Kataluniako Autonomia Erkidegoa

Espainiako autonomia erkidegoa
Katalunia» orritik birbideratua)
Artikulu hau Espainiako autonomia erkidegoari buruzkoa da. Eskualdeari buruzko informazioa Katalunia artikuluan dago. Nazioari buruzkoak Katalan Herriak artikuluan. Aldarrikatutako errepublikari buruzkoak Kataluniako Errepublika artikuluan daude.

Katalunia (katalanez: Catalunya, gaztelaniaz: Cataluña eta okzitanieraz: Catalonha) Europako herrialde bat da, Mediterraneoaren mendebaldekoa, Espainiako autonomia erkidegotzat eratua: Kataluniako Autonomia Erkidegoa. Iberiar penintsularen ipar-ekialdean dago, eta mugakide ditu iparraldean Frantzia eta Andorra, mendebaldean Aragoi, hegoaldean Valentziako Erkidegoa eta ekialdean Mediterraneo itsasoa. 32.000 km² inguru ditu, eta 7 milioi biztanle.

Katalunia
Catalunya
Cataluña
Catalonha
Els Segadors

Kataluniako bandera

Kataluniako armarria
Geografia
HiriburuaBartzelona
41°22′57″N 2°10′37″E
Hiririk handienahiriburu
Azalera32.114
Punturik altuenaPica d'Estats
Punturik sakonenaEstany de Vilacolum (en) Itzuli
KontinenteaEuropa
MugakideakOkzitania, Aragoi, Valentziako Erkidegoa, Andorra, Encamp, Escaldes-Engordany, Sant Julià de Lòria, Andorra la Vella (en) Itzuli eta La Massana
Administrazioa
Gobernu-sistemaSistema parlamentario
PresidenteaSalvador Illa
LegebiltzarraKataluniako Parlamentua
Epai autoritateaKataluniako Justizia Auzitegi Nagusia
Zeren kide
Demografia
Biztanleria7.747.709
Dentsitatea242,91 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Derrigorrezko eskolaratzea6-16
Bizi-itxaropena83,63 (2016)
Giza garapen indizea0,904 (2016)
Ekonomia
BPG nominala232.522.265.640 $ (2015)
BPG per capita33.661 $ (2017)
Inflazioa1,4 % (2018)
Historia
988Kataluniako konderriak
1137Aragoiko koroa
1283Catalan constitutions (en) Itzuli
1469Errege-erregina Katolikoak
1716Nueva Planta Decree of Catalonia (en) Itzuli
19321932ko Kataluniako Autonomia Estatutua
19791979ko Kataluniako Autonomia Estatutua
20062006ko Kataluniako Autonomia Estatutua
Bestelako informazioa
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki eta Schuko
Internet domeinua.cat
web.gencat.cat

Haren Autonomia Estatutuaren arabera, nazio bat da.[1] Hizkuntzaren aldetik (katalana), lotura estua du gainerako Katalan Herriekin (Països Catalans): Andorra, Valentziako Erkidegoa, Balear Uharteak, administratiboki Frantziako lurraldea den Ipar Katalunia, Aragoiko ekialdeko eremu bat (Sartaldeko Zerrenda edo Franja de Ponent) eta Murtziako El Carxe eskualdea.

Izena

Berez Catalunya (Katalunia) izena XII. mendean frankoen itzalpetik piskanaka bereiztuz hasi ziren Hispaniako Markako ekialdeko konderri multzoa izendatzeko erabiltzen hasi zen. Gaur egun oraindik Catalunya izenaren jatorria zehaztu gabe dago. Teoria batek dio gazteluen lurraldea (terra de castells) izenetik datorrela,[2] castlà edo gazteluaren agintariaren izenetik eratorria.[3][4] Beste teoria batek dioenez, aldiz, Catalunya izena Gotholàndia izenetik datorke, hots, godoen lurraldea; izatez, maiz frankoek katalan lurraldeari nahiz Iberiar Penintsulari Gòtia deitzen omen zieten.

 
Kataluniako NASAren satelite bidezko irudia.

Talunya edo Taluniya delakoa Lleidatik hurbil zegoen Al-Tagr al-Ala musulmanen lurraldeko udalerri baten izena zen. Al-'Udrī (1002—1085)[5] historialari eta geografo musulmanak bere Tarsi al-akhbār idazlanean aipatua da. Han jasota dagoenez, udalerria Lleida eta Huescaren artean kokatua zegoen, ondorioz aditu askok gaur egungo Monzón udalerria dela uste dute. Izenak udalerriari iberiar jatorria ematen dio. Mairuen garaian, Monzón udalerriak kalat Talunya izeneko gotorleku edo gaztelu bat izan zuen (arabieraz «gaztelu» – kalat), gaztelu hitza izendatzeko ka- laburdura erabiliz, ka Talulnya litzateke (euskaraz Talunyako gaztelua). Hipotesi horri jarraituz, arabiarrek Hispaniako Markan bizi zirenei «ka Talunya-tik haratago bizi direnak» deitzen omen zieten. Arabiar jatorriak, iberiar leku izenaren bitartez, català herritar izenaren eta Catalunya leku izenaren arteko elkarrekikotasun eza azalduko luke.[6]

Beste teoria batzuen arabera, izena kondairazko Otger Cataló germaniar printzearengandik eratorria litzateke, edota Vallès eta Barcelonès eskualdetako lurretan bizi zen tribuak jasotzen zuen Iaketani ezizenetik, italiarren eraginez katelans izendapenera eraldatu eta handik gaur egungo catalans (katalanak) izenean amaitzeko.[7]

 
Kataluniaren datu orokorrak.

XIV. mendean Kataluniako PrintzerriaPrincipat de Catalunya») zuzenbide edo lege izendapena agertu zen (latinez principatus) eta Katalan Gorteen legedipean edo agindupean zegoen lurraldea izendatzeko erabiltzen zen, bertako subiranoa (latinez princeps) Bartzelonako Etxeko erregea zen, formalki erresuma bat izan gabe Gorteek parekatutako lege batzuk zituzten konderri multzo bat zelarik. Nahiz eta Printzerriko lurraldea gerora Aragoiko Korora eta ondoren Gaztelako Erresumara batu, eta bere zati bat Frantziako Erresumak bereganatu zuen (gaur egungo Ipar Katalunia), gaur egun oraindik «Printzerri» izendapena autonomia erkidegoa osatzen duten lau probintziak informalki izendatzeko sarritan erabiltzen da.

Ikur nazionalak eta ospakizunak

 
Senyera.

Kataluniak estatutuaren arabera hiru ikur nazional nagusi ditu:[8] Kataluniako bandera edo Senyera, Els Segadors ereserkia eta Kataluniako Egun Nazionala edo Diada.

Kataluniako bandera edo Senyera delakoa Bartzelonako kondeen armarriaren ohialerako aldaera da. Nahiz eta bandera honen XIII. mendearen aurreko inolako erreferentziarik topatu ez den izan, Europa osoko bandera zaharrenetako bat da.[9] Katalan bandera bost oihal-zerrenda gorri eta lau horiz osatua dago, denak neurri eta zabalera berberekoak.

 
2010eko Kataluniako Egun Nazionalan ospatutako manifestazioa, Bartzelonako Gràcia pasealekuan.

Kataluniako ereserkia nazionala Els Segadors da, 1899an Emili Guanyaventsek idatzia. Aurretik, 1892an Francesc Aliók doinua konposatu zuelarik. Ereserkia honen jatorria 1640. urteko gertaeratan kokatzen da, katalanak Filipe IV.a Espainiakoaren aurka borrokatu zirenean, bertan katalan nekazari edo baserritarrak (pagesos) ekintza nabarmenak burutu zituztelarik. 1993ko otsailaren 25an Kataluniako Parlamentuak ofizialki onartu zuen.

1980an Kataluniako Parlamentuak Kataluniako Egun Nazionala edo Diada Nacional de Catalunya jai egun nazional gisa ofizialki berrezarri zuen. Jaiegun Nazionala (Diada Nacional) edota Kataluniako Festa (Festa de Catalunya), urtero irailaren 11an ospatzen da, 1714an Bartzelonako setioaren ondoren egun honetan bertan katalanek askatasuna galdu zutela oroitarazten da, gaur egun aldarrikapen ospakizuna eta zapaltzaileen aurkako erresistentziaren oroigarria delarik: berrezartze nazional baten itxaropena.[9] Egun honetan kataluniar agintari eta alderdi ezberdinetako ordezkariek Rafael Casanova zenaren monumentuaren aurrean lore eskeintza egiteko ohitura dute.

2012ko Kataluniako Jai Nazionalean Bartzelonako erdigunean «Catalunya, nou estat d'Europa» manifestazio jendetsua ospatu zen, bertan 1,5 milioi lagun inguruk Kataluniako independentzia eskatu zutelarik.[10][11]

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Kataluniako historia»
 
Pedra Gentil ("Jentilarri") delako trikuharria. Vallgorguina, Vallès Oriental.

K. a. 218. urtean Erromatar Inperioak gaur egun Katalunia kokatzen den lurraldea konkistatu eta Tarraconense probintziaren barnean egon zen. V. mendean godoek lurraldea bereganatu eta Toledoko Erresumaren zati bilakatu zen.

712an musulmanek bisigodoaj garaitu eta lurraldearen jabe egin ziren, baina mende honen amaieran frankoek Karlomagnoren babesaz musulmanak lurraldearen iparraldetik kanporatu eta Hispaniako Marka osatu zuen.[12] Gotia zeritzon lurralde hau konderrietan antolatu zen, baina karolingiar leinua amaitzean bertako kondeek ez zioten errege leinu berriari men egin. Kataluniako konderri hauek gaur egun Katalunia Zaharra (Catalunya La Vella) izenez ezagutzen den lurraldea osatu zuten.

 
Kataluniako Gorteak irudikatzen dituen XV. mendeko miniatura.

Bartzelonako kondea zen Ramon Berenguer IV.a Bartzelonakoa inguruko hainbat konderrietaz nagusitu eta 1137an Aragoiko erregearen alaba zen Petronila Aragoikoaren ezkondu zen, ondorioz bi leinuen arteko batasuna gauzatuz. Haien semea Alfontso II.a Aragoikoa, Aragoiko erregea eta Bartzelonako kondea bilakatu zen, ordurarte elkarren artean ezberdinak ziren katalan konderriak batu zituen, horretarako izaera juridiko eta kulturala zuten hiru agiriez baliatu zelarik: Usatici Barchinonae («Bartzelonako Erabilerak»), Liber domini regis («Errege Jabegoaren Liburua») eta Gesta Comitum Barchinonensium («Bartzelonako Kondearen Balentriak»). Argiri hauek Katalunia Erdi Aroko estatu gisa eratu zuten, lege egitura batasun bat eta kultur erreferentzi amankomunak jasoz, bai eta mugak zehaztuz ere: «Salsesen hasiz Tortosa eta Lleidan amaitzen den lurraldea» («de Salsis usque Dertusam et Ilerdam cum suis finibus»). Administratiboki, Katalunia eskualde izaerako lege egitureketa bat jaso zuen: Vegueriak direlaroak, hauetako bakoitzaren veguer edo agintariak erregerearen ordezkariak zirelarik. Katalunia estatuaren sorrera Aragoiko erregearen lege agirietan Cathalonia izendapena agertzen denean adierazia dago, aurreko esanahi geografiko arruntetik eremu politiko eta etniko zehaztu baten izendapena izatera iragan zelarik.

1319an Jakue II.a Aragoikoak Aragoiko Erresuma, Valentziako Erresuma, Mallorcako Erresuma eta Kataluniaren batasuna finkatu eta estatu ezberdinen arteko batasun ahaltsu baten bidez[13] Aragoiko Koroa sortu zuen,[14] betiere lurralde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz eta elkarren artean antzekoak eta parekideak ziren politika egiturak garatuz: Legebiltzarrak, Generalitateak eta konstituzio sistema. Aragoiko Etxea zena Trastamara Leinua eta Habsburgo Leinuarekin elkartzeak ez zuen Aragoiko Koroa osatzen zuten estatuen konstituzio sistema eraldatu.

 
Segalarien Gerra irudikatzen duen 1910ko H.Mirallesen margolana.

1640an Olivares kondearen proiektu zentralistak Segalarien Gerra piztu zuen, honen ondorioa Portugalgo Erresumaren banaketa eta Frantziako Erresumak Rosselló eta Cerdanya bereganatzea izan zen.[15] Espainiako Erresuman Borboi Leinua erregetzara iristeak Europa mailan Ondorengotza Gerra ekarri zuen eta 1705an katalan lege sistemaren murrizketak Monarkia Katolikoa osatzen zuten estatuen arteko barne gerrak eragin zituen. Gerraren amaieran Espainiako Erresumak bere Italia, Flandria, Menorka eta Gibraltarreko jabegoak galduaz amaitu zen, bai eta Planta Berriko Agiriak eta borboi absolutismoaren ezarketaz.

XIX. mendean zehar jazotako Antzinako Erregimenaren gainbehera eta erregimen liberalen ezarketak ez zuen Kataluniaren eta Aragoiko Koroaren gainerako estatuen konstituzio sistema berreskuratzea ekarri, baizik eta Espainiako Erresuma erregimen politiko zentralizatu gisa nagusitu zen. Halere, mende honen erdialdera Kataluniako historian garrantzi handia izan zuen Renaixença («Berpizkudea») izeneko katalan kultur, literatur eta hizkuntzaren aldeko mugimendua eta berpizkundea eman zen, gerora katalan nazionalismoaren iturbura izango zena.

XX. mendean zehar Kataluniako Mankomunitatea eta Errepublikar Generalitatea bezalako deszentralizazio administratibo saiakerak burutu ziren, baina 1978an Espainiako Konstituzioa eta 1979ko Kataluniako Estatutua onartu ziren arte, ez zen gaur egungo autonomia erkidegoen sistema politiko-administratiboa ezarri. 2006ko Kataluniako Autonomia Estatuaren hitzaurrearen arabera «Kataluniako Legebiltzarrak, katalanen sentimendua eta borondatea bilduz, Katalunia nazio gisa definitzen du», nahiz eta gaur egun indarrean dagoen Espainiako Konstituzioak Kataluniako erralitatea nazionalitate historikora mugatu izan.[16]

Geografia

 
2002ko lursailen erabilpen ezberdinak adierazten dituen Kataluniako mapa.
     Laborantza lursailak eta soroak      Ura      Hareatzak, elurtokiak eta lursail etze edo ez-emankorrak.      Hiriguneak, herriguneak, industrialdeak eta errepideak.      Basoak, zelaiak, larreak eta landaredia.

Kataluniak 32.000 km² inguruko azalera du. Iparraldean Andorra (65,3 km) eta Frantziako Ekialdeko Pirinioak departamenduarekin muga egiten du, mendebaldean Aragoiekin (359,9 km), hegoaldean Valentziako Erkidegoarekin (52,9 km) eta ekialdean Mediterraneo itsasoarekin. Bere geografia kokapenak Erdi Arotik Mediterraneoko gainerako herrialdeekin nahiz Europako kontinentearekin harreman oparoak izatez erraztu izan dio.

Kataluniako azaleraren % 28,7 nekazaritza eta soroetarako erabilia da; % 15,7 larre eta zelaiak dira; % l,1 –ibaiak; % 43,4 – basoak, % 6,7 – hirigune edo herriguneak, eta % 4,6 zehaztu gabeko jardueratarako erabili ohi da.[17]

Topografia

Kataluniak erlatiboki azalera txikia duela kontuan harturik, aniztasun geografiko nabarmenda du. Bere geografia Mediterraneoko kostaldeak baldintzatzen du, kostalde honek 580 kilometro luze ditu, Creuseko lurmuturretik Ebroren Delta ingurura hedatzen da. Kostaldea iparraldetik hegoaldera, zati edo eremu hauetan banatuta dago: Costa Vermella (Ipar Katalunia), Costa Brava, Costa del Maresme, Costa del Garraf eta Costa Daurada.

Iparraldean aldiz Pirinioetako mendilerro eta erliebe garaiak. Katalan erliebean hiru mendilerro nabarmentzen dira:[18]

 
Pirinioetako mendi nabarmenetakoen artean dauden Els Encantats izeneko bi gailurrak eta Sant Maurici iboia.
 
Montserrat.

Katalan Pirinioak hegoaldeko edo Espainia aldeko Pirinioen ia erdia dira, Kataluniako iparraldean 200 kilometrotan zehar hedatzen baitira. Usadioz Pirinio Axialetik Pirinioaurrea mendilerroa bereiztu izan da, hauek mendilerroekiko paraleloak dira, garaiera txikiagokoak, ez hain maldatsuak eta osaketa geologiko ezberdinekoak. Bi mendilerroak mendebaldean ekialdean baina zabalagoak dira, mendebaldean gailur garaienak daudelarik. Kataluniako mendirik garaiena Pallars Sobirà eskualdeko iparraldean dago eta Pica d'Estats (3.143 m) delakoa da, gailur honi garaierari dagokionez Frantziarekin muga egiten duten Puig Cedrós (2.914 m) eta Puigmal (2.910) mendiek jarraitzen diote. los dos en la frontera con Francia. Pirinioaurrea hainbat mendilerro nabarmentzen dira, adibidez Cadí mendilerroa eta Pedraforca.

Katalunia Kostaldeko Mendilerroak ipar-mendebaldetik hego-mendebalderako norantzan kostaldearekiko paraleloak diren bi mendilerro edo gehiagoz osatuak daude. Bi mendilerro hauek Kataluniako Itsasertzeko Mendilerroa eta Itsasertz Aurreko Mendilerroa dira. Kostaldeko Mendilerroak hedaduraz laburragoak eta garaiera txikiagokoak dira, aldiz Itsasertz Aurreko Mendilerroa hedaduraz zabalagoak nahiz garaieraz handiagoak direlarik. Sistemaren barnean hainbar ordoki eta lautada daude, hauetako handienak Itsasertzeko Sakonunea eta Itsasertz Aurreko Sakonunea direlarik. Kostaldeko Sakonunea delakoa Itsasertzeko Mendilerroaren ekialdean dago, aldiz, Itsasertz Aurreko Sakonunea delakoa barnealdean eta bi mendilerroen artean kokatua dago, Vallès eta Penedès eskualdeetako lautada edo ordokiak osatzen dituelarik. Beste lautada edo ordoki handi batzuk Selva, Alt Empordà eta Baix Empordà eskualdeetan kokatuak daude. Amaitzeko, Sistemak bere barnean Zeharkako Mendilerroa eta Pirinio Aurreko Mendilerroa ere hartzen ditu,[19] Itsas Aurreko Mendilerroaren iparraldean dauden egitura berantiarrak baitira, Pirinioak eta Pirinio Aurreko Mendilerroekin kontaktuan egonik, garaierako ertaineko mendi eta erliebeak sortu zituzten, gainera lehenbizikoaren kasuan Garrotxa eskualdeko eremuan sumendiak ere sortu zituen.

Kataluniako Erdiko Beheragunea delakoa Pirinioak eta Itsasertz Aurreko Mendilerroaren artean kokatua dago. Lleidako probintziako hegoaldeko eta Bartzelonako probintziako erdialdeko eskualdeek lurralde hau osatzen dute. Sakonuneko lurraldeak 200 eta 600 metro arteko garaieran kokatuak daude. Pirinioetatik jeisten diren lautada eta urek lurralde hau soroz eta laborantza lursailez oparo bilakatu dute eta bertan ureztatze kanal ugari ere eraiki izan dira.

Hidrografia

 
Ebro ibaia Miravet udalerriko lursailetan.

Katalunia ia osoki Mediterraneoko isurialdearen barnean dago. Katalan hidrografia sarea bi hidrografia arro nagusitan banatua dago, Ebro arroa eta Kataluniako barnealdeko ibaien arroa, biak ere Mediterraneoan isurtzen direlarik. Gainera, Atlantikoan isurtzen duen arroa ere badago, Garona ibaia Arango Haranean iturbura baitu, baina atlantiar isurialdeko arro hau kataluniar lurraldearen % 1,73 besterik ez da.

Hidrografia sarea bitan banatzen da, bata mendebaldekoa edo Ebrokoa eta bestea kataluniar kostaldean zehar Mediterraneoan urak isurtzen dituen ibai txikiagoez osatutako ekialdea da. Lehenak batez besteko 18.700 *hm³/urteko hornitzen ditu, bigarrenak aldiz bataz besteko 2.020 *hm³/urteko besterik ez du hornitzen. Diferentzia hau Ebro ibaiaren ur horniduraren ondorioa da, bere ibaiadar nagusiena Segre ibaia delarik. Bestalde, Katalunian lurrazpiko ur oparotasun erlatibo bat ere badago, nahiz eta lurraldearen egitura konplexuaren ondorioz eskualdeen ezberdinen desbedintasun edo desorekak ere badauden. Kataluniar Pirinioetan glaziar jatorriko iboi txikiak ere badaude, horietako handiena Banyoles aintzira delarik.

Herrialdeko ibairik luzeena Ter da, eta beste nabarmen batzuk Noguera Pallaresa, Noguera Ribagorçana, Segre eta Llobregat ditugu. Halaber Ebro ibaia Tarragonako probintziaren hegoaldean itsasoratzen da.

Kataluniar kostaldea ia osoki lerrozuzena da, luzeraz 500 kilometro baino gehiago eta elementu geografiko gutxi ditu, horietan nagusienak honako hauek dira: iparraldean Creus lurmuturra eta Rosesko golkoa, eta hegoaldean Ebroren delta. Itsasertzeko Mendilerroa itsasazpian urperatzen den lekuetan, bi gunetan egiten du: bata, iparraldean, L'Estartit eta Blanes udalerrien artean (Costa Brava), eta bestea hegoalderago, Garrafeko kostan.[20]

Klima

Kataluniak orokorrean bere Ipar Hemisferioko kokapenari dagokion klima mediterraneo epela du. Halere, bertan klima aniztasun eta berezitasunak ere badaude. Urteko bataz-besteko klimak Pirinioetako 0 °C-tik kostaldeko 17 °C-ra doa; tenperatura maximoak 43 °C-ra iritsi daitezke (Garrigues eskualdean), eta tenperatura minimoak -30 °C-ra (Pirinioetan).

Euriari dagokionez, Katalunian bi eremu bereiz daitezke:

  • Katalunia hezea: Pirinioak, Pirinioaurrea, Pirinioazpia eta Itsasertz Aurreko Mendilerroan dauden zenbait gune menditsuk osatzen dute, bertan euri-jasak urteko 700 mm baino gehiagora ailegatu daitezkelarik;
  • Katalunia idorra: gainotzeko lurraldea, bertan euri-jasak urteko 700 mm baino ur kopuru gutxiago lagatzen dutelarik.

Euri-jasek ekinozio joera izan ohi dute. Mediterraneoan udak lehorrak dira eta udaberriak euria egin ohi du. Pirinioetan, maiatzean eta ekainean ugariak izan ohi dira, eta udak orokorrean hezeak.

 
Medes uharteak, L'Estartit herriko hondartzatik ikusita.

Tenperaturak nahiz euri-jasak kontuan hartu ezkero, Katalunia hiru klima eremuetan banatzen da:

Naturguneak

1990an kataluniar gobernuak Naturaren Babeserako Kontseilua sortu zuen, natura eta paisaiaren babesaren inguruko organu aholku-emailea, kataluniar ingurune-naturala ezagutu, ikertu, babestu eta kudeatzeko asmoz. Katalunia osoan hamar parke natural daude: Goi-Pirinioko Parke Naturala, Empordàko padurak, Cadí-Moixeróko Parke Naturala, Creuseko lurmuturra, Ports de Tortosa-Beseit, Montsenyko Parke Naturala, Montserrat, Sant Llorenç del Munt, Montsanteko mendilerroa, Garrafeko parkea eta Garrotxako Sumendi-Lurraldearen Parke Naturala; parke natural bat: Aigüestortes eta San Maurizioko Parke Naturala; natura-erreserba bat: Llobregateko delta; eta itsas-erreserba bat: Medes uharteak.

Banaketa administratiboa

Katalunia lurraldeei dagokionez probintzietan antolatua dago. 2006ko Autonomia Estatutuak Kataluniako banaketa administratiboa hiru mailetan ezarri zuen: udalerriak, eskualdeak eta vegueria direlakoak.

Probintziak

Katalunia honako lau probintzia hauetan banaturik dago:

 


  • Hiriburua: Tarragona, 134.085 biztanle (2011)
  • Hiriburua: Girona, 96.722 biztanle (2011)
  • Hiriburua: Lleida, 138.416 biztanle (2011)

Eskualdeak

Sakontzeko, irakurri: «Kataluniako eskualdeak»

Katalunia 41 eskualdetan banatuta dago gaur egun. Historikoki, 1936an hasi zen indarrean banaketa administratibo hura, Francisco Franco diktadoreak etenda hiru urte geroago geratu bazen ere. Atzera 1987tik indarrean dago. Gaur egungo Kataluniako eskualdeak honako hauek dira:

 

Vegueriak

Vegueria aintzinako Kataluniako lurralde banaketa bat da, gaur egun oraindik mantentzen delarik. Vegueria bat, eskualde jakin batetarako udalerrien arteko agintea eta berezko izaera duen tokian-tokiko elkarlan erakunde gisa definitzen da, 2006ko Autonomia Estatutuaren arabera Kataluniako Generalitateak bere zerbitzuen antolakuntzarako aukeratu zuen eskualde banaketa da. Bere interesen kudeaketarako autonomia ere badu. Veguerien administrazioa diputazioak ordezkatzen dituzten Veguerien Kontseiluen ardura da.

Udalerriak

2006ko Autonomia Estatutuak udalerria gai publikoekiko dagokionez tokian-tokiko komunitatearen bertako oinarrizko erakundea eta funtsezko baliabide gisa definitzen du. Gainera, bere eskumenean erabileraren autonomia eta interesen kudeaketa bermatzen dizkio. Katalunian denera 947 udalerri daude. Erakunde hauen azpitik deszentralizatutako udal erakundeak daude, hauek nolabaiteko autonomia ere badute eta herrietan jardun ohi dira, baina betiere dagozkien udalerrien agindupean; gaur egun Katalunian denera 58 daude.

Katalunian biztanle gehien dituzten udalerri edo hiriak honako hauek dira:

 
Bartzelona.
 
Lleida.
 
Tarragona.
 
Girona.
 
Arango Kontseilu Nagusia edo Conselh Generau d'Aran erakundearen egoitza.
Postua Udalerria Eskualdea Biztanleria[21]
1   Bartzelona Barcelonès 1.619.337
2   L'Hospitalet de Llobregat Barcelonès 258.642
3   Badalona Barcelonès 218.886
4   Terrassa Vallès Occidental 212.724
5   Sabadell Vallès Occidental 207.338
6   Tarragona Tarragonès 140.184
7   Lleida Segrià 137.387
8   Mataró Maresme 122.905
9   Santa Coloma de Gramenet Barcelonès 120.060
10   Reus Baix Camp 106.622
11   Girona Gironès 96.236

Arango Harana

Sakontzeko, irakurri: «Arango Harana»

Arango Harana eskualdeak bere lurraldeko gai publikoak kudeatzeko lege erregimen berezia eta autonomia du. Bertako aginte erakundea Conselh Generau d'Aran da («Arango Kontseilu Nagusia»), hau honako kide eta organuz osatua dago: Síndic («Sindikoa»), Plen des Conselhèrs («Kontseilarien Batzarra»), Conselhères Generaus («Kontseilari Nagusiak») eta Comission d'Auditors de Comdes («Kontu Auditoreen Batzordea»). Síndic delakoa, ordezkari gorenena da eta Generalitateak Arango Haranean duen ordezkaria. Eskualde honetako berezko hizkuntza aranera da, Katalunian ere ofiziala delarik.

Politika

 
Kataluniako Parlamentua.
 
Kataluniako Generalitatearen Jauregia.

Espainiako 1978ko konstituzioak Kataluniako autonomia erkidegoak nazionalitate gisa bere autogobernua izan dezan bermatzen du. Kataluniako oinarrizko erakunde araua 2006ko Kataluniako Autonomia Estatutua da. Estatutu honen arabera, Kataluniako autogobernua politikoki Kataluniako Generalitatearen aginte eta administraziopean antolatzen da.

Kataluniako Generalitatea honako gobernu erakunde hauek osatzen dute:[22]

  • Kataluniako ParlamentuaParlament de Catalunya»): Kataluniar gobernuko botere legegilea da. Legebiltzar honetan eztabaida politikoa gauzatuz gain, gobernuaren ekintza politikoa kontrolatu eta bultzatzen da. Bere ahalmenen artean, legebiltzarrak Generalitatearen aurrekontuak onartzen ditu. Gutxienez 100 legebiltzarkide edo diputatuz eta gehienez 150ez osatua dago, hauek lau urtero alderdi ezberdinen zerrenda itxiekin ordezkaritza proportzional bidez hautatuak izan ohi dira.
  • Kataluniako Gobernua edo Kontseilu ExekutiboaGovern o Consell Executiu de Catalunya»): Kataluniako Gobernua edo Kontseilu Exekutiboa delakoa Generalitatearen ekintza politikoa eta administrazioa zuzentzen duen kide anitzeko organu gorena da. Gobernuaren burua Generalitateko presidentea da, lehen kontseilaria eta beste kontseilari batzuk dira. Honen arabera, Gobernuaren eskumen nagusiak hezkuntza, osasuna eta kulturaren ingurukoak dira. Generalitatearen finantzaketa Kataluniako Autonomia Estatutua eta Autonomia Erkidegoen Finantzaketaren Lege Organikoak arautzen du.

Erakunde hauetaz gain, Generalitateko beste erakundeak Parlamentuak berak sortzen dituenak ere badira. Berme eta kontrol organu gisa, horiek ere gaur egun Generalitatea osatzen dute: Síndic de Greuges de Catalunya («Kataluniako Kalteordainen Sindikoa»), kataluniar hiritar guztien eskubide eta askatasunen bermatzailea da (Euskadiko Arartekoaren parekidea); Sindicatura de Comptes de Catalunya («Kataluniako Kontuen Sindikatura»), organu honek Kataluniako erakunde publikoen ekonomia kontuak kontrolatzen ditu; eta Consell de Garanties Estatutàries («Estatutuaren Bermen Kontseilua»), Generalitatearen xedapenak Kataluniako Estatutua eta Espainiako Estatuaren Konstituzioaren arabera egokitu daitezen arduartzen da.

2006ko Estatutuaren arabera Kataluniako botere legegile Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean datza. Justizia Auzitegi Goren honen eskumenak erankudeetako hainbat mailetako baliabide eta prozedurak ezagutzean datza, honen bidez Estautuak onartutako eskubideak aitortu eta bete daitezen zainduz. Dena dela, maila jurisdikzional, zibil, nahiz auzi administratibo eta sozialetan eskuduna da, eta baita etorkizunean sortu daitezkeen beste batzuetan ere.

Gobernuak Kataluniako Generalitatea osatzen du. Kataluniako Gobernuaren hiriburua Bartzelona da eta egoitza Kataluniako Generalitatearen Jauregian du. Demokrazia garaian, 19802003 bitartean Generalitateko Presidentea CIU alderdiko Jordi Pujol i Soley politikaria izan zen, honi 20032006 bitartean PSCko Pasqual Maragall i Mirak jarraitu zion, ondoren, 20062010 artean PSCko José Montilla Aguilera izan zen. 2010-2016 artean, Generalitateko Presidentea CIUko Artur Mas i Gavarró izan zen. Ondoren, 2015eko hausteskundeen ondorioz, Junts pel Sí koalizioko Carles Puigdemont i Casamajó bihurtu zen Generalitateko Presidente, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikaziora arte. 2018-2020 bitartean, 155. artikuluaren aplikazioa bukatuta, Junts per Catalunya koalizioko Quim Torra i Pla bihurtu zen Presidente. 2020. urtean, Quim Torra kargugabetuta izan zen, eta bere botereak Generalitateko Presidenteordeak, Pere Aragonès García, bereganatu zituen, 2021eko maiatzaren 21era arte. Handik aurrera, Pere Aragonès-ek Presidentziako botereak eskuratu zituen, Kataluniako Parlamentuak Generalitateko Presidente aukeratu zuenean.

2014ko urriaren 1ean, onartu zen homofobiaren aurkako legea Kataluniako Parlamentuan; aitzindaria zen Europan. Jarrera homofobikoak ez ziren ezerezean geratuko, izan ere, zigorgarriak izango ziren[23].

Demografia

 
Kataluniako eskualdeetako biztanleria guztiaren dentsitatea.

Kataluniako biztanleriak gaur egun 7 milioiko langa gainditu du.[24] Kataluniako Estastistika Institutuaren arabera, 2005ean Kataluniak 6.995.206 biztanle zituen, (Espainiako biztanleen % 15,9). Horietatik 603.636 (% 8,9) atzerritarrak ziren, Espainiako atzerritar biztanleen % 22,3 izanik. 1,5 miloi herritar inguru Bartzelona hiriburuan bizi dira (Kataluniako biztanleen % 22,8), eta Bartzelonako Hirigunean, berriz, 5 milioi lagun bizi dira (Kataluniako biztanleen % 72,7). Beraz, Europako hirigune jendetsuenetako bat da. Aldiz, Katalunian biztanle gutxien dituzten eremuak Pirinioetako eskualdeak dira.

Kataluniako 2,5 milioi biztanle Bartzelona hiriburuaren inguruko 25 kilometroko erradioan bizi dira. Hirigunearen lehenbiziko eraztunaren barnean honako hiriak hauek daude: Hospitalet de Llobregat, Badalona, Santa Coloma de Gramenet eta Cornellà. Aldiz, bigarren eraztunaren barnean hiri eta udalerri hauek daude: Terrassa, Sabadell, Montcada i Reixac, Granollers, Martorell, Molins de Rei, Sant Feliu de Llobregat, Gavà eta Castelldefels.

XX. mendean zehar Kataluniak hainbat etorkin-samalda hartu ditu. 1900ean Kataluniako biztanleria bi milioikoa zen. 1960ko hamarkadan, berriz, jada bost milioi biztanle zituen; hazkunde hori ez zen berezko leherketa demografiko baten ondorioz bakarrik gertatu, gehienbat Espainiatik jasotako immigrazioari esker jazo zen, bereziki Andaluzia, Murtzia eta Extremadurako etorkinei esker. 1990ko hamarkadan bigarren etorkin-samalda ailegatu zen, hori Espainiako herritarrek barik, atzerriko etorkinek osatu zuten nagusiki.

2005eko jaiotza tasa % 11,6 zen, eta heriotza-tasa – % 8,9.[25][26] Biztanleriaren hazkunde tasa % 2 zen. Adin piramideari dagokionez, talderik ugariena 20-50 urte bitartean dutenena da, eta europar ongizate-gizarte gehienetan gertatzen denaren antzera, biztanleriaren zahartze nabarmena antzematen da (adinduen kopurua gero eta handiagoa da),[27] bizi-itxaropena handituz eta langa 80 urtetan ipiniz.[28]

Ekonomia

XIX. mendetik Katalunia oihalgintza industrial usadio handia duen herrialdea izan da. Gaur egun, Kataluniako ekonomia sektore nagusienak industria, turismoa eta zerbitzuak dira. 19952004 bitarteko urteko bataz-besteko hazkundea espainiar bataz-bestekoaren azpitik edon zen. Halere, 2005an % 3,3 hazi zen, espainiar bataz-bestekoaren portzentaia berdinean eta europar bataz-bestekoaren gainetik. Iturri berdinen arabera, Katalunia bere Barne produktu gordina erosteko ahalmen parekotasunari dagokionez, erkidego autonomien sailkapenean laugarrena zen. Izan ere, Espainiako BPG osoaren % 18,8 zen, industria sektorearen BPGaren % 25,5, eta zerbitzu sektorearen BPGaren % 17,5.[29] 2005an Kataluniako langabezia tasa % 6,6 zen.

2008. urtean Kataluniako BPGaren hazkundea oso nabarmen murriztuz joan zen: 2007ko urte arteko hazkundea % 3,6 izan zen, 2008ko lehenbiziko hiruhilekoa – % 2,5, eta bigarren hiruhilekoa – % 1,5.

 
Bartzelonako Avinguda Diagonal etorbidean dagoen La Caixaren eraikina.

2005eko Espainia osoko goi teknologiako esportazioak kontuan hartuta, Kataluniakoak % 34,6 ziren. Urte berean, Kataluniako inportazioak espainiar Estatu osoko % 29 ziren, eta esportaziak, berriz, – % 26,8. Urte hartako espainiar Estatuko ikerkuntza eta garapenako (I+G) gastuen % 22,8 Katalunian gauzatu ziren.

 
Martorell udalerriko SEAT automobilgintza lantegiaren aireko ikuspegia.

Bestalde, Katalunia Espainiako lehenbiziko helmuga turistikoa da; 2005an urtarrila eta azaroaren artean 13,2 milioi turista bertaratu ziren, Espainiara iritsitakoen % 25,3: urte bakar batean, % 12,7ko hazkundea. Kataluniako turismogune garrantzitsuenak Bartzelona hiribura, Costa Bravako hondartzak, Bartzelonako kostaldeko hondatzak (Matarótik hasi eta Vilanova i la Geltrú arteraino) eta Tarragonako probintziako Costa Doradako hondartzak dira, bai eta Pirinioetako eski-estazioak ere: Vaquèira-Beret, La Molina, Espot Esquí, La Masella, Port Ainé, Vall de Núria, Boí Taüll, Port del Comte, Rasos de Peguera, Tavascan Pleta del Prat eta Vallter 2000.

Kataluniako etxebizitzen salneurria Hego Euskal Herria eta Madrilgo Erkidegoarekin batera Espainiar Estatu guztiko garestienetakoa da. 2005an metro karratuko 3.397 euro ordaintzen zen, Bartzelonako hiria Donostia eta Madrilekin batera Espainian etxebizitza bat erosteko hiririk garestienen artean sailkatzen zen. Halere, 2005an Espainiar Estatu guztiko hiririk garestiena Bartzelona zen, bataz-beste metro karratu bakoitza 3.700 eurotan zegoelarik.

Finantzei dagokionez, Kataluniako aurrezki kutxen usadioa eta arrakasta nabarmendu behar da. Espainiako 46 aurrezki kutxetatik 10 kataluniarrak dira. Horien artean bereziki La Caixa nabarmentzen da, bai eta Caixa Catalunya ere. Bankuen artean, Kataluniako garrantzitsuena Banco de Sabadell da, Espainiar Estatuko laugarren banku talde handiena delarik.

Garraioa

Katalunia bai lurrez, nahiz itsasoz, zein airez ederki komunikatua dago. Lurrez heltzeko autopista, autobide, errepide eta trenbide sare zabala du.

Errepide-sarea

 
AP-7 autopistaren ordainlekuak Martorell udalerriaren parean.
 
C-32 autopista eta Garrafeko tunelak, Sitges inguruan.

Kataluniak autoak igaro daitezkeen 12.000 kilometro luzeko errepide-sarea du, nahiz eta horietako 10.843 kilometro norantza bakoitzeko bide bakarrekoak izan. Errepide-sare horretako 962 kilometro autopistak dira (665 bidesaria ordainduz eta 307 kilometro dohainik). 12.000 kilometro horietatik, 5.600 kilometro jabetzakoak dira, bai Kataluniako Generalitatea edota Aldundi Pronbintzialen jabetzakoak, bestalde, 1.955 kilometro Espainiako Sustapen Ministerioaren jabetzakoak dira.

Autopista sarearen egitura Bartzelonan zentralizatua dago:

  • AP-7: Kataluniako autopista garrantzitsuena da, «Mediterraneoko Autopista» izenez ezaguna, honek Katalunia zeharkatzen du, alde batetik Gironako probintzian barna Bartzelona eta La Jonquera elkarlotuz, eta bestaldetik Tarragonako probintzian barna Bartzelona eta Valentzia elkarlotuz. AP-7 autopistak sahiesbide baten bitartez Bartzelona hiritik igarotzea sahiesten du, Molins de Rei eta Montmeló udalerriak elkarlotuz. Errepide hau, B-30a, Bartzelonako hirugarren ingurabidea da eta Vallès eskualdea iparraldetik hegoalderako norantzan zeharkatzen du.
  • AP-2: autopista honek Lleidako probintzian barna Bartzelona eta Zaragoza hiriak elkarlotzen, ibilgailu trafiko kopuruari dagokionez Kataluniako bigarren autopista da, eta Euskal Herritik Kataluniara datozten euskaldunen ibilgailuen ohiko sarbidea da.
  • C-32: autopista hau «Pau Casalsen Autopista» izenez ere ezagutzen da, Bartzelona eta El Vendrell udalerriak elkarlotzen ditu, Garrafeko Parkeko kostaldeko errepidearen tunelak sahiesten dituelarik. Denera 56,3 kilometroko luzera du eta bi ordainleku dituenez, Europako autopista garestiena da. Bartzelona hiriburutik Palafolls udalerrira doan autopista ere C-32 gisa izendatu ohi da, «Maresmeko Autopista» izendapenaz ezagutzen delarik.
  • C-25: autopista honek Riudellots de la Selva (Girona) eta Cervera (Lleida) udalerriak elkarlotu eta Bartzelona hiriburua zeharkatzea ekidinez. Denera 153 kilometro luze ditu eta «Zehar-Ardatza» izenez ezagutzen da («Eje Transversal»).
  • C-15: «Ardatz-Diagonal» izenez ezagutzen da («Eje Diagonal»), Manresa udalerria, Vilanova i la Geltrú udalerria eta Mediterraneo itsasoa elkarlotzen ditu.

Trenbideak

 
Bartzelona-Sants geltokia.
 
Frantziako geltokia, Bartzelona.

Katalunia izan zen Iberiar penintsulan trenbidea ezarri zen lehenbiziko lekua, hain zuzen ere, 1848ko urriaren 28an Batzelona eta Mataró udalerriaren arteko linea inauguratu zenean, denera 28,4 kilometroko luzera zuelarik. Hurrengo urteetan zehar eta XX. mendea hasi aurretik Katalunian 1.000 kilometro trenbide eraiki ziren (ia gaur egungo kataluniar trenbide-sarearen % 80), Bartzelona eta kataluniar hiri nagusiak elkarlotzen zituzten ibilbideak hedatuz. Trenbide gehienak enpresaburuen kapital pribatuaren bidez finantziatuak izan ziren, heuren merkantziak eta produktuen garraioa hiriburura lehen bai lehen ailegatzeko asmoz.

Gaur egun, nahiz eta trenak etengabe zaharberrituak izan, trenbide-sarea orain dela ehun urtekoaren ia berdina da, Bartzelonan oso zentralizatua dagoen egitura duelarik. Trenbide ibilibide nagusienak bi dira:

Kataluniako trenbideen jabeak ADIF eta Kataluniako Generalitatearen Trenak dira («Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunya»). Eragileei dagokionez, Katalunian jardun ohi duten tren-konpainiak Renfe Operadora eta FGC dira.

2008ko lehenbiziko hilabeteetan zehar, Bartzelona-Sants geltokira Abiadura Handiko Trenaren martxan jarri zen, hiru linea zerbitzatzen dituelarik: Bartzelona – Madril, Bartzelona – Sevilla eta Bartzelona – Málaga. Datozen urteetan abiadura handiko linea Frantziako mugara luzatuko da, han aurrera jarraitu eta gaur egungo abiadura handiko frantziar trenbide-sareakin lotuko da, ondorioz Bartzelona eta Paris hiriak elkarlotuko direlarik.

Bestalde, 2005ko abenduan Kataluniako Generalitateak 1.100 kilometro trenbide linea berri eraikiko zituela iragarri zuen, horietatik 200 kilometro burdinbide arruntak eta 800 kilometro abiadura handiko burdinbideak, hauek kataluniar hiriak zeharka elkarlotuko dituztelarik. 20062026 bitartean gauzatuko den egitasmo horrek 25.000 miloi eurotako inbertsioa ekarriko omen du.

Portuak

Kataluniako bi portu garrantzitsuenak pasaiari nahiz merkantzien kopuruari dagokionez Bartzelonakoa eta Tarragonakoa dira. Gainera, Espainiako nahiz Mediterraneoko portu garrantzitsuenetakoak dira.

Bestalde, Kataluniako kostaldean zehar portu ugari daude: bai arrantza-portuak, bai kirol-portuak.

Aireportuak

Katalunian honako aireportu hauek daude:

Beste garraiobide publiko batzuk

Katalunian dagoen metro-sare bakarra Bartzelonako metroa da, honek hiriburuko barruti eta auzoak elkarlotzeaz gain, Bartzelona hiriburua bera bere inguruko hiriekin lotzen du: Hospitalet de Llobregat, Cornellà de Llobregat, Santa Coloma de Gramenet, Badalona, Sant Boi de Llobregat eta Montcada i Reixac. Gaur egun bederatzi linea martxan daude, TMB eta FGC konpainiek kudeatzen dituztelarik. Bartzelonako probintzian tranbia ere badago (Trambaix eta Trambesòs), bai eta bizikleta alokairuko sistema bat ere.

Bestalde, kataluniar udalerri guztietan autobus-sare edo zerbitzu bikain bat ere badago.


Polizia

 
Mossos d'Esquadrako oinezko bikotea.
 
Ekitaldietarako jantzita doan Mossos d'Esquadra bat.
 
Mossos d'Esquadraren patruila-autoa.

