Jokin Zaitegi

euskal idazlea

Jokin Zaitegi Plazaola (Arrasate, Gipuzkoa, 1906ko uztailaren 26a - Donostia, Gipuzkoa, 1979ko abuztuaren 17a) euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiza izan zen. Hainbat modutan sinatu zituen bere lanak: «Udalaizpe», «Artzai» eta «Zaitegi´tar Iokin».

Jokin Zaitegi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJokin Zaitegi Plazaola
JaiotzaArrasate1906ko uztailaren 26a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1979ko abuztuaren 17a (73 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta, itzultzailea, apaiz katolikoa eta idazlea
KidetzaEuskaltzaindia
MugimenduaEuskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Inguma: jokin-zaitegi-plazaola-1906-1979 Literaturaren Zubitegia: 239

Bizitza aldatu

Hamalau urterekin, Durangoko jesuiten etxean sartu zen. Geroago, Comillas, Loiola eta Oñan egin zituen ikasketak. Loiolan zela, ikaskide izan zituen Estepan Urkiaga "Lauaxeta", Plazido Mujika eta Andima Ibiñagabeitia. Hauek, beste apaizgai euskaltzale zenbaitekin batera, Euskal Elerti Bazkuna, euskal akademiatxoa, sortu zuten. Haien asmoa jesuita gazte euskaldunak euskaraz prestatzea zen, ordenatutakoan euskaraz lan egin zezaten. Lagundiko zenbait agintarik gaizki hartu zuten taldearen asmoa, eta saiatu ziren taldekideak sakabanatzen. Hori zela eta, 1929an lagundiak Venezuelako Méridara bidali zuen Jokin, irakasle.[1]

Venezuelan hiru urte igaro ostean, 1932an Marneffera (Belgika) joan zen Teologia ikastera. Bertan gogo berriz ekin zion euskaraz idazteari, eta 1934an Zarauzko Euskal Poesiaren V. Eguneko lehen saria irabazi zuen, Tori nire edontzia poemarekin[1]. 1935eko uztailaren 31n lehen meza eman zuen Marneffen, eta urtebete geroago Morialméra aldatu zen, Lagundiaren zehazkizunetan trebatzera.[2] Bi urte geroago, Espainiako Gerra Zibila hasia zela eta, Hego Amerikara bidali zuten, Panamara lehenik, eta San Salvadorrera gero. Hiri honetan irakaskuntzari lotu zitzaion, euskaraz idazteari utzi gabe; lan horien emaitza izan zen Bidalien Eginak itzulpena[2].

1944an, haren nagusiek euskal kulturaren inguruan zuten jarrera itxia zela eta, Jesusen Lagundia utzi, eta Guatemalara joan zen. Guatemalako Hirian San Carlos Unibertsitatean eta Amerikako Institutuan irakatsi zuen. 1950ean Euzko-Gogoa aldizkaria sortu zuen. Bertan oso itzulpen garrantzitsuak argitaratu ziren (Shakespeare, Zizeron, Virgilio, Kafka...) eta euskarazko agerkari garrantzitsuenetako bilakatu zen. Lankide nagusiak Orixe eta Andima Ibiñagabeitia izan zituen.[3]

1951n, Landibar lizeoa sortu zuen Guatemalan, horretarako El Salvador-ko Muyshdont de Langhe jaunarengandik jaso zuen dirua, Lizeoaren lehendabiziko gastuetarako.[4] Ondoren, Santa Monika egoitza sortu zuen ere, geroago Euskal Etxea izan zena.

1953an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. 1955ean Euskal Herrira itzuli zen, eta Biarritzen jarri zen bizitzen. Bertan Euskal Idazleen Etxea sortzen ahalegindu zen. 1956an I. Euskal Mundu Batzarrean parte hartu zuen, Parisen. 1956tik aurrera Biarritzen argitaratu zuen Euzko-Gogoa. Guatemalatik ekarritako hirurogei mila dolar euskal kulturaren aldeko enpresa horretan inbestitu zituen arren, 1960an, ekonomia zein banaketa arazoek jota, aldizkariaren ibilbidea amaitu zen.[3][1]

1962an Guatemalara itzuli zen eta besteak beste Cobanen aritu zen, Gerardi apezpikuarekin, latin eta antzinako greziera irakasten.[5]

Guatemalan bizi izan zen 1972 arte. Urte horretan, Euskal Herrira itzuli zen, Arrasatera hain zuzen ere. 1976an, Arrasatek seme kutun izendatu zuen; eta Euskaltzaindiak, ohorezko euskaltzain. Azken urteetan Oñatiko zahar etxean bizi izan zen, San Martin egoitzan. 1979an hil zen Donostian.

Lanak aldatu

Eragile eta euskararen bultzatzaile izateaz gain, bi eratako lanengatik ezagutzen da Zaitegi: literaturan egindako lanengatik eta itzulpenengatik.

Olerkiak aldatu

Bi olerki bilduma argitaratu zituen[6]

  • Goldaketan ("Pizkunde" Euskal-argitaratzallea; Mexiko'n D.F.: Bolibar irarkolan, 1946)[7][8]
  • Berriz ere goldaketan (La Hispania, Guatemala, 1962)[9]

Itzulpenak aldatu

Lanik handiena itzulpengintzan egin zuen, batez ere klasikoak euskaratzen.[6]

  • Kizkiña (1933),[10], aita Labururen Citologia lanaren itzulpena.
  • Sofoklesen Antigone (1933).
  • Henry Wadsworth Longfellowen Ebangeline (1945).[11]
  • Sopokelen Antzerkiak (1946-1958),[12] Sofoklesen obraren euskal bertsioa, bi liburukitan.
  • Bidalien egiñak (1955), Apostoluen Eginak, Itun Berriko liburuaren itzulpena.
  • Abere-indarra (1950), Jacinto Benaventeren La fuerza bruta lanaren euskal bertsioa.
  • Platon´eneko Atarian (1962), Platonen esanak eta gogoetak.
  • Euripidesen Medea (1963).
  • Platon I: Oturuntza, Protagora eta Menon (1975).
  • Platon II: Gorgia (1977).
  • Platon III: Eutifron eta Sokrateren apologia (1978).
  • Platon IV: Kriton eta Faidon (1978).
  • Platon V: Ipia Txikia eta Alkibiada (1979)

Aipamenak aldatu

  • Koldo Izagirre: «Zaitegiri zor diogu nolabaiteko hari bat luzatu izana gure literaturan gerraurretik hirurogeikadan lehertuko zen modernotasuneraino».[13]
  • Juan San Martin (1981): «Euskararen alde bere bizitza guzia eskaini zutenen artean ez da izango beste gizon bat Zaitegik haina eman duenik. Gizon kementsua, ekintza handi eta luzeak aurrera eramateko dohainez betea, bere osasuna eta ondasuna euskararen alde eman dituena. Batere zalantzarik gabe egin nezake aitorpen hau».[14]
  • Joan Mari Torrealdai: «Zaitegi euskaltzale amorratu bat izan da, bere izerdia eta dirua euskal gauzetan eman dituena. Bide irekitzaile izan zen Euzko-Gogoarekin: hemengo katakonbetako euskal idazleei irteera eman zien. Euskara eta kultura edo filosofia ezkontzen saiatu zen eten gabe. Hortxe dagoke Euzko-Gogoaren meriturik handienetakoa; eta horixe da baita bere itzultzaile lanaren arrakasta».[15]
  • Josemari Velez de Mendizabal idazle arrasatearrak “euskal kixotetzat” jo zuen bere herrikidea, hari eskainitako liburuan: Iokin Zaitegi (1981).[15]

Bibliografia aldatu

  • Garate, G. (2005): Lauaxeta menderik mende, Bilbo: Mendebalde Kultura Elkartea.
  • Ibiñagabeitia, A. (P. Urkizu ed.) (2000): Erbestetik barne-minez. Gutunak 1935-1967, Donostia: Susa.
  • Intxausti, J. (1979): "`Euzko-Gogoa´-ren lankideak: Zaitegi eta `Euzko-Gogoa´ (I)"], Jakin[Betiko hautsitako esteka], 12, 120-137.
  • Intxausti, J. (1980): "Hamar urteko lana (1950-1959): Zaitegi eta `Euzko-gogoa´ (eta II)" Jakin, 13, 96-113.
  • Intxausti, J. (1990): Euskara, euskaldunon hizkuntza, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • Orixe (P. Iztueta eta I. Iztueta prestatzaileak)(2006): Orixe. Gutunak (1917-1961), Donostia: Utriusque Vasconiae.
  • Iztueta, P. eta Iztueta, I. (prestatzaileak)(2007): Jokin Zaitegiri egindako gutunak, Donostia: Utriusque Vasconiae.
  • Sudupe, P. (2000): Iokin Zaitegi 1906-1979, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • Velez de Mendizabal, J.M. (1981): Iokin Zaitegi Arrasate: Arrasateko Udala.
  • Velez de Mendizabal, J. M. (2000): "Jokin Zaitegi, euskal literaturgilea: bizitza eta obra" Hegats, 20, 93-123.
  • Zaitegi, J. (P. Iztueta, P. eta I. Diaz prestatzaileak) (2007): Gutunak (1923-1973), Donostia: Utriusque Vasconiae.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Sudupe, Pako. Iokin Zaitegi 1906-1979. Bidegileak, Eusko Jaurlaritza, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2015-2-3).
  2. a b Velez de Mendizabal, Josemari. Iokin Zaitegi, bi belaunaldiaren arteko zubia. euskonews.com (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  3. a b Euzko-Gogoa. Ibiñagabeitia Proiektua, andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  4. VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari. (2006-12-01). «Iokin Zaitegi. Mendeurrena (1906-2006)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-09).
  5. (Gaztelaniaz) «Va por usted, monseñor Gerardi» Plaza Pública (Noiz kontsultatua: 2023-12-09).
  6. a b Onaindia, Santi. Jokin Zaitegi eta Plazaola. Euskal literatura VI, Etor, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  7. Zaitegi, Jokin. Goldaketan. liburuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  8. Datu honetaz zalantzak daude zeren eta liburuan bi data desberdinak agertzen baitira: inprimategiarena, 1946, eta, hitzaurrearena, 1947ko otsailak 7.
  9. Zaitegi, Jokin. Berriz ere goldaketan. La Hispania, Guatemala, armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  10. Zaitegi, Jokin. Kizkiña. RIEV, hedatuz.euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  11. Wadsworth Longfellow, Henry. Ebangeline. Itzultzailea: Jokin Zaitegi. Guatemala, "Hispania" Irarkolan, 1945, liburuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  12. Sopokel'en Antzerkiak: eladeratik euskeratuak. Itzultzailea: Jokin Zaitegi. Mexiko D. F.: "Pizkunde" Euskal argitaratzailea: Bolibar irarkolan, 1946, liburuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-8).
  13. Izagirre, Koldo. Jokin Zaitegi. XX. mendeko poesia kaierak, Susa, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-9).
  14. San Martin, Juan. Jokin Zaitegiren kemena (I). Bidez, gure herriko gauzak, Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2015-2-9).
  15. a b Velez de Mendizabal, Josemari. Iokin Zaitegi. Arrasateko Udala, euskonews.com (Noiz kontsultatua: 2015-2-9).

Kanpo loturak aldatu