Ipar Euskal Herria

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa probintziak biltzen dituen lurraldea.
Ipar Euskal Herri» orritik birbideratua)
Artikulu hau Ipar Euskal Herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hego Euskal Herria».

Ipar Euskal Herria, Iparraldea edo Ipar Euskadi, Euskal Herriaren zati bat da, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea lurralde historikoek osatzen dutena; Frantziako errepublikaren administraziopean egun. 2.967 km²-ko eremua du eta 2016an 298.664 biztanle zituen. 2017ko urtarrilaren 1az geroztik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 158 udalerriek Euskal Hirigune Elkargoa administrazio erakundea osatzen dute.[1][oh 1] Bearnorekin batera, Pirinio Atlantikoak departamenduan dago, Akitania Berria eskualdean.

Ipar Euskal Herria
Iparraldea

Geografia
Hiriburua
43°19′18″N 1°21′0″W
Azalera2.967
Administrazioa
Gobernu-sistemaFrantzia
Euskal Herri Elkargoa
Demografia
Biztanleria301.389
Dentsitatea101,96 bizt/km²
Bestelako informazioa

Ipar Euskal Herria edo Iparraldea izendapenak erabiltzen dira, Espainiako administraziopean dagoen Hego Euskal Herritik ("Hegoalde"tik) bereizteko. Hala ere, praktikoa da, baina ez da guztiz esamolde zehatza, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako zati handiena Bermeo edo Donostiatik hegoaldera baitago [latitudez].[2]

Mugakideak

aldatu
 
Ipar Euskal Herriko mapa.

Ipar Euskal Herriak mugakideok ditu: Landak iparraldean, Kantauri Itsasoa mendebaldean, Hego Euskal Herria hegoaldean eta Bearno ekialdean.

Biztanleak

aldatu

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren ezaugarririk adierazgarriena biztanleriaren banaketa desorekatua da, lurraldearen beraren oreka handirik gabeko garapen orokorraren isla zuzena dena. Lapurdik hartzen ditu Ipar Euskal Herriko ia biztanle denak: 859 km2-rekin, 205.000 biztanle ditu, horietako gehienak BAB distritoan. Laburdi baino handiagoa da Nafarroa Beherea –1.318 km2, Gipuzkoaren antzekoa–, baina 29.000 biztanle baino ez ditu. Zuberoa Ipar Euskal Herriko lurralde txikiena da, 785 km2-ko eremuaz, baina bera da orobat biztanle gutxien dituena, 16.000 lagun. Estrukturaltzat jo daitezkeen arazoak gutxi arindu dira azken hamarkadan Ipar Euskal Herrian: kostaldeko eta barnealdeko lurraldeen garapen desorekatua, hainbat eskualderen kinka sozioekonomiko eta demografiko larria, Ipar Euskal Herriari dagozkion erabakiak bertan hartu ezin izana, euskararen gainbehera.

Banaketa administratiboa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herri Elkargoa»

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, Ipar Euskal Herriko udalerriak, Eskiula ez beste, Euskal Herri Elkargoa entitate administratibo ofizialaren barnean egituratuak daude[3]. Iparraldean Bearno eskualdearekin batera Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen dute, Akitania Berria eskualdearen barnean.

Eskualdeak

aldatu
Ipar Euskal Herriko eskualdeak eta udalerriak
     
     Euskal Kosta-Aturri (Angelu-Baiona-Biarritz-Bokale)     Lapurdi Beherea     Lapurdi Ekialdea     Lapurdi Erdialdea     Lapurdi Garaia     Lapurdi Itsasegia      Agramont     Amikuze     Arberoa     Baigorri-Ortzaize     Garazi     Oztibarre      Arbaila     Basabürüa     Pettarra


Ekonomia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko Laborantza Ganbera»
 
Baionako portua.

Kostaldeko eta barnealdeko eskualdeen arteko desoreka gero eta handiagoa da alor ekonomikoan Iparraldeko ezaugarri nagusia. Lapurdin turismoak jarraitzen du lehen diru iturria izaten, baina industria ere asko garatu da. Aeronautika, elektronika, telekomunikazioak, altzairugintza eta beste hainbat sektore garrantzitsuri lotutako enpresa handiak kokatu dira Lapurdin, eta Baionako portuak ere garrantzi handiko eragile ekonomikoa izaten jarraitzen du. Oro har, asko dibertsifikatu da ekonomia Lapurdin azken urteotan, eta Hego Euskal Herriko hainbat sektorerekin ere integrazio maila handi samarra lortu du. Zuberoan eta Nafarroa Beherean, aldiz, nekazaritzari eta abeltzaintzari eusten diote gehienbat, nahiz eta industria ere hasi den garatzen han-hemenka. Eskualde horien garapenerako garrantzi berezia izan dezake laborantzari lotutako industria berriak sortzeak –esaterako, gaztagintzaren ingurukoak–, baita kostaldetik barrualdera zabaldu den turismoak ere, nahiz eta hori jarduera osagarria izan oraindik. Zuberoan eta Nafarroa Beherean enpresa proiektu berriak sustatzeko, besteak beste, hiru gune sortu ziren duela urte batzuk: INDAR Donibane Garazin –gehienbat eskulangintzarekin, zerbitzuekin eta elikagai eta laborantzarekin lotutako jarduerak hartzen dituena–, ALDATU Maule-Lextarren eta ODACE Donapaleun. Nolanahi ere, langabezia tasak handiagoak dira Ipar Euskal Herrian Frantziako gainerako eskualdeetan baino. 1998an % 15 ingurukoa zen langabezia tasa, Frantziaren batez bestekotik ia hiru puntu gainetik. Hogeita bost urtetik beherakoen artean, % 40ra heltzen zen langabezia. Hori dela eta, oraindik ere gazte askok Euskal Herria utzi behar dute bizimodua beste nonbait aurkitzeko, edota barnealdetik kostaldera abiatu, eta, hortaz, ezin izan da aldatu Ipar Euskal Herriko ohiko emigrazioa.

2015eko urtarrileko datuen arabera, gutxieneko soldata garbia 1.136 eurokoa da hilean Ipar Euskal Herrian[4].

Laborantza

aldatu

2015 hasieran, Ipar Euskal Herrian guztira 4.454 etxalde zeuden, 2010eko datuen arabera, horietatik 3.206 mendian (% 72). 2000. urtean, 5.939 etxalde zeuden; mendian, 4.048 zeuden. Beraz, % 25eko galera egon da. Laborantzarako erabilgarriak diren lurrak ere galdu egin dira, lur gehiago artifizializatu delako eraikuntzarako, etxebizitza, azpiegitura eta gehiagotarako. Baita etxaldeak handituz lantzeko zailak diren lur eremuak alboratu egin direlako. Bestalde, mendian hazkuntzaren % 63 ardiena edota ahuntzena da, % 15 haragitarako behiena eta % 5 esnetarako behiena. Menditik kanpo, ardi eta ahuntzak %22 dira, haragitarako behiak % 20 eta esnetarakoak % 8. Halaber, mendian laborantza gazteagoa da[5].

Gainera, Baxenabarren, Lapurdin eta Zuberoan 8.597 laborari aktibo zeuden guztira eta horietatik 5.855 lanaldi osoan ari ziren. Mendian 6.207 ari ziren (aktibo guztien % 72), eta lanaldi osoan zeuden % 75 mendian ari ziren lanean (4.382)[6]. Bestalde, gizonezkoa Baxenabarreko, Lapurdiko eta Zuberoako etxalde jabeen % 70 ziren eta hazteko joera zuen, izan ere, jabe berrien % 82 ziren gizonak[7].

Historia

aldatu

Bigarren Mundu Gerrako guduak ez ziren Iparralderaino heldu. 1940ko ekainean armistizioa izenpetuta, borrokak eten eta Frantzia bi zatitan banatu zen, barneko muga lerro (“banaketa lerro”) baten bidez. Batetik, Frantzia okupatua zegoen, nazien administraziopean, eta, bestetik, Frantzia okupatu gabea, “eremu askea” ere esan zitzaiona, non Pètain mariskalak Alemaniaren aldeko gobernua ezarri zuen. Ipar Euskal Herria ere bi zatitan bereizten zuen muga lerro horrek: Arnegitik gora, Donibane Garazi eta Donapaleutik igarotzen zen Iparraldean barrena, Biarnoko Salies, Mont-de-Marsan eta beste zenbait herrietan zehar Suitzako muga inguruetara iristeko, Genebaren pare. Bestalde, Iparraldean, egitura politiko soziala bertako jauntxo eskuindarren mendean eta Elizaren eraginpean izanik, petainismoaren aldeko jarrerak babes handia izan zuen. Horrela jokatu zutenen arteko adibide garbia Jean Ibarnegarai da: pilotari izana, eta 1914az gero diputatu Maule aldetik, Pétainen gobernuko kide izan zen, Familia eta Gazteriako ministro. “Aintzina” talde erregionalista, geroago nazionalismora hurbildu zena, Pétainen “Revolution Nationale” delakoan nahastu zen, bere politika lokalista aurrera eramanez eta egin nahi zuen iraultza erregionalistaren bitartez departamentuak politikoki beste era batera egituratzea eta euskal hizkuntza sustatzea lortuko zuelakoan, baina alferrik.

Ipar Euskal Herria, bere egitura geopolitiko bereziarekin, Espainia frankistarekin mugan –Espainia, bestalde, neutrala zen, teorian behintzat, eta Afrikara edo Britainia Handira aldegiteko ihesbidea–, joan-etorri handiko igaroleku bilakatu zen: pertsonak, dokumentazioa, armak e. a.; mugaz gaindiko igarotze hori izan zen, hain zuzen ere, Erresistentziaren jardunaren adierazgarri nagusia inguru horietan. Erresistentziak antolaturiko sare askotako espiak edo iheslariak Euskal Herriko mugatik igaro ziren, mugaren bi aldeetako antifaxisten laguntzarekin.

Sare horietako bat, ezagunena, Comète sarea zen, lurralde okupatuetan eraitsitako hegazkinetako pilotuak Britainia Handira eramateaz arduratu zena.

Aliatuen lehorreratze eguna hurbidu ahala Iparraldeko Erresistentzia antolatuaz bazihoan ere, zenbait jendek nazien aldeko aukera egin zuen, eta haiei lagundu, ziurtzat jotzen baitzuten garaipena; hauetarik ezagunena Eugène Goienetxe da. Goihenetxek, Landaburu eta beste erbesteratu batzuekin harremanetan, lotura estuak izan zituen okupatzaileekin, SS-etako jeneral Dr. Best-ekin bereziki, hau Frantziaren administratzaile militarra zelarik okupazioaren lehen aldian.

Kalkuluak huts egin eta prozedura zalantzazkoa izanagatik, Goienetxek bestek ez zituen horren ondorioak ordaindu, betiko kartzela zigorra eman baitzioten Frantzia askatu eta gero.

Frantziaren askapen eguna hurreratu ahala, Erresistentzia sendoago ageri zen, eta “maki” gerrillari talde txiki bat antolatu zen Maule inguruan. 1944ko abuztuaren hasieran makiak dagoeneko atzera egiten ari ziren nazien gudarosteen aurka borrokatu ziren. Abuztuaren 24an alemaniarrak iparralderantz aldegin zuten, eta Ipar Euskal Herria askaturik geratu zen.

Politika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herri Elkargoa»
 
Bide-seinale elebidunak Ipar Euskal Herrian

Maila demografikoan zein ekonomikoan edota euskara eta euskal kulturaren egoeran bizi den abagunearen isla zuzena da azken urteotan Ipar Euskal Herriko politikagintzaren ardatzetako bat izan den Euskal Departamenduaren eskaera. Behin eta berriro galdetu zaie Ipar Euskal Herriko biztanleei zein horiek hautatutako ordezkariei Departamenduaren inguruko iritzia, eta erantzuna bera izan da kasu guztietan: jarrera politikoen gainetik, Departamenduaren aldekoa da gehiengoa. Alderdi askotako hautetsiak biltzen dituen Euskal Departamenduaren aldeko Hautetsiek elkarteak zabaldutako txosten baten arabera, 1996an Ipar Euskal Herriko auzapezen % 66 Departamenduaren alde agertu zen. Udalez udal egindako galdeketak hori baino emaitza zabalagoa eskaintzen zuen oraindik: 2000ko urtarrilean, auziari buruzko botoa emana zuten 159 udaletatik 106k, eta horien % 81 Departamenduaren aldeko ziren. 1999 urteko irailean Sud Ouest egunkariarentzako egindako inkesta baten arabera, herritarren % 57 ere Departamenduaren alde zegoen. Euskal Herriarekin batera Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen duen Biarnoko biztanleen ia erdia ere zatitzearen aldeko zen. Arrazoi politikoekin batera, beste argudio batzuk ere ematen dira Departamenduaren alde, sendoagoak agian. Besteak beste, Departamenduak garapen ekonomiko dinamikoagoa bultzatuko luke, baita enplegu sorrera ere; horretaz gain, ezinbestekotzat jotzen den oreka eta elkartasuna bideratuko luke barnealdearen eta kostaldearen artean, baita euskararen eta euskal kulturaren babes egokia eta Hego Euskal Herriarekiko lankidetza harreman aberasgarriagoak ere.

Bide anitz hartu dira Euskal Departamenduaren aldeko eskaera egiteko: Batera plataformaren eraketa, manifestazio jendetsuak, Demokrazia Euskal Herriarentzat erakundearen ekintza ikusgarriak, Frantziako Asanblea nazionalean Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik egin dituzten proposamenak, goi-mailako bilerak, adierazpen publikoak... baina horiek guztiek ez dute emaitzarik izan oraingoz. Aldiz, –pays– deituriko egituran oinarritutako eredua proposatu diote aginte publikoek Ipar Euskal Herriari, giza edo diru baliabiderik, aurrekonturik, ordezkaritza politikorik eta nortasun juridiko propiorik ez duen eredua, alegia. Azken hamarkadan sortu dira Ipar Euskal Herrian, aginte publikoen eraginpean, bertakoen nolabaiteko partaidetza ahalbidetzen duten erakundeak, nahiz eta ez izan erabakiak hartzeko orduan eskumenik, ezta baliabide propiorik ere: Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseilua eta Euskal Herriko Garapen Kontseilua. Ildo horretan, aipagarria da Garapen Kontseiluak egin duen lana, nahiz eta ez izan eskumen zuzenik kudeaketan. 1992an sortutako Garapen Kontseiluak hiru lurraldeetako eragile sozial eta politikoak elkarlanean jarri zituen. Lehenengo lana egoeraren diagnosia egitea izan zen eta egiteko hori amaitutakoan (1994), Lurraldeen Eskema prestatu zuten, alorkako egoera, helburuak eta eginkizunak finkatzen zituena. Horretan oinarritzen da 1997az geroztik landu zen Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen Berezia. Ipar Euskal Herrirako Hitzarmen bereziak zazpi urteko iraupena du, eta 2000ko abenduaren 22an sinatu zuten horretan kide diren Frantziako Estatuak, Akintaniak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta, Ipar Euskal Herriak berezko instituziorik ez duenez, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak. Hitzarmen horren arabera, zazpi urteren buruan 2.600 milioi libera –66.000 milioi pezeta inguru– jaso zituen aipatu administrazioetatik (erdia estatuak eta laurden bana Eskualdeak eta Departamenduak), Eskemaren bederatzi atalak garatzeko: hizkuntza politika, kultura, ingurumena, nekazaritza, arrantza, industria eta lanbide heziketa, turismoa, azpiegiturak eta hirigintza eta mugaz gaindiko elkarlana. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat aurreikusten zuen dirutza urria zela eta, Hitzarmen horren aurka agertu ziren euskalgintzaren inguruan dabiltzan hainbat elkarte eta erakunde. Izan ere, guztizko kopuruaren % 3 baino ez dute hartuko hizkuntza politikak eta kulturak, biak batera.

2014ko azaroaren 10ean, Sylviane Alaux diputatuak bigarren etxebizitzei zerga bat ezartzeko nahia adierazi zuen[8].

2017ko urtarrilaren 1ean Eskiula ez beste gainontzeko Ipar Euskal Herriko udalerriak barne hartuko dituen Euskal Herri Elkargoa sortu zen.

2022ko ekainean, Paueko Auzitegiak atzera bota zuen Euskal Hirigune Elkargoak onartu turismorako etxeak mugatzeko araudia[9].

Kultura

aldatu

Datu orokorrak

aldatu
 
2003ko Ramuntxo pastorala Idauze-Mendi udalerrian.
 
Biarrizko itsas museoa.

Museoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko museoen zerrenda»

Euskara

aldatu
 
Zuberoaren sarrerako ongietorri-seinalea, zubereraz eta frantsesez, Barkoxe udalerriaren sarreran (Eskiulatik etorrita).
Euskal Herriko Ahotsak proiektuak Iparraldeko euskarari buruz eginiko bideo laburra.[11]

Hego Euskal Herrian ez bezala, Iparraldean euskarak ez du ofizialtasunik: lurralde osoan, frantsesa hizkuntza ofizial bakarra da. Seaska erakundea Iparraldean ikastolen funtzionamenduaz arduratzen da. Guztiz kezkatzekoa da azken urteotan euskarak izan duen bilakaera, babesik eta estatuturik gabe Frantzian. Ipar Euskal Herriak Hegoak baino euskaldunago izaten segitzen du, baina 1991n eta 1996an Euskal Herri osoan egindako soziolinguistikako Ikerketak ageri-agerian utzi zuen moduan, aurrera egin beharrean atzera egin du euskarak Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian ez bezala. Nafarroa Beherean eta Zuberoan handiak dira oraindik euskaldunen kopuruak —% 64 eta % 55, hurrenez hurren—, baina Lapurdin ehuneko hori laurdenera jaisten da.

Hori ez da, ordea, daturik kezkagarriena, euskaldunen zahartzea eta euskara transmititzeko gaitasun eskasa baizik. Hiztun eta erabiltzaile kopuruari dagokionez, galerak irabaziak baino handiagoak izanik, euskara atzerabidean da Ipar Euskal Herrian, eta erabat ahuldu da hizkuntzaren transmisio gaitasuna. Hau da, gutxiago dira haur euskaldunak gurasoak baino. Egun Ipar Euskal Herriko euskaldunen % 69k 50 urte baino gehiago dute. Euskaldunen kopurua asko jaisten da 3-24 urteko pertsonen artean, % 17 baino ez baita euskalduna. Transmisio ahul horrek —senitartean egiten denak, alegia— laguntzak ez baizik oztopoak ditu familiatik kanpo. Hizkuntza biziberritzeko ezinbestekoa den hezkuntza sistema Seaska ikastolen elkartean esku dago ia erabat.

Seaskak (2000. urtean bere 30. urteurrena ospatu zuen) 2.000 ume eta gazteri ahalbidetzen die euskaraz ikastea hogei bat lehen mailako ikastetxetan, bigarren mailako hiru ikastetxetan –1999an ireki zen azkena, Donaixtin, barnealdeko ikasleen beharrak asetzeko– eta lizeo baten bidez. Seaskako ikastetxeek, beste eremu urriko hizkuntza batzuei loturiko elkarte-eskolen moduan, beste edozein kontratupeko ikastetxe pribatuk duen estatusa dute Frantziako Hezkuntza Nazionalaren aurrean; pribatu izaten segtzen dute, nahiz eta gasturen batzuk administrazioak bere gain hartu.

Azken urteetan, Ipar Euskal Herriko ikastolak publiko izateko bidean jartzeko negoziazioetan dihardute Seaskak eta ministerioak, baina luze jo lezake, Seaskaren eta Hezkuntza Nazionalaren jarrerak urrun baitaude. Auzitan zeuden puntu nagusiak gehienbat hezkuntza eta kudeaketa ereduak ziren, baita Seaskako ikastolek publiko bilakatuz gero izango luketen autonomia ere.

Musika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Ipar Euskal Herriko abeslariak»

Literatura

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Ipar Euskal Herriko idazleak»

Kirolak

aldatu

Errugbia

aldatu
 
Biarritz Olympique eta Stade Toulousain errugbi taldeen arteko norgehiagoka.

Pilotari famatuak

aldatu

Hedabideak

aldatu

Iruditegia

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. Eskiula, berriz, ez dago Elkargoan.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskal Herri Elkargoa - Communauté Pays Basque (Frantsesez)
  2. GIL BERA, Eduardo: Os quiero a todos. Valentzia: Editorial Pre-Textos, 1997. 140. orria.
  3. Euskal Herri Elkargoa (Frantsesez)
  4. «1.136», Berria, 2015-01-06
  5. Mendia, laborarien zerumuga. Berria 2015eko urtarrilaren 9a.
  6. 8.597. Berria 2015eko urtarrilaren 9a.[Betiko hautsitako esteka]
  7. %82. Berria 2015eko urtarrilaren 9a.[Betiko hautsitako esteka]
  8. «Bigarren etxebizitzei zerga bat jartzea proposatu du Sylviane Alaux diputatuak», Berria, 2014-11-11
  9. «Paueko Auzitegiak atzera bota du Euskal Hirigune Elkargoak pisu turistikoak mugatzeko onartu zuen araudia» EITB 2022-06-04 (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  10. Harluxet Hiztegi Entzklopedikoa
  11. Ahotsak.com. Youtube (2012ko ekaina). Euskara iparraldean. http://www.youtube.com/watch?v=X1qCzD8nR60

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu