Gurseko kontzentrazio-esparrua

Gurseko kontzentrazio-esparrua Zuberoako mugan zegoen kontzentrazio-esparrua izan zen, eta Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuentzat eraiki zuten Bearnoko izen bereko herrian 1939ko martxoan. Euskal Herriko mugan zegoenez, euskal herritarrei aterpea ematea izan zuen lehendabiziko helburua.[1]

Gurseko kontzentrazio-esparrua
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
BarrutiOloroe-Donamariako barrutia
KantonamenduNabarrengoseko kantonamendua
Frantziako udalerriGurs
Koordenatuak43°15′53″N 0°43′54″W / 43.2647222°N 0.7316669°W / 43.2647222; -0.7316669
Map
Memoriala.

Hala ere, Katalunia galdu ondoren, leku guztietako iheslariak hartu zituen, Frantziako kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtzeraino. Bigarren Mundu Gerra hasi eta berehala, Frantziako gobernuak Gurseko kontzentrazio-esparruan alemaniar herritarrak eta etsai zituen beste herrialdeetakoak sartu zituen, baita ideologia zela eta arriskutsutzat zeuzkan frantsesak ere.

Guztira, 6,500 euskal herritar pasa ziren bertatik, eta 52 herrialdetako 60.000 inguru pertsona.[2] 1940ko ekainaren 22ko armistizioaz geroztik, Vichyko gobernuak frantziar ez ziren juduak izan zituen hantxe, Alemaniara bidali arte. 1946an, behin betiko itxi zuten.

Euskal Herriko iheslariak aldatu

Espainiako Gerra Zibileko iheslariak lau taldetan banatu zituzten:

 
Gurseko esparrua gogoratzen zuen panela.
  • Brigadistes (brigadistak)
  • Basques (euskal herritarrak)
  • Aviateurs (hegazkinlariak)
  • Espagnols (espainiarrak)
 
Gurseko kontzentrazio-esparrua, 1939 inguruan.

Euskal herritar gehienak Santoñako hitzarmenaz geroztik Kantabriatik ateratako Euzko Gudarosteko kideak ziren. Ideologia guztietako gudariak zeuden, nahiz eta gehiengoa jeltzalea izan. Lapurdiko kostaldera heldu zirenean, agintariak gerlariak eta jende samalda non aterpetu aztertzen hasi ziren. Jean Ibarnegarai zen une horretan Ipar Euskal Herrian diputatu, eta susmoz eta etsaigoz hartu zituen errefuxiatuak, euskaldun tradizionalista ugarik bezala, iheslariak 'gorritzat' joaz. Ondorioz, esparru berria Euskal Herriko mugaz kanpoaldera jartzea bultzatu zuen.

 
Gurseko presoak, 1939 inguruan.

Euskal aterpetuak Euskal Herriaren ondoan zeudenez, ia guztiek lortu zituzten laster esparrutik ateratzeko bermeak eta lana eta aterpea lortu zituzten Frantzian.Frantziako Gobernuak Gurseko esparrua euskal herritarrentzat eraiki zuen. Gehienak, bost mila inguru, Argelès-sur-Merreko kontzentrazio-esparrutik zetozen; 1939ko maiatzaren 10ean Gursen zeuden 18.985 presoetatik 6.555 euskal herritarrak ziren. Iñaki Azpiazu kapilauaren bitartez, hauek jadanik erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan eta Telesforo Monzonen laguntza jaso zuten.[3] Esparruan zuten buruzagia zen Celestino Uriarte, aldiz, ez zen jeltzalea, komunista baizik.[4]

Egoera latza bazen ere "euskal herritarren uhartetxoa" besteak baino tratabide hobea izan zuen:


« Egoera latza zen, ehunka lagun hiltzen ziren, baina euskal herritarrak bereizirik eta besteak baino hobeto geunden; izan ere, bero jaten genuen bakarrak ginen.[5] »


Gero, euskal herritarren erdiak Paristik gertu zeuden lantegietara bidali zituzten, Maginot lerroan edo frontean lan egin zezaten,[6] aberriratzearen mehatxupean. 1940ko ekainerako 800 preso baino ez zeuden eta, alemaniarrak zetozela jakitean, "C uhartetxoa", euskal herritarrena, utzi eta Hego Amerikara ihes egin zuten[3]. Maginot lerrora bidalitakoak (Marcelino Bilbao Bilbao edo José María Agirre Salaberria adibidez) naziek harrapatuak izan ziren. Mauthausen preso, bertan hil ez zirenak bost urte eman zituzten.

Hainbeste espainiarren artean izanik, gaztelania zen esparruko hizkuntza. Euskal herritarrek orkestra bat sortu zuten eta baita kirol-eremua eraiki ere. Eusko Jaurlaritzak, 2006ko maiatzean, kontzentrazio esparru hartan izandako iheslariei omenaldia egin zien, Gernikako arbolaren muskila landatuta eta Nestor Basterretxeak egindako plaka jarrita.[7]

Nafarroako Gobernuak ere egin zien omenaldia, 2017ko irailaren 30ean. Bertan korten altzairuzko oroitarri bat ipini zuen, esparrutik igarotako nafarren omenez. Ekitaldian egon zen Uxue Barkos presidentea, ondoan Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea zituela.

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

Gurs, une drôle de syllabe,
comme un sanglot
qui ne sort pas de la gorge.

Louis Aragon

Gurs, silaba arrotza,
negar-zotin baten modukoa
eztarritik ateratzea lortzen ez duena

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu