Sebastian Mendiburu
Sebastian Manuel Mendiburu Olano (Oiartzun, Gipuzkoa, 1708ko irailaren 2a – Bolonia, Italia, 1782ko uztailaren 14a) euskal idazlea eta jesulaguna izan zen. Batera eta bestera ibili zen misiotan hogeita hamar urtez. Kardaberazen laguntzaz, Jesusen Bihotzaren debozioa bultzatu eta hedatu zuen Euskal Herrian. Espainian jesuiten kontrako egozpen legea indarrean sartu zenean, preso hartu eta Italiara bidali zuten. Euskal Herrian ospe handia izan zuen, entzute handiko sermoilari bihurtu zen, eta Euskal Zizeron deitua izan zen.
Sebastian Mendiburu | |
---|---|
Sebastian Mendibururen estatua, haren jaioterrian | |
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1708ko irailaren 2a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Bolonia, 1782ko uztailaren 14a (73 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | erlijiosoa eta idazlea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Erlijio-ordena | Jesusen Konpainia |
Bizitza
aldatuSebastian Mendiburu Oiartzunen jaio zen, 1708an. 1725ean sartu zen Jesusen Lagundian. Iruñean egin zituen Filosofia eta Teologia ikasketak. Nafarroa Garaiko herri euskaldunetan ibili zen predikari eta misioak ematen. Hizlari fama handia lortu zuenez gero, «Euskal Zizeron» ezizena jarri zioten. Iruñeko gotzainaren eskariz, Filosofiako eta Teologiako katedraduna izan zen. 1767. urtean, Karlos III.ak jesuitak Espainiatik bota zituenean, Italiara jo zuen beste jesuitekin batera, eta Bolonian hil zen 1782an, hirurogeita hamalau urte zituela.
Idazlanak
aldatuMendiburuk zerabilen hizkera, gipuzkera baino gehiago, goi-nafarrera zen. Idazle gisa, Manuel Larramendiren eskolakoen artean sartua izan da. Izan ere, Larramendiren eragina norbaitengan antzematen bada Sebastian Mendiburu eta Agustin Kardaberaz egileengan da. Mendiburuk dantzak eta zezenketak ez zituen batere gogoko eta, ohiko erlijio gaiei buruz idazteaz gain, horri buruzko hainbat lan ere idatzi zituen. Estilo bikaina zuen. Hizkuntza ondo menperatzen zuen, zalantzarik gabe.
Idazlanak
aldatuSaiakera
aldatu- Aita Sebastian Mendibururen idazlan argitaragabeak. I. Liburua. Kristau Dotrina Igandeetako irakurraldiak (edizio kritikoa) (1982, Gero)
- Aita Sebastian Mendibururen idazlan argitaragabeak. II. Liburua. Fest-Egunetako irakurraldiak. San Franzisko Xabierren bederatzi-Urrena. Larramendiz karta (1982, Gero)
Erlijioa
aldatu- Jesusen Bihotzaren debozioa (1747): Aita Larramendiren gutun bat du hitzaurre.
- Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (1760): Aita Larramendiren gutun bat du hitzaurre.
- Euskaldun onaren biziera, mezaren entzun-bide labur erreza, errosarioko amarrekoen asiera eta zenbait bederatz-urrun (1762)
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-10-02 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
aldatu- «Sebastian Mendiburu», Literaturaren Zubitegia.
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Sebastian Mendiburu |