Euskadiko Alderdi Popularra

Euskadiko Alderdi Popularra Espainiako Alderdi Popularraren (PP) Euskal Autonomia Erkidegoko atala da. 2020ko otsailaren 24an Alfonso Alonso haren presidenteak dimisioa eman zuen, Espainiako PPren buruzagitzak Carlos Iturgaitz lehendakarigai hautatu ondoren. 2016-2020ko Legegintzaldian, 9 eserleku zituen Eusko Legebiltzarrean, bosgarren eta azken alderdia izanik eserlekuen kopuruan, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren atzetik.

Euskadiko Alderdi Popularra
Partido Popular del País Vasco (PP)
Bozeramailea Carmelo Barrio
Idazkari nagusia Amaya Fernandez
Sorrera 1976
Egoitza nagusia Gasteiz
Ideologia politikoa zentro-eskuinekoa, kontserbadorea, espainiar nazionalista, kristau-demokrata, eta neoliberala
Nazioarteko afiliazioa Europako Alderdi Popularra
Nazioarteko Demokraten Batasuna
Kristau Demokraten Internazionala
Eserlekuak erakundeetan Eusko Legebiltzarrean
9 / 75

Euskadiko Batzar Nagusietan
11 / 153

Espainiako Diputatuen Kongresuan
1 / 18

Espainiako Senatuan
0 / 15
www.ppvasco.com

HistoriaAldatu

SorreraAldatu

Espainiako PP 1989an sortu zen, ordu arte Alianza Popular izandakoak bere IX. Kongresuan izen berria hartzea erabaki zuenean. Euskal Autonomia Erkidegoan ere hasieratik dihardu PPk, eta 1990ko legebiltzarrerako hauteskundeetan hartu zuen lehenengoz parte izen horren pean.

Lehen hauteskunde haietan botoen % 8,23 baino ez zituen lortu Partido Popularrek, eta haiei esker 6 parlamentari eskuratu zituen. Nolanahi ere, asko hobetu zituen aurreko legebiltzarreko hauteskundeetan bere aurrekari Coalición Popularrek lortutako emaitzak, CPk bi legebiltzarkide baino ez zituen eta. Orduz geroztik, etengabe egin du gora bototan, EAEko eskuin ez abertzalea bere inguruan bildu baitu PPk.

1993ko hauteskunde orokorretan, esaterako, botoen % 15 lortu zituen, % 18,6 1996koetan eta % 28,8 2000. urtekoetan –orain arte inoiz izan dituen emaitzarik onenak–: Araban hiru senatari eta bi diputatu, Bizkaian senatari bat eta hiru diputatu, eta Gipuzkoan senatari bat eta bi diputatu. 2000. urteko hauteskunde orokorretan EAEko bigarren alderdia izan zen PP boto kopuruan, EAJren atzetik bi punturen aldez bakarrik.

ETAren jo-puntuan, mezua gogortuAldatu

ETAk ere gogor eraso izan dio azken urteotan PPri. 1995ean Gregorio Ordoñez Donostiako zinegotzia eta 1997ean Miguel Angel Blanco Ermukoa hil zituenez geroztik, beste zortzi PPko zinegotzi hil ditu Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, baita, 2001. urteko apirilean, Aragoiko PPren presidentea ere.

Eusko Legebiltzarrean izan duen ordezkaritzari dagokionez –nahiz eta hauteskunde horietan orokorretan baino emaitza pobreagoak izan–, etengabe igo zen botoetan zein eserkeluetan: 1994koetan botoen % 14,4 eta 11 legebiltzarkide lortu zituen, eta 1998koetan botoen % 20 eta 16 legebiltzarkide. 1998ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere EAEko bigarren alderdi bilakatu zen PP botoen arabera, postu hori PSE-EE/PSOEri kenduz.

1999. urtean egindako udal, batzar nagusi eta Europako parlamenturako hauteskundeetan ere emaitza aipagarriak lortu zituen PPk, goranzko joerari eutsiz. Bigarren postua berretsi zuen EAJ-EA alderdiek osatutako koalizioaren ondotik Europarako parlamenturako hauteskundeetan, eta udal eta batzar nagusietarakoei dagokienez, nabarmen egin zuen gora EAEko hiru lurraldeetan.

Gorakadarik nabarmenena, ordea, Araban izan zuen, eta emaitza horiei esker –eta sozialisten laguntzaz– hainbat urtez EAJren esku egondako bi erakunde garrantzitsu –Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko udala– eskuratu zituen, horien buruan Ramón Rabanera eta Alfonso Alonso jarriz. EAE mailako politikagintzari dagokionez, 1998ko hauteskundeen ondoren hasi zen legegintzaldian oposizio gogorra egin zion PPk, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela, hasieran EHren babes parlamentarioarekin EAJk eta EAk osatu zuten Jaurlaritzari. 2000. urteko urrian lehendakariaren aurkako zentsura mozioa ere aurkeztu zuen PPk –baita PSE-EE/PSOEk ere–Eusko Legebiltzarraren historian lehendakari baten aurka aurkeztutako lehena, Lehendakariak legegintzaldia bertan behera utzi eta hauteskundeak dei zitzala behin eta berriro eskatuz.

EAJ eta EA Lizarrako Akordioa sinatu ondoren EH-rekin lerratuta egoteaz salatuz, PPk eta PSE-EE/PSOEk euren arteko elkarlana indartu zuten, eta horren lekuko izan zen, besteak beste, alderdi biek 2000. urteko abenduan –hilabeteko negoziazioaren ondoren– estatu mailan sinatutako Acuerdo por las libertades y contra el terrorismo deituriko akordioa. Su-etenaren aurreko urtean, 1998an, lau zinegotzi eta haietako baten emaztea hil zituen, eta su-etena bertan behera utzi ondoren, beste lau 2000. urtean zehar. 1996az geroztik, Carlos Iturgaitz da EAEko PPren presidente –ohorezko presidentetza Jaime Mayor Orejak zuen–, eta Carmelo Barrio idazkari nagusi. Iturgaitz zein Barrio karguetan berretsi zituen PPk 1999an egin zuen IX. Kongresuan.

Dialektika bihurri bateanAldatu

2011z geroztik, ETAren ekintza armatuen amaierako eta behin betiko su-eten osteko EAEko eszena politiko berrian, PP EAEn bere toki politikoa aurkitzeko lehiatu zen. Bi talde nabarmentzen joan ziren: zentro-eskuina eta jarrera sutsua. Tentsio horiek Rajoyren eta Aznarren zaleen arteko lehiaren agerpentzat jo izan dira; izan ere, PPren Espainiako buruzagitzak erabakitzen du alderdiaren EAEko atalaren politika eta karguak. 2015eko urrian, Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak dimisioa eman zuen, elkarrizketaren aldeko haren egitasmoa aurrera atera ezinik, kontra baitzuen Arabako taldea, Alfontso Alonso ere tartean.[1] Alfontso Alonsok Espainiako ministro izateari utzi eta Euskal Herrira itzuli zen alderdia berrantolatzeko.

2019ko urtarrilaren 15ean, berriz, Borja Semper Eusko Legebiltzarreko eta Donostiako PPren bozeramaileak utzi zuen kargua, Madrilgo exekutibarekin iritzi desberdinak adierazi ondoren eta beste bizi ibilbide bati heldu nahi ziola argudiatuta.[2] 2020ko otsailaren 24an, Alfontso Alonso EAEko presidenteak dimisioa eman zuen, PPren Espainiako exekutibak Carlos Iturgaitz lehendakarigai hautatu ondoren, Pablo Casadok eta Cayetana Álvarez de Toledok babestuta. Iturgaitzek konfrontazio hitzak erabili zituen izendatu berritan, Espainiako gobernukideak "Fronte Popularra" zirela esanez, "batasunoek, komunistek, sozialistek eta separatistek osatua"; Voxekin ulertzearen alde mintzatu zen.[3] 2020ko uztailaren 12an, alderdiak 6 eserleku eskuratu zituen Carlos Iturgaitzen lidergopean. ETAren su-eten mugagabetik 2010ean EAEko PPk botoen erdia galdu zuen, Casado alderdiko kideak "Espainiako gizartea zerbait gaizki egiten aritzeari" egotzi ziona,[4] ETA eta Ezker Abertzalearen kontrako mezu gogorren artean;[5][oh 1] EAEko alderdiko presidenteak, dena den, Galiziako PPren ereduari begiratzeko eskatu zuen.[4]

IdeologiaAldatu

Euskadiko PP Espainiako PPren atal bat da eta, beraz, haren ideologiaren isla. PP, berriz, AP frankistatik eratorri zen, 1979an Gernikako Estatutuaren kontra bozkatutakoa. Euskadiko PPk Espainiaren batasunaren eta sinboloen babesa du identitate markatzat, baita euskal abertzaletasunaren eta ETAren kontrako borroka ere. Ideia horiek laburbiltzeko "konstituzionalista" hitza aipatu dute sarritan, 1978ko Konstituzioa espainiarren berdintasun eta askatasunaren oinarria delakoan.

Ideologia hori Miguel Angel Blanco erail eta Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu ondoren heldu zen bere gorenera, Jaime Mayor Orejak 2001eko ekaineko EAEko hauteskundeetarako Redondo Terrerosen PSErekin elkar hartu zuenean. Maria San Gilek PPren EAEko presidentetza utzi ondoren (2008), PPk zertxobait baretu zuen bere diskurtsoa. EAEko PP Mariano Rajoy estatuko presidentearekin lerrokatu zen, zentro-eskuinera lerratu, funtsezko ideiak aldatu gabe. Ondorioz, zenbait kidek alderdia utzi zuten, diskurtsoa gogortzearen aldekoak baitziren, adibidez, Santiago Abascal.

Euskadiko PPk Ekonomia Itunaren aldeko jarrera agertu du askotan. Horrek tirabirak sortu izan dizkio batzuetan Espainiako alderdiaren jarrera ofizialarekin. Alde horretatik, Alfontso Alonsok foruzaletzat jo du alderdia EAEn. Espainiako PPn Pablo Casado eta Cayetana Alvarez de Toledo gailentzean, 2020ko otsaileko 24tik aurrera, espainiar nazionalismo sutsura lerratutako adierazpenak gailendu ziren berriz ere Carlos Iturgaitzen ahotan, gogor kritikatuz Vox eta Ciudadanos ez beste alderdiak. Alderdiak, oro har, EAEn euskararen aldeko jarrera agertu badu ere, udaletan eta aldundietan era normalizatuan erabiltzearen kontrako helegiteak jarri ditu epaitegietan. Alderdikide ezagunak gazteleradun elebakarrak ditu ia denak, salbu eta Laura Garrido eta, ezagutza apalagoaz, Carlos Iturgaitz.

PresidenteakAldatu

1989an sortu zenetik, ondorengo presidenteak izan ditu:

Alderdi Popularra erakundeetanAldatu

Eusko LegebiltzarraAldatu

IX. legealdian Eusko Legebiltzarrean, 13 eserleku zituen %14,10 botorekin. Botoen kopuruarekiko hirugarren alderdia izan arren, Legebiltzarreko mahaiaren presidentzia lortu zuen PPk (Arantza Quiroga) PSE-EErekin lortutako akordioari esker.

Ordezkapena erakundeetanAldatu

Guztira Alderdi Popularrak 55 zinegotzi ditu EAEko udaletan. Zinegotzien kopuruarekiko, ordezkapen gutxiena duen alderdi politikoa da. Alkatetza guztiak Araban ditu, ondorengo udalerrietan: Mañueta eta Navaridas.


Ordezkaritza instituzionalak Euskadiko Alderdi Popularrra
Zinegotziak 55 2.651tik
Alkateak 2 251tik
Bizkaiko Batzar Nagusiak 2 51tik
Gipuzkoako Batzar Nagusiak 1 51tik
Arabako Batzar Nagusiak 8 51tik
Eusko Legebiltzarra 9 75etik
Espainiako Diputatuen Kongresua 1 18tik
Espainiako Senatua 0 15etik

OharrakAldatu

  1. Casadok EAEtik "terrorismoaren atzaparraren ondorioz erbesteratutako 150.000 herritarrez" hitz egin zuen PPren galera zuritzeko; ikus El Diario, 2020-07-15.

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) Guenaga, Aitor. «Arantza Quiroga, víctima de sus decisiones arriesgadas y del poder de Alfonso Alonso» eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2020-02-25.
  2. www.noticiasdegipuzkoa.eus . Noiz kontsultatua: 2020-02-25.
  3. Berria. ««Fronte popularrari» aurre egin nahi dio Iturgaizek» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-02-25.
  4. a b (Gaztelaniaz) Ugarte, Iñigo Sáenz de. (2020-07-14). «El PP ha perdido la mitad de sus votos en Euskadi desde el fin de ETA y no es tan difícil entender por qué» elDiario . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  5. (Gaztelaniaz) Aduriz, Iñigo. (2020-07-13). «Ayuso, sobre la subida de EH Bildu: "Han conseguido que por dejar de matar obtengan lo que antes alcanzaban matando"» elDiario . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu