Nafarroa Beherea

Euskal Herriko lurraldea

Nafarroa Beherea edo, maila apalean, Baxenabarre[1] (frantsesez: Basse-Navarre; eta gaskoieraz: Baisha Navarra edo Bassa Navarra) Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da. Administrazioari dagokionez, Akitania Berria (Frantzia) eskualdeko Pirinio Atlantikoak departamenduko (64. departamendua) eta Baionako barrutiko parte da. Hiriburua Donibane Garazi da, baina populatuagoa da Donapaleu.

Nafarroa Beherea
Baxenabarre


Geografia
HiriburuaDonibane Garazi
43°10′12″N 1°13′48″W
Hiririk handienaDonapaleu
Azalera1.325 km²
Administrazioa
Demografia
Biztanleria29.983 (2006)
Dentsitatea22,63 bizt/km²
Bestelako informazioa
Donibane Garazi eta Errobi gaineko zubia

Izena aldatu

Euskaltzaindiak euskara baturako bi izen onetsi ditu: bata (Nafarroa Beherea) erabilera zaindurako, eta bestea (Baxenabarre) maila apalagoko erabilerarako.

Izan ere, herrialde honek bi izen horiek izan ditu, Nafarroa Garaitik banatu zenetik: erabilera jasoko Nafarroa Beherea izena Axularrek erabili zuen lehendabizikoz, 1643an. Eta ahozko izena, Baxenabarre, Joanes Peruskik 1664an egin gutun batean lehenbiziko aldiz agertua. Hori, gaskoi-izenaren aldaera litzateke.

Noizbait erabili diren baina inolako tradiziorik eta onarpenik ez duten izenen artean, Sabin Aranak bere Euzkeldun Batzokijen estatutuetan Benabarre deitu zuten. Eta Behenafarroa edo Baxenafarroa izenak ere erabili izan dira XX. mendean.

Geografia aldatu

Orografia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Behereko mendiak»

Nafarroa Behereko hegoaldea menditsua da, Pirinioak hartzen baititu; iparraldera egin ahala, ordea, orografia are eta lauago egiten da. Pirinioetako mendiak daude hegoaldean. Aipagarriak dira mendebaldean, Baigorri-Ortzaize eskualdean: Iparla (1.044) eta Auza (1.035); ekialderantz, Garaziko eskualdean: Okabe (1.463 m), Txardeka (1.440 m) Kurutxeta (1.331 m), Urkulu (1.413 m) eta Errozate (1.346 m). Ekialdean, Zuberoarekiko mugaren alde bietan, Arbailako mendigunea dago. Garaziko eskualdean Iratiko oihana dago, Pirinioez bestaldera hedatzen dena. Donibane Garazitik iparraldera lurraldea are eta lauago bilakatzen da.

GR 10 Pirinioetako Iparraldeko ibilbideak zeharkatzen du Nafarroa Beherea, ekialde-mendebalde, Bidarrai, Baigorri, Donibane Garazi, Ezterenzubi...

Hidrografia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Behereko ibaiak»

Ibai ugari ditu Nafarroa Behereak. Ibai guztiak Pirinioetan sortu eta Bizkaiko golkora doaz, Egurgiko erreka izan ezik, Irati ibaiarekin elkartzen baita. Bi ibai nagusik zeharkatzen dute herrialdea: Errobi ibaia (75 km), Donibane Garazitik, Ortzaizetik eta Baigorritik igarotzen dena, eta Biduze ibaia, Arberoa, Landibarre, Oztibarre eta Amikuzetik igarotzen dena. Aturri ibaiaren adarrak dira biak. Errobi ibaiak Errozateko mendian du iturburua, eta Baionan egiten du bat Aturri ibaiarekin; Beherobia, Arnegi, Lauribar, Lakarra eta Aldude ibaiadarren ura jasotzen du. Biduze ibaiak (80 km) Hoztako mendietan du iturburua, eta Aturri ibaiarekin elkartzen da Lapurdiko Gixune herrian. Lihuri eta Arberoa dira Biduze ibaiaren adar nagusiak.

Klima eta landaredia aldatu

Klima atlantikoa du, epela eta hezea. Landaredia klima atlantiko hezeari dagokiona da. Mendialdean pagadia eta pinudiak ugari dira. Beherago, haritza eta gaztainondoa hazten dira. Lautadetan eta mendi txikien hegaletan, berriz, lur landuak hedatzen dira; artoa egiten da, batez ere.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Erresuma»

Nafarroa Beherea, 1530. urtea arte, Nafarroa Garaiarekin bat egina egon zen, Nafarroa bakarra osatuz.

Historiaurrea aldatu

 
Izturitzeko leizearen sarrera

Nafarroa Beherean aurkitu diren giza aztarna zaharrenak Paleolitokoak dira. Guztietan zaharrena Neanderthal-eko gizakiaren masailezur bat da, Otsozelaiako harpean aurkitua. Izturitze eta Otsozelaiko harpeak Izturitze inguruan daude, eta garrantzi handiko aztarnategia dira, Paleolitoko aldi desberdinetako aztarna ugari aurkitu baitira han: harri eta hezur landuak, lehen gizakien eta garai hartako piztien hezurrak eta, batez ere, Madeleine aldiko irudiak hormetan margotuta. Hegoaldeko mendialdeetan, orain dela 3.500-3.000 urte inguruko trikuharriak eta harrespilak aurkitu dira. Halaber, Burdin Aroko aztarnategi garrantzitsu bat dago Okabeko gainean. Erromatarrak sartu aurretik, Nafarroa Behereko biztanleak leinu edo tributan antolaturik bizi ziren, eta, erromatar historialarien arabera, tarbeliarrak (tarbelli) izeneko leinua eta baskoiak bizi ziren herrialde honetan.

Erromatarrak Nafarroa Beherean aldatu

 
Erromatarrek eraikitako dorrearen aztarnak, Urkulun

K.a. 58. urtean Julio Zesarrek Galia eta Akitania konkistatu zituen. Erromatarrek lehenagotik ere ezagutzen zituzten, haatik, Pirinioez iparraldeko Euskal Herriko herrialdeak, eta baskoien lurraldetzat hartu zuten Nafarroa Beherea, batez ere, hegoaldeko mendialdea. K.o. I. mendean, Akitaniaren barruan geratu zen Nafarroa Beherea; hala ere, erromanizazioaren eragina oso txikia izan zen. Astorga-Bordele galtzada egin zenean, Ibañeta izan zen Araba eta Nafarroako hegoaldeko lautadetatik Akitaniara igarotzeko bide nagusia. Erromatarren aztarnak daude Ibañetan (Summo Pyreneo gunea), Donazaharren (Inmo Pyreneo) eta Garruzen (Carasa). Orobat, Garaziko hego-mendebaldeko mendietan, Urkuluko gainean, gotorleku baten aztarnak daude. Erromatar Inperioa desegin zenean, germaniar herri barbaroak Nafarroa Behereko mendateetatik igaro ziren Iberiar penintsulara.

Nafarroa Beherea eta frankoak aldatu

V. mendean, bisigodoak Tolosa Okzitania aldean egokitu ziren, eta 415ean Pirinio mendietatik barrena Iberiar penintsulara igaro ziren lehenengo taldeak. Gero, frankoek Pirinioetatik iparraldera bizi ziren bisigodoak Galiatik bota eta erreinu bat sortu zuten. Hala ere, frankoen aginpidea oso ahula izan zen VI. mendea arte. 602. urtean, Baskoniako dukerria sortu zuten frankoek, baskoiei eusteko, eta hurrengo bost mendeetan Pirinioez iparraldera eratu ziren dukerrien (Baskoniakoen eta Akitaniakoan) barnean egon zen Nafarroa Beherea. Aldi hartan, behin eta berriro igaro ziren frankoen gudarosteak Nafarroa Behereko mendateetatik hegoalderantz baskoien gotorlekuei erasotzera. 778an, Orreagako guduan baskoiek frankoen gudarostea menderatu zuten. Hurrengo mendeetan, frankoek sortu zituzten Baskoniako eta Akitaniako konderrien barnean geratu zen Nafarroa Beherea.

Iruñeko Erresuma aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Iruñeko Erresuma»

824. urtean sortu zen Iruñeko Erresuma. 832. urtean Baskoniako dukerria, Aznar Antso buru, frankoen agintetik askatu zen, eta haren barnean geratu ziren Nafarroa Behereko lurraldeak. X. mendean Nafarroa Behereko lurralde batzuk —Arberoa, Baigorri, Garazi eta Ortzaize— Baionako apezpikutegiaren barnean zeuden, eta beste batzuk —Amikuze eta Oztibarre— Akizeko apezpikutegiaren barnean. X. mendean, Gartzia I.a erregearen agintaldian (926-970), Iruñeko erresumaren barnean geratu ziren Nafarroa Behereko hainbat lurralde: Arberoa, Baigorri, Garazi eta Ortzaize. Garai hartan bizkonderri batzuk sortu ziren. Antso Gilen Baskoniako dukea 1032. urtean hil zen, eta Baskoniako dukerria utzi zion Iruñeko erregeari oinordetzan. Antso III.a Gartzeitz Nagusia hil zenean (1033. urtean), Baskoniako printzerria, Nafarroa Behereko Amikuze eta Oztibarre barne, Akitaniako dukearen eskuetara igaro zen. Hala ere, Arberoa, Baigorri, Garazi eta Ortzaizeko bizkonderriek eta Armendaritze, Irisarri eta Iholdiko lurrek Iruñeko erresumaren barruan iraun zuten 1120. urte arte.

XII. mendearen lehen erdialdean, Akitaniako dukerria eta Iruñeko erreinua Nafarroa Behereko lurraldeak eskuratu nahian lehian ibili ziren. 1152an, ordea, Akitaniako eta Baskoniako dukesa Leonor Henrike Plantagenetekin —1154an Ingalaterrako errege bilakatuko zenarekin— ezkondu zen, eta Nafarroa Beherea, Ipar Euskal Herriko beste herrialdeak bezala, Ingalaterraren mende geratu zen. 1169an, Ingalaterrako errege Rikardo I.a egin zen Akitaniako duke, eta haren manupean geratu ziren Akizetik hegoalderako bizkonderri eta jaurerri guztiak.

Nafarroako erresumaren barnean aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako erresuma»
 
Beiratea Donibane Garazin

1178-1189. urteen bitartean, Garazi, Baigorri, Arberoa eta Ortzaizeko lurraldeak Nafarroako erresumaren barnean geratu ziren. Antso Jakitunak Donibane Garaziko gaztelua eginarazi zuen, eta gaztelu hartatik gobernatu zuten handik aurrera errege nafarrek Nafarroa Beherea. 1196an, Nafarroako erresuma barnean sartu ziren Amikuze eta Oztibarreko lurraldeak. Hala, Nafarroako erresuma iparraldetik Aturri ibairaino iritsi zen garai hartan, eta eskualde horietan nagusitu zen Agaramonteko jauna. 1200. urtetik aurrera, berebiziko garrantzia izan zuen Aturriko ibai-bokalearen aurreko eskualde horrek (Bidaxune hiriburu), Nafarroako erresuma itsasorako biderik gabe geratu baitzen Gipuzkoa galdu ondoren.

Nafarroa Beheretik barrena igarotzen zen Donejakue bidea eta Izura garrantzi handiko hiria zen; hori dela eta, XII-XIII. mendeetan, Ospitale eta priore-etxe ugari sortu zen Nafarroa Beherean. 1249an Nafarroako erregeak eta Akitaniako duke ingelesak hitzarturiko akordioaren arabera, Nafarroa Behereko mugak zehaztu ziren: Ainhoa eta Ahurti Lapurdiren barruan geratu ziren, eta egungo Nafarroa Beherea eratu zen. XIV. mendetik aurrera, zazpi eskualde nagusi bereizten ziren Nafarroa Beherean: Garazi, Baigorri, Ortzaize, Oztibarre, Arberoa, Amikuze eta Irisarri-Iholdi-Armendaritze.

XIII. mendetik aurrera, hainbat hiri sortu zituzten errege nafarrek: Ainhize-Monjolose, Larzabale, Burgue-Erreiti, Garrüze, Donapaleu eta Bastida. Hiri haietan, merkatariak eta artisauak ziren nagusi; kanpoko jendea ekarri zuten erregeek bertara, gaskoiak, bearnotarrak eta bigorratarrak, batez ere, eta foru bereziz hornitu zituzten hiriak. Hirietatik kanpo, ahaide nagusiak (Agramont, Lükuze, Etxauz, Beltzuntze, Larrea, Garro eta Latsaga) ziren nagusi, eta haien mende zeuden petxero edo jopuak, lurrari uztarturik bizi ziren laborariak. Aldi berean, nafar erregeek basoak bota eta lur berriak eta nekazari-herri txikiak sortu zituzten. Hala sortuak dira, besteak beste, Jatsu, Ostankoa, Suhuskune, Amendüze eta Bithiriña.

Gizartea eta instituzioak Erdi Aroan aldatu

Nafarroa Beherea hainbat lurralde elkartzean sortu zen. Gizarte-egitura feudala zen nagusi. Aitonen semeak edo goi-mailako nobleak jauregietan bizi ziren erregearen zerbitzuan, administrazioan, justizian edota gudarosteen buru. Errege Gorteak baizik ez zitzakeen epaitu, eta laborari petxeroak beren mende zituzten. Ez zuten botorik gorte nagusietan eta herri-biltzarretan, baina haien artekoak ziren eskuarki epaileak eta jaunak.

Kapareak behe-mailako aitonen semeak edo jaunak ziren. Parte hartzen zuten gorte nagusietan eta herri-biltzarretan. Laborari libreak, aitonen semeak ez baziren ere, lurjabe eta etxejabeak ziren; erregea beste jaunik ez zuten, eta ez zuten petxarik ordaintzen. Botorako eskubidea zuten gorte nagusietan eta herri-biltzarretan.

Fibater eta botoy deitzen zitzaien erregeari, aitonen semeei eta baita laborari libreei ere, petxa, zergak edo errentak ordaindu behar zizkieten laborari maizterrei. Herri-biltzarretan parte hartzeko eskubidea zuten. Collazo deitzen zitzaien aitonen semeen lurretan eginiko lanez bizi ziren laborariei; petxa edo zerga ordaintzen zuten, eta, horregatik, petxero deitzen zitzaien. Lurrari atxikiriko klaseez gainera, merkatariak eta artisauak zeuden, erregeak sortutako hirietan bizi zirenak. Jatorriz gaskoiak ziren merkatari asko, eta Nafarroako erregeek frankoen foruak eman zizkieten XIII. mendean.

Bestetik, eragin handia zuen Nafarroa Behereko apaizgoak. Apaizek ezin zuten parte hartu gorte nagusietan eta herri-biltzarretan. Instituzioei dagokienez, Donibane Garaziko kapitain gazteluzaina zen Nafarroako erregearen ordezkari nagusia, eta Nafarroa Beherea guztira zabaltzen zen haren aginpidea. Haren esku zeuden administrazioa, gazteluak, hiriak eta instituzio militar guztiak. Erregearen ordezkariak ziren, halaber, lurralde bakoitzeko alkate edo epaile nagusiak. Lurralde bakoitzak zeukan bere justizia-gortea. Haran edo lurralde bakoitzak bere biltzar nagusiak zituen, eta bertara biltzen ziren gizarte-maila guztietako ordezkariak, behe-mailako maizterrak eta petxeroak izan ezik. Herri-biltzarretan kapareak, laborari libreak eta maizterrak biltzen ziren, eta bertan aukeratzen zituzten beren ordezkariak, herri-kontseilariak edo zinegotziak.

Ahaide nagusiak eta Nafarroaren konkista aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Gerra Zibila» eta «Nafarroaren konkista»

XIV. mendetik aurrera, Ahaide nagusien arteko gatazkak areagotu egin ziren. Nafarroa Beherean sortu ziren gero Nafarroako erreinu osora hedatu ziren agaramontarrak (Agaramont, Saltu eta Garroko etxeak) eta beaumontarrak (Lüküze, Latsaga eta Beltzuntzeko etxeak). 1334-1340. urteetan, borroka latzak izan ziren bi alderdien artean, eta Donibane Garaziko gazteluko kapitainak ezin menderatu izan zituen, Nafarroako erregeak armada bat bidali bazion ere Iruñetik. Karlos II.ak (1349-1387) ahaleginak egin zituen bi Ahaide Nagusi haien artean bakea jartzeko, baina ez zuen lortu. Karlos III.ak (1387-1425) ere ez zuen lortu bakea jartzea. 1438an, Blanka I.a Nafarroako erregina zelarik, bizi-bizi zegoen bi aldeen arteko gatazka; garai hartan, Karlos VII.a Frantziakoa Nafarroa Behereko iparraldeko lurraldeez (Tartas, Akize, Landak) jabetu zen. 1449-1453 urteetan, Zuberoa eta Lapurdi hartu zituen Frantziako erregeak; hala, Frantziako koroak gero eta eragin handiagoa izan zuen Nafarroako politikan. Bien bitartean, Blanka I.a Nafarroako erregina hil zen 1447an, eta haren senar Joan II.a, Aragoiko errege zena, jabetu zen koroaz, Vianako printzearen, Karlosen, kaltetan.

Agaramontarren eta beaumontarren arteko gatazka gerra zibil bilakatu zen 1452an; agaramontarrek Joan II.aren alde egin zuten, eta beaumontarrek, aldiz, Vianako Printzearen alde. 1461. urtean, Vianako printzea hil zen, baina bi alderdien arteko gatazkak ez ziren horregatik amaitu. 1479an, Leonor egin zuten erregina, haren senar Gaston IV.a Foixkoarekin batera, eta Nafarroako eta Bearnoko koroa beraren mende geratu ziren. Handik hilabete batzuetara hil ziren errege-erreginak, eta Pauen bizi izan zen Nafarroako hurrengo erregea, Frantzisko Febo (1479-1483). 1483an, Albreteko etxe gaskoiak erreinatu zuen Nafarroan. Hirietan ermandadeak antolatu ziren urte haietan Nafarroa Beherean, Ahaide Nagusiei aurre egin eta haien arteko liskarrekin bukatzeko.

1512ko irailean, gaztelauak Nafarroan sartu ziren, Fadrique Álvarez de Toledo Albako dukea buru, eta beaumontarren laguntzaz; Nafarroako gorteak Pauera jo behar izan zuen. Nafarroa Garaian ez bezala, agaramontarrek eta lüküztarrek bat egin zuten gaztelauak Nafarroa Beheretik bidaltzeko. 1516an, nafarrek, Frantziako erregearen laguntzarekin, Amikuze, Oztibarre eta Donibane Garazi eskuratu zuten berriro, baina Donibane-Garaziko hiria gaztelauen mende erori zen ostera. 1521eko maiatzean Pauen zegoen Nafarroako erregeak, eta Frantziako erregeak eratu zuen gudaroste bat sartu zen Nafarroan. Nafarroa Beherea arazorik gabe hartu ondoren, Iruñera jo zuen gudarosteak, baina gaztelauek Noain inguruan menderatu zuten.

1523. urtean Henrike II.a Albretekoa Nafarroako erregeak Nafarroako Estatuak bildu zituen Donapaleun, eta 1524an sortu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorena, ordura arteko Justizia Gorte Nagusiaren ordez. Paviako guduan preso hartu zuten Nafarroako erregea (1525), Frantzisko I.a Frantziakoarekin batera, eta ez zen Nafarroara itzuli 1527a arte. Haren anaia Karlos Albretekoak hartu zuen agintea, Nafarroa Behereko eta Bearnoko buruzagi nagusi zen aldetik. Albreteko etxeak berriro egituratu zuen Nafarroako erreinua, eta Donapaleu izan zen hiriburua. 1530. urtean, Karlos V.a enperadoreak Nafarroa Beherea abandonatu zuen, Pirinioez iparralderako lurraldeak zaintzea zaila zela eta.

Nafarroa Beherea 1530-1789 urteetan aldatu

 
Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa

1553an, Henrike II.a Albretekoa hil zen, eta, Nafarroako koroaz gainera, Bearno, Bigorra, Albret, Foix eta Armagnac-eko lurrak utzi zituen oinordetzan. Henrike II.aren ondoren, haren alaba Joana III.a egin zen erregina. Erlijioen arteko gatazkak ziren Europan, eta Joana III.a kalbinismora aldatu zen 1560an. 1562an hasi zen erlijio-gerra Frantzian. Joana Albretekoak Eliza katolikoaren aurkako neurriak hartu zituen, eta Nafarroa Behereko bi alderdi nagusien arteko gatazka piztu zen berriro, agaramontarrak erreformaren alde baitzeuden eta lüküztarrak aurka. 1567tik 1572ra artean iraun zuen gerrak. 1572. urtean, erreginak Eliza katolikoari kendutako ondasunak berriro itzuli zizkion, eta urte hartan bertan hil zen.

1572an Henrike III.a, Joana III.aren semea, egin zuten errege. Higanota zen, ama bezala, eta kristauen eskubideak babestu zituen. 1577an, Henrike III.a, Frantziako erregegai baitzen, Parisa joan zen. Haren arreba Katalina geratu zen erregeorde. 1589an egin zuten Nafarroako Henrike III.a Frantziako errege (Henrike IV.a izenez); Nafarroako eta Frantziako errege tituluak eskuratu zituen hala. 1593an, katoliko egin zen. Henrike III.aren garaian guztiz areagotu zen Ipar Euskal Herrian sorgin eta fedegabeen aurkako errepresioa.

1610ean, Henrike III.a hil zuten, eta haren semea, Luis XIII.a Frantziakoa eta Luis II.a Nafarroakoa, egin zen errege. 1611. urtean, Nafarroako erreinuko foru berria sartu zen indarrean, Fors et costumas deu Royaume de Navarra deça-ports izenburupean (1644an inprimatua). 1620an Frantziako koroak beretzat hartu zuen Nafarroako erreinua, eta, handik aurrera, Frantziako erregea izan zen Nafarroako erregea; foruek eta berezko instituzioek lehenean iraun zuten, hala ere. Urte hartan bertan, Nafarroako Kantzilergoa Donapaleutik Paueko hirira eraman zuten, Bearnoko Kontseilu Nagusiarekin bateratu eta gero. Nafarren protestak zirela eta, betirako atzeratu zen erabakia denbora apur batean, baina erabat sendotu zuten 1624an Pauen Nafarroako Parlamentua edo Justizia Auzitegi Gorena, eta frantsesa hartu zuten hizkuntza ofizial bakar gisa, okzitaniera bazter utzirik.

1659an Pirinioetako Bakea itunaren bidez Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherearen arteko muga finkatu zen, Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregeak Pirinioez hegoaldera zeuden Nafarroa Garaiko lurraldeen subiranotasunari uko egin gabe[2]. 1748an, errege-dekretuz betiko galdu ziren Nafarroako Estatuek artean gordetzen zituzten legegintza-eskumen garrantzitsuak, Paueko gobernu-funtzionarioekin gatazka piztu eta 1743an horiek kendu ondoren.

Frantziako Iraultza aldatu

 
Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre..., Étienne Polverel Nafarroako sindikoak Parisen defendatua (1789)

XVIII. mendean guztiz pobretu zen Nafarroa Beherea, eta merkataritza-hiriek gainbehera egin zuten.[erreferentzia behar] 1785ean Frantziako eta Espainiako erregeek Elizondon sinatu zuten hitzarmenaren arabera, zatiturik geratu ziren Pirinio aldeko nafar lurralde batzuk: Ondarrola, Garaziko Arnegi-Luzaide; Aldude-Kintoa, Baztan-Baigorri eta Irati, besteak beste.

1788an, Luis XVI.ak indarrik gabe utzi zuen Nafarroako Parlamentua; 1789ko ekainaren 15ean bildu ziren azkenekoz Nafarroako estatuak Donapaleun. Bertan erregeari zuzendutako batzorde bat ("una deputation vers le roy") hautatu zuten, bi helburu zituena: erregearen zina hartu eta erregeari Nafarroaren zina egin eta bidegabekerien bilduma aurkeztea. Bidegabekerien artean Nafarroan jaraunspen "kognatizia" abolitzea eta "agnatizia" berrezartzea zegoen. Ordezkariak Étienne-Joseph de Pavée de Villevieille, Baionako apezpikua, Bertrand Dominique Joachim de Logras, Olhonceko markesa, Arnaud de Vivié, Garrüzeko jauntxoa, eta Jean-Baptiste Frantxistegi, Donibane Garaziko notarioa, izan ziren, aholkularia Étienne Polverel legelaria izanda. Nafarroako Estatuetako ordezkariak Parisa joan zirelarik, Frantziako Biltzar Konstituziogilea eratua zen jada (1789ko ekainaren 17a); hiru aste geroago, Paris erregearen aurka matxinatu zen.

1789ko abuztuaren 4an, hirugarren estatuko ordezkariek Frantziako Koroaren peko gizarte-maila guztietarako eta lurralde guztietarako legeak egin zituen. 1789ko urriaren 12tik aurrera, Luis XVI.ak "frantsesen errege" titulua hartu zuen, ordu arteko Frantziakoa eta Nafarroakoaren ordez. 1789ko abenduaren 30ean onartu zuten ordezkari nafarrek Frantziako ordenamendu berria,[erreferentzia behar] eta 1790eko abenduan geratu zen Nafarroa Beherea Basses Pyrénées (Pirinio Behereak) izeneko departamenduaren barnean, Lapurdi eta Zuberoa euskal herrialdeekin eta Bearnorekin batera. Apaizek eta aitonen semeek, ordea, ez zituzten lege berriak onartu, eta iraultzaren kontra jokatu zuten, foruen alde eginda.

Konbentzio Gerran (1793-1794), 1.800 baxenabartarrek hartu zuten parte Chasseurs Basques (euskal ehiztariak) izeneko gudarostean. Napoleonen garaian (1799-1815), egoera politikoa ez zen aldatu funtsean, baina gerra-giroak (1813-1814) ez zuen onik ekarri Ipar Euskal Herrira. 1815ean, berriro ezarri zen Frantziako erregetza, baina Nafarroako erresuma ez zen berriz eratu. Aitzitik, 1827an Frantziako estatuak beretzat hartu zituen herri-lurrak eta mendialdeak, eta, harrezkero, Nafarroa Behereak ez zuen esku izan Frantziako politikan, errepublikaren beste herrialdeekin parekatuta geratu baitzen.

Aro garaikidea aldatu

XIX. eta XX. mendeetan, apaizgoaren eta eskuinaren alde bozkatu du eskuarki Nafarroa Behereak. 1848an, herri lur eta oihanen auzia bideratu zuten berriro baxenabartarrek, eta kendu zizkieten lurren alde matxinatu ziren Armendaritzen, Oztibarren eta Amikuzen. Haren ondorioz, herri-lurren bostena itzuli zizkieten. 1856an, beste itun bat sinatu zen Baionan Aldudeko lurrei buruz. XIX. mendearen bukaeran, eskuineko politikari argi bat izan zen Nafarroa Beherean: Louis Etxeberri, Donazaharreko diputatua, Eskualduna astekaria sortu zuena 1887an. Hala, Frantziako errepublikari men eginik betiere, erlijio katolikoaren eta, neurri apalago batean, euskararen sostengua aldarrikatzen zuten eskuin politikariak nagusitu ziren Nafarroa Beherean, Elizaren eta estatuaren arteko bereizketa aldarrikatzen zuten ezkertiarrei aurre eginez.

Garai hartan, Nafarroa Beherea guztiz behartsu baitzen, biztanleek kanpora jo zuten bizibidearen bila, Ameriketara eta Frantziako hiri handietara, batez ere. Joera horrek XX. mendea arte iraun du. 1914an, Lehen Mundu Gerratik aurrera, frantses nazionalismoa indartu zen Ipar Euskal Herri osoan, eta gerra haren ondoren gorpuztu zen Jean Ibarnegarai eskuineko politikari nafarraren irudia: erlijio-integrismoa, euskaltzaletasun poxi bat eta muturreraino eraman zuen joera faxista. Ibarnegaraik alemaniar nazien aldeko agertu jarrera baitzuen, galdu egin zuen zeukan indarra. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, emigrazioak ez zuen etenik izan Nafarroa Beherean. 1960. urtetik aurrera hasi zen zabaltzen Nafarroa Beherean egungo abertzaletasuna, urteak joan ahala errotuz joan dena. Ekonomia- eta, horrenbestez, demografia-arazo larriak ditu gaur egun ere Nafarroa Behereak; hala ere, azken urteotan mugimendu abertzaleak eginiko ahaleginei esker, joera ezkor hori moteldu egin dela esan daiteke.

Ekonomia aldatu

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira historian Nafarroa Behereko ekonomia-jarduera nagusiak (1999an langileen % 34,4). Dena dela, 2001eko datuen arabera, joera hori zertxobait aldatzen ari da: langileen % 26,3 nekazaritzan dihardu, % 21,4 industrian eta % 52,3 zerbitzuen sektorean. Aipagarria da, halaber, Nafarroa Beherea dela lan-merkatuan emakume gutxien dituen herrialdea (% 38,8). Behorlegi da lehen sektoreak pisu gehien duen udalerria, eta artoa egiten da, batez ere. Herrialdean, sor-marka propioa duen ardoa ekoizten da: Irulegiko arnoa. Donibane Garazi, Donapaleu eta Arberatze-Zilhekoa dira merkataritza- eta administrazio-hiri nagusiak. Turismoa garrantzi handikoa da mendialdean, Iratiko oihanaren inguruan, batez ere.

Demografia aldatu

Zuberoaren ondoren, Nafarroa Beherea da biztanle gutxien dituen Euskal Herriko herrialdea. Bai Nafarroa Beherean, bai Zuberoan, duela mende bat baino jende gutxiago bizi da gaur egun, eta, gainera, 1900. urtean baino biztanle gehiago bizi dira herri oso txikietan. Hori ez da, ordea, herrialde barruan jendea herrixka txikienetara joan delako gertatu, biztanleriaren beherakada orokorraren ondorioz udalerri gehienen neurria txikitu delako baizik. XX. mendean etengabe urrituz joan zen Nafarroa Behereko biztanleria. Biztanle askok Lapurdiko itsasertzeko hirietara jo zuten, eta beste hainbat beste herri batzuetara joan dira bizibide bila; hala, anitz dira Ameriketara artzain joanak.

Nortasunari dagokionez, Baxenabarreko herritarretatik % 63k euskal herritartzat dute beren burua; beste % 9k ere bai, neurri batean; eta % 24k ez dute euskal herritartzat hartzen beren burua.

 
Nafarroa Behereko biztanleria
  •  
    >10.000
  •  
    5.000-10.000
  •  
    2.500-5.000
  •  
    1.000-2.500
  •  
    500-1.000
  •  
    250-500
  •  
    <250

Banaketa administratiboa aldatu

 
Nafarroa Behereko udalerriak eta eskualdeak:
     Agramont      Amikuze      Arberoa      Baigorri-Ortzaize      Garazi      Oztibarre

Eskualde historikoak aldatu

Nafarroa Beherea sei eskualde historikotan banatzen da:

Kantonamenduak (2014 arte) aldatu

Administrazioaren aldetik, Nafarroa Beherea 7 kantonamendutan banatuta zegoen 2014ko urtarril arte, haietako hirutan Lapurdiko udalerriak ere barne hartuta, eta beste batean (Donapaleukoan) Zuberoako udalerriak ere barne hartuta. Kantonamendu hauek zeuden Nafarroa Beherean, osorik, edo zati batean: Bastida (3 udalerri), Bidaxune (6 udalerri), Hazparne (3 udalerri), Iholdi (14 udalerri), Baigorri (11 udalerri), Donibane-Garazi (19 udalerri) eta Donapaleu (20 udalerri).

Udalerriak aldatu

Udalerri nagusiak hauek dira:

  1. Donapaleu (1.856 biztanle 2011n).
  2. Baigorri (1.585 biztanle).
  3. Donibane Garazi (1.490 biztanle).
  4. Bidaxune (1.289 biztanle).
  5. Donazaharre (862 biztanle).

Kultura aldatu

Hizkuntza aldatu

Euskara da Nafarroa Behereko berezko hizkuntza, eta frantsesa oso hedaturik dago. Bi euskalki nagusi bereizten dira: ekialdeko behe-nafarrera, Nafarroa Garaiko Otsagi, Zaraitzu, Aezkoa eta Luzaide aldean ere mintzatzen dena, eta mendebaldeko behe-nafarrera, Lapurdiko Kanbo, Lekorne, Makea eta Ezpeleta inguruetan ere hitz egiten dena.

Euskararen erabilera (behe-nafarrera) oso zabaldua dago: herrialdeko 28.000 biztanleetatik, 17.000 (% 61) dira euskaraz mintzatzeko gai. Euskararen erabileraz den bezainbatean, Iparraldeko bigarren herrialdea da, % 64 euskaldun dituen Zuberoaren atzetik. Dena den, Ipar Euskal Herriko gainerako herrialdeen antzera, zaharrenak dira euskaldunenak eta gazteak, berriz, erdaldunenak; hau da, Hego Euskal Herrian gertatzen denaren guztiz alderantziz, eta euskal hiztunak, ondorioz, gero eta gutxiago dira.

Azkenik, Bastidan, euskararekin batera, gaskoia izan da bertako hizkuntza.

Literatura aldatu

Musika aldatu

Artikulu nagusia: «Nafarroa Behereko musikariak»

Manex Pagola, Erramun Martikorena, Beñat Axiari, Amaia Riouspeyrous, Thierry Biscary eta Anne Etxegoien dira baxenabartar abeslarien zerrenda luzean akaso izen-abizenik ezagunenak.

Bertsolaritza aldatu

Antzerkia aldatu

Jaiak eta ospakizunak aldatu

Hedabideak aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa