Ijitoak Euskal Herrian

Ijitoak (egiptanotik eratorria, «Egiptokoa»[1]), buhameak (bohemiarretik), motxaileak edo erromaniak Erdi Aroan Euskal Herria iritsi zen etnia bat da, ziurrenik Indiako ipar-mendebaldetik[2]. Ijitoen presentziaren lehenengo testigantza 1435ekoa da[3] eta geroztik jazarpen eta ez-ulertuetan oinarritutako historia izan dute[4].

Hungariar talde bat 1899an Tolosan.

Euskal kulturan eragina izan dute, ia sei mendetako eraginaren ondorioz. Alde batetik, euskararen egitura sintaktikoa eta erromanieraren hiztegia batzen zituen erromintxela izeneko nahasketa hitz egin dute[5]. Bestetik, inauterietako pertsonaiak ere sortu dituzte, Zuberoako maskaradako buhamea[6] edo kaldereroak ijitoen parodian oinarritutako jaiak dira[7]. Kaskarotak ere ijito eta agoten nahasketaz sortutako taldea zen[8]. Ijitoen aurkako sentimenduaren ondorioz, euskaraz ijito hitza maltzur eta iruzurti hitzen sinonimotzat hartzen du Euskaltzaindiaren hiztegiak[1].

Gaur egun talde heterogeneoa da, jatorri eta kultura ezberdinetakoa. Zenbat ijito dagoen zehaztea zaila da, baina Euskal Autonomia Erkidegoan 14.000 inguru dira (3.000 Araban, 8.000 Bizkaian eta 3.000 Gipuzkoan)[9]. Nafarroan 7.000 inguru dira, 2007an egindako estimazio baten arabera[10]. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina komunitate garrantzitsuak daude gaur egun eta 1.000 baino gehiago izan daitezke[11].

Historia aldatu

Lehen kontaktuak aldatu

 
Ijitoen migrazioak

Ijitoen jatorria Indian dagoela diote azterketa genetikoek[2], eta Balkanetara XII. mende ingurura iritsi zirela[12]. Hala ere, lehenengo testigantza idatzia 1322koa da Grezian, eta XIV. mendera arte ez ziren iritsi Europako beste leku batzuetara[13]. 1416an Sigismundo Bohemiakoak ibiltzeko baimen bat eman zien, Otomandarren inguruan zuten informazioaren truke[14] eta Martin V.a aita santuaren aukeraketaren ostean, ijitoak penitentzian ari zen herria zenaren mitoa hedatu zen[15]. Baliteke mito hau ijitoek eurek sortu izana: euren bekatuak zirela eta, Aita santuak penitentziara zigortu zituen, nomadak izatera eta inoiz ez egitera lo ohe batean. Trukean, Aita santuak kristauei eskatzen zien janaria, dirua eta garagardoa ematea[16]. Baimen horrekin Europa osora hedatu ziren eta, leku askotan, Bohemiarekin lotzen zien "buhame" hitza erabili zen. Mitoarekin, arrazoi bat ematen zitzaion euren nomadismoari. Aragoira 1425an iritsi ziren eta bertan Alfontso V.a Aragoikoak baimena eman zien Donejakue bidea egiteko[17], bidean aurkitu zitzaketen traba guztiak pasatzeko aukera emanik[18].

Nafarroako Erresumara hamar urte beranduago iritsi ziren eta 1435eko apirilaren 27an Erriberriko gazteluan hartu zituzten. Bertan, Zuria I.a Nafarroakoak dirua eman zien euren erromesaldiarekin jarraitzeko. Euren buru, Thomas Egipto Txikiko Kondea gisa aurkezten zen gizona zegoen, eta 50 bat erromes zeuden bere alboan. Baliteke Alfontso V.a Aragoikoak 10 urte lehenago izandako talde bera izatea[3]. Testuak honakoa dio[19]:

«
 

Sepan todos que yo, Thomas, comte de Egipto menor, reconozco auer ouido el recibido en dono e gracia especial que la muy ilustre et Serenísima Señora Reyna de Nauarra me a dado por mi et mi companya que ymos a cumplir las penitencias que por el Padre Santo nos a mandado. A saber es por mano de Gil Periz de Sarasa, tesorero de la dicha Señora Reyna, la suma de veynte e quatro florines en dineros carlines prietos a XXX sueldos pieca valen XXXVI libras de la dicha moneda, de los quoales me tengo por bien pagado, por testimonio de las presentes, signada por mano de Miguel García de Barasoain, secretario de la dicha Señora Reyna a mi grant rogaría et requesta.

»

Facta en Olit, XXVII dia de abril l’aynooo mil CCCCXXXV

Ijitoak, lehen aurkezpen modura, erromes gisa aurkezten zuten euren burua. Euren kontakizunaren arabera, zazpi urtez ibili behar ziren mundutik Familia Santua Herodesengandik ihesi ari zenean egiptoarrek ez zutelako lagundu[20]. Garaiko gizartean erromesei laguntzea kristauen ohituretako bat zen eta begi onez ikusi zituzten Europa osoan zehar[21]. Erromesaldiaren edo "turkiarren beldurraren" aitzakiarekin hamarkada batzuetan zehar mugitu ziren Europa osoan zehar, baita Euskal Herritik ere[15]. XVI. mendearen hasierarekin euren egoera okertu zen, ordea.

Ijitoen presentzia dokumentuetan aipatzen da 1483an Lapurdin, 1484an Gasteizen, 1510ean Gipuzkoan eta 1517an Bizkaian[22]. Gasteizen, 1484 eta 1552 artean limosnak eman zitzaizkien, hirira sar ez zitezen. 1510ean Oñatin Ines Osinagak Juan Estibaliz Olalde alkatearen aurkako salaketa jarri zuen, "egipzianoen alde" egiteagatik berari egindako lapurreta batean[23]. 1535ean Hernanin dirua eskatu zen ijitoei emateko, herrira sar ez zitezen[23].

Jazarpenaren hasiera aldatu

 
1499ko Santzio Pragmatikoa.

Erdi Aroaren amaierak ijitoen bizimoduaren aurkako jazarpena ekarri zuen. Jazarpenaren arrazoiak ezberdinak ziren: euren bizimodu nomada, askoren ogibide eza, prostituzio zein lapurreta salaketak eta espioi izan zitekeela pentsatzea, adibidez[16][24]. Nafarroako Erresuman ez ziren eman ijitoen aurkako neurri zehatzak, baina bai Espainia zein Frantzian, eragin handia izango zituzten neurriak Euskal Herriko ijitoengan[3]. Izurri Beltzak eragiten zuen beldurrarekin, 1480an eta 1508an ijitoei Tuteran sartzea debekatu zitzaien[25].

Errege-erregina Katolikoek 1492an Granadako Erresuma garaitu eta Espainiaren batasun prozesua hasi zuten. Urte horretan bertan Errege Katolikoek Granadako Ituna sortu zuten, juduak Espainiatik kanporatzeko aginduarekin[26]. Euren helburu nagusia homogeneitate kulturala zen, eta, horretarako, 1499an Ijitoen Aurkako Lege Pragmatikoa sortu zuten[3]. Lege honetan ijitoei errari izatea debekatzen zitzaien, eta ogibide ezagunak hartzea edo zerbitzari gisa aritzea eskatzen zitzaien. Ez bazuten betetzen, ehun kolpe eman behar zitzaizkien eta deserriratu; bigarren aldiz belarriak moztu eta kate bat jartzen zitzaien[27].

Lege hauek Nafarroako konkistaren ostean jarri ziren martxan[28]. Nafarroan egindako lehen legea ijitoen aurka 1549koa da[29], Tuterako Korteei eskatuz ijitoak Nafarroan aurkituz gero 100 kolpe eman eta deserriratzeko[30]. 1569an beste lege bat egin zen, "benetako pobreen eta ijitoen artean" desberdintzeko[3]. 1553an Lizarran eta 1569an Iruñean berriro ere ijitoen aurkako legeak onartu ziren[31]. Hala ere, lege hauek ez ziren betetzen, orokorrean. 1572an Nafarroako Gorteek aurretik onartutako legeek inongo jarraipenik ez zutela esan onartu eta berriro ere betearazteko agindua eman zuten[31].

1573an Faltzes eta Larragako herritar ijito batzuk kexu ziren Alpujarretako Matxinadaren aurkako gerran parte hartu eta gero ez zitzaielako herrira bueltatzen uzten. Ez zitzaienez aurkitu "delitu nahikorik" herrira sartzen utzi zitzaien, beti ere "euren hizkuntza eta janzkera" albo batera uzten bazuten[3]. Hizkuntza eta jantzia uztea ohikoa zen uniformetasuna bilatzeko, baina garai hartan ijito askok euskaraz egiten zuten. Adibide bat Uztariz izeneko ijito baten aurkako epaiketan aurkitzen dugu, 1597an[32]. Gerratan parte hartzea ere aukera bat da. 1590ean, adibidez, Ibañetan preso zeuden ijitoek argudiatu zuten kalbinisten aurka borrokatzeko antolatu zituela Luxako jaunak[31].

Nolanahi ere, ijitoen eta bertakoen arteko liskarrak geroz eta handiagoak ziren. Herri askotan ez zituzten nahi, eta herrien kanpoaldean edo eliza eta baselizatan sartzen ziren. 1580an Olibako monasterioan gelditu zen ijito talde bat, eta Zarrakazteluko herritarrak euren aurka jo zuten, baina gutxiago zirenez Olibako eta Leireko monasterioko monjeek istilua gelditu behar izan zuten. Hurrengo egunean Caparroso, Mélida eta Sádabako herritarrak euren bila joan ziren, baina ez zituzten harrapatu[31]. Bardean urte luzez izan ziren babesean.

Euskal foru-lurraldeen kezka nagusia Aitoren seme izatea zen, eta horregatik ez zuten uzten jada bertakoa zen inork etxea bertan hartzea. Askotan judu, morisko, ijito eta agotak nahasten ziren, odol eta familia purutasuna babesteko helburuarekin[33]. Mendeetan zehar, behin eta berriz sortu ziren legeak purutasuna ez zuten pertsonak herrietatik kaleratzeko. Gipuzkoan, purutasun horren bila, ijitoak kaleratzeko eskatu zuten Batzar Nagusiek 1577an Tolosan, 1578an Hernanin, 1579an Elgoibarren, 1580an Getarian[34]... behin eta berriz egin behar honek argi uzten zuen ez zirela nahi bezala betearazten[33]. Bizkaian antzeko egoera eta legeak egin ziren, baita Araban ere. 1573an Gasteiztik kaleratzeko agindua berretsi zuten[34].

1538an Lapurdi eta Nafarroa Beheretik kaleratu zituzten ijitoak[35]. Karlos IX.a Frantziakoakoak ijitoak debekatu zituen 1561ean. Edozein ijito aurkituz gero hiru urtez galeretara bidaltzeko eskatu zuen, nahiz eta herri baketsu gisa onartu[16].

Hala ere, dena ez zen jazarpena. Askotan ofizio zehatza zuten, beste batzuetan ordaintzen zitzaien jaiak animatzeko. Balmasedan 1517an herria uzteko eskatu zitzaien, baina 1559an jaietan dantzatzeko ordaindu zitzaien[36]. Lekeition 1558an dirua eman zitzaien herrian ez geratzeko, eta 1559an Corpus egunean dantzatzeko[34]. Tuteran ere egun horretan ijitoen dantza bat egiten zen[37]. Dokumentazioa ikusita, ijitoek ez zuten euren burua ijito gisa aurkezten, jazarpenari aurre egiteko gipuzkoar, nafar edo frantses gisa aurkezten zuten euren burua; hala ere, abizenak alderatuz, gipuzkoar zein nafarrak antzeko familietakoak zirela ikus daiteke[23].

XVII. mendea aldatu

 
Jean Charles Davillierrek Zumarragan 1874an egindako marrazkia.

XVII. mendearen hasieran galeretara kondenatzen hasi ziren. 1619an Filipe III.a Espainiakoak ijito guztiei Espainiatik kanpora joateko agindu zien, sei hilabeteko epean. Itzultzeko baimena ematen zien, baldin eta 1.000 biztanle baino gehiagoko herrietan bizitzera joaten baziren. Era berean, euren jantzia, hizkera eta izenari uko egin behar zioten[24].

Nafarroak zituen hegoaldeko eta iparraldeko mugetan ganadu-lapurretan ibiltzen ziren ijito batzuk, eta euren aurkako zigorrak handitu zituzten[31]. 1675an Nafarroako errege-ordeari eskatu zioten baimena emateko herrietan etxeak eduki eta ogibide zehatz batzuk hartzeko. Errege-ordeak ez zien etxea edukitzeko baimenik eman ez bazuten Elizako "betekizunak" eta ogibidea ondo ikasten[31]. 1678an "Betiereko Legea" (gaztelaniaz: Ley Perpetua) idatzi zen; lege horretan ikusten da bazeudela hainbat ijito herrietan bizitzen zeudenak. Hortik aurrera nekazaritza ez zen edozein ogibide izatea debekatu zitzaien, baita 1.000 biztanletik beherako herrietan bizitzea ere[38].

1604an Tolosan egindako Batzar Nagusietan Gipuzkoatik kaleratzea adostu zen, berrio ere 1651ean Mutrikun eta 1654an Hernanin ospatutako bileratan, baita 1684ko azaroaren 11an Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz, beti ere ogibide finkorik ez bazuten[39]. Gipuzkoan, garai honetan, mendi inguruetan bizi ziren asko, batez ere mugako zonaldetan. Askotan emakumeak baserrietara hurbiltzen ziren erditu behar zutenean, laguntza bilatzeko. Horren ondorioz, ijito asko bataiatzen ziren, nahiz eta gero ez ziren Elizaren parte, ez ezkontzen[39].

Araban ere jaietan parte-hartzeko debekua jarri zitzaien 1626an, 5.000 marabediko isunpean. Ondoren, lege hauek gogora ekarri ziren 1628an, 1651n, 1668an, 1682an eta 1686an. 1682an ijitoak kanporatu, gartzelaratu eta izan zitzaketen ondasun guztiak kentzeko legea onartu zen, eta hartu ezin bazituzten, hiltzeko baimena ematen zen[34].

Frantzian ijitoen aurkako debekua handitu zen 1666an, bizitza osorako galeretara kondenatuz eta emakumeen ilea moztuz[16].

XVIII. mendea aldatu

 
1783ko Espainiako santzio pragmatikoa.

XVIII. mendearen hasieran Espainiako Ondorengotza Gerrarekin Habsburgoen ordez Borboi etxea jarri zen agintean Espainian. Borboiekin politika berberak jarraitu zuen, ordea. 1717n 71 hiritan baino ezin zirela bizi agindu zuen erregeak; 1738an berriro ere agindu bera egin zen. 1745an Felipe V.a Espainiakoak beste 35 hiritan bizitzea baimendu zuen. Hiri hauek batez ere Andaluzia, Alacant, Murtzia eta Katalunian zeuden[24], eta Batzar Nagusi zein Nafarroako Gorteek adierazten zuten eurek ez zutela ijitorik[34]. Jazarpen honen punturik gorena Fernando VI.aren agintepean etorri zen: 1749an ijitoen aurkako Sarekada Handia egin zen. Ensenadako markesak aginduta 9.000 bat ijito atxilotu zituzten Espainia osoan[40]. Sarekada Handiak ez zuen eragin berezirik izan euskal lurraldeetan: Gasteizen hiru ijito atxilotu zituzten eta Zamorara eraman[34] eta Nafarroan atxilotu beharreko ijitorik ez zegoela argudiatu zuten, zeudenek ogibidea bazutelako, euren arropak edo ohiturak ez zituztelako, edo errariak ez zirelako[41]. Bilbon ijitorik ez zegoela esan zuten, ez zitzaielako sartzen uzten[41].

1766an Nafarroako Estatu Orokorrak debekatu zuen "buhameak" etxe, etxalde edo bordetan babestea; pentsa daiteke, beraz, garai horretan ohikoa zela ijitoak etxe edo etxaldetan gordetzea[42].

1780an eskari anonimo batek Nafarroako Gorteei eskatu zien ijitoen aurka egindako gehiegikeriak gelditzeko[43]. Gorteek egindako memoria batean ijitoen aurka ekiteko arrazoiak ematen zituzten, tartean ez zirela erlijiosoak, ez zutela etxerik eta "nahi bezala bizi zirela"[43]. Horren ondorioz, berriro ere Nafarroatik kaleratzea eskatu zuten Gorteek, ez bazuten ogibide edo etxe finko bat[44]. Hala ere, aldaketa nabarmen bat egon zen lege horretan: karitate batzordeak eratu ziren eta umeak hezteko eskolak sortu[3].

1783an Karlos III.a Espainiakoak santzio pragmatiko berria egin zuen, ijitoen aurkako neurriak erlatibizatuz[45]. Lege honek ijitoen hiritartzea, nolabaiteko zibilizazio baten parte izateko saiakera egiten zen[43]. Lege honen ondorioz ijitoen zentsua egin zen, baina baliteke datuak ere faltsuak izatea; 10.000 ijito inguru zeuden Espainian garai horretan, eta zentsuan beltzak, mulatoak eta mestizoak ere jasotzen ziren[45]. Nafarroako Diputazioak bere 1780ko legea eta 1783koa kontrajarriak ez izatea aztertu zuen, hainbat kontraproposamen eginez, batez ere zigorrei dagokionez[43].

1788an Luzaiden zeuden ijitoen aurkako sarekada egin zen, baina ez zuten inor atxilotzea lortu, Donibane Garazira ihes egin baitzuten[43].

XIX. mendea aldatu

1802ko rafflea aldatu

Ilustrazioaren ideiak guztientzako eskubideak hedatzen zituen bitartean, Ipar Euskal Herrian ijitoen aurkako jarrera handitzen joan zen, bereziki Espainiak egindako jazarpenaren ondorioz muga aldean errefuxiatu ziren ijitoen populazioa asko handitu zelako. 1802an Ipar Euskal Herrian zeuden ijitoen aurkako raffle (sarekada) handi bat jarri zuten martxan, Frantzian modu honetan egindako handiena eta, gainera, bertako herritarren babesa izan zuena[23]. Castellane ofizialak agindu zuen euskal ijito guztiak atxilotu eta itsasoz-haraindiko kolonietara eramatea. Cazebone komisarioak Nafarroako erregeordeari muga zaintzeko eskatu zion eta Baiona eta Mauleko agintariak Espainiako ordezkariekin bildu ziren mugaz haraindiko kooperazioa eskatzeko. Juan Vataneo de la Cruz, Baionan kontsula, izan zen kontaktatutako ordezkaria[23]. Nafarroako muga ziurtatuta, Gipuzkoako ordezkariei ere idatzi zieten, ijito asko hortik alde egiten ari zirela ikusi baitzuten. Abenduaren 6tik 7rako gauean 475 ijito atxilotu zituzten, horietatik 195 hamabi urtetik beherako umeak[23], eta Baiona eta Donibane Garaziko kartzeletara eraman zituzten[31], lehenago Ziburu eta Donibane Lohitzunetik pasatuz. Denbora pasata, gizonak eta emakumeak bereizi zituzten eta Ameriketara eramango zituztela esan zieten, bertan lur-jabetza bat eta lurra lantzeko tresnak emanik. Gizonezkoak soldaduskara eraman zituzten eta emakume, ume eta zaharrak Arroxelan izan zituzten preso. Denbora pasata, libre utzi zituzten eta, pixkanaka, lehengo guneetara itzuli ziren[23].

Harremanak mendean zehar aldatu

 
Pirinioetako ijito bat, 1841ean.

Deportazioa helburu, 1806an berriro ere saiatu ziren guztiak atxilotu eta Louisianara eramaten. 1848an Maulek eskatu zuen etxebizitza finkorik ez zuten ijito guztiak Cayennera deportatzeko[46]. Urte horretan bertan ijitoek euren erregina Catina Béhasque dela diote, Mehainen bizi dena, eta erregea identifikatu gabeko gipuzkoar bat da[47].

1857an Francisque Michelek Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique liburua idatzi zuen[48] (osorik). Zazpigarren atala Les bohémiens du pays basque deitzen da. Liburu horretan dio ijitoen aurkako aurreiritzi gehien dituztenak eurekin kontakturik izan ez dutenak direla, eta eurak direla kondaira okerrak sortu ohi dituztenak[23]. Fama ona duten ijitoen artean kaskarotak aipatzen dira, nahiz eta teknikoki kaskarot guztiak ez diren ijito (agotak, mairuak edo Antzinako Erregimeneko beste talde baztertuak ere bazeuden bertan)[23]. Liburuan aipatzen du kaskarotek ofizio egonkorrak izan ohi zituztela, baina beste ijito askok herriz herriko produktuen salmenta eta lapurreta txikiak txandakatzen zituztela, neguan hutsik geratzen ziren artzainen bordatan bizi zirela eta, udan, zelaietan egiten zutela lo. Ezkontza ez zen betirako instituzioa, eta bataiatuta egon arren erlijiorik ere ez zutela esaten du Michelek bere lanean[48]. Haurrak eskolara bidaltzen zituzten, frantsesez idazten eta irakurtzen ikasteko, baina behin jaunartzea egina basora itzultzen ziren: "aitzean yaiac, aitzerat nahi" esamoldea erabiltzen zutela dio[48], "haitzetan jaioak, haitzetan nahi". Ipar Euskal Herriko ijitoen hiztegi bat aurkezten du liburuak, baita aitaren egiteko esamoldea ere[48]:

«

Leba Tusquet
Echa Bisquet
Le Apelinguet
Taberamente

»

1863an L'Espinassek Paueko epaitegian hitzaldia egin zuen Les bohèmiens du Pays Basque izenburuarekin[49]. Ijitoen erretratu miserable bat egin zuen, eta zioen Espainiatik guztiak kanporatu eta gero Ipar Euskal Herrian ibili zirela eta mende erdiz lapurretak eta bestelakoak egiten jardun zutela; inork ez zuela jabetzarik eta Maule inguruan ez dela kasu bat bera ere ezagutzen non aita batek bere semeari zerbait utzi zion oinordetzan[23]. 1860ko hamarkadan Ipar Euskal Herrian atxilotutako ijito gehienak eskale ibiltzeagatik kondenatu zituzten[42]. Fiskalaren txostenaren arabera, 1859-60 urteetan 85 euskal ijito eraman ziren Frantziako barnealdeko departamenduetara eta euren 40 seme-alabak frantziar estatuaren esku geratu ziren[49]. Hala ere, garai horretan badaude zentsatutako "buhameak": Irisarrin 1860an lau etxe eta hiru bordatan zentsatuta agertzen da talde bat; Bunuzen 17 pertsona daude zentsatuta Amailloteguy eta Sarraillarteguy etxeetan. Etxe horietako batek 1940eko hamarkadara arte iraun zuen, eta beti egon zen ijitoen eskuetan[42]. Duzunaritze-Sarasketan 1847 eta 1889 bitartean ijito asko agertzen dira Larraburia etxean zentsatuta, alokairu bidez. 1867an bi bikote etxearen jabe izendatu zituzten, baina ez zen etxe bakarra ere (Larraldia, Petitenia, Curutcheta); hainbat ijitok bizitza sedentarioa hartu zutela adierazten du honek. Aipatutako bi familia horien seme-alabak euren artean ezkondu ziren, eta Duzunaritzen familia osatu zuten[42]. 1860ko zentsuaren arabera, abizenik ohikoenak Nafarroa Behereko ijitoen artean Etcheverry/Etcheberry, Uhart, Aguerre/Daguerre eta Eyherabide ziren[42]. Zentsu horretan ere ohiko ogibideak agertzen dira, gehienak ogibiderik gabe edo eskale gisa identifikatzen dira[50]. Ijitoak Ipar Euskal Herriko biztanleriaren % 0,65 baino ez ziren[23].

 
Hungariar talde bat Tolosan, 1899ko urrian. Polikarpo Elosegiren argazkia.

1876an Victor de Rochasek aurreiritziz beteriko liburua idatzi zuen Euskal Herriko ijitoei buruz. Bere esanetan, muga aldeko guneetan bizi ziren bi aldeetako polizia eta armadei uko egiteko eta mugaren bi aldeetan lapurtutako ganadua beste aldean saltzeko[51]. Liburuan dio ijitoen eta bertako herritarren arteko tirabirak handiak zirela, eta honako esaldia jasotzen du: "Qu’abattre un bohémien d’un bon coup de carabine est chose aussi légitime que de tuer un loup ou un renard" (ijito bat tiroz hiltzea otso bat edo azeri bat hiltzea bezain zilegi da)[51]. Hala ere, garai horretan ijitoak beste euskal populazioarekin nahasten joan ziren, eta asko etxeetan ezarri ziren, aurretik ikusi dugun bezala. Bikote misto horiek nekazaritzan edo zapatagintzan lan egiten zuten, eta egilearen arabera (garai horretan modan zeuden argudio arrazistak erabilita) hiru belaunaldiz nahastutako ijitoak ezberdintzea posible bazen ere, ijitoak euskaraz aritzen ziren, ahoskera bereziarekin.[23]

Hego Euskal Herrian jazarpenak jarraitu zuen, nahiz eta garai honetan espainiar pentsamenduan jarrera hori hain ohikoa ez izan. 1866an Gipuzkoa eta Nafarroak ijitoak berriro ere kaleratu zituzten, Echeverria, Larralde, Berrio eta Jiménez abizenak zituztenetatik hasita[23]. 1884an Gipuzkoako Foru Aldundiak mezu guztiz iraingarria egin zuen ijitoen aurka, argudiatuz gaizkia baino ez zutela egiten; etxebizitza finkoa zuten ijitoek, ordea, ez zuten hain fama txarrik[23]. 1899an Ramon Soraluzek Gipuzkoan bizi ziren ijitoen aldeko mezua idatzi zuen, ordea, La vida de los gitanos en Guipúzcoa lanean[52]. Lan horretan aipatzen du ijitoak oso herri ezezaguna direla, eta galderak erantzuteko ohiturarik ez dutela, baina askotan biltzen direla leku batean, ondoren mendietara mugitu eta, handik denbora batera, beste herri batean agertzen zirela, berriro biltzeko. Bizkaiko eta Gipuzkoako ijitoen artean harremana zegoela esaten du, "ez bada forua eztabaidatzeko"[52]. Ijito horiek normalki euskaraz aritzen zirela ere esaten du lan horretan[23]. Liburuan aipatzen du Bonifacio izeneko lider bat zutela Gipuzkoan, zeinaz ezer gutxi gehiago dakigun, baina agian Bonifacio Echeverria Larralde izan zitekeena, Miguel Echeverria Carriquiri eta Juana Bautista Larralde Giménez ijitoen semea[23]. Ijitoek ezin zutenez erraz etxerik hartu, herriz herri eta, batez ere, feriaz feria mugitzen ziren garai honetan; otarrak saltzen zituztenek "zesto ederrak!" oihukatzen zuten[52]. Herrietan erroldatutako ijitoak ez ziren zerbitzu militarrera joaten eta, hortik aurrera, etxetik alde egiten zuten, poliziarengandik ihesi[52].

XX. mendea aldatu

 
Ana eta Jose txikia, Txistoki zubipeko etxeko atarian, Andoain. 1994.
 
Txistokiko zubia helbidea duen gutuna (Andoain), Eusko Jaurlaritzak ijito familiari zuzendua. Nomada askok babes sozialeko neurrietara sarbidea izan dute XX. mendearen amaieratik aurrera.

Ijitoen aurkako pertsekuzioak jarraitu zuen XX. mendean zehar. Espainiako Bigarren Errepublikak alfer eta gaizkileen legea onartu zuen, 1933an. Lege hau ijitoen aurka erabili zen, eta frankismoan ere jarraipena izan zuen[53]. 1937an, Espainiako Gerra Zibilaren baitan, nazionalek "arraza gutxitu batekin ezkontzen zirenen" aurkako legea proposatu zuten[54]. Frankoren diktadurarekin batera gaztelania ez ziren hizkuntzak debekatu ziren, eta ijitoen hizkuntza "gaizkileen hizkera" gisa tratatu zen. Espainiako ijitoen populazioa garai horretan 300.000-400.000 artean kalkulatzen da, gehienak Andaluzia, Madril eta Katalunian, eta soilik % 5 zen nomada[55]. Euren aurkako beste lege batzuk ere onartu ziren, tartean 1970eko "Arrisku Sozialaren legea", argiki ijitoen aurka erabili zena[54]. 1978tik aurrera ijitoen aurkako jarrera lasaitu zen, gutxienez lege-ikuspegi batetik. Hala ere, 1980ean Hernanin oraindik ere ijitoen kanporaketa bat agindu zen, kasu honetan auzo batzarrek hala eskatuta udaletxeko gehiengo abertzaleari[56].

Frantzian, bestalde, 1912ean nomaden aurkako lege bat sortu zen. Nomada guztiek karnet antropometriko bat izen behar zuten, eta mugimendu bakoitzean zigilatu behar zen. Lege hau 1969ra arte mantendu zen. Marcel Waline legelariaren arabera, kasu bakarra izan zen Frantziako ordenamendu juridikoan arraza baten aurkako neurri argia baitzen[57]. Lehen Mundu Gerran Crest herrian nomaden aurkako kontzentrazio esparru bat egon zen. Bigarren Mundu Gerran, Vichyko gobernuaren pean zein okupatutako Frantzian, ijitoen aurkako errepresioa handia izan zen. Ez dakigu zenbat euskal ijito erail edo erbesteratu zituzten Porraimosaren ondorioz, baina badakigu 1940ko apirilaren 6an lege-dekretu bat ezarri zela[58] gerrak iraun bitartean nomadak debekatuz eta ijitoak sedentarismora derrigortuz. Vichyko gobernuak, hegoaldeko nomadak Lennemezan eta Salierseko kontzentrazio esparruetara eraman zituen[59]. Ez dago datu zehatzik euren jatorriaren inguruan.

XX. mendearen amaieran ijitoen inklusioa guztiz eman gabeko gertakaria zen. Ijito asko hirien kanpoko auzoetan ezarri ziren 1960ko hamarkadatik aurrera, adibidez Otxarkoaga bezalako auzo batean, baita Ezkerraldean (Sestao edo Barakaldo adibide). Gasteizen, kanpoaldean txabolatan bizi ziren ijito ugari zirela eta, elkarte batek Gao Lacho Drom herria sortu zuen[60]. Gaztelatik edo Andaluziatik etorritako ijitoak zein Portugaletik etorritakoak bertakoekin nahastu ziren, lehen izandako identitate hori galduz. Gizarte-bazterketa eta estigmatizazioa oraindik ere nabarmena da[61], bereziki auzo horien inguruan eta prentsan.

XXI. mendea aldatu

XXI. mendearen hasieran aurreko mendearen amaieran emandako jarrerek jarraitu zuten. Alde batetik, gizartean barneratzeko saiakerek jarraitu zuten instituzioen aldetik eta Kale dor Kayiko edo Sim Rom bezalako elkarteak sortu dira, ijitoen eskubideen alde borrokatzeaz gain, zubi lanak egiteko helburua dutenak[62]. Baina oraindik ijitoen aurkako jarrera ohikoa da gizartean. 2010ean Frantziar nazionalitatea ez zuten ijito guztiak euren herrialdetara kaleratuko zituela iragarri zuen Nicolas Sarkozyk. 2011n kanpotar gisa sailkaturiko ijitoen kanpalekuak desegin eta milaka lagun kanporatu zituzten[63]

Eusko Jaurlaritzak estrategia bat du ijitoen bazterketa kasuei aurre egiteko[64].

Emakume ijitoen memoria kolektiboa aldatu

2019ko azaroan, AMUGEk, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak, emakume ijitoen memoria kolektiboaren balioa azpimarratzen zuen liburu bat, ROMANI HADIN, Tras las huellas de las mujeres gitanas / Emakume ijitoen urratsen atzetik[65] liburua, aurkezteko jardunaldiak antolatu zituen Bilbon[66].

Demografia aldatu

Historikoki, ijitoak landa eremuetan bizi izan dira Euskal Herrian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan herri txikiak aukeratu zituzten bizitzeko, adibidez Aramaio, Urduña, Amezketa, Itsasondo, Orio, Lanestosa edo Abadiño. Lapurdin kostan (Ziburu edo Donibane Lohitzune) eta barnealdean bizi ziren (nabarmen Hazparne, Ahetze eta Ezpeletan). Nafarroa Garaian Erriberan (Faltzes, Funes, Fitero, Martzilla, Azkoien...) eta Iruñea inguruan, bereziki Arrotxapean[23].

Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera, EAEn dauden ijitoak 14.000 inguru dira, eta jada ez dira mugitzen behinola egiten zuten bezala. Horietatik 3.000 Gasteizen bizi dira, 8.000 Bizkaian (erdia Bilbon, besteak Bilbo Handian) eta 3.000 Gipuzkoan, nahiko sakabanatuta[67]. Gizarte bazterketa, xenofobia, marjinalitatea eta ezagutza eza oraindik ere nagusi dira[67]. Nafarroan 7.000 inguru dira, 2007an egindako estimazio baten arabera[10]. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina komunitate garrantzitsuak daude gaur egun eta 1.000 baino gehiago izan daitezke[11].

Kultura aldatu

Erromintxela aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Erromintxel»

XX. mendea hasi arte, euskal ijitoen hizkuntza nagusia euskara zen, eta bakarra emakumeen kasuan. Gizonezkoek beste hizkuntzak ikasi ohi zituzten soldaduskan edo kartzelan. Hego Euskal Herrian Gaztelatik etorritako ijitoekin nahastu arte, euskara zen komunikazio hizkuntza[23]. Badakigu romaniera ere erabiltzen zutela, eta bien arteko elkarketari erromintxela izena eman zaio.

Erromintxela (baita errumanzel eta erremaitzela ere[68]) ijito edo buhame euskaldunen eta haien hizkeraren izena da. Erromintxela ez da hizkuntza, ez eta dialektoa ere: pagadolektoa da, «hizkuntza apurtua», euskara eta romaniera batzen dituena[69][70]. Romani linguistikaren baitan para-romani multzoan sailkatu ohi da, hiztegi arloan jatorrizko romani hizkuntzaren lexikoa hein handiz gordetzen duelako, baina aldiz gramatikaren arloan romanieraren ezaugarriak galdu eta beste hizkuntza batenak hartu dituelako, kasu honetan euskararenak[71]. Hortaz erromintxelak romanieraren hiztegia eta euskararen gramatika uztartzen ditu.[72]

Egaxu da ijitoak ez direnei deitzeko darabilten izena. Kalo kulturako ijitoei aldiz, hankagorri deitzeko ohitura dute.

Musika aldatu

 
Paco Peña eta Sabicas iruindarra.

Ijito askok musikagile gisa lan egin dute historian zehar. Lehen aipatu dugu Balmaseda, Lekeitio edo Tuteran XVI. mendean ordaindu zitzaiela jai ezberdinetan kantatu eta dantzatzeko. Historian zehar izan dira ere herri honetako bertsolariak[73], adibidez Ijitu de Santxoenea[74]. Jaietan danborra jotzen ere ibili dira askotan. Horren adibide da Francisco Javier Echeverría, Txuntxunero, Iruñeko Sanferminetan erraldoien aurrean 1848tik 1910era bitarte jo zuen ijitoa[75][76]. Iruñeko Mañueta kalean jaioa, Sabicas flamenko musikako gitarrista oso ezaguna izan zen mundu osoan.

Azken urteotan flamenkoa euskaraz egin duten talde batzuk egon dira, adibidez Rumba Norte edo Sonakay[77].

Ijitoak euskal musikaren subjektu izateaz gain, noiz edo noiz objektu ere izan dira. Agian "Martin Galox"[78] izango da ijitoei buruzko abestirik ezagunena.

Inauteriak aldatu

Ijitoetan oinarritutako inauterietako pertsonaiak ere sortu dira, Zuberoako maskaradako buhamea[6] edo kaldereroak ijitoen parodian oinarritutako jaiak dira[7]. Kaskarotak ere ijito eta agoten nahasketaz sortutako taldea zen[8].

Pastorala aldatu

Mixel Etxekoparrek Ederlezi pastorala idatzi zuen Nicole Lougaroten Bohémiens liburuan oinarrituta[79], eta 2013an taularatu zen. Ederlezi pastoralak, ijito familia bat ardatz hartuta, XVII. mendeaz geroztik ijitoen herri zaharrak Euskal Herrian izandako gorabeherak kontatzen ditu[80].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  2. a b «Ijitoen jatorria, DNAn islatua - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) «Historia de los gitanos en Navarra» Ricardo Hernández 2011-08-23 (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  4. 1980-, Martín, David,. (2017). El pueblo gitano en Euskal Herria. (1. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 9788417065027. PMC 1013895754..
  5. «Hiretzat goli kherautzen dinat, erromeetako gazi mindroa» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  6. a b «Buhameak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  7. a b Kaldereroak: Zeintzuk ote?. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  8. a b Berria.eus. ««Euskal gizartearen parte dira ijitoak, beste edozein bezainbeste»» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  9. (Gaztelaniaz) «Pueblo gitano» www.euskadi.eus 2005-11-04 (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  10. a b Fundación Secretariado Gitano. (2007). Vivienda y Comunidad Gitana en Navarra. .
  11. a b (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2008-01-14). «Reportaje | Ijito euskaldunen arrastoan» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  12. Mendizabal, Isabel; Lao, Oscar; Marigorta, Urko M.; Wollstein, Andreas; Gusmão, Leonor; Ferak, Vladimir; Ioana, Mihai; Jordanova, Albena et al.. (2012-12). «Reconstructing the Population History of European Romani from Genome-wide Data» Current Biology 22 (24): 2342–2349.  doi:10.1016/j.cub.2012.10.039. ISSN 0960-9822. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  13. Donald., Kenrick,. (2007). Historical dictionary of the Gypsies (Romanies). (2nd ed. argitaraldia) Scarecrow Press ISBN 9780810864405. PMC 263614930..
  14. (Ingelesez) Crowe, D.. (2016-04-30). A History of the Gypsies of Eastern Europe and Russia. Springer ISBN 9781349606719. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  15. a b (Gaztelaniaz) Plötz, Robert. (2015). «De peregrinos gitanos del siglo XV en el Camino a Santiago de Compostela : "Jojanó Baró o la gran fanfarronada"» Ad limina : revista de investigación del Camino de Santiago y las peregrinaciones (6) ISSN 2171-620X. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  16. a b c d (Ingelesez) «History of the Gypsies» Owlcation (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  17. (Gaztelaniaz) Diariocrítico.com. «Se cumplen 592 años de la llegada de los gitanos a España» Diariocrítico.com (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  18. «Primer documento sobre la llegada de los gitanos a España» www.unionromani.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  19. (Gaztelaniaz) «Gitanos: Pensamiento y Cultura. 2007, Nº. 39 (ABR) - Dialnet» dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  20. Cassel, Paulus. (1885). Ahasverus; die Sage vom ewigen Juden; eine wissenschaftliche Abhandlung;. Berlin : Internationale Buchhandlung (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  21. Gypsy Lore Society. (1889-1999). Journal of the Gypsy Lore Society. Edinburgh : The Society (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  22. (Gaztelaniaz) «La historia de persecución de los gitanos vascos» Ricardo Hernández 2017-05-21 (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  23. a b c d e f g h i j k l m n o p q r Sánchez, David Martín. (2018). «El pueblo gitano vasco en el siglo XIX, entre la asimilación y la reafirmación.» Historia y política: Ideas, procesos y movimientos sociales (40): 53–81. ISSN 1575-0361. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  24. a b c (Gaztelaniaz) «La persecución de los gitanos en el Antiguo Régimen» Los ojos de Hipatia 2016-04-04 (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  25. (Gaztelaniaz) Monteano Sorbet, Peio J.. (2020). Un enemigo mortal e invisible. Los navarros en la Era de la Peste (1348-1723). Pamiela ISBN 9788491721826. (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
  26. Joseph,, Pérez,. Historia de una tragedia : la expulsión de los judíos de España. (Primera edición en Austral. argitaraldia) ISBN 9788408055389. PMC 895661832..
  27. «Una historia de persecuciones y sufrimiento - Fundación Secretariado Gitano» www.gitanos.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  28. (Gaztelaniaz) «La expulsión de los mudéjares del reino de Navarra protagoniza en mayo la microexposición del Archivo» www.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  29. (Gaztelaniaz) «Novíssima recopilación de las leyes de el Reino de Navarra : hechas en sus Cortes Generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive / que... ha coordinado el Licenciado Joachin de Elizondo.» bvpb.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  30. (Gaztelaniaz) Catalunya, Museu Virtual del Poble Gitano de. «Navarra» www.museuvirtualgitano.cat (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  31. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Idoate, Florencio. (1949). «Los gitanos en Navarra» Príncipe de Viana 10 (37) ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  32. «Testu zaharrak, XV-XVI. mendeak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  33. a b (Gaztelaniaz) «Exclusión social en los siglos XVI y XVII : esclavos, judíos y "portugueses" en la Gipuzkoa moderna» www.eusko-ikaskuntza.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  34. a b c d e f (Gaztelaniaz) Catalunya, Museu Virtual del Poble Gitano de. «País Vasco» www.museuvirtualgitano.cat (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  35. Egaña, Iñaki. (1996). Diccionario histórico-político de Euskal Herria. (1. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481360414. PMC 36767642..
  36. (Gaztelaniaz) Heros, Martín de los. (2014-07). Historia de Valmaseda : villa del antiguo condado y señorío de Vizcaya. Editorial MAXTOR ISBN 9788490014400. (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  37. (Ingelesez) «Corpus Christi - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  38. «27 de abril: Día de la comunidad gitana de Navarra :: Observatorio la Diversidad de Mugak» medios.mugak.eu (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  39. a b «Funtsak: La vida de los gitanos en Guipúzcoa /» www.kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-20).
  40. 1955-, Martínez Martínez, Manuel,. ([2007]). Los forzados de Marina en el siglo XVIII el caso de los gitanos (1700-1765). Editorial Universidad de Almería ISBN 9788482408521. PMC 434270983..
  41. a b 1955-, Martínez Martínez, Manuel,. Los gitanos y las gitanas de España a mediados del siglo XVIII : el fracaso de un proyecto de "exterminio" (1748-1765). ISBN 9788416027316. PMC 884722358..
  42. a b c d e (Frantsesez) LOUGAROT, Nicole. «Les Bohémiens de Basse-Navarre et Soule (Pays Basque) à travers les actes d’état civil, les registres paroissiaux, ou des documents administratifs du 19ème siècle» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  43. a b c d e Gordo-Astráin, Óscar. (1993-01-01). Los gitanos en Navarra en el siglo XVIII: las Cortes de 1780-1781. (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  44. (Ingelesez) «Cuadernos de las leyes y agravios reparados por los tres Estados del Reino de Navarra - Navarra (Provincia) Diputación Foral - Libro - 1896» bdh.bne.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  45. a b (Gaztelaniaz) Karlos III.a Espainiakoa. (1783). «Pragmática-Sanción en fuerza de ley, en que se dan nuevas reglas, para contener, y castigar la vagancia de los que hasta aquí se han conocido con el nombre de Gitanos, o Castellanos nuevos, con lo demás que expresa.» bvpb.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  46. (Gaztelaniaz) «GITANO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  47. Egaña, Iñaki.. (2005). Quién es quién en la historia del país de los vascos?. (1. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481363995. PMC 62384168. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  48. a b c d Francisque-Michel. (2013-02-19). Le Pays Basque : sa population sa langue, ses moeurs sa littérature et sa musique / par Francisque-Michel. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  49. a b «MDZ-Reader | Band | Les Bohémiens du pays basque / Lespinasse, ... | Les Bohémiens du pays basque / Lespinasse, ...» reader.digitale-sammlungen.de (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  50. (Frantsesez) LOUGAROT, Nicole. «Les Bohémiens de Basse-Navarre et Soule (Pays Basque) à travers les actes d’état civil, les registres paroissiaux, ou des documents administratifs du 19ème siècle» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  51. a b Lechien, Paul. (1877). «Les parias de France et d'Espagne, cagots et bohémiens, par Rochas.» Bibliothèque de l'École des chartes 38 (1): 152–154. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  52. a b c d Testu osoa irakurri daiteke hemen.
  53. «Ley de vagos y maleantes de 4 de agosto de 1933 - Wikisource» es.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  54. a b Gervás, Jesús María Aparicio. (2006). «Breve recopilación sobre la historia del pueblo gitano: desde su salida del Punjab, hasta la Constitución Española de 1978. Veinte hitos sobre la "otra" historia de España» Revista interuniversitaria de formación del profesorado (55): 141–162. ISSN 0213-8646. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  55. Rothéa, Xavier. (2014). «Construcción y uso social de la representación de los gitanos por el poder franquista 1936-1975» Revista Andaluza de Antropología (7): 7–22.  doi:10.12795/RAA.2014.i07.01. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  56. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1980-07-17). «Reportaje | La orden de expulsión de los gitanos de Hernani desencadena una polémica sobre el racismo en el País Vasco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  57. Maestracci, N.. (2008-10). «La pauvreté: un problème de santé publique ? Les limites des politiques sectorielles» Revue d'Épidémiologie et de Santé Publique 56 (6): S354–S355.  doi:10.1016/j.respe.2008.07.009. ISSN 0398-7620. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  58. «Rapport et décret du 6 avril 1940 relatifs à l'interdiction de la circulation des nomades sur la totalité du territoire métropolitain - Wikisource» fr.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  59. The Gypsies during the Second World War.. Gypsy Research Centre 1997-1999 ISBN 090045878X. PMC 39149442. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  60. (Gaztelaniaz) García, Alberto. (2022-03-30). «Gao Lacho Drom: el fugaz poblado gitano de Lakua que evitó el chabolismo» Gasteiz Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  61. De la Cal Barredo, María Luz; Martínez Monje, Pedro Manuel. (2009). Barrios con privación y exclusión social. Estructura de oportunidades y aislamiento institucional.  doi:http://hdl.handle.net/10810/15326. ISSN 1137-439X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  62. «KALE DOR KAYIKO» www.kaledorkayiko.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  63. Berria. «Ijitoen kanpalekuen %70 deseginak ditu Frantziak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  64. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/pueblo_gitano/es_7946/adjuntos/V_puebogitano_ES.pdf
  65. (Gaztelaniaz) «Romani Hadin, Tras Las Huellas De Las Mujeres Gitanas / Emakume Ijitoen Urratsen Atzetik de Amuge, Asociación De Mujeres Gitanas De Euskadi - Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea 978-84-09-15478-4» www.todostuslibros.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-13).
  66. «"Romani Hadin: emakume ijitoen urratsen atzetik" jardunaldiak astelehenean Bilborocken - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-13).
  67. a b Txostena eskuragarri: http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/pueblo_gitano/es_7946/adjuntos/analisis_situacion_pueblo_gitano_capv_c.pdf
  68. (Gaztelaniaz) [ «Gitano»], Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  69. «Hiretzat goli kherautzen dinat, erromeetako gazi mindroa» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  70. «Erromintxela, euskal ijitoen hizkera» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  71. 1963-, Matras, Yaron,. (2002). Romani : a linguistic introduction. Cambridge University Press ISBN 0511040113. PMC 56222210..
  72. Iparraldeko Hitza, Iñaki Etxeleku. (2021). «Apaepeka hizkera mintzo dutenak bilatzen ditu Iker-ek» Berria (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-09-14).
  73. «"Euskal ijitoak sistematik kanpo ibili dira beharbada, baina ez gizartetik kanpo"» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  74. Arretxe, Ion. «Ijitu de Santxoenea, bertsolari gitano» Oarso 2014 (Errenteriako Udala).
  75. erral. «1911ko uztailaren 11an hil zen "Txuntxunero" euskal ijitoa» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  76. «Gigantes y cabezudos: JAVIER ECHEVERRIA» Gigantes y cabezudos (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  77. «“Ez gatoz ezer ere aberastera, gure erara egin nahi dugu, besterik ez”» irutxulo.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  78. Oskorri, .. Martin Galox. (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  79. Lougarot, Nicole. (2009). Bohémiens. (1. ed. argitaraldia) Gatuzain ISBN 978-2-913842-50-2. PMC 322349795. (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  80. «Mascarades et Bohémiens - BUHAMEAK - Euskal Herrian» s430804576.onlinehome.fr (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu