Gamazada
Gamazada XIX. mendeko Nafarroa Garaiko herri matxinada bat izan zen, 1893an Germán Gamazo alderdi liberaleko Ogasun Ministroa Nafarroako foru-erregimena deusezten saitu zenean gertatu zena[1].
Istiluek 1893ko maiatzetik 1894ko martxora iraun zuten. Nahiz eta "gamazada" izenak istiluei erreferentzia egiten dien, istiluak eragin zituen legea izendatzeko ere erabili izan da.
HistoriaAldatu
TestuinguruaAldatu
1841ko Nafarroako foruak eraldatzeko legetik aurrera, Nafarroako foruak eskumen fiskaletara zeuden mugaturik, funtsean. Bestalde, Espainiaren kontzesiotzat hartzen ziren foruak, legearen arabera, eta estatuak deusezta zitzakeen, hala erabakiz gero. Eta horixe gertatu zen, hain zuzen.
1893ko maiatzaren 11n, Germán Gamazo Ogasun Ministroak Estatuko Aurrekontuen lege berria aurkeztu zuen. Lege horretako 17. artikuluak honela zioen:
« | Gobernuak berehala erabiliko du 1877ko uztailaren 11ko legearen 8. artikuluak ematen dion baimena, Nafarroa probintzian zama, errenta eta zergak ezartzeko, lege honen arabera gainerako probintzietan aplikatu eta sortzen diren bezalaxe. | » |
Jatorrizkoaren itzulpena[oh 1] |
Nafarrek berehala asaldaturik eta haserre erantzun zuten, eta pertsonaia publiko guztiak agiriaren kontra mintzatu ziren. Udaletxeek, merindadeek eta parlamentariek kexa gutunak bidali zizkioten gobernuari. Sinadura bilketak antolatu eta jendea kalera atera zen legeari uko egingo ziola esanez. Manifestaldiak eta istiluak izan ziren, eta talde batek armak ere hartu zituen[1]. Gatazka Hegoaldeko lau lurraldeetara zabaldu zen.
Manifestazioak eta sinadura bilketakAldatu
Legeak, edo legearen 17. artikulu hark, 1893 eta 1894 urteetan Nafarroa Garaian, bai herriaren, bai erakundeen mobilizazio orokorrak, manifestazioak eta sinadura bilketak eragin zituen.
1893ko maiatzaren 16an hasi ziren kexa gutunak bidali eta sinadura bilketak egiten. Maiatzaren 28rako manifestaldiak deituak izan ziren hirietan, astebete beranduago Iruñean manifestaldi bateratu handi bate egiteko hitzordua ere ezarriz[2]. Hegoaldeko hiriburu guztietan urduritasuna zen nagusi eta gobernuaren kontrako aldarriak entzuten ziren.
1894ko ekainaren 2an matxinada armatua ere bazegoen, nolabait: bi egunetan zehar Lopez Zabalegi sarjentuak bost kideekin batera Obanos eta Garesen izan zuena. Lopez Zabalegi sargentuak fusilak hartu eta taldetxo batekin Garesetik Iruñerantz jo zuen, foruen alde oihuka[2]. Gertaera horrek ez zuen ondoriorik izan, baina aitzakia horrekin gobernuak hurrengo egunerako antolatua zegoen manifestaldi Iruñeko bateratua debekatu zuen. Hala ere, ekainaren 4an, Gamazoren neurriaren aurkako manifestazioak 15.000 lagun baino gehiago bildu zituen Iruñeko kaleetan, estamentu eta ideologia guztietakoak. Hori Nafarroan ordu arte izandako manifestaziorik handiena izan zen. Manifestaldi bukaeran Gernikako Arbola kantatu zuen Iruñeko Orfeoiak.
Erakundeek 120.000 sinadura inguru bildu zituzten neurriaren aurka, Nafarroa Garaiak 300.000 biztanle izanik. Ekainaren 6an igorri zitzaizkion bildutako sinadurak Maria Kristina erregeordeari.[2]
Istiluak eta negoziaketakAldatu
Abuztuaren hasieran Gasteizen istiluak gertatu ziren. Egun batzuk geroago, 16 eta 17an, Iruñeko Orfeoia Gernikan gonbidatua zelarik, Espainiako bandera erre zuten publikoki, gaur egun Sanrokada deitzen den ekintzan[1]. Abuztuaren 20an istilu bortitzak izan ziren Guardian, hildako bat eta zenbait zauritu eragin zituztenak. 27an, istiluak izan ziren Donostian, udal musika taldeak Gernikako Arbola jotzeari uko egin ziola eta, entzuleek behin eta berriz eskatu arren[3]. Donostiarrek, haserre, kalean bildu eta Londres hotela erasotu zuten. Bertara oporretan iritxi berria zen Sagasta Ministroa, eta hura babesten ari zen Guardia Zibilak tiroka uxatu zuen jendea, bi hildako eta zauritu anitz gertatuz (Sagastaren tiroen gaua deitzen diote gertaerari). Hurrengo egunetan, istiluek eta gobernuarekiko etsaitasun keinuak nonahi ikus zitezkeen. Bizkaia eta Gipuzkoan gatazkak ugariak ziren eta Bilboko langileak protestan hasi ziren, Gobernuak ontzioletako enkarguak Ferroli esleitu nahi zizkiolako.
Istilu horiek guztiek ez zuten ministroaren legea atzera botatzea lortu, kexak gorabehera gorteek onartu egin baitzuten. Beste nolabait giroa lasaitu asmoz, gobernuak Nafarroako delegatuak deitu zituen Madrilera, negoziatzera. Gogo txarrez joan ziren Nafarrak, eta legea atzera bota ezean zer mintzaturik ez zela adierazi zuten. Negoziazioa gogorra izan zen, eta Gamazo ministroak foruak errotik kentzeko mehatxua bota zuen, baina Nafarrek ez zuten amore eman[4]. 1894ko otsailean negoziaketak porrot egitean, Nafarroa eta beste probintziak indarrez baketzeko aukera kontuan hartzen hasi omen zen Maria Kristina. Etxabe-Susaetak El Partido Carlista y los Fueros liburuan adierazi zuenez, Maria Kristina erregeordeak Martínez-Campos jeneralari galdetu zion eskua sartu behar zuenetz eta honela erantzun zion jeneralak:
« | Andrea: Beste probintzia bat izango balitz, gogoan izango genuke bertan lege orokorra ezartzea, beharrezkoa izanez gero, indarra erabiliz; Nafarroa Garaia bakarrik izango balitz, oraindik bide bera erabiliko genuke, baina gogoan hartu behar dugu Nafarroa Garaiak beste hiru probintziak aldamenean dituela, eta Nafarroa Garaia erasoz gero, euskal herritar guztiek haren alde egingo luketela, eta haiekin batera Espainiako karlista guztiek; probintzia haietan matxinada orokorra sortuz eta berriro guda zibila. | » |
Nafar delegatuak 1894ko otsailaren 18an itzuli ziren Iruñerako trenean, eta txaloka hartu zituzten. Castejonen 50.000 lagun kontatu zituzten lekukoek[4]. Hango giroak biziki hunkitu omen zituen bertan ziren Arana anaiak[1].
Manifestazio, istilu, sinadura bilketa eta negoziazioek ez zuten legea baliogabetzea lortu. Hala ere, legea ez zen sekula indarrean ezarri. Gamazok, Sasgastarekin desadostasunak tarteko, dimititu egin zuen, eta bere ondorengo zen Amós Salvador legea aurrera eramaten saiatu bazen ere, ezin izan zuen legea aplikatu Kubako altxamendua eta Filipinetako iraultza zirela eta[4].
Gamazada foruzaletasunaren eta euskalzaletasunaren inguruan sorturiko lehen herri mugimendua izan zen. Foruen defentsak Hegoaldeko herrialde guztien batasuna indartu zuen, bai eta Laurak Bat goiburua ere[2].
Gamazadaren ondorioakAldatu
Gamazada goresteko, Nafarroa Garaiko herri eta hiri askotan kale eta plaza nagusiei Foruak izena jarri zieten. 1894ko ekainean Nafarroako foruak oroitarazi eta askatasuna aldarrikatuko zituen monumentu bat eraikitzea onartu zen Iruñean. 1903an Iruñeko Sarasate pasealekuan eraiki zen gaur Foruen monumentua deitzen dena, Nafarroako Jauregiaren ondoan.
Monumentuaren oinarriko idazkiak honela dio:
Gu gaurko euskaldunok
Gure aitasoen illezkorren
Oroipenean, bildu gera emen
Gure legea gorde nai
Dugula erakusteko.
Euskal nazionalismoaren hastapenetan eragin handia izan zuen gamazadak, Aranatarren pentsamedua Bizkaitarren nazionalismo izatetik lau probintzien batasunera bideratu baitzen. Herriatarren ikuspuntutik, foruzaletasuna eta euskaltasunaren aldeko lehen herri ekintzak izan ziren[4], eta hegoaldeko Euskal Herritarren artean lau probintzien elkartasun sentimendua hauspotu zuen[5].
Arana Goiri anaiak GamazadanAldatu
1894ko otsailaren 18an Nafarroako Castejón udalerrian lorpen hura ospatzeko ekitaldi edo manifestazio masibo eta erraldoi bat antolatu zen.[6] Hori dela eta, Arana Goiri anaiak eta abertzale talde bat zekartzan tren berezi bat Bilbotik Iruñera ailegatu zen.[6] Arana anaien talde abertzale hau manifestazio hartara batu eta bizkaitarrek nafarrenganako elkartasuna adierazten zuen honako esaldia zeraman pankarta ondo zuri eta hizki gorriduna erakutsi zuten:
« | Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra. - Bizkaitarrak agur eiten deutse Naparrei. Dios y Ley Vieja. - Vizcaya saluda a los Navarros..[6] |
» |
Pankarta hura, aurretik eta gau batez Iruñeko Iruña kafetegian diseinatu eta Estanislao Arantzadi nafar diputatuaren Juana emazteak josi zuen.[7][8]
Aipatzekoa da, manifestazio hartara bertaratu zen bizkaitar abertzaleen ordezkaritzako kideek haritz hosto orlegi eta lokarri zuri-gorriz osatutako ikurrak zeramatzatela.[7]
Manifestapen hartara Euskal-Erria eta Bilboko Zirkulu Integrista elkarteak ere bertaratu ziren. Nafarroako Foru Aldundiak Sabin Aranari gonbidapena luzatu eta hark nafar aldundiei aurrean honako hitzaldi hau zuzendu zien:[6]
« | Hemen dauden bizkaitarren izenean, eta bizkaitar guztienean ere esango nuke, denak Nafarroan baitaude, eta baita "Bizkaitarra" egunkariaren izenean ere, haren zuzendaria naizenez, Nafarroako Foru Aldundia begirunez agurtu eta gogoz eskertzen dut, Espainiar Gobernuaren egitasmo injustuen aurrean izandako jarrera abertzale eta heroi kanpainarengatik, eta gure aldetik, otoi, gure herriaren anaia den, gure bihotzeko herri maitea den, nafar herriari besarkada indartsu bat eman bezaiola. | » |
Sabin Arana Goirik Nafarroako Foru Aldundian emandako hitzaldia.[9] |
Iruñetik Bilbora itzultzean, Sabin Aranak zorion mezu bat idatzi eta bere amaieran honako hitz hauek jarri zituen:[6]
« | Gora Nafarroa! Gora Euskeria! | » |
Sabin Arana Goiri.[6] |
OharrakAldatu
- ↑ El Gobierno usará inmediatamente la autorización que le otorga el articulo 8.° de la ley del 11 de julio de 1877 para aplicar a la provincia de Navarra las contribuciones, rentas e impuestos que actualmente rigen, y los que por la presente ley se crean en las demás provincias del reino.
ErreferentziakAldatu
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Estornés Zubizarreta, Idoia. «La Gamazada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, José María. (2007). Navarra en la época moderna y contemporánea.. Pamiela ISBN 978-84-7681-457-4..
- ↑ (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Bernardo. «la Sanrocada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Gamazada» enciclopedianavarra.com.
- ↑ (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, José María. (2004). Navarra, 1917-1919. Reivindicaciones autonómicas y reintegación foral. Pamiela ISBN 84-7681-402-X..
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Gamazada (La). Euskomedia.org.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bandera. Bandera vizcaína en la Gamazada. Euskomedia.org.
- ↑ (Ingelesez) Olle, Jaume. «Basque Flags of National Type» Electronical Bulletin of Vexillology from Cataloniasque Flags of National Type.
- ↑ Gamazada. Auñamendi entziklopedia. Euskomedia.org (Gaztelaniaz)
BibliografiaAldatu
- Historia Ilustrada de Navarra, ISBN 84-604-7413-5
- Chueca Intxusta, Iosu (1994): "La Gamazada desde el Nacionalismo Vasco: De la presencia al mito", Bianako Printzea Fundazioa, 55. urtea, 201. zenbakia, 41-58. orrialdeak. ISSN 0032-8472.
- Esarte Muniain, Pedro (2013): "La Gamazada como experiencia", Euskonews, 665 zenbakia.
- Jimeno Jurio, Jose Maria, Navarra, 1917-1919. Reivindicaciones autonómicas y reintegración foral, ISBN 84-7681-402-X.
- Larraza, María del Mar (1995): "La Gamazada en el contexto de la política navarra de fin de siglo", Revista Príncipe de Viana. Vol. 204, 183-191. ISSN 0032-8472.
- Majuelo Gil, Emilio (1993): "¿Qué fue la Gamazada? Un apunte sobre Campión", Revista del Centro de Estudios Merindad de Tudela, 5, 15-28.
- Serrano Izko, Bixente (2006): Navarra. Las tramas de la historia, Euskara Kultur Elkargoa. ISBN 84-932845-9-9.