Xabier Lete
Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944ko apirilaren 5a - Donostia, Gipuzkoa, 2010eko abenduaren 4a) euskal idazle, poeta eta kantaria, eta politikaria izan zen. Lourdes Iriondo musikaria zuen emazte.
Xabier Lete | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1944ko apirilaren 5a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 2010eko abenduaren 4a (66 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Lourdes Iriondo |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, idazlea, poeta eta kantugilea |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Ez Dok Amairu |
Genero artistikoa | olerkigintza herri-musika |
Musika instrumentua | ahotsa |
Oso ezagunak diren abesti batzuk bereak dira, esate baterako: Xalbadorren heriotzean, Nafarroa arragoa, Izarren hautsa, edo Gizon arruntaren koplak.
Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. Euskal Kantagintza Berriko partaide nagusietarikoa izan zen: 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigaray eta Lourdes Iriondorekin batera, abian jarri zuen Ez Dok Amairu taldea. Sasoi haiek gogoan, hau esan zuen Letek: «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera —kanta zaharrak ere jasoz—, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen». 1972. urtean, Ez Dok Amairu taldea desegin zen; Letek, ordurako emazte zuen Lourdes Iriondorekin batera, kantagintzan jarraitu zuen.
1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren esku izoztuak poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2005. urtean zendu zen bere emazte Lourdes Iriondo. 2009ko apirilean Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kidea («jakituna») izendatu zuten; eta 2010ean, ohorezko euskaltzain. Urte berean hil zen, abenduaren 4an, gaixotasun luze baten ondorioz.[1]
Bizitza
aldatuAbestigintza
aldatuXabier Letek Donostiako Herrerako La Salle ikastetxean egin zituen ikasketak. Batxilergoa amaituta, Tarragonara (Herrialde Katalanak) joan zen ikasketa teknikoak egitera, baina ez zituen bukatu. Horren ordez, irakurri eta zinemara joaten zen. Euskal Herrira bueltan, Pasaiako (Gipuzkoa) lantegi batean sartu zen, eta han hasiko zen lehen poesiak idazten. Irakurzalea gazte-gaztetik izan zen, eta segituan idazten hasi zen. 1965ean, Zeruko Argia aldizkarian kolaborazioak argitaratzen hasi zen. Antzerki munduarekin ere harreman estua izan zuen, Oiartzungo Lartaun taldeko kidea baitzen. Julen Lekuona herrikidearen bitartez, Joxean Artze ezagutu zuen.
1965ean, Ez Dok Amairu proiektuaren sorreran parte hartu zuen. Taldearen izena Joxan Artzek proposatu zion Jorge Oteizari[2] eta honek proposatu zuen kolektiboko bilera batean; euskal kultura berreskuratze aldera, diziplina artistiko guztiak bilduko zituen mugimendua sortzea zuen amets eskultore ezagunak, eta kantagintzaren kasuan, Ez Dok Amairuren eskutik, xede horrek izan zuen erantzunik. Francoren diktadura urteak ziren, garai ilunak zalantzarik gabe. Egoerari buelta emateko gogoa nabari zen euskal gizartean, eta nahi horri erantzunez kantua oihu bilakatu zen. Lehengo zein talde kideek beraiek osaturiko kantak plazaratu zituen Ez Dok Amairuk, kanta konprometituak eta landuak, taldeko partaideen irudiko konpromisoa ezin baitzitekeen zabarkerian erortzeko aitzakia gisa hartu, eta uste bera mantenduko du Letek bere ibilbide poetikoan.
Baina artista plastikoak biltzen zituzten Gaur, Hemen eta Orain taldeekin gertatu bezala, Ez Dok Amairuri ere iritsi zitzaion desagertzeko unea: 1970ko hamarkadan gertatu zen hori, Baga, biga, higa ikuskizuna aurkeztu ostean.
Beste zenbait kantariarekin kolaborazioak ere egin zituen, hala nola Antton Valverderekin, zeinarekin Lizardiren poesiei eta Txirritaren bertsoei ahotsa jarri zien 1975-1978 bitartean. Letek bertsolaritzarekiko lilura sentitu zuen txikitatik eta haren abestietan funtsezkoa da Txirritaren estiloaren eragina[3]. Antzerkia ere jorratu zuen euskal teatro modernoaren oinarriak finkatzeko asmoarekin, eta bilaketa horretan Eugenio Arozena izan zuen lankide. Kolaborazio horretatik sorturiko obrak Oiartzungo Intxixu antzerki taldeak eszenaratu zituen.
Leteren abestigintzan bere olerkiek eta hitzek dute garrantzirik handiena, nahiz eta musika ere sarri berak konposatua izan. Hitz propioez gain beste olerkari batzuen hitzak ere kantatu izan ditu Letek, esaterako Lizardi edo Jacques Brel; baita hainbat bertsolariren lanak ere. Era berean, hainbat abeslarik musikatu eta kantatu izan dituzte Leteren olerkiak eta abestitzak; horien artean daude, esaterako, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Imanol Larzabal, Benito Lertxundi...
Olerkaritza
aldatu1964an hasi zen poesia idazten. 1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia: Egunetik egunera orduen gurpillean. Gabriel Arestiren poesia sozialaren oihartzuna, Harri eta Herri-n bildutakoa batez ere, antzeman zitekeen aipatu lanean eta, ildo horretan, bidegabekeriak salatzeko erabili zuen Oiartzungoak hitza. Hitza, bai, zeren poetaren egitekoa zein izan behar ote duen bere buruari behin eta berriro galdetu ostean ondorio horretara iritsiko baitzen. Horregatik, kritikatu egingo zituen botereari men egiten zioten poetak zein errealitatea alboratuta jokoo estilistiko hutsaletan erortzen ziren sortzaileak. Maribel Sánchezen aburuz, «Letek ez du beharrezkotzat jotzen inondik ere poeta iraultzaren aitzindari eta mezulari izatea, baina ezin du begiak errealitatearen aurrean itxi, hots, ez dago poeta ez poesia inuzenterik, ez dago zikintasunik gabeko poesia. [...] Poetak, gizonaren sozial-izatearen kontzientziaz osaturik eta azpimarraturik egon behar du. Sozialtasun horren adierazpen nagusia herri baten izan nahi eta ezin izate minberakor eta argi-ilun adieraztean legoke, guzti hori herri urratu eta bortxatu baten testuinguruan.Honelako testuinguruan badira "dena ala ezer ez" politika ekintza lehen arautzat dutenak, baina Lete "ahal denean ahal den guztia" lema duten gizonen alde agertuko da». Poesia mailu bat dela esaten zuen Arestik, kontzientziak astintzeko akuilua. Ados zegoen Lete, baina bere ustez konpromisoa norbere buruan hasten zen eta horrek esan nahi du poetak ezin dituela bere sentimenduak alboratu. Zeren Sánchezek gogorarazten duen bezala, «Leterentzat poesiaren iturburu lehena sentimendua da, bestela ez dago poesiarik, eta geroxeago arrazoi, subjektuak mundu euskaitz guzti hori, taxutu, lotu, izendatzeko erabakia hartzen duen une berean baina ez lehenago. [...] Guzti honek baieztapen bat egitera eramaten du poeta: "Sentimendu eta sufrimendurik gabeko poesia erretorika hutsa da, berdin zait erretorika soziala edo erretorika-preziosista»
1974arekin heldu zen Bigarren poema liburua.Obra horretan Letek poetaren rola aztertzen jarraitu zuen, baina aurreko lanarekin konparatuta poesia askozaz intimoagoa, barnerakoiagoa osatu zuen. Frantziako filosofia existentzialistaren eraginez, poetak tarte handiagoa eskaintzen zien bizitzari eta heriotzari buruzko gogoetei. Hurrengo poemategian, Urrats desbideratuak (1981; Irun hiria literatur lehiaketa saritua izan zen), nabarmenagoa zen bilakaera. Hizkuntza gogortzeaz gain, ezkortasuna eta etsipena zerien poemei. Sánchezen aburuz, «Letek idatziriko poema liburuetan garapen argi bat ikusten dugu. Lehenengoan, poeta gazte, gartsu eta inguruarekiko kezkaz beteriko poeta azaltzen da, bere inguru-giroa aldatzeko beharra sentitzen duen horietariko bat, halaber borroka horretan aritzeko gai sentitzen da. Bigarrenean, esperientzia gehiagoko gizona da, gizon helduagoa. Ideia berberak mantentzen dira baina nolabaiteko zalantza ere nabaria da, bizi izan dituen garaiak utzitako arrastoek erreflexionatzera eramaten dute; eta erreflexio horren ondorioz sortzen da aipatutako zalantza hori: kontzientziazioaren arazoa. Hirugarrenean dezepzioa agertzen da nagusi, bizitzaz azken batean ezer onik itxaroten ez duen gizona bezala agertzen da, nahiz eta oraindik askatasunaren kezka nolabait mantendu. Honetan bi alde agertuko dira, borrokaren beharra eta etsipena»
Urrats desbideratuak-eko poemetan existentzialismoaren eraginak indarrean jarraitzen du, baina jadanik ez da poetak aintzat hartzen duen ikuspuntu bakarra; beste filosofo baten esanak ere darabiltza orain buruan Letek, Nietzscheren esanak. Esther Zarrauak azaltzen duenez, «ihesean dago salbaziorako bidea, aukerarik dramatikoena ere kontuan hartuta, hau da, heriotza. [Poeta] mundu honekin nekatuta dago, eta ihes egin nahi du. Nolabaiteko aldea dago 66an pentsatzen zuenaren eta oraingo jarreraren artean. Egunen batean hilko den kontzientzia duelako, edozein unetan heriotza bidera aterako zaiola-eta nahi duena gauzatzeko aukerarik ez duela izango jakin badakielako, itxaropenik ez duen gizaki existentzialistarekin parekatzen da. Baina badu gizakiaren egoera etsipengarri hori konpontzeko bidea, eta bide hori maitasuna da, zeinak Jainkoan sinistera eramaten duen, hura baita maitasuna bizirik mantendu dezakeen bakarra, heriotza ostean ere»
Politika gaixotasunak zirela medio utzi ondoren, osasunak hobera egitearekin batera heldu zen Oiartzungoaren hirugarren lana, Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), zeinarekin Euskaltzaindiko Felipe Arrese Beitia olerki saria jaso zuen. Gerora, edizio berritu batean, aipatu lanak Biziaren ikurrak izenburua hartu zuen. Iñaki Aldekoaren esanetan, «Urrats debideratuak-i tonua ematen zion jarrera existentzialistak bizitzaren ikuspegi barnerakoiago batekin bat egiten du» azken poemategian. «Poetak publizitate eta ideologiari loturiko leloetatik at ikusten du bere burua; arreta bere osasun fisikoarentzat eta, zergatik ez, espiritualarentzat ezinbestekoa den horretatik desbideratu dezakeen edozein errealitate sozialetik kanpo dago. Zentzu horretan, bizitzarekin esker onekoa den poesia idazten du Xabier Letek, eta bertan ez da urtaroen joan-etorrian existentziaren "miraria" ospatzen duen begirada behatzailea baino ezer sublimeagorik: poesia bat da zeinetan kantua otoitzarekin nahasten den. (...) Bizitzaren gorabeherak irrika bako begirada ezkorrarekin behatzen duenaren ahots tonua da, eta betidanik heriotza gertu sentitu duenaren kontzientziaz tradizionalki balore kristauak izan diren apaltasun, erruki eta barkamenari dei egiten die.»
Politika
aldatuDenboraldi batez literatura sorkuntza alboratu zuen Letek politikan jarduteko. Hain zuzen, 1980ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailean aritu zen, zuzendari nagusi lehenik eta sailburu ondoren, Eusko Alderdi Jeltzalearekin, lau urtez.[4] Gaixotasunak, baina, zeregin publikoak alde batera uztera behartu zuen.
Argitaratutako lanak
aldatu- Xabier Leteren abestiak, Euskarazko Wikipedian.
Abesti ezagunak
aldatu- Aberri ilunaren poema
- Agian
- Alemaniyako gerrari
- Alzateko jaun
- Amalau erijotzena
- Amerikara dijoan lagun bati
- Amets bat[I]
- Amodio, amore
- Andaluzaren pareta
- Andre txarraren bentajak
- Andresek bere andregaiari
- Apellidua Olazabal det[I]
- Atso gezurti bati
- Azken juizioko eguna
- Bertsoak jartzen naiz asi
- Biographia
- Bizkaiko txerriari jarriak
- Brabanteko Jenobeba
- Canço a Catalunya
- Chile
- Cubako gerrarenak
- Denborra, leku, zeru ta lurrak
- Errota zaharra
- Eskeintza, nere aita zenari
- Estatutoa lenbailen
- Euskal Erria itxusten
- Ez dut amets haundirik
- Ez esan maite
- Frantsez euskaldun batenak
- Fueruak kendu zituenari
- Garai bateko eztaiak
- Garia Euskal Errian
- Gauaren ordezko eguna
- Gerra [I]
- Gizon arruntaren koplak
- Gizonaren negua
- Goizuetako mixiyua
- Greziako itsasontzia[II]
- Gure aurreko guraso zaharrak
- Gure munduko bizimodua[I]
- Habanera
- Haizea dator ifarraldetik
- Hargin andaluza[I]
- Haur andaluz bati seaska kanta
- Heriotzaren begiak
- Herri zahar honetan
- Hil da Canovas[I]
- Ijituenak
- Itsasoan urak haundi[III]
- Izarren hautsa
- Izotz-Ondoko Eguzki[IV]
- Jaio berriari
- Juana Bixenta Olabe
- Kanpoko jendea
- Kazkazurik bere buruari
- Kontrapas[V]
- Langile baten seme
- Lore bat, zauri bat
- Nafarroa, arragoa
- Nagusiya ta maizterra
- Neguaren zai
- Nere sentimentua
- Neskazar bat tentatzen Txirritak jarriyak[I]
- Ni esposatzian[I]
- Ni naiz
- Norteko trenbideari[I]
- Orain bi milla urte[I]
- Oraingo neskatxen jazkerak[I]
- Ostikoketa
- Otsoak eta Txanogorritxu
- Pasaiako huelga[VI]
- Pernando Amezketarra
- Proporziyo bat
- Salbatoreko ermitan
- San Martin, azken larrosa
- Seaska kanta
- Sinisten dut
- Suantxaren bertsuak
- Teologia, ideologia
- Txirritaren lendabiziko bertso-lagunak[I]
- Xalbador gogoan
- Xalbadorren heriotzean (I)
- Xalbadorren heriotzean (II)
- Zarraren agurra[I]
- Zuk il zenduen artzaia
Egileak:
- ↑ a b c d e f g h i j k l m Txirritaren bertsoak
- ↑ Lluis Llach kataluniar kantautorearen Vaixell de Grècia abestiaren euskarazko moldaketa
- ↑ Julen Lekuonaren olerkia
- ↑ Lizardi
- ↑ Bernat Etxepare
- ↑ Egile ezezaguna
Diskoak
aldatuXabier Lete (1971) - Bertso zaharrak (1974, Elkar). Antton Valverderekin eta Julen Lekuonarekin batera egindako bertso zaharren bilduma.
- Txirritaren bertsoak (1975, Elkar). Antton Valverderekin egina.
- Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren 4 disko txikiren bilduma (LP 33 r.p.m.) (1976, Edigsa)
- Kantatzera noazu (1976, Elkar).
- Lore bat, zauri bat (1977, Elkar)
- Eskeintza (1991, Elkar)
- Hurbil iragana (1992, Elkar). Bilduma.
- Berrehun urtez bertsotan (2001, Elkar). Bertso bilduma luze honek aparteko ekarpena egin zion bertsogintzako doinutegiari[5].
- R.Mª Rilkeren "Orduen Liburua" (2004, Pamiela). Littera&Musika.
- Neguan izan zen (DVD) (2009, Pamiela)
- Xabier Lete zuzenean. Errenteria 1999.IX.25. Azken Kontzertua (2 CD) (2010, A&M Kultur Promotorak).
Idazlanak
aldatuAntzerkia
aldatuOlerkiak
aldatu- Egunetik-egunera orduen gurpillean. 1968, Hegosa Cinsa.
- Bigarren poema liburua. 1974, Gero Mensajero.
- Urrats desbideratuak. 1981, GAK.
- Biziaren ikurrak. 1992, Erein. (Koldo Izagirrek liburu batean Letek Rainer Maria Rilkeren eta Carles Ribaren poema batzuk plagiatu izana azaltzen du).[6]
- Zentzu antzaldatuen poemategia. 1992, Euskaltzaindia BBK.
- Abestitzak eta poema kantatuak. 2006, Elkar.
- Egunsentiaren esku izoztuak. 2008, Pamiela, (2009ko Euskadi Literatura Sariaren irabazle).
Antologiak
aldatu- Koldo Izagirre: Elurra ikusi dut. Elkar poesia, 2017, 304 or. ISBN: 978-84-9027-588-7. Liburu honetan Izagirrek Xabier Letek Biziaren ikurrak liburuan jasotako zenbait plagio azaltzen ditu, gaia zeharka ezaguna bazen ere.[7].
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Xabier Lete» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ Hil egin da Xabier Lete
- ↑ Martin-Etxebeste, Jon. (2022-03-25). Xabier Leteren kantagintzaren azterketa: gaiak eta ahozkotasuna. [EHUko doktorego tesia] (Noiz kontsultatua: 2022-11-25).
- ↑ Martin-Etxebeste, Jon. (2023). Xabier Lete. Bertsorik sakonena. Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua, 116-220 or. ISBN 978-84-1319-598-8..
- ↑ «Xabier Lete, euskal kulturaren erreferente baten biografia», EITB.com, 2010-12-05.
- ↑ (Gaztelaniaz) Martin-Etxebeste, Jon. (2021). «La influencia de la oralidad en las canciones de Xabier Lete» Rilce: Revista de Filología Hispánica (Nafarroa) 36(4): 1457–1476. doi: . ISSN 2174-0917. (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ https://web.archive.org/web/20190423201801/https://www.berria.eus/paperekoa/2048/032/001/2018-01-14/leterenak_direnak_eta_ez_direnak.htm
- ↑ Gurrutxaga, Álex.- Xabier Lete: Aberriaren poeta kantaria. Irun: Alberdania, 2020. ISBN 978-84-9868-622-7. Orr.120-121
Bibliografia
aldatu- Gurrutxaga, Alex: Xabier Lete: Aberriaren poeta kantaria. Alberdania, 2020
- Irigarai, Joxe Angel: Egunsentiaren esku izoztuak eta Xabier Leteren poetika. Zenbait iruzkin. - Egan, 2010-1/2, 89-107
- Inazio Mujika Iraola: Xabier Lete Bergaretxe : zuekin nago kantatzen, 1944-2010. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2012
- Otaegi, Lourdes: Izarren hautsa (Xabier Lete, 1974). - Egan, 2004-1/2, 71-88.
- Zabala, Juan Luis: Xabier Lete: Sinestuna otoitz egiten duena da, eta Jainkoarekin liskarrean dabilena. - Egan, 2009-1/2, 111-132.
- Xabier Lete: (auto)biografia bat. Testu bilketa, hautaketa eta edizioa Inazio Mujika Iraola. - Alberdania, 2011
- Zerbitzuko lanean : Lete kazetari, Lete prosagile / editoreak Elixabete Perez Gaztelu, Haizea Saez de Eguilaz Perez ; hitzaurregilea Anjel Lertxundi. Oiartzungo Udala, 2020
- Martin-Etxebeste, Jon. Xabier Lete. Bertsorik sakonena. EHUko Argitalpen Zerbitzua, 2023
Kanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Xabier Lete |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Xabier Lete |