Energia berriztagarri

Iturri berriztagarrietatik sortzen den energia mota da

Energia berriztagarria iturri berriztagarrietatik sortzen den energia mota da. Energia berriztagarriak asko dira, eta horien artetik gizakiarentzat garrantzitsuenak hauek dira: eguzki-energia, haizea, euria, itsasaldiak eta bero geotermikoa. Iturri berriztagarri horiek, gizakiaren denboraren eskalan agortezinak dira. Ingurumenaren degradazioa, garapen-bidean dauden herrialdeen eta herrialde garatuen arteko desoreka energetikoa eta erregaien aniztasuna, energia berriztagarrien garapena bultzatu duten faktoreak dira.

Energia berriztagarrietatik argindarra lortzeko sistemak, material ez berriztagarriz eginak.

Historian, energia berriztagarri horiei etekina ateratzeko, gizakiak sistema berriztagarriak erabili izan ditu, gehienbat zurez eta harriz eginak: haize errotak, ur errotak eta abar. Gaur egun energia berriztagarrietatik argindarra lortzeko erabiltzen diren sistemak, ordea, ez dira berriztagarriak. Beraz, nahiz eta argindarra lortzeko erregai fosilak darabiltzaten sistemak baino kutsadura txikiagoa sortzen duten, kutsagarriak dira energia berriztagarriak darabiltzaten sistema modernoak. Izan ere, sistema horiek fabrikatzeko, garraiatzeko, beharrezko azpiegiturak eraikitzeko, mantentze lanak egiteko, eta bizitza baliagarriaren bukaeran desegiteko, erregai fosil ugari erabili behar izaten da. Gainera, berriztagarriak ez diren material kutsagarriz eginak dira: altzairuz, aluminioz, plastikoz, zementuz, kobrez, lur arraroz...

Energia alternatiboak

aldatu

Energia iturri alternatibo bat da gaur egungo energia iturri nagusia diren erregai fosilak ordezkatu ahal dituen energia bat, erregai fosil horiek baino kutsadura efektu txikiagoa duena.

Energia kontsumoa gizarte bateko aurrerapena eta ongizatea neurtzeko modu egokiena da. Krisi energetikoaren kontzeptua gizarte bat hornitzeko erabiltzen dituen energia iturriak agortzen direnean agertzen da. Hori dela eta gaur egungoa bezalakoa den jarraibide ekonomikoak energia eskaeran hazkundea exijitzen du erregai fosilak eta nuklearrak bukagarriak direlako. Horregatik ezinbestekoa da noizbait eskaera amaitzea eta energia eskaera hornitua ezin izatea eta sistema guztia geldiaraztea, energia metodo berriak asmatzen ez badituzte. Metodo berri hauek energia alternatiboak izango lirateke.

Halaber gaur egungo zenbait energiaren gehiegizko erabilerak, hala nola petrolioa eta ikatza, kutsadura, berotegi-efektuaren hazkundea eta ozono geruzako zuloaren hazkuntza bezalako arazoak sortzen dituzte.

Energia alternatiboaren eta ohikoaren arteko eztabaida ez da bakarrik energien sailkapen bat, mende honetan ezinbestez gertatu beharko den aldaketa baizik. Egia da energia alternatiboak ere, berriztagarriak izan arren, bukagarriak direla, beste edozein baliabidek bezala esplotazio muga maximoa duelako. Beraz, energia berri hauetara aldatzeko prozesua mailaz maila eta poliki egiten dugun arren, ez dute gaur egungo eredu ekonomikoarekin jarraitzea onartuko. Horrek guztiak, garapen iraunkorraren kontzeptua sortzen du.

Garapen iraunkorraren kontzeptuak hurrengo ideiak ditu oinarri:

  • Energia iturri berriztagarrien erabilpena, XXI. mende hau aurrera joan ahala energia fosilaren iturriak agortuko direlako.
  • Energia iturrien esplotazio hedakorra, alternatibatzat autokontsumoaren fenomenoa proposatuz, ahal den neurrian energia elektrikoaren banaketaren azpiegitura handien eraikuntzak alde batera utziz.
  • Eskaera energetikoa gutxitzea, zenbait gailu elektrikoren (etxeko tresna elektrikoak, bonbillak...) efizientzia hobetuz.
  • Premia gabeko energia kontsumoa murriztea. Ez da bakarrik eraginkorragoa den modu batean kontsumitzea gutxiago kontsumitzea baizik, hau da, energia aurrezteko eta zarrastelkeria baztertzeko, kontzientzia eta kultura bat garatzea.

