Barrendegi
Geografia politikoan, barrendegia lur-eremu bat da, lurralde arrotz batez erabat inguraturik dagoena. Inguruko lurren agintea duen herrialdearen ikuspegitik, enklabe izena hartzen du; barrendegiko lurren agintea duen baina bere gainerako lurraldea haren alboan ez daukan herrialde baten ikuspegitik, berriz, esklabe esaten zaio.

A-ren enklabea da C eta B-ren esklabea
Definizioa
aldatuOro har, barrendegia beste lurralde administratibo batez inguraturik dagoen lurraldea da, dela distritua, udalerria, probintzia, herrialdea, estatua...
Esaterako, Trebiñu Gaztela eta Leongo barrendegia da, nahiz eta Araban egon. Villaverde Turtzioz Kantabriako barrendegia da, nahiz eta Bizkaian egon, Petilla Aragoi Nafarroa Garaiko probintziako bi barrendegik osatzen dute, nahiz eta Zaragozako probintzian egon.
Barrendegiak diren estatuak
aldatuEstatu subirano batzuk barrendegiak dira, beste estatu batez guztiz inguratuta badaude. Horrelako hiru daude:
- San Marino errepublika, Italiaren barruan.
- Vatikano Hiria, Erromaren (Italia) barruan.
- Lesotho erresuma, Hegoafrikaren barruan.
Iraganean, Europan mota horretako herrialde gehiago zeuden. Gainera, Monakok herrialde bakar batekin du muga, Frantziarekin, nahiz eta kostaldea izan.
Euskal Herriko barrendegiak
aldatuEuskal Herriko barrendegiak 4 daude:
- Petilla eta Bastanes, Nafarroa Garaiko Petilla Aragoi udalerriaren bi zatikideak, Aragoik (Espainia) inguratuak.
- Ezkoze, Nafarroa Behereko udalerria, Bearnok (Frantzia) inguratua.
- Jeztaze, Zuberoako udalerria, Bearnok (Frantzia) inguratua.
Aurrekoez gain, euskal lurraldearen barruan beste barrendegi batzuk daude, administrazio-maila desberdinetan:
- Trebiñu, administratiboki Gaztelako (Burgosko probintziakoa) lurraldea Arabako probintziak inguratua.
- Villaverde Turtzioz, administratiboki Kantabriako (Santanderreko probintziakoa) lurraldea Bizkaiko probintziak inguratua.
- Urduña, Bizkaiko udalerria Arabak inguratua.
- Zubieta, Landarbaso eta Urdaburu, Donostiako udalerriaren exklabeak.
- Peña udalerri-ohia Xabier udalerrian sartu zen, eta gaur egun bere exklabea da.
- Zizur Txikia Zizur udalerriko kontzejua da, Zizur Nagusiak bananduta.
- Muniain Gesalatz udalerriko kontzejua da, Jaitzek bananduta.
- Andia Deierri udalerriko etxaldea da, Lezaunek bananduta.
- Agoitz eta Lekunberri, aurretik banandu ziren ibarrak (Longida eta Larraun) erabat inguratzen dituen Nafarroa Garaiko udalerriak.
- Ergoiena udalerriak lurralde bat du iparraldean, Lizarrustiko errekaren inguruan.
- Lakuntza udalerriak lurralde bat du ekialdean, Laba mendipean.
- Lukin udalerriak lurralde bat du ekialdean, Kapaneta mendipean.
- Piedramillera udalerriak lurralde bat du hegoaldean, Castillar mendipean.
- Melida udalerriak lurralde bat du hegoaldean, Errege Bardeen mugan.
- Erronkari udalerriak lurralde txiki bat du ekialdean, Urralegiko errekaren inguruan.
- Arieltz Urraulgoitiko etxaldea da, Urraulbeiti eta Erromantzatu artean kokatua.
- Basolatz herri hustua Irunberri udalerrian dago, Urraulbeitik bananduta.
- Mugetaxarra herri hustua Untzitibar udalerrian dago, Ibargoitik eta Itzagaondoak bananduta.
- Cabanillas bi exklabe ditu Ribaforadan eta Fustiñanan.