Urgulleko gaztelua

eraikitako euskal ondare nabaria Donostian

Motako gaztelua, Urgulleko gaztelua edota Donostiako gaztelua Gipuzkoako Donostia hiriburuko Urgull mendiaren gailurrean kokatzen den gaztelu bat da.[1] Bertan Jesusen Bihotzaren estatua ere kokatzen da. Itsas mailatik 88 metrotara dago.[2]

Motako gaztelua
Kultura ondasuna
Urgullgo gazteluaren gainaldea eta Jesusen Bihotzaren estatua.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′30″N 1°59′20″W / 43.32499°N 1.98895°W / 43.32499; -1.98895
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVI. mendea - XVIII. mendea
Arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0001556-00000
34

Historia

aldatu
 
Donostia hiria gaztelutik ikusita.

Dirudienez, XI. mendean Antso III.a Gartzeitz Nagusia Nafarroakoak Urgull mendian defentsa-dorre bat eraikitzeko agindua eman omen zuen. 1194an Antso VII.a Azkarra Nafarroakoak gaztelua Urgull mendiaren gailurrean berreraiki zuen, defentsarako gotorleku gisa. Hurrengo mendean, Alfontso VIII.a Gaztelakoaren erregealdian gazteluaren inguruko eraikitze lanak burutu ziren. Bere ondorengoak izan ziren Fernando IV.a Gaztelakoa eta Joanes II.a Gaztelakoak gazteluaren mantentze eta hornidura lanak gauzatu zituzten. XIII eta XIV. mendeetan zehar gazteluaren egiturak ez zuen aldaketarik jasan, baina bai XVI. mendean, honetan, adibidez, hainbat kubo gehitu zitzaizkiolarik.

XVII. mendean eraikitze lanekin jarraitu zuten, batez ere 1688ko gazteluaren sutearen ondoren, hau ekaitz batean bolborategietan jasandako eztanda baten ondorioz sortu zelarik. Hercules Torrelli arkitektoa plano berriak gauzatzeaz arduratu zen. XVIII. mendean zehar ere hainbat eraikitze lan burutu ziren, baina gotorleku haiek oso praktikoak ez zirela jabetu ziren. 1863an Donostiako harresiak erautsiak izan ziren, eta ondorioz, hiria babesik gabe gelditu, hortaz, mendearen azken laurdenean Urgull mendia gotortzeko hainbat ereikitze lan gauzatu ziren.

Jada XX. menderako defentsa sistemak zaharkituak gelditu eta piskanaka bertan behera utziak izan ziren. 1921eko abuztuaren 25an Donostiako Udalak Espainiako Armadari Urgull mendia erosi eta parke bilakatu zuen. 1925an Monumentu Nazionala izendatu zuten. 1955an gazteluaren gainaldean Jesusen Bihotzaren estatua ipini zuten. 1963an, gazteluaren egoera kaltetua zegoela ikusirik, Udalak zaharberritzeari ekin zion.

Eraikina

aldatu

Motako gaztelua hainbat eremutan banatuta dago: haietako bat dorrea da ("Matxo" izenez ezaguna), hau ziurrenik XI. mendean gaztelua kokatzen zen harkaitz berean eraiki izango zen (gaur egun Jesusen Bihotza dagoen lekuan). Gazteluaren defentsarako gotorlekuak eta kanoi-zuloak ere baditu. Hauen artean, XVII. mendean eraikitako eta Behatokia ("El Mirador") izeneko gotorlekua azpimarragarria da, bai eta Erregina eta Napoleonen bateriak ere, bi hauek Napoleondar Gerretan eraikiak. Beste gotorleku nabarmen batzuk honako hauek dira: Damen bateria, Santa Klararena, Gobernadorearena eta Bardoka bateria. Azken hau, XVIII. mendean Berwickeko dukeak hiriari egindako erasoaldiaren ondoren eraiki zen.

XVII. mendean eraikitako Espanochi harresitik atearen hormatala besterik ez da zutik mantendu, Apaizen pasealekua deritzon kokalekuan, bai eta Santa Teresako komentua eta Behatokiko bastioiaren artean dauden zimendu batzuk ere. Leku honetan toki xarmagarrienetako bat da Ingelesen hilerri, mendiaren iparraldean dagoena. Bertan Espainiako Independentzia Gerran aliatuen gudarostean nahiz Gerra Karlistetan ingeles legioetan borrokatu ziren ingeles ofizialen hilobiak daude.

Matxo deritzon eremuan, Motako Kristoren omenezko kapera bat ere badago. Noiz eraikia izan zen ezezaguna da, baina 1688ko bolborategien eztandaren ondorioz suntsitua gelditu zela jakina da.

Museoa

aldatu

Gaur egun, Motako edo Urgulleko gaztelua dagoen lekuko eraikinean, Urgulleko Historiaren Etxea deritzon museoa dago. Bertan, gaztelua nahiz hiriren historia azaltzen dira, bai eta antzinako garaietako objektuak ere. Hau guztia euskara, gaztelania nahiz ingelesezko ikus-entzunezkoekin dago erakusgai. Sarrera doakoa da. San Telmo Museoa erakundearen zati da.

Iruditegia

aldatu

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Pío Barojak ohar interesgarria uzten du bere haurtzaro garaiko gazteluaren izenaz eta, zehazki, 1813ko mapa frantses batean eta Coelloren Gipuzkoako mapa batean Donostiaz agertzen den bezala, gazteluari Matxo deituz; ikus Baroja, Pío; Navarro (itz.), Koro; Mujika Iraola, Inazio. (2006). Pío Barojaren Donostia. Irun: Alberdania ISBN 84-96643-24-7.. 77. or.
  2. Donostiako historian murgilduz

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia