El Pueblo Vasco (Donostiako egunkaria)
El Pueblo Vasco Donostian 1903-1936 bitartean argitaratutako egunkaria izan zen.
Historia
aldatuEl Pueblo Vasco Donostian argitaratu zen 1903ko abuztuaren 1etik, 1936ko uztailaren 16 edo 17ra arte. Bere burua definitzerakoan egunkari independientea zela nabarmentzen zuen; izan ere azpitituluan Diario independiente agertzen zuen.
Bere ibilbidean norabide aldaketak izan zituen, monarkiaren defendatzailea izan zen eta hala agertu zen bereziki hauteskunde kanpainetan edo errege familiaren Donostiako egonaldietan. Errepublika aldarrikatu zenean autonomiaren alde jarri zen[1]. Hasieratik izan zen euskara[2] eta foruen defendatzailea[3]. Abertzaletasunaren inguruan mugitzen zen eta arrazoi honengatik polemika handiak izan zituen La Voz de Guipúzcoa egunkariarekin.
Nazioarteko politikari dagokionez, Lehen Mundu Gerran aliatuen aldeko jarrera hartu zuen[4]. eta Espainiaren neutraltasunaren alde azaldu zen[5].
El Pueblo Vascoren sortzailea Rafael Pikabea Legia izan zen, enpresagizona, politakaria eta kazetaria. El Pueblo Vasco izenburuarekin bi egunkari sortu zituen, bata Bilbon 1902an eta beste hau Donostian 1903an. Egunkarian idazten zituen kolaborazioetan Altzibar izengoitiarekin sinatzen zuen. Egunkaria honen alderdi berritzaileena informazio grafikoa izan zen, Pikabeak El Pueblo Vascoren enpresan Novedades aldizkari grafikoa sortu zuen 1909an, Gipuzkoan argitaratu zen lehenengo aldizkari grafikoa. Horretaz gain, 1912tik aurrera egunkariaren egoitza Donostia erdialdeko eraikin eder batean egon zen, Garibai kaleko 34ean[6]. Garaiko egunkari ospetsuen eredua jarraitu zuen eta kultur ekipamendu berri bat izan zen. Nabarmentzekoak dira bertan zegoen Novedades zine aretoa[7] eta baita ere erakusketa aretoa, besteak beste aipagarriak izan ziren Elias Salaberria[8], Darío Regoyos[9] eta Pablo Urangaren erakusketak[10].
Zuzendarien artean Herminio Madinabeitia eta Juan de la Cruz aipatu behar dira. Juan de la Cruz 1910 arte egon zen Donostian, ondoren Bilboko El Pueblo Vascoren zuzendaria izan zen, eta Donostian Pedro Pujolek ordezkatu zuen. Kolaboratzaileen taldean izen ospetsuak zituzten: Azorín[11], Jose Maria Salaberria[12] Jose Mari Donosty, Adrián Loyarte, Maeztu, Grandmontagne, Pio Baroja, Mourlane Michelena, Wenceslao Fernández-Flórez eta Ramon Montenegro “Cyrano” umorista.
Kirol saileko burua Laureano Albizu[13] izan zen,musika gaietan Jose Maria Agesta, Lushe-Mendi[14] eta zezenketen kronikaria Manuel de los Santos. Irakurle berriak irabazteko hainbat jarduera antolatzen zituzten, besteak beste, eleberri, kartel[15] eta argazki lehiaketak[16].
1911n La Ilustración Española y Americana erosi eta erabat berritu zuen[17]
1915ean Pikabeak El Noticiero arratsaldeko egunkaria sortu zuen[18], zortzi urte ondoren, 1923an La Noticiak[19] ordezkatuko zuen.
1920an Juan Bautista Acevedo kanariarra izendatu zuten zuzendari, urtebete egin ondoren zuzendaritza utzi zuen eta bere ordezkoa Felipe Urkola Oyarzun izan zen, Novedades aldizkariko kolaboratzailea eta Euzkadiko zuzendari ohia[20].
1920ko hamarkadan egunkariak hobekuntza handiak ezagutu zituen , argazkien aldetik eta baita ere igandetako zenbaki bereziekin. Horretaz gain euskaraz idatzitako artikuluak azaldu ziren eta John ZabaloTxikiren ilustrazioak.
1928an Novedades aldizkaria berragertu zen Rafal Pikabea semeak zuzendua[21]
1930etik aurrera El Pueblo Vascok urte zailak izan zituen, ''El Día''ren sorrerak eragin handia izan zuen eta salmentak asko jaitsi ziren. 1933an Tierra Vasca izeneko egunkaria inprimitzen hasi ziren baina erabat defizitarioa izan zen. 1934ean El Pueblo Vascoren inprenta Mendeurrenaren Plazara aldatu zen eta bulegoak Askatasunaren etorbidean kokatu zituzten, Garibai kaleko lokalak sortu berria zen El Diario Vascori alokatu zitzaizkion. Handik urtebetera, 1936ean Gerra Zibilaren hasieran El Pueblo Vasco argitaratzeari utzi zitzaion eta garaiko donostiar egunkarien artean Frente Popular izeneko gerra egunkaria sortu zuten.
Egunkariaren bildumari dagokionez Donostiako Liburutegi Nagusian 10. zenbakitik, hau da, 1903ko abuztuaren 10etik 11.627. zenbakira, 1936ko ekainaren 30 bitartera argitaratu ziren zenbakiak daude. 1924ko abuztua ezik.
Bibliografia
aldatu- (Gaztelaniaz) Arantxa Arzamendi: «Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936». Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 38. urtea, XXV liburukia, 1. zenbakia, 1990eko urtarrila-ekaina.
- (Gaztelaniaz) Biblioteca Municipal de Donostia-San Sebastián: catálogo de publicaciones periódicas; dirección Eulalia San Agustín; coordinación Arantxa Arzamendi ; realización Arantxa Arzamendi y Eki Servicios Bibliotecarios. - Donostia: Asociación de Bibliotecarios de Gipuzkoa, 1992.
- Maddi Elorza Insausti:Iraganaren ispilu: Euskal Herria eta Novedades aldizkaria 1909-1919, 1928-1929. Kutxa Fundazioa, 2011
- Unai Belaustegi: II. Errepublika eta Gerra Zibila. Kronika Donostiatik = II República y Guerra Civil. Crónica donostiarra. Donostia Kultura, 2016
Erreferentziak
aldatu- ↑ El Pueblo Vasco, 11356 zenbakia, 1935.08.18 “La autonomía. El Estatuto no es una aspiración nacionalista, sino un anhelo del País” Alcíbar, 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 11361 zenbakia, 1907.04.02 “La Asamblea de la Lengua en Zúmarraga” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 355 zenbakia, 1904.07.21 “21 de julio de 1876” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 4047 zenbakia, 1914.09.11 “La primera fase de esta gran batalla ha sido favorable para los aliados. Continúa la lucha en toda la línea” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 4933 zenbakia, 1917.02.08 “Seamos españoles. Nuestra neutralidad debe ser absoluta. El peligro de las concesiones” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 3504 zenbakia, 1912.12.20 “La nueva casa de Novedades y El Pueblo Vasco” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 5302 zenbakia, 1917.09.09 “El cine Novedades” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 1115 zenbakia, 1906.07.25
- ↑ El Pueblo Vasco, 1523 zenbakia, 1907.09.12 “Regoyos y su exposición” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 1891 zenbakia, 1908.09.10 “Nuestros pintores. Pablo Uranga en los salones de El Pueblo Vasco” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 2990 zenbakia, 1911.07.29 “Azorin” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 2284 zenbakia, 1909.10.12
- ↑ El Pueblo Vasco, 3352 zenbakia, 1912.07.27 “Gente de casa” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 3475 zenbakia, 1912.11.12 “Nuestros colaboradores” 1. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 305 zenbakia, 1903.06.01
- ↑ El Pueblo Vasco, 1999 zenbakia, 1908.12.28 “Nuestro concurso de fotografías” 2. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 4172 zenbakia, 1915.01.11 “La Ilustración Española y Americana. Cambio de propietario” 3. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 4390 zenbakia, 1915.08.10 3. orrialdea
- ↑ El Pueblo Vasco, 7476 zenbakia, 1923.06.24 “La Noticia” 1. orrialdea
- ↑ Euzkadi 174 zenbakia, 1985,01.24 “Felipe Urcola”, Koldo San Sebastián
- ↑ El Pueblo Vasco, 8745 zenbakia, 1928.08.21 “Reaparición de la revista Novedades” 1. orrialdea
Kanpo estekak
aldatuEl Pueblo Vasco, Donostiako Udal Liburutegien Liburutegi Digitalean.