Kubismo

XX. mendearen hasierako abangoardiako arte mugimendua

Kubismoa 1907 eta 1917 bitartean Frantzian garatutako mugimendu artistikoa izan zen, Pablo Picassok eta Georges Braquek sortua. Mugimenduaren jarraitzaileak Jean Metzinger, Albert Gleizes, Robert Delaunay, Juan Gris, María Blanchard eta Guillaume Apollinair izan ziren[1].

Retrato de Picasso, 1912. Juan Gris.

Louis Vauxcelles kritikari frantsesak sortu zuen  kubismo hitza. Zehazkiago, Vauxcellesek Braqueren  L'Estaque pinturen inguruan egindako kritikan du jatorria. Izan ere,  kritika horretan zioen margolanak kubo txikiz eta irudi geometrikozosatuta zeudela. Horrela sortu zen kubismo kontzeptua.

Kubismoaren funtsa eta ezaugarriak aldatu

 
Georges Braque. L'Estaque

Kubismoarekin artearen ikuspegi tradizionala desagertu egiten da. Naturako formak irudi geometrikoen bidez adierazten dira, lerroak eta gainazalak zatituz. Horrela,  objektu baten zati guztiak plano berean irudikatuz «perspektiba anitza» deritzona sortzen da. Horregatik, plano berean objektuaren ikuspegi desberdinak agertzen dira eta sakontasun-sentsazioa desagertu. Batzuetan, xehetasunak ezabatu egiten dira eta objektua itxura bakar batez irudikatzen da.

Kubismoan lantzen diren gaiak natura hilak, paisaiak eta erretratuak dira batez ere. Lehenengo etapan kolore monokromatikoak nagusitu ziren. Hurrengo etapetan  zabalagoa izan zen kolore gama.

Hasieratik koadroak objektu gisa autonomia hartzen zuen. Pinturaz gain, era guztietako materialak  gehitu ziren. Horrela sortu ziren collageak.

Artelanen esanahia ez zenez automatikoa exegesi baten beharra zuten. Ondorioz, “kritika” obra bezain garrantzitsua bilakatu zen. Hortik aurrera, hurrengo abangoardia artistikoek eredu bera jarraitu zuten, hau da, obra guztiak exegesi batekin aurkezten zituzten.

Historia aldatu

Kubismoaren erdigunea Paris izan zen eta aurrekariak Cezanne, Seurat eta Signacen lanak izan zituen. Gainera, oinarri gisa, kultura europarra eta afrikarra izan zituen[2]. Picassok adibidez, kultura horien ezaugarri batzuk hartu zituen bere estiloa garatzeko, hala nola, formen sinplifikazioa eta perspektibaren haustura.

Beste gertakari garrantzitsu bat argazkigintzaren agerpena izan zen errealitatea pinturetan baino modu zehatzagoan irudikatzen zuelako. Horrek figuraziotik abstrakziora bideratu zituen artistak. Ondorioz, irudiei zentzu berri bat eman zieten.

Argazkigintzaz gain, garai horretako beste jakintza arlo batzuk ere gauzak ez zirela itxuraz diren bezalakoak adierazi zuten. Psikoanalisia, erlatibitatearen teoria eta laugarren dimentsioa zeuden jakintza horien artean. Horri guztiari esker garatu zen artearen ikuskera berri bat.

Etapak: aldatu

Kubismoa 1909tik 1912ra (kubismo analitikoa edo hermetikoa). aldatu

 
Juan Gris. La bouteille d´anis

Etapa honetan, errealitatea aztertu eta elementu geometriko askotan deskonposatzen duen «hizkuntza berri» bat landu zuten. Gainera, ikuspuntuak biderkatu egin ziren, eta horrek ikuspuntu errenazentista alde batera uztea ekarri zuen. Hori dela eta,  publikoari aurkeztean eskandalua sortu eta kritika txarrak jaso zituen. Gama ia monokromatikoa erabili zuten, eta kolore grisa eta okrea nagusitzen ziren. Ingerada eten egingo da eta bolumen handiak bolumen txikiagoetan zatitzen dira.

Aldi hori kubismo hermetiko gisa ere ezagutzen da, irudikatutako ikuspuntu kopuruagatik lan batzuk kasik abstraktuak diruditelako. Hermetismora iristen da, baita ere, planoak bolumenetik independizatzen direlako. Beraz, zaila da figurazioa interpretatzea eta plano horiek irudikatzen duten objektua mentalki berreraikitzea.

Picasso eta Braque izan ziren etapa hau garatu zutenak. Bi artistok jarraitzaile ugari izan zituzten. Horietatik esanguratsuenak Juan Gris eta Louis Marcoussis izan ziren.

Kubismoa 1912tik 1914ra (Kubismo sintetikoa). aldatu

Braquek egindako Le Pourtugais margonalak hasiera eman zion etapa honi. Izan ere, bertan hitzak eta zenbakiak agertzen ziren eta  lehenengoa izan zen halako ekarpenak egiten. Gainera, collage teknikaren sustatzailea izan zen. Horri papier collés bezala ezagutzen zaio eta paper apainduak eta egunkariak zuzenean pinturetan itsastean datza.

Etapa garatu ahala, askotariko materialez baliatzen ziren collageak osatzeko. Hala nola, partiturak, kartak, zigarro eta fosforo kaxak. Beraz, musika eta kafea bilakatu ziren bodegoien gai nagusiak.  

Objektuak margolanetan zuzenean itsasten zituztenez, sortutako obrak figuratiboak ziren. Hori dela eta, argi ikus zitekeen irudikatu nahi zena. