Nafarroako armarria ikur heraldiko bat da, mendeetan zehar Nafarroaren eta Nafarroako Erresumaren ikur nagusia izan dena. 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoak (NFEBHLO), ondokoa adierazten du 7.1 artikuluan:

Nafarroako Foru Erkidegoko armarri ofiziala, 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoaren arabera.
« Nafarroako armarria, hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez da, katemailaz osaturiko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela eta ororen gainean, berriz, Errege koroa, Nafarroako antzinako Erresumaren sinboloa.[1] »


Egun Nafarroako Foru Erkidegoko armarri nagusia da. Euskal Herriko armarrian agertzen da, baita Espainiako armarrian ere eta Nafarroarekin harremana izan duten hainbat lurralde eta herrien armarrietan ere.

Historia

aldatu

Nafarroako armarriaren jatorri ikonografikoa Tibalt I. Nafarroako erregearen zigilu batean dago, zeinean karbunko bat agertzen zen, puntu zentral bat duen ikurra, inguruetara zabaltzen dena luzakin batzuekin.

 
Lizarrako Mikel Deunaren elizako atarian Mikel goiaingerua ikus daiteke Deabrua hiltzen, Bere eskuan, karbunkoa duen ezkutua darama. Ataria XII. mendekoa omen da.[2]

XIII. mendean, jatorrian zortzi besoko gurutzea zen armarriak kate bihurtzeko eboluzioari ekin zion. Tibalt I.aren garaian, erdigunetik izpi itxuran garatzen ziren hagatxo lauz osatua zegoen, gerora inguruko hagatxoekin topo egiten zutenak. Tibalt II.arekin iltze-buruz edo biribiltxoz apaindua agertu ziren hagatxook, tarte bakoitzean bat baino gehiagorekin. Erdialdea, ordea, era askotan apaintzen zen, hala nola iltze-buru arrunt batez edo lis-lore batez, Tuterako katedralan agertzen den bezala. Batzuetan eraztunez eta lauhostoz apaintzen ziren. Baina antolaketa hauek guztiak ez zuten errubi edo esmeraldarik gogora ekartzen, ezta ere hagatxoen iltze-buruek katebegirik.

XIV. mendean zehar, iltze-buruen edo biribiltxoen kopurua txikitu zen. Inguruko hagatxoekiko lotuneetakoek eta tarteko bat edo bi baino ez zuten iraun. Karlos III.aren garaian, Ororbiako koruaren aurrealdean (eta Orendaingo koruko gangan) agertu ziren lehen aldiz katebegiak gogora ekartzen dituzten hagatxoen zabaltzeak. Hala ere, Erdi Aro guztian zehar, nagusi den ikurra iltze-buru ugariko hagatxoak dira.

XVI. mendetik aurrera, kate itxurako diseinua orokortzen hasi zen, katebegi biribildu edo eliptikoekin, edo laukiantzekoekin, Orreagan eta Iratxekoak bezalakoak. Baina aurreko itxura ez da guztiz bertan behera uzten. Nafarroako Armategiaren Liburuko marrazkilariek, adibidez, ohiko itxura nahiago izan zuten[3].

Nafarroako armarriaren garapena
Nafarroako armarriari, zortzi hagatxoz osatutakoa jatorrian, biribiltxoak gehitu zitzaizkion eta itxi egin zen. Denborarekin, katetzat hartu ziren[4].


Kolore gorria, bestalde, lotua ageri Nafarroako banderarekin 1512ko testu batean, Nafarroaren konkistaren unean, hain zuzen. Correa gaztelar konkistatzaileen kronikariak dioenez, aurrean topatu zituzten nafarrek zerrenda urreztako bandera gorri bat zeramaten, Frantzia, Alemania eta Nafarroaren alde oihuka, gaztelarrek "Gaztela" eta "Espainia" aipatzen zituzten bitartean.[5]

Erregearen armarria Erresumaren armarri bihurtu zen, eta era desberdinetan irudikatu zen (kate, barra edo esferatxoekin) 1910era arte, urte hartan Foru Diputazioak armarriaren irudi ofiziala izanen zena onartu baitzuen. 1931n, Espainiako Bigarren Errepublika eratu zenean, errege koroaren ordez gaztelu edo gotorleku baten antza zeukan koroa bat jarri zen armarriaren goialdeen, eta 1937an errege koroa berreskuratu zen Frankismoan. Urte berean San Fernandoren Gurutze Ereinozduna gehitu zitzaion armarri ofizialari, Franco diktadoreak kondekorazio hori eman baitzion Nafarroari 1936ko estatu-kolpeari lotzeagatik. Nafarroako Parlamentuak, 1981eko Arau batez, lehengo itxurarekin moldatu zuen armarria, eta handik hilabete batzuetara NFEBHLOk lege lerrunaz jantzi zuen.

Bilakaera estilistikoa

aldatu

Beste diseinuak

aldatu

Egungo arautzea

aldatu

24/2003 foru legean, apirilaren 4koa, Nafarroako sinboloei buruzkoa, 15. artikuluan, Nafarroako armarri ofizialaren erabilera publikoa arautzen da[6]:

Nafarroako armarria edo bere logotipoa, Nafarroako banderaren barrenean ez ezik, hauetan ere egonen da:
a) Foru Komunitateko erakundeetako agintarien langeletan eta egoitzetako bilera-geletan.
b) Foru Komunitateko erakundeen Ibigailuen Parkeko ibilgailuetan.
c) Foru Komunitateko erakundeen ordezkari diren agintariek luzatutako edozein diploma, ziurtagiri edo titulutan.
d) Foru Komunitateko erakundeetan ofizialki erabiltzen diren agiri, inprimaki, zigilu eta idazpuruetan.
e) Foru Komunitateko erakundeen argitalpen eta iragarki ofizialetan.
f) Foru Komunitateko erakundeen ordezkari diren agintariek erabiltzen dituzten adierazgarri ofizialetan.
g) Erabilera ofizialeko beste zenbait toki edo objektutan, haien esanahai (sic) edo adierazgarritasunagatik hala erabakitzen denean.
h) Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen kasuetan.

Erreferentziak

aldatu
  1. Nafarroako Sinboloak: Armarria, bandera eta ereserkia.
  2. (Gaztelaniaz) Martínez de Aguirre Aldaz, Javier. «San Miguel de Estella» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Universidad de Navarra) (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
  3. El Escudo de Armas de Navarra, 2. atala: Nafarroako ikurrari buruz, arranotik "kateetara". Faustino Menendez Pidal eta Javier Martínez de Agirre (2000, Nafarroako Gobernua, ISBN 84-235-2016-1)
  4. Nafarroako armarriaren historia eta eboluzioa
  5. Esparza, Jose Mari. (2017-05-18). Bandas, banderíos y bandera de Navarra. Naiz.
  6. 24/2003 foru legea, apirilaren 4koa Nafarroako Aldizkari Ofiziala

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu