Araba

Euskal Herriko lurraldea

Araba (ofizialki Araba edo Arabako Lurralde Historikoa euskaraz; Álava edo Territorio Histórico de Álava gaztelaniaz) Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da, Euskal Herriko erdialde-mendebaldekoa. 3.311,98 km² ditu[1] (Trebiñuko barrendegia gabe, 3.032,40), eta 2019an 331.549 biztanle zituen. Bere barnean du Trebiñu barrendegia, Burgosko probintziaren administraziopean dagoena. Administratiboki Euskal Autonomia Erkidegoko foru lurraldea edo lurralde historikoa da; izan ere, Araba da erkidego horretako hiru lurralde historikoetatik handiena (% 40,96) eta biztanle gutxien dituena (% 14,5).

Araba
Arabako Lurralde Historikoa


Arabako armarria
Geografia
HiriburuaGasteiz
42°50′48″N 2°40′23″W
Hiririk handienahiriburu
Azalera3.311,98
Punturik altuenaGorbeia (1.482 m)
Punturik sakonenaLaudio (130 m)
MugakideakBurgosko probintzia, Bizkaia, Gipuzkoa, Q31844097 Itzuli eta province of Navarra (en) Itzuli
Administrazioa
Ahaldun NagusiaRamiro Gonzalez (EAJ)
Arabako Ahaldun NagusiaRamiro González Vicente
LegebiltzarraArabako Batzar Nagusiak
Demografia
Biztanleria333.626 (2021)
4.758 (2018)
Dentsitatea109,85 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Bestelako informazioa
araba.eus
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazaren ikuspegia 2007-2008ko zaharberritzea baino lehen

Gasteiz da Arabako hiriburua, eta, 1978az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua ere.

Mugakideak aldatu

Iparraldean Gipuzkoa eta Bizkaia ditu mugakide; hegoaldean Errioxa; mendebaldean, Burgosko probintzia; eta ekialdean, Nafarroa Garaia.

Inguru naturala eta klima aldatu

Orografia aldatu

Ikus zerrenda: «Arabako mendiak»

Hiru mendilerro nagusik zeharkatzen dute, ekialdetik mendebaldera, Araba: iparraldean, Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan, Aratz, Elgea, Anboto eta Gorbeia (gailurrik altuena, 1.475 m) mendialdeak hedatzen dira. Erdialdean altxatzen dira, Nafarroatik datozen kateei jarraipena emanez, Urbasa, Andimendi, Entzia, Iturrieta, Gasteiz mendiak eta Argantzongo mendiak. Hegoaldean daude, azkenik, Kodes, Izkiz, Toloño mendilerroa, Toloño mendia eta Buradon aldeko mendiak. Ipar-mendebaldean ageri diren Kantaurialdeko haranak (Arabako Kantaurialdea, Nerbioi harana, 328 km2) sakonak dira, Bizkaia eta Gipuzkoakoen antzekoak. Gorbeia eta Elgea mendilerroetatik hegoaldera zabaltzen da Arabako lautada, 785 km2-ko hedadura duen eremu laua (525 m); Gasteiz du hiri nagusi. Gasteiztik hegoaldera, berriz, Arabako Mendialdea ageri da (487 km2), muga hauek dituela: Kanpezu, Kodes, Toloño mendilerroa eta Gasteizko mendiak artean. Toloño mendilerroaren hegoaldean hedatzen da Arabako Errioxa (316 km2). Araba mendebaldeko haranak (Añana, 648 km2), urak Ebro ibaian isurtzen dituzten adarrek osatuak dira.

Herrialdeko mendirik garaiena Gorbeia (1.481 m) dugu, Bizkaiko mugan dagoena. Bestela, Toloño mendilerroan Palomares (1.446 m) eta Peña del Castillo (1.432 m) mendiek ere 1.400 metroko maila gainditzen dute. Halaber, Altzaniako mendilerroan Aratz (1.443 m) eta Kodesko mendilerroan Joar (1.418 m) eta Kodes (1.414 m) tontorrak ere maila horren gainetik daude.

Probintzia osoko herririk garaiena Erroeta da, Arabako Mendialdean, 1.025 metrorekin.

Hidrologia aldatu

Arabako ibai garrantzitsuenek Mediterraneo aldera jotzen dute (2.600 km2; Ebro eta beronen ibaiadarrak: Omecillo, Baia, Zadorra, Ihuda, Jugalez, Ega eta Burunda). Kantauri aldera jotzen duten ibaiek askoz ere hedadura txikiagoa hartzen dute (380 km2): Aramaio (Deba ibaia), Altube (Nerbioi ibaia), Izoria (Nerbioi), Llanteno (Cadagua) eta Artziniega (Cadagua). Uren banalerroa Araia, Elgea, Altube, Gujuli, Urduña eta Salbada mendikateetatik igarotzen da. Arabak ez du aintzirarik, Arreo aintzira txikia izan ezik. Gasteiz eta Bilbo Handia urez hornitzen dituzten Zadorrako urtegi artifizialek, bestalde, guztiz paper garrantzitsua izan dute herrialdearen garapenean.

Klima aldatu

Bi eskualde nagusi bereiz daitezke Araban, klimatologiari dagokionez: herrialdeko iparraldean klima ozeaniko epela nagusi den bitartean, hegoaldera joan ahalean klima mediterraneo eta kontinentala nagusitzen dira. Era berean, euriteak urritu egiten dira hegoaldean (828 mm batez beste, Gasteizen). Neguak hotzak eta hezeak dira; udako tenperaturak askoz ere altuagoak izan ohi dira. Errioxako ezaugarriak erabat kontinentalak dira: negu hotzak, uda beroak eta euri-ur kopuru eskasa.

Flora aldatu

Klimatologiaren arabera, hainbat landaredi molde ageri dira Araban: iparraldean jatorriz nagusi ziren zuhaitz mota atlantikoak (haritza, pagoa, gaztainondoa) eta, azkenaldi honetan ugaldu den intsinis pinuaren landaketak. Ekialdeko eta erdialdeko mendietan harizti eta artadiak ageri dira behe aldeetan; pagadiak eremu gorenetan. Gainerako lurraldeetan landaretza mediterraneoa (artea) nagusitzen da, nahiz bitarteko eremuetan ametzak ageri diren.

Demografia aldatu

Azalerari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde handiena izan arren, biztanle gutxien eta dentsitate txikiena duen lurraldea da oraindik ere. Halere, azken aldian Araba da biztanletan hazi den Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakarra. 1980tik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan eta, horrenbestez, autonomia erkidegoan biztanleriak behera egin badu ere, Araban etengabe hazi da biztanle kopurua urtez urte.

Biztanleria ez dago batere orekatua Araban, Gasteiz hiriburua barne duen Arabako lautadan bizi baitira arabarren erdiak: 244.174 biztanle, 2006an (319.927 b. 2013-01-01ean[2]). Biztanleriaren banaketa desorekatu honen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren batezbestekotik gora dago Arabako lautada, biztanle dentsitateari dagokionez (311 biztanle km2 bakoitzeko), baina beste eskualde batzuk erdi hutsik daudela esan daiteke, Arabako Mendialdean, adibidez, 6,5 lagun baino ez baitira bizi km2-ko. Gasteiz hiriburuak eta horren inguruan hazi diren udalerriek eragin dute, beraz, Arabaren hazkunde demografikoa. Hiriburuaren ondorengo udalerririk jendetsuena, Laudio, herri ertaina baino ez da 20.000 inguru biztanlerekin. Biztanleriaren egitura demografikoari dagokionez, Araba Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoa baino zertxobait gazteagoa da, alde txikiz bada ere; 65etik gorakoak guztizkoaren %16,7 dira (%18,6 Euskal Autonomia Erkidegoan).

Urtea 2000 2003 2006 2009 2012 2014
Araba 286.497 294.360 301.926 313.819 322.557 321.932

Biztanleria aldaketak aldatu

 
Biztanleria aldaketa Araban azken 10 urteotan
  •  
    >%10
  •  
    %5-10
  •  
    %1-5
  •  
    %0-1
  •  
    %-5 - 0
  •  
    %-10 - 5
  •  
    <%-10

Banaketa administratiboa aldatu

Arabako kuadrillak aldatu

Zazpi kuadrilla edo eskualdetan zatituta dago:

 
Aiarako Gure Andra Mariaren santutegia (Dulantzitik gertu)

Bestela, Burgosko (Gaztela eta Leon) administrazioaren pean dago Trebiñuko barrendegia, herrialdearen erdialde geografikoan, Gasteiz eta Mendialdea artean. Trebiñu eta Argantzon udalerriek osatzen dute.

Udalerriak aldatu

51 udalerri daude Araban (Trebiñuko 2 udalerriez gain). Arabar gehienak hiriburuan bertan bizi dira ( %75 baino gehiago ), Gasteiz izanik hiri nagusia alde handiz. Hauek dira herrialdearen udalerri nagusiak:

Udalerria Populazioa 2020
Gasteiz 253.996
Laudio 18.118
Amurrio 10.264
Agurain 5.038
Iruña Oka 3.488
Oion 3.410
Aiara 2.968
Dulantzi 2.935
Zuia 2.300

Arabako udalerri txikienak biztanle kopuru hau zeukaten 2019an Añana (156 biztanle), Lagran (157 biztanle ) eta Zalduondo (183 biztanle ).

Kontzejuak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kontzeju»

Arabako udalerriak, gainera, kontzejuetan azpibanatzen dira gehienetan. Guztira, 334 kontzeju daude Arabako udalerrietan.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Arabako historia»

Antzinatea eta Goi Erdi Aroa aldatu

 
Estibalitz, Arabako santutegia eta topaleku historikoa

Historiaurreko aztarnategi eta monumentu megalitikoen arrastoa handia da Araban. Trikuharri esanguratsuak aurki daitezke, besteak beste, Aizkomendikoa Egilatzen eta Sorginetxekoa Arrizalabagan. Egungo Araban, garai hartan, karistiarrak eta barduliarrak bizi ziren. Erromatarrak heldu baino lehenagotik, Gesaltza Añanako gatzaga indarrean zen dagoeneko, gatza erauzteko gune ekonomiko garrantzitsua. Erromatarren garaian, berriz, hainbat mansus (bentak) eta fundus (herrixka modukoak) aurkitu izan dira agirietan, baita haien aztarnak ere; izan ere, Ab Asturica Burdigalam galtzara nagusiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen zuen egungo Arabako lurraldea, lautadan barrena.

Veleia deitutako gotorlekua (Iruña) gune garrantzitsua bihurtu zen, eta bisigodoek konkista kanpaina batean sortutako Victoriacum ere hor zegoela uste dute aditu batzuek: VIII. mendeko Veleia Alavensis izan daitekeela pentsatzen da. Egilon izan zen Arabako lehen jaun ezaguna eta, bere ondoren, arabarrak hainbatetan matxinatu ziren asturiarren eta gaztelarren kontra. IX. mendean ageri da lehenengoz Araba izena, Arba (Cronica Abeldensis).

Behe Erdi Aroa aldatu

 
Zalduondoko eliza, San Adriango pasabidera igo aurretik

Araba «nafarren» (euskaldunen) lurraldean kokatzen zen eta, XI. mendetik XII. mendera, Iruñeko Erresumak izena aldatu zuen, Nafarroa bilakatu. Gaztelak, baina, Nafarroa eskuratu nahi zuen, bereziki haren mendebaldeko lurraldea, Araba tartean. 1199-1201. urteetan, Nafarroako errege Antso Jakituna egungo Aljerian negoziazioetan zebilela, gaztelarrek Durangori eta Arabari eraso zieten, Trebiñu eta Gasteizi zehazki. Bi gotorlekuek gogor eutsi zieten, baina etsipenak jota, Erregeren baimenaz, amore eman zuten.

Harrezkero, Araba Gaztelako Koroan sartu zen. 1332. urtean, Arriagako kofradiak Araban zeuzkan lurralde guztiak eman zizkion Gaztelari. Ondoren, jauntxoak gailendu ziren: Aiaratarren leinua, Mendozatarrena, eta Gebaratarrena, eta Bandoen Gerra piztu zen Araban ere. Ia aldi berean, Arabak onurak atera zituen kostaldea eta barrualdea lotzen zituzten bideetan eta Donejakue bidean zuen kokapen estrategikoagatik (Miranda – Gasteiz – Agurain – Lizarrate).

Aro Modernoa aldatu

Beste euskal lurraldeek bezala, XVI. mendean Aldundi Nagusia eratu zen. XVIII. mendearen bigarren erdialdean, berriz, euskararen atzerakada handia jazo zen Araba gehienean. Galtzeko zorian geratu zen Lautada osoan eta Trebiñun. 1766an, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen, eta hainbat pertsonaia Ilustrazioaren eragin handia izan zuten, arlo desberdinetan: Samaniego, Montehermosoko kondea, Borica, Landazuri, Foronda eta abar. 1794an, berriz, Konbentzio Gerran, frantses armada Mirandaraino heldu zen eta, orduko eskuizkribuek agerian uzten dutenez, hainbat herritar eta agintariren abegia izan zuten, hurrengo hamarkada osoan ere.

Aro Garaikidea aldatu

1813ko uztailean, Iberiar Penintsulako Gerra, Arthur Wellesleyren portuges eta britainiar armadak Gasteizera sartzekotan izan ziren, baina Alaba jeneralak eragotzi zien; halaxe, Gasteizko gudua bukatu ondoren hiria arpilatzea eragotzi zuen. 1833an, berriz, Lehen Karlistaldia piztu zen, Hego Euskal Herri osoan errotua. Zumalakarregiren indarrak Araba osotik zabaldu ziren, eta denbora luzean lurraldearen kontrola izan zuten, Gasteizen izan ezik. Karlistek, baina, gerra galdu zuten 1839an; 1841ean, Baldomero Espartero liberalaren aurkako altxamendu bat izan zen, eta espainiar buruzagiak armada bidali zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira. 1841eko urrian, Gasteiz okupatutik, foruak baliogabetzen zituen dekretua eman zuen. Aldiz, Arabako Aldundi Nagusiak eta foruek indarrean jarraitu zuten.

 
Mateo Moraza foruen defendatzaile sutsuaren omenezko estatua

Modernitatearen sinbolo bat, burdinbidea, 1862an heldu zen Mirandatik Ziordiraino. Handik gutxira, Bigarren Karlistaldia piztu zen eta gerraren amaierak foruen behin betiko galera ekarri zuen (1876). Biztanleriaren gainbehera gertatu zen hurrengo hamarkadetan. Araba nekazari lurralde bat izaten jarraitu zuen, industrializaziorik gabe. 1936ko uztailean, militarren estatu kolpea garaile atera zen Gasteizen eta Araba gehienean, eta bataila bakarra Legution izan zen urte bereko azaroan. 1937an Gipuzkoak eta Bizkaiak ez bezala, Arabak ez zuen itun ekonomikoa galdu gerra ondoren. 60ko eta 70eko hamarkadan hirigintzaren eta industriaren garapen handia izan zen, Gasteizen oso zentratuta. Lizarra eta Bergara lotzen zituen Anglo-Vasco-Navarro trenbide historikoa 1967an desmuntatu zuten, errepideko garraioaren indarrak alboratuta. Haran Atlantikoetan industria asko garatu zen. Aldi berean, Espainiako etorkinen emari handia izan zen urte horietan, bereziki Gasteizera.

Franco diktadorea hil ondoren (1975) zabaldu zen aro politiko berrian, Araba Eusko Kontseilu Nagusian, lehenik, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan, ondoren, sartu zen, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera. Lehenengo ikastolen haziak erein ziren Arabako hainbat herritan: Agurain, Gasteiz, Amurrio, Oion, Bastida, etab. 1980tik, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra Gasteizen finkatu ziren eta, era berean, Araba erkidego berrian eroso sentitzeko, 25 eserleku esleitu zitzaizkion Eusko Legebiltzarrean, beste lurraldeek baino askoz biztanleria txikiagoa izan arren. EHUk hainbat fakultate ezarri zituen bertan. Aldi berean, ordea, handia zen kalean politika arloko aztoramena eta langile protestak, baita ETAren eta erregimenari atxikitako legez kanpoko taldeen eraso armatuak ere. 1976an, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen, polizia indarrek eraginda. Aldundian, EAJ eta PP gailendu ziren alderdi politiko nagusien artean eta, Gasteizen, Jose Angel Cuerdak izan zuen hiriburuko alkatetza 1979tik 1999ra.

Urte hauetan, hobekuntza handiak izan ziren azpiegituretan. Nafarroa Garaiko erregionalismo espainiartzalearen antzeko bat, Unidad Alavesa, 1989an indartsu sortu bazen ere, ez zen errotu, eta 2005ean desegin zen. Bestalde, Gaztela eta Leongo gobernuek ukatzen jarraitu zuten Trebiñuk gehiengoz Araban sartzeko egindako ahalegin guztiak. Horrekin batera, Garoñako zentral nuklearraren kontrako borroka piztu zen, arabar alderdi gehienek babestua; lurraldean poz handia sortu zuen hura ixteko aginduak 2017an. Urteotan, sendotu egin da Gasteizen nagusitza beste herrien aldean, baina hiriburua gainerako eskualdeekin lotzeko azpiegitura sare bikain batez konpentsatua.

Kultura aldatu

Literatura aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Arabako idazleak»

Hego Euskal Herriko literaturan ezaguna den euskarazko libururik zaharrena Lazarragaren eskuizkribua da (15671602), Larreko Joan Perez Lazarraga arabarrak idatzia. Egungo egileen artean, aldiz, nabarmentzekoak dira Josemari Velez de Mendizabal eta Xabier Montoia.

Gaztelaniazko idazleen artean, aipatzekoak dira Felix Maria Samaniego, Ramiro Maeztu, Ignacio Aldekoa eta Toti Martinez de Lezea.

Musika aldatu

Euskara aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Arabako euskara»

Eustaten 2006ko datuen arabera, orduan ia 75.000 arabar euskaldunak ziren, biztanle guztien %25 inguru, beraz. Udalerri euskaldunenak, euskal hiztunen ehunekoari dagokionez, Aramaio (ia %85,5) eta Legutio (%39) ziren, iturri horren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetan bezalatsu, aurrera egin du euskarak Araban azken urteotan, eta aurrerapen hori nabarmenagoa izan da, gainera, Araban, Aramaio inguruan izan ezik, euskara, berez, ia desagertuta zegoela kontuan izanez gero. 1996an bi urtetik gorako arabar guztien %14,6 euskalduna zen, eta antzeko kopuruak ia-euskalduntzat zuen bere burua, baina handik hamar urtera %25ekoa zen kopuru hori. Atal honetan ere, nabarmena da Arabako lautadak eta hiriburuak duten garrantzi demografikoa batezbestekoa finkatzerakoan. Nolanahi ere, Gorbeia inguruko eskualdea da oraindik ere Arabako eskualde euskaldunena, bertakoen %37,4 euskaldunak baitziren 2001ean.

Euskarak Araban egin duen aurrerapausoak zerikusi zuzena du hezkuntzan izan duen hedapenarekin. 1999–2000 ikasturtean, esaterako, unibertsitatez kanpoko ikasleen ia erdia (%47) D eta B ereduetan ari zen ikasten Araban. 2010-2011 ikasturtean, berriz, %75tik gora ziren, horietatik %42 D ereduan eta soilik %25 A ereduan.

Gainerako lurraldeetan bezala, derrigorrezko hezkuntzako lehen mailetan, nabarmena zen euskarazko ereduen nagusitasuna. 2011n, haur hezkuntzari begiratuta soilik, %53,4 ari zen euskarazko D ereduan, %42 B eredu elebidunean eta %4,5 A ereduan.[3]

Jaiak aldatu

Arabako jai nagusia apirilaren 28a da, San Prudentzio eguna, katolikoen santu hori baita probintziaren zaindaria.

Politika aldatu

 
Arabako Foru Aldundiaren egoitza, Gasteizen.

Arabako Foru Aldundia lurraldean agintzen duen herri erakundea da, herritarren botoen ondorioz aukeratzen dena lau urtetik behin. Bestela, Arabako Batzar Nagusiak lurraldeko batzar orokorrak dira, aldundia kontrolatzen duena.

2019eko hauteskundeak aldatu

Arabako Batzar Nagusiak

Alderdia Eserlekuak Boto kopurua[4]
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
17
47.510 (% 29,41)
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
12
33.841(% 20,95)
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
10
30.481 (% 18,87)
Alderdi Popularra (PP)
8
24.156 (% 14,95)
Ahal Dugu
4
16.003 (% 9,91)
Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's)
0
3.714 (% 2,30)

Ahaldun Nagusiaren hautaketa aldatu

2015eko ekainaren 30ean Arabako Batzar Nagusiek Ahaldun Nagusia hautatzeko osoko bilkura egin zuten. Horretan bi hautagai aurkeztu ziren; alde batetik EAJko Ramiro González, eta bestetik Irabaziko José Damián García. PSE-EEk eta EAJk lortutako ituna ez zen izan nahikoa lehenengo bozketan, gehiengo osoa beharrezkoa baitzen eta bi alderdietako prokuradoreek 51tik 18 bozka gehitzen baitzituzten. Gainerakoek boto zuria eman zuten, Irabazikoa izan ezik, bere buruari bozka eman baitzion. Bigarren bozketan gehiengo erlatiboa zen nahikoa, eta emaitzak errepikatu zirenez, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusi izendatu zuten.

Atzerriko diplomazia aldatu

Gaur egun Arabako Talde Kontsularra ondorengo kontsulatuak osatzen du:

Ekonomia aldatu

Ekonomiari dagokionez, erabat aldatu da Arabaren egitura XX. mendearen bigarren erditik aurrera. Oraindik ere, Bizkaian eta Gipuzkoan baino garrantzi handiagoa du lehen sektoreak Araban, baina batezbestekoari erreparatuz gero jarduera ekonomiko marjinala dela esan liteke (BPGaren %2 baino ez, 2004an). Arabaren egitura ekonomikoa industrian eta, batez ere, zerbitzuetan oinarritua da. Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoarekin alderatuta, Araban aberastasun proportzional gehiago sortzen du industriak Bizkaian eta Gipuzkoan baino, nahiz eta tradizionalki guztiz alderantzizkoa izan egoera. Aldagai honetan ere, ordea, Arabako lautadak eta Gasteizek duten eragina aipatu behar da egitura ekonomikoa aztertzean, egoera ez baita bateragarria eskualde guztiak aintzat hartuz gero.

Zerbitzuei dagokienez, bestalde, esan beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoaren erakundeek egoitza Gasteizen izateak asko aldatu duela sektore horrek jarduera ekonomiko orokorrean duen garrantzia. Bestalde, Arabaren bilakaera ekonomikoari ezaugarri bereziak eman dizkio lurraldearen industrializazio berantiarrak. Azken urteotan eduki teknologiko eta balio erantsi handiko industria ezarri da Araban, puntako sektoreei lotua kasu askotan (automozioa, aeronautika...) eta kanpo inbertsio handiak erakarri dituena. Hori dela eta, enpresa gutxi batzuen inguruan eta horiek eragin duten industria osagarrian gauzatzen dira produkzio nagusiak; ehun ekonomikoak espezializazio handia lortu du, baina enpresa gutxi batzuekiko mendekotasun handia ere badu. Atalik garrantzitsuenak automozioa, aeronautikarako osagarriak eta hodi eta profilak dira. 2007. urteko lehen hiruhilekoan, %15,4 hazi ziren Araban esportazioak aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta ekoizpen industriala ere %10,4 handitu zen, espainiar Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoaren gainetik. Egitura ekonomiko horren ondorioz, 2007ko aurrerapenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren batezbestekoaren eta gainerako herrialdeenaren gainetik egon zen Araba, biztanleko Barne Produktu Gordinari dagokionez (35.960 €). Hainbat urtez, Bizkaiak eta Gipuzkoak gogor jasan zuten krisialdi industrialak Araban eragin arinagoa izan zuenez, langabezia tasetan Bizkai eta Gipuzkoakoen azpitik egon da Araba (2005. urtean, %3 zen Arabako langabezia tasa, eta %5 inguru Euskal Autonomia Erkidegokoa), baina, 2008az gero, atzeraldi orokorraren ondorioz, joera hori aldatzen ari dela erakusten dute azken datuek.

Arabaren garapen industrialak eragin zuzena izan du Arabako azpiegituretan. Euskal Herria Iberiar goi-lautadarekin lotzen duen N-1 errepideak zeharkatzen du Araba, eta horrek beti izan duen garrantzia areagotu egin da errepide honek azken urteotan izan duen hobekuntza nabarmenei esker. Horrez gainera, gehienbat Gasteiz inguruko industrialdeetan kokatuta dauden industrien ekoizpenari irteera egokia emateko Gasteizko Garraio Zentroa sortu da, Jundizko industrialdean. Zentro horrek garraioarekin zerikusia duten arlo guztiak biltzen ditu: biltegiak, banaketa, aduanen eta stock-en kudeaketa. Nazioarteko trenetako zama-terminala ere badu. Industriari lotutako garraio-azpiegiturei dagokienez, aipagarria da Gasteizko aireportua, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen hiru aireportuetan berriena eta merkantzia garraiorako bereziki prestatua. Gaur egungo hegazkinik handienak hartzeko gai da aireportua eta, esan bezala, karga-aireportua da bereziki, espainiar Estatuko laugarrena garraiatutako merkantziari dagokionez.

Hedabideak aldatu

Arabar ospetsuak aldatu

Ikus zerrenda: «Arabar ospetsuak»

Arabar ezagun klasikoak Joan Perez Lazarraga, Felix Maria Samaniego eta Ramiro Maeztu idazleak ditugu, bai eta Justo Antonio Olagibel arkitektoa, Manuel Iradier esploratzailea edo Jesus Guridi musikagilea ere, besteak beste.

XX. mendean, aipatzekoak dira Jose Angel Cuerda eta Juan Jose Ibarretxe politikariak, Juanito Oiarzabal mendigoizalea, Martin Fiz atleta, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria eta Almudena Cid gimnasta, beste batzuen artean.

Bitxikeriak aldatu

Israel eta Jordaniaren arteko mugan, bada Araba izeneko eskualde edo harana. Euskal Herrikoaren antzera, gehienbat ordoki zabalek osatua dago.

Erreferentziak aldatu

  1. Espainiako Estatistika Institutuaren datuak erabiliz lortutako lur eremua (datu base honetako datuetatik, Álava + Condado de Treviño + Puebla de Arganzón (La) batura eginda).
  2. Anuario estadístico de España 2014 / I.N.E.
  3. Hezkuntza datuak EUSTATen webgunean
  4. 2015eko foru hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean 2016/01/28an kontsultatua

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Araba