Donostia

Gipuzkoako hiriburua

Donostia (izen ofiziala: Donostia / San Sebastián)[4] Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da, eta Euskal Herriko hiri jendetsuenen artean laugarrena, 2023. urtean 188.743 biztanle zituen eta. Metropoli eremuak, berriz, 400.000 bat biztanle ditu. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren magalean.

Donostia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Donostia, 2017ko NASAren satelite bidezko ikuspegia.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaDonostialdea
Izen ofizialaDonostia eta San Sebastián
AlkateaEneko Goya Laso
Posta kodea20001–20018
INE kodea20069
Herritarradonostiar
Ezizenakaskarinak eta ñoñostiarrak
Kokapena
Koordenatuak43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W / 43.32; -1.98
Map
Azalera60,89 km²
Garaiera6 m
Demografia
Biztanleria188.743 (2023)
894 (2022)
alt_left 99.109 (%52,5) (%46,8) 88.306 alt_right
Dentsitatea3.099,74 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 2,58
Zahartze tasa[1]% 21,35
Ugalkortasun tasa[1]‰ 37,24
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,05 (2011)
Genero desoreka[1]% 1,51 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 9,64 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 38,87 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 16.1 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 25.93 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1180
Webguneahttp://donostia.eus/
Hiri senidetuakBojadorko Daira, Marugame, Wiesbaden, Batumi, Plymouth, Trento, Reno, Ramallah eta Esmeraldas (en) Itzuli

Hego Euskal Herriko hiriburuetatik Donostiak du euskaldunen ehunekorik handiena: % 33,5.[5] Administrazio, kultura, hezkuntza eta turismoaren zentro garrantzitsu bat da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 2016an Europako kultura-hiriburua izan zen. 2014an, National Geographic aldizkariak munduko hiri zoriontsuenen artean kokatu zuen Donostia.[6]

Izena aldatu

Etimologia aldatu

 
Donostia 1572an, Georg Braun alemaniarraren margolana.
  • Donostia: Donostia euskal izenaren jatorriari buruzko hipotesi aipatuena Koldo Mitxelenarena da, hots, Sebastian santuaren izenetik ei datorrela hiriaren euskal izena ere, latinezko Dominus Sebastianus > Dominus Sebastiane-etik abiatuta bilakabide hau proposatzen zuen Mitxelenak 19955ean: *Donasa(b)astiai > *Donasastia > *Donastia > Donostia.[7] Beste hipotesi batek dio bilakabidea beste hau izan zela: *Done Sebastiane > *Done Sebastiae > *Done Sebastie (Ezkaroze herrian Sebastie antroponimoa badela argudiatuta) > *Donesebastia > *Donasastia > *Donastia > Donostia.[8] Ez da ahaztu behar Orendaingo San Sebastian ermitari Jaun Donosti izena eman izan diotela herritarrek.[9] Azkenik, gaur egun baztertzen den hipotesi batek dio izenaren jatorria latinezko dominus ostianus (hitzez hitz, portuko buruzagia) izan zela. Nolanahi ere, egungo euskal izenaren lehen aipamen idatziak XV. mendearen amaierakoak dira («juntadu ditu laster / Donostiako irian», «Donostiako murruan / islaren goienean»)[10], eta, gerora, Joan Perez Lazarraga arabarrak ere idatzi zuen izen hori XVI. mendean: «Donostiako San Frantziskuan / hagoan gizon soldadua».[8]
  • San Sebastian: 1180. urteko hiribildu-foruan agertzen da Sanctus Sebastianus izena lehen aldiz agiri batean,[11] 1014. urtetik izen horren berri badago ere, San Sebastian santuaren omenez, Antigua auzoan Loretopearen gainean eraikitako monasterio bati loturik. Hortik dator San Sebastián erdal izena.
  • Easo: hiriari Easo (edo, gaztelaniaz, la Bella Easo) izena eman izan zaio, aurreko mendeetan Donostialdean kokatua zela uste izan zen Oiasso erromatar hiria zela eta; hortik etorri zen donostiarrek easoar izena jasotzea. Gaur egun, ordea, badakigu Oiasso Bidasoa ibaiaren bokalean zegoela.
  • Irutxulo: diotenez, Itzurun izen zaharrago baten itxuragabetzea, herri-etimologiak «hiru zulo» interpretaturik aldarazia, itsasotik begiratuta Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hiru «zulo» edo sarbide direlakoan.[12]

Herritarrak aldatu

Donostiako herritarrak donostiarrak dira. Halere, Donostiako herri-kultura, eta batez ere Parte Zaharrekoan, bi ezizen erabili izan dira: San Bizente elizaren inguruan jaio edota bizi direnentzat, koxkeroak; eta Santa Maria elizaren inguruan jaio edo bizi direnentzat, josemaritarrak.[13][14] Burla egiteko ezizentzat, berriz, donostiarrei kaskarinak[13][14] (hau da, «burugabeak, gauzak pentsatu gabe egiten dituztenak») edo ñoñostiarrak[15] («Donostiako aberaskumeak, señoritoak, txepelak»)[16][17] deritze, eta hiriburuari, Ñoñostia.[18]

Geografia aldatu

Donostia Urumea ibaiaren bokalean dago, Igeldo, Urgull eta Ulia mendien artean, eta hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Elkarren ondoan dauden lur horiez gainera, hiru barrendegi ditu hiriak: hego-mendebaldean, Zubieta auzoaren zati bat; hego-ekialdean, Landarbaso mendialdea; eta hegoalderago, Urdaburu mendialdea.

Geologia aldatu

 
Donostia, airetik ikusia. Ekialdetik mendebaldera, Ulia, Urgull, Santa Klara uhartea eta Igeldo mendia ageri dira. Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hondartzak ere argi ikusten dira. Hiria Urumea ibaiak zeharkatzen du.

Hiria Kontxako badiaren inguruetan zabaltzen da, Bizkaiko golkoaren kostaldean. Donostiako kostaldea Hondarribitik Oriora Eozenoko hareharrizko flysch delakoak osaturiko mendikateak zeharkatzen du: Ulia, Urgull, Igeldo mendia eta Mendizorrotz ekialdetik mendebaldera. Mendikatea etena duen eremuetan Zurriola, hain zuzen Urumea ibaiaren bokalean, Kontxa eta Ondarreta hondartzak daude. Kontxako badiako sarreran, Santa Klara uhartea dago.

Parte Zaharra eta erdialdeko zabalgunea San Bartolome gaina eta Urgull mendia lotzen zituen tonboloaren gainean eraiki ziren; eta Gros auzoa osatu aurretik, hareatza zabala zegoen han. Amara auzoko lurretan, berriz, Urumea ibaiak sortutako padura zegoen. Eremu hauetan izan ezik, Donostiako udalerria 50-100 metroko kareharrizko muino txikietan kokatua dago gehienbat, muino batetik bestera kareharriaren higaduraz sortutako ibar txikiak dituela (Ametzagaina, Aiete, Añorga, Igara). Udalerriaren ekialdean dagoen San Marko-Txoritokieta mendia diapiro-egitura bat da.[19]

Sismologiari dagokionez, Donostiak badu arriskurik. Izan ere, lurrikaren sorgune ez den arren, uhin sismikoen anplifikazio eremu baten barruan daude hala Donostia osoa nola haren metropoli eremuaren zati handi bat. Hala, bada, hainbat kilometrotara sortutako lurrikarek eragin handia dute Donostian; halaxe erakutsi dute Iruñeko 1903ko lurrikarak, Martesko (Huesca) 1923koak, Turruncúngo (Errioxa) 1929koak eta Eretako (Okzitania) 1967koak.[20]

Hidrologia aldatu

 
Urumea ibaiaren itsasoratzea Donostian.

Urumea ibaia Goizueta, Hernani eta Astigarraga herrietatik igaro ondoren, hiria zeharkatuz itsasoratzen da bokale bat sortuz. Bokalean nabariak dira itsas gorabeheren eragina, Loiola eta Martutene auzoetaraino. Hori dela eta, ohikoa da, uholdea dagoenean, auzo horietan ibaiko urak gainezka egitea. Urumea ibaiak bere ibilbidean osatzen dituen zeharruneetatik nabaria da hirian Kristinaenea lorategia inguratzen duena. Aipatu behar da Oria ibaia ere, Gipuzkoako ibairik luzeena, Zubieta auzotik igarotzen dena, itsasoratzetik kilometro gutxitara. Añorga errekak ere Antigua, Ibaeta, Igara eta Añorga auzoak zeharkatzen zituen garai batean, baina egun lur azpian dago bideratuta hirira sartzean.

Landaredia aldatu

Landaredi potentzialean, gizakiaren eraginaren ezean balizko hartan alegia, batez ere lizarra eta haritza aurkituko lirateke, eta ezkia, zumarra, gaztainondoa, astigarra, pagoa, zumea eta haltza neurri txikiagoan, betiere hezetasun mailaren arabera eta azpiko basoan, hurritza, elorri beltza eta garoak. Belardi eta soroek ere oparotasun eta aniztasun nabaria erakusten dute. Oro har, Donostiako landaredia klima ozeaniko heze bati dagokiona da, tenperatura hotzepelekin, Kantauri isurialde osoaren antzera.

Dena den, egungo landaredia gizakiak gogor eragindakoa da: hiriko urbanizazioak antzinako basoak eta baserri lurrak ordeztu ditu neurri handi batean. Hirigunetik at soroak eta baratzeak dira, baserrien ustiapenen ondorioz, antzinako landaredia ezabatu dutenak. Ulia eta Igeldoko gune batzuetan, otea, garoa eta txilarra dira nagusi, antzinako basoaren galtzearen ondoren garatu den landaredia. Bertakoa ez den pinu beltzaren (Pinus radiata) gune batzuk ere badaude, Zubieta eta Landarbaso aldean, Euskal Herriko beste gune batzuetan baino neurri txikiagoan ordea. Hala ere, antzinako landarediko guneak daude oraindik ere Igeldon, Urgullen, Ulian, Igarako erreka inguruetan, Añorgan, Ametzagainan, Basozabalen eta Aieteko zenbait tokitan. Haltzak, berriz, baditugu Urumea ibaiaren ibilbidean, Martutene aldean, eta Oria ibaiaren ertzetan, Zubieta aldean.[21]

Mugak aldatu

Iparraldean, Donostiak osoki Kantauri Itsasoarekin egiten du muga; ipar-ekialdean, Kantauri Itsasoa eta Pasaiarekin; ipar-mendebaldean, Kantauri Itsaso, Igeldo eta Oriorekin; ekialdean, Astigarragarekin; hego-ekialdean, Hernani eta Astigarragarekin; hegoaldean, Lasarte-Oria eta Hernanirekin; hego-mendebaldean, Lasarte-Oriarekin; eta mendebaldean, berriz, Usurbilekin.

Klima aldatu

 
Donostiako klima: zutabe urdinek euri kopurua adierazten dute, hilez hil. Marrek tenperatura maximoa, batez bestekoa eta minimoa ematen dituzte.
Donostia (Miramon, 2021)
Klima-diagrama
UOMAMEUAIUAA
 
 
189
 
 
11
5
 
 
137
 
 
17
9
 
 
46
 
 
16
8
 
 
54
 
 
17
8
 
 
95
 
 
19
9
 
 
189
 
 
22
14
 
 
88
 
 
22
15
 
 
31
 
 
23
15
 
 
131
 
 
24
15
 
 
94
 
 
20
11
 
 
353
 
 
13
7
 
 
283
 
 
15
8
Tenperatura maximoen eta minimoen batezbestekoak (°C)
Euria litro/m2-tan


Donostiak, euskal kostalde guztiak bezala, klima ozeanikoa du. Köppen klima sailkapenaren arabera, Donostiako klima hotzepel hezea eta urtaro lehorrik gabea (Cfb kodeaz) da. Tenperatura hotzepelak, hezetasun nabaria eta euri ugari izaten dira Donostian urte osoan zehar. Hala ere, uda eta negua nabari bereizten dira tenperaturari dagokionez. Euria, berriz, urte osoan izaten da eta neguaren eta udaren arteko aldeak txikiak izaten dira. Elurra, ordea, oso gutxitan egiten du, urtean behin-edo, eta 5-10 alditan izozten du urtean. Enbata ugari izaten dira. Urrian eta martxoan ur biziak izaten dira, hau da, maila handiko itsas gorabeherak.[21]

2007an euri kantitatea 1.536,1 mm izan zen. Batez besteko tenperatura 15 °C ingurukoa izaten da, eta udako hezetasun handiak (% 65-70 inguru) bero handiko sentipen termikoa sortzen du. Hego haizeak jotzen duenean, tenperatura bat-batean igo daiteke, neguan 20 °C eta udan 38 °C eragin arte. Udan, tenperatura handi horien ondoren, ipar-mendebaldeko haizeak bat-batean jo dezake, eta enbata eragin.


      Datu klimatikoak (Donostia)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.8 13.9 15.4 16.8 20.0 22.3 24.7 25.2 23.7 20.4 15.8 13.7 18.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.6 9.5 10.9 12.4 15.7 18.2 20.6 21.0 19.0 15.8 11.5 9.6 14.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.4 5.1 6.4 8.0 11.3 14.0 16.4 16.7 14.3 11.2 7.2 5.5 10.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 168 150 144 168 138 96 98 112 138 174 186 167 1738
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 13 12 12 14 12 10 9 10 10 12 13 12 140
Eguzki orduak 91 104 139 148 174 185 202 194 167 136 100 82 1722
Iturria (1): AEMET[22]
Iturria (2): Geografía e historia de San Sebastián: el clima[21]

Auzoak aldatu

 
Donostiako Parte Zaharra.

Mendeetan, Donostiako harresiek kale estuak dituen Donostiako Parte Zaharra inguratu zuten. 1863. urtean harresiak eraitsi zirenean hasi zen Donostia hiria zabaltzen, gaur egun ezagutzen den hiria osatu arte. Antonio Kortazarren Hiriko Plan Orokorrak etxadi karratu erregularrak taxutu zituen egungo Boulevardetik Mendeurrenaren plazaraino. Lehen zabalgune hura 1900. urtean egin zen. Artean hiriak zubi bakarra zuen, Santa Katalina zubia, hain zuzen. XX. mendearen lehen erdian hiria Gros aldera zabaltzen hasi eta Antiguako zabalgunea ere osatzen hasi. Urte haietan Urumea ibaia bideratu eta beste azpiegitura batzuk ere eraiki ziren, hala nola Maria Kristina zubia eta Zurriola zubia.

 
"Siluetak" Intxaurrondo auzoan[23]

1950eko hamarkadan Amara auzoa osatu zen, Antso Jakitunaren hiribidearen inguruan lehendabizi, eta, 1960ko hamarkadaren ondoren, Amara Berria auzoa osatuz. Urte horietan izandako hazkunde demografiko itzelaren ondorioz, Altza, Bidebieta, Egia eta Loiola auzoek zabalkunde handia izan zuten, zoritxarreko handikeriazko urbanismo batez. XX. mendearen hondarretan eta XXI. mendearen hasieran, besteak beste, Loiolako Erriberak, Benta Berri, Errotaburu, Ibaeta eta Berio izeneko auzoak osatu ziren. Egun, Parte Zaharra eta Igeldo baserri-auzoa dira antzinako itxura erakusten duten bakarrak.[24]

Hau da indarrean dagoen auzoen zerrenda ofiziala, 2010eko HAPOarena:[25]

Badira halaber Udalaren beste sailkapen batzuk, eta haietan agertzen diren beste auzo nabarmenak, HAPOarentzat unitate txikiak direnak:[26]

Horietaz gain, Donostiak baditu hiru barrendegi ere: Zubietakoa, Landarbasokoa eta Urdaburukoa.


Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako historia»

Gizakia orain dela 25.000 urtetik, gutxienez, bizi izan da Donostia inguruan. Ametzagaina izeneko lekuan garai horretako industria litikoa aurkitu dute.[27]

Gerora, egungo Parte Zaharreko herrigunean erromatarren garaiko giza kokaguneak egon ziren, Santa Teresa komentuan egin diren indusketetan aurkitutako aztarnek adierazten dutenez (K. o. 50–200 urte bitartekoak).[28]

Erdi Aroa aldatu

Hiriaren sorrera aldatu

 
Jaizkibelgo senadi bat

Donostiari (bertako monasterioari) buruzko lehendabiziko aipamenak X eta XI. mende hasierakoak diren arren, Nafarroako Antso Jakitunak 1180. urte aldera eman zion hiri-gutuna, lehenagokoa ez ote den adierazi izan bada ere. Jose Luis Orellak azaldu du hiri-gutun hori Lizarrako 1164ko foru hedatuan oinarritu zela: artikuluen % 60 inguru. Hala ere, bere berezitasun handiena itsasorako forua izatea da, Antso Jakitunak Nafarroaren itsas merkataritzaren portu nagusi bihurtu nahi baitzuen Donostia.[29] Hauxe da Europako lehendabiziko itsas forua, eta bertan biltzen dira Europako itsas lege zaharrenak.[30]

Baiona luzaroan Nafarroaren portu izan zen, baina XI. mendean baliorik gabeko portu bat zuen, landetako hareak itsutua. Horrek emigrazio handi bat eragin zuen Baionatik eta Gaskoiniatik (gaskoiak, «franko» deituak), Urgull magaleko hareatzan finkatu zena Erregearen abantailek erakarrita: Orioraino, libre ziren merkataritzan aritzeko.[31] Ordurako, Santa Maria eta San Bizente Antiguakoa aipatzen dira, eta Antso Jakitunak Izurungo monasterioa eman zien dohaintzan. Lehena bertako «nafar»en eliza zen, eta bigarrena, berriz, – gaskoiena, Manuel Lekuonak azaltzen duenez.[32] Gero eta handigoa zen, ordurako, itsas merkataritza Europa iparraldearekin. 1200. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroa inbaditu zuen, eta Gipuzkoan portu garrantzitsuak eskuratu: Mutriku, Getaria, Donostia, Hondarribia, etab. Konkista hori sendotzeko, Gaztelako erregeak berretsi egin zuen Donostiaren nafar forua 1204an.[33]

Gaztelako koroaren pean aldatu

Gaztelako koroaren eskuetan geratuta ere, Donostiak jarraitu egin zuen Nafarroaren itsas merkataritza-bideetan, eta Antso IV.a Gaztelakoak, XIII. mende amaieran, berretsi egin zituen nafar merkatariek hiribilduan zituzten pribilegioak. Nafar produktuen isuri horrez gain, Donostiak Gipuzkoan barrena heldutako Gaztelako salgaiak itsasoratzen zituen.[34] Horrek oparoaldi bat ekarri zuen, eta Donostiak autonomia handia agertu zuen.

 
Euskal bale-ehizako ontzi baten barruko irudikapena

Donostiarrek, orduan, hiru ainguraleku nagusi zituzten: Kontxa, Zurriola eta Pasaia (Pasage).[35] Horietatik abiatzen eta sartzen ziren koka motako itsasontziak, garai hartan arrakasta handikoak, Atlantikoko kostaldeko itsas trafikoan erabiltzen baitziren Flandesera bidean. Haien sotoetan ekartzen zituzten oihalak, apaingarriak, tinduak, eta zirtzilkeriak.[36]

 
San Bizente eliza (1574an amaitua), Donostiako eliza zaharrena, gaskoien erlijio-bilgune

1266tik aurrera, hiriak hainbat sute jasan zituen. Donostiaren mugetan Usurbil eta Orio sortu ziren 1371 eta 1379an. Gainera, hainbat istilu izan zituzten donostiarrek Hernaniko olagizonekin. 1397. urtean, Donostiak Gipuzkoako Ermandadea sortzen lagundu zuen oinaztarren eta ganboatarren arteko lehia bete-betean, zailtasunak ekartzen baitzizkien donostiarrei barne merkataritzan. 1459an, Donostia guztiz sartu zen Gipuzkoan.[37]

Aro modernoa aldatu

Donostia mugako hiri aldatu

1489an, sute latz batek hiria kiskali egin zuen, baita aro berri baten hasiera iragarri ere.[38] Harrezkero, hiria gerra-gotorleku bihurtzen hasi zen, Gaztelaren eta Frantziaren artean. Gaztela-Aragoiko errege-erreginek donostiarrak babestu zituzten, hainbat zergatatik salbuetsi eta abar. 1521ean, laguntza eman zion Komuneroen Matxinadaren kontra eta enperadorearen tropei Nafarroako gudan. Karlos V.ak Muy Noble y Muy Leal titulua esleitu zion, eta hainbat erlijio-erakunde sortu ziren hirian ordutik aurrera.

 
Donostiaren irudikapen bat 1572an

Hiribilduaren oparoaldiak mendearen bigarren erdira arte iraun zuen. Hala ere, Karlos V.a eta bere oinordekoak (Filipe II.a eta Filipe III.a) gerra gehiagotan sartu ahala, Donostiaren egoera okertzen joan zen, erregeon ontzi- eta eskifaia-eskaera hertsatzaileengatik. Arrantza-kanpainei dagokienez, 1580eko lekukotasun baten arabera, 13-14 itsasontzi ateratzen ziren Ternuara urtero Donostiatik, bakoitzean 70-100 marinelekin.[39]

1597an, berriz, izurrite bubonikoak hiria eta Pasaia astindu zituen, baita 650 hildako utzi ere Donostian, eta 364 Pasaian.[40] Gorabeheron erdian zorpetuta zebilela eta, udalak zerga berriak jarri zizkion artileari portuetan (bereziki Pasaiakoan), baita ondorio larriak eragin ere. Iruñetik zetorren barrualdeko merkataritzak iparraldeko bidea hartu zuen, eta Baiona bihurtu zen nafar artilea itsasoratzeko portua.[40] Ordura arteko Donostiako ontziolak ontziola handi eta espezializatuagoen beharrez Pasaiara lekualdatzen joan ziren. 1682an, Kontsulatua eta Kontratazio Etxea sortu ziren Donostian.

Ameriketara begira aldatu

 
Donostiako Santa Maria eliza, Konpainiaren diru-ekarpenez eraikia
Sakontzeko, irakurri: «Caracasko Gipuzkoar Konpainia»

1713ko Utrechteko Ituna oso kaltegarria izan zen hiriarentzat, donostiarrek Ipar Atlantikoko arrantza-urak galdu baitzituzten. Gainera, ez zuen bakea ekarri, Frantziaren etsaigoa baizik. 1719. urtean, lehendabizikoz, Berwick dukea buru zuen 26.000 gerlariko frantziar armadak Donostia hartu zuen, setioa jarri ondoren. Donostiaren berreraikuntza-lanetan, Plaza Berria sortu zuten Donostiaren erdian, olgeta eta merkaturako.

1728an, Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortu zen. Baldintzak mesedegarriak ziren nola gipuzkoarrentzat, hala Erregearentzat, aduana-zergarik gabe sartuko baitziren Ebron zehar inportatutako gaiak; bereziki, kakao estimatuak, tabakoak, larruak eta espezieak. Negozioa biribila zen, eta Donostia aberastu egin zen urte horietan. Ontzigintzak eta burdinolek lanean jarraitu zuten bete-betean. Euskaldunak eskifaietan sartzen ziren kopuru handitan eta, Konpainiaren ekimenez, hainbat enpresa eta elkarte sortu eta sustatu ziren Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainian. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea ere sortu zen Konpainiaren epelean (1765). Aldiz, Karlos III.a erregeak 1778an Venezuelarekiko merkataritza liberalizatzeko emandako aginduak egoera politiko-ekonomikoa gaiztotu zuen, eta Konpainiaren amaiera ekarri.

Aro garaikidea aldatu

Hondamenditik turismo-hirira aldatu

 
Donostiaren setioa eta suntsipena (1813)
 
Ondarretako dantza-ospakizuna (Darío de Regoyosen margolana)

Tentsio politiko handiaren erdian, 1794ko abuztuan, frantses iraultzaileak Donostiara sartu ziren, eta Gipuzkoaren independentzia-aldarrikapen bat ere gertatu zen Donostiako burgesiak bultzatuta. Espainiako agintariek Donostiako udala zigortu zuten ustez (espainiar) «abertzaletasun» epela erakusteagatik (Iruñea, 1796). Une horretan, hiria hizkuntzaz erabat euskalduna zen, baita elebakar ugari ere tartean. Ordurako, gaskoi hizkuntza azken hatsetan zen Donostian. Iberiar Penintsulako Gerra azkenetan zela, Wellingtongo dukeak zuzendutako britaniar eta portugaldar tropek setioa jarri zioten Donostiari eta, 1813ko abuztuaren 31n, hirira sartu eta kiskali zuten, baita biztanleriaren zati bat sarraskitu ere.[41] Irail hasieran, Donostiako familia aberatsenek hiria berreraikitzea erabaki zuten, Pedro Manuel Ugartemendiaren zuzendaritzapean.

1828an, Donostiak berreskuratu zuen Amerikarekin salerosketan aritzeko eskubidea.[42] Lehen Karlistaldia piztu zen handik gutxira, eta karlistek Donostia inguratu eta bonbardatu zuten. Donostiak foruen gehiena galdutako Nafarroari atxikitzea eskatu zuen, 1841ean. 1863an, Donostiako harresia eraitsi eta hiribilduak gotorleku militar izateari utzi zion, herritarren pozerako.[43] 1845etik, Espainiako Errege Gorteak udak oporretan ematen zituen Donostian, eta udal kabildoak zerbitzuen eta gerora «tourismo» deitu zutenaren hiria izatearen alde egin zuen.[44]

 
Donostia(1908). Errege-familiaren bainu-etxola.

Eliteen oporraldietarako Biarritz eredutzat hartu zuten bezala,[45] 1845. urtetik aurrera Espainiako errege-erreginen oporraldietako eta bainuetako hiri bilakatu zen Donostia. Kontxako hondartzak erret-hondartza titulua jaso zuen 1887an, eta errege-erreginen bainu-etxola Kontxako udako objektu bereizgarrienetakoa bilakatu zen.[46]

Gainera, 1864an burdinbidea heldu zen Donostiara.

 
Loretopeko Danborra, 2. karlistadan eraikia, Miramar Jauregiak ordezkatua.

1872an, Bigarren Karlistaldia piztu zen, eta Donostia Gipuzkoako hiri liberal bakarra izan zen. 1875ean, gertutik eraso egin zioten indar karlistek, eta hiriaren setioak 1876ko otsailaren 18ra arte iraun zuen.[47] Helburu militarrekin, gerran, Danborra izeneko dorrea eraiki zen badian gerra garaian, Loretopen, 20. mendetik Miramar jauregian dagoen tokian.[48]

Gerraostean, kultur jarduera handiko garai bat hasi zen donostiarrentzat; adibidez, danborrada eta, pixka bat geroago, Euskal Festak (1896).[49] 1872an bertan, Santa Katalina zubi neoklasikoa eraiki zen; 1882an, Donostiako Kasinoa; 1887an, Gipuzkoako Foru Aldundia, etab. Egungo erdialde osoaren bokazioa eliteen eta burgesiaren bizileku eta atsegin izatea zen eta, beraz, herritar xumeak beste auzo batzuetan geratu ziren.

Belle Époquetik gerraoste arte aldatu

 
Amara eta Urumearen kanalizazioa
 
Eskuindar matxinoen aldekoak Donostia erdialdean, 1936ko irailean
 
Amarako tranbia-estazioaren ikuspegi bat (1955 inguruan)
 
Haizearen orrazia, erauntsiaren erdian

XX. mendearen hasieran, Donostia udako hiriburu eta probintziako gune administratibo eta politikoa zen. Elektrizitatea eta kaleetako argiztapena ere heldu zen (1899), baita tranbiak ere luze gabe, automobilekin batera.[50]

1910eko hamarkada Kontxako badia eta pasealekuaren transformazio handiarekin hasi zen. 1910ean hasi ziren pasealekua doitzen, baranda, erloju eta kale-argi diseinuezkoekin; eta eraikinak ere egin ziren: errege-erreginen bainu-etxola zegoen tokian 21. mendean errege-erreginen bainuetxea dena eraiki zen 1911n, eta badiaren erdian beste bainuetxe handiagoa, La Perlakoa, 1912an.

Lehen Mundu Gerra garapen eta aberastasun handiko aldia izan zen Donostiarentzat. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia ugari agertu ziren: Mata Hari, Leon Trotski, Ravel, etab. «Belle Epoque» garaia izan zen. 1904an, Itun Ekonomikoa berritzeko gatazka politikoen epelean, askotariko alderdi politikoek Liga Foral Autonomista sortu zuten, eta 1923ra arte sindikatuen hainbat protesta eta istilu izan ziren. 1930ean, berriz, Espainiako hainbat politikari Donostiara bildu ziren, eta Donostiako Ituna sinatu, 1931ko apirilean Espainiako II. Errepublika ekarriko zuena. Donostiak joera aurrerazalea hartu zuen gehienean, baita euskal autonomia-estatutuaren aldekoa ere.[51]

1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularrak irabazi zuen Donostian.[52] Uztailean, Donostian ere Gerra Zibila hasi zen: Loiolako kuartelaren matxinada itoa izan zen, baina hilabete eta erdian, Donostia Altxamenduko indarren eskuetan erori zen. Donostiako 30.000tik gora herritarrek ihes egin zuten Beorlegi koronelaren indarrak (nazionalak) Donostiara sartzerakoan (1936ko irailaren 13an). Bertan geratutakoek, errepresio bereziki gogorra jasan zuten; ehunka izan ziren luze gabe fusilatuak (400dik gora), eta errepresio gogorrak jarraitu zion. Urte kritikoak izan ziren hurrengoak, elikagai eta gasolina eskasia zegoen, tabakoaren errazionamendua, industrietan material falta, ilarak gai asko eskuratzeko (cartilla delakoa). 1939an Musika Hamabostaldia sortu zen. Gipuzkoako gobernadore zibilari botere bereziak eman zitzaizkion jarduera politiko guztien kontrol eta errepresiorako.[53] 1947an, Donostiako udalbatza Kasinora lekualdatu zen eta, hurrengo urtean, bertan behera geratu zen ofizialki gerra-egoera.

Kontsumoaren gizartearen hasieratik gaurdaino aldatu

1950ko urteen amaieran hasita, hainbat zerbitzu publiko hobetu ziren; adibidez, hezkuntzan eta osasun-arloan.[54] Aldi berean, etorkinak ugari heldu ziren Hego Euskal Herritik eta Espainiako hainbat tokitatik.[55] Hirigintza anabasan erori zen etxegileen diru-goseak eta kontrol politiko faltak bultzatuta. 1953an lehenengo Donostiako Zinemaldia egin zen. Bertatik igaro ziren Ava Gardner, Vittorio Gassman, Charlton Heston... 60ko urteen gizarte-aldaketen testuinguruan, herritarren kezkak artearen eta kulturaren arlotik bideratu ziren hasieran.[56] Auzo-elkarteak sortu ziren. 1960ko hamarkadan, Donostia euskal kulturaren berpizkundearen eta euskal mugimendu nazionalistaren gunea bihurtu zen.[57] Manifestazioak ugaritu egin ziren eta, 1968ko abuztuan, lehenengoz, salbuespen-egoera dekretatu zen; gehiago etorri ziren hurrengo urteetan, 1975 arte.[58] Aldi berean, hiriaren ikur bihurtutako Haizearen orrazia eraiki zen, Eduardo Chillidarena (1974).

Diktadorea hil ondoko urteak tentsio handikoak izan ziren. 1977an, Amnistiaren Legea onartu zen, eta euskal preso politiko ugari itzuli ziren. Hala ere, grebak, manifestazioak eta liskarrak poliziekin ugaldu egin ziren; ETAren bi erakunde armatuek hilketa eta indarkeria ekintza ugari egin zituzten aldi horretan, baita erregimenari lotutako beste talde ilun batzuek ere.[59] 1976ko abenduan, Erreala eta Athletic futbol-taldeen arteko derbiko ikurrinaren aldarrikapenaren ondoren, legeztatu egin zen azkenik 1977ko urtarrilean. 1979ko ekaineko hauteskundeetan, EAJko Jesus Maria Alkain izan zen Donostiako alkate hautatua, demokratikoki aukeratutako lehenengoa eta lehendabiziko abertzalea. Urte hauek beheraldi urteak izan ziren, ekonomiaren gainbehera tartean, gatazka eta indarkeria sozio-politiko handikoak eta hirigintza zabar eta zekenekoak. 1981ean, Itun Ekonomikoa berrezarri zen.[60] Bestalde, futbolean herritarrak poz batean ziren Errealak 1980, 1981 eta 1982. urteetan Espainiako Ligan irabazitako postuekin, inoiz lortutako onenak.

Ramon Labaien 1983an hasi zen alkate-lanetan. Auzo-elkarteek ere protagonismo handiagoa hartu zuten udalean.[61] 1991n, PSOEko Odon Elorza gailendu zen hauteskundeetan, Donostiako inoizko alkate gazteena. Hirigintza eta zerbitzuen hainbat proiektu estrategikori heldu zitzaien orduan.[62] 1993an, Ertzaintzak Espainiako Polizia Nazionala ordezkatu zuen Donostiako zaintza-lanetan, baina, aldi berean, ETAk PPko Gregorio Ordoñez zinegotzia hil zuen.[63] ETAren su-etenekin batera eta Baiona-Donostia eurohirian kokatuta, hiriaren itxuraldaketa eta turismoa sendotu egin ziren. 2011n, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre hasi zen alkate-lanetan eta, berehala, Donostia 2016ko Europako kultura hiriburu hautatu zuten, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera; gero, hiriburutza hori Eneko Goiaren agintaldian (EAJ) gauzatu zen.

Demografia aldatu

2010ean 185.000 biztanle inguru zituen Donostiak; hots, Gipuzkoa osoko populazioaren % 26,5. Euskal Herriko bigarren hiririk handiena izan zen 1980ko hamarkadara arte, eta gaur egun laugarrena da, Bilbo, Gasteiz eta Iruñearen ondoren.

1940ko hamarkadaren ondoren oso azkar hazi zen, Euskal Herriko beste hiri batzuk ez bezala, Donostiaren hazkunde demografikoa jadanik nabaria izan zen XX. mendearen hasieratik, eta 1900etik 1950era hiru halako egin zen donostiarren kopurua. 1960 eta 1970eko hamarkadetan ere hazkundeak jarraitu egin zuen, baina 1980ko hamarkadan beherakada txiki bat izan zuen hiriak.

Biztanle kopurua % 0,5 eta % 1 artean hazi da urtero 1991az geroztik. Dena den, biztanleriaren hazkundea moteldu egin da: urtez urteko hazkundea % 1 baino nabarmen txikiagoa da azken urteotan.[64]

2019an 181.652 biztanle zituen, horietatik % 23,92k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak % 11,29 ziren.[65]

 
Donostiako udaletxea, Alderdi Ederretik begiratuta.
Donostiako biztanleria

Ekonomia aldatu

Donostiaren jarduera ekonomiko nagusia zerbitzu-sektorean dago. Nekazaritzak, gehienbat Zubieta eta Igeldo auzoetan kokatua, % 0,1a soilik dakarkio ekonomiari. Industria eta eraikuntza sektoreek % 11,3a (industria 27 Poligonoan eta Rezola zementu lantegian biltzen da batez ere) eta gainontzeko % 88,6a zerbitzuei dagokie.[66][65] Donostiako barne produktu gordina per capita 34.589 eurokoa izan zen 2012 urtean.[67] Langabeziari dagokionez, Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburuetan tasa baxuena dago Donostian. 2015ean, % 11,2koa zen (guztira, 10.418 langabetu). Sexuen arabera, emakumeen langabezia tasa % 12,7koa zen (5.657) eta gizonezkoena, berriz, % 9,9koa (4.761).

Adinaren araberako irakurketa egiterakoan, 45 urtetik gorakoek dute langabezia-tasa garaiena, 5142 langabetu baitira.[66]

Gipuzkoako hiriburua izanda, lurraldeko administrazio eta hezkuntza gune nagusia da. Merkataritza-gune garrantzitsua ere bada, eta Gipuzkoako zein Gipuzkoaz kanpoko bezeroak erakartzen ditu. Hirigunean, Bretxako azoka, San Martin azoka eta Arcco Amara merkataritza-guneak nabarmentzen dira; aldirietan, berriz, Garbera eta Belartzako merkataritza-zentroak daude Intxaurrondo eta Añorga auzoetan. Euskal Herriko Unibertsitateko Ibaetako campusak eta Deustuko Unibertsitateko Mundaitzeko campusak, hainbat fakultaterekin, osatzen dute hiriko unibertsitate-eskaintza nagusia. Horien inguruan ikerkuntza-guneak ere badaude, Miramongo Teknologi Parkearekin batera. Zentro horietan nagusiki egindako ikerkuntza eta garapen jarduerak BPGaren % 2,86koa ekarri zuen guztira 2012an.[68]

 
Donostiarren errenta auzoka

Donostiarren errenta auzoka aldatu

2016an, batez beste, 24.552 euroren diru sarrerak izan zituen 18 urtetik gorako donostiar bakoitzak; 20.206 euro, zergak ordaindu ondoren; batez beste 50.656 euroren diru sarrerak izan zituen Donostiako familia bakoitzak. Baina auzo batetik bestera izugarri aldatzen ziren gauzak.[69] Altzak zuen batez besteko errentarik txikiena (16.575 euro), eta Miramon-Zorroagak handiena (40.850 euro): Altzak halako 2,5. Altzako batez besteko errenta % 3,1 hazi zen 2015etik 2016ra; Miramon-Zorroagakoa, berriz, – % 22. Eta Igeldokoa, Landarbasokoa eta Zubietakoa murriztu egin ziren. Beste horrenbeste gertatzen zen batez besteko familia errentari zegokionez, eta are gehiago. Hor ere, Altzak zuen batez besteko kopururik txikiena (34.440 euro) eta Miramon-Zorroagak handiena (111.522 euro): Altzakoa halako 3,2 zen datu hori. Ondorioz, Altzako familia oso batek baino diru sarrera handiagoa zuen Miramon-Zorroagako herritar bakar batek, eta aldea urtean 6.410 eurokoa zen.

Altza eta Miramon-Zorroaga ziren Donostiako bi muturrak. Baina muturretara jo gabe ere alde nabarmenak zeuden. Altzak baino emaitza hobeak izan arren, batez bestekoaren oso azpitik eta errenta txikienak zituzten auzoen zerrendaren buruan zeuden Martutene (18.707 euro), Bidebieta (18.927 euro), Intxaurrondo (19.262 euro) eta Loiola (19.288) ere. Kontrara, batez bestekoa aise gaindituz, diru sarrerarik handienak dituztenen aldean zeuden Aiete (31.950 euro), Antigua (31.141 euro) eta Erdialdea (29.839 euro). Eta batezbestekoaren bueltan zeuden Amara Berri (24.673 euro) eta Gros (24.898 euro).

Turismoa aldatu

 
Igeldotik

Turismo-hiri nabarmena da Donostia, hainbat jai, kultura eta kirol ekitaldiren egoitza. XIX. mendean Viktoria Eugenia erreginak bere oporraldirako hautatu zuenez geroztik, Donostiak hiri turistiko izateari eutsi dio. 2010eko hamarkadan, turismoak hazkuntza nabarmena izan du hirian, 2015ean ia 600.000 bisitarira helduz. Turismoaren barruan, aipatzekoa da gastronomiak duen erakargarritasun itzela. Pintxoez eta ohiko jatetxeez harago, hirian nahiz inguruetan Michelin izarra duten jatetxeen kontzentrazioa, biztanleko, munduko handienen artean dago[70]. Zehazki, bost dira: hiru izarrekoak Akelarre eta Arzak, eta izar batekoak, Kokotxa, Mirador de Ulía, Miramon Arbelaitz. Gastronomia-ikerketa eta irakaskuntzarako Basque Culinary Center delakoak ere Donostian du egoitza.

Turismoak izan duen gorakadak sostengarritasunari buruzko kezka piztu zuen 2016an; izan ere, jarduera ekonomiko horren hainbat albo ondorio gertatzen hasi ziren: etxebizitzen eta alokairuen garestitzea, ostalaritzako prezioen garestitzea eta zerbitzuen saturazioa.[71][72] Hargatik, 2016tik 2022ra 45 hotel berri sortu ziren hirian, guztira 132 hotel eta 7.048 lotarako lekurekin; kezka sortu du auzo elkarte eta alderdi politiko batzuen artean, hiria turistez gainezka egiten ari delakoan.[73]

Politika eta administrazioa aldatu

Eneko Goia (EAJ) da Donostiako alkatea 2015eko ekainaren 13tik, Juan Karlos Izagirreren (Bildu) alkatetzaren ondotik. Goiak alkatetza lortu zuen EAJren baiezko eta PSE-EE eta EH Bilduren boto zuriei esker, gehiengo sinplea lortuta. Gehiengo osorik lortu ez zenez, boto gehien lortutako hautagaia bihurtu zen alkate. 2019an Eneko Goia izan zen berriz alkate.

Udal hauteskundeak aldatu

Donostiako udalbatza

Alderdia

2019

2015

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
10 / 27
34.065 (% 35,46)
9 / 27
29.029 (% 29,65)
Euskal Herria Bildu
6 / 27
20.367 (% 21,20)
6 / 27
20.467 (% 20,91)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
5 / 27
16.851 (% 17,54)
7 / 27
24.007 (% 24,52)
Alderdi Popularra (PP)
3 / 27
10.340 (% 10,76)
3 / 27
9.272 (% 9,47)
Ahal Dugu-EB-Equo*
3 / 27
9.476 (% 9,87)
2 / 27
6.947 (% 7,10)
* 2015ean Irabazi Donostia modura aurkeztu ziren
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako alkateen zerrenda»

Hauek izan dira Donostiako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[74]
Jesus Maria Alkain Martikorena[74] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
Ramon Maria Labaien Santsinenea 1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
Francisco Xabier Albistur Marín 1987 1991 Eusko Alkartasuna
Odon Elorza Gonzalez 1991 1995 Euskadiko Alderdi Sozialista
Odon Elorza Gonzalez 1995 1999 Euskadiko Alderdi Sozialista – Euskadiko Ezkerra
Odon Elorza Gonzalez 1999 2003 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Odon Elorza Gonzalez 2003 2007 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Odon Elorza Gonzalez 2007 2011 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Juan Karlos Izagirre Hortelano 2011 2015 Bildu
Eneko Goia Laso[74] 2015 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Eneko Goia Laso[74] 2019 2023 Euzko Alderdi Jeltzalea
Eneko Goia Laso[74] 2023 Jardunean Euzko Alderdi Jeltzalea

Azpiegiturak aldatu

Garraioa aldatu

Hiri arteko garraioa aldatu

 
Norteko geltokia.

Donostia puntu garrantzitsua da europar errepide trafikoan. Iparretik hegoaldera, E-05 (GlasgowParisAlgeciras), eta mendebaldetik ekialdera, E-70 (A CoruñaBordele) eta E-80 (LisboaBurgosPabe) europar errepideek zeharkatzen dute. Ibilbide hauetan, Irundik norabidean, A-8 errepidetik sar daiteke Donostiara. Bilbotik A-8 errepide nagusia ordainsariz erabil daiteke. MadrilGasteiztik A-1 errepidetik egiten da sarrera. A-1 jarraituz, Donostiatik gertu, Andoainen, A-15 errepiderako lotunea dago, IruñeaZaragozara eta bertatik Bartzelonara bideratzen dena. Kasu guztietan eta Donostia inguratzen duen errepide gerriko edo sare trinkoari esker, Donostiako hirigunera sartzeko hainbat aukera daude baina sarbide garrantzitsuenak Amara eta Ibaeta auzoetatik dira. Gipuzkoa mendebaldeko kostaldeko herrietatik Donostiara etortzeko maiz erabiltzen den errepide bat N-634 izenekoa da.

Donostiara joan eta etortzeko errepidezko bidaiarien garraio publiko sarean, Lurraldebus autobus zerbitzuetarako elkartea, Gipuzkoako herrietara autobus sare bateratu bat eskaintzen duena, Txartel bakarra izeneko bidai-txartel pertsonal baten bitartez. Euskal Herriko beste hiriburuetara autobus zerbitzu ugari dago egunero.[75]

Trenbideari dagokionez, Iparraldeko geltokian Espainia eremuko eta aldiriko trenak dabiltza. Bestaldetik, Euskotren konpainiak Hendaia eta Bilborainoko bidaiak eskaintzen ditu, baita Donostialdeko metroa ere.

Hegazkinez, Hondarribiko aireportua hiritik gertuen dagoen aireportua da. Harainoko autobus zerbitzua badago. Aireportu horrek eskaintzen dituen hegaldiak mugatuak direneaz, Bilbo-Loiu aireportua —100 bat kilometrora dago— erabiltzen da nazioarteko hegaldietarako, edo Miarritzekoa, batez ere Pariserako hegaldietarako.

Hiri barneko garraioa aldatu

Donostia hiri txikia izanik, oinez erraz eta eroso zeharka daiteke, oinezkoentzako kale eta ibilbideei esker. Hain zuzen ere, Monpaseko ekialdeko muturretik, Ulia mendiaren oinetan, hiriaren mendebaldeko puntan dauden Haizearen Orrazia izeneko eskultura multzoraino oinez egin daiteke semaforo bakar batekin topo egin gabe 7 kilometron zehar. Donostiarrek bizikleta ere sarritan erabiltzen dute, beste hirien aldean, eta horrela bidegorri edo txirrindularientzako ibilbide sare zabala osatu da. Udalak prestaturiko alokairuzko bizikleta-zerbitzu bat ere badago, dBizi izenekoa.

 
Donostiako metro proiektuak izan zuen izen probisionala, 2010eko hamarkada hasieran.

Donostiako metro proiektua 21. mendeko proiektu bat da, 2010eko hamarkadaren hasieran Metro Donostialdea izenarekin sustatzen hasi zena, baina obrak aurrera egin ahala, metro terminoa galdu eta Topo berrizendatu zutena, Euskotrenek kudeatzen duen Donostialdeko aldirietako trenbideen izen herrikoia ofizialduz.[76] 2025erako iragarri izan da metroaren irekiera.[77]

Autobusez, Donostiako Tranbia Konpainiak 27 autobus ibilbide mantentzen ditu hiriko auzoetan zehar, guztira 115 autobusekin (2009ko datuak). Asteburuetan, gauez ibiltzen den jendearentzat erabilgarri, gau eta goizaldeko Gau Txori izeneko zerbitzuak daude. Bidaiari kopurua 27.360.638 lagunekoa izan zen 2008an.[78] Horrela, Donostian gehien erabiltzen den hiri barneko garraiobidea da, automobila alde batera utzirik.

Hala eta guztiz ere, trafiko arazo larriak izaten dira Donostiako kaleetan. Ibilaldi guztietatik % 27ak ibilgailu partikularrez egiten dira. Konponbide gisa, hiriguneko kanpoaldean disuasiozko aparkalekuak eta hirigunearen zati handi bat hartzen duten TAO guneak ezarri arren, aparkaleku eskasa izaten da eta sarbide nagusietan eta erdiguneko kaleetan automobil ilara luzeak sortu ohi dira. Trafiko trinko honek sortzen duen aire- eta soinu-kutsadura dela-eta kezka badago.[79]

Turismoari begira eratutako hiri barneko garraiobide bereziak ere badaude. Antzinako Igeldoko funikularrak Ondarretatik Igeldo mendi gainerainoko malda igotzen jarraitzen du. Hiriko ikusgarri nagusiak erakusten dituzten autobus turistiko bat eta Txutxu Tren izeneko bagoidun ibilgailua ere badaude.


Hezkuntza eta ikerkuntza aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako ikastetxeen zerrenda»

Donostia hiru unibertsitateren egoitza da: Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultate eta eskolak Ibaetako campusean zehar zabaltzen dira euskaraz eta gaztelaniaz ikastea ahalbidetzen duen titulazio-eskaintza zabal batekin; Nafarroako Unibertsitateak ere Tecnun izeneko ingeniaritzako eskola du bertan; eta Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako campusa Mundaizen da, eta turismoko ikasketak, enpresako ikasketak eta beste batzuk eskaintzen ditu. Unibertsitate horiekin lankidetzan, ikerkuntza-zentro aurreratuak daude: nanoGUNE (nanoteknologiaren arlokoa), Donostia International Physics Center, Inbiomed, Basque Center on Cognition, Brain, and Language, HITZ zentroa (hizkuntza-teknologia, Ixa Taldea), CIDETEC, CEIT eta abar. Nature aldizkariak 2020an egindako munduko sailkapenean, Donostia ekoizpen zientifiko gehien zuten lehen 200 hirien artean agertzen zen eta, lankidetza zientifikoan, munduko lehen ikerketa zentrotzat hartzen zen.[80]

Haur eskoletatik batxilergora ikastetxe-sare zabala du Donostiak, ikastetxe publikoek, pribatuek (gehienak katolikoak) eta ikastolek osaturikoa. 2006ko datuen arabera, euskara hutsezko D eredua da nagusi (13.910 ikasle), A (9.101 ikasle) eta B (10.148 ikasle) ereduen aldean.[81]

Euskara aldatu

Donostiako hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, Euskal Herriko Ahotsak[82] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.
 
Bilintxen bertsoetan jasota dago Donostiako euskara urbano zaharra.

Donostiako euskara gipuzkera edo erdialdeko euskara da; eta, haren barruan, Beterriko euskara,[83][84] Donostialde osoan mintzatua. Koldo Zuazok hainbat lekukotasun aipatuz erakutsi duenez,[85][86] Beterriko gipuzkera izan da, XVIII. mendetik XX.eraino (biak barne) Hego Euskal Herriko euskaldunen artean eredugarritzat hartu den hizkera, beste euskalki eta azpieuskalkietako hegoaldetar euskaldunek norberaren hizkera gutxiesteraino.

Egoera soziolinguistikoa aldatu

Donostiako jatorrizko hizkuntza euskara da, gaur egun egoera minorizatu batean dagoena, gaztelaniaren mesedetan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran hasi zen euskararen gainbehera hirian. Espainiako Gerra Zibilaren ostean ordezkapen linguistikoa nabarmen azkartu zen. Hazkunde demografikoa nabarmena izan zen garai horietan, 1900tik 1950era hirukoiztu egin zen donostiarren kopurua.

Jose Artola euskal idazleak kontatzen duenez, XX. mendearen hasieran Donostiako Parte Zaharrean, Boulevarderaino, euskaraz mintzatzeko ohitura zegoen euskaldunen artean, baina behin Kortazar Zabalgunera iritsi orduko, erdararen indarra gogor sentitzen hasi zen.

XIX. mendearen bigarren erdialdean euskara nagusi zen oraindik Donostiako kaleetan. Inork gutxik daki, esaterako, 1891 arte Donostiako Udaleko langile guztiek euskaraz hitz egiten jakin behar zutela, edo 1897 arte hiriko kaleak euskara hutsez izendatzen zirela (izendapen elebiduna urte hartan erabaki zen).

2011n Eustatek egin duen Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuko datuak oinarri hartuta, bost urte edo gehiagoko 69.057 euskaldun ditu Donostiak. Donostiarren % 39,9 euskaldunak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskaldunen ehunekorik handiena duen hiriburua da. 30 urtetik beherako donostiarren lautik hiru euskaldunak dira (% 73,4). Era berean, nagusiagoen artean ere handia da euskaldunen ehunekoa. Esate baterako, 30-34 urte bitartekoen % 41,9 euskalduna da. Dena dela, adinean aurrera egin ahala, euskaldunen ehunekoa jaitsiz doa.[87]

Euskaldun hartzaileen ehunekorik handiena 35 eta 39 urte bitartekoek dute (% 31,7), eta ehunekorik txikiena 15-19 urte bitartekoek (% 7,9). Azpimarratzekoa da, gainerako hiriburuetan ez bezala, euskaldun hartzaileen ehunekorik txikiena gazteenen artean dagoela.

Erdaldunak nagusi dira 40 urtetik gorako adin-taldeetan. Zenbat eta zaharrago orduan eta erdaldun gehiago dago. Esate baterako, 75 urtetik gorako donostiarren artean, 10etik 6 baino gehiago erdaldunak dira.

Donostia
Guztira Euskaldunak

%

Euskaldun

hartzaileak %

Erdaldunak

%

≥85 5.384 27,5 11,9 60,6
80-84 6.131 26,1 13,2 60,6
75-79 7.865 24,2 15,5 60,3
70-74 7.691 23,6 17,2 59,2
65-69 9.841 23,1 19,9 57,1
60-64 11.628 23,4 21,9 54,7
55-59 12.562 24,2 23,7 52
50,54 14.018 27,8 24,6 47,6
45-49 14.622 30,1 26,9 43
40-44 14.024 31,9 30,7 37,4
35-39 13.921 36,2 31,7 32,2
30-34 12.978 41,9 26,9 31,2
25-29 10.708 52,7 20,5 26,8
20-24 8.562 67,9 13 19,1
15-19 7.373 82,7 7,9 9,4
10-14 7.804 88 8,6 3,4
05-09 7.828 83,9 12,2 4
GUZTIRA 172.940 39,9 21,2 38,9

1981ean euskaldunen ehunekorik handiena 85 urtetik gorakoek zuten (% 38,3) eta euskaldunen ehunekoa jaitsi egiten zen adinarekin batera. Dena dela, 5-14 urte bitartekoek ehuneko garaiagoa zuten 20-39 urte bitartekoek baino. Hortaz, umeen artean euskaldunen ehunekoa igotzen hasita zegoen. Donostiako euskaldunen bilakaera oso handia izan da 30 urte hauetan. % 21,4 ziren euskaldunak 1981ean, eta % 39,9 dira 2011n. Euskaldunen bilakaerarik handiena gazteenek izan dute. Horrela, 5 eta 14 urte bitartekoen artean bostetik bat zen euskalduna 1981ean (% 21,1); % 80tik gora, aldiz, 2011n.

Soziolinguistika klusterrak egiten duen kale erabileraren neurketan oinarrituta, ezagutzaren inguruko datuekin alderatuz, bestelako panorama azaltzen dute emaitzok, gaztelera edo frantsesa baitira Donostian gehien entzuten diren hizkuntzak. Halere, 1989tik 2011ra zertxobait igo da euskararen erabilera, eta apur bat behera egin du gaztelera eta frantsesaren erabilerak.

Gaskoi izenak aldatu

Orain dela mende batzuk Donostian gaskoi jendearen komunitate bat bizi zenez, gaskoi hizkuntzaz ere mintzatzen zen; komunitate horrek leku-izen ugari laga ditu Donostian eta horietako asko gaur egun arte iritsi dira: Urgull (gaskoiz – Orgull edo Urgullus, euskarara Urgull formarekin ekarri zen), Enbeltran (gaskoiz – En Beltran, hots, Beltran jauna), Gros, Polloe (gaskoizko Poll eta Pollet hitzetatik dator, Polloe formaz euskaratu zen), Morlans, Monpas (Mont-pas), Aiete (gaskoiz – Ayet; Aiete formarekin euskaratu zen), Ulia (gaskoiz – Oli, euskaraz – Ulia edo Uliamendi) eta Miramon (gaskoiz – Miramont).[88]

Korrika aldatu

KORRIKA hainbat alditan amaitu da bertan; 22. KORRIKA, alegia, berriro amaituko Donostian, AEK-k jakinarazi duenez: 2022ko apirilaren 10ean, hain zuzen ere. 2011n amaitu zen 17.a, Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek irakurritako mezuarekin, eta berriro dagokio Gipuzkoako hiriburuari euskararen aldeko ekimen erraldoiaren bukaera hartzea.[89]

Kultura aldatu

 
Victoria Eugenia Antzokia

Donostiarren ekimen herrikoiak gaindituz, Donostiako kultura eskaintza batez ere turismoa bultzatzeari eta nazioartean irudi erakargarria emateari begira eratzen da erakunde publikoen aldetik.[90]

Jaialdiak aldatu

Hirian antolatzen den jaialdi zaharrena, Musika Hamabostaldia, 1939an sortu zen, turisten oporraldia luzatzeko asmoarekin.[91]

Hasierako urteetan abuztuaren amaieratik irailaren erdialdera luzatzen zen eta 1980ko hamarkadatik aurrera abuztu osoan zehar ospatu ohi da.[92]

Handik urte batzuetara, 1953an hiriko dendarien ekimenez Donostiako Nazioarteko Zinemaldiari hasiera eman zitzaion. Hastapenetan, zinemaren nazioarteko astea izan zenak laster lortu zuen nazioarteko jaialdien maila.[93]

Jazzaldia, berriz, Donostiako jazz zaleen ekimena izan zen, Mariano Larrandiak Kultur eta Turismo Ekintzetxeari jazz jaialdi bat egitea proposatu zion eta lehenengo saioa 1966ko irailaren 10ean izan zen Trinitate plazan.[94]

Gaur egun erakunde publikoak dira jaialdi horien bultzatzaile nagusiak, babesle pribatuen laguntzarekin.1990eko hamarkadatik aurrera erakunde publikoen eskutik beste hainbat jaialdi jaio ziren, horien artean daude Dferia, Giza Eskubideen Zinemaldia, Surfilm festibal, Literaktum eta Donostikluba.

 
Antzoki Zaharra

Ekipamenduak aldatu

Kursaal jauregia, Rafael Moneo arkitektoak diseinaturiko jauregi ikusgarri honetan auditorioak eta areto zabalak daude, zine, musika, antzerki eta dantza emanaldiak egin eta feria, biltzar eta kongresuak antolatzeko. Horrela, Kursaal jauregian eta ondoan dagoen eta halaber ikusgarria den Victoria Eugenia antzokian, hiriak antolaturiko kultura ekitaldi nagusiak ospatzen dira, Donostiako Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Jazzaldia eta udazkeneko Beldurrezko Astea.

Parte Zaharreko Antzoki Zaharra arte eszenikoen eta zinema emanaldietarako tokia izaten da. Bertan ospatu izan dira Nosferatu Zikloa, Fantasiazko eta Beldurrezko Astea eta Zinemaldiaren sailak.

Tabakalera, tabako fabrika izandako eraikina, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gune bilakatu da. Egia auzoan dago eta 2015ean inauguratu zen. Bertako proiektu kulturala lau lan ildoren inguruan antolatuta dago: praktika artistiko garaikideak, hezkuntza, Hirikilabs, kultura digitalaren laborategia eta Ubik, sorkuntza liburutegia. Tabakalera eraikinean hainbat erakunde eta proiektuk dute egoitza: Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak.

Beste ekipamendu nagusi bat Koldo Mitxelena Kulturunea da, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatua: liburutegia, erakusketa aretoak eta jarduera aretoak dauzka. Udal Liburutegia 1874an sortu zen eta gaur egun udalak sare oso bat du hirian zehar sakabanatua. Auzoetako liburutegi gehienak kultur etxeetan daude: programazio zabala dute, besteak beste, ikastaroak, kontzertuak, antzerkia, zinema emanaldiak eta erakusketak antolatzen dituzte. Udal Liburutegia eta kultur etxeak Donostia Kulturak kudeatzen ditu, Donostiako Udalaren kultur eragile nagusia, eta hainbat kultur ekipamendu eta jardueraren arduraduna.

Museoak aldatu

 
Aquarium museoa

Donostian era askotako museoak daude.[95] Zaharrena San Telmo Museoa da. Parte Zaharreko Zuloaga plazan dago, dominiko fraideen komentua izandako eraikinean. 2011n eraberritu zen eta Euskal Herriko gizartearen museo bilakatu.

Bisitari gehien jasotzen dituena Aquariuma da: kaiko eraikin batean dago: 1928an sortu zen eta 1998an zaharberritu eta handitu.

1990ko hamarkadatik aurrera sortu ziren Untzi Museoa (1991), Elizbarrutiko museoa (1991), Museum Cement Rezola (2000) Añorga auzoan eta Eureka! Zientzia Museoa edo Zientziaren Kutxagunea (2001). Donostiatik oso gertu, Hernanin Chillida-Leku museoa dago, Eduardo Chillida eskultorea eta bere familiaren ekimenez 2000. urtean inauguratua.

Handik urte batzuetara, 2009an Real Sociedad futbol taldeak Anoeta estadioaren beheko aldean Real 100 Museoa sortu zuen, taldearen sorreraren mendeurrenean.

Errotaburuko Karlos Santamaria Plazan Jokoenea museoan mundu zabaleko ehunka joko ikus daitezke: bakar-jokoak, dado-jokoak, domino-jokoak, karta-jokoak eta taula-jokoak.

Zinema aretoak aldatu

 
Gran Kursaal (1922-1972)

Donostiak zinema areto asko izan ditu,[96] egun ,SADE taldea Antiguo Berri Zinema, Principe eta Trueba zinema aretoen jabea da. Principe eta Trueba 1920ko hamarkadan sortuak, 1970-1980ko krisialdiaren ondoren eraberrituak izan ziren. Desagertutako zinema aretoen zerrenda luze da.[97] Zenbait kasutan zinema areto eta antzokiak izan dira aldi berean. Besteak beste, Salón Novedades izenekoa, Garibai kaleko 34 zenbakian, jatorriz El Pueblo Vasco egunkariak sortu zuen 1912an eta 1979an itxi zituen ateak.

Gran Kursaal (1922-1972) ere aipatu behar da, gerora bertan egon zen Inesa Gaxen aretoa (1969-1972). Miramar (1913-1987) Aldamar kalean, Petit Casino (1925-1998) Parte Zaharreko Kale Nagusian, gaur egun kasinoa, Novelty (1959-1976) Arrasate kalean, Actualidades (1951-1968) Arrasate kalean, Rex Avenida (1957-1991) eta Astoria (1961-2004), Amarako Antso Jakitunaren Hiribidean, Savoy Groseko San Franzisko kalean (1962-1996), Dunixi (1967-1977) Egiako Karmengo Andre Mariaren kalean eta Amaya, Getaria kalean (1966-1994).

Eraikin enblematikoen artean, berriz, Bellas Artes (1914-1982) antzoki eta zinea, Urbieta kalearen amaieran Prim kalearekin bat egiten duen kantoian. Bertan izan zuten egoitza Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.

Literatura aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako idazleak» eta «Donostia literaturan»

Kirolak aldatu

 
Amara Berri auzoa eta Anoetako estadioa.
 
Bera Bera eskubaloia.
 
Kontxako Bandera.

Nabaria da kirolzaletasuna donostiarren artean. Ohikoa da egun osoan zehar jendea korrikan edo bizikletaz ikustea. Hondartzak kirolgune garrantzitsu bihurtu dira. Zurriola hondartza surflarien bilgune da, bertako olatuak erakarrita. Kontxako hondartzan haurrak ibiltzen dira asteburuetan, futbolean, eskola arteko txapelketetan. Piraguismoan ere asko aritzen da Kontxako badian. Urumea ibaian zehar arraunketan aritzen dira kirolari asko. Hiriko ikastetxeetan ere haurrek kirolean jarduteko aukera izaten dute eta ikastetxeen arteko lehiak eta txapelketak izaten dira asteburuetan. Horretarako, hiriak kirol-instalazio ugari eta zenbait kiroldegi ditu.

Goi mailako kirolean, Real Sociedad futbol taldea nabarmendu behar da. Gipuzkoan futbol talde maitatuena izateaz gainera, Espainiako futbol talde entzutetsuenetakoa da. Historian zehar Espainiako lehen mailako bi Espainiako Futbol Liga eta Errege Kopa bat irabazi ditu. Klubak emakumezkoen futbol talde bat eta gazte talde bat ere biltzen ditu bere baitan. Futbolaz gainera, beste kirol batzuetan ere nabarmentzen da Real Sociedad: belar gaineko hockeyan esaterako, emakumezkoen taldea titulu anitz irabazitakoa da Espainian. Atletismo talde indartsua ere izan du ia taldearen sorreratik bertatik.

Hirian dagoen beste elkarte kirol anitza Club Atlético San Sebastián da, kirol gutxituak sustatzeko 1958. urtean sortu zena. Atletismoa, errugbia, softbola, igeriketa, praguismoa, belar hockeya eta beste hainbat kirol lantzen ditu eta Espainiako txapelketa ugari irabazi ditu.

da, kirol gutxituak sustatzeko 1958an sortu zena. Atletismoa, errugbia, softbola, igeriketa, belar hockeya eta

Bera Bera emakumezkoen maila goreneko eskubaloi taldea da, azken urteetan Espainiar Estatuko talderik indartsuena, ia urtero Ligak eta Kopak irabazi baititu.

Saskibaloian Askatuak talde historikoa eta gaur egun maila gorenean dagoen Gipuzkoa Basket taldeak daude.

Gizonezkoen Bera Bera Rugby Taldea Espainiako Errege Kopa bat irabazitakoa da.

Arraunketan, Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek txapelketa ugari irabazi dituzte arraunketa olinpikoan; tostako arraunketan, 2007tik aurrera Donostiarra traineru bateratuaren proiektuan batu dira, Club Deportivo Fortunarekin batera.

Negu partean oin-lasterketek ere arrakasta handia dute eta nazioarteko hainbat txapelketa antolatzen dira, hala nola, Donostiako maratoia, Behobia-Donostia eta Erregetako eta Donostiako nazioarteko krossak.

Ibilbideak aldatu


Jaiak eta ospakizunak aldatu

 
Donostiako Danborrada, San Sebastian egunean

Donostiarren jai nagusia Donostiako Danborrada da, urtarrilaren 20an, Donostia zaindariaren egunean hain zuzen. Erabateko ziurtasunik ez badago ere, 1836. urtean militarren parodia moduan sortua, jai honetan donostiarrek, elkarteetatik eratutako konpainietan bildurik eta sukaldariz edo militarrez jantzirik, danborrada etengane jotzen dute kaleetan zehar donostiar doinu tradizionalen erritmoan, San Sebastian martxa izenekoa nagusi bada ere. Egun horretan eguerdian ospatu eta milaka haur donostiar biltzen dituen Haur Danborrada izeneko desfilea ikusmin handia sortzen duen ekitaldia da.

Inauteriak dira donostiarren beste jai handi bat. Baina horien aurretik, kaldereroen konpartsek eta Inude eta Artzaien konpartsek egun bana dute bere desfileak egiteko. Santa Agedako ospakizuna ere auzoetan berpizten ari den euskal ohitura bat da. Donostiako inauteriak euskal inauteri tradizionaletatik aldentzen diren ospakizunak dira eta munduko beste toki askotan bezalaxe desfile huts moduan antolatzen dira.

Udan, abuztuko Aste Nagusia jai nagusia da. Kanpoko jende asko biltzen dituzten jaiak dira, batez ere gaueroko su artifizialen erakustaldien inguruan. Abuztuaren 31n, 1813an hiria guztiz suntsitu zuen sutea gogoratzen da, Abuztuaren 31 kalearen inguruan. Irailean Donostiako Euskal Jaiak ospatzen dira eta horiekin batera Donostiako Estropadak izaten dira.

Abenduaren 21ean Santo Tomas eguna ospatzen da. Egun horretan, baserri produktuen erakusketa eta salmenta postuen inguruan eta baserritar arropa tradizionalez jantzirik, milaka lagun biltzen dira jai giroan sagardoa, taloa eta txistorra, besteak beste, dastatzera. Konstituzio plazan erakusten den txerritzar baten zozketa ere egiten da.

Urtean zehar, bestetik, batez ere udan, Erraldoi eta buruhandien konpartsa ateratzen da kalera.

Aipatzekoak dira, halaber, hiriko auzoetan zehar ospatzen diren jaiak, hala nola Amara Zaharreko jaiak eta Egiako Porrontxoak.

Herri elkarteak aldatu

Gaur egun Euskal Herriaren mugak gainditu dituzten herri elkarte edo soziedadeak izenekoek Donostian izan zuten jatorri. Gizartearen atal garrantzitsu bat osatzen dute, elkartearen egoitzan lagun giroan afari baten inguruan egoteaz gainera, kultura eta kirol ekintza ugari antolatzen baitituzte. Donostiako jai nagusia den danborradan ere beraiek dira protagonista. Lehen elkarte gastronomikoak La Fraternal izena izan zuen eta 1843an sortu zen. Elkarteak sortzeko arrazoi nagusia Donostiako kaleko sagardotegiak galduz joatea izan zen; donostiarrek bilguneak behar zituzten otorduak egiteko eta elkarteak sortzen hasi ziren.

 
Donostiako portuaren 2002ko aireko ikuspegia.

Ondasun nabariak aldatu

 
Miramar jauregia

Kultur ondasunak aldatu

Donostian, badira Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu dituen hainbat monumentu eta monumentu-multzo. Landarbason Igoin-Arkolako Estazio Megalitikoa. Urgull mendian Motako Santa Kruz Gaztelua eta Gotorlekua hiriaren defentsarako gune oso garrantzitsuak izan dira.[98] Gaur egun aisialdirako leku bilakatu dira, zenbait eraikin eraberrituak daude eta jarduerak antolatzen dituzte. Motako gazteluan Historiaren etxea dago, Gobernadorearen baterian Natur Txokoa eta Damen Baterian Liburutegia. Urgull mendiaren magalean San Telmo komentua dago, dominiko fraideena izandakoa eta 1932an museo bilakatu zena.[98] Parte Zaharrean bi eliza nagusi daude, San Bizentekoa,[99] gotikoa, XVI. mendekoa eta Santa Mariakoa,[98] XVIII. mendekoa eta barrokoa, bertan dago kokatua Elizbarrutiko museoa.

Arkitektura zibilaren alorrean alde zaharreko Plaza Berria (Konstituzio plaza)[99] aipatu behar da, XIX. mendekoa, 1813ko sutearen ondoren aurretik zegoenaren lekuan eraikia, Pedro Ugartemendia eta Alejo Mirandaren proiektuen arabera. Plazako eraikin nagusia Udaletxea izan zen, eta 1951n bertan Udal Liburutegia kokatu zen. Kortazar zabalgunean Udaletxearen[99] eraikina dago, Luis Aladrén eta Adolfo Morales de los Ríosek eraiki zuten 1882an, Europako kasinoen ereduetan oinarrituta. Udaletxearen eraikinaren albo batean eta Kontxako hondartzaren ondoan Club Nautikoa[100] edo Errege Itsas Kluba dago. 1930eko arkitektura arrazionalistaren eredu aipagarrienetakoa, Jose Manuel Aizpurua eta Joakin Labaien arkitektoen maisulana.

Kontxako pasealekuaren beste muturrean, Antiguako auzoan, Miramar jauregia[99] aipatu behar da, Selden Wornum ingeles arkitektoaren proiektua, errege familiaren oporraldietarako. Aipagarriak dira jauregiaren inguruko lorategiak Pierre Ducasse frantses lorazainaren eskukoak, Alderdi Eder eta Gipuzkoa plazako lorategien egile berarenak. Miramar jauregia gaur egun Udako Ikastaroen egoitza da eta urtean zehar jarduerak antolatzen dira.

Miramar jauregiarekin batera Satrustegi Dorrea[101] aipatu behar da. Igeldo mendiaren magalean dago, Ondarreta hondartzatik gertu, eta 1883an amaitu zen Miramar jauregia baino hamar urte lehenago. Maria Kristina erregina erregentearen lehenengo uda egoitza izan zen, dorretxearen jabea zen Joakin Satrustegik 1887an erreginari eskaini baitzion egoitza gisa.[102]

Ekialdeko zabalgunean Victoria Eugenia Antzokia eta Maria Cristina Hotelaren gune monumentala[103] nabarmentzen da.

Artzain Onaren katedrala, Igeldoko San Pedro eliza eta Gros auzoko Okendo Almirantearen etxea, gaur egun Kultur Etxea, ere ondare sailkatuaren zerrendan daude. Halaber hainbat baserri, besteak beste, Katxola,[104] Ariztegieta[105] eta Loiola auzoko Patxillardegi.[106]

Donostiako ondarea  


Donostiako parke eta lorategiak aldatu

 
Ametz bat Ametzagaineko parkean urtarrilean

Hiriaren tamaina erlatibo txikian, parke eta lorategi ugariek gehiegizko urbanizazioa leundu egiten dute, naturaz gozatzeko aukera emanez. Halaber, hiriko kale eta plaza gehientsuenetan zuhaitzak eta zuhaixkak daude. Horietatik, ikusgarriak dira Kontxako pasealekuko tamarindoak eta Benta Berriko eta Ibaetako ezkiak. Kristinaenea, Egia auzoaren eta Urumea ibaiaren artean, hiriguneko parke handienetakoa da eta bertan hiria ia guztiz utzi eta baso oparo baten barrena pasea daiteke. Parke hori Mandaseko dukea izan zen Fermin Lasalaren eta Cristina Brunettiren lorategi pribatua zen, baina 1926az geroztik udalaren esku dago.

Ametzagainako parkeko ametzak ikusgarriak dira; parke barruan historiaurreko giza-aztarnategi bat dago, baita gerra karlistetako gotorlekua ere.

Hedabideak aldatu

Egunkariei dagokienez, Igaran dute egoitza «Gara»k — Euskal Herri osora zabaltzen da— eta «El Diario Vasco»k —hala hirian nola probintzian irakurriena—, eta Benta Berrin, «Noticias de Gipuzkoa»k (hirurak, gaztelaniazkoak gehienbat). Euskara hutsezko «Irutxuloko Hitza» Donostiako tokiko egunkaria da. Euskarazko aldizkarietan, gazteei zuzendutako «Gaztezulo» Donostian argitaratzen da, eta Euskal Herri osora zabaltzen da.

Irratiei dagokienez, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea eta Donostialdeko Ttan Ttakun irrati librea euskara hutsezkoak eta Herri Irratia elebiduna dira Donostian egoitza nagusia dutenak.

Radio Euskadi, COPE, SER, Onda Cero eta RNE erdal irrati kateek, berriz, ordezkaritzak dituzte Donostian eta bertatik hainbat saio egiten dituzte. Internetez emititzen duen Info7 irratia FM bidez ere entzun daiteke Donostian.

Azkenik, telebistetan, EITB taldeak Miramon auzoan EITB Donostia estudioak ditu. LTDan emititzeko tokiko telebisten lizentziak honakoek lortu zituzten: 1994. urtetik emititzen duen Vocento taldeko Teledonostik, 2000. urtean Localia katearekin emititzen hasi zen Gipuzkoa Telebistak, emititzen hasi berri den Hamaika Telebistak, eta oraindik egitasmoa den Donostiako Udalarenak.

Donostiar ospetsuak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Donostiar ospetsuak»

Donostiar ospetsuen artean ditugu, besteak beste, Eduardo Txillida eskultorea, Pio Baroja, Ramon Saizarbitoria, Txillardegi eta Felipe Juaristi idazleak, Antton Etxeberria antzerkilaria, Luis Miguel Arconada, Bittor Alkiza eta Pello Ruiz Cabestany kirolariak, Iñaki Gabilondo kazetaria, Iñaki Alegria informatikaria, Aita Donostia, Pablo Sorozabal eta Nicanor Zabaleta musikariak, Mikel Laboa, Mikel Erentxun, Javier Gurrutxaga eta Imanol Larzabal kantariak, Juan Mari Arzak, Elena Arzak, Martin Berasategi eta Pedro Subijana sukaldariak, Jesus Maria Leizaola eta Odon Elorza politikariak eta Julio Medem zinemagilea.

Herri eta hiri senidetuak aldatu

Donostia ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. (Gaztelaniaz) «Orden Foral de 27 de julio de 2012, de la Diputación Foral de Gipuzkoa, por la que se modifica el nombre oficial del municipio» BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO 230 ISSN 0212-033X..
  5. Eusko Jaurlaritza: V. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2011.
  6. Iker Gomez, «Donostia, munduko hiri zoriontsuenen zerrendan», EiTB, 2014-12-29.
  7. (Gaztelaniaz) Koldo Mitxelena: Apellidos vascos, 1955, § 403.
  8. a b (Gaztelaniaz) «Donostia-San Sebastián: Onomástica», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  9. Orendaingo San Sebastian ermita, herriak Jaun Donosti ere deitua Gipuzkoako Aldundiko webgunea
  10. Alfonso Otazu Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, "El Cantar de Bretaña, un poema inédito de fines del siglo XV en la lengua vasca" / "BRETANAKO JORNADAREN BERTSOAK (1491 inguru)" ISSN 0046-435X, 19 zk., 1975 , 43-70 or.
  11. (Gaztelaniaz) Angel J. Martín Duque: El Fuero de San Sebastián: Traducción manuscrita y edición crítica, Príncipe de Viana, 63 zbk., 227, 2002.
  12. (Gaztelaniaz) «Irutxulo» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  13. a b Felix Ibargutxi: «Hau fauna», ZingiZango euskara elkartearen webgunea, 2008-02-02.
  14. a b (Gaztelaniaz) Felix Ibargutxi: «La fauna más nuestra, Diario Vasco, 2007-08-26.
  15. «ñoñostiar», Hiztegi Batua Euskal Prosan.
  16. «Kokoteraino zaudetela ñoñostiar señoritooz» idatzi zuen Joxe Austin Arrieta donostiar idazleak, Igeldo Donostiatik banantzekotan zela eta.
    (Joxe Austin Arrieta: «Na’ ezuna intzazu, Igeldo»[Betiko hautsitako esteka], Irutxuloko Hitza, 2013-10-04.)
  17. «inolako sentimendu ñoñostiar pijorik gabe» dio Begoña del Teso donostiarrak, elkarrizketa batean.
    (Estitxu Eizagirre eta Ixiar Eizagirre: «Begoña del Teso: "Ez ditut beldurrak gainditu nahi, gustura nago horiekin"», Argia, 1829. zenbakia, 2001-11-11.)
  18. (Gaztelaniaz) Mikel G. Gurpegui: «Ñoñostia», Diario Vasco, 2006-04-09.
  19. (Gaztelaniaz) José Miguel Edeso Fito:Geografía e historia de San Sebastián: geología y geomorfología[Betiko hautsitako esteka], INGEBA, 2009-10-19.
  20. Antonio Aretxabala: «Donostia-San Sebastián, ¿sismicidad de efecto local?», Antonio Aretxabala bloga, 2012-09-16.
  21. a b c (Gaztelaniaz) Ana Sola Bueno: Geografía e historia de San Sebastián: el clima[Betiko hautsitako esteka], INGEBA, 2009-10-18.
  22. (Gaztelaniaz) Valores Climatológicos Normales. San Sebastián / Aeropuerto. .
  23. «Donostiako eskulturen atlasa. Txillida, Oteiza, ..» www.santelmomuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-02).
  24. (Gaztelaniaz) «Donostia-San Sebastián: Morfología urbana», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  25. «2010eko HAPOaren auzoen sailkapena» www.donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-15).
  26. «Partaidetzarako lurralde eremuak», Donostiako Udalaren webgunea.
  27. «Duela 25.000 urte jada Donostian gizakiak bizi zirela egiaztatu du Aranzadiren ikerketa batek» Berria 2014-06-23.
  28. Unsain, J.M. (2008). San Sebastián, ciudad marítima. Donostia: Untzi Museoa ISBN 978-84-930344-8-1.. 164-7 or.
  29. Une horretan, Chronographus anni 354k zehazten du Urumea ibaian 7 kilometroz nabiga zitekeela, Hernaniraino (egungo Portu auzoraino); ikus Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 165-166, 201. or. Beharbada Donostia Aranoraino luzatzen zen; ikus Sada, Javier y Asier. 1995, 19. or.
  30. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 162, 166-167 or.
  31. Kontu egin behar da une horretan Bidasoa eta Oriaren bokalearen arteko guztia Donostiaren barrutia zela
  32. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 161. or.
  33. Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 203. or.
  34. Artola (ed.), Miguel. (2001). Donostiaren historia. Donostia: Donostiako Udala ISBN 84-89569-56-8.. 18-20. or.
  35. 'Portu' esan nahi du gaskoiez.
  36. Artola, Miguel (ed.). 2001, 19. or.
  37. Mugica Zufiria, Serapio. LOS GASCONES EN GUIPÚZCOA. IMPRENTA DE LA DIPUTACION DE GUIPUZCOA (argitaratze data: 1923) (Noiz kontsultatua: 2016ko irailaren 26a).
  38. 1813 arte ez zen berriz sute hain suntsigarririk gertatu.
  39. Artola, Miguel (ed.). 2001, 57-58. or.
  40. a b Artola, Miguel (ed.). 2001, 52-54. or.
  41. Mila bat herritar hil zituzten, asko gero hil ziren gaitzen ondorioz, hiribilduan geratzen ziren emakume gehienak bortxatu, eta ondasunak zein etxeak arpilatuak edo suntsituak izan ziren. Trinitate kalea eta erlijio-eraikinak, sendoenak, bakarrik atera ziren onik.
  42. Hala ere, 1836an aplikatu zen agindu hori.
  43. Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen mezua. Bera Antzoki Zaharrean zegoela, Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen, baita ikusleei berria zabaldu ere.
  44. Javier y Asier Sada. 1995, 102-103. or.
  45. Artola, Miguel (ed.). 2001, 129-130. or.
  46. (Gaztelaniaz) «La máquina del tiempo (I) San Sebastián» El Traje de los Domingos 2008-11-02 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  47. Artola, Miguel (ed.). 2001, 125. or. San Sebastian egunez, bonba batek Bilintx bertsolaria latz zauritu zuen; luze gabe hil zen, uztailaren 21ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak desegiteko agindua ren egunean.
  48. «Miramar jauregia, Kontxako eta Ondarretako hondartzen artean - Donostia Turismoa» www.sansebastianturismoa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  49. Lore Jokoen tradizioan kokatuta; horien bultzatzaile aritu ziren, besteak beste, Jose Manterola, Jose Zapirain Irastorza (Txapillo), eta Toribio Altzaga.
  50. 1922an, Europan moda-modan zen bezala auto-lasterketa zirkuitua ireki zuten Donostiaren ingurumarian, Lasarten; ikus «Lasarteko zirkuitoa» Berria (Andoain).
  51. Artola, Miguel (ed.). 2001, 144-146. or.
  52. Ordurako 80.000 biztanle zituen.
  53. Karguak jarri eta kendu egiten zituen udalean eta aldundian, tartean direla alkateak, zinegotziak, ahaldun nagusiak, etab. Aldaketa gutxirekin hala jarraitu zuen diktadurak iraun bitartean. Gehienetan kargudunak kanpotarrak izaten ziren, erregimeneko postuetan igotzeko irrikaz zeudenak; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 159. or.
  54. Aipatzekoak dira Peñaflorida Institutua (1956), Peritu Industrialen Eskola, ESTE eta EUTG (1959), Arantzazuko Ama Erietxea eta Gipuzkoa Ospitalea, etab.; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 163-165. or. Pixka bat geroago hasi zen ikastolen hedakuntza, Elbira Zipitriak 1943an Alde Zaharrean ereindako ikastolatik abiatuta.
  55. 1952tik 1958ra, elikagaien industriara batez ere: Sociedad Azucarera del Ebro, Koipe, Savin, Caldos Rápidos, ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or.
  56. Urte horietakoak dira Jazzaldia (urte askoan estatuan egondako bakarra), Gaur artista-taldearen sorrera (1966), edota Ez Dok Amairu euskal poeta-musikarien taldea.
  57. 1968an, euskal nazionalistek Aberri Eguna ospatu zuten Donostian, eta poliziak hiri osoa hartu zuen; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or. Udalean, bi urte lehenago, 1966an, mozio bat onartu zen Gipuzkoaren Itun Ekonomikoa bertan behera uzte zuen 1937ko dekretua baliogabetu zedin.
  58. Artola, Miguel (ed.). 2001, 167-168. or.
  59. Guardia Zibilak Gladys del Estal egiatar ekologista hil zuen tiroz eta BVEk Herri Batasuneko Tomas Alba zinegotzia hil zuen.
  60. Artola, Miguel (ed.). 2001, 170. or.
  61. Artola, Miguel (ed.). 2001, 173. or.
  62. Untzi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Zurriola hondartza, Kursaal berria, bidegorri-sarea, kultur etxeen indartzea, Ibaeta auzoaren eraikuntza, Ibaetako EHUren unibertsitate-campusa, Nanogunea, Donostia Physics Center, etab.
  63. Ondorioz, ETAren kontrako bake-taldeak sortu ziren. Kaleko tentsioa zerbait baretu arren, ez zen desagertu, ETA zilegitzat jotzen hasi zen orain politikariak ere hiltzea eta, bestaldean, espetxe politika eta Gerra Zikinaren kontrako mobilizazioak ez ziren eten, bereziki Lasa eta Zabalaren gorpuen aurkikuntzaren inguruan.
  64. «Datu demografikoak»[Betiko hautsitako esteka], Donostiako Udalaren webgunea. 2009-11-29.
  65. a b «Web Eustat. Donostia / San Sebastiánko datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-09).
  66. a b Donostiako Sustapena. Hiri Behatokia. Datu estatistikoak.. (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
  67. Barne Produktu Gordina per kapita, EAE, Eustat. 2012
  68. Donostiako Hiri-Ekonomiaren Barometroa 2013. Donostia Sustapena. Donostiako hiri ekonomiaren barometroa 2013. (Noiz kontsultatua: 2016-11-8).
  69. Arzallus, Aitziber. (2018-12-14). «Donostiaren argiak eta ilunak» Gipuzkoako Hitza (berria (CC-BY-SA)) (Noiz kontsultatua: 2018-12-25).
  70. (Ingelesez) «The 20 Most Michelin-Starred Cities In The World» The Huffington post 2014-12-18 (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
  71. Martiln, Xabier. (2016-05-29). «Maleta desegiten» Berria (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
  72. Urkijo, Miren. (2016-03-25). «Turismoaren tsunamia» Berria (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
  73. Arruabarrena, Jone. «Hilton, Donostiako 133. hotela» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-14).
  74. a b c d e «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  75. Pesa enpresak, Iruñera izan ezik, Euskal Herriko hiriburu guztietarako zerbitzuak eskaintzen ditu.
  76. (Gaztelaniaz) CHICO, A.. (2017-05-14). «Vuelve el 'Topo' frente al 'Metro'» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  77. (Gaztelaniaz) «El Metro de Donostialdea supera un "hito"» EFE Noticias 2024-02-21 (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  78. «d·bus konpainia ezagutu», Donostiako Tranbia Konpainiaren webgunea, 2009-10-28.
  79. «Ingurumena eta garapen jasangarria: atmosferako kutsadura»[Betiko hautsitako esteka], Agenda21 Donostia webgunea, 2009-10-28.
  80. SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-06-26). «Donostia munduko 200 hiri zientifiko nagusien artean sartu du ‘Nature’ aldizkariak» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-06-30).
  81. EUSTAT: «Udal-adierazleak: Serie estatistikoak, 2006», 2007-02-21eko prentsa-oharra.
  82. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
  83. «Beterrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
  84. Ahotsak Donostia. (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
  85. Koldo Zuazo (1987): «Euskaldunek euskalkienganako izan dituzten jarrerez», Julio de Urquijo urtekaria, XXI. zenbakia, 927-950 orrialdeak.
  86. Koldo Zuazo (1993): «Euskalkiak, askatu gabeko korapiloa», Jakin, 76. zenbakia.
  87. V. Mapa Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, 45-48 or..
  88. (Gaztelaniaz) Serapio Mujika Zufiria: Los gascones en Guipúzcoa. Gipuzkoako Aldundiaren inprimategia, 1923. Donostia.
  89. «Hasiera» Korrika (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  90. Horrela ageri da Donostiako Plan Estrategikoan, garatu beharreko estrategiak aipatuz: «A.1.2 Dagoen zerbitzu eta ekintza eskaintza indartzea, kultur programazioari dagokionez, turismo eta kirol produktu berriak indartu eta garatuz. Hauek dauden baliabideak optimizatu eta hauen nazioarteko proiekzioa handitu dezaten; ondorioz, baita europar sareetako parte-hartzea ere. A.1.3 Berritutako marka irudi bat garatzea, kalitatea, berrikuntza eta modernitateari lotutakoa, aisialdirako erreferentzia hiri gisa bere egoera hobe dezan, bai Gipuzkoan, bai EAEn, bai Estatuan zein nazioarteko foroetan ere.», Donostiako Plan Estrategikoa[Betiko hautsitako esteka], 11. orrialdea.
    Baita ere, aipatzekoa da CIDEU[Betiko hautsitako esteka] erakundearen dokumentu bat: (Gaztelaniaz) «Encuadrado en el objetivo delimitado por el Plan Estratégico [...] mediante este proyecto se persigue dotar a la ciudad de una Estrategia Cultural y el desarrollo de los grandes proyectos que suponen un salto cualitativo con respecto a la situación actual y que pueden aumentar su presencia internacional. Buscar una culturización de la sociedad que no una popularización de la cultura que pueda llegar a una degradación de la misma.»
  91. Begoña del Teso. La Quincena Musical. 54 años de melomanía donostiarra. Donostia-San Sebastián: hiriburuak. 1994. 293. orrialdea
  92. XLI Quincena Musical: San Sebastián 29 de julio-5 de septiembre = Donostia uztailak 25-irailak 5
  93. José Luis Tuduri: San Sebastián: un Festival, una historia (1953-1966). Euskadiko Filmategia, 1989
  94. Donostiako Jazzaldia: lehenengo 30 urteak = Los primeros 30 años. Donostia, 1996
  95. Díaz Balerdi, Iñaki: Archipiélagos imaginarios. Museos de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila, Nerea, 2010 ,
  96. Javier Mª Sada: Cinematógrafos donostiarras. Euskadiko Filmategia, 1991
  97. Mikel G. Gurpegi, Aquellos cines donostiarras http://gruposade.com/AquellosCinesDonostiarras/2015/07/14/guia-todos-los-cines-desaparecidos-y-en-activo/ 2016ko urriaren 9an kontsultatua
  98. a b c Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1984-08-4
  99. a b c d Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1984-08-4
  100. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2001-01-23
  101. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1995-07-5
  102. Miguel Arsuaga, Luis Sesé: Donostia-San Sebastián. Arkitekturako gida liburua. 1997, 91. orrialdea
  103. 1980-11-7ko ebazpena
  104. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1996-07-23
  105. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2004-07-21
  106. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1998-08-18
  107. (Gaztelaniaz) Espainiako eta Japoniako hirien arteko senidetza itunak, Espainiaren Japoniako Enbaxada.
  108. (Ingelesez) Sister Cities International. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).

Kanpo estekak aldatu

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: donostia .
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia