NASA
NASA (ingelesez: National Aeronautics and Space Administration, euskaraz: «Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionala» esan nahi duena) Estatu Batuetako espazioaren gobernu-agentzia da. NASA 1958ko uztailaren 29an sortu zen National Aeronautics and Space Act delakoaren bitartez.
Historia
aldatuSorrera
aldatu1957ko urriaren 4ean espaziorako sobietar programak munduko aurreneko satelitea (Sputnik 1)jaurti zuen. Estatu Batuetako Kongresuak mehatxutzat hartu eta Eisenhower presidenteak eta bere aholkulariek, hilabete batzuen buruan, agentzia federal berria sortzeko erabakia hartu zuten. Agentzia berri honen helburua militarra ez zen espazio gai guztiak kudeatuko zituen. DARPA izenekoa gai militarretaz arduratuko zen, handik gutxira sortutako espazio misioak NASAn integratu ziren.
1958ko uztailaren 29an Eisenhowerrek NASA sortzen zuen akta sinatu zuen. 1958ko urriaren 1ean lanean hasi zen, lau laborategi eta 8000 inguru langilerekin.
Aurreneko programen asmoa tripulatutako espazio-ontzia orbitan jartzea izan zen, eta halaxe hasi zen sobietarrekin izango zuten espazioko lasterketa.
NACAtik NASAra
aldatuSortutako erakunde berriak ordura arte ikerketa aeroespazialak burutzen zituen erakundearen NACA antolakuntza eta betebeharrak xurgatu zituen[1] . Horrela, NACAko (National Advisory Committee for Aeronautics) 8000 langile NASAn sartu ziren. Era berean, NASAk NACAren 100 milioi dolarreko aurrekontuarekin eta azpiegiturak (Lewis Flight Propulsion Laboratory, Langley Aeronautical Laboratory, Ames Aeronautical Laboratory) berenganatu zituen[1]. Urteak aurrera egin ahala, NASAk ABMA misil balistikoen agentzia barnean hartu zuen, ostera Marshall Space Flight Center deituko zena. Halaber, Jet Propulsion Laboratory egoitza beregan hartu zuen ikerketak bideratzeko.[1][2]
NASAren lehenengo kudeatzailea Keith Glennan izan zen, 1960ko urtarrilaren 20ra arte.[1][3]
Espazio misioak
aldatuEspazio misio tripulatuak
aldatuMercury programa 1958an hasi zen NASAren eskutik, sobietikarrek espazioan lehenengo satelitea (Sputnik 1) jarri eta urte bat eta hiru egun geroago. Estatu Batuek gidatu zuten lehen espazio programa da, 1961tik 1963ra.
Mercury programa, Sobietar Batasunaren espazioaren esplorazioaren aurrreko Estatu Batuen erantzuna izan zen, bi lurralde hauek guda hotzean baitzeuden . Mercury programa eraikitzerakoan, espazio ingeniariak oso lanpetuta ibili ziren espazio-ontzia eraikitzen. Espazio-ontzi oso segurua beharko zuen, Lurra orbitatzera heldu beharko zuelako, haren abiadurarengatik suntsituta izan gabe. Beste kezka garrantzitsu bat, espazioaren egoera larriak jasatea zen: hutsunea, tenperatura aldaketa bortitzak eta aurkitu berri zuten espazio-erradiazioa. Astronauta eta ingeniarien lana zaildu bazen ere proiektua aurrera eramatea lortu zuten.
1961ko maiatzaren 5ean, Alan Shepardek estatubatuar baten lehenengo hegaldi azpiorbitala egin zuen. Sobietarren espazioko nagusitasuna zela eta, Estatu Batuetako gobernuak hegaldi azpiorbital hura espazio hegaldia izan balitz bezala aurkeztu zion munduari. Izan ere, bederatzi hilabete itxaron behar izan ziren, 1962ko otsailaren 20an lehenengo estatubatuarrak, John Glennek, Lurra orbitatu zuen arte. Arrakasta hau Juri Gagarin astronauta sobietarraren parean kokatu zen. Baina momentu hartan, sobietarrek 48 misio orbital jaurtiak zituzten jada, eta Valentina Terexkova espazioa heldu zuen lehenengo emakumea bilakatu zen. Lehenengo estatubatuar emakumea, aldiz, hogei urte geroago atera zen orbitara: Sally Ride, alegia.
Mercury programako sei hegaldiek 2 egun eta 5 orduko espazio hegaldia egin zuten guztira. Gizakia espaziora irits zitekeela frogatu zen, eta aldi berean, misio tripulatuak ezinbestekoak direla misioak ondo atera daitezen demostratu zen. Lurrean zeuden estatubatuar ingeniariek mundu osoko komunikazio sareak eratzea ezinbestekoa zela ikasi zuten. Osterantzean, hegaldi tripulatuak ez lukete izango inolako etorkizunik.
1963 urterako, NASAko Hegaldi Tripulatuen Egoitzan lan egiten zuten 2.500 pertsonetatik soilik 500 langilek Mercury programan ziharduten. Gainerakoek, 2.000 inguruk Gemini eta Apollo programetan lan egiten zuten. Izan ere, programa horien bitartez lortuko zuen NASAk bere aurrerapen eta sobietarren aurkako garaipen bakarra.
Gemini Programa, 1965. urtean hasi zen NASAk espazioko bere lehenengo probak egin ondoren (Mercury programa).
Nahiz eta honekin lortutako datuak oso garrantzitsuak izan hurrengo programak martxan jartzeko, ez zen egin Apollo programa edo lehen aipatutakoa bezain ospetsua.
1962ko urtarrilaren 2an Gemini programa ofizialki igarri zen Apollo programa garapen fase aurreratuan zegoen bitartean. Programa Geminiren xede nagusia ontzien elkartze- eta bateratze-orbitalak posible zirela frogatzea izan zen. Ontzi hauek Apolo programako misioetan erabiliko ziratekeen: ilargiratze-modulua aginte-moduluaz bananduko zen Ilargiaren orbitan, eta behin Ilargiako gainazala atzean utzi ostean berriro batuko ziratekeen bi moduluak. Gemini misioetako beste helburua astronauten egonaldiak bi astez luzatzea zen, Apolo programan baino egonaldi luzeagoak beterik.
Mercury ontziek ezin zuten bere norabidea aldatu espazioan, aldiz, Gemini ontziek maniobra orbitalak burutzeko eta beste ontziekin bateratzeko ahalmena zuten. Gemini ontziak aurrera, atzera mugitu behar ziren baita norabide edo orbita aldaketa ere. Bateratzeak burutzeko maniobrak zailak zirenez, bi astronauten gidaritzapena funtsezkoa bilakatu zen. Gizakien lana osotzeko barneko konputagailuak erabili ziren. Ordenagailu hauek egindako kalkuluek zeharo errazten zuten bi ontzien arteko giltzadura.
Gemini ontzia Mercury bezalakoa zen baina hobekuntza batzuekin, horregatik, Mercury Mark II izendatu zuten. Aldaketa horiek tamainan eta kontroletan eman ziren gehien bat. Gemini espazio-ontziak 3.628,72 kg pisatzen zuen, Mercury-k, aldiz, erdia. Bestetik, Mercury-ko kabinan bakarrik astronauta baterako zegoen eginda, eta Geminirena birentzako, hori zela eta, kabina %50 batean handitu zuten. Bi pertsona zirenez eta nahiko denbora emango zutenez espazioan, biltegiratze handiagoa behar zuten erreserba gehiago gordetzeko.
Gemini misioak oso garrantzitsuak izan ziren astronauta iparamerikarrek espazioan nola jarduteko entrenamendu bikaina izan zirelako. Programa honetan, NASAk bere lehenengo espazio ibilaldiak egin zituen: lehenengoa Ed Whitek, Gemini IV misioan osotuz. Gemini misioetako amaieran elkartze eta giltzadura lanak ohikoak bihurtu ziren, eta ordurako astronautek espazioan jardun zezaketeela segurtatu zen. Era berean, Gemini programak garrantzia handia izan zuen espazioaren ingurumenari eta Lurraren fotogeografiari buruzko hainbat esperimentu zientifiko egin zirelako. 1966ko azaroaren 11an azkenengo misioa, Gemini XII, jaurti zen eta hilabete bereko 15ean bukatutzat eman zen James A. Lovell, Jr. eta Edwin. E. Buzz Aldrinek burututako hegaldia.
Apollo programa NASAk Mercury programaren jarraipena izango zena aurkeztu zuten: Ilargiratze toki bat aurkitu nahi zuten, Ilargia orbitatzeko asmoz. Apollo programa 1960ko uztailaren 11n hasi zen. Ordurako sputnik-arekin piztuta zegoen espazio lasterketan murgilduta zeuden Estatu Batuak (hortik NASA sortu izana), baina 1961ean John F. Kennedy presidenteak adierazi zuen hamarkada amaitu baino lehen, gai izango zirela gizakia Ilargira bidaltzen eta Lurrera bizirik bueltatzen. Honek programaren helburuak aldatu zituen, Ilargia orbitatzeaz gain Ilargiratu eta bueltatu beharko baitziren. 1969ko uztailaren 21ean Apollo 11 espaziontzia ilargiratu zen. Neil Armstrong estatubatuarrak, Ilargiko zorua zapaldu zuen lehenengo gizakia izanik. Misio hau aurrera eramateko, 111 m-ko altuera eta 3.000 tona pisatzen zuen hiru faseko Saturn V suziria erabili zuten. Mundu guztian ikusi zen ilargira egindako ibilaldia.
Apolo proiektua teknologia modernoaren lorpen esanguratsuenetarikoa bilakatu zen. Sei misiok Ilargiaren lurrazalaren gainean pausatzea lortu zuten (Apolo 11,12,14,15,16 eta 17) soilik huts batekin: Apolo 13 zeinek ezin izan zuen xedea lortu Zerbitzuko moduluan oxigeno likido tankeak jasan zuen leherketa dela eta, hala ere tripulazioa salbu itzuli ziren. Satelitean lurreratu zuen misioen aurretik, hegaldirako sistemak frogatu ziren zenbait jaurtiketa automatiokoen bidez (Apolo 2, 3, 4, 5 eta 6) eta ondoren lurtar orbitaren inguruan tripulaturiko beste bi hegaldi bideratu ziren (Apolo 7 eta 9), eta lurreratu gabe Ilargiaren orbitan beste bi (Apolo 8 eta 10). Horrez gain, Ilargian lurreratzeko beste hiru misio antolatuta zeuden (Apolo 18,19 eta 20) baina ez ziren inoiz bideratu NASAn eman zen aurrekontuaren murrizketagatik. Hiru ontzi hauek Skylab espazio estaziorako (SL-2, SL-3 eta SL-4 misioak) tripulatutako hegaldiak jaurtitzeko bidali ziren. Azkenik, 1975an azken Apolo ontzia jaurti zen Apolo-Soyuz misiorako.
Programa honen nobedadea ilargiratze-modulua eta zerbitzu-modulua lotzen zituen giltzadura sistema da: Lunar Orbit Rendezvous edo LOR («Ilargiaren orbitaren topaketa»). John C. Houbolek, NASAko espazio ingeniariak, sortu zuen eta nahiz eta bere erabilerak suposatzen zituen arriskuak oso handiak ziren, LOR-ek NASAk ordura arte zeukan “NOVA” kohete erraldoia bertan behera uztea lortu zuen, horrenbestez diru kopuru handia aurreztuz.
Apolo ontzia deiseinatua izan zen Apolo programaren zati gisa. Kennedy presidentea 60ko hamarkada amaitu baino lehen gizakia Ilargira eramateko eta salbu itzultzeko helburua finkatu zuen Mercury espazio programaren lehenengo hegaldi arrakastatsuaren ostean.
Espazio ontzia xedea lortzeko batera lan egingo zuten zenbait unitatek edo etapaz osatuta zegoen. Ontziaren osagai garrantzitsuenak hauek ziren: estualdietarako ihesaldi sistema (LES), mandu modulua (CM), zerbitzu modulua (SM), Ilargiratze-modulua (LM) eta Ilargiratze-moduluaren egokigailua (SLA). Etapa hauek batera iraun zuten jaurtiketa garraioaren gainean. Jaurtiketa-ibilgailu hauek erabili ziren: Little Joe II, Saturn I, Saturn IB y Saturn V.
Kohete batek ontzia Ilargira jaurtiko zuen, eta behin espazioan, Lurraren grabitatea atzean uzteko bezainbeste abiadura lortuko zuen eta Ilargiaren inguruan orbitatuko zuen. Ontziaren ilargiratze-moduluak Ilargian lurreratuko zuen, bitartean zerbitzu-modulua orbitan egongo zen. Behin Ilargian ibilaldia bukatuta, ilargiratze-modulua ignizioa egin ostean zerbitzu-modulura igoko ziren eta bertan giltzadura-sistemak bi moduluak lotuko zituen. Horrela, astronautak zerbitzu-modulura itzuliko ziren eta ilargiratze-modulua Ilargiaren lurrazalera botako zen bere zeregina bete ostean. Geroago, Lurraren atmosfera zeharkatu baino lehen, zerbitzu-moduluaz desegin eta mandu-moduluaren barruan astronautek gure planetan lurreratuko zuten ozeanoan.
Skylab bilakatu zen Ameriketako Estatu Batuen lehenengo espazio-egoitza. Raymond Loewyk diseinatu zuen 1973tik 1979ra Lurraren inguruan orbitatu zuen ontzi hau. Lehenengo bi urteetan, astronautez osaturiko hiru ibilaldi egin ziren bertara. 1973ko maiatzaren 14an, Saturn V (SL-1 misioa) kohetearen idez jaurti zen 75 tonako espazio egoitza hau. Egoitzak kalteak jasan zituen bere jaurtiketa eguzki- eta meteorito-ezkutuan eta eguzki-panel nagusia hondatu zuelarik. Meteoritoen aurkako ezkututik askatutako zatiek eguzki-panelak osotasunean ireki zezan oztopatu zuen. Horrek, energi eskasia eta ezohiko gainberotzea eragin zuen. Lehenengo tripulaketak SL-2 misioaren barnean joan zen, 1973ko maiatzaren 25ean Apolo ontzi batekin, Saturn IB kohete batek bultzatua.
Estazioaren lehenengoko tripulazioa, SL-2 misioan joan zen eta 1973ko maiatzaren 25ean bidali zuten espaziora, Saturno IB ontzian. Honen helburua estazioak jasan zituen kalteak konpontzea izan zen, 28 egun egon zen. Hurrengo misioak, SL-3 eta SL-4 izan ziren. Hauek, 1973ko uztailaren 28an eta 1973ko azaroaren 16an izan ziren. Bi misio hauek guztira 171 egun egon ziren espazio-egoitzan. Azkenik, Skylabeko azkeneko tripulazioa 1974ko otsailaren 8an bueltatu zen. Bost urtez hutsik egon zen (bertaratzeko anezka egokirik ez zegoen eta gainera egoitzaren egoera ez zen batere ona) eta azkenik larriki hondatuta Lurreratzea erabaki zuten. Australiatik gertu erori zen 1979ko uztailaren 11an.
Espazio anezkak espazio edo kosmoseko bi puntuen arteko aldizkako garraioa helburu duten espazio ontziak dira, oro har bi espazio estazioren edo planeta baten eta bere orbitan dagoen espazio estazioaren arteko joan-etorriak egiteko. AEBek eraiki zituen lehen aldiz 1980ko hamarkadan lanean hasi zirelarik nahiz eta lehen orbitaratzea 1981-ko apirilaren 12ean burutu zen Columbia anezkekin. Berrerabilgarriak direnez oro har misio anitz bete ahal izateko diseinatzen dira beraz garraio misioez gain beste zenbait ere egiten dituzte hala nola: aldi baterako espazio estazioaren lana egin, astronauta edo objektuen berreskuratzea, matxuraturik dauden sateliteen konponketa...
Espazio anezkek marruskadura eta bero handia jasan behar izaten dute espaziotik jaitsi eta atmosferan sartzen diren aldi oro. Hamar bat minutuz edo, 1.650 °C-ko tenperatura jasaten dute. Beraz, bertan desegin ez daitezen ondo babestuta egoten dira. Anezkek bi motako materiala izaten dute. Marruskadura gehien jasaten duten guneak, ontziaren eta hegoen muturrak, karbonoarekin sendotutako erretxinaz babestuak egoten dira. Material hori silizio karburozko geruza batek estaltzen du eta gai da desegin gabe 1.650 °C jasateko.
Itxura oso bestelakoa izan arren, anezkak ez dira batere asmakizun berria. NASAk 1980an egin zituen behin eta berriz erabil zitezkeen ontziak eta, orduan iraultza handia izan baziren ere, asmoa haratago joatea zen. Gainontzeko zatiek hori baino tenperatura txikiagoak jasaten dituzte eta silizio-zuntzez egindako plakekin estaltzen dira. Plakak material zeramikoen gisan sintetizatzen dira eta beroa barreiatzeko gaitasun ikaragarria dute; pentsa, labetik gori-gori atera eta segundo batera eskuetan har daitezke. Baina, aldi berean, oso porotsuak dira eta ez dute pisu handirik izaten. Beraz, espazioan erabiltzeko oso egokiak dira.
Azkeneko urteetan boroa gehituta material hobeak sintetizatu dira, eta anezken gune jakin batzuetan siliziozko plaken ordez horiek erabili dira, baina, oro har, oraindik siliziozko plakak erabiltzen dira ontzien gorputza babesteko. Plakak sendoenetakoak dira, karbonoarekin sendotutako erretxinazkoak, alegia.
Nazioarteko Espazio Estazioa
aldatu.
Nazioarteko Espazio Estazioa (ingelesez International Space Station edo ISS) bost espazio agentziaren proiektua da: NASA (Estatu Batuak), RKA (Errusia), JAXA (Japonia), CSA (Kanada) eta ESA (Europa) agentziena, alegia. Brasilgo espazio agentziak ere parte hartzen du, NASArekin duen kontratu baten bidez. Italiako espazio agentziak ere hainbat lanetarako kontratuak eginda ditu, nahiz eta Italia ESAren barnean dagoen herrialdeetako bat izan.
Espazio estazio hori Lurraren inguruan dabil orbitan, Lurretik 360km-ko garaieran, eta 92 minuturo Lurrari itzuli bat egiten dio. 2007ko abuztuaren 14an bere 50000. itzulia bete zuen.
ISSren horniduraz, bai errusiar Soiuz eta Progress espazio-ontziak eta baita estatubatuar espazio-ontziak (Endeavour, Discovery eta Atlantis) ere arduratzen dira. 2000ko azaroaren 2tik, hau da, lehenengo tripulazioa sartu zenetik, beti egon da tripulazio batekin barnean. Thomas Reiter astronauta hara joan arte, handik pasatutako astronauta guztiak, estatubatuarrak edo errusiarrak ziren. Espazio estazio horretatik 14 herrialdeetako astronautak pasa dira. Astronautez gain, Nazioarteko Espazio Estaziora joan dira lehenengo bost espazio turistak ere.
Espazio misio tripulatugabeak
aldatu- Eguzkira misioak:
- Merkuriora misioak:
- Artizarrera misioak:
- Ilargira misioak:
- Pioneer programa
- Ranger Programa
- Surveyor programa
- Explorer programa
- Lunar Orbiter programa
- Clementine
- Lunar Prospector
- Moon Mineralogy Mapper
- Lunar Reconnaissance Orbiter (2009an egin beharreko jaurtiketa)
- Martitzera misioak:
- Mariner 3, Mariner 4, Mariner 6, Mariner 7, Mariner 8 eta Mariner 9
- Viking 1 eta Viking 2
- Mars Observer
- Mars Global Surveyor
- Mars Pathfinder
- Mars Climate Orbiter
- Mars Polar Lander
- Deep Space 2
- Mars Odissey
- Mars Exploration Rover
- Mars Reconnaissance Orbiter
- Phoenix
- Mars Science Laboratory (2009an egin beharreko jaurtiketa)
- Mars 2011 (2011an egin beharreko jaurtiketa)
- Jupiterrera misioak:
- Pioneer 10 eta Pioneer 11
- Voyager 1 eta Voyager 2
- Galileo
- Ulysses
- Saturnora misioak:
- Pioneer 11
- Voyager 1 eta Voyager 2
- Cassini-Huygens ESArekin batera
- Plutoira misioak:
- Asteroide eta kometetara misioak:
Erreferentziak
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) NASAren gune ofiziala