noiz kontsultatua: 2019-10-08).
  9. (Ingelesez) «I Olympic Congress - Paris 1894» International Olympic Committee 2019-09-06 (Noiz kontsultatua: 2019-10-08).
  10. (Ingelesez) «Official Report 1896 page 1» digital.la84.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-08).
  11. (Ingelesez) «Modern Olympics - Athens 1896 First Modern Olympic Games» International Olympic Committee 2019-10-08 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  12. (Ingelesez) «1896 Athina Summer Games» Olympics at Sports-Reference.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  13. «Olympics History - 2008 Summer Olympics - Beijing, China - ESPN» proxy.espn.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).[Betiko hautsitako esteka]
  14. «Vancouver Now - 1906 Olympics mark 10th anniversary of the Olympic revival» web.archive.org 2012-01-11 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  15. (Ingelesez) «Paris 1924 Summer Olympics - results & video highlights» International Olympic Committee 2019-07-31 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  16. «INTERNATIONAL OLYMPIC COMMITTEE - OLYMPIC GAMES» web.archive.org 2008-08-02 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  17. (Ingelesez) History of the Paralympics. 2008-09-04 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  18. «History of the Paralympic Games - Canada 2010» web.archive.org 2010-03-12 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  19. «IPC-IOC Co-operation» web.archive.org 2012-05-19 (Noiz kontsultatua: 2019-10-09).
  20. a b (Ingelesez) «Who we are» International Olympic Committee 2019-10-04 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  21. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  22. «For the good of the athletes - The Official Website of the Beijing 2008 Olympic Games» web.archive.org 2013-01-15 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  23. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  24. (Ingelesez) «Organising Committees for the Olympic Games» International Olympic Committee 2018-12-20 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  25. «Wrestling - The Official Website of the Beijing 2008 Olympic Games» web.archive.org 2012-09-22 (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  26. a b (Ingelesez) «Sports | List of Summer and Winter Olympic Sports» International Olympic Committee 2019-01-29 (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  27. «INTERNATIONAL OLYMPIC COMMITTEE - SPORTS» web.archive.org 2008-12-18 (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  28. (Ingelesez) «International Sports Federations (IFs) with Olympic Recognition» International Olympic Committee 2018-12-20 (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  29. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  30. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  31. (Ingelesez) «Golf, rugby approved for future Olympic Games» ESPN.com 2009-10-09 (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  32. a b «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  33. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  34. «Wenlock and Mandeville unveiled as mascots for 2012 London Olympics» Mail Online 2010-05-19 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  35. a b «Wayback Machine» web.archive.org 2011-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  36. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  37. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  38. «Vancouver Now - Beijing dazzles: Chinese history, athletes on parade as Olympics begin» web.archive.org 2012-01-18 (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  39. (Ingelesez) Closing ceremony. .
  40. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  41. «The Olympic Flags and Emblem - Feature Stories - Vancouver 2010» web.archive.org 2008-09-20 (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  42. «Symbols and traditions» usatoday30.usatoday.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).
  43. (Ingelesez) Krüger, Anrd; Murray, William. (2010-10-01). The Nazi Olympics: Sport, Politics, and Appeasement in the 1930s. University of Illinois Press ISBN 9780252091643. (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  44. (Ingelesez) «Melbourne / Stockholm 1956 Summer Olympics - results & video highlights» International Olympic Committee 2019-04-11 (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  45. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2008-08-17). «Reportaje | Comaneci vuela sobre el boicot» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  46. «Juegos Olímpicos ::: elmundodeporte.com» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  47. «African nations boycott costly Montreal Games - CBC Sports» web.archive.org 2012-08-15 (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  48. «CONTENTdm» digital.la84.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  49. «China : China - Olympic History» web.archive.org 2008-05-31 (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  50. (Ingelesez) «Moscow 1980 Summer Olympics - results & video highlights» International Olympic Committee 2018-07-19 (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  51. (Ingelesez) Findling, John E.; Pelle, Kimberly D.. (2004). Encyclopedia of the Modern Olympic Movement. Greenwood Publishing Group ISBN 9780313322785. (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  52. (Ingelesez) Roche, Maurice. (2000). Mega-events and Modernity: Olympics and Expos in the Growth of Global Culture. Routledge ISBN 9780415157117. (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  53. (Ingelesez) 1968: Black athletes make silent protest. 1968-10-17 (Noiz kontsultatua: 2019-10-17).
  54. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2012-07-16). «Los Juegos Olímpicos descubren el racismo en San Luis 1904» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  55. (Gaztelaniaz) Leal, Tolo. (2013-12-05). «La mayor afrenta racista en la historia del deporte» Libertad Digital (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  56. «Adolf Hitler, Jesse Owens and the Olympics Myth of 1936 | History News Network» historynewsnetwork.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  57. (Ingelesez) Sandomir, Richard. (2004-07-07). «TV SPORTS; 'Hitler's Pawn' on HBO: An Olympic Betrayal» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  58. (Ingelesez) Cosgrove, Ben. «Terror at the Olympics: Munich, 1972» Time (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  59. «Discovery Latinoamérica» www.tudiscovery.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  60. «The New York Times: This Day In Sports» archive.nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  61. «CNN - Olympic Park bombing - July 1996» web.archive.org 2012-11-08 (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
  62. (Ingelesez) «Tom Hicks Bio, Stats, and Results» Olympics at Sports-Reference.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  63. (Gaztelaniaz) Tiempo, Casa Editorial El. (2016-08-18). «Esta es la sustancia que le quitó el bronce al pesista de Kirguistán» El Tiempo (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  64. (Gaztelaniaz) Quién fue… Dorando Pietri. (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  65. (Ingelesez) «Who We Are» World Anti-Doping Agency 2013-11-14 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  66. (Gaztelaniaz) «Ser positivo, los casos de doping más recordados de los Juegos» ESPNdeportes.com 2012-03-28 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  67. (Ingelesez) «Dopina Olinpiar Jokoetan» Raco.
  68. Coile, Zachary; Bureau, Chronicle Washington. (2005-04-27). «Bill seeks to toughen drug testing in pro sports / Olympic standard for steroids would apply, including lifetime ban for second offense» SFGate (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  69. «Doping: 3667 athletes tested, IOC seeks action against Halkia's coach - Express India» web.archive.org 2012-09-19 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  70. «CNNSI.com - Olympic Sports - SI For Women's Kelli Anderson: Arab women break through at Games - Saturday September 23, 2000 09:18 AM» web.archive.org 2012-10-22 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  71. (Ingelesez) Afghan women's Olympic dream. 2004-06-22 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  72. «Should Saudi Arabia be Banned from the Olympics?» HuffPost 2008-08-06 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  73. «Qatar decision to send female athletes to London 2012 increases pressure on Saudi Arabia» www.insidethegames.biz 1277940962 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  74. «Saudis to send 2 women to London, make history - 2012 Olympics - SI.com» web.archive.org 2013-06-27 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  75. a b (Ingelesez) Saudi women to compete in Games. 2012-07-12 (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  76. «Las atletas de Catar y Brunei orgullosas de estar en Londres» www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).
  77. a b c «Wayback Machine» web.archive.org 2011-07-23 (Noiz kontsultatua: 2019-10-23).
  78. a b c (Ingelesez) «IOC» International Olympic Committee 2016-09-27 (Noiz kontsultatua: 2019-10-23).
  79. Lartzanguren, Edu. «Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratzea erabaki dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).
  80. Manterola, Jon Ander De La Hoz-Aitor. «Olinpiar Jokoak ikuslerik gabe egitea erabaki dute antolatzaileek» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-09).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu