Kareharri

arroka sedimentarioa
Kareharria
Laguntza:Arroka infotaula irakurtzeko eraMineral infotaula irakurtzeko era
Kareharria
Arroka sedimentarioa
Mineral garrantzitsuak Kaltzita
Aragonito

Kareharria ( kaltzio karbonatoa) karbonatatutako arroka sedimentario mota bat da, munduko kare-iturri nagusia. Kaltzita eta aragonito mineralez osatuta dago batez ere, CaCO3 konposatuaren forma kristalino desberdinak direnak. Mineral horiek disolbatutako kaltzioa duen uretatik prezipitatzen direnean sortzen da kareharria. Hori prozesu biologikoen eta ez-biologikoen bidez gerta daiteke, nahiz eta prozesu biologikoak, hala nola koralen eta maskorren metaketa itsasoan, ziurrenik garrantzitsuagoak izan diren azken 540 milioi urteetan[1][2]. Kareharriak fosilak izaten ditu, eta horiek ingurune zaharrei eta bizitzaren bilakaerari buruzko informazioa ematen diete zientzialariei[3].

Arroka sedimentarioen % 20 eta % 25 artean harri karbonatatuak dira, eta, gehienak, kareharriak[4]. Arroka karbonatatuaren gainerakoa dolomita da gehienbat, estu lotutako arroka bat, dolomita mineralaren ehuneko handi bat duena, CaMg(CO3)2. Kareharri magnesikoa termino zaharkitua eta gaizki definitua da, eta hainbat modutan erabiltzen da dolomitarako, dolomita kantitate esanguratsua duen kareharrirako (kareharri dolomitikoa) edo magnesio portzentaje esanguratsua duen beste edozein kareharritarako[5]. Kareharriaren zatirik handiena itsas ingurune ez oso sakonetan sortu zen, hala nola plataforma kontinentaletan, nahiz eta beste ingurune askotan kantitate txikiagoak sortu ziren. Dolomitaren zati handi bat bigarren mailako dolomita da, kareharriaren alterazio kimikoak osatua[6]. Kareharria lurrazaleko eskualde handietan dago ikusgai, eta, kareharria euri-uretan apur bat disolbagarria denez, esposizio horiek higatu egiten dira askotan, paisaia karstiko bihurtzeko. Haitzulo-sistema gehienak kareharrizko arroketan sortzen dira.Euskal Herriko mendi gehienak kareharriz osatuta daude.

Kareharriak erabilera ugari ditu: zementurako karea ekoizteko lehengai kimiko gisa (hormigoiaren funtsezko osagaia), errepideen oinarrirako agregatu gisa, pigmentu zuri gisa edo hortzetako pasta edo pinturak bezalako produktuetan betegarri gisa, lurzoruaren egokitzaile gisa eta arroka-lorategietarako apaingarri ezagun gisa. Kare-formazioek munduko petrolio-erreserben % 30 inguru dute.

KonposizioaAldatu

Oso arroka sendoa denez, arrakaletan hausten da, tolestu beharrean. Formula kimikoa CaCO3 du, eta magnesio ugari duenean, dolomia izena ematen zaio. Kareharriak, karbonatoaz gain harea badu, kareharri haretsu deitzen zaio; eta harearen ordez basa siliziklastotsua badu, berriz, tupa. CO2 bidez azidotutako ura kareharriaren zirrikituetatik sartzean, disolbatu egiten da, kaltzita likido bat emanez.

Kareharriak jatorri biologikoa du. Hain zuzen ere, duela 40 milioi urte inguruko kitinazko oskoldun animalia itsastarren sedimentuekin osatua da: errudistak, adibidez (galdutako molusku superfamilia bat). Gaur egungo kareharrietan errudista ugari ikus ditzakegu, Sarako leizeetan, esaterako.

SailkapenaAldatu

Folk sailkapenaAldatu

Kareharria osatzen duten partikulen pikor tamainaren arabera, 3 talde bereizten dira kareharrien barnean:

  • Kaltzierrudistak: Kareharri hori osatzen duten partikulak 2 mm baino handiagokoak dira, hau da, legar tamainakoak.
  • Kalkarenitak: Kasu honetan, partikulak 2 mm eta 63 μm artekoak dira, hots, harearen tamainakoak.
  • Kaltzilutitak edo Kareharri mikritatsuak: Kareharri horren partikulak 63 μm baino txikiagokoak dira, buztinren tamainakoak beraz.

Dunham klasifikazioaAldatu

 
Grainstone motako arroka sedimentarioa ripple markekin.

Irizpide gisa kareharriko partikulak aske dauden edo ez erabiltzen du:

Partikula askez osatuakAldatu

  • Kaltzierrudistak: partikulak 2 mm baino handiagoak dituena, legar tamainakoak.
    • Rudstone: partikulek elkar ukitzen badute.
    • Floatstone: partikulek mikritan flotatzen badute, hau da, ez badute elkar ukitzen.
  • Kalkarenita: 2 mm eta 0,064 mm arteko partikulak, harea tamainakoak.
    • Grainstone: partikulen artean zementua badago.
    • Packstone: partikulen artean mikrita badago.
    • Bi kasuetan, harea tamainako partikulak elkar ukitzen daude; tramak eutsitako ehundura dutela esaten da.
  • Kareharri mikritatsuak, partikulak 0,064 mm baino txikiagoak dituena; hots, basa tamainakoak.
    • Mudstone: sedimentua ia mikrita hutsez osatua bada.
    • Wackestone: mikrita ugaria izanik ere, larriagoak edo handiagoak diren partikulak baldin badaude.
    • Bi kasuetan, partikulak ez daude elkar ukitzen. Esaten da matrizeak eutsitako ehundura dutela.

Partikula itsatsiz osatuakAldatu

Bioeraikuntzak ere deituak; partikulak organikoki elkar itsatsita daudenean gertatzen da. Orokorrean, arroka hauei boundstone deritze.

  • Framestone: gorputz zurrunez osatua, adb., koralak.
  • Bindstone: izaki bizidunek sedimentuak haien oskolean itsatsi dituztenean (estromatolitoak); ez dute eraikuntza zurrunik sortzen.
  • Bufflestone: algei esker metatutako sedimentuak; izaki bizidunek bizi diren tokiko energia murrizten dute, hau da, sedimentuak uraren korrontetik babesten dituzte.

Gainera, arroka-izen horiek guztiak adjektibatu egin daitezke, zehaztasun gehiago emateko; adibidez packstone bioklastotsua, koral framestonea, belaki ramestonea.

ErabilerakAldatu

Aintzinatik erabili izan da arkitekturan. Honen erakusle dira besteak beste Gizako piramideak. Erdi Aroan eliza, katedral eta gazteluak eraiki ziren eta XIX eta XX mendeetan ere oso erabilia izan zen.

Kareharria zementua egiteko erabiltzen da eta ondorioz azpiegitura ugariak egiteko harrobi asko eraiki dira Euskal herriko herrietan. Karea eskuratzeko kareharria erre egiten da karobietan.

Beste erabilera batzuk ere baditu:

  • Hauts eran lurzoru azidoak neutralizatzeko erabiltzen da.
  • Petrolio erreserba ugari izaten ditu barnean, eta horrexen ustiaketa egiten da.
  • Beiragintzan ere erabiltzen da.
  • Hortzore, paper, plastiko, margo, teila eta abarrei kolore zuria emateko erabiltzen da.
  • Elikagaietan kaltzio aportea gehitzeko erabiltzen da, ondo purifikaturik dagoenean noski.
  • Uren alkalinotasuna gehitzeko erabiltzen da.
  • Botika eta kosmetikoen osagaia ere izan ohi da.

Ingurune karstikoaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Karst»

Arroka meteorizazio meanikoarekiko gogorra bada ere, meteorizazio kimikoa izan dezake, arrakalak baditu eta ur azidoarekin kontaktuan badago. Azido ahulak dituen urak, azido karbonikoa esate baterako, karea disolbatzen du eta zulo handiak eratzen ditu barnean. Paisaia karstikoa sorten da horrela, leize, osin eta aretoz jositako harkaitzak. Espeleotema ederrak ere eratzen dira, estalaktita eta estalagmitak bereziki.

Euskal Herrian oso ohikoak dira haitzuloak. Hona hemen ezagun batzuk:

IruditegiaAldatu


Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

  1. Boggs, Sam. (2006). Principles of sedimentology and stratigraphy. (4th ed. argitaraldia) Pearson Prentice Hall ISBN 0-13-154728-3. PMC 59011627. (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  2. Leong, Goh Cheng. (1995). Certificate physical and human geography. (Indian ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 0-19-562816-0. PMC 883868325. (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  3. Boggs, Sam. (2006). Principles of sedimentology and stratigraphy. (4th ed. argitaraldia) Pearson Prentice Hall ISBN 0-13-154728-3. PMC 59011627. (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  4. Blatt, Harvey. (1996). Petrology : igneous, sedimentary, and metamorphic.. (2nd ed.. argitaraldia) W.H. Freeman ISBN 0-7167-2438-3. PMC 32890797. (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  5. Glossary of geology.. (Fourth edition. argitaraldia) 1997 ISBN 0-922152-34-9. PMC 36746525. (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  6. Blatt, Harvey. (1980). Origin of sedimentary rocks. (2d ed. argitaraldia) Prentice-Hall ISBN 0-13-642710-3. PMC 5101480. (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).