Resurreccion Maria Azkue
Resurreccion Maria Azkue Aberasturi (Lekeitio, Bizkaia, 1864ko abuztuaren 5a[1] - Bilbo, Bizkaia, 1951ko azaroaren 9a) euskal hizkuntzalaria zen, askoren aburuz gure hizkuntzak izan duen inoizko euskalaririk bikainenetariko eta saiatuenetariko bat. Azkueren hiztegia, kantutegia eta folklore bilketa altxor ezin baliotsuagoak dira, bestela betiko galduta izango genituzkeen ezin konta ahal harribitxi jaso zituztenak; bere garaiko mota bereko lanekin alderatuta, eragozpen bat baino ez zaie jartzen: Azkueren elizgizon ikuspegi katolikoaren eta euskal kultura goratu nahiaren eragin handiegia nabari zaie lan horiei, hark bekatu edo akats zirela uste izan zituen pasaerak txukundu eta edertu egin baitzituen, bere hartan jaso beharrean.
Resurreccion Maria Azkue | |||
---|---|---|---|
1919 - 1951 ← baliorik ez - Ignazio Maria Etxaide → | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Resurreccion Jesus Maria de las Nieves Azkue Aberasturi | ||
Jaiotza | Lekeitio, 1864ko abuztuaren 5a | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Heriotza | Bilbo, 1951ko azaroaren 9a (87 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Eusebio Maria Azkue | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Salamancako Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | hizkuntzalaria, idazlea, musikagilea, musikologoa, kazetaria, lexikografoa, hizlaria, katedraduna, folklorista eta apaiz katolikoa | ||
Lan nabarmenak | |||
Kidetza | Euskaltzaindia Real Academia Española | ||
Mugimendua | Euskal Pizkundea | ||
Genero artistikoa | zarzuela | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
![]() ![]() ![]() ![]() |
« | Proiektu bat zegoen Azkueren jarduera guztien atzean, eta proiektu hori zen euskara eta herri tradizioak hartu eta modernizatzea, bizimodu garaikiderako moldatzea; biziberritzea, azken batean. Horrek arlo asko zituen: euskara biziberritzeko sortu zituen euskarazko aldizkariak, hizkuntza estandarizatu bat; herri tradizioak biziberritzeko egokitu zituen ahozko tradiziotik hartutako kantu eta doinuak, hirian jotzeko... Bere proiektu guztien funtsa izan zen herri tradiziotik abiatuz euskal nazio kultural moderno bat sortzea, eta horrek lotzen ditu jarduera eremu guztiak. | » |
Jurgi Kintana Goiriena[2] |
« | Azkueren lanak lau zutabe izan zituen: hiztegia, kantutegia, gramatika-morfologia, eta Euskaleŕiaren Yakintza. Ez da inoiz egon Euskal Herrian —eta, nik uste, ezta egongo ere— Azkuek beste lan egingo duena euskararen eta euskal kulturaren alde. | » |
Jose Antonio Arana[3] |
Bizitza aldatu
Ama, Maria del Carmen Aberasturi Uribarri, mundakarra zuen eta aita, lekeitiarra, Eusebio Maria Azkue Barrundia poeta. Resurreccion gazteak lehenengo itsas ikasketak egin zituen bere herrian. Hamalau urterekin Bilbora joan zen batxilerra ikastera, eta horren ondoren, Gasteizera eta Salamancara teologia eta filosofia ikasketak egitera, 1888 urtean apaiztu zen arte.
Urte hartan berean, Bilboko Institutuko[4] euskara-katedran irakasle izateko lehiaketa-deialdia irabazi zuen. Deialdi hartara Sabino Arana Goiri euskal abertzaletasunaren aita eta Miguel Unamuno idazle eta pentsalaria aurkeztu ziren harekin batera. Orduz geroztik, Bilbon finkatu zuen bizilekua, eta hiri hartatik abiatuz garatu zituen bere proiektuak. Hasteko katedrari lotuta hainbat argitalpen egin zituen. Hala, 1891n, arau logikoen bidez euskal aditzaren jatorrizko formak eman nahi dituen Euskal Izkindea-Gramática Euskara eman zuen argitara. Urte batzuk geroago, lan hori "gaztaroko bekatua" izan zela aitortu zuen. Pablo Pedro Astarloa apologistaren eraginpean idatzia, gramatika hura, aitzindarietako bat zen ideia aprioristetan oinarrituz, erdal kutsadurarik gabeko euskara ideal batean osatua nahi zuen. Hurrengo urteetan irakurgaiak, ortografia proiektuak eta euskara ikasteko metodoak sortu zituen katedran erabiltzeko asmoz. Euskara modernizatzeko beste hainbat ekimen ere bultzatu zituen, hala nola Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak eta 1896an ikastolen aurrekari izan zen Ikastetxea izeneko euskarazko ikastetxearen sorrera Bilbon, besteak beste.
Badirudi prentsa artikulu batzuetan kezkatua agertu zela hirietako toponimia gero eta erdaldunago bihurtzen ari zela eta. Etxe eta auzune berrientzat euskarazko izenak asmatzea izan zen Azkueren beste lanetako bat. Ramon de la Sota adiskidearen txaletei jarritako Ibaigane eta Lertegi izenak Azkueren asmazioa dira, Sotaren beraren Goiz Ederra yatearen izena bezala. Getxon aberatsentzat egindako auzo eta jolasguneek ere Azkuek asmatutako izenak daramatzate: Neguri, Ondategi edo Jolaseta, besteak beste.
Garai hartan, Sabin Aranarekin eta Ramon de la Sotarekin harremana izan zuen eta ideologiaz, euskal nazionalismora bihurtu. Beraz, sarri esan denaz bestera, Azkue ez zen karlista izan, baizik eta gazterik egin zuen abertzaletasunaren hautua, nahiz eta gai askotan Aranarekin eta aranazaleekin bat ez etorri, batik bat euskarari buruz. 1916an, ELA sindikatuaren bazkide babesle gisa ageri da. Azkueren abertzaletasuna kulturazaleagoa zen, aranazaleek nabarmendu nahi zituzten arraza-ezaugarrien aldean. Hala ere, ez zen alderdi gizona, eta identifikazio politikoa saihestu egin zuen. Politika zuzena baino maiteago zuen kultura arloko ekintza.
Urte luzez, Hego Euskal Herriko idazleen eta euskaltzaleen artean bi joera nagusi izan ziren: aranazaleak eta azkuezaleak. Idazle jeltzaleak Sabino Aranak emandako hizkuntza-ereduaren alde lerratu ziren salbuespenik gabe. Urteak joan ahala, ordea, jeltzale askoren iritziak Azkueren ikuspegira hurbildu ziren, hala nola Seber Altube euskaltzaina.
1889an Rafaela Ybarra ongile bilbotarraren La Cava etxeko kapilaua izendatu zuten eta ardura horretan mantendu zen 1904. urtean Tours-era abiatu zen arte. Kapilaua zela ezagutu zuen Julio Urkixo Ibarra, Rafaelaren iloba eta berarekin batera hainbat lan eta ikerketa burutuko zituena.[5]
1904. urtean. beraz, Bilbo utzi eta Europan zehar ibili zen Azkue bost urtez, lehenik Tours-en (Frantzia), bere hiztegi hirueledunerako materialak jasotzen eta ondoren Bruselan (Belgika) eta Kolonian (Alemania) musika ikasketak osatzen.
1909an Bilbora itzuli eta katedrako eskolak emateaz gain, zenbait opera konposatu eta taularatu zituen (Ortzuri, 1911n eta Urlo, 1914an). Richard Wagneren ereduari jarraituz egindako obra konplexu eta eszenografia landukoak ziren, publiko eskolatu batentzat eginak. Azken obra horrekin izandako porrotaren ondoren hizkuntzalaritza lanetan murgildu zen berriro, bereziki euskal akademiaren sorrera bultzatuz. Hala bada, 1918an Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra deitu zenean, Euskaltzaindiaren premia agerian gelditu zen eta bera izan zen euskal akademiaren sortzaile nagusia eta haren lehendabiziko lehendakaria 1919an.
1920an Institutuko euskara katedran erretiroa hartu zuen Euskaltzaindian buru belarri lan egin ahal izateko. Akademiatik euskara arautzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatu zituen, baina erakunde ofizialen bazterketa eta sabindar hertsienen oposizioa jasan zuen. Horren ondorioz, ikerketara bideratu zituen bere ahaleginak, garai hartan Morfologia vasca gramatika lana eta Cancionero vasco herri kantuen bilduma erraldoia gauzatu zituen. Real Academia de la Lengua Española-ko kide ere izendatu zuten euskararen ordezkari gisa 1927an. 1935ean Euskaleŕiaren Yakintza folklore bilduma argitaratzen hasi zen eta urte bereko Gipuzkera osotua proiektuarekin euskara idatzi batu bat proposatu zuen. Eredu horren lehen adibide praktikoa Ardi Galdua kontakizunean eman zuen.
Espainiako Gerra Zibila amaitu eta gero, Francisco Franco diktadoreak agintea eskuratu zuenetik. Euskaltzaindiaren jarduna etenda geratu zen. Azkuek erbestea saihestea lortu zuen, ordurako aski zaharra baitzen eta politikoki ez oso nabarmendua. Zenbait ibiliren ondoren, Euskaltzaindia berrantolatzeko baimena lortu zuen 1941ean, eta lan hartan Federiko Krutwig gaztearen laguntza izan zuen. Hala ere, katakunben garaiak ziren eta jarduera oso urria izan zuen garai hartan akademiak. Lekeitiarra, ordea, egunero joaten zen Bilboko egoitzara lanera.
Azkue 1951n hil zen, ezbeharrez, Bilboko Ibaizabal ibaira erori eta egun batzuetara.
Obra aldatu
Haren obra eskergan gailentzen da XX. mendearen hasieran argitaratutako hiztegi hiru eledun mardula, Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français; 1905ean kaleratu zen lehen liburukia, eta hurrengo urtean, bigarrena.
Hiztegi hori ordu arte ezagutzen ziren eskuizkribu, hiztegi eta euskal liburu guztiak arakatuz gotortu zuen, baina haren baliorik handiena herri-hizkera jasotzea izan zen. Azkue herriz herri ibili zen Euskal Herri osoan barna eta han-hemengo hamaika berba eta esapide batu zituen.
- Azkueren hiztegi hirueleduna (euskara-espainiera-frantsesa), 1905
-
Azala
-
Hiztegi osoaren (PDF bertsioa).
-
Barne egitura. 'Garatu' aditzaren definizioa
Liburu zaharrak arakatu eta biluztea egun, teknologia digitalari esker, oso erraza da, baina berak landako lan hura egin izan ez balu, hainbat eta hainbat hizkuntza-altxor zeharo galduta egongo ziren. Berri-emaile asko zeuzkan hainbat herri eta zahar etxetan (berak "irakasle" deituak) eta berba bakoitza zein euskalkitan —eta zein eskualde eta herritan ere— erabiltzen zen agertu zuen hiztegi mardulean. Nekez aurkituko dugu Azkueren moduko hiztegigilerik mundu zabalean, batez ere kontuan hartzen badugu dena eskuz eta bere kasa mamitu behar izan zuela. Hala ere, jasotzen duen informazioa hain handia izaki, kontsultarako hiztegi zaila da eta huts asko aurkitzen ahal dira. Ez dira falta bere iritzi eta teoria partikularrek eragindako berezitasunak.
Hiztegiak sarrera beraren barruan ematen ditu esanahi desberdina baina forma bera duten hitzak; horrela, hitzen aldaerak hiztegian barrena sakabanatzen dira. Sarreran ez da hitzaren kategoria gramatikala zehazten, eta horrek gaizki ulertzeak sor ditzake.
Hiztegi hirueledun ospetsu horretan ondoko hiztegi guztiak oinarritu dira, eta Euskaltzaindiak orain burutzen diharduen lexikografi Ian erraldoiak, Koldo Mitxelenak hasi eta Ibon Sarasolaren gidaritzapean segitu zuenak, Azkuerena izan zuen iturburu.[6] Beste kasu argi bat Ixaka Lopez Mendizabalena izan zen: bere hiztegiak Azkuerenaren lepotik mamitu zituen, inongo aipurik egin gabe. Geroago hainbat eta hainbat euskal hiztegigilek berdintsu jokatu dute. Behialako gipuzkera osotuarekin eginiko saio hura ere euskara batzeko ahalegin goiztiarra besterik ez zen, ondorengoek, zuzentzeko eta osatzeko bada ere, kontuan hartua. Gehiegizko garbizalekeriaren eta hizkuntz manipulazioen arriskuak ere zuhurki salatzen jakin zuen Azkuek bere garaian. Bere lanak hainbat alorretan ondu zituen: musika, erlijio-literatura, antzerkia, eleberrigintza eta kazetaritza, besteak beste.[6]
Euskal aurrizki eta atzizkiak eta euskararen kategoria gramatikalak bildu eta aztertu zituen Morfología Vascan (1923); Halaber Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (1918) eta Gipuzkera osotua (1935) kaleratu zituen.
Beste obra ezinbesteko batzuk dira Cancionero popular vasco (1918) herri-kanten bilduma, eta Euskaleŕiaren Yakintza (1935-47) euskal folklorea eta etnografiari buruzko ikerketa eta bilduma itzela.
Bestalde zarzuela, opera eta oratorio batzuk idatzi zituen eta baita zenbait eleberri ere, besteak beste Bein da betiko, Batxi Guzur eta Ardi galdua.
Lanen zerrenda aldatu
Hizkuntzalaritza lanak aldatu
- Euskal Izkindea / Gramática Euskara (1891).
- Proyecto de Ortografía. Sometido á la censura de los que se dedican á cultivar el euskera (1896).
- Método práctico para aprender el vascuence bizkaino y gipuzkoano (1896).
- El euskara ó el baskuenze en 120 lecciones (1897).
- Manual de conversación en euskera bizkaino. Arreglado por dos que aman al País Basko (1897).
- Diccionario Vasco-Español-Francés = Dictionnaire basque-espagnol-français (1905).
- Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular (1917).
- Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (1918).
- Erizkizundi Irukoitza (1924-1925). Azkueren zuzendaritzapean, Euskaltzaindiak egindako dialektologia inkestak.
- Morfología vasca (1925).
- Aezkera edo Petiriberro-inguruetako mintzaera (1928).
- Mendibururen adizkiak eta idaztankera (1928).
- Neologismos formados a imitación de otras lenguas (1929).
- Del Acento tónico Vasco en algunos de sus Dialectos (1931).
- Particularidades del Dialecto Roncalés (1932).
- Verbo guipuzkoano. Apéndice de la Morfología Vasca (1932).
- Gipuzkera osotua (1935).
- Evolución de la lengua vasca 1935).
- El vascuence y varias lenguas cultas. Estudio comparativo (1945).
Euskal folklore eta etnografiari buruzko lanak aldatu
Literatura lanak aldatu
- Bein da betiko. Lenengo irakurgaia (1893).
- Batxi Guzur (1897).
- Tsirristadak (1899).
- Ardi galdua. R. M.ª Azkuek arteka-marteka egindako gertirudia (1918).
- Latsibi (1920).
Musika-lanak aldatu
- Vizcaytik Bizkaira (1895). Zarzuela.
- Colonia inglesa. Comedia en tres actos (1898). Zarzuela.
- Eguzkia nora (1897).
- Euskerazko ereziak. Elizarakoak (1897-1899).
- Euskerazko ereziak. Gizarterakoak (1897-1899).
- Sasi-eskola. Atal bateko umeentzako eresi-irautsia. Euskalerria maite daben bik egiña (1898). Zarzuela.
- Pasa de Chimbos. Zarzuela en dos actos (1898). Zarzuela.
- Ortzuri. R. M. Azkue apaizak iru ataletan ta euskeraz egindako opera (1910). Opera.
- Urlo. R. M. Azkue apaizak iru ataletan euskeraz egindako opera (1912). Opera.
- Aìtaren bìldur. Sainete lírico vasco (1917). Sainete lirikoa.
Errekonozimenduak aldatu
- Resurrección Maria Azkue ikerkuntza saria, Azkue ikerlari handiaren izena hartu zuen. Euskarazko ikerlanetarako antolatu zuen Bilboko Aurrezki Kutxak 1981etik 1990era bitarte.
- 2023: Martxoaren 24an, euskara batuak "herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko, Euskaltzaindiak eta Orereta Ikastolak Errenteria eta Donostia lotuko zuen 8.000 lagunek osatutako giza-kate erraldoi bat antolatu zuten. Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona oroituko zituen ekimenak: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.[8][9]
Erreferentziak aldatu
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).
- ↑ Nerea AZURMENDI: «Euskal nazio kultural modernoa sortzea zen Azkueren helburua», Jurgi Kintana Goirienari egindako elkarrizketa, Diario Vasco, 2009-06-22.
- ↑ Elkarrizketa: Jose Antonio Arana Martija. (Noiz kontsultatua: 2017-01-24).
- ↑ Geroago institutuak Miguel de Unamuno BHI izena hartuko zuen.
- ↑ Bidegileak. Resurrección Maria Azkue (1864-1951). Euskal Hitz, 6 or..
- ↑ a b Kintana, Xabier. (1994). Bilbao, euskararen bizitzan. X. Kintanaren Euskaltzaindian sartzea. Euskaltzaindia.
- ↑ a b Azkue, Resurrección María de. (1989). Euskaleŕiaren yakintza = Literatura popular del País Vasco. (3. ed. argitaraldia) Eukaltzaindia ISBN 84-239-2550-1. PMC 23117742. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
- ↑ «Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotuko ditu martxoaren 24an euskara batuari gorazarre egiteko» EITB 2023-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
- ↑ Iraola, Arantxa. (2023-03-18). «Giza kate batek lotuko ditu Donostia eta Errenteria, euskara batua goratzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
Bibliografia aldatu
- Arana Martixa, Jose Antonio (1993): Resurreccion Maria Azkue: (1864-1951), Bidegileak bilduma, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
- Arana Martija, Jose Antonio (1999): Resurreccion Maria Azkue. Herri jakintzatik euskara modernora, Bidebarrieta, 1999, IV, 139-154.
- Bazan, Iñaki eta Garamendi, Maite (2003): Resurrección María de Azkue: euskal kulturaren erraldoia eta funtsezko zutabea, Donostia: Eusko Ikaskuntza.
- Kintana Goiriena, Jurgi (2002): Vizcaytik Bizkaira? R.M. Azkue Euskaltzaindia sortu aitzin (1888-1919), Bilbo: BBK eta Euskaltzaindia.
- Kintana Goiriena, Jurgi (2008): Intelektuala nazioa eraikitzen: R. M. Azkueren pentsaera eta obra, Bilbo: Euskaltzaindia-EHU.
- Kintana Goiriena, Jurgi (2015): Azkue. Bilbotar ezezaguna, Erein argitaletxea.
Ikus, gainera aldatu
Kanpo estekak aldatu
- «R.M. Azkue», Literaturaren Zubitegia.
- Azkueren lan argitaratu guztiak, katalogatuta eta digitalizatuta, Euskaltzaindia.eus.
- R. M. Azkue, «Erderatiko itzak, itz sorberriak eta beinolako itzak», Euskera, 1919.
- R. M. Azkue, Gipuzkera Osatua, Euskera, 15. urtea (1934) eta 16. urtea (1935).
- R. M. Azkue, Diccionario vasco-español-francés = Dictionnaire basque-espagnol-français. Digitalizatuta, Eusko Jaurlaritzaren Liburuklik webgunean eskuragarri.
- Azkueri buruz Jurgi Kintanak prestatutako doktorego-tesiaren defentsaren eguneko PowerPoint aurkezpena
- «Azkue eta hiperbizkaiera», Argia, 2191. zenbakia.