Mendebaldeko Sahara
Mendebaldeko Sahara الصحراء الغربية | |||
---|---|---|---|
Ez da estatua | |||
| |||
Hiri nagusiak | Aaiun | ||
Administrazioa | Maroko | ||
Eremua | 266.000 km² | ||
Biztanleria | 267.405 (2004) | ||
Dentsitatea | 1,3 biztanle/km² | ||
Administrazioa | Maroko | ||
Dirua | Marokoko dirhama | ||
Herritarra | saharaui, saharar, Mendebaldeko Saharako | ||
Hizkuntza(k) | Arabiera eta gaztelania | ||
Ofiziala(k) | Arabiera | ||
.eh domeinua du esleitua, baino ez dago erabilgarri. |
Mendebaldeko Sahara[1] (arabieraz: الصحراء الغربية, aṣ-Ṣaḥrā' al-Gharbīyah; amazigeraz: Taneẓroft Tutrimt; gaztelaniaz eta frantsesez: Sahara Occidental) lurralde disputatu bat da, Afrikako ipar-mendebaldean kokatua, Sahara basamortuaren mendebaldean, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Zati bat Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren kontrolpean dago; gainerakoa okupatua du Marokok. Guztira 266.000 kilometro koadro ditu, eta munduko biztanle dentsitate txikieneko lurraldeetako bat da, gehienbat basamortu ordokiez osatua.
Geografia
aldatuOrografia
aldatuLurralde laua eta hareatsua da, oro har. Gora egiten du itsasertzetik barrualdera egin ahala, eta garaiera txikiko mendi harritsuak eta hareatsuak daude. Barnealdean, halaber, itsas mailatik beheragoko haran antzuak dira. Klima kontinentala da, lehorra guztiz. Ez du ia euririk egiten eta ez da ezagutzen emari iraunkorreko ibairik. Sakia-el-Hamra uadi nagusia da.
Landareak eta fauna
aldatuLandaretzarik ez da ia, are gutxiago erdialdetik hegoaldera. Itsas bazterretik urrun akazia multzo txiki batzuk daude, eta Aaiun, Smara eta oasi gutxi batzuetan baizik ez dira hazten palmondoak.
Fauna ingurugiro latzari egokitu zaiona da: sugeak, muskerrak, karraskariak, azeriak, hienak, ostrukak, lehoinabarrak dira basa abere arruntenak, eta ahuntzak eta gameluak, etxe abere arruntenak.
Historia
aldatuDatu gutxi dago Mendebaleko Saharako historiaurreari buruz. Ehiztari eta artzain kulturen aztarnak aurkitu dira Sakia-el-Hamran. K. a. IV. mendean hasi ziren bertako biztanleak Ipar Afrikako Mediterraneoaren ertzean bizi ziren kartagotarrekin harremanetan; erromatarrekin ere izan zuten harremanik, baina ez sakonak. Behe Erdi Aroko mendeetan berbere herriak kokatu ziren lurralde haietan, eta arabiar beduinoak gero.
1346an egungo Rio de Oroko kostaldera heldu ziren portugesak, eta XIX. mendera bitartean europarrak eta musulmanak ibili ziren kostalde hartan.
1884an kokatu zen Rio de Oroko badian Sociedad Española de Africanistas y Colonistas izeneko espainiar elkartea eta, hango biztanleekin hitzarmen batzuk egin ondoren, Espainiako gobernuak eremu hura bere babespeko lurraldetzat hartu zuen. Espainiarren kolonizazioak oztopo batzuk izan zituen: Frantziak lurraldea eskatu zuen, Mauritaniaren barneko lurra zelakoan, eta Ma' al-Aynyan arabiar buruzagiak lurralde burujabe bat eratu zuen Smarako hiria hartu ondoren (1904).
1916-1934 bitartean hartu zituen Espainiako gudarosteak Sahara Mendebaleko lurralde guztiak (Rio de Oro eta Sakia-el-Hamra). 1957an beretzat eskatu zuen Marokoko estatuak lurraldea, eta atzera bota zituen espainiar gudarosteak Marokoko osteak bi nazioen arteko mugetatik. 1958an Espainiako gobernuak Sahara Español izeneko herrialdea sortu zuen, eta 1960. urtean beretzat eskatu zuen Mauritaniako estatu berriak.
1963an aurkitu ziren fosfatoak Sahara Mendebaleko iparraldean (Bukraa), eta 1972an hasi ziren espainiarrak Bukraako fosfato meatzeak ustiatzen. Urte horietan independentzia gogoa handiagotzen zihoan bertakoen artean. Espainiak koloniari eusteko ahaleginetan, koloniari probintzia autonomoaren itxura eman zion: Yemaa "parlamentu" propioa eman zion 1967an, Gorteetako prokuradoreekin, kontseilari nazionalekin eta zigilu propioekin 1968an. NBEk egoera hori ukatu egin zuen, 1965ean ≪saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea≫ aintzatetsi baitzuen.
Garai horretan hasi ziren sortzen lehen independentzia-mugimenduak, eta 1973. urtean sortu zen Fronte Polisarioa, sahararrek beren nazioaren independentziaren alde eratu zuten erakunde politiko-militarra. Bat-batean eta zarata eginez aurkeztu zen Fronte Polisarioa iritzi publikoaren aurrean: zenbait lehergailu jarri zituen Aaiunen, eta 1974. urtearen hasieran, patruila militar batzuk eraso zituen. Aldi berean, Marokok Saharako lurraldeen eskaera formala egin zuen. Hala ere, aukera gutxi zituela zirudien; batez ere, Nazio Batuen Nazioarteko Batzorde batek 1974an Sahara bisitatu eta gero, autodeterminazioaren aldeko txostena egin ondoren. 1975eko azaroan, Maroko eta Mauritania onartu zituen Espainiak hango administrazio kide gisa, eta 1976ko otsailean, Espainiak kolonia utzi ondoren, bitan zatitu zuten lurraldea Marokok eta Mauritaniak. Hil berean, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak (Nazio Batuen Erakundeko 70 estatuk onartu zuten errepublika berria), eta bi estatu haien eta saharar abertzaleen arteko gerra zabaldu zen.
Mauritaniako gobernuak 1979an bake hitzarmen bat sinatu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere gudarostea eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako lurraldera. 1980. urtetik aurrerako urteetan gerran jarraitu zuten sahararrek Marokoko gudarostearen aurka, eta 1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak Mendebaleko Saharan, 1974an espainiar agintariek egin zuten errolda abiapuntu gisa hartuta.
Ez da oraindik erreferendumik egin. 1989an hautsi egin zen urtebete inguruko su-etena, Saharako biztanleen erreferendum baterako negoziazioak bertan behera gelditu zirenean. 1992an Nazio Batuetako ordezkariak izan ziren bertan, Sahara estatu burujabe izatea edo Marokoren mendean geratzea erabakitzeko erreferenduma prestatzeko, baina oraindik ez da egin.
2014ko irailaren 21ean, NBEren ordezkari bereziaren bisita oztopatzea egotzi zion SEADek Marokori. Bere misioaren mugak zehatz-mehatz azaltzeko eskatu zion Marokok Rossi, herrialdean sartzeko baimena eman aurretik[2].
Demografia
aldatuMendebaldeko Saharako bertako biztanleei saharar deritze, eta berbere-arabiar nahasturako etnia dira, eta arabieraren hassania aldaera hitz egiten dute. Erlijioz musulmanak dira. Mauritaniako eta Marokoko estatuen inbasioaren ondorioz, bi estatu horietako biztanle eta kolonoak kokatu dira Mendebaleko Saharako lurraldean.
Ekonomia
aldatuLaborantzarik ez dago ia, klimaren gogortasunaren ondorioz. Hedadura txikiko gari soro gutxi batzuk, baratze txikiak eta artoa baizik ezin da aldatu oasi edo berdegune zenbaitetan. Garrantzi handiagoa du abere hazkuntzak (ardi, ahuntz eta gameluak), artzain nomaden eskuetan daudenak.
Kostaldean, berriz, arrantza eta lurpeko aberastasunen ustiapena dira bereziki ekonomia jarduera nagusiak. Fosfato hobi handiak daude kostaldean eta barnealdean; munduko hobirik handienetakoa da Bu-Craa izenekoa. Hala eta guztiz ere, garapen bidean dago Sahara, eta bizi duen gerra egoerak zailtzen du ekonomiaren suspertzea.