Martin Bañezen eresia

Martin Bañezen eresia leinuen gerretako garaitik gordetako hil-kantu bat da, XV. mendearen erdi partekoa. Arrasateko jaun ganboatar bat oinaztarrek hil zutenean, haren emazteak kantatu zuena Arrasaten. Herri horretako seme Esteban Garibaik jaso zuen XVI. mendean, ahoz aho ehun urtez transmititu ondoren.

Testuinguru historikoa aldatu

1464. urtean izan zen Martin Bañez Artzubiagakoaren hilketa. Ganboarren aldekoa zen jaun hau, eta Arrasatetik Garagartzara zihoan batean, Ibarretako burdinolaren parean, oinaztar batzuek hil zuten, Butroe familiakoek nonbait.[1]

Mondragoe erre eta Gomez Gonzalez indarrez hil ondoren, Gipuzkoako merio nagusia zen Petri Lopez Aiarakoak, bandoen arteko liskarrak bukatzeko asmoz, zigor eredugarri batez punitu egin zituen Mondragoekoak. Zaldunak sutara kondenatu, kapareak itoarazi putzu batean, harri astuna lepotik zintzilikatuta, eta beste enparauak urkamendira bidali zituen, nahiz eta, azkenean, heriotza-zigorra lursail eta diru-isunekin ordeztu zen.

Bakea azalekoa omen zen eta 1464ko maiatzaren arratsalde batean, bost oñaztarrek Martin Bañez Artazubiagakoa erail egin zuten, Ibarretako olatik Mondragoera etxeratzen ari zenean. Aramaioko Juan Alonso Mujika izan zen erasoaren gidari eta bertan hil zuten Martin Bañez, gertaerak baino lehen Artazubiagakoaren gaineko heriotza zigorra bertan behera geratua izan bazen ere[2]. Alargunak negar saminari eman zion, eresi askoren bidez. Horietako bat Esteban Garibaik bildutako hau, non azpimarratzekoa den tonu oldarkorra[3].

Hitzak aldatu

Eresiaren bertsioa, Imanol Epelderen eskutik.

Martin Bañezen gorpua Arrasatera ekarri zuten, eta haren ondoan kantatu omen zituen bertsoak bere alargunak, Santxa Otxoa Ozaetakoak[4].

Jatorrizkoa

Oñetaco lurrau jabilt ycara,
lau araguioc vere an verala,
Martin Bañes Ybarretan il dala.
Artuco dot escu batean guecia,
bestean çuci yraxeguia;
erreco dot Aramayo guztia.

Grafia eta hitz gaurkotuak

Oinetako lur hau dabilkit ikara
lau haragiok ere han berala;
Martin Bañez Ibarretan hil dela.
Hartuko dut esku batean gezia,
bestean zuzi irazekia[5]:
erreko dut Aramaio guztia.

Erreferentziak aldatu

  1. «Butroe (familia)» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  2. «Erdi Aroko kantak, historia errimatua» Argia 2006-01-08 (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  3. Martin Bañez Artazubiagakoaren eresia « Etxepare rap. (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  4. «Martin Bañez – Ahozko euskal literatura» ahozkoliteratura.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  5. piztua

Kanpo estekak aldatu