Ireki menu nagusia

Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak egituraketa politiko ugariren mende egon dira historian zehar. Egituraketa politiko horiek atzerriko estatuek inposatu edo ezarriak izan dira historiako une askotan; euskal herri guztiak biltzeko gai izan zen erakunde politiko burujabe eta iraunkor bakarra Nafarroako Erresuma izan zen, IX. mendean sortu eta XVII. mendean erabat konkistatua izan zena.

Eduki-taula

AntzinaroaAldatu

Euskal Herria, euskararen herria alegia, Europako herririk zaharrenetako bat da (agian bizirik dirauen zaharrena), bere hizkuntzak adierazten duen moduan, gure arbasoak hemen zirelako jada indoeuroparrak iritsi aurretik. Alabaina, lehen euskaldunen inguruko informazio handirik ez dugu, ia ziurtasun osoz badakigu ordea, antzineuskaraz mintzatzen zirela erromatarrak etorri aurretik.

Jatorrizko tribuakAldatu

Antzinaroan, erromatarren konkistaren aurretik, zenbait tribu ezarri ziren euskal lurretan: Baskoiak (Nafarroa osoan eta Oarsoaldean), Barduliarrak (Gipuzkoan eta Araba ekialdean), Karistiarrak (Bizkaia ekialde-erdialdean), Kantabriarrak (Enkarterrietan), Autrigoiak (Araba mendebaldean), Beroiak (Arabako Errioxan eta Nafarroa hego-mendebaldean) eta Akitaniarrak (Ipar Euskal Herrian). Jakin badakigu, baskoiek aitzineuskara zutela hizkuntzatzat, gainerako tribuekin ordea zalantzak ditugu.

Baskoien dagokienean, erromatarrek utzitako idatzien arabera, ez ziren herri oso antolatua eta ez zuten erakunde politiko aurreraturik, ez eta kultura zehatz eta zabalik. Erromatarrek bi herri baskoi bereizten dituzte; mendialdeko baskoiak eta zabaldiko baskoiak, bi herrien arteko muga oso lausoa den arren, Iruñea dela esan daiteke. Mendialdeko baskoien zegokienean, Brontze Garaiko bizimodua mantentzen zuten, abeltzaintzari esker lortzen zituzten beharrezko elikagaiak eta ez zuten erromatarren eragin bortitzik pairatu. Mendialdean zelten taldeak bizi izan baziren ere, hauek ez zuten inolako eragin demografiko edo kultural iraunkorren zantzurik utzi. Mendialdeko baskoien bizilekuak herri txikiak, harpeak edo babesleku naturalak ziren. Zabaldiko edo belazeetako baskoiek aldiz, Burdin Aroko bizimodu aurreratua zuten; nekazari finak ziren eta merkataritzak garrantzia handia zuen haien artean. Herri antolatuetan bizi zirela esan daiteke eta iberiarren zein zelten eragin kultural nabarmena jaso zuten, izan ere, iberiera eta zelten hizkuntzak mintzatzeko gai ziren, haien jatorrizkoa mintzatzeaz gain. Belazeetako baskoiek aldiz, erromatarren eragin bortitzagoa jaso zuten. Desberdintasun nabarmenak bazituzten ere, mendialdeko zein zabaldietako baskoiek talde-kontzientzia zuten, ziur aski, ezaugarri kultural ugari partekatzen zituztelako, horien artean ziur aski euskal hizkuntza.[1]

Beroiak aldiz Errioxan bizi izan ziren gehienbat, baskoiekin batera.[2][3] Estrabonen arabera, beroiak zelta jatorrikoak ziren eta beraz, gainerako herrialde zeltekin batera konkistatu zuten Iberiar Penintsularen mendebaldea, Errioxan aurretik bizi izan zen herrian gainjarriz. Aurretiko herri horren arrasto esanguratsurik ez da aurkitu, baina jakina da Brontze Aroan iritsi zirela beroiak Errioxara, garai horretako aldaketa demografiko positiboaren lorratzak atzeman baitira. Ziur aski beroiak ekonomia aldetik aberatsak izan ziren, herri zelten aurrerapenak izango zituztelako. Nekazaritzatik eta buztingintzatik bizi izan zirela uste da, gainera, Ebro ibaia nabigagarria dela aprobetxatuz merkataritza sendoa izan zutela pentsatzea ez da burugabea.[3] Beroiek egitura politiko nahiko finkoak zituztela uste da, erromatarrek lurraldea konkistatzerakoan hiriak eta herriak zituztela aipatu baitzuten eta gainera, hiri hauetan aginte zehaztuak zeudela, adibidez, senatuak, biztanleria-batzarrak eta hiriko nagusiak. Jakina da hiru hiri beroiek (Vareia, Tritium Magallum eta Libia) egituraketa politiko independentea zutela, hau da, ia egiazko hiri administratibo gisa jokatzen zutela, baina hirurek, etnia eta izaerarengatik, lotura estua zutela.[4]

Barduliarrak herri aurreratua izan zirela uste da, izan ere, herrigune handiak sortzeko gaitasuna eta lehen hiribildu harresituak sortzeko ahalmena izan zutela esaten digute aurkikuntzek.[5] Ptolomeoren arabera, karistiarrek zenbait hiri izan zituzten eta hortaz, nolabaiteko berezko egituraketa politiko bat ere bai, ondo zehaztuta ageri ez dena.[6] Karistiarrek bost hiri zituztela zehazten du Pliniok, horietako bat Veleia zelarik.[7] Autrigoiek ere bazituzten haien hiriak, hala nola, Tritium Autrigonum eta Uxama Barca, baina informazio gutxi dago haien egituraketaren inguruan. Aipatu beharra dago, paragrafo honetan erreferentzia egin diegun hiru tribuen jatorria ez dela zehatza eta haiek hitz egiten zuten hizkuntzaren berririk ez dugula, nahiz eta zenbait egilek zelta herriak zirela esan.[8]

Akitaniarrak bestalde Ipar Euskal Herrian bizi izan ziren.[9] Akitaniarrek lotura estu dute euskal hizkuntzarekin, beraiek hitz egiten zuten hizkuntza euskararen senide bat dela uste delako. Estrabonen arabera, akitaniarren herriak ilunak eta ahulak ziren eta hogei inguru ziren.[10] Bertako biztanleria abeltzaintzatik bizi zela uste da, baina gari-laborantza ere ezaguna zuten. Tarbeliek, akitaniarren barnean sailkatzen den antzinako tribua, urrea eta zilarra lantzen ere bazekitela jakina da.

Erromatar aginteaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herria erromatarren garaian»

Erromatar Inperioak K. a. 196. urtean ukitu zituen euskal lurraldeak, Akitania iparraldean. Inperioaren aurkako erresistentzia indartsua akitaniarrek egin zuten, baina erresistentzia hau gauzatzeko orduan, akitaniarrek ez diete laguntza galiarrei eskatzen baizik eta hegoaldeko euskaldunei, ziur aski, kulturalki lotuagoak zeudelako. Jakin badakigu akitaniarren eskaera hegoaldeko euskaldunei iritsi zitzaiela eta bertako zenbait buruzagiri esker laguntza eman zietela, bereziki K. a. 56. urtean, Zesarren legioen aurkako guduetan. Akitaniarrak garaitzeko denbora behar izan zuten erromatarrek, K. a. 31. urtean garaitu baitzituzten erabat. Erresistentzia nabarmena ipini zuten euskal lurretako bigarren tribua Kuartangon kokatutako autrigoiak izan ziren; hauek erromatarren kontrako Andagosteko gudua irabazi zuten, K. a. 29 eta 19 urteen artean. Kantabriarrak garaitu ostean, euskal lurretan eta Iberiar penintsulan "bake erromatarra" ezarri zen, hau da, erromatarrek penintsula guztia konkistatzea lortu zuten.[11]

Banaketa politikoari zegokionean, euskal tribuak bi banaketa administratibo nagusitan banatu ziren: Hispania (autrigoi, karistiar, barduliar eta baskoiak) eta Galiak (akitaniarrak). Banaketa probintzialetan ere bi administrazio sortu zituzten, Tarraconensis (Hispania) eta Novempopulania (Galiak). Baskoiek garrantzia nabarmena izan zuten tokiko erakunde edo administrazio politikoetan, izan ere, ez zuten erresistentzia nabarmenik ipini erromatarren aurka, kontrakoa, harreman estua izan zuten bi herriek adituen ustez. Jarrera honek zeltekin lotura izan dezake; agian baskoiek zeltak herri konkistatzailetzat hartu zituztelako, nolabaiteko etsaitasuna sortuz, hala, konkistatzaile indartsuago bat etorri zela ikustean, baskoiek nahiago izan zuten haiekin batu, zeltak kanporatzeko saiakeran. Jarrera honen adibidea baskoiek Aragoin erromatarrekin elkarlanean aritu izana da, zelltiberiarren aurkako guduetan. Baskoien laguntza ez zen saririk gabe gelditu, erromatarrek Aragoiko lur ugaritan indar politikoa eman zien.[11]

Arestian aipatu dugun bezala, Tarraconensis probintziaren barnean sartu zituzten erromatarrek gaur egungo Hego Euskal Herrian kokatzen ziren tribuak. Probintzia hau probintzia inperial bat zen eta haren ordezkari nagusia edo agintari gorena probintziako gobernatzailea zen, bizilekua Tarraco (probintziako hiriburua) herrian zuena. Probintziaren azalera oso handia zen (gaur egungo Galizia, Portugal iparraldea, Gaztela Leon, Kantabria, Hego Euskal Herria, Aragoi, Katalan Herriak, Gaztela Mantxa, Madril, Murtzia, Andaluziaren zati bat eta Balearrak), horregatik, gobernatzaileak justizia-administrazioko laguntzaileak jaso zituen, Legatu izeneko mandatariak, Conventus iuridicus izeneko azpibanaketa administratiboen buruzagitzan jarri zirenak. Zazpi azpibanaketa sortu ziren, Hego Euskal Herria bi zatitan banatu zutenak: Conventus Caesaraugustanus (ekialdean) eta Cluniensis (mendebaldea).[12][oh 1][oh 2]

Egungo Ipar Euskal Herria eta garai hartako Akitania euskalduna Galiak izeneko banaketa administratibo nagusian kokatuta zeuden. Banaketa nagusi hau ere oso zabala zen, zehazki, egungo Frantzia, Belgika, Suitzaren mendebaldea, Italiaren iparraldea, Alemaniaren zenbait eskualde eta Herbeheretako beste batzuk hartzen zituen bere baitan. Hori dela eta lau probintziatan banatu zen: Galia Akitania, Galia Belgika, Gallia Lugdunensis eta Gallia Narbonensis. Euskal lur guztiak Galia Akitania probintzian barneratu ziren. Hasiera batean, Julio Zesarren garaian, Galia Akitania probintziaren muga Garona ibaian kokatzen zen, baina beranduago Loira ibairaino zabaldu zen. Hala ere, probintzia handiegia izanik, hiru zatitan banatu behar izan zen Tetrarkia garaian: Akitania lehena, Akitania bigarrena eta Novempopulania. Azken honetan kokatu ziren euskal lurrak.[13][14][15]

Erdi AroaAldatu

Bisigodo eta frankoen aginteakAldatu

Erromatar Inperioa penintsulan sartu eta handik zenbait mendetara ahultzen hasten da eta hortaz, botere gabezia edo huts bat sortzen da garai batean Erromaren agintean zeuden probintzia urrunetan. Tarraconensis izan zen horietako bat, garai hartan, euskal lurretako kokatutako hiri eta herri baskoiak erdi erromatartuta zeudela esan dezakegu, haiek antzina ezarritako politika- merkataritza- eta gizarte-sistema mantentzen zutelako. Alabaina, K. o. 409. urtean alanoak Iberiar Penintsulan sartzen dira eta handik bederatzi urtera bisigodoek Akitania bereganatzen dute, hainbat hamarkada gehiago beharko dituzte Iruñea eta beste herri baskoiak menderatzeko, aipatutakora 481. urtean sartu baitziren, Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori eta handik bost urtera. Laster hasi ziren frankoak ere Europan zehar hedatzen, 486. urtean Galia menderatu zuten eta handik gutxira lortuko zituzten beste hainbat lurralde Erdialdeko Europan. Baskonia eta Akitania, teorikoki, frankoen mende egon ziren garai hauetan zehar.[16]

Baskoiak ez ziren inoiz ondo moldatu bisigodo eta frankoekin; behin eta berriz jazo ziren haien arteko guduak, konkista saiakerak eta sarraskiak. Bisigodoek ez zuten Baskonia menderatzea lortu, haien buruzagiek (Requiario, Suintila, Wamba) mende desberdinetan idatzitako idatzietan beti egiten baitzaie erreferentzia garaitu berri duten lur gisa. Baskoiek bisigodoen aurka erresistentzia jarri zuten, baina eraso ere egin zieten, izan ere, 672. urte inguruan baskoien gudarosteak, Paulo bisigodoaren Septimaniako matxinada jazo bezain laster, Kantabriako lurrak menderatu zituen. Argi utzi beharra dago garai honetan "baskoi" izena zutela euskaldunek, ekialdean Andorraraino eta mendebaldean Burgoseraino zabaltzen zirenek. Garai hartako euskaldunak atzerritarrek tribu basatitzat hartzen bazituzten ere, azken ikerketen arabera, baliteke nolabaiteko garapen militar eta politikoa eduki izana, agian, uste baino askoz handiagoa.[16]

Garai honetako aginte politikoen inguruan ezer gutxi dakigu, hala ere, baskoiek era independenteak jokatu zutela uste dute zenbait adituk, egoera aprobetxatzen jakin zuten zenbait buruzagi militarren agindupean. Ziur aski, garai hartako baskoien buruak gerlari taldeetako agintariak ziren, hori erakusten dute behintzat hilerrietako zenbait hilarrietan aurkitu diren aztarna dotoreek, aberastasunaren erakusgarri. Garai ilun honetan oso idatzi gutxi aurkitu daitezke, bisigodo, franko eta baskoien arteko gatazkaz haratago.[17]

Baskoniako DukerriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Baskoniako Dukerria»

Esan bezala, Erromatar Inperioa ahultzen hasi zenean, K.o. III. mendean, baskoi euskaldunen arteko harremana sendotzen hasia zen eta gero eta autonomia ahaltsuagoa eskuratzen joan ziren, Inperioko gainerako lurraldeekin alderatuz gero. Tribu euskaldunen arteko harreman sendoa are gehiago sendotu zen germaniar herrien konkista garaian, 400. urtean, euskal tribu guztiak, Nafarroakoen agindupean, erromatar garaiko erakundeak babesteko batu baitziren. Hori dela eta, erromatarren ahuldadeak euskal tribuen arteko lotura sendotzeko balio izan bazuen, bisigodoen erasoei esker euskal gizarte nahiko batu eta ekonomikoki ahaltsu bat eratuko zuen.[18]

Erromatarrek hainbat euskal triburen izatea adierazten ziguten, baina franko eta bisigodoen kontakizunek baskoiei buruz hitz egiten digute, tribu bakar bat izango balitz bezala; tribu horrek gainerako guztiak bere agindupean jarri zituenaren seinale, ohiturak eta kultura batzeaz gain. Teoria batzuen arabera, batasun honek euskara batu zaharraren sorrera ekarri zuen (garai hartako tribuek mintzatzen zituzten euskalkiak euskal hizkuntza bakar batean elkartu ziren) eta "Euskal Herria" zein "euskaldun" terminoen eraketa, beraien aberriari eta nortasunari erreferentzia egiteko baliatuko dituztenak.[18]

Arestian aipatutako bisigodo eta frankoen arteko borrokak aprobetxatu zituzten baskoiek Akitaniako zenbait lurraldetan ezartzeko era baketsuan, inolako erresistentziarik jasan behar izan gabe, hango biztanleekin kultura partekatzen baitzuten. Garai hartan Akitanian bizi ziren biztanleak "erromatartutako akitaniarrak" ziren, asko euskaldunak, franko eta bisigodoak etsaitzat zituztenak. Alabaina, frankoek ez zuten baskoien ezarketa begi onez ikusi, haien kontrako biztanleria asko ugaritu zelako Akitania osoan. 587. urtean Astrovaldo dukea baskoien ezarpena gelditzen saiatu zen, baina huts egin ondoren, haiekin itun bat lortu behar izan zuen: baskoiek frankoei zergak ordaindu beharko zizkieten, baina erakunde administratibo berri bat sortuko zen, lege propioak egiteko gai izango zena, Baskoniako Dukerria. Dukerria sasi-independentea izan zela esan daiteke, baina haren burua, dukea, Merovingiatarren gorteek izendatzen zuten. Hala, baskoiek haien ohiturak eta hizkuntza mantendu ahal izan zituzten, estatu baten barneko estatu batean, lurralde nahiko homogeneo eta lasai batean; alabaina, baskoien hiriburu zaharra zen Iruñea Elusa hiriak ordezkatu zuen.[18][19]

Baskoniako Dukerria, praktikan, estatu independentea izan zen 660 eta 768. urteen artean eta ziur aski hala izaten jarraituko zuen musulmanak agertu izan ez balira, haiek Dukerriaren hegoaldean menderatzeko nahikoa indar izan eta egonkortasun politikoa hautsi zutelako.[20]

Musulmanen aginteakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Banu Qasi» eta «Musulmanen okupazioa Euskal Herrian»

711. urtean, bisigodoen eta baskoien arteko gerrak aprobetxatuz, musulmanen buru Ifriquiyya Musa ben Nusayr gobernatzaileak bere tropak Gibraltarko lurmuturretik sartu zituen Iberiar Penintsulara, hala, Europa kristauaren konkistari hasiera emateko. Hiru urte beranduago, tropa hauek Zaragozara heldu ziren eta baskoiekin lehen harremanak edukitzen hasi ziren. Harreman hauek adiskidetsuak eta etsaitasunaren erakusgarriak izan ziren, unearen arabera. Musulmanak Iruñea erasotzera iritsi baziren ere, Euskal Herrian Nafarroa Garaiko hegoaldea baino ez zuten menderatu, Nafarroako Erribera eta haren inguruak, hain zuzen. Lurralde hauetan musulmanen administrazio politiko propio bat egon zen, Tutera hiriburutzat eduki zuena, Banu Qasi leinua.[21][22]

VIII. mendearen erdialdean, Euskal Herriko administrazio politikoa ondorengoa zen: ipar-erdialdeko lurrak (Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Araba eta Nafarroa ipar-erdialdea) Baskoniako Dukerriaren mende zegoen eta hegoaldea, bereziki Nafarroako Erribera, Banu Qasi leinuaren mende. Banu Qasi leinuak sustrai euskaldunak zituen, bere mendeko biztanle ugari islamera bihurtutako baskoiak baitziren. Leinu hau Kordobako aginte musulmanaren mendekoa zen, nahiz eta autonomia indar nabaria izan. Leinuak garrantzia handia izan zuen Iruñeko Erresumaren eraketan, Eneko Aritza lehen erregearekin harreman oso ona izan baitzuten. Banu Qasitar leinuak X. mendean galdu zuen indar politiko eta militarra.[21]

Nafarroako ErresumaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Erresuma»

Gaztelaren mendeko foru aginteakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Hego Euskal Herriko foruak»

Lapurdi eta ZuberoaAldatu

Aro ModernoaAldatu

Nafarroako Erresumaren deuseztapenaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako konkista»

Zazpi foru aginteakAldatu

Aro GaraikideaAldatu

Foruen deuseztapenaAldatu

Forurik gabeko Euskal HerriaAldatu

Euskal erakunde modernoakAldatu

OharrakAldatu

  1. Strab. III, 4, 20: "Garai honetan, herriak eta Senatuak, batetik, eta printzeak, bestetik, banatu dituzte probintziak. Betika herriari eman zaio, eta bilatzaile batek eta legatu batek lagundutako pretore bat bidali da bertara. Ekialdeko muga Castulotik igarotzen da. Gainontzekoa Zesarrena da, eta bera ordezkatua izan dadin bi legatu bidali ditu: bata pretorioa eta bestea kontsularra. Pretorioa, bere aldetik, legatu baten bidez, lusitaniarrei justizia administratzeaz arduratzen da, hau da, Betikaren mugen eta Duero ibaiaren kurtsoaren arteko populazioari justizia administratzeaz, zati horrek izen bera jaso duelako eta Augusta Emerita ere barne hartzen duelako. Orain Lusitaniatik kanpo dagoen guztia (Iberiaren zati handiena) kontsularen agindupean dago, horretarako indar nahikoa baitu: hiru legio eta hiru legatu".
  2. Pomp. Mela, Chorogr. II, 79: Tribus autem est distincta nominibus, parsque eius Tarraconensis, pars Baetica, pars Lusitania vocatur. Tarraconensis altero capite Gallias altero Baeticam Lusitaniamque contingens mari latera obicit Nostro qua meridiem, qua septentrionem spectat oceano. Illas fluvius Anas separat, et ideo Baetica maria utraque prospicit, ad occidentem Atlanticum, ad meridiem Nostrum. Lusitania oceano tantummodo obiecta est, sed latere ad septentriones, fronte ad occasum. Urbium de mediterraneis in Tarraconensi clarissimae fuerunt Palantia et Numantia, nunc est Caesaraugusta; in Lusitania Emerita, in Baetica Hastigi, Hispal, Corduba.

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz)  «Los Vascones» (PDF), educacion.navarra.es, . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  2. (Gaztelaniaz)  Los primeros pobladores de La Rioja, los berones – Toma Rioja . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  3. a b   Gran Enciclopedia de Navarra | BERONES . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  4. (Gaztelaniaz)  Collado Cenzano, Luis, «La identidad de los berones bajo la romanización» (PDF), Dialnet, . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  5.   «Baskoniako herri gerrariak, gaur, 'Baskoniako Historia Bat' saioan» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  6.   «La Geografia di Claudio Tolomeo Alessandrino» Biblioteca Digital Hispánica . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  7.   «Euskal Herriko hiriak eta herriak», Eusko Jaurlaritza, Ekonomia eta Ogasun Saila, . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  8. (Gaztelaniaz)  SL, DiCom Medios «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» www.enciclopedia-aragonesa.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  9.   «Textes anciens sur l'Aquitaine» oc.land.free.fr . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  10.   Estrabón. (2006) Strabons Geographika Vandenhoeck & Ruprecht ISBN 3525259549 PMC 850990831 . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  11. a b   «HISTORIA DEL PAÍS VASCO ::: LOS ROMANOS» www.kondaira.net . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  12.   «Euskal Herriko Historia. Antzin Aroa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  13.   Hornblower, Simon; Spawforth, Antony (1998-01-01) The Oxford Companion to Classical Civilization doi:10.1093/acref/9780198601654.001.0001 . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  14.   www.ville-hasparren.fr . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  15.   Caro Baroja, Julio. (1985) Los vascones y sus vecinos Txertoa ISBN 8471481367 PMC 17332002 . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  16. a b   «HISTORIA DEL PAÍS VASCO ::: LOS VISIGODOS Y LOS FRANCOS» www.kondaira.net . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  17. (Gaztelaniaz)  «Historia del País Vasco. Edad Media - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  18. a b c   «HISTORIA DEL PAÍS VASCO ::: EL DUCADO DE VASCONIA» www.kondaira.net . Noiz kontsultatua: 2019-08-29 .
  19. (Gaztelaniaz)  «Vasconia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-29 .
  20. (Gaztelaniaz)  «Ducado de Vasconia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-29 .
  21. a b (Ingelesez)  «Banu Qasi - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-29 .
  22.   «HISTORIA DEL PAÍS VASCO ::: LOS ÁRABES Y EL REINO DE PAMPLONA» www.kondaira.net . Noiz kontsultatua: 2019-08-29 .