Energia garbien, alternatiboen eta berriztagarrien produkzioa ez da ingurunea hobetzeko saiakera edo kultura bat, baizik eta gizakiak betetzera behartuta egongo den behar bat gure iritzia, nahiak eta sinismenak alde batera utzita.

Eguzki-energia

aldatu
 
Eguzki-energia.

Eguzki-energia iturri agorrezina da, non energia erradiazio elektromagnetiko moduan bidaltzen duen lurrera. Erradiazio hori behar bezala jasoz gero, energia termiko zein elektrikoa eskuratu daiteke, bakoitzari dagokion teknologia erabiliz; eguzki kolektoreak eta panel fotovoltaikoak hurrenez hurren.

Eguzki-erradiazioan zuzeneko erradiazioa eta erradiazio barreiatua bereizten dira. Zuzeneko erradiazioaren kasuan, izenak dioen bezala, zuzenean iristen da izpia panelera, islapenik edo tarteko errefrakziorik gabe. Erradiazio barreiatuaren kasuan, eguzki izpiak hodeietan eta gainerako elementu atmosferiko desberdinetan islatu eta errefrakzio fenomenoak gertatzen dira.

Bi erradiazio motek alde onak eta txarrak dituzte: zuzenekoaren kasuan, erradiazioa gehiago kontzentratu ohi izaten da, gehiago aprobetxatuz, baina norabide bakar batean lortu ahal izaten da. Horretarako errezeptoreak erabiltzen dira, non eguzkiaren norabidea jarraitzen duten zuzeneko erradiazio hori etengabe lortzeko.

Barreiatuaren edo lausoaren kasuan aldiz, erradiazio hori ez da hainbeste kontzentratzen, baina norabide guztietatik lortu ahal izaten da energia lortzeko behar izaten den erradiazio hori.

Eguzki-energiaren abantaila garrantzitsuetako bat kontsumo-leku berean energia sortzeko aukera ematen duenarena da. Hala, sorkuntza banatuko sistemak sor ditzakegu, eta, horietan, garraioarekin lotutako galerak ia erabat ezabatuko lirateke, gaur egun %40 izatera iristen direlarik.

Energia eolikoa

aldatu
 
Oizeko parke eolikoa.

Energia eolikoa haize-indarra erabiltzean lortzen den energia da, aire-korronteek sortutako energia zinetikoa baliatuz. Korronte hauek, aire masak abiadura proportzionalekin (presio gradientea)  presio altuko eremuetatik presio baxuko eremuetara desplazatzean sortzen dira. Hortaz, energia eolikoa eguzki energiarekin zuzenki lotuta dagoela esan dezakegu, izan ere, atmosferako  presio aldaketak eguzki-erradiazioren xurgapenak eragiten ditu.

Energia baliabide hau antzinatik erabili izan da belaz bultzatutako itsasontziak edo errotak funtzionarazteko. Egun, haizearen energia zinetikoa energia elektriko bihurtzen duten turbina eolikoak mugiarazteko erabili ohi da.  

Energia garbia eta merkea denez, pil-pilean dagoen energia mota da. Mota honen barnean hedatuena eta hazkunde handiena duena elektrizitatea ekoizteko parke eolikoena da. Parke eolikoa elektrikoki konektatutako aerosorgailu-multzoa da.

Aerosorgailuak makina birakariak dira, eta hiru hegal izaten dituzte, 20-25 metrokoak, ardatz bati lotuak. Ardatz horri lotuta errotore bat dago haize energiaz elikatzen dena. Azken honek, sorgailu elektriko bat aktibatzen du, errotazioaren energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen duena.

Aerosorgailu horiek 40-50 metroko altuera izaten dute, lekuaren orografiaren arabera, baina altuagoak ere izan daitezke. Hona hemen,  iritzi publikoaren ikuspuntu estetikotik arazo handienetako bat.

Horrez gain, hauen funtzionamendu naturalak gauzatzen duen zarata eta hegaztiei egiten dien kaltea aipatzekoa arazoak izan daitezke.

Bestalde, energia elektrikoa sortzeko haizea erabiltzeak gas-emisioak murrizten ditu, eta hortaz, berotze globala gutxitzeko ezinbesteko aukera dela esan daiteke.

 
Presa hidroelektrikoa.

Ur-jauzietan metatutako energia potentziala energia elektriko bihurtu daiteke. Zentral hidroelektrikoek ibaien energia aprobetxatzen dute sorgailu elektriko bat mugitzen duten turbinak martxan jartzeko. Espainian, kontsumitzen den elektrizitatearen %15a energia hidraulikoaren bidez lortutako energiarekin asetzen da.

Energia berriztagarrien baliabide garrantzitsuenetako bat instalazio hidroelektrikoetatik datorrena da. Energia-iturri garbia eta bertakoa da, baina, horretarako, behar diren azpiegiturak eraiki behar dira, potentzial erabilgarria erregairik gabe aprobetxatzeko. Energia-mota horren arazoa eguraldiaren araberakoa dela da.

Biomasa

aldatu

Eguzki-energiatik abiatutako landare-fotosintesiaren bizitzan oinarritzen da, non honek, aldi berean kate biologiko bat gauzatzen duen. Fotosintesiaren bitartez, klorofila duten landareek  energia-baliorik gabeko produktu mineralen karbono dioxidoa eta ura energia-eduki handiko material organiko bihurtzen dituzte, eta, aldi berean, beste izaki bizidun batzuen elikagai dira. Beraz, prozesu hauen bitartez, biomasak epe laburreko eguzki energia karbono eran metatzen du. Fotosintesi prozesuan gordetako energia hori, geroago energia termiko eta elektrikoan bihurtu daiteke,  eta biltegiratutako karbono dioxidoa berriz askatzen da.

Energia geotermikoa

aldatu

Geotermiko hitza grekotik dator; geo hitzak "lurra" esan nahi du, eta thermos hitzak, berriz "beroa", hots, "lurraren beroa". Energia geotermikoa lurraren barneko beroaz baliatuta lortzen den energia da. Lurraren energia geotermikoa planetaren jatorrizko eraketatik eta mineralen deskonposizio erradioaktibotik dator. Gradiente geotermikoak, hau da, planetaren nukleoaren eta haren azaleraren artean dagoen tenperatura-diferentziak, energia termikoa etengabe eroatea bultzatzen du bero moduan.

20ºC eta 150ºC bitarteko tenperaturak eraikinak berotzeko erabil daitezke, baina 150ºC-tik gorakoak energia elektrikoa eskuratzeko erabiltzen dira, turbina elektrikoak birarazteko behar den lurrun egoeran baitago barneko materia.

Hainbat erabilera dituzte, adibidez, etxea modu naturalean berotzea, hara iristen den beroaz bertako ura eta baita berogailuak, alegia.

Itsas energia

aldatu

Itsas energia itsasoko uhinez, itsasaldiez, gazitasunaz eta ozeanoko tenperatura aldaketez baliatuz lortzen den energia berriztagarria da. Ozeanoetako etengabeko ur mugimenduak energia zinetiko ugari sortzen du, eta energia mota hori etxeak asetzeko, industriarako edo garraiorako erabiltzen den energia elektriko bilaka daiteke, elektrizitatea sortuz.

Ozeanoek energia kantitate izugarria dute, eta energia berriztagarri berri ugari emateko ahalmena du mundu osoan.

Egun, Ipar Koreako Sihwa Lake Tidal Power Station itsas energia lortzen duen instalazio handiena da: 254 MW-ko potentzia erabilgarria lortzeko ahalmena du.

Euskal Herriko egoerari dagokienez, gehien erabiltzen den itsas energia olatu-energia da, olatu handiak eta ugariak egoten baitira. Mutrikun dago instalazio handiena, 300 KW-ko potentzia erabilgarria lortzeko gai dena.

Energia ez berriztagarria

aldatu
 
Ikatza
Sakontzeko, irakurri: «Energia ez berriztagarri»

Energia ez berriztagarria energia berriztagarriaren guztiz kontrakoa da: naturan kopuru finkoan dauden energia iturriak dira. Gainera, agortzen direnean, ez daitezke ordezka, horretarako ekoizpen sistema baliagarririk ez dagoelako.

Bi mota bereizten dira:

Bilakaera historikoa

aldatu

Energia berriztagarriak izan dira gizakiak milaka urtean erabilitako energia mota bakarra. Bela nabigazioa, haize edo ur errotak eta eguzki-energia aprobetxatzeko sortu diren eraikuntza espezifikoak horren adibide dira.

James Watten lurrun-makinaren asmakuntzarekin, energia aprobetxatzeko baliabide hauek alde batera utzi ziren denboran ezegonkorrak eta alditsuak kontsideratzeagatik. Hori dela eta, motore termikoak eta elektrikoak gehiago erabiltzen hasi ziren. Denbora horietan, kontsumo txikia zegoenez, ez zen pentsatu ere egin energia iturri horiek agortu edo ingurumen arazoak sortu ahal zituztela.

1970eko hamarkadaren inguruan, energia berriztagarriak energia tradizionaletarako alternatiba bat kontsideratu ziren, erregai fosilak ez bezala ( milioi urte behar dituztela sortzeko) energia berriztagarriak baliagarritasun handia zutelako eta ingurugiroan eragin txikiagoa zutelako. Hori guztia dela eta, energia berriztagarriak, energia alternatiboaren izena hartu zuten. Gaur egun hauetako energia asko errealitate bat dira eta ez alternatiba bat, beraz energia alternatiboen izena ez zen erabili beharko.

Energia berriztagarrien erabilera gaur egun

aldatu
 
Kurobe zentral hidroelektrikoa (Japonia)

Mundu osoan, elektrizitatearen sorreraren % 20 energia berriztagarrien bidez lortzen da, horretatik % 90 energia hidraulikoaren bitartez. Beste energia guztien erabilera nahiko baztertuta dago:biomasa % 5,5, energia geotermikoa % 1,5, energia-eolikoa % 0,5 eta eguzki-energia % 0,05.

Gizarte industrial mendebaldarraren behar energetikoen % 80 industrian, berokuntzan, eraikuntzen klimatizazioan eta garraioetan ( kotxeak, trenak eta hegazkinak) erabiltzen dira. Aitzitik, energia berriztagarriaren erabilera handiena elektrizitate produkzioan oinarritzen da.

Espainian energia berriztagarriak produkzio elektrikoaren % 19,8ren arduradunak izan dira azken urteetan eta energia berriztagarriak erabiliz sortutako elektrizitatea aurreko urtean energia nuklearrarekin sortutako kantitatea gainditu zuen. Espainiako Energia Komisio Nazionalaren arabera, azken urteetan energia berriztagarrien urteroko salmenta 10 aldiz baino gehiago biderkatu da Espainian eta horrekin batera haren prezioak % 11 murriztu dira.

Energia produkzioa

aldatu

Greenpeacek aurkeztutako txosten baten bidez, energia berriztagarrien % 100eko ekoizpena teknikoki bideragarria eta ekonomikoki jasangarria dela baieztu egin zen. Hori dela eta, erakunde ekologistaren arabera, Espainian energia zikinak alde batera uzteko falta den gauza bakarra borondate politikoa da. Hori lortzeko eraginkortasun energetikoa lortu behar da, hau da, alferrikako kontsumoa bertan behera uztea.

Beste alde batetik, zenbait utility garrantzitsutako zuzendarien % 64ren arabera, 2018an teknologia garbiak, eskurakorrak eta berriztagarriak existituko dira. Horrek sektore handienak pentsaera aldatzera behartuko ditu.

Bereziki eguzki-energiaren alorrean, teknologien garapenagatik ez ezik konpromiso politiko garbietatik ere energia berdeen produkzioa handitzen doa. Hala, Espainiako Industria, Turismo eta Komertzio ministerioak aurreikusi du energia berriztagarriak gaur egungo 32.512 MW-etatik 83.330 MW-etara iritsiko direla 2030ean, energia elektrikoaren kontsumoa % 41era handituko baita. Kantitate hori lortzeko, lehenengo 2010ean energia berriztagarrien, energia elektrikoaren, eskaera % 12 handitzea eta 2020an % 20era heltzea espero da.

Energia berriztagarriak gaur egun

aldatu

Mundu-mailako elektrizitate kontsumoaren % 20 dira, hauen % 90 hidraulikoa izanik. Gainerako % 5,5 biomasa, % 1,5 geotermikoa, % 0,5 eolikoa eta beste % 0,5 eguzki-energia. Espainian, berriztagarriek % 19,8 irudikatzen dute eta 2007an nuklearra garaitu zuten. Estatu Batuetan, 2011n, energia berriztagarrien ekoizpenak nuklearra lehen aldiz gainditu zuen, herrialdeko energiaren % 11,7 sortu baitzuen: % 48 bioerregaietatik zetorren, % 35, zentral hidroelektrikoetatik eta gainerako % 16, eolikoa, geotermikoa eta eguzki-energia zen.

Ingurumen-inpaktua

aldatu

Energia-iturri guztiek eragiten dute nolabaiteko ingurumen-inpaktua, eta iturri berriztagarriak ez dira salbuespena.

Biomasa eta bioerregaien kasuan mugatua da  CO2-emisioak murrizten laguntzeko duten gaitasuna, hauek erretzerakoan (hauen errekuntzan)  aire kutsakorreko isurpen handiak baitaude. Egia da landatutako landareen hazkundeak emisio kaltegarriak birxurgatuko dituela, baina azpimarratu behar da, halaber, landatzeko moduko lurra behar dela, eta horrek lehia dakarrela elikagaien hornidurarekin eta, beraz, hauen prezioaren eraginarekin. Gainera, biomasak eta bioerregaiek ur kantitate handiak behar dituzte.

Bestalde, beste mota batzuetako iturri berriztagarriek, hala nola energia eolikoa, fotovoltaikoa eta hidraulikoa, aurreko iturriak ez bezala CO2 emisioak murriztera lagun dezakete, eta gainera, hauen erabilerak ez du ur kontsumorik suposatuko.

Baina honek ez du esan nahi horiek inolako eraginik ez dutenik, sarritan, energia berriztagarrietan oinarritutako zentralak erregai fosilen zentralak baino askoz handiagoak direnez, natura zaintzeko babestutako lur eremuak erabili behar izaten dira zentral hauek eraikitzeko, eta energia berriztagarri mota desberdinak ahalik eta gehien ustiatzeko.

Haize energian oinarritzen diren aerosorgailuen kasuan, ikusmen inpaktua eragiten dute paisaian, maiztasun txikiko zarata ere ateratzen dute, eta hegaztientzako tranpa bilaka daitezke.

Energia hidraulikoaren kasuan, energia lortzeko erabiltzen diren zentralak hainbat arazo larriren eragile dira, hala nola: biodibertsitatearen galera, kendu behar izandako landare-materiaren ondoriozko metanoaren sorrera, bereziki klima epeletan eta beroetan sorrarazten diren sukar horia eta eskistosomiasia bezalako pandemiak eragitea eta kultura- edo paisaia-ondareko eremuak urez betetzea.

Eguzki energia aprobetxatzean datzan fotovoltaikoaren erabilera da kalte gutxien eragiten dituenetariko bat, energia horrek sorkuntza banatua ahalbidetzen baitu, sarera konektatzeko prestatutako instalazio handietan sortutako elektrizitate fotovoltaikoa eta termoelektrikoa izan ezik, oro har, eremu handia hartzen baitute.

Ezin genezake ahaztu aerosorgailu, bateria eta panel fotovoltaiko hauen fabrikazioan lur arraroen elementu ugarien beharra izaten dela, meatzaritza lanak areagotuz, eta hortaz, ingurumenerako zein gizarterako arazotzat hartzen da.

Gainera, eguzki-panelen ugaritasunak  gainazalaren albedoa aldarazten du, non berotze globalarekin guztiz erlazionatuta dagoen.

Beste energia iturri batzuek ere inpaktu nabarmena izan dezakete, adibidez, energia geotermikoaren prozesuetan metal astunak eta berotegi-efektuko gasak gainazaleratu daitezke.

Azken urteotan indarra hartu duen beste energia mota bat itsas energia da. Olatuen zein  itsaslasterren energiak eragin txikia izan ohi dute ingurumenean, orokorki, kostalde malkarrean egoten baitira. Hasierako kostu handiak eta ingurumenean duen eragin bortitza direla eta mareomotrizeren garapena bertan behera geratu da.

Eztabaida

aldatu

Energia-iturri berriztagarriek lur-eremuko duten energia-dentsitatea, energia fosil edo nuklearrak dutenarekin konparatuta nabarmenki txikiagoa da. Energia berriztagarriko zentralek milaka hektarea okupatzeko joera dute, eta, ondorioz, ingurumen-kezkak eta gizartearen aurkako mugimenduak  eragiten dituzte, bereziki populazio-dentsitate handiko herrialdeetan. Are gehiago, lur okupazio arazo hau eztabaidan dago zentralak ingurumen-garrantzia duten eremuetan eraikitzen ari direlako, eta honezkero, mundu osoko landare- eta animalia-espezieen habitatak mehatxatzen dabiltza.

Eguzki-energiako instalazioak gauzatzeko beharrezkoa den lur eremua dela eta lehian daude  landu daitekeen lur-erreserbekin. Lurrean instalatutako parke eolikoak, kezka estetikoa sortzeaz gain, hauek egiten duten zarata eztabaidan dago. Izan ere, azken arazo honek gizakiari eta basa-bizitzari kalte egiten dio.

Energia eolikoa eta eguzki-energia bezalako iturrietatik abiatutako energia sistemen ekoizpen ekarpena aldakorra da, eguraldiaren araberako energia motak baitira, eta, horrenbestez, ahalmen-faktore txikia dute. Sistema hauen aldizkakotasuna dela eta, nahitaezkoa gertatzen zaie energia metatze biltegi baten laguntza izatea, edo bestela, aldizkakotasun arazorik ez duten energia-iturriak eskuragarri izatea, esaterako, energia hidroelektrikoa, biomasa errausketa edo energia nuklearra.

Badago nolabaiteko eztabaida errausketa (biomasaren energiaren barruan) eta energia hidraulikoa (eskala handian) energia berde gisa kontsideratzearen inguruan, sortzen dituzten ingurumen-inpaktuengatik, energia berriztagarriak izan arren.

Energia nuklearraren kasuan baita, eztabaidagai da energia garbitzat duen estatusa. Izan ere, berotegi efektuko gas-emisioen tasarik apalenetako bat duen arren, hondakin nuklearrak sortzen ditu eta hauen ezabapen metodoen inguruan badago liskarra ere. Dena den, gaur egungo "hondakin" definizioaren arabera, ezin genezake garbitzat jo.

Energia berriztagarrien abantailak nabarmenak diren arren, iritzi publikoan ere eztabaida sortu dute. Alde batetik, Greenpeace  talde ekologistak biomasak ingurumenean izan dezakeen eraginari buruz hitz egin du, eta baita sektore berri horretan askok ikusi duten negozioari buruz ere. Kolektibo horrek, beste elkarte ekologista batzuekin batera, parke eolikoen eragina begi txarrez ikusten dute, nahiz eta hauen intzidentzia negatiboa iturri ez-berriztagarriena baino txikiagoa izan. Horretarako, haize sorgailuak itsasoan instalatzea proposatu dute, ingurua ez kutsatzeko eta bide batez energia gehiago lortzeko (oztoporik egon ezean ez dago galerarik). Hala ere, beste sektore batzuek mota horretako aukerak baztertu dituzte, batez ere enpresek, kostu ekonomiko altuak suposatzen dituztelako. Ekologisten arabera, energia-enpresek monopolioa eskuratzea beste helbururik ez dute, eta enpresaburuen iritziz aldiz, erabiltzaileen onurarako energiarengatik ordaindu beharreko prezioa txikiagoa da energia berriztagarrietatik eskuratutakoa denean.

Energia berriztagarriak ustiatzeko erabiltzen diren sistemen abantailak eta desabantailak

aldatu

Energia berriztagarriak ustiatzeko gaur egun erabiltzen diren sistemek badituzte alde onak eta txarrak. Hauek dira energia berriztagarriek komunean dituzten hainbat ezaugarri.

  • Energia lortzeko sistema tradizionalek baino kalte txikiagoa eragiten diote ingurumenari. Hala ere, erregai fosil ugari behar dira energia berriztagarrien sistema modernoak fabrikatzeko, garraiatzeko, beharrezko azpiegiturak eraikitzeko, mantentze lanak egiteko, eta bizitza baliagarriaren bukaeran desegiteko. Gainera, sistema hauek kutsagarriak diren material ez berriztagarriz eginak dira: zementuz, altzairuz, aluminioz, plastikoz, kobrez, lur arraroz...[1]
  • Sistema hauek instalatzeko oso inbertsio handiak egin behar dira.
  • Energia berriztagarriak oso ugariak dira, baina energia kontzentrazio txikia dute; beraz, energia horiek ustiatzeko sistema handiak egin behar dira.
  • Baliabide naturalen ustiaketa dakarte.
  • Erabili ahala inoiz agortuko ez diren energiak dira; baina energia horiek ustiatzeko erabiltzen diren sistema modernoen materialak bai, agortuko dira edo agortzear daude.

Energia ekologikoagoak

aldatu

Energia-iturri berriztagarriak, erregai fosilekin konparatuz, oso desberdinak dira, oparoagoak eta anitzagoak direlako. Eguzkiak, energia iturri hauek (eguzki-erradiazioa, haizea, euria...), 4 milioi urtetan zehar hornituko dituela uste da. Energia-iturri berriztagarriak darabiltzaten sistemen lehenengo abantaila da, erregaiz dabiltzanekin alderatuz, gas kutsagarri gutxiago sortzen dutela. Iturri berriztagarri gehienek karbono dioxido gutxiago igortzen dute: sistema horiek eratzean, mantentzean eta bukaeran desegitean sortutakoak soilik.

Bestalde, energia berriztagarriek arazo ekologiko bereziak sortzen dituzte. Adibidez, aerosorgailuak arriskutsuak dira hegaztientzat, haien aspak oso azkar biratzen direlako; eta, sorgailu horiek mendi gailurretan jartzen direnez, bide eta azpiegitura handiak behar dituzte mendian, natura ingurumena hondatuz. Zentral hidroelektrikoek zenbait arrainen migrazioa kaltetzen dute, mundu osoko ibai askotan; horren ondorioz, Ozeano Barean itsasoratzen diren Ipar Amerikako ipar-mendebaldeko ibaietan bizi diren izokinen populazioa izugarri jaitsi zen.

Izaera lausoa

aldatu

Izaera lausoa energia berriztagarriek daukaten nahitaezko arazo bat da. Energia geotermikoa da honen salbuespena, lurrazala mehea den lekuetan soilik delako eskuragarri, iturri beroak eta geiserrak adibidez.

Energia berriztagarrien iturri batzuek energia intentsitate txikia sortzen dutenez, beharrezkoa izaten da “zentralak” sortzea iturri erabilgarrietan bihurtzeko. Europako etxe baten jabeak panel fotovoltaikoen 8 metro karratu instalatu beharko lituzke 1000 kWh elektrizitatea lortzeko (herrialde Europarren urteko per capita kontsumoa) panel horiek 12,5%-ko batez besteko errendimendu energetikoa daukatela suposatuz.

Haatik, 4 metro karratuko energia termikoaren biltzaile batekin, etxe batek behar duen ur bero sanitarioaren zati handia lortu dezake. Hala ere, aldibereko aprobetxamendua dela medio, solairuka antolatutako eraikinek etekin berdinak lor ditzakete biltzaile gainazal txikiago batekin eta, are garrantzitsuagoa dena, askoz ere inbertsioa txikiagoaz eraikin bakoitzean.

Biomasa

aldatu

Biomasa sortzerakoan, karbono dioxidoa atmosferatik ezabatzen da eta oxigenoa askatzen da. Hala ere, biomasa erretzerakoan biomasako karbonoa atmosferako oxigenoarekin konbinatzen da, berriz karbono dioxidoa atmosferara igorriz. Alde batetik, teorikoki, zikloa amaitzen denean ez da karbono dioxidorik igortzen, errekuntzarekin sortutako igorpenak sortutako biomasa berrian geratzen baitira. Beste alde batetik, praktikoki, kontuan hartu behar da ereinaldian, bilketan eta eraldaketan energia kutsagarria erabiltzen dela. Hori dela eta, balantzea negatiboa da, energia berriztagarriak ustiatzeko gainerako sistema guztietan bezala.

Bestalde, biomasa ere ez da guztiz agortezina, berriztagarria izan arren. Une zehatz batzuetan soilik erabil daiteke. Beraz, iturri hau ez da gai gaur egun munduan nagusi den zibilizazioak behar dituen energia behar itzelak asetzeko. Hartara, zerealen prezioa ikaragarri igo da zerealak bioerregaien sorkuntzarako erabiltzen direnetik. Gainera, bioerregai guztiek fosil baliokideak baino karbono dioxido gehiago sortzen dute karbono unitate bakoitzeko.

Energia geotermikoa

aldatu

Energia geotermikoak, geografikoki oso mugatuta egoteaz gain, gai kutsagarri batzuk ateratzen ditu. Izan ere, lur azpitik tenperatura handietan ura ateratzeaz batera, han dauden gatzak eta mineral toxikoak ere ateratzen dira. Zentral geotermiko nagusiena Toskanan dago, Italian, Pisa hiriaren ondoan, eta Larderelloko Zentral Geotermikoa du izena. Zentral horrek, inpaktu bisual handia sortzen du, haran baten erdian kokatuta dagoelako eta zentralera doazen metro bat diametroko hodi guztiak handik igarotzen direlako.

Integrazioa, ingurunean

aldatu
 
Sorgailu eolikoak

Energia berriztagarrien akats nabari bat ingurunean sortzen duten inpaktu bisuala da. Paisaian, sorgailu eolikoek estetika hondatzen dute; eta handik hirietara nahiz fabriketara argindarra garraiatzeko eta sorgailuen mantentze lanak egiteko ere, azpiegitura handiak behar dira (errepideak, kableak...).

Arazo estetikoak saihesten saiatzearren, hainbat saiakera egiten dira, bereziki eguzki energia ustiatzen duten sistemetan: eguzki-panelak autobideetan zarata saihesteko erabiltzen diren barreretan kokatu, teilatuetan eguzki energia hartzeko sistemak jarri, leihoak tindatzeko zelula fotovoltaikoak erabili...

Irregulartasuna eta aniztasun geografikoa

aldatu

Energia elektrikoaren produkzio iraunkorra elikatze iturri eta biltegiratze bide (bonba erabiliz biltegiratzen diren sistema hidraulikoak, bateriak, hidrogeno erregaien pilak…) fidagarriak behar ditu. Honela, energiaren biltegiratze prezio garestia dela eta, sistema autonomo txiki bat arraroki izaten da ekonomikoa, energia sareari konektatzea prezio handiagoak suposatzen dituenean.

Beste alde batetik, baliabideen aniztasun geografikoa ere bizia da. Zenbait herrialdek beste batzuek baino baliabide hobeak dituzte, bereziki energia berriztagarriaren arloan. Herrialde batzuek bizileku nagusien ondoan baliabide anitz dituzte, elektrizitate eskaera oso handia baita. Baliabide horien eskala handiko erabilpena inbertsio esanguratsuak behar ditu, banaketa eta transformazio sare nagusietan. Eta noski, norberaren ekoizpenean ere bai.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Valero Delgado, Alicia. «Límites minerales de la transición energética» El Topo 2019-10-07 (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu