Ireki menu nagusia

Haizeak okertutako ihiak

Haizea mugimenduan den airea da. Mugimendu horrek hiru dimentsio dituen arren, oro har osagai horizontalaren abiadura eta jobidea besterik ez dira hartzen kontuan.

Eduki-taula

Haizearen profil bertikalaren aldaketaAldatu

 
Coriolis indarrak eragindako desbideratzea Ipar hemisferioan. Urdinez gradiente indarra, gorriz Coriolis indarra eta beltzez emaitza.

Lehen hurbilketa batean esan daiteke, aireak presio-gradientearen eta Coriolis indarraren eragina jasaten dituela, eta airearen mugimendua bi indar horien arteko orekaren ondorio dela. Oreka geostrofiko horren ondorioz, beraz, airea isobarekiko paraleloan mugitzen da, eta, aurrera egin ahala, ipar hemisferioan goi-presioko guneak eskuinean uzten ditu. Lurrazaletik gertu, ordea, oreka hori nolabait ere hautsi egiten da lurrazalarekiko marruskaduraren eraginez, eta, berriro ere, egokitu egiten da: haizearen abiadura moteldu egiten da, eta jobidea ere aldatu egiten da, halako moldez ezen haizeak isobarak moztu eta behe-presioko eremuetarantz bideratzen baita. Lurrazalaren erliebearekiko marruskaduraren eragina ez dago erliebearen baitan soilik, une bakoitzeko eguraldi bereziak ere badu eraginik.

Haizea bizi dabilelarik, zerua hodei geruza ez oso handiak estaltzen duenean, airearen abiadura lurrazalaren mailan 0 izatetik, 300-500 m-ko garaieran balio geostrofikoa izatera hel daiteke, garaierarekin haizea erlojuaren orratzen norabidean mugitzen delarik. Udan, eguzkiaren intsolazioa gorena denean, lurrazalarekiko marruskadura garaiera polit bateraino nabaritzen da (1000-2000 m), eta gainera, airea lurrazaletik igoarazten duten konbekzio-korronteek areagotu egiten dute marruskaduraren efektu hori. Arrazoi horregatik beragatik, haizearen batez besteko abiadura ia konstantea izan ohi da atmosferaren lehen 1000 m-tan, garairaren jobidean aldaketarik nabaritu gabe. Gauean, batez ere oskarbi denean, atmosferaren beheko aldean ia ez da haizerik ibiltzen, eta haizea, erliebearen sakonunetarantz erakartzen duen grabitate-efektuak soilik harroarazten du.

EskalaAldatu

Luzeraren araberako eskalaAldatu

Tamaina (km)

  • Planetaren eskala (±5.000)
Hadley zelula
  • Eskala sinoptikoa (±1.000)
Latitude ertainetako zikloiak
  • Mesoeskala (±75)
Trumoi-ekaitzak eta brisak
  • Mikroeskala (<5)
Zurrunbiloak

Energia eolikoaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Energia eoliko»

Haize-energiaren erabilera oso sinplea da. Eguzkiak Lurra berotzen du, baina lurrazalaren forma irregularren eraginez, tenperatura desberdineko aire-masak sortzen dira, hots, dentsitate eta presio desberdinekoak. Desberdintasun horiek alde baterako eta besterako korronte horizontalak sortzen dituzte, hots haizea sortzen dute. Eta haize horren abiadurak (energia zinetikoa) higiaraziko ditu bere bidean jarritako errotaren palak.

KulturanAldatu

Izadiko indarra den heinean, kultura askotan haizea jainkotu egin izan da. Euskal kulturan Egoi eta Aire-gaizto agertzen dira. Greziar Mitologian, haizearen jainkoa Eolo zen.

Ikus, gaineraAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Haize