Filipe II.a Espainiakoa
Filipe II.a Gaztelakoa Zuhurra[1] edo Filipe I.a Portugalgoa (Valladolid, 1527ko maiatzaren 21a - El Escorial, 1598) 1556-1598 bitartean Espainiako erregea eta 1580-1598 bitartean Portugalgo erregea izan zen. Horrez gainera, Maria I.a Ingalaterrakoarekin ezkondurik egon zen urteetan (1554-1558), Ingalaterra eta Irlandako errege ezkontidea izan zen.
Bere garaian izugarri zabaldu zen Espainiar Inperioa (Amerika, haren omenez izendatutako Filipinetako uharteak) eta 1580. urtean Portugalgo erreinuaz eta inperioaz jabetu zen Espainiako koroa. Maila handiko aholkulariz eta militarrez inguratua egon zen beti (Albako dukea, Granvelle, Alexandro Farnesio, Joan Austriakoa…), baina ez zen batere trebea izan administrazioan eta barne politikan. Ameriketan pilaturiko urre guztiarekin ere, lur jota utzi zuen Espainiako ekonomia. Bestalde, erlijioan ezarri zituen lege zorrotzak oso ondorio txarrak ekarri zizkion Espainiako erresumari, Filipe II.aren garaian Espainiako Urrezko Mendea izeneko aroa hasi zen arren.
Filipe II.ren erregealdiak oso iritzi kontrajarriak sortu ditu. Espainiarrek errege zuhurra izendatu zuten; protestanteentzat, ordea, hegoaldeko deabrua (dæmon meridianus) eta tiranorik ankerrena izan zen[2]
Haurtzaroa eta gaztaroa
aldatuFilipe II.a Gaztelakoa Valladoliden jaio zen, 1527ko maiatzaren 21an, Karlos I.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea eta Elisabet Portugalgoa guraso zituela. Baina, Armada Inperialak egindako Erromako arpilatzearen berria iritsi zenean, jaiotzaren ospakizunak bat-batean amaitu ziren. Karlos I.ak doluzko arropa jantzi zuen eta zaldun gudu zein justak bertan behera gelditu ziren. Amak hartu zuen printzearen heziketaren ardura. 1534an Juan Martínez Siliceo umearen tutore izendatu zuten, "irakurtzen eta idazten irakats ziezaion". Siliceoz gain, Pedro Ciruelo matematikaria, Juan Ginés de Sepúlveda humanista eta Salamancako Unibertsitateko errektore Fernán Pérez de Oliva, Juan de Zuñigarekin batera, Filiperen hezitzaileak izan ziren. Henry Kamenen arabera: "Printzea ez zen ikasle bikaina, ezta ereduzkoa ere. Latina hala-hola erabiltzen zuen, bere estilo literarioa, onenean ere, erdipurdikoa zen, eta bere kaligrafia eskasa. Asmo horretan hezi zuten arren, ez zen humanista izatera iritsi"[3]
1539an ama hil zitzaion. Urte berean, aita Gantera joan zenean, erresumako erregeorde bilakatu zen. 12 urte besterik ez zuenez gero, Tavera kardenala buru zuen Erregeordetza Kontseiluaren laguntza izan zuen.
1543ko azaroaren 15ean ezkondu zen lehenbiziko aldiz. Andregaia bere lehengusina, María Manuela Portugalgoa, izan zen. Ezkontzak urte eta erdi baino ez zuen iraun, emaztea Karlos infantearen erditzearen ondoren (1545eko uztailak 12) hil baitzen. 1554ko uztailaren 25ean bigarren aldiz ezkondu zen, Londresen, Maria Tudor Ingalaterrako erreginarekin, Karlos I.ak Espainia eta Ingalaterraren arteko ituna nahi zuelako. Aitarengandik Napoliko errege eta Milango duke tituluak jaso zituen eta aldi luze batez Ingalaterran bizi izan zen[3].
Tronuratzea
aldatuEstatu arazoak zirela eta, Ingalaterratik Flandesera joan zen. Han, 1555eko urriaren 25ean, aitak Herbehereetako printze subirano eta Borgoinako konde izendatu zuen. 1556. urtean, berriz, Espainiako errege bihurtu zen, Karlos I.ak agintea utzi eta gero. Germaniako Erromatar Inperio Santua, aldiz, Carlosen anaia Fernandok jaso zuen. 1557ko martxoan Ingalaterrara itzuli zen, eta hilabete batzuk emaztearen ondoan igaro zituen. Uztailean Flandesera itzuli eta Saint-Quentinen bere erregealdiko garaipen militar handienetako bat erdietsi zuen[3].
Maria Tudor, baina, 1558ko azaroan hil zen, hainbeste desira zuten oinordekoa eduki gabe. Ondoren, Filipe Elisabet I.a Ingalaterrakoarekin ezkontzen saiatu zen, baina alferrik, eta aurrerantzean Ingalaterrako protestanteak izan zituen arerio.
Saint-Quentin (1557) eta Gravelinesko (1558) garaipenen ostean, 1559ko apirilaren 3an Espainiako Filipe II.ak Cateau-Cambresisko bakea sinatu zuen Frantziako Henrike II.arekin. Henrikeren alaba Isabelen eta Filiperen arteko ezkontzak berretsi zuen bake hitzarmena[2]. Ezteien ondoan Filipe Herbeheretatik Espainiara itzuli zen. Handik aurrera ez zen inoiz iberiar penintsulatik atera[4]. 1561ean Valladolidetik Madrilera eraman zuen gortea.
Barne politika
aldatuKulturarekiko jarrera «Gure erresuma guztietako justiziei agindu behar diegu eta agintzen diegu hemendik aurrera gure menpekorik edo biztanlerik, elizgizonik edo sekularrik, ez dadila gure erresumetatik atera kanpoko unibertsitateetara, eskoletara, edo ikasketetara, ez irakastera, ez ikastera, ez bertan egotera, ez bizitzera. |
Felipe II.aren Pragmatika, Aranjuezen agindua, 1559-11-22. Egokitua. |
Erlijio katolikoa Espainiako Inperioko lurralde guztietan babestu eta zabaltzea izan zen Filipe II.aren politikaren helburu nagusietako bat. Horretarako Inkisizioa indartu eta dogma katolikotik kanpo zeuden erlijio eta jokaera guztiak zapaldu zituen.
Izan zuen lehen liskarra Alpujarretako altxamendua izan zen. Moriskoen integrazioa zaila zenez gero, 1567an beren erlijioari, hizkuntzari eta ohiturei uko egitera behartzen zituen dekretua eman zen (1567ko berrespen pragmatikoa). Horri erantzunez, 1568ko eguberrietan Granada eta Almeriako moriskoak matxinatu ziren. Alpujarretan tropa kristauei aurre egin zieten, baina 1570ean Flandestik iritsitako erregimentuek, Joan Austriakoa buru zutenek, altxamendua zapaldu zuten[5]
Oso kontuzko arazoa izan zen Filipe II.aren idazkari izandako Antonio Perezena. 1579an Perez eta Eboliko printzesa atxilotuak izan ziren, Juan de Escobedo, Joan Austriakoaren konfiantzazko gizona, hil izana leporatuta. Antonio Perez 11 urtez espetxean egon zen, baina 1590eko apirilean Madrildik Aragoira ihes egitea lortu zuen. Han, Aragoiko gorteen babesa eskuratu ostean, Escobedoren hilketan Filipe II.a ere nahasirik zegoela salatu zuen. 1591ko maiatzean eta irailean Inkisizioa atxilotzen saiatu zen arren, Zaragozako herritarrak haren alde altxatu ziren. Azkenik, azaroan Frantziara egin zuen ihes[6]
Kanpo politika
aldatuFilipe II.aren kanpo politikak bi aldi izan zituen: lehenengoa oso laburra izan zen (1556-1560), baina nahikoa Karlos I.ak konpondu gabe utzi zituen arazoak arrakastaz konpontzeko. Bigarren aldian (1560 urtetik aurrera), Filiperen politikak bi ardatz izan zituen: Mediterraneoa bata eta Atlantikoa bestea. Lehenengo hamar urteetan Mediterraneo itsasoa izan zen Filiperen politikaren muina, baina Lepantoko garaipenaren ondoren eta, bereziki, Portugalgo Inperioa bereganatu ondoren, Atlantikoa eta Atlantikoko boterea izan ziren Filiperen politikaren erdigunea.
Frantzia
aldatuBere aitaren erregealdian bezala, Frantziak potentzia aurkaria izaten jarraitu zuen. Henrike II.a Frantziakoaren aurka Italian eta Frantzian borrokatu zen, eta azken honetan garaile suertatu zen Saint-Quentingo guduan. Frantziak, orduan, Flandrian finkatu zuen bere helburua, baina hor ere garaitua izan zen Gravelinesko guduan (1558). Azkenean, 1559an Cateau-Cambrésiseko bakea sinatu zen, eta horren bidez Espainiak hegemonia lortu zuen Europan.
1580ko hamarkadan, Frantziako erregetzarako gatazken garaian, Filipe II.ak Parisko Liga Santuaren alde hartu zuen parte, Henrike III.a Nafarroakoa eta higanoten aurka. Horrezaz gain, Henrike III.a Frantziakoaren erailketaren ondotik (1589), Frantziako tronua bere alaba Elisabet Klara Eugeniarentzat galdegin zuen. Baina Filiperen asmoek huts egin zuten: Henrike Nafarroakoa katolizismora bihurtu zen eta, Vervinsko bakean (1598), Frantziako erregetzat onartu behar izan zuen[4].
Mediterraneoa
aldatuOtomandar Inperioaren espansionismoari galga emateko, Pio V.a Aita santua, Genovako Errepublika, Venezia eta Espainiak Liga Santua sortu zuten. Kristauen itsasontziek 1571ko urriaren 7an, Lepantoko guduan, lortu zuten garaipenari esker, Mediterraneoko indarren arteko oreka berreskuratu zen[3].
Herbehereetako auzia
aldatuFilipe II.ak 1559an Herbehereak utzi zituenerako, bazen lurralde hartan bere kontrako higikunderik: batetik, ez zelako jadanik errege nazionala, eta ez zituelako ulertzen ez herrialdearen interesak ez bertako biztanleak; bestetik, erlijio arrazoiak zirela eta, izan ere, kalbinismoak gero eta indar handiagoa baitzuen.
Herritarren kezka nagusia ekonomikoa zen. Kezka hori 1560. urtean atera zen lehenengo aldiz agerira espainiar gudarosteak, Cateau-Cambrésiseko bakearen ondorioz, Herbehereetan gelditu behar izan zutenean. Bestalde, zerga berriek eta 1565eko goseteak herriaren atsekabea areagotu zuten. Nobleen kezka, aldiz, politikoa zen: haien ustez beren kontura indartu nahi zuen erregeak bere ahalmena, sortu berriak ziren hamalau elizbarrutietako goi karguetarako ez baitziren nobleak izendatu. Erlijio arazoek ere garrantzi handia izan zuten: gero eta gehiago ziren kalbindarrak eta luteranoak.
Matxinadak hasiak ziren eta 1566ko barkamen orokorrarekinere ezin izan zituen baretu. Gertaera haiek 1566an (Mirarien urtean) iritsi ziren gorenera: Gilen I.a Orange-Nassaukoak gidatutako protestanteek 400 eliza katoliko desegin zituzten eta Anberes, Amsterdam eta beste hiri batzuk hartu zituzten. Iskanbilak isilarazteko indarraz baliatzea eta errudunak zigortzea erabaki zuen Filipe II.ak. Fernando Álvarez de Toledo, Albako dukea, Flandesera bidali zuen osteen buru jartzeko. Orduan, Margarita Parmakoak gobernari kargua utzi, eta Albako dukeak ahalmen politikoa eta militarra bere esku izan zituen. Fernando Alvarez de Toledo dukearen politika oso gogorra izan zen: iraultzaileak garaitu zituen, baina oso neurri gogorrak ezarri zituen. Esaterako, Matxinaden Epaimahaia sortu zuen eta zerga berri bat ezarri zuen osteak ordaintzeko. Neurri haien kontra, beste matxinada handi bat izan zen 1572an.
Egoera horretan, Filipe II.ak Gorteko alderdi bakezaleari kasu egin eta Albako dukearen ordez, Luis de Requesens jarri zuen gobernari. Requesensen gobernua eta haren ondorengo Joan Austriakoarena gobernu bakezaleak izan ziren. Hala ere, erregeak erlijioari zegokionez ez zuenez amore ematen, arazo endemiko bihurtu zen hura. Nazionalismoak, bestalde, erabat korapilatu zuen egoera, bereziki Zazpi Herbehere Batuen Errepublikan.
Joan Austriakoa hil zenean, Filipek Alexandro Farnese jarri zuen Herbehereetan buru. Alexandro oso diplomatiko ona zen, eta jeneral handia. Hark izan zituen garaipen militarrek ia konpondu zuten arazoa (1585ean Anberes menderatu zuen). Alexandro gaur egungo Belgikaren sortzailetzat hartzen da. Baina lorpen haiek ez zuten behar adina arreta izan, Filipe II.ak Ingalaterra menderatzeko zuen proiektua eta Frantziarekin izan zituen gatazkak zirela eta.
1593an, Farnese hil ondoren, Herbehereetako arazoa konponezina zen. Horregatik, Filipe II.ak, hil aurretik, uko egin zien herrialde haiei eta bere alaba Elisabet Klara Eugeniari utzi zizkion. Elisabet Alberto artxidukearekin ezkondu zen. Filipek itxaropena zuen errege-erregina berriek mendekoen begirunea izango zutela eta dinastia burujabe bat sortuko zutela, Espainiarekin ahaidetasun loturak izango zituena. Hala ere, klausula baten arabera, ondorengotzarik ez bazen, Espainiako erregearengana itzuliko ziren Herbehereak.
Ingalaterraren kontrako borroka
aldatuElisabet I.a Ingalaterrakoaren erreinaldiaren lehenengo hamar urteetan Espainiaren eta Ingalaterraren arteko harremanak adiskidetsuak izan ziren, oro har, Espainiak Frantziaren kontra zuen politikarekin jarraituaz. Filipe II.ak erreginaren alde egin zuen Frantziak Ingalaterran sartzeko egiten zituen saio guztietan. Saio haien oinarria Maria Estuardoren eta Frantzisko II.aren arteko ezkontza zen. Filipe II.a neutral agertu zen anglikanismoa Ingalaterran sartu zenean. Bestalde, erregina eskumikatzeko lehenengo asmoak geldiarazi zituen. Baina, ingelesek Ozeano Atlantikoan barrena zabalkundea hasi zutenean, eta Espainiari Ameriketan zuen monopolioa kentzen saiatu zirenean, arras hoztu ziren bi erresumen arteko harremanak.
Ingeles itsasgizonek espainiarren ontzidien edo lurraldeen kontra egin zituzten harrapaketez gainera, ingeles erregearen eta espainiar erregearen arteko sinesmen desberdintasunak, eta bataren eta bestearen jokabide desberdina dago aipatu beharra. Espainiaren eta Ingalaterraren arteko etsaitasunaren oinarriak hauek izan ziren: Espainiak Atlantikoan zuen nagusitasunaren sendotzea, Portugal eta herrialde horrek itsasoz haraindi zituen lurraldeak espainiarren mende gelditu zirenean; Bernardino de Mendoza espainiar enbaxadoreak Maria Estuardo erregina egiteko azpikerian parte hartzea; eta Leicesterko kondeak Herbehereetan espedizio militar bat zuzentzea matxinatuak babesteko (Leicesterko kondea gobernadore izendatu zuten han).
1583. urteaz gero, Filipe II.aren gogoan gero eta indar handiagoa zuen Álvaro de Bazán, Santa Cruzko markesarengandik, hartutako desira batek, alegia, Ingalaterra indarrez hartzeko asmoak. Izan ere, era horretan, frantziar eta herbeheretar protestanteei han zuten euskarria kenduko baitzien, eta harrapakeriaren gunea ezeztatuko baitzuen. Álvaro de Bazánen lehenengo asmoa itsas armada zuzenean Ingalaterrara bidaltzea zen, baina egitasmo hura aldatu egin zen: Lisboatik irtengo zen ontzidia Herbehereetara joango zen lehenbizi, eta han Alexandro Farneseren gudarostea ontziratuko.
1588ko uztailean Espainiako gudarostea (Armada Garaiezina) Espainiatik irten eta Herbehereetara abiatu zen. Mantxako kanalean ingeles ontzidia topatu zuen eta hainbat borrokaldi izan zituzten. Ekaitzak eta kontrako haizeak zirela eta, Espainiako Gudarostea ezin itzul zitekeen itsasartera, eta azkenean, Ingalaterra eta Irlanda inguruko bidaia neketsua egin behar izan zuen. Bidaia hartan, itsasgizon asko hil ziren eta itsasontzi asko hondatu. Urte hartako irailean Espainiara itzuli zen ontzidia bere asmoak huts eginda.
Portugal
aldatuPortugalgo erresumaren anexioa Filipe II.aren atzerri politikako lorpen handiena izan zen. Sebastian I.a Portugalgoa 1578ko abuztuaren 4an hil zen, Ksar el-Kebirko guduan (Larachetik hurbil). Haren ondorengoa Henrike kardinala (Henrike I.a) izan zen. Henrikeren erregealdian Filipe II.a (Elisabet Portugalgoaren semea baitzen), Antonio, Cratoko priorea eta Katalina Braganzakoa Portugalgo erregegai bilakatu ziren. Aristokrazia espainarraren aldekoa zen eta herri xeheak, berriz, Cratoko priorea nahiago zuen[7]
Henrike I.a 1580ko urtarrilean hil zen. Felipe II.a Portugal inbaditzera deliberatu zen, baina egun batzuk lehenago, ekainaren 20an, Cratoko prioreak bere burua errege (Antonio I.a Portugalgoa) izendatu zuen Santaremen. Filipek, Fernando Álvarez de Toledo, Albako dukea, buru zuen 26.000 laguneko armada bat igorri zuen haren aurka. Espainiar tropak Alcantarako guduan (1580ko abuztuan) garaipen erabakigarria izan zuten. Lisboa hartzeko, Albako dukeak Álvaro de Bazán buru zuen itsas armadaren laguntza izan zuen. Antonioren aldekoek Azoreetara ihes egin zuten eta, 1583 arte, espainiarrei aurre egin zieten[7].
Lisboa hartu eta gero, 1581ko apirilaren 15ean Tomarren batzartutako Portugalgo gorteek Filipe Portugalgo errege izendatu zuten, Filipe I.a Portugalgoa izenarekin. Beti ere, Filipek Madrildik erreinatu zuen, Fernando Álvarez de Toledo Portugalgo konestable eta erregeorde izendatuta[7].
Ameriketako zilarra eta urrea
aldatuXVI. mendean Amerikako lurraldeetako produktu eskaera handia izan zen, merkataritza izugarri hazi, eta urre eta zilar kopuru handia heldu zen Amerikako meategietatik. Egoera honek herritarren ekonomia eta gizarte baldintzak hobetu ahal izango zituen; hala ere; ez zen horrelaxe gertatu. Kantitate izugarriak sartu zirenez, prezioak igo ziren (prezioen iraultza). Horren ondorioz, behe-klaseen erosteko ahalmena eta beren bizitza maila jaitsi ziren.
Kultura eta erlijioa
aldatuErreforma Katolikoa Trentoko kontzilioan, 1545-1563 bitartean, burutu zen. Mendebaldeko zenbait herrialdeetan, ordea, askoz ere lehenagotik hasia zen prozesu hura. Espainian aipatzekoa da Cisnerosen erreforma, Errege-erregina Katolikoek lagundua. Ondoren, Erasmoren eraginak, joera iluministak (aurrekoak baino herrikoiagoak), eta judu kristautuek egin zituzten ekarpenek erlijio joera barnerakoia ekarri zuten. Joera horrek XVI. mendeko mistikan izan zuen goreneko maila. Teresa Avilakoa (1515-1582), Joan Gurutzekoa (1542-1591), Joan Avilakoa (1500-1569) edo Luis Granadakoa (1504-1588) izan ziren erlijio higikunde hartako pertsonaia nagusiak.
San Ignazio Loiolakoak (1491–1556) protestantismoaren kontra borrokatzeko Jesusen Lagundia sortu zuen. Trentoko kontzilioan, bestalde, espainiar teologo ospetsu hauek nabarmendu ziren: Diego Laínez (1512-1565) eta Alfonso Salmerón (1515-1585) jesuitak, Domingo de Soto (1494-1560) eta Melchor Cano (1509-1560) domingotarrak, eta beste hainbat.
Baina, Espainiaren indarra ez zegokion erlijioari bakarrik, kulturak ez zuen ordu arte inoiz halako hazkunderik izan. Hazkunde hori kulturaren ia alor guztietan gertatu bazen ere, literatura sorkuntzan izan zuen garrantzi gehien. Gaztelaniazko prosak La Celestinaren mailako lanak eman zituen Errege-erregina Katolikoen garaian, eta gorantz jarraitu zuen, harik eta XVI. mendearen azken herenean eta XVII.aren hasieran gailurrera iritsi zen arte. Garai horretako literaturan gehien nabarmendu ziren gaiak mistika eta pikareska izan ziren. Poesian Joan Gurutzekoa, Luis Leongoa (1527-1591), Alonso Ertzilla (1533-1594) eta Fernando de Herrera (1534-1597) nabarmendu ziren. Antzerkian Lope de Vegak (1562–1635) bere lehenbiziko obrak idatzi zituen. Eta derrigorrezkoa da eleberri bat aipatzea: Miguel de Cervantesen (1547-1616) On Kixote Mantxakoa.
Filipe II.aren erregealdian klasizismoa nagusitu zen arkitekturan. El Escorial monasterioa garai hartako kulturaren eta Kontraerreformaren sinbolorik adierazgarriena da. Besteak beste, Leone Leoni (1509-1590), Juan Bautista de Toledo (1515-1567) eta Juan de Herrera (1530-1593), Valladolideko katedralaren proiektugilea, izan ziren arkitektorik garrantzitsuenak. 1571n Iruñeko zitadelaren eraikuntza hasi zen. Margolaritzan, berriz, aipagarriak dira Luis de Morales eta El Greco, pintore manieristak[8]
Ezkontzak eta ondorengoak
aldatuFelipe II.a lau aldiz ezkondu zen:
- 1543ko azaroaren 15ean bere lehengusina propio María Manuela Portugalgoarekin ezkondu zen. María Manuela 1545ean hil zen, izan zuten seme bakarraz erdi eta lau egunera:
- 1554ko uztailaren 25ean Maria I.a Ingalaterrakoarekin ezkondu zen. Ezkontza politikoa izan zen, Espainia eta Ingalaterraren arteko ituna bilatzen baitzen. Maria, bi ume galdu ostean, 1558an zendu zen.
- Hirugarren emaztea Elisabet Valoiskoa, Henrike II.a Frantziakoaren eta Katalina Mediciren alaba zaharrena izan zen. Ezkontza, Cateau-Cambrésiseko bakearen ondorioa izan zena, 1559an egin zen. Elisabet 1568an hil zen. Bi alaba izan zituzten:
- 1570an bere lehengusu propio Maximiliano II.aren alaba Ana Austriakoarekin ezkondu zen. Ana 1580an hil zen. Bost ume izan zituzten:
- Fernando Austriakoa (1571ko abenduak 4 – 1578ko urriak 18).
- Karlos Lorentzo (1573ko abuztuak 12 – 1575eko ekainak 30).
- Diego Austriakoa (1575eko abuztuak 15 – 1582ko azaroak 21).
- Filipe III.a Espainiakoa (1578ko apirilak 3 – 1621eko martxoak 31)
- Maria (1580ko otsailak 14 – 1583ko abuztuak 5)
-
María Manuela Portugalgoa,
Filiperen lehenbiziko emaztea -
Maria I.a Ingalaterrakoa,
Filiperen bigarren emaztea -
Elisabet Valoiskoa,
Filiperen hirugarren emaztea -
Ana Austriakoa,
Filiperen laugarren emaztea
Zuhaitz genealogikoa
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/01/09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 186. arauaː Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Erregeerreginen eta kidekoen kasua. .
- ↑ a b Kurth, Godefroid. Philip II. Catholic Encyclopedia (1913), en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2013-1-9).
- ↑ a b c d Felipe II. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2013-1-15).
- ↑ a b Philip II. Encyclopædia Britannica Online, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2013-1-14).
- ↑ Ortega, Federico. La guerra de los moriscos en las Alpujarras. lasalpujarras.org (Noiz kontsultatua: 2013-1-14).
- ↑ Koenigsberger, Helmut Georg. Antonio Pérez. Encyclopædia Britannica Online, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2013-1-14).
- ↑ a b c de la Guardia Salvetti, Fernando. Felipe I de Portugal (II de España): la unión de dos imperios. Revista general de marina, ISSN 0034-9569, 260. liburukia (martxoa), 2011, 225-231. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2013-1-14).
- ↑ Castillo, Miguel Angel. El arte en el reinado de Felipe II. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2013-1-14).
Kanpo estekak
aldatu