Kataluniak bere berezko polizia du, Mossos d'Esquadra direlakoak, bere jatorria XVIII. mendean dago eta Europako polizia zibil zaharrenakoen artean kokatzen da. 1980tik aurrera Kataluniako Generalitatearen agindupean dago, eta 19942008 bitartean Katalunia osoan Goardia Zibila eta Espainiako Polizia ordezkatuz hedakuntza prozesua gauzatu zuen. Halere, Espainiar Estatuak Katalunian eginkizun zehatz batzuk burutzeko polizia agente kopuru mugatu bat mantentzen du: portu, aireportu, kostaldeak eta mugak zainketa, atzerritarren erregimen orokorra, nortasun agirien kudeatzea, arma, droga eta lehegailuen trafikoaren aurkako borroka, Estatuaren babespen fiskala eta Espainiako Konstituzioak ezartzen dituen beste hainbat funtzio.

Segurtasunari dagokionez, Kataluniako udalerri bakoitzean tokian-tokiko udalaren agindupeko udaltzaingoak daude («Policia Local»). Gaur egun 200 udaltzaingo inguru daude. Udaltzaingo bakoitza jatorri zibila erakunde armatua da eta egitura jerarkizatua duen antolamendua du. Leku batzuetan izen ezberdina ere badute, adibidez El Vendrell udalerrian «Udal Polizia» (Policía Municipal) eta Bartzelona hiriburuan «Bartzelonako Hiri Goardia» (Guàrdia Urbana de Barcelona).

Heuren eginkizunak honako hauek dira:

  • Udalerrietako udal agintariei babesa eskeini, eta udalaren eraikin eta instalakuntza ofizialak zaindu.
  • Hirigune eta herriguneetako trafikoa zuzendu eta kontrolatu, betiere ezarritako zirkulazio edo trafiko arauen arabera.
  • Hirigune eta herriguneetan jazotako trafiko istripuetako atestatuak bideratzea.
  • Polizia administratiboa, ordenantzeei dagokionez, bere eskumenen barnean dauden udal bandoak eta xedapenak jakinarazi eta betearaztea.
  • Polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea.
  • Istripu, hondamendi edo ezbehar publikoetan laguntza eskeintzea, legeek horretarako aurreikusia duten moduan babes zibileko planen exekuzioaren arabera parte hartuz.
  • Segurtasun batzarretan ezarritako elkarlan esparruaren arabera ekintza deliktiboak ekiditeko dauden izapide eta ekintzak betearazi eta gauzatzea.
  • Eremu publikoak zaintzea eta Espainiako Estatuaren Indar eta Segurtasun-Gorputzekin nahiz Erkidego Autonomoetako Poliziekin elkarlanean manifestazioetan babes lanetan jardutea eta giza kontzetrazio handien ordenaren mantenimendua, horretarako deituak baldin badira.
  • Gatazka edo liskar pribatuen konponbidean laguntza eskeintzea, helburu horretarako deituak baldin badira.

Hizkuntzak

Sakontzeko, irakurri: «Katalan», «Aranera» eta «Gaztelania»

Kataluniako berezko hizkuntza katalana da, salbuespena Arango Harana da, bertan aranera mintzatzen baita. Katalana nahiz Espainiar Estatuko hikuntza ofiziala den gaztelania Kataluniako lurralde osoan hizkuntza ofizialak dira. Arango Haranan mintzatzen den aranera, okzitanieraren dialektoa da eta Katalunian ofizialtasuna du. Kataluniako Estatistika Institutuaren arabera, kataluniarren % 36k eguneroko bizitzan katalana hizkuntza nagusi gisa erabili ohi du, % 46k –gaztelania, % 12k biak, eta % 0,03k – aranera. Biztanleen % 6k eguneroko bizitzan beste hizkuntza batzuk eabili ohi ditu.[30] 2013ko datuen arabera, Kataluniako biztanleen % 94k ulertzen du katalana, eta % 80 katalanez hitz egiteko gai da. Erabilerari dagokionez, % 50,7 gaztelaniaz mintzo da nagusiki, eta % 36,3 – katalanez.[31]

Katalanaren ezagutza

2007ko datuen arabera,[32] Kataluniako biztanleen % 93,8k katalanez ondo edota hala-hola badaki, nahiz eta soilik katalanen % 31,6ren ama hizkuntza den eta % 37,2 hizkuntza horrekin identifikatua sentitzen den.[33] Honako taula honek Kataluniako katalanaren erabilpena adierazten du:

Katalana
Ezagutza Pertsonak Portzentaia
Ulertu 6.610.202 % 93,8
Mintzatu 5.331.000 % 75,6
Irakurri 5.143.100 % 73,0
Idatzi 3.967.500 % 56,3
2 urtez gaindiko biztanleria 7.049.900 % 100

2013ko datuen arabera, herritarren % 94,3k ulertzen du katalana, eta % 80,4k hitz egiten du. % 82,4k irakur dezake, eta % 60,4k idatzi ere bai. Ama hizkuntzari dagokionez: % 55 kataluniarrena gaztelania da, % 31rena – katalana (2003an, % 36rena). Inkestaren arabera, 2.530.000 pertsona prest daude katalana ikasteko edo ezagutza hobetzeko, edozein arlotan. Kataluniako biztanleen % 40 inguruk, beraz, katalana hobeto jakin nahiko luke. Ezagutzari dagokionez, katalanak urratsak ematen jarraitzen du[31].

Gaztelaniaren ezagutza

2008an Kataluniako Estatistika Institutuak bere webgunean argitaratutako datu ofizialen arabera, Kataluniako hizkuntza mintzatuena gaztelania zen, katalana ama hizkuntza,[34] identifikazio hizkuntza[35] edota eguneroko edo ohiko hizkuntza gisa gainditzen zuelarik.[36]

Gaztelania
Ezagutza Pertsonak Portzentaia
Ulertu 6.973.500 % 99,0
Mintzatu 6.793.900 % 96,4
Irakurri 6.440.300 % 91,4
Idatzi 6.258.200 % 88,8
2 urtez gorako biztanleria 7.049.900 % 100

Iturria: Idescat. Demografia inkesta[37]

2013ko datuen arabera, gaztelaniari dagokionez, populazioaren % 95ek baino gehiagok erantzun du gai dela gaztelania ulertzeko, hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko.[31]

Araneraren ezagutza

Honako taula honek Arango Haranan araneraren ezagutzari buruzko datuak adierazten ditu (2001an). Portzentaiak eskualde honetako biztanleriarekin bat datoz, ez Kataluniako biztanleriarekin.

Araneraren ezagutza[38]
Ezagutza Pertsonak Portzentaia
Ulertu 6.712 % 88,88
Mintzatu 4.700 % 62,24
Irakurri 4.413 % 58,44
Idatzi 2.016 % 26,69

2013ko datuetan jasota dagoenez, Val d’Araneko biztanleen % 80k ulertzen du, % 56k hitz egiten du, eta % 35ek idazten ere badaki. Katalanarekin ez bezala, aranerari dagokionez etxeko transmisioak eta erabilerak huts egiten du, eta hezkuntza da hizkuntzari eusteko bide nagusia. Ondorioz, 30 urtetik beherakoak dira okzitanieraz idazten eta irakurtzen ondoen dakitenak, baina 65 urtetik gorakoak dira, nagusiki, okzitanieraz hitz egiten dutenak.[31]

Atzerritar hizkuntzen ezagutza

2011ko martxoan Kataluniako Estatistika Insititutuak eta Komunikazioaren Barometroak kataluniar gizartean hizkuntzen erabilpena eta ezagutzari buruz elkarlanean argitaratu zuten ikerketaren emaitzak honako hauek dira:[39]

Ezagutza Katalana Gaztelania Ingelesa Frantsesa Arabiera Beste batzuk
Ulertu % 95,3 % 99,9 % 24,1 % 13,2 % 3,1 % 9,6
Mintzatu % 77,5 % 99,8 % 18,8 % 10,8 % 3,0 % 8,5
Idatzi % 60,6 % 99,0 % 15,8 % 8,2 % 2,6 % 6,7

2013ko datuen arabera, ingelesa % 38,4k ulertzen du, % 31k hitz egiten du, eta % 34k – irakurtzen. Frantsesa, berriz, % 25ek ulertzen du, eta % 16k – hitz egiten. Gainera, Katalunian bizi diren 662.300 herritarrek beste hizkuntzaren bat dauka ama hizkuntza. Hurrenkera honetan: arabiera (151.700 pertsona), errumaniera (56.100); amazigera (41.800), frantsesa (38.800); galiziera (33.200) eta errusiera (31.900)[31].

Erabilera

2013an aurkeztutako datuen arabera, gaztelaniaren erabilera igo egin da azken bost urtean: 2003an – % 47ko erabilera, 2008an – % 46koa, eta 2013an – % 50ekoa. Katalanaren erabilerari dagokionez, herritarren % 35,6ren ohiko hizkuntza da; duela 10 urte baino gutxiago (2003an – % 46), baina duela 5 urte baino apur bat gehitxoago (2008an – % 35,6).[31]

Ferran Mascarell kultura sailburuak aurkeztu zituen datuok, eta baita zenbait ondorio eta iritzi eman ere. Mascarellen arabera, datuak azaltzeko orduan (eta batez ere katalanak izan duen atzerakada azaltzeko), eragin nabarmena izan dute Hego Ameriketatik heldutako 700.000 erdal hiztunak. Atzerrian jaiotako biztanleak 2003an % 9 ziren; 2013an, ostera, – % 17,5. Dena den, eta globalizazioaren eragina ere handia izan arren, katalanak normalizaziorantz urratsak ematen jarraitzen du eta katalana erakargarria da herritarrentzat, eta hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko gogoa nabari da herritarren artean. Belaunaldi berriek usu erabiltzen dute lagunekin[31].

Katalanaren erabilera nagusi da Kataluniako eskualderik gehienetan, eta katalana gaztelania baino gehiago erabiltzen da, bai ikaskideen artean, baita lan munduan ere. Txostenean emandako datu eta ondorioen artean azpimarratzen da, gainera, ama hizkuntza katalana ez dutenen artean, 3.000.000 herritarrek katalana ikasi duela, eta 600.000 lagunentzat ohiko hizkuntza bihurtu dela. Bestalde, belaunaldien arteko transmisio linguistikoa katalanaren aldekoa da, 6 puntuko aldearekin (hau da, seme-alabekin katalanez hitz egiten duen herritarren kopurua handiagoa da, gurasoekin mintzo dena baino).[31]

Lurraldearen arabera, alde handia

Bartzelonako metropolia da katalanez gutxien hitz egiten den ingurua, % 27,8, duela 10 urte baino 10 puntu gutxiago (2003an – % 37,1). Gaztelaniaren erabilera, aldiz, % 60 da. Katalan gehien egiten den eskualdea, aldiz, Terres de'l Ebre da (% 74), eta jarraian Terres de Ponent (% 62), Alt Pirineu i Aran (% 61,3), eta Comerques Gironines (% 51,5).[31]

Ohitura eta usadioak

Sakontzeko, irakurri: «San Jurgi Eguna»
 
Vilafranca del Penedès udalerriko castellerren hirutan hamarreko dorrea.

Kataluniako dantza nazionala Sardana da. Borobil batean dantzatu ohi den dantza bat da, bertan dantzariak eskutik heldutzen dira, eta ahal bada gizona-emakumea-gizona-emakumez ordena jarraituz... Dantzari guztiak biribilaren erdira begiratuz dantzatzen direlarik. Ball de bastons («Makil-dantza») eta Terres de l'Ebre eskualdeko jota ere kataluniar dantza herrikoiak dira, gainera kataluniar kostaldean havanerak abesteko ohitura dago, Calella de Palafrugell herriko havanera lehiaketa nabarmentzen delarik.

 
Larrosa saltokia Sant Jordi Egunean ("San Jurgi Eguna").

Kataluniar adierazpen nabarmena eta nazioartean oso ezaguna dena Casteller delakoa da (giza-dorreak), jatorria Tarragonako probintziako Camp de Tarragona eskualdean du eta Kataluniako beste eskualde batzuetara ere zabaldu da. Casteller lehiaketen partaideak nork egitura garai eta hobeagoak gauzatzen dituen lehiatzen dira, egitura hauen gailurrean mutiko edo neskato bat igo eta besoa altxatzen duelarik.

Apirilaren 23an Sant Jordi Eguna («San Jurgi Eguna») ospatu ohi da, Kataluniako Santu Zaindaria. Jaiegun hau senide, lagun eta bikoteen artean larrosa bat eta liburu bat elkar oparituz ospatu ohi da.

Ekainaren 23an, Sant Joan eguneko bijilia ospatu ohi da. Antzinako ohitura herrikoiaren arabera, deabruak, madarikazioak eta beste hainbat ezbehar usatzeko suak piztu ohi dira. Gainera, egun honetan coca jan eta cava edaten da.

2010eko uztailaren 28an Katalunian zezenketak desagertarazteko legea onartu zen. Lege berri hau 2012ko urtarrilaren 1an indarrean sartu zen, Lege Ekimen Herrikoi baten ondorioz hasi zelarik, bertan 180.000 lagunek zezenketen debekuaren alde sinatu zutelarik.[40][41]

Kataluniako usadio herrikoairen arabera eguberrietan pertsonairik nabarmenena Tió de Nadal da («Eguberritako Enborra»), haur nahiz helduei oparoak banatzen dizkien enborra, Euskal Herriko Olentzeroaren nolabaiteko parekidea. Antzina enbor honi su ematen zitzaion, gaur egun ordea ez zaio surik ematen eta opariak "kaka eginaraziz" ematera derrigortzen zaio. Bestalde, eguberrietako beste kataluniar irudi ospetsua Caganer delakoa da.

Jaiegunak

Kataluniak urtean 15 jaiegun ditu: bederatzi jaiegun Espainiako Estatuaren Administrazio Nagusiak ezarritakoak dira, beste bost jaiegun Kataluniako Generalitateak jarriak dira, eta azken jaieguna udalerri bakoitzeko santu zaindariaren ohorez ospatu ohi da. Udalerri bakoitzeko jaiegunaz kanpo, gainerako hamalau jaiegunak honako hauek dira:

Kultura

Literatura

Sakontzeko, irakurri: «Katalunierazko literatura»

Katalunierazko literaturak bi urrezko aro bizi zain ditu: lehenbizikoa XIIIXIV. mendean izan zen, Joanot Martorell valentziar idazlearen zaldun-eleberriekin eta Ausiàs March valentziar olerkariarekin, bai eta Ramon Llull idazle mallorkarrarekin. Bigarren urrezko aroa XIX. mendean gauzatutako Renaixença («Berpizkudea») izeneko kataluniar kultura eta politika mugimenduarekin. Aro honetan honako idazle hauek nabarmendu ziren: Jacinto Verdaguer, Narciso Oller, Joan Maragall eta Àngel Guimerà. XX. mendean zehar Noucentisme eta Abangoardismo mugimenduak garatu ziren, bertan honako olerkari hauek nabarmendu zirelarik: Josep Carnero, Carles Orilla eta Josep Vicenç Foix i Mas. Espainiako Gerra Zibilan zehart eta Diktadura Frankistaren aroan Josep Pla, Mercè Rodoreda eta Salvador Espriu nabarmendu ziren. Gaur egungo katalunierazko idazle nabarmenen artean honako hauek daude: Quim Monzo, Mercè Rodoreda...

Gaztelaniaz idatzi duten kataluniar idazle nabarmenak honako hauek dira: Manuel Vázquez Montalbán, Terenci Moix (gaztelaniaz nahiz katalanez), José Agustín Goytisolo, Luis Goytisolo eta Juan Goytisolo.

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Kataluniako musika» eta «Katalunierazko musika»
 
Lluís Llach kantautorea.

Kataluniako kultur arlo sendoenetako bat musika da, bai urte osoan burutu ohi diren ekitaldi eta musika emanaldien kopuruarengatik, nahiz musikagune sare zabalarengatik, bai eta Katalunian dauden musikagile, musikari, abeslari eta musika talde kopuru ugaria dela eta.

1990eko hamarkadan gailendu zen kataluniar rock mugimenduan Els Pets, Sopa de Cabra edota Sau musika taldeak eta Quimi Portet abeslariak nabarmendu ziren, katalanezko pop-rock zuzpertu zutelarik. Kataluniako gaztelaniazko musika talde eta abeslari ospetsuen artean honako hauek daude: Los Sírex, Santabárbara, Loquillo y Los Trogloditas (Loquillo abeslaria kide dela), El Último de la Fila (Manolo García kantautorea kide dela), Jarabe de Palo, Los Rebeldes, Sergio Dalma eta Mónica Naranjo. Rumba catalana deritzon musika mugimendua ere eman zen, bertako musika talde eta abeslari ospetsuenak honako hauek izan zirelarik: El Pescaílla, Peret, Gato Pérez, Los Manolos eta Estopa, azken hauek kataluniar errunba eta pop-rocka elkar nahasiz.
 
Estopa bikotea.
  • Musika jarduerak: Maiz ospatu ohi diren musika emanaldi eta kontzertuez gain, bartzelonar eszenatoki nagusienetan musika jarduerak programatu eta Kataluniako hainbat tokitan ere nazioarteko musika jarduerak egon ohi dira. Bartzelona hirian honako hauek nabarmentzen dira: Festival Primavera Sound (musika elektronikoa, urtero maiatzeko hiru egunetan), Sónar Jaialdia (musika elektronikoa eta multimedia, ekainean) eta Festival Grec (eklektikoagoa, uztailean hiriburuko hainbat eszenatokitan ospatu ohi da).
Bartzelona hiritik kanpira honako musika jaialdi hauek nabarmentzen dira: Viceko Zuzeneko Musikaren Jaialdia, Pereladako Jaialdia, Terrassako Jazzaldia, Tarragonako Nazioarteko Dixieland Jaialdia eta El Vendrelleko Nazioarteko Pau Casals Musika Jaialdia. Urteroko beste jarduera garrantzitsu bat Kataluniako Nazioarteko Diskoaren Azoka da.

Zinema

Kataluniar zinema zuzendari ospetsuak dira Vicente Aranda, Bigas Luna, Isabel Coixet, Jaime Rosales, Juan Antonio Bayona eta Isaki Lacuesta, besteak beste.

Aktore ezagunen zerrendan, Mary Santpere, José Sazatornil, Rosa Maria Sardà, Silvia Munt, Juanjo Puigcorbé, Josep Maria Pou, Assumpta Serna, Eduard Fernández, Ariadna Gil, Sergi López, Candela Peña, Neus Asensi, Daniel Brühl eta Ingrid Rubio ditugu, beste batzuen artean.

Bestela, Sitgeseko Zinemaldia eta Torellóko Mendi Zinemaldia aipatzekoak dira. Gaudí Sariak Katalunia mailan arlo honetan banatzen diren prestigiotsuenak dira.

Artea

 
Kataluniako Arte Museo Nazionalaren egoitza den Jauregi Nazionala. Montjuïc, Bartzelona.

Nazioartean ospe handiena duten kataluniar margolariak honako hauek dira: Salvador Dalí, Joan Miró eta Antoni Tàpies, guztiak XX. mendekoak. Pablo Picasso malagarra denboraldi batez Kataluniako margolaritza giroari estuki loturik egon zen, gaztaroan Bartzelonan bizi izan baitzen, bertan artista gisa hazi eta kubismo estilosna margotzen hasi zelarik. Arte Plastikoen munduan heuren aztarna laga duten beste kataluniar margolari batzuk Ramon Casas, Josep Maria Subirachs edota Marià Fortuny izan dira.

Kataluniako margolaritza museo garrantzitsuenak honako hauek dira: Dalí Antzoki-Museoa (Figueres udalerrian), el Museo Picasso de Barcelona, Antoni Tàpies Fundazioa, Joan Miró Fundazioa, Kataluniako Arte Museo Nazionala, Bartzelonako Arte Garaikideko Museoa, Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentrua eta CaixaForum Barcelona.

Arkitektura

 
Mas Fabregas del Bosc masia (L'Ametlla del Vallès).

Arkitekturari dagokionez, Katalunian Europan nagusi ziren hainbat arkitektur estilo garatu eta herrialde honetara moldatu izan dira., bertako eliza, monasterio eta katedraletan aztarna laga duelarik, bai erromaniko estiloko eraikinak (adibide onenak Gòtia eta Hispaniar Markako lurraldekoak) eta gotiko estiloko eraikinak dira (adibide onenak Katalunia Berriko hirietan topa daitezke). XIX. mendean modernismoak kataluniar arte nazionala bereganatu zuen, bereziki apaindura arteari zegokionez. Kataluniako arkitektuek nazioarteko goraipamena jaso zuten, haien artean ospetsuenak honako hauek izan zirelarik: Antoni Gaudí, Lluís Domènech i Montaner eta Josep Puig i Cadafalch. Arrazionalismo arkitektonikoari dagokionez, Josep Lluís Sert, Torres Clavéo eta beste hainbat arkitekto nabarmendu ziren. Oraintxuki, beste askoren artean Josep Antoni Coderch eta Ricard Bofill hirigileak nabarmen dira.

Kataluniar landa arkitektura herrikoiari edo landetxeei dagokionez, kataluniar eraikin nabarmen edo ezagunena masia da (Euskal Herriko baserrien nolabaiteko parekidea). Masiak Kataluniako landa inguruneetan non-nahi topa litezke, nekazari edo artzainen esparru sakabanatuko eraikin tipikoa eta herriguneetatik aldenduta.

Gizateriaren Ondarea

 
Sant Climent de Taüll.
 
Familia Santuaren tenpluaren atari nagusia.

Katalunia UNESCO erakundearen Gizateriaren Ondarea diren monumentu eta eraikin ugariren kokalekua da. Zerrenda horretara gehitu zen lehenbiziko eraikinak 1984an Antoni Gaudíren arkitektur lan modernistak izan ziren, denak izendapen berdineko multzoan bateratu zirelarik. Arkitektur lan hauek honako hauek dira: Güell parkea, Güell jauregia, Milà Etxea, Familia Santuaren tenplua, Vicens Etxea, Batlló Etxea eta Güell kolonia dira. 1991an zerrenda honi Pobleteko monasterioa gehitu zitzaion, bertan Aragoiko Koroaren errege ugariren hilobiak daudelarik. Zazpi urte geroago, Iberiar penintsulako Mediterraneoko arkuko labar-pinturaren izendapenean Meditearraneoko kostaldean zehar hedatzen diren labar-pinturako kokaleku gehitu ziren, tartean Katalunian kokatutakoak. 2007an Lluís Domènech arkitektoak eraikitako Kataluniar Musikaren Jauregia eta Sant Pau Ospitalea eraikin modernistak multzo berdinean bateratu eta zerrendari gehitu zitzaizkion. 2000an zerrendari bi multzo beri gehitu zitzaizkion: La Vall de Boíko eliza erromanikoak eta Tarracoko Arkeologia Multzoa. 2005an azken gehikuntza egin zen, Patum de Berga ospakizuna, Gizateriaren Ahozko eta Materiagabe Ondarea izendatu zelarik.

Zientzia eta tekonologia

 
Zientziaren Museoaren kartela, gaur egun CosmoCaixa Barcelona museoa dena.
 
Eduard Punset kataluniar zientzia-hedatzailea.

Zientzia eta teknologia ikerketa luzaroan Kataluniako industria eta ekonomiaren oinarrietako bat izan da. Kataluniako zientzialari garrantzitsuenetako batzuk honak hauek dira: Narcís Monturiol, Josep Comas i Solà astronomoa, Eduard Fontserè klimatologoa eta Joan Oró biokimikaria. Ekonomia alorrean Andreu Mas-Colell ekonomilaria nabarmentzen da. Bestalde, Eduard Punset abokatu, ekonomilari eta zientzialariak telebistan, irratian nahiz aldizkarietan zientziaren hedapenaren alde burututako lana ere goraipagarria da.

Gaur egun, kataluniar gobernuak nahiz kataluniar enpresa pribatuek zientzia eta teknologia ikerketak bultzatu asmoz inbertsio ekonomiko handiak gauzatzen ari dira, ez bakarrik unibertsitateetan baita ikerketa erakunde pribatuetan ere. Betebehar honetan Kataluniako Zientzia Ikerketen Goi Kontzeilua nabarmentzen da («Consell Superior d'Investigacions Científiques de Catalunya»).

Zentzu honetan, eraiki berria den Bartzelonako Biomedikuntza Ikerketaren Parkea nabarmentzen da, biomedikuntza arloan Europa osoko garrantzitsuena dena, bai eta Bartzelonako 22@ auzoaren proiektua, honetan europar teknologia arloko enpresa aurreratu eta gorenen instalakuntza bultzarazi nahi da. Cerdanyola del Vallès udalerrian ere Sinkrotron bat martxan jarri nahi zen.[43] Terrassa udalerrian Kataluniako Zientzia eta Teknikaren Museoa dago eta Bartzelona hiriburuan CosmoCaixa Barcelona museoa, antzina Zientziaren Museoa deitzen zena.

Gastronomia

 
Bartzelona hiriburuko La Boqueria merkatua.

Kataluniako gastronomiak usadio handia du. Jada XV. mendeko agirietan berau osatzen duten plateretako batzuk deskribatzen dira. Itsasoa, mendia nahiz baratzako produktu ugariz osatua dago. Kataluniar sukaldaritza arrain gisatuz eginiriko plater asko ditu, esate baterako, suquet edota sarsuela de peix, escudella (eltzekoa), calçotada eta salvitxada. Katalunian usadio handiko jakia Pa amb tomàquet delakoa da, hots, haragiz nahiz hestebeteez osatutako plateren lagungarria den ogi eta tomatezko ogitartekoa. Kataluniar sukaldaritzako saltsa nabarmenenak Alioli eta romesco saltsak dira.

Osona eskualden egiten diren hestebete moten ugaritasuna azpimarragarria da, bereziki Viceko fueta. Katalunian nahiz Kataluniatik kanpo oso ezagunak diren butifarrak hainbat osagaiez eginak daude.

Gozogintzari dagokionez, honako hauek nabarmentzen dira: kataluniar krema, Coca de Sant Joan opila, bereziki azaroan egin eta jaten diren panellets opilak, Menjar blanc delakoa, etab.

Katalunia ardo ekoiztaile garrantzitsua izateagatik ere nabarmentzen da. Penedés, Alella, Priorat eta Segre eskualdeak ardo mota ugariren ekoizpen-lekuak dira. Kataluniako ardo ezagun eta esportatuena Penedés eskualdeko cava da, cava ekoizle nagusiak Freixenet eta Codorníu enpresa familiarrak direlarik. Bestalde, Kataluniako beste edari alkoholdun eta ez hain ezaguna Ratafia da.

Katalunian Espainiako autonomia erkidego eta eskualde guztietako sukaldaritzak eskeintzen dituen jatetxea daudela adierazgarria da, bai eta nazioarteko sukaldaritza ere. Katalunian jatetxe kopuru eta sukaldaritza aniztasun gehien dituen hiria Bartzelona den arren, jatetxe prestigiotsu eta «Michelin izar» gehien dituzten jatetxeak hiriburutik kanpo daude: Ferran Adrià sukaldariaren El Bulli jatetxea (Roses, Gironako probintzia), Carme Ruscalleda sukaldariaren Sant Pau jatetxea (Sant Pol de Mar, Bartzelonako probintzia eta Santi Santamaria sukaldaria zenaren Can Fabes jatetxea (Sant Celoni, Bartzelonako probintzia). Beste kataluniar sukaldari nabarmen bat Sergi Arola da.


Kirola

 
Bartzelona Futbol Klubaren egoitza eta jokolekua den Camp Nou estadioaren aireko ikuspegia, bertan talde honen leloa irakur daiteke: Talde Bat Baino Gehiago ("Mes Que Un Club").

Katalunia kirol usadio handia duen herrialdea da, bereziki XIX. mendearen amaieraldetik hasita, data honetan kirol arlo askotako kataluniar talde eta elkarte handiak sortu baitziren. Kirolik sustraituenak futbola, saskibaloia, tenisa, hockey dira. Katalunian eskiarekiko dagoen zaletasuna ere azpimarragarria da, Kataluniar Pirinioetan eski-estazio ugari daudelarik.

 
1992ko Bartzelonako Udako Olinpiar Jokoak ospatu ziren Lluís Companys Olinpiar Estadioa.
 
Montmeló udalerrian dagoen Circuit de Catalunya, 1 Formula eta MotoGPko Espainiako Sari Nagusiaren egoitza.

Kataluniako futbol talde ospetsuenak Bartzelona Futbol Kluba eta Reial Club Deportiu Espanyol dira, biek Espainiako futbol ligako lehen mailan jokatu ohi dutelarik. Beste futbol talde garrantzitsuak Espainiako futbol ligako bigarren mailan jokatu ohi duten Centre d'Esports Sabadell Futbol Club eta Girona Futbol Club taldeak dira. Bartzelona Futbol Kluba Espainiako futbol ligako lehen mailako 21 txapelketa irabazi ditu, lau UEFAko Txapeldunen Liga, 26 Futboleko Espainiako Errege Kopa eta beste hainbat titulu garrantzitsu ere, Europa nahiz munduko futbol talde garrantzitsuenetako bat delarik. 20082009ko denboraldia nabarmentzen da, bertan Bartzelona Futbol Klubak jokoan zeuden txapelketa guztiak irabazi baizituen (Espainiako futbol ligako lehen maila, Futboleko Espainiako Errege Kopa, UEFAko Txapeldunen Liga, Futboleko Espainiako Superkopa eta FIFAren Kluben arteko Munduko Kopa), urte berean balentria hori lortu zuen lehenbiziko futbol taldea bilakatu zelarik.

Kataluniako futbol selekzio bat badago, baina Euskal Herriko futbol selekzioaren antzera oraingoz ez du ofizialtasunak lortu ahal izan.

Kataluniako gaur egungo saskibaloi talde garrantzitsuenak honako hauek dira: FC Barcelona, Club Joventut de Badalona, Basquet Manresa eta Girona Bàsquet.

Kataluniak nazioarteko kirol txapelketa eta lehiaketa ugari antolatu izan ditu: 1992ko Udako Olinpiar Jokoak Bartzelona hirian ospatu ziren, 1955an Mediterraneoko Jokoen egoitza izan zen, Munduko Atletismo Txapelketa, EuroBasket eta Munduko Igeriketa Txapelketaren egoitza izana da, gainera Bartzelona hiria Espainian ospatutako 1982ko Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat ere izan zen. 1 Formula eta MotoGPko Espainiako Sari Nagusia Montmeló udalerrian dagoen Circuit de Catalunyan ospatu ohi dira, bai eta Kataluniako Rallya ere (Costa Brava Rallya).

Kataluniako hamabi kirol federazio nazioarteko kirol federazioen onarpena dute eta ofizialak dira. Kataluniar federazio hauek hamalau kirol disziplinetan heuren selekzioak dituzte, haietako bat bera ere ez da olinpiarra, baina nazioarteko txapelketetan Katalunia ordezkatuz modu ofizialean lehiatzen dira. Hamalau katalunia selekzio ofizial horiek honako kirol hauetakoak dira: areto-futbola, corfbola, pitch & putt, australiar futbola, kulturismoa, taekwondoa, twirling, kickboxing, karatea, icestock, raquetball, mendi lasterketa, mendiko eskia eta eskalada.

Hedabideak

Katalunia Espainiar Estatuan hedabide gehien dituen autonomia erkidegoa da, bai ikusentzunezkoa zein idatzizkoak. Katalan nahiz gaztelaniaz hedabide ugari daude, baita elebidunak ere.

Telebista

 
TV3 telebista kateko ikurra.

Televisió de Catalunya, Kataluniako Autonomia Erkidegoko telebista publikoa eta Kataluniako telebista talde garrantzitsuena da. Emankizun guztiak katalanez ematen ditu, eta sei kate ditu: TV3, El 33 (lehen Canal 33 deitua), 3/24 (24 orduko albiste katea), Esport3 (kirol katea) eta Canal Super3/3XL (haur eta gazteentzako kateak). TV3 kateak espainiar estatuko katalanezko telebista-kateekin lehiatzen da: bai Televisión Española telebista pubikoa (katalanezko saioak Sant Cugat del Vallès udalerriko estudioetan ekoizten dituelarik), nahiz telebista pribatuekin: Tele 5, Antena 3, Cuatro eta La Sexta. Telebista pribatu horietako azkenak Bartzelonan du egoitza nagusia; beste hirurek, berriz, egoitza nagusiak Madrilen dituzte, eta lurralde ordezkaritzak dituzte Katalunian, katalanezko saioak bertatik aireratzeko.

Ikuslego kopuru apalagoa duten beste kataluniar telebista-kate batzuk honako hauek dira: 8tv (katalanez aireratzen den Grupo Godó taldearen katea), Canal Català de Televisió eta Barça TV. Bestalde, eskualde, hiri nahiz tokiko katalan eta gaztelaniazko telebista-kate ugari daude; guzti horien adibide nabarmenena hiriburuan ikus daitekeen Barcelona Televisió katea da (katalanez dihardu).

Prentsa

Kataluniako egunkari eta aldizkari argitaratzaile-talde nagusiak Grupo Godó eta Grupo Zeta dira. Talde horietako bakoitza albiste orokorrak, kirol albisteak, nahiz gai orokorretako albisteak dakartzaten egunkari eta aldizkari ugariren jabe da.

Katalunian bi egunkari nagusiak El Periódico de Catalunya (Grupo Zetaren jabetzakoa, katalan eta gaztelaniazko argitalpen banakin) eta La Vanguardia (Grupo Godó taldearen jabetzakoa eta gaztelaniaz osoki argitaratua) dira. Bi egunkari horiek dute Katalunian irakurle kopuru eta hedapen handiena. Bestalde, katalan hiztunen artean ongi sustraitua daude El Punt Avui eta Ara egunkariak. Bartzelona, Tarragona, Girona eta Lleidako probintzietan katalanezko tokian tokiko egunkari ugari ere badaude, garrantzitsuenak honako hauek dira: El 9 Nou, El Punt, Diari Segre, Regió 7, Diari de Girona eta Diari de Tarragona.

Kirol albisteei dagokienez, Kataluniako bi egunkari garrantzitsuenak Sport (Grupo Zeta) eta El Mundo Deportivo (Grupo Godó) dira, biak ere Bartzelona hiriburuan argitaratuak, osoki gaztelaniaz. Aldiz, katalanez El 9 Esportiu egunkaria nabarmentzen da.

Kataluniako egunkari edo hedabide digitalen artean garrantzitsuena VilaWeb da.

Irratia

 
Catalunya Ràdio irrati-kateko Hem de parlar ("Mintzatu behar dugu") irratsaioaren zuzeneko emanaldia, Bartzelona hiriko Kataluniako plazan, 2009ko Sant Jordi Egunean.

Katalunian entzule gehien dituen irrati-katea Catalunya Ràdio, Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals erakundearen jabetzako irrati-katea. Hedabideen Ikerketa Orokorraren azken txostenaren arabera 570.000 entzule inguru zituen, honek entzule kopuruari dagokionez, Espainiar Estatuko bosgarren irrati-katea bilakatzen duen, nahiz eta Kataluniako lurraldean eta katalanez bakarrik aireratzen den. Erakunde honek 24 orduz albisteak ematen dituen beste irrati-kate bat ere badu, Catalunya Informació delakoa.

Katalunian entzule kopuruari dagokionez bigarren postuan dagoen irrati-katea Cadena SER da, Radio Barcelona bere Kataluniako irrati-kate nagusia delarik (Espainian nahiz Katalunian sortu zen lehenbiziko irrati-katea). Jada, entzuke kopuru gutxiagoz gainerako irrati-kateak daude: lauek katalanez osoki aireratzen dira, COM Ràdio (Bartzelonako Aldundiaren jabetzako irrati-kate publikoa), RAC 1 (Grupo Godó), Ràdio 4 eta Onda Rambla; gainera gaztelaniaz osoki aireratzen diren Espainiar Estatuko irrati-kateak ere entzun ohi dira: Radio Nacional de España, Cadena COPE, Onda Cero eta Punto Radio.

Kataluniak hirugarren sektoreko[44] irrati-kateak ere baditu (irabazi-asmorik gabekoak), heuren burua kudeatzen duten Radio Pica55[45] eta Radio Bronka irrati-kateak ezagunenak direlarik.

Hedabide eta ekoiztetxe taldeak

Katalunia hedabide talde indartsuen egoitza edo kokalekua da, ikusentzunezko arloan nahiz prentsa arloan, liburuen eta aldizkarien argitaratzean, eta zinemagintzan dagokionez ere bai. Azpimagarrienak Grupo Godó, Grupo Planeta eta Grupo Zeta dira. Ikusentzunezko arloari dagokionez, Gestmusic, El Terrat eta Mediapro ekoiztetxeak nabarmentzen dira. Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals enpresa publikoa ere nabarmentzekoa da, hedabide askoren jabetza izateaz gain, Televisión de Cataluña telebista-katea eta Catalunya Ràdio irrati-katearen jabea baita.

Euskal diaspora Katalunian

Sakontzeko, irakurri: «Bartzelonako Euskal Etxea»

Hiri horretako Ciutat Vella barrutian dago Bartzelonako Euskal Etxea, Bartzelona hiriko nahiz Kataluniako euskal diasporaren topaleku.

Bartzelonako Euskal Etxea 1979. urtean jaio zen, bertako euskaldun eta katalanak elkartzeko leku bat sortzeko nahiarekin. Orduz geroztik Katalunian euskal kultura hedatuz lanean aritu da, horretarako ekintza-sorta ederra eskainiz: kontzertuak, antzerkia, euskara ikastaroak, liburu-aurkezpenak, hitzaldiak, euskal tradizioko jai nagusien ospakizunak (San Sebastian Eguna, Santa Ageda Eguna, Santo Tomas Eguna…), euskal musikaren instrumentu tradizionalen tailerrak, euskal dantzak

Gainera euskaldunak eta katalanak elkarrekin topatzeko lekua ere bada, hain zuzen ere jatetxearen atzean dagoen txokoari esker. Bertan zer edo zer edan ahal duzu prezio herrikoietan, Euskal Herriko egunkari eta aldizkariak irakurri, ETB Sat bitartez futbol eta pilota partiduak ikusi ahalko daitezke eta honetaz gain formatu txikiko ekitaldi kulturalez ere gozatu ahal daiteke (kontzertuak, antzerkia, hitzaldiak…)

Katalan ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: «Katalan (herria)»

Iruditegia

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Estatut d'Autonomia de Catalunya (Parlament de Catalunya) (Noiz kontsultatua: 2010-10-29)
    Aipua: «Primero.- Cataluña es una nación.»
    .
  2. (Katalanez) Kataluniaren osaketa
  3. Katalunia eta katalanari buruzko bitxikeriak (Katalanez)
  4. Kataluniako Etimologia (Gaztelaniaz)
  5. Textos i Estudis de Cultura Catalana. Història. Miquel Coll i Alentorn. Curial Edicions Catalanes. Publicacions de l'Abadia de Montserrat. 185. orr. 2011ko irailaren 9a.
  6. Textos i Estudis de Cultura Catalana: Història. Coll i Alentorn, Miquel. Curial/Abadia de Montserrat. Bartzelona. 1992, 185. orr. isbn=9788478262997
  7. El Misteri de la Paraula Cathalunya (Katalanez)
  8. Símbols de Catalunya
  9. a b Els Símbols Nacionals Generalitat de Catalunya
  10. Milaka lagun bildu dira independentziaren alde, Bartzelonan. Eitb.com. 2009ko irailaren 11.
  11. Independentziaren aldaerria. Berria.info. 2011ko irailaren 11.[Betiko hautsitako esteka]
  12. Cataluña. es.encarta.msn.com Historia. MSN Encarta gaztelaniaz. 2009ko irailaren 27a. (Gaztelaniaz)
  13. "El impulso decisivo vino de la mano de Jaime II, que con gran habilidad transformó la unión dinàstica en una federación de Estados, todavía imperfecta, pero de gran efectividad, sobre todo cara a la proyección mediterránea de la Corona, utilizando para ello las Cortes particulares de cada Estado, delimitando las fronteras entre ellos, y dotándolos de administraciones y gobiernos similares, aunque conservando sus particularidades fiscales, monetarias o judiciales. Como señaló E. Sarasa (La Corona de Aragón en la Edad Media, Zaragoza, 2001) "la dualidad monarquía común y diversidad territorial parece que fue la clave del éxito de la Corona de Aragón como realidad histórica, al margen de las denominaciones aplicadas por algunos autores (Imperio catalano-aragonés, Confederación catalano-aragonesa, Condes-Reyes, etc.). En tiempos de Jaime II "Corona de Aragón" (Corona Aragonie) era la denominación habitual para el dominio real. La monarquía cohesionaría la actuación exterior de los tres Estados, cuyos objetivos eran similares, pero siempre tratando de equilibrar las fuerzas centrales y las periféricas; de modo que para fortalecer el conjunto, Jaime II promovió en la Cortes de Tarragona -en 1319- el Privilegio de Unión, proclamando la indivisibilidd de los tres Estados que integraban la Corona de Aragón, y en el juramento real se introdujo la fórmula de mantener íntegra y unida la Corona. En definitiva, La Corona de Aragón era la Corona del rey. No olvidemos, por lo demás, que la Corona de Aragón no fue sólo una construcción política, sinó también una potencia mercantil, marítima y cultural de primer orden en el Mediterráneo, cuyo éxito se basó en el papel de la monarquía como institución indiscutible y aglutinadora, posición que se afirmó en el tránsito de los siglos XIII y XIV, precisamenet durante el reinado del rey Justo." Hinojosa Montalvo, José; Jaime II y el esplendor de la Corona de Aragón; 268-269. orr.
  14. «La expansión: el Casal d'Aragó (1213-1412) / L'expansió: el Casal d'Aragó (1213-1412)», en Ernest Belenguer, Felipe V. Garín Llombart y Carmen Morte García, La Corona de Aragón. El poder y la imagen de la Edad Media a la Edad Moderna (siglos XII - XVIII), Sociedad Estatal para la Acción Cultural Exterior (SEACEX), Generalitat Valenciana y Ministerio de Cultura de España - Lunwerg, 2006. ISBN 84-9785-261-3: "Entre los siglos XII y XIV, la documentación poco habla de Corona de Aragón y más del Casal d'Aragó, si bien la expresión de Corona de Aragón ya se observa con Jaime el Justo, prevaleciendo así el título jerárquico del reino por delante del de condado y principado.|Belenguer, Garín Llombart y Carmen Morte, «La expansión: el Casal d'Aragó (1213-1412) / L'expansió: el Casal d'Aragó (1213-1412)», op. cit. 2006.
  15. Pirinioetako Akordioaren testu osoa Frantziako Artxibategi Nazionalera transkribatua (PDFen) (Frantsesez)
  16. Preàmbul de l'Estatut d'Autonomia de Catalunya - Kataluniako Autonomia Estatutuaren hitzaurrea. (Katalanez)
  17. Quin tipus de territori tenim? (Katalanez)
  18. El Relleu[Betiko hautsitako esteka], "Grup Enciclopèdia Catalana". Kontsulta data: 2007ko abenduaren 26a. (Katalanez)
  19. Jordi Sacasas i Lluís, Geografía de Catalunya, Publicacions L'Abadia de Montserrat. ISBN 978-84-8415-915-5
  20. Catalunya[Betiko hautsitako esteka]. MSN Encarta. Sarrera data: 2008ko azaroaren 26a. (Gaztelaniaz)
  21. 2009ko INEren eguneratzea
  22. De les institucions Estatut d'Autonomia de Catalunya, 2006 (Katalanez)
  23. Gurutze Izagirre, «Isuna homofobiari», Berria, 2014-10-02
  24. IDESCAT
  25. Moviment Natural. Fecunditat (Katalanez)
  26. Moviment natural. Mortalitat (Katalanez)
  27. Estructura per edats, envelliment i dependència. Sèrie temporal (Katalanez)
  28. La població de Catalunya (Katalanez)
  29. Facts and Figures (Ingelesez)
  30. Usos lingüístics. Llengua inicial, d'identificació i habitual. Anuari estadístic de Catalunya. Idescat. 2008 (Katalanez)
  31. a b c d e f g h i Aitor Sarasua, «Kataluniako inkesta soziolinguistikoa (2013), zenbait datu», Sustatu, 2014-10-15, CC-BY-SA lizentzia
  32. Dades oficials de la Secretaria de Política Lingüística (Katalanez)
  33. Estadística d'usos Lingüístics a Catalunya (Katalanez)
  34. [1] (Katalanez)
  35. [2] (Katalanez)
  36. [3] (Katalanez)
  37. [4] (Katalanez)
  38. Cens lingüístic de l'aranès de 2001
  39. El català, més atractiu, Avui egunkaria, 2011ko apirilaren 1a. (Katalanez)
  40. Catalunya diu adéu a les corrides de toros (Katalanez)
  41. Catalunya prohibeix les corrides de toros a partir del 2012 (Katalanez)
  42. Ley 18/1987, de 7 de octubre, que establece el día de la Fiesta Nacional de España en el 12 de octubre (Gaztelaniaz)
  43. Se inaugura el Sincrotrón Alba en Cerdanyola del Vallés (Diari digital de Catalunya) (Gaztelaniaz)
  44. La Ley UTECA y el Tercer Sector de la Comunicación: comparativa internacional de las fallas de la legislación española audiovisual y respuesta de la sociedad civil. Meda González, Miriam. 2010. Trabajo Fin de Máster del Máster en Comunicación con fines sociales: estrategias y campañas de la Universidad de Valladolid. (Gaztelaniaz)
  45. Érase una vez una radio libre. Radio Pica irrati-kateak eginiriko bideoa. (Gaztelaniaz)

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Katalunia