Ia desagertua dagoen Italikoaren familiako hizkuntza. Antzinako erromatarren lehen hizkuntza
«Latina» orriak hona dakar. Bestelako esanahiei buruzko orria hau da: «Latina (argipena)»
Latina[1][2] antzinako hizkuntza da, hasiera-hasieratik Lazio (Latium Vetus) eskualdeko hizkuntza, Tiber ibaia zuen iparraldean, Apenino mendilerroa ekialdean, Tirreno itsasoa mendebaldean eta Volskoen eskualdea hegoaldean mintzatua hasieran, baina askoz ere gehiago hedatu zen, ordea, Errepublika eta Inperio Erromatarraren hizkuntza ofizial bilakatu zenean.
Duenos idazkuna, K.a. VI. mendeko testu bat, latinez ezagutzen den zaharrena
Erromatarren jatorrizko hizkuntza latina zen. Alfabetoa ere garatu zuten, grekozkoan oinarrituta. Idatziko lehen arrastoak K.a. VI. mendekoak dira. Iritsi zaigun literatura gehiena latin klasikoan dago idatzia, hau da, K.a. I. mendeko latin dotoreaz, baina jende arruntak latin arruntean hitz egiten zuen. Denboraren poderioz, bi hizkera motak banandu eta bakoitzak bere hiztegia, gramatika zein ahoskera garatu zuen. Inperioaren hedapenak hizkuntza ere hedatu eta sakabanatu zuen. Mendeekin batera, Inperioaren ahultzeak ere lagunduta, hizkuntza tokian-tokian era ezberdin batera garatu eta zatitu zen, eta hizkuntza erromantzeak deritzenei hasiera eman.
Grekoa, hala ere, goi-mailakoen hizkuntza bilakatu zen, erromatarrek ikasten zuten literatura gehiena hizkuntza hartan baitzegoen: ekialdeko erdian, Bizantziar Inperioa izan zen eremuan, latina ordezkatu zuen.
Latina hizkuntza hila bada ere, hiztunak ditu. Eliza Katolikoak mezatarako erabili zuen eta Vatikano Hirian ofiziala da oraindik ere. Erabilpen arruntik ez duen arren, mende askotan zehar Europako nazioarteko hizkuntza izan zen, unibertsitatean eta diplomazian. XIX. mendean frantsesak haren lekua hartu zuen, eta XX.ean, ingelesak. Hala ere, pisu handia du egun ere, erlijio-, lege- zein zientzia-hiztegietan.
Latinezko literaturak Antzinako Erromako literatura lanak biltzen ditu batik bat, kultura erromatarrak literatura grekoko lanak ere sortu zituela kontuan hartu behar bada ere [3]. Erdi Aroan, latina kultura hizkuntza nagusia izan zen Europan eta horrela literatura oparoa sortu zen latinez, erlijio, filosofia eta historia gaiei buruz batez ere, Tomas Akinokoaren lumaz esaterako. Pizkundetik aurrera, latinak nagusitasuna galdu zuen; horrela, lan erlijioso, filosofiko (Spinoza, kasu) eta zientifikoetara mugatu zen; aldiz, literatura lan nagusiak hizkuntza nazionalez idazten ziren. Egun, komunikazio tresna izaera ia guztiz galdu badu ere, zenbait idazlek beren sormen lanak latinez egiten dituzte.
Bost deklinabide eredu daude izenetarako, genitiboaren bukaeraren arabera bereiziak. Deklinabide bakoitzean, hitzen lexemei edo erroei hainbat bukaera gehitzen zaizkie.
Lehen deklinabideko hitzen genitiboaren bukaera -ae da. Genitiboaren forma izen enuntziatutik har dezakegu; adibidez, poeta, poetae, m ~ euskaraz, "poeta", "koplakaria"; lehen hitza (poet-a) nominatibo kasuan dago; bigarrena (poet-ae), berriz, genitiboan. Lehen deklinabideaz izen femeninoak deklinatzen dira, gehienbat.
Bigarren deklinabideko hitzen genitiboaren bukaera -i da. Adibidez: dominus, domini, m ~ euskaraz, "jauna". Bigarren deklinabideaz baliatuz, izen maskulino zein femeninoak deklina daitezke; neutrozko forma ere badago.
Bigarren deklinabidea (maskulino eta femenino arruntak)
Bigarren deklinabidean, magister, magistri, m ~ ("irakaslea", euskaraz) bezalako izenak agertzen dira, nahiz eta maskulinoa izan erromatarrentzat hitz egiterako orduan errazago zelako aldaketa batzuk jasan dituztenak.