Jaizkibel
Jaizkibel Gipuzkoako ipar-ekialdean dagoen mendia da, Higer lurmuturretik Pasaiako badiaraino luzatzen dena, gutxigorabehera ekialdetik mendebaldera mendilerro bat osatuz, 547 metrotan gailentzen dena, mendilerroaren erdialdean. Mendiaren eremuak Hondarribia, Lezo eta Pasaia udalerrien barnean daude, eta udalerri horiek dira hain zuzen mendiaren eremu handien jabe. Europako ekologia sarean Natura 2000 garrantzizko toki izendapena du.
Jaizkibel | |
---|---|
![]() | |
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Jaizkibel |
Garaiera | 545 m |
Geografia | |
![]() | |
Koordenatuak | 43° 20′ 56″ N, 1° 50′ 55″ W / 43.349°N,1.84864°WKoordenatuak: 43° 20′ 56″ N, 1° 50′ 55″ W / 43.349°N,1.84864°W |
Herrialdea | ![]() |
Mendikatea | Euskal Herriko arkua |
Estatu burujabea | Espainia |
Probintzia | ![]() |
Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdea | Bidaso Beherea |
Udalerria | Hondarribia |
Mendizaletasuna | |
Luberri | Luberri |
IzenaAldatu
Antza denez, mendiaren jatorrizko izena Oleartzu zen (gaztelaniazko idazkeran, Olearso), eta Jaizkibel berez mendiaren atzealdea zen, eta izena haitz gibel hitzetatik dator: «haitzaren atzealdea», alegia.[erreferentzia behar] Aiako Harriari erreferentzia eginez akaso.
Jaizkibel mendiaren aurrealdeko zati baten izena, berriz, Allerru da.
GeologiaAldatu
Jaizkibel mendia Ulia, Igeldo eta Jaizkibel bera biltzen dituen flysch motako Jaizkibel formazioan dago, orain dela 54-45 milioi urte sortutakoa, Eozenoan hain zuzen. Hareharrizko estratu lodiz dago osaturik eta geroztik izandako karstifikazio prozesuen eraginez hainbat haitzulo sortu dira mendian, disoluzio eta prezipitazio erreakzioen ondorioz. Horretaz gainera, geoforma ugari ere sortu dira mendiko arroketan, albeolo eta abaraska formakoak, harri-bolak (paramoudras) eta espeleotema ugari ere badaude. [1]
Fauna eta floraAldatu
Fauna eta florak espezie bereziak bizi dira bertan. Aipatzekoak dira: galzorian dagoen Armeria euskadiensis itsaslabarretako landarea, eta Euskal Herriko endemismoa eta oso arraroa den Thelypteris palustris garoaren populazio txikiak.
Erdi askatasunean bizi diren zaldi eta behien presentzia ere handia da.
Jaizkibelgo superportuaren egitasmoaAldatu
Jaizkibelgo kostaldean, Pasaia aldean, superportua eraikitzeko proiektu bat dago; eta horren alde Jaizkibia elkartea sortu dute hainbat erakundek. Egitasmo hori, dena den, oso eztabaidatsua izaten ari da. Superportuaren aurkako herritar plataforma ere sortu da: Jaizkibel Bizirik.
Jaizkibelgo ekosistemei eta eskualdeko beste zenbait baliori egingo litzaiekeen kalteez kezkaturik, superportuaren egitasmoaren aurka azaldu dira inguruko hainbat udal, hala nola Pasaiakoa, Lezokoa eta Oiartzungoa.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko arduradunek ere, beren kezka azaldu dute superportuaren aurrean, Jaizkibelgo kosta gehiena eta mendiko larre, txilardi eta basoak babestuta baitaude, dituzten balio ekologikoengatik. Gainera, Natura 2000 sarean dagoela kontuan izanez gero, ezingo litzateke kosta horretan ezer eraiki.
Azkenik, hainbat talde ekologista ere —Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, WWF...— kezkatuta agertu dira, egitasmoa aurrera eramanez gero egingo diren kalte larriak direla kausa.
MendiakAldatu
- Jaizkibel, 545 m 43° 20′ 43″ N, 1° 51′ 21″ W / 43.3452785°N,1.8559643°W
- Artzain, 473 m 43° 21′ 07″ N, 1° 51′ 10″ W / 43.3519271°N,1.8527052°W
- Artola, 451 m 43° 20′ 55″ N, 1° 51′ 34″ W / 43.3485192°N,1.8594816°W
- Tximistarri, 425 m 43° 20′ 45″ N, 1° 51′ 57″ W / 43.3457912°N,1.865862°W
- Erramutz, 386 m 43° 21′ 40″ N, 1° 49′ 50″ W / 43.3611477°N,1.8304903°W
- Mitxintxola, 332 m 43° 20′ 05″ N, 1° 54′ 11″ W / 43.3346916°N,1.9030757°W
GR 121 ibilbideaAldatu
Mendi honen kostaldeko itsalabarretan barrena Gipuzkoa osoari itzulingurua egiten dion GR 121 ibilbidea doa, kostaldeako zatian, hots, Hondarribia eta Mutriku artean Talaia ibilbidea jasotzen duelarik. Jaizkibelen Talai ibilbideko 1. etapa kokatzen da, hain zuzen ere, Hondarribia eta Pasai Donibane artekoa.
OndareaAldatu
- Jaizkibelgoko Estazio Megalitikoa: mendiaren ipar-ekialdearen erdian daude, gailur-lerroan eta itsasaldeko isurialdean, Hondarribiko udalerrian. Gaur egun, gune megalitiko horrek hiru trikuharri (Atxiñar, Jaizkibel III, eta Jaizkibel IV) eta piriniar harrespil-multzo bat (Jaizkibel II mairubaratza) biltzen ditu.
- Guadalupeko baseliza
- San Henrike gotorlekua: Bigarren Karlistaldiaren garaikoa da, liberalek egina.
- Guadalupeko gotorlekua
- Jaizkibelgo dorreak
- Biosnar lurmuturra
- "Herrien Elkartasuna" izeneko eskultura (Remigio Mendiburu, 1963).[2]
IruditegiaAldatu
Remigio Mendibururen "Herrien elkartasuna" eskultura (1963).[3]
Jaizkibel mendiko zutarria.
ErreferentziakAldatu
- ↑ Etxebeste, Egoitz. (2014ko uztaila). «Jaizkibel: hareharriaren apetak» Elhuyar: zientzia eta teknika (310).
- ↑ Arizabalaga, Mikel. (2014). «Labetxuko koloreak» www.berria.eus (Berria.eus) Noiz kontsultatua: 2021-03-29.
- ↑ Arizabalaga, Mikel. (2014). «Labetxuko koloreak» www.berria.eus (Berria.eus) Noiz kontsultatua: 2021-03-29.
Ikus, gaineraAldatu
Kanpo estekakAldatu
- Labetxuko koloreak. Mikel Arrizabalaga (Ibilkari, Berria, 2014)
- Jaizkibel luberri.net webgunean
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |