Gaztainondo
Gaztainondoa, gaztaina edo gaztaina arbola (Castanea sativa) Fagaceae familiako zuhaitz bat da. Jatorriz Hego-ekialdeko Europakoa eta Asia Txikikoa da. 20-35 m-ko garaiera eta 2 m-ko diametroko enborra edukitzera irits daitekeen zuhaitz hosto erorkorra da. Bere hostoak oblongo-lantzeolatuak dira, 16-28 cm luze eta 5-9 cm zabal dira, eta ertzean hortz zorrotzak dituzte.
Gaztainondo | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fagales |
Familia | Fagaceae |
Generoa | Castanea |
Espeziea | Castanea sativa |
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | European chestnut wood (en) ![]() ![]() |
Gaztainondoak klima epela eta hezetasun egokia behar du ondo hazi eta gaztaina-kopuru handiak lortzeko. Oso sentikorra da udaberriaren azken parteko eta udazkenaren hasierako izozteen aurrean, eta ez ditu lurzoru karedunak gustuko. Basoetan itzal txikia jasan dezake, baina argia du gustuko.
JatorriaAldatu
Jatorriz, Europa mediterraneoko zuhaitza da. Badirudi greziarrak izan zirela gaztainondoa lehenak landatzen. Erromatarrek, aldiz, zuhaitz hori Europako erdialdera eta iparraldera zabaldu zuten. Izen zientifikoa (Castanea sativa) Greziako hiri zahar baten izenetik dator, Kastanis. Sativa hitzak, aldiz, landatua erran nahi du. Erdi Aroan, monjeak arduratu ziren zuhaitza zabaltzeaz, oinarrizko elikagaia baitzen ("ogiaren zuhaitza" erraten zitzaion), baina europarrak Ameriketara iristearekin batera, artoak eta patatak hartu zuten gaztainaren tokia.[1]
EzaugarriakAldatu
Hosto erorkorreko zuhaitz handia da; 35-40 m garai izatera irits daiteke. Adaburu zabala, biribildua eta irregularra du.
Zurtoina – AzalaAldatu
Zurtoina zuzena, lodia eta laburra izaten du. Zilar kolorekoa da zurtoinaren azala, eta zartadurak ditu.
HostoakAldatu
Hostoak sinpleak, txandakatuak eta erorkorrak dira, eta hortz handi eta oso irregularrak dituzte. Hostoen kolorea, hasieran, berdea da; udazkenean, berriz, horia izaten da.
LoreakAldatu
Landare monoikoa da: ale bakoitzak bi sexuetako loreak dauzka, 10-20 cm-ko luzera daukaten gerbak osatuz. Lore arrak gerbaren goiko aldean sortzen dira, eta emeak behealdean. Ekainaren bukaeran eta uztailean agertzen dira, eta udazkenerako lore emeek 3-7 hazi gordetzen dituzten kupula arantzadunak ekoizten dituzte.
FruituaAldatu
Gaztainondoaren fruituak -gaztainak- akeniomotakoak dira, eta udazkenean heltzen dira. Zuhaitzean daudenean, binaka edo hirunaka bildurik daude kupula (morkots, lakatz) arantzatsu berde batean. Honek 5 eta 11 zentimetro arteko diametroa du eta 2tik 7ra gaztainez osatuta egon ohi da.
Gaztaina morkots barnean erortzen da lurrera urritik abendura. Morkotsak bildu eta harrizko eraikuntza txikietan gordetzen ziren, adarrekin, iratzeekin eta harearekin nahasirik eta noizean behin, eragin behar zitzaien, ez usteltzeko. Harrizko eraikuntza zilindriko txiki horietako batzuek metroa izaten zuten altueran. Horrela, morkotsak pixkana ireki eta gaztainak poliki-poliki ateratzen ziren barnetik. Horrela ez ziren horren azkar lehortzen. Baina, gaztaina urte osorako kontserbatzeko, lehortu behar izaten zen (kearen bidez, eguzkitan, labeetan...). Gaztaina horri gaztaina zimela erraten zaio.[1]
ErabilerakAldatu
Gaztainondoa aspalditik lantzen den zuhaitza da bere hazi jangarriak eskuratzeko. Erromatarren garaian Europa mendebalde eta iparraldean sartu zen.
Haziak, gaztainak alegia, gordinik, erreta, egosita, lehortuta, xigortuta, edo konfitatuta jaten dira. Azkenburukoak egiteko erabil daiteke: budinak, bizkotxoak, etab. Haragiz osatutako janarien osagarri gisa ere erabiltzen da. Sukaldaritzan baditu beste erabilera batzuk ere, hala nola irina egiteko (gailetak edo pastelak egiteko), ogia egiteko, zerealen ordezko gisa, kafearen ordezko gisa edo zopak loditzeko.[1]
Zurari doakionez, saskigintzan oso erabilia izan da gaztainarena. pilotan erabiltzen diren xisteren uztaia eta saihetsak, esate baterako, gaztaina zurez egiten dira, tolesteko oso moldagarria delako.
Ikus gaineraAldatu
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.
- ↑ a b c Bertizko Jaurerria natur parkeko kartela Irretarazu-ra igotzeko bidean.
- ↑ «Elurmaluta.net - Fossil Plastics - Alegiazko Enborrak» www.elurmaluta.net (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).