San Telmo Museoa
San Telmo Museoa, labur STM, Gipuzkoako hiriburu Donostiako udal museoa da, Euskal Herriko gizartea ardatz duena. Euskal Herriko historia ikuspegi sozial batetik azaltzen du. Donostiako Parte Zaharreko Zuloaga plazan dago.
San Telmo Museoa STM | |
---|---|
San Telmo Museoaren aurrealde berria Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Arkitektura | |
Deskribapena | |
Irekitze data | 19021 2007-2011 zaharberritze lanak |
Zuzendaria | Susana Soto |
Webgunea | http://www.santelmomuseoa.eus |
Oharrak | 1 Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ekimenez sortua |
Museoaren etorkizuneko egituraketa eta funtzioei buruzko hausnarketa baten ostean, 2007an berrikuntza prozesu bati ekin zioten. Azkenik, museoa 2011ko udaberrian berrireki zen, oraingoan euskal gizarteari buruzko museo bihurtuta.
Eraikinak
aldatuKomentua
aldatuMuseoaren eraikina antzina Dominiko fraideen komentua izan zen. [2]XVI. mendean eraiki zen komentua, Karlos I.a Espainiakoa enperadorearen estatu idazkaria zen Alonso Idiakez gipuzkoarraren diru laguntzari esker, Urgull mendiaren magalean. Eraikuntza lanak 1544an hasi eta 1562an amaitu ziren. Eraikina gotiko eta pizkunde estiloen arteko trantsizioan dago, bere altxaeran berpizkundeko elementu batzuk baititu, nahiz eta bere egitura gotikoa izan. Antzinako komentuaren berezitasunetako bat klaustroaren kokalekuan datza: ohikoena elizaren alboan kokatuta egotea da, baina kasu honetan eta mendiaren hurbiltasuna dela eta, mendiaren oinean altxatu zen.
1813an, Iberiar Penintsulako Gerran, Donostia arpilatua eta suntsitua izan zen, eta komentuak kalte larriak jasan zituen. 1836an Juan Álvarez Mendizábal politikariak gauzatutako Desamortizazioaren ondorioz, fraideak komentutik kaleratu eta multzo osoa artilleriako kuartela bilakatu zen.
1913an eraikina Monumentu Nazionala izendatu zuten, eta 1928an Donostiako Udalak eraikina bereganatu zuen. 1932an museoaren egoitza berria inauguratu zen, itxuraz berrituta. Orduan gehitu zitzaizkion elizari Josep Maria Serten mihiseak. Gainera, klaustroaren albo bat Pizkundeko estiloa islatzen zuen jauregiko aurrealde batez apaindu zuten. Irekiera ospakizunen barnean, Manuel de Falla musikariaren emanaldi bat egon zen.
Eraikin berria
aldatuOrdu arte museo etnografiko lanak egin bazituen ere, 2007. urtean museoa eraberritzeko plana hasi zen, museoa kontzeptu berri batez berpizteko. Komentu zaharra txukundu ez ezik, asmo handiko proiektu bat jarri zen abian: komentuari eraikin garaikide berezi bat gehitzea. Lan horiek egiteko ardura Nieto Sobejano arkitekto ospetsuei eman zitzaien, eta haiek diseinatu zuten. 2011n amaitu ziren museoa zaharberritu eta zabaltzeko lanak, 28,5 milioi euroren kostuaz.
Urgull mendiari eta eraikin historikoei paralelo atxikitako pabiloiak museoaren espazio-premiei erantzuten die, eta paisaia-ingurunean integratzen da. Forma etenak dituen eraikin honen barnealdean, hormigoi zuria erabili da, Nafarroatik ekarria eta ikusgai dagoena. Hormigoi hori itxuratzeko, berriz, ar-eme oholtxoen enkofratua erabili zen. Beste material garrantzitsu bat iroko-zura da, eskaileren estalduretan, tronaduretan eta abarretan erabilia.[3]
Kanpoalde berezia du, bertako estaldura aluminio urtuzko xaflaz osatuta baitago. Nolabait landare- eta argi-horma bat eratu nahi izan da era horretan, eraikina paisaian txertatuta egon dadin. Lan horien ardura eta diseinua Leopoldo Ferranek eta Agustina Oterok egin dituzte.[3]
Pabiloi eraiki berrien espazioek aukera gehiago eman dituzte beste erabilera batzuetarako; izan ere, bertan kokatzen da, adibidez, aldi baterako erakusketa-azaleraren zati handi bat. Beste erabilera batzuen artean daude artelanak garraiatzeko korridore bat, laborategi bat, 140 pertsonarentzako ekitaldi-areto bat, liburutegi bat eta esperimentazio-sena daukan jatetxe-kafetegia,[4] Bokado enpresak kudeatua.
Historia
aldatu1902an Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ekimenez, Etnografia eta Arte Ederretako Museo bat sortzeko asmoz, hainbat pieza bildu ziren. Lehenbiziko zuzendaria Pedro Soraluze izan zen. Museoaren estreinako egoitza Garibai eta Andia kaleen arteko izkina batean zegoen. Ondoren, Bigarren Hezkuntzako Institutua eraiki berritan, aldamenean beste bat antzeko eginkizunak izango zituen beste eraikin bat altxa zuten Urdaneta kalean: Arte eta Lanbideen Eskolaren egoitza berria. Bada, bertara lekualdatu zuten museoa 1909an. Azkenik, San Telmo komentuaren eraikinera eraman zuten, 1932an, fatxada berri bat eraiki ondoren.
Aurreko banaketan, museoa beheko, aurreneko eta bigarren solairuetan banatzen zen. Beheko solairuan eliza, behealdeko klaustroa (honetan arkeologia saila zegoen), denboraldi baterako erakusketen aretoak, zerbitzuak eta sarbideak zeuden. Aurreneko solairuan etnografia bilduma zegoen, alboan pinakoteka zuelarik (gotiko garaitik XX. menderako margolanak). Bigarren solairuan Euskal Herriko margolaritza garaikidearen saila zegoen.
2007-2011 bitartean egindako eraldaketak banaketa horren aldaketa sakona ekarri zuen. Azkenik, 2011ko martxoaren 28an berrireki zen.
San Telmo eraikina Donostiako Udalaren jabegokoa da; aldiz, klaustroa Espainiako Estatuarena da.
Bildumak
aldatuSan Telmo Museoaren bildumak 35.638[5] piezatik gora ditu funts hauetan banatuak: arkeologia, arte ederrak, etnografia, argazkilaritza eta historia. Horien artean, hauek dira aipagarrienak: hilarriak, etnografiako objektuak, armak eta XIX. eta XX. mendeko pinturak.
- Arkeologia
Arkeologia funtsa 650 bat piezez osatuta dago, askotariko jatorri eta tipologiakoak. Horietan, objektu mota hauek biltzen dira: hilarriak, laudo harriak, armarriak eta beste kultura batzuetako objektuak. Atal honetan, hilarri bilduma da azpimarragarriena; izan ere, 80 ale baino gehiago ditu, hala Euskal Herrikoak, nola ingurukoak. Gainera, tipologia eta garai askotakoak direnez (erromatarren aurreko garaikoetatik hasita XIX. mendearen bukaera artekoak), hilobi artearen erakusgarri dira. Hilarriak hilobi monumentuak dira, eta norbait ehortzita dagoen lekua edo norbait hil zen lekua adierazten dute.
- Arte ederrak
Atal honetan pinturak, eskulturak, estanpak (grabatu artistikoa, serigrafia, litografia, eta abar) eta kartelak biltzen dira. Guztira, 6.800 pieza baino gehiago. Euskal arte bildumari dagokionean, XIX. mendetik gaur egun arte euskal gizarteak eman dituen artista askoren lanak daude: Zamacois, Lekuona edo Etxenagusia, Arteta, Tellaetxe, Zubiaurre, Lekuona, Ribera edo Uzelai. Gudaren ondoren, 60ko hamarkadan euskal artisten susperraldia izan zen, eta horien artelanak ere badaude museoaren funtsetan, hala nola, Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu, Nagel edo Ameztoi.
- Etnografia
San Telmoko funts etnografikoa 9.200 objektuz baino gehiagoz osatuta dago, eta euskal gizartearen bizimodu tradizionalekin zerikusia duten objektuak daude bertan, besteak beste, lanbideei lotutakoak: artzaintza, arrantza, ikazkintza, lihoa irutea, nekazaritza, abeltzaintza... Atal honetan argizaiolen bilduma da bereziena. 50 ale baino gehiago daude, eta euskal gizartearen aberastasun espiritualaren adierazgarri bikainak dira. Argizaiola hildakoei eskaintzen zaien argizari bildumena da. Argizariari su emanda egindako argiak hildakoak egin beharreko bidea irudikatzen du.
- Argazkilaritza
Atal honek 14.200 piezatik gora ditu, irudiak, klixeak eta plakak zenbatuta. Bildumako irudiak hainbat gairen ingurukoak dira, hala nola, historia, etnografia eta arkeologia. Egile argazkiak ere badaude. Atal honetan Galarza funtsa nabarmendu behar da. Donostiako eta Gipuzkoako beste hainbat herritan (Hondarribia, Lasarte-Oria, Hernani, Zarautz...) ateratako 2.000 argazkitik gora biltzen ditu. Gehienak XX. mendearen lehen erdikoak dira.
- Historia
2.900 piezaz baino gehiagoz osatutako atal honek armak, kartografiak, karlistaldietako objektuak eta tokiko historiaren lekukotza objektuak biltzen ditu. Horien artean arma bilduma dago. 1.000 pieza inguru biltzen ditu eta askotarikoa da: arma zuriak, defentsarako armak, su armak, artilleria piezak eta arma historikoak. Bilduma garrantzitsua da arma zuri asko dituelako, eta zenbait pieza kalitate handikoak eta oso arraroak direlako. Pieza horiekin armagintzaren ikuspegi osoa erakuts daiteke, hasi XV. mendetik eta ia gaur egunera arte.
Bildumen pieza nabarmen batzuk Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Sailaren proiektu den MuseoTIK web-atalean ikus daitezke.[6]
Erakusketa iraunkorra
aldatu2011tik museoaren egitura ondorengo hau da:
- 0. solairua:
- 1. Historia eta erronkak: Museoaren bisita elizan hasten da, monumentu-gunea baita; bertan ikus-entzunezkoen emanaldi batek eraikinaren bilakaera historikoa Donostia hiriarekin erlazionatuz azaltzen du, eta elizan topa daitezkeen elementu bereziak ere erakusten ditu: XVI. mendeko hormetako margolanak, sortzaileen kriptak, aitorlekuak, Josep Maria Serten mihiseak... Hori guztia "Komentutik museora" izeneko ikus-entzunezko baten bidez azaltzen da, gaur egungo euskal gizarteak dituen erronka ezberdinen aurkezpenaz amaitzeko.
- 2. Espiritualtasun zeinuak: Euskal herritarrek mendeetan zehar heriotzaren inguruko errituei eta arbasoen gurtzari oso atxikiak izan dira. Hilerri eta bideetako hilarriak nahiz eliza batzuetako argizaiolak gaurdaino ailegatu dira. San Telmo museoan aztarna hauek bertako klaustroan erakusten dira, museoak disko itxurako hilarri bilduma garrantzitsu bat baitu.
- 3. Aztarnak oroimenean: Beste kultura batzuekin topaketa, ingurunera egokitzea, mugak... hain gaur-gaurkoak diruditen erronkak gure arbasoen egunerokotasunaren parte izan ziren. Gune honetan Euskal Herriaren eraketa eta garapenaren giltzarri izan diren une eta gertaera garrantzitsuen inguruko hausnarketa bat aurkezten da, historiaurrean hasi eta XVIII. mende arte, eta bere bilakaeran aztarna utzi dutenak.
- 1. solairua:
- 4. Modernitatearen hasiera: XIX. eta XX. mendeak Euskal Herrian eraldaketa handiko garaiak izan ziren, eta gaurko gizartea nola osatzen den ulertzeko gakoak biltzen dituzte. Trantsizio aldi bat azaltzen da, non baserri inguruko bizimodutik bestelako eredu industrializatu batera iragaten den. Gizarte, familia eta lanaren antolaketa moduetara hurbilarazi nahi da, jarduera ekonomikoetara, eguneroko bizitzara, ideologia eta aldarrikapenetara, lau arreta-guneren bitartez: "Jendartean bizi", "Tradizioak bizirik dirau", "Industrializazioa, aldaketaren eragile" eta "Euskal Artearen 100 urte".
- 2. solairua:
- 5. Arte bilduma historikoa: San Telmo museoaren bilduma historikoa XV. mendean hasten da, eta XIX. mendera iristen den ibilbide kronologikoa proposatzen du, kutsu didaktiko eta dibulgatzaile batez. Horrela, Grekoa, Tintoretto, Ribera, Rubens, Fortuny, Madrazo... margolarien irudi garrantzitsuen eskutik artearen historian barneratzeaz gain, denboran zehar arte estiloen bilakaera ezagutzeko aukera eskaintzen da.
Aldi baterako erakusketak
aldatu2011n eraberrituta zabaldu zenetik, Museoak gogotsu agertu da bere baitan aldi baterako erakusketak maiztasunez egiteari buruz. 2011n Museoa eraberrituta ireki eta berehala, 6 mila milioi beste ikus-entzunezko erakusketa inauguratu zen: 78 herrialdetan, denetariko kultura, adin, sexu, arraza eta erlijioetako 5.600 laguni egindako elkarrizketak, sei erreportarik grabatuak.[7] Handik gutxira etorri zen Federico Felliniri buruzkoa, Ilusioen zirkua, 2012ko urtarril arte. 1000 m2 erabili ziren horretarako, baita 400 pieza baino gehiago ere, nolabait Fellinik gauzak gordetzearen kontra zeukan temari traizio eginez bada ere: erakutsi ziren aldizkariak, argazkiak, sekula ikusi gabeko film-zatiak, kartelak, etab.[8]
Etnografiarekin daukan lotura estuari eutsiz, 2014an, Galiarren aroan. Zesar aurreko Akitania izan zen ikusgai San Telmo Museoan maiatzaren 25 arte. 1.600 objektu erakutsi ziren bertan: ehungailuetako pisuak, depilatzeko pintzak, giltzak, eskumuturrekoak, txanponak… Gezurtatu egin zituen oso hedatuak diren hainbat ideia, neurri batean Asterix eta Obelixen moduko komikiek zabaldutakoak eta Frantziako Iraultzaren garaitik bultzatuak: galiarrak basoan bizi ziren Rousseauren moduko bon sauvage izango zirela. Akitaniaren Burdin Aroko hiri-zibilizazioa eta beste lurraldeekin zituen merkataritza-harremanak nabarmendu zituen.[9]
Geroztik erakusketa handiagoak eta txikiagoak izan dira; izan ere, Museoak badu laborategi espazio bat, erakusketa txiki, berritzaile edo esperimentaletarako. Gizarteko erronken arloari dion arretarekin bat etorriz, Museoak Ura, ibaiak eta herriak erakusketa eman zuen 2014ko otsailetik maiatz arte museoko bigarren solairuan. Pedro Arrojo zuzendari izandako erakusketak uraren krisialdi globala utzi zuen agerian, uraren giza eskubidea nabarmendu eta kaltetuei ahotsa eman zien, baita uraren urritasunaren atzean dauden gizarte-faktoreei erreparatu ere.[10] Hain urrun, hain hurbilek erakusketa espezializatuen gogo horri eutsi zion, oraingoan hirurogeita hamarreko argazkilari dokumentalista espainiarrei buruzko monografikoa izan zen. Taldea izan ez arren, frankismoak ezarritako estereotipoetatik eta ikonografia ofizialari alde egiten zioten, eta begirada gordinez so egin zioten errealitateari, aurreko belaunaldien poetika melengetatik urrun. Zuri-beltzean emandako serietan aurkeztu ziren. Tartean zeuden Cristobal Hara, Cristina Garcia Rodero, Koldo Chamorro, etab.[11]
Nazioarteko lankidetzan bete-betean kokatzen dira berrikiago 2015eko urrian amaitutako Pasolini Roma erakusketa ibiltaria eta, azkenik, Bake-ituna erakusketa, azken hau Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzari hertsiki lotuta eta 2016ko ekainean inauguratua. Italiar zinemagile eta idazle ospetsuari buruzko erakusketa, Donostian ez ezik, Bartzelonan, Parisen, Erroman eta Berlinen izan zen. Idazleak Erromarekin zuen amodio-desamodio harremana hartzen du ardatz hainbat gairi heltzeko: poesia, politika, konpromiso zibila, sexua, maitasuna, adiskidetasuna edo zinema. Hizkuntza gutxituekiko eta frankismoaren azken urteetako Euskal Herriko protestei agertutako atxikimendua.[12]
2016an ere, oihartzun handia izan zuen euskal arteari eta haren historiari emandako begirada bereziak, Gaur konstelazioak, 1966-2016 erakusketaren bitartez. Aurkezpenean izan zen Jose Antonio Sistiaga bera, eta Gaur taldearen bereizgarria benetakotasuna dela nabarmendu zuen. Abangoardia-gogoaren zubi-lana egiten du erakusketak, Kairos garaikidea atalarekin elkarrizketa bat osatzen duen neurrian. Fernando Golvano aritu zen komisario-lanetan. Erakusketak sustraiak beste galeria txikiagoetara hedatu zituen (Altxerri, Kur Art Gallery, Okendo kultur etxea), horietan Gaurko egileen lanari begirada hurbilago batez banaka erreparatzeko.[13]
Museoaren jarduera programazioa
aldatuMuseoaren bi zati nagusiek independenteki jarduteko gaitasuna dute: batetik, alderdi museografikoa eta, bestetik, gizarte-ekintzei zuzendutakoa, hala nola, liburutegia, ekitaldi-aretoa eta kafetegi-jatetxea. Liburutegia Donostia Kulturako liburutegi-sarean txertatzen da, batez ere ondorengoetan espezializatuta: artea, gizarte-arloa, ondarea, eta historia. Museoaren gida-liburuaren arabera, lehenengo bi espazioen inguruan, dokumentazio- eta eztabaida-guneak harilkatzen dira, "egungo euskal gizarteak dituen erronken inguruko gogoeta, azterketa eta eztabaida" bultzatzeko.[14]
Beste hainbat partaidetza ekintzaren artean, aipatzekoa izan zen 2015ean Europar Elkarrizketak, DSS2016 eta Globernancerekin batera antolatuak. Hilean behin egindako hitzaldien zikloa izan zen, herritarrei eta Europaren eraikuntzari lotutako gairen baten inguruan.[15] Bestalde, Museoak hainbat ekitaldi hartzen ditu bere baitan urte osoan, tartean direla ere Donostiako Zinemaldiko ekintzak eta ospakizunak. Museoaren finantzabide garrantzitsu bat barruko txokoen alokairua da.
Museoak lankidetza du hiriko kultura eta gizarte mailako erakunde eta eragileekin; baita hiriko jaialdi nagusienekin ere, besteak beste: Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostiako Zinemaldia, Heineken Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia.
Museoak eskuraturiko sariak eta errekonozimenduak
aldatu- Aipamen Berezia 2013ko Europar Museorako lehiaketan.[16]
Iruditegia
aldatu-
Euskal-Esnalea aldizkariaren 13. zenbakia eta Euskal-Erria aldizkariaren alea.
-
XVI.mendeko klaustroaren irudia
-
San Frantziskoren estigmak, Grekoaren XVII. mendeko mihise bat
-
Euskal sukalde bat berreraikia
-
Modernitatearen hasiera ataleko motozikleta
-
Gaur konstelazioak erakusketaren ikuspegi bat
-
Pasolini Roma erakusketako gela bat
Ikus gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Donostia Kultura. (Noiz kontsultatua: 2018-01-21).
- ↑ (Gaztelaniaz)Tarsicio de Azcona.- Fundación y construcción de San Telmo de San Sebastián: estudio y documentos. Arg. Grupo Doctor Camino de Historia Donostiarra, 1972.
- ↑ a b Euskal Gizarteari buruzko Museoa, STM: Gida. San Telmo Museoa SA, Donostia Kultura Enpresa Erakunde Publikoa, 25 or. ISBN 978-84-616-7843-3..
- ↑ El Museo San Telmo, rehabilitado por los arquitectos Nieto Sobejano, se adentra en la montaña encantada. 2011-04-18.
- ↑ Museoa, San Telmo. Bilduma - San Telmo Museoa. (Noiz kontsultatua: 2018-01-21).
- ↑ «Museotik» museotik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ Sarasola, Ainhoa. (2011). «Mundu bat begirada» Berria.
- ↑ (Bideoa) 'Federico Fellini. ilusioen zirkua' erakusketa, San Telmon. Euskal Herria: EITB (Noiz kontsultatua: 2016-09-20).
- ↑ Irazustabarrena, Nagore. (2014). «Galiarrak, Asterixez harago» Argia.
- ↑ (Bideoa) "Ura, ibaiak eta herriak" erakusketak ura bermatua ez dutenen testigantzak bildu ditu. Euskal Herria: Hamaika Telebista (Noiz kontsultatua: 2016-09-20).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «La fuerza de una generación» Descubrir el Arte 202: 6. 2015-12.
- ↑ «Pasolini Roma erakusketa, ekainaren 20tik urriaren 4ra, San Telmo museoan ikusgai» Naiz (Donostia) 2015-06-19.
- ↑ Etxezarreta, Marina. (2016). (Bideoa) 'Gaur Konstelazioak' erakusketa zabaldu dute, San Telmo museoan. Euskal Herria: EITB (Noiz kontsultatua: 2016-09-20).
- ↑ STM, San Telmo Museoa; Gida. Donostia: San Telmo Museoa SA; Donostia Kultura Enpresa Erakunde Publikoa ISBN 978-84-616-7843-3..
- ↑ 2015eko Donostia Kulturaren Memoria
- ↑ (Ingelesez) EMYA 2013
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |