Gaindegia

euskal erakundea, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004. urtean sortua da, eta eragile ekonomiko eta sozialez dago osatua. 2021eko ekainean desegin zen zailtasun ekonomikoengatik.[1] Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak albiste «ikaragarri txarra» zela esan zuen, eta «harriduraz eta kezkaturik» hartu zuen albistea Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.[1]

Gaindegia
Datuak
Motaerakundea
HerrialdeaEspainia eta Frantzia
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Historia
Sorrera2004
webgune ofiziala
65 urtetik gorako biztanleriaren portzentajea eskualdeka Euskal Herrian (Atlasa eus, Gaindegia)

Gaindegiaren egoitza nagusia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean dago.

Helburuak

aldatu

Gaindegiaren helburu nagusia nazio ikuspegiz Euskal Herriaren errealitate sozioekonomikoa ikertu eta ezagumendu hori gizartearen esku jartzea da.

Euskal Herri osoan zenbat langabetu dagoen, zer Barne Produktu Gordin duen, per capita errenta, sektore ekonomikoak nola kokatzen diren, berrikuntza maila… Herri bati bete-betean eragiten dioten halako adierazleak muga administratiboez gaindi jorratzen zituen erakunderik ez zegoen lehenago, eta hutsune hori betetzeko sortu zen Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia. Ezagutza bildu, sortu eta zabaltzeko.[2]

 
65 urtetik gorako biztanleriaren portzentajea Europan (Atlasa eus, Gaindegia)

Plataforma digitalak

aldatu

Horretarako, batetik, sektorekako nahiz lurraldekako errealitate sozioekonomikoaren jarraipena egiten du elkarteak, eta, bestetik, sortzen duen ezagumendu hori aditu, ikerlari, profesional, kazetari eta gizarte osoaren esku jartzen du, hainbat jarduera eta ekimenen bitartez: txostengintza, plataforma digitalak (atlasa.eus, www.datuak.net, www.euskalgeo.net), telebista saioak (EuskalEgitura), mintegi eta hitzaldiak, gogoetak eta analisiak.

Hala, nazio garapenari lagunduko dioten ezagumendu eta jarrerak sustatzen laguntzen du elkarteak.

Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzaren jopuntuan 2015ean

aldatu

2015ean Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak zalantzazko legalitatea zuen polizia-txosten bat baliatu zuen Gaindegiaren kontra jotzeko, jasotako diru laguntza batzuei helegitea jartzeko. Gaindegia-ren inguruko 25 lagun zelatatu zituen poliziak, eta txosten batean jaso zuten haien jardun politikoaren berri: sindikatuetako afiliazioak, mugimendu sozialetako parte-hartzea, ordezkaritza-karguak, hautagaitzak, manifestazioetan eta bileretan parte hartu izana... Datu pertsonal ugari ziren. Gaindegiak Poliziaren ikerketaren berri izan zuen geroago epaiketa hura aurrera joan zenean. Epaileak kritikatu egin zuen era horretako ikerketa bat egin izana diru laguntzei helegitea jartzeko. Laguntzen auzia bera ere ebatzi zuen auzitegiak: ontzat jo zuen emandako laguntza.[3] Geroxeago 2021eko ekainean Gaindegia desegin egin behar zen diru-laguntzen faltan eta zailtasun ekonomikoengatik.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Urdalleta Lete, Irati. (2021-07-03). «Gaindegiak bertan behera utzi du bere jarduna, arazo ekonomikoak direla eta» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-03).
  2. «Gaindegia: 10 urte ezagutza sustatzen | Gaindegia» www.gaindegia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-27).
  3. Goikoetxea, Garikoitz. «Gaindegia jopuntuan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu