International Standard Book Number

International Standard Book Number (Liburuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua) edo ISBN («is-bin» esaten zaio batzuetan) erabilera komertzialerako liburuen kode identifikatzailea da. 1966an Erresuma Batuan sortu zuen W H Smith liburu eta paper-dendak, Standard Book Numbering (SBN) izenpean. 1970ean ISO 2108 nazioarteko estandar moduan definitu zen.

13 zifrako ISBN kodea, 978-3-16-148410-0, EAN-13 barra kode batean. Wikidatan begira daiteke ea zein argitalpen dagoen ISBN kode horrekin.

Hasieratik eta 2007ko urtarrilaren 1.a arte, ISBN zenbakiak 10 zifra zituen. Hortik aurrera 13 ditu, EAN delako kodearekin bateratu baitzen. Lehenengo zatiak argitalpen mota adierazten du (978 liburuen kasuan). Bigarrenak estatua (2 Frantziarako, 84 Espainiarako, 5 Sobietar Batasun ohiko herrialdeentzat, etab.) edo hizkuntz eremua[1]; hirugarrenak argitaletxea, liburuen kasuan, eta laugarrenak argitalpena bera identifikatzen du (izenburua, argitaraldia). Azken zenbakia kontrol digitua da, besteen arteko konbinazio zehatz batetik ateratzen dena.[2]

ISBNak liburu baten edizio zehatz bat identifikatzen du, eta hari buruzko datuak biltzen ditu. Horrela, inbentarioak, eskaerak eta liburuei lotutako datuen kudeaketa izugarri sinplifikatzen du.[3]

Aldizkarietako argitalpenetan ISSN (International Standard Serial Number) erabiltzen da.

Zer adierazten dute 13 zifrako ISBN zenbakien 13 zifra horiek aldatu

 

Bost zati egin daitezke 13 zifrako ISBN zenbaki batetik.

  • Lehen hiru zifrek aurrizkia osatzen dute, barra-kodeen sistemari dagozkio.
9 78 edo 9 79 izan daiteke, horiek baitira liburulandia delakoari dagozkionak, barra-kodeen sisteman preseski liburuentzako sortutako “herrialdea”. (Beste hiru zifra erabiltzen dira, posizio horretan, esaterako arropa edo elikagaiak markatzeko).
  • Hurrengo zifrak taldeari dagozkio. Zifra batetik bostera arteko luzera izan dezake bigarren taldeak. (Ezkerreko irudian bi markatu dira). 84, esaterako, Espainiako estatuari dagokio, 2, aldiz, estatu Frantsesari. Estatuak markatzen dira, beraz, baina ez bakarrik estatuak. Estatu izaera ez duten herrialdeak ere bai. Edo eremu linguistikoak. Talde honen zenbakiak ISBNaren Nazioarteko Agentziak banatzen ditu.[3]


  • Erdiko zifrak editorearen identifikazio zenbakiari dagokio. Talde baten barruko argitaletxe bat edo marka editorial bat identifikatzen dute erdiko zifra horiek. Luzera aldakorra du. Gehienez zazpi zifra artekoa. Haren luzera editoreak argitaratzeko asmoa duen titulu kantitatearen araberakoa da. Gero eta zenbaki gehiago argitaratzeko asmoa eduki orduan eta identifikazio zenbaki laburragoa izango du argitaletxeak. Argitaletxe bakoitzak ISBN zenbakiaz kokatuta dagoen estatuan, herrialdean edo eremu linguistikoan arduratzen den instituzioari eskatu behar dio identifikazio zenbakia. Euskal Herrian, oraingoz, Espainia eta Frantziako erakundeei eskatu behar zaie.[3]


  • Eskuineko azken-aurreko zifra taldeak argitalpen jakin bat identifikatzen du, eta editoreak argitaratu asmo duen liburu kopuruaren araberako luzera du.
  • Eskuin-eskuineko zifra, azkenik, zenbakia identifikatzeko kontrol-zifra da. Aurreko zifra guztiak kontuan hartuz algoritmo baten bidez kalkulatzen da.

Erreferentziak aldatu

  1. International ISBN Agency - Range Message. .
  2. Pearce, Bill. (2015). «ISBN Information - Anatomy of a 13-digit ISBN» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2018-12-17).
  3. a b c Iparragirre, Peru. «Euskarazko liburuek zein leku dute nazioarteko sisteman?» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

  • (Ingelesez)(Gaztelaniaz)(Frantsesez) ISBN.org