Xabiertxo
- Artikulu hau euskarazko testuliburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Xabier (argipena)».
Xabiertxo (izenburu osoa: Xabiertxo: umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idatzia) irakurketarako euskal testuliburu bat da, Ixaka Lopez Mendizabal eskola-liburu egileak prestatua eta 1925ean lehen aldiz argitaratua. Azala eta barneko irudi guztiak Jon Zabalo Txiki marrazkilariak egin zituen. Eusebio Lopezen inprimategian egin zen, Tolosan.[1][2]
Xabiertxo | |
---|---|
![]() | |
Jatorria | |
Egilea(k) | Ixaka Lopez Mendizabal |
Argitaratze-data | 1925 |
Izenburua | Xabiertxo. Umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idatzia |
Ekoizpen lekua | Tolosa |
Ilustratzailea | Jon Zabalo |
Orrialdeak | 143 |
Ezaugarriak | |
Dimentsioak | 21 (![]() |
Genero artistikoa | Ikasliburua |
Hizkuntza | euskara |
Deskribapena | |
Honen parte da | Euskal Herriko historia 100 objektutan |
Garaiko eskola-liburu guztietan zabalkunde handia izan zuena izan zen 1960ko hamarkadara arte behin eta berriz argitaratua izan zen. 1959an bizkaierara moldatu zen Santi Onaindiaren eskutik. Kolorezko irudiz hornitua eta garai hartako euskarazko grafia erabiliz, baserrian girotutako liburua da eta Xabiertxo izeneko mutila du protagonista. Eskola-liburu abertzaletzat jo izan da eta morala, erlijiotasuna eta naturaren goraipamena ere nabarmentzen ditu.
Deskribapena
aldatuXabiertxo, ezagutza orokorreko liburu ilustratu bat da, testuliburu eta haurrentzako entziklopedia baten tartekoa. DIN A5 tamainakoa da eta 143 orrialde ditu, irudi koloredunez josita[1].
Liburuaren azalean droste efektua ikusten da: Xabiertxo irakurtzen ari den liburua bera irudi autoerrepikakorra da, infinitura luzatzen den erreferentzia bihurkaria.
Testuingurua
aldatuXIX. mendearen amaieran haurren eskolaratzea orokortu zen, baina hezkuntza ez zen euskaraz. Euskal Pizkundearekin euskaraz ikasteko hainbat proposamen jaso ziren[3], eta horretarako ikas-materiala beharrezkoa zen. Sabin Aranak 1897an Umiaren lenengo aizkidea bizkaiko euzkeraz irakurtzen ikasteko liburua argitaratu zuen "Bizkat̄aŕ batek" ezizenpean. Liburuaren sarrera testuan euskara aberria berreskuratzeko garrantzitsua zela esaten zien guraso eta irakasleei[4]. 1912an B.tar P. izenarekin sinatutako liburu bat argitaratu zen, Euzkerazko ikasbide eŕaza. Método fácil para aprender el euzkera, esaldi bikoeteekin euskara irakasteko helburuarekin, nahiz eta ez zen haurrentzat pentsatua. 1920ean Eusko Ikaskuntzak Lopez Mendizabalen Umearen Laguna, irakurtzen ikasteko biderik eŕezena argitaratu zuen, 1931ean Martin Txilibitu izenarekin laburpen gisa argitaratu zena. 1931koa da Fermin Iturriotzen Txomiñ-Ikasle[5], gipuzkeraz zein bizkaieraz argitaratutakoa[4]. Txomiñ-Ikasleren metodologia silaben bidezko hiztegi ilustratuarena zen, hitzak eta objektuak lotzen hizkuntza ikasten zen[6]. Urte berean, Bernardo Estornesek Sabin Euskalduna idatzi zuen, Agustin Zumalabek itzuli eta gainbegiratua[3]. Xabiertxok, hala ere, beste proposamen bat du bere baitan: irakurtzen ikasteko baino, oinarrizko hezkuntzarako haur entziklopedia bat da, jakin beharrekoak modu jarraian biltzen dituena[7][3].
Bigarren Euskal Pizkundearen garaia zen, eta bestelako material pedagogikoak sortzen hasi ziren[3]. 1913an López Mendizabalek Ume koxkorentzat euzkeraz egindako zenbakiztiya edo aritmetika sortu zuen, Lehen Hezkuntzan matematika irakasteko[8]. Zazpi urte beranduago Luis Elizaldek Lenengo ikasle mal̄arako Euskal-Zenbakiztia argitaratu zuen, bizkaieraz. Gabriel Jauregik kimikari buruzko lehen liburua ( Kimia) eta fisikari buruzko lehenengoa ( Pisia) argitaratu zituen[9]. Joseba Zabala-Aranak Euskerazko zenbakera argitaratu zuen 1929an eta Zenbakiztija 1932an. 1933an López Mendizabalek Daneurtiztia geometria liburua argitaratu zuen[4][10]. Geografiari dagokionez, argitaratutako lehenengoa Azkueren Erkindea-Geografia izan zen, 1900ekoa, eta 1922an Zabala-Aranak Euzko-lutelesti Txikia argitaratu zuen, 20 orrialde baino ez zituena. Fermin Iturriotzek Lutelestia izeneko geografia ikasteko saila sortu zuen, hasiera batean hiru liburukoa, gipuzkeraz eta bizkaieraz[4]. Lutelestik garrantzi berezia izan zuen Euskal Herriko errealitate demografiko, geografiko, sozial eta linguistikoak azaltzeko orduan[3]. Liburu modernoak ziren, irudiz eta kontzeptu pedagogikoz hornituta, galdera eta ikasleekin partekatzeko ariketekin[11].
Espainiako Bigarren Errepublikan egondako argitalpenen areagotzeak beste genero batzuk ekarri zituen. Julene Azpeitiak pedagogia berritzailea zuen Irakuri maite[12] eta Osasuna, merketza ta yanaritzaz[13] argitaratu zituen, Euskal Eskolen Federakundeak-Euzko Ikastolaren Batzak bultzatuta[3]. 1933an Gipuzkoako Foru Aldundiak Nekezaritzako irakuraldiak aurkeztu zuen, "mendi aldeko ikastolentzat", nekazaritzari lotutako munduko ikasleen bizimodua hobetzeko[4].
Espainiako Gerra Zibilarekin batera testu-liburuen loraldi hori eten zen, Hego Euskal Herrian bederen[oh 1]. Modu informalean edo klandestinoan euskara ikasteko libururik gabe, Xabiertxo izan zen ezkutuan erabili zen liburu nagusia[3].
Edukia
aldatuTestuen edukia argitaratua izan zen garaiko testuingurukoa da. Elementu nagusiak, familia, erlijioa, heziketa eta naturarekin harremana dira[14]. Hiru ardatz horien inguruan osatuko dira liburuaren gaiak, bereziki, natura, zientziak, letrak, artea eta kirola[15]. Euskal Herriari eta bere kulturari hainbat erreferentzia ditu, eta bere edukia euskal abertzaletasunarekin lotzen da.
Gaiak
aldatuKarmele Perez Urrazak aztertu zituen XX. mende hasierako euskarako testu-liburuetako gaiak eta ikusi zuen baserria eta nekazal kultura hartzen zirela ikasgunetzat, eta bertan kokatzen ziren lanbideak, prozedura teknikoak, eskulanak, ohiturak, olerkiak, kantak, zein aurrerapen teknikoak edo garapen industriala, urteak pasatu ahala, baserri-giro hori hiritarragoa agertu arren.[3]
« | Erlijioaren eta orduko euskaltasunaren baloreak "Xabiertxo " irakurketa liburuan ere ikusten ditugu . Lehenengo irakurketak "Jaungoikoa" du izena, eta bera "gauza guztien egilea dela eta onak izan gaitezen egin gaituela" aldarrikatu ondoren orrialdez orrialde zabaltzen dira Xabiertxo eta Iziartxo zintzoen eginbeharrak: gurasoekiko eta Jaungoikoarekiko maitasuna, gezurrik esan ez, lagun gaiztoei kasurik egin ez, irakurri egin behar dela, ogirik ez dela behin ere bota behar . . . . Honetaz aparte, irakurketa liburu honetan agertzen diren gaiak naturarekin lotuta daude, eta bereziki baserri giroko elementuekin (baserria, abereak, piztiek, urtaroak, nekazaritza . . .), nazionalismo tradizionaleko nekazal giroko erromantizismoa azpimarratuz . | » |
Xabiertxo liburua ildo horretan sartzen da, baina nolabait aitzindari ere izan zen euskal testuliburuetan zenbait gai teknikoago gehitzen. Adibidez:
- Labur baina ekonomiako kontzeptu sinple batzuk azaltzen ziren: Langintzak, Lantegiak eta Olak, Nekazaritza, Salerosketa (Merkataritza), Nola ibiltzen geran (Garraioa).
- Anatomia buruz gutxi batzuek ere bai: Giza-Soin, Soin-enbor, Soin-adarrak, Ikusmena, Entzumena, Usaimena, Gozamena (Dastamena), Ikumena (ukimena).
- Baita fisikari buruz ere: Ura zer eratan agertzen zaigun, Eŕekayak (Erregaiak), Buŕni (Burdina), Aztuntasuna (Pisua)
- Natur zientzietan animalien orduko sailkapena agertzen zen: Ezuŕdunak (Bulaŕdunak, Egaztiak, Naŕastariak, Ur-luŕtaŕak Aŕayak), Ezurgabeak (Armiarmak, Zomoŕoak, Aŕak, Eun-oindunak, Otaŕayak, Abel-landareak (zoofitoak), Soin-berak (moluskoak) eta Zomoŕtxoak (mikrobioak)).
- Eta azken artikulu batean aipatzen dira orduko aurrerapen nagusiak: Tximistindarra (elektrizitatea), Txikikuskiña (Mikroskopioa), Argazkintza, Uŕutidazkia (Telegrafia), Uŕutizkia (Telefonoa).
Hala ere, badira jakintza alor batzuk inondik ere azaltzen ez zirenak, esaterako, Musika, Antzerkia, Soziologia, Kultura klasikoa, Filosofia. Matematikaz bi artikulu besterik ez zeuzkan: Batuketa, Kenduketa (Kenketa). Historiari buruz Elkano artikulua baino ez dago. Nolabait ulergarria da, egileak ume txikientzako irakurgai sinpleak eskaini nahi zituelako, eta artean euskaraz landu gabeko gaiak zirelako.
Gaia | Artikuluak. irakurgaiak[16] |
---|---|
Familia | Jantzia, Janariak, Ogia, Edariak, Etxe, Herria, Baserria, Etxeko abere ta piztiak, Abereen karraxi ta hotsak, |
Erlijioa, etika, Heziketa | Jaungoikoa, Garbitasuna.-Ikastolara, Gizabidea, Gogoa, Iziaŕtxo'k biotz ona du, Alaitasuna, Ume eŕukitsua, Mutil zintzo, Ez da asaŕetu beaŕa, Txori gaxoa, Mutil ona ta mutil gaizto, Gizonaren bizia, Zuhaitzari ez kalterik egin, Alkartasuna indaŕa da, Guziok lan egin beaŕ degu. |
Natura | Argia, Mendiak, Abendak (Arrazak), Zuhaitz, Kabiak (Habiak), Enara, Ura, Egaztiak (Hegaztiak), Aŕayak (Arrainak), Erleak, Lorea, Udaberria, Udara, Udazkena, Negua, ilunabarra, Eguzkia, Egunsentia, Ortzea edo zeru, Ilargia, Basoa, Itsasoa, Sumendiak, Izadiaren iru zatiak, Abeldia (Fauna), Bulaŕdunak (Ugaztunak), |
Zientziak | Giza-Soin, Soin-enbor, Soin-adarrak, Ikusmena, Entzumena, Usaimena, Gozamena (Dastamena), Ikumena (ukimena), Ura zer eratan agertzen zaigun, Batuketa, Kenduketa (Kenketa), Eguraldi ona, Eguraldi txarra, Eŕekayak (Erregaiak), Buŕni (Burdina), Garia, Aizea (Haizea), Eluŕa (Elurra), Izotza, Aztuntasuna (Pisua), Ludiaren zatiak (Kontinenteak), Landaredia, Meadia, Tximistindarra (elektrizitatea), Txikikuskiña (Mikroskopioa), Argazkintza, Uŕutidazkia (Telegrafia), Uŕutizkia (Telefonoa), Ezuŕdunak (Bulaŕdunak, Egaztiak, Naŕastariak, Ur-luŕtaŕak, Aŕayak), Ezurgabeak (Armiarmak, Zomoŕoak, Aŕak, Eun-oindunak, Otaŕayak, Abel-landareak (zoofitoak), Soin-berak (moluskuak) eta Zomoŕtxoak (mikrobioak)) |
Historia | Elkano |
Artea | Edertiak (Arte ederrak), Eusko eresiak (Euskal kantak) |
Ekonomia | Langintzak, Lantegiak eta Olak, Nekazaritza, Salerosketa (Merkataritza), Nola ibiltzen geran (Garraioa) |
Letrak | Izkuntzak (Hizkuntzak), Idazpena (Idaztea), Idaztia (Liburua), |
Fabulak, kontakizunak | Eŕegea ta tximuak, Aŕgiña ta zurgiña, Artzaya eta ardiak, Uraren beaŕa, Zakuŕa eta aragipuska, Esaera zaharrak, Urezko aŕautzak egiten zituen oloa, Txitxaŕa eta txinguŕia, Bi goldeak, Adiskide bi eta hartza, Sugea eta nekazaria, Hondartzan, Belea eta sugea, Txoaŕea eta erbia (Txolarrea eta erbia), Azeria eta matsak, Txantxangorria, |
Olerkiak | Ekaitza, Aizkora eta kirtena, Euskaleŕia (Euskal Herria), Euskal-eresia (euskal kanta), ilunabarra, Egunsentia, Nere Etxea, Kun-kun |
Abertzaletasuna | Euskaleŕiaren edertasuna, Kirolak, Eusko eresiak (Euskal kantak) |
Baserriaren zikloei lotuta
aldatuIkuspuntu entziklopediko batetik interesgarria da, 1925eko euskal gizarte nekazari hartan jakin beharrekoak zeintzuk ziren modu sinplean deskribatu baitzituen. Garai hartako euskararen, nekazarien eta jakintzaren argazki txiki bat da. Baserria eta nekazal kultura dira ikasgunea, eta bertatik irakurtzen dira lanbideak, prozedura teknikoak, eskulanak edo garapen industriala[3].
Adibidez, azken orrietan orduko puntako aurrerapen moduan aipatzen dira elektrizitatea, mikroskopioa, argazkigintza, telegrafia eta telefonoa. Urtaroak aurkezterakoan, naturako zikloak baserriko lanekin lotzen dira: neguari buruz Lan egin zagun gogotik neguan, gero eguraldi onak etoŕtzean eguraztera poz geyagoz atera gaitezen ( 72. or.); udaberriari buruz Zoazte udabeŕiko goiz edeŕ batean baso edo mendi batera. An ezagutuko dezute ongiena neguaren ondoren udabeŕiaŕen atsegintasuna. ( 64. or.); udari buruz Eguzkiak. galburuak eldu ditu eta nekazaria itayaz lasto luzeak azpitik ebakiaz ari da. (...) Umientzat, batez ere, au da urtearen aldirik edeŕena. ( 68. or.); udazkenari buruz udare edeŕak, sagaŕ usaidunak, mats atsegingaŕiak bildu ditu. Lan egin beaŕ da beti, zerbait bildu nai ba-da. Ereiten ez duanak ez du biltzen ( 72. or.). Oraindik baserri munduarekin zegoen loturaren erakusgarri da 66. orrian hau aipatzen dela: "[Udan] Goizean lauetako argi dago"; nahiz eta ordua Euskal Herrian ez zen hori jada[oh 2].
Euskara
aldatuTestua gipuzkeraz idatzita dago, eta Sabindarren euskara garbiaren elementu batzuk baditu (esaterako: Tximistindarra (elektrizitatea), Txikikuskiña (Mikroskopioa), Argazkintza, Uŕutidazkia (Telegrafia), Uŕutizkia (Telefonoa)...
Egungo rr bikoitza eta ll / il digrafoen ordez, ŕ eta ĺ zerabiltzaten, hots, r eta l letrei azentu marka jarrita dago idatzita.
Baina testuak oso modu ulergarrian idatzita daude, eta horren froga da jakitea zenbat urtetan eta zenbat umek erabili zuten euskaraz irakurtzen ikasteko.[14]
Pertsonaiak
aldatuLiburuaren protagonista Xabiertxo (Xabieŕtxo) da, eskolako ume bat. Txapel eta praka motz urdinak, alkandora horia eta abarkak daramatza. Ikasle ona da, eta etxean laguntzen du, liburuak transmititu nahi dituen baloreen protagonista baita. Azalean bera agertzen da Xabiertxo, liburuaren irakurle bera ere bai. Pertsonaiaren inspirazio gisa Italian Alessandro Parravicinik sortutako Gianetto aipatu da, beste hizkuntza batzuetarako ere moldatu zena[7].
Testuan zehar 13 episodiotan bera da protagonista. Bere inguruan beste pertsona batzuk aipatuak dira, baina askoz gutxiago. Aipatuenak bere gurasoak dira, horien izena ez da azaltzen baina. Batzuetan azaltzen da bikotea, beste batzuetan ama ala aita bakarrik, eta besteetan familia modura. Xabiertxoren arreba Iziartxo sarri agertzen da; ume oso ona da, erlijiosoa eta moral altukoa: pobreei laguntzen die, ez duenari ematen dio.[17]
Andoni eta Martin lagunak ere garrantzitsuak dira, batez ere ikastolan. Baina Martin lagun hori eredu baldarra da, beti ibiltzen da gaiztakeriak egiten edo adibide moral txar gisa agertzen da. Xabiertxo eta Martinen artean dikotomia morala erakusten da, baten balioak goraipatzen diren bitartean, bestearenak lur jota gelditzen dira.[17]
Xabiertxoren gune intimo horretan Jainkoak eta irakasleak ere toki berezia dute.[17]
XABIER | MARTIN |
---|---|
Oso ona (ez da haserretu behar) | Gaiztoa |
Langile, esanekoa | Alperra |
Ikasteko gogoa duena (mutil on bat izango da) | Denbora eta gauzak alperrik botatzen duena |
Ondo eta gustura irakurtzen duena | Ez jakina, errukari |
Alaia | Kopetiluna |
Lagunekin jolasten dakiena | Lagunek bakarrik uzten dutena |
Zintzoa | Gezurtia |
Lagunak, pertsonak, senideak maite dituena | “Inorengatik axolarik ez dio” |
Erabilera
aldatuErabileraren adibide bat 1933ko Nafarroako Euskal Eskolen araudiak ematen digu[18]
« | Eguneroko lana izango da: irakurketa eta idazketa gaztelaniaz; berdina euskaraz. Euskarazko zein gaztelaniazko testuetan itzulpenak egingo dituzte, eta umeak egunerokoan duen kezka baten inguruan izango dira (...) Irakaslearen gida gisa gomendatzen dira Xabiertxo, Barbierren Legendes basques nafar-lapurtar euskaraz; Iturriagaren Ipuiak, Pernando Amezketarra, Barandiaranen Eusko Folklore elezaharren bilduma [eta] Campiónen Narraciones vascas. | » |
Elbira Zipitria 1940ko hamarkadatik aurrera Donostiako umeei euskaraz klaseak ematen aritu zen, eta haren arrimuan jantzitako andereñoek ere —Kontxita Beitiak eta Jone Forcadak, esaterako— segitu zuten klaseak ematen hurrengo hamarkadetan. Gauza bera gertatu zen Euskal Herriko beste txoko ugaritan: ikastolak sortu zituzten, alegia. Haiek denek Xabiertxo erabiltzen zuten.[19]
-
Kontxita Beitia (Pasai Antxo, 1962)
-
Kontxita Beitia antzezle liburuarekin (2018)
Idoia Fernandez Fernandez pedagogoak bere tesiko liburuan hainbat erabilera praktiko jaso zituen 1993an, horietako bat da Elbira Zipitriaren eredu pedagogiko eta metodologikoaren jarraitzaileek egiten zutena.[14]
« | Metodologiari dagokionez, deskribatu dugun etxe eskolen metodologia global edo Decrolyren erizpideekin lan egiten zuen, hots, haurraren esperientzietatik abiatuta ulermena eta esperientzia oinarritu abstrakziora igaro baino lehen. Maritxu Mariezkurrenak "logika" deitzen dio, Mertxe Jauregik "eskola bizia" ... izen asko eman ahal zaizkio [...] Lan globalizatuaren motorra "Xabiertxo" liburuaren irakurgai bat izan zitekeen, eta hori era arin eta natural batez naturarekiko esperientziekin, kantekin, poemekin, marrazkiekin bizi erazi egiten zien haurrei. | » |
Testigantzak
aldatuEuskal Herriko Ahotsak proiektuak hainbat bideo ditu Xabiertxo liburuaren erabilerari buruz:
-
Xabiertxo liburua desagertu gerra ostean. Maria Igarza Zubeldia, Elorrio.
-
Xabiertxo liburuarekin ikasten. Santos Ezeiza Otamendi, Tolosa.
-
1930 hamarkadan euskarazko liburuak hezkuntzan, Erritxe Barrenetxea-Arando Azkargorta, Bergara.
-
Bergarako lehenengo ikastola, Javier Linazisoro Lazpiur, Bergara.
-
Eskolan dena euskaraz ikasi zuten eta erdararen falta sentitu du, Mari Carmen Itxaso Lizaso, Albiztur.
-
Eskolan euskarazko eta erdarazko liburuak erabiltzen zituzten. Jose Inazio Lasa Odriozola, Beasain
-
Esteban eguraldi txarrarekin bakarrik joaten zen eskolara. Esteban Agirrezabal Lizarralde eta Jose Inazio Aranburu Esnaola, Beasain.
-
Fraideen liburutegitik astean liburu bat hartzen zuen irakurtzeko. Jose Javier Azpitarte Usin, Azkoitia.
-
Xabiertxo euskarazko liburu mitikoa. Justina Jauregi Lizarralde, Zumarraga.
-
Xabiertxo liburua. Rosario, Agate eta Ignacia Loiola Antzuola, Zarautz.
Argitalpenak
aldatuEsan bezala liburua 1925ean argitaratu zuten lehen aldiz. gero 100 urteko historian beste batzuk izan dira, hauek, besteak beste:[19][20]
- 1925: Euskalerriaren Alde aldizkariak lehiaketa bat antolatu zuen 1923an. Lehiaketa horretan, liburu bat eskatzen zen, ez silabario huts bat, irakurtzen zekitenentzako zerbait gehiago eskatzen zuten. Ixaka Lopez-Mendizabalek eta Jon Zabalok Xabiertxo aurkeztu eta saria irabazi zuten: Donostiako Udalak 500 pezeta eman zizkien, eta Eusko Ikaskuntzak finantzatu zuen argitalpena; Lopez-Mendizabalen aitaren inprimategian egin zuten. Liburua jaio zen urte berean jaio zen Ixakaren seme Xabier Lopez-Mendizabal (1925-2005); euskaltzale eta kulturgile ezaguna izango zena. Hura izan zen benetako Xabiertxo.[19]
- 1932ko argitalpena. Bertsio «kanonikoa» da hori, nonbait. Lehenbizikoaren eta bigarrenaren arteko aldea da irudia modernizatu eta aldatu zutela; lehenbizikoa xaloagoa zen, eta bigarrena findu egin zuten. Testua bera da, baina testuingurua ez. Lehenbizikoa Primo de Riveraren diktaduran argitaratu zuten, eta bigarrena, II. Errepublikaren garaian. 1936ko abuztuaren 11n armada frankistak Tolosa hartu eta gutxira, Ixaka Lopez-Mendizabalen argitaletxeko liburu guztiak erre zituzten plazan, tartean Xabier liburuko hainbat ale zeudela.[21][20][22]
- 1941: Xabiertxo faszikuluka eta faldoi moduan berrargitaratu zuten Euzko Deya aldizkarian, Argentinan 1941ean,[20]
- 1943: Euzko Deya-n ere liburu gisara 1943an.[20]
- 1951: Argitalpen klandestino bat egin zuen Miguel Alvarez Iraolak Donostian. Antigua auzoko Zumalakarregi kalean zegoen inprimategia. Txillardegiren osaba zen hura. Liburu klandestinoa zen, ezkutuan saltzen zen; esate baterako, Donostiako Garibai kaleko zapata denda batean eskuratu zitekeen. Garai hartan Jende askok jarri zituen 20 pezeta argitalpen berri bat egiteko.[19][20]
- 1959: Karmeldarren aterpean argitaratutako bizkaierazko Xabiertxo.[19]
- 1967: Ixaka eta Xabier Lopez-Mendizabalen beste argitalpen bat.[20]
- 1979: "Aurren Aberri Arteko Urtean" saritutako argitalpena.[19]
- 2003: Abarka argitaletxe eta Xabier Lopez-Mendizabal Olanoren berrargitalpena.
Oharrak
aldatu- ↑ 1944an Oxobik Haur ekhe haurrentzat haur-olerki liburua argitaratu zuen, Hegoaldean ia erabili ez zena, eta 1952an anonimo batek Battitta eta Mariaño. Haurrak ikhas-azue eskuaren irakurtzen sortu zuen, frantsesez eta Ipar Euskal Herriko euskalkidetan. Baionako Elizbarrutiak bi katexima sortu zituen euskaraz eta 1948an Manuel Lekuonak Iesu aurraren bizitza, irakasteko erabilia[3].
- ↑ Hego Euskal Herrian udako ordutegi-aldaketa 1918an jarri zen martxan, eta dagoeneko goizeko seietan argitzen zuen. Hala ere, 1920-1923 tartean eta 1925ean, liburua idatzi eta argitaratu zen urteetan, ez zen ordu aldaketarik egin. Ordu ofizialarekin goizeko seietan argitzen bazuen ere, oraindik Eguzkiaren ordua erabiltzen zuenak goizeko lauretan argitzen zuela ulertzen zuen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b López-Mendizabal, Ixaka. (1925). Xabiertxo : umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia /. Lopez'tar E'ren Etxean, (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ «Txiki Zabalo - KMK - gipuzkoa» KMK (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ a b c d e f g h i j Pérez Urraza, Karmele. (2004). «Xabiertxo-ren jarraikako testuliburuak euskal irakaskuntzaren garapenean» Euskalingua (4): 234–245. ISSN 1695-7458. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ a b c d e Lopez Mendizabal, Isaac. «Los libros de texto en euskara hasta 1937 - Euskonews» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ «Txomiñ-ikasle: eusko umiei irakurtzen erakusteko lenengo idaztia. Bizkaieraz | Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Iturriotz, Fermín. (1931). Txomiñ-ikasle : euzko-umiei irakurtzen erakusteko lenengo idaztia / Iturriotz'tar Pirmin.. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ a b Pregelj, Barabara. (2014). El cronotopo de la literatura infantil vasca actual: cruce de miradas sobre el hogar. in: Estudios Hispánicos en el Siglo XXI..
- ↑ Gorostiza, Josu Gotzon Ruiz de Gauna; Fernández, Joxemari Sarasua. (2012-12-31). «Batxilergoko euskarazko matematika-testuliburuen ezaugarriak eta bilakaera: 1970 - 2005» Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (83): 45–68. doi: . ISSN 3020-5115. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ «Gabirel Jauregi (1895-1945), Fisika eta Kimikari buruz euskaraz idatziriko lehen liburuen egilea - Euskonews» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ «Zientziari buruz ezer gutxi» Argia (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Dávila Balsera, Paulí. (2003). «Los libros de texto en euskera, siglos XIX y XX» Enseñanza y educación en el País Vasco contemporáneo, 2003, págs. 53-78 (Erein): 53–78. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Azpeitia, Julene. (1932). «"Irakurri, mate_" : lenengo ingurraztija / Azpeitia'tarr Julene Eskauriatza'renak ; [Aranoa'tar J.M.'ren marrazkijak.»] http://www.kmliburutegia.eus/Record/345197 (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Azpeitia, Julene. (1922). «Osasuna, merketza ta yanaritzaz / Eskauriatza'ren Azpeitia'tar Julene'k egiñiko liburua.» http://www.kmliburutegia.eus/Record/22035 (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ a b c d e Fernandez, Idoia. (1993). «Oroimenaren hitza: Ikastolen historia 1960-1975» www.ueu.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-756-5. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ oihartzun. (2015-01-17). «Xabiertxo, 1925-2015, 90 urteko ibilbidea» oihartzun (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ «Xabiertxo — Wikiteka» eu.wikisource.org (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ a b c d Perez Urraza, Karmele. (2005). «Xabiertxo eta Sabin, eskola liburutako ikasle eredugarri» Euskalingua (Mendebalde Kultur Alkartea) 6: 105-115..
- ↑ Lopez Goñi, Irene. (2002). Nafarroa garaiko ikastolen historia (1963-1982). UPV/EHU ISBN 978-84-8438-181-5..
- ↑ a b c d e f Elkoroberezibar Beloki, Mikel. (2025-06-12). «Xabiertxo: ehun urteko haurtxoa» Berria (kontsulta data: 2025-06-12).
- ↑ a b c d e f Tolosaldea Telebista. (2016-06-09). La odisea de Xabiertxo: El último paquebote liburua aurkeztu du Koldo Ordozgoitik. (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) DV. (2016-08-10). «Tolosa recordará mañana el 80 aniversario de la quema de libros de la plaza Zaharra» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Autor. «La quema de libros durante la guerra civil y la dictadura» https://www.lavozdelarepublica.es/ (kontsulta data: 2025-06-14).
Kanpo estekak
aldatu- Xabiertxori buruzko dokumentala, EiTBk egina.
- Xabiertxo, JPG eta PDF formatuetan eskuragarri, Euskal Memoria Digitala webgunean.
- Perez Urraza, Karmele (2005): Xabiertxo eta Sabin, eskola liburutako ikasle eredugarri, Euskalingua.
- La odisea de Xabiertxo: El último paquebote liburua aurkeztu du Koldo Ordozgoitik. Tolosaldea Telebista. (2016-06-09)
- (Gaztelaniaz) Irekia. «Irekia - El Lehendakari destaca que el fondo de la familia López Mendizabal servirá para conocer más a fondo coyuntura histórica relevante para la cultura y la historia de la sociedad vasca» www.irekia.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-06-14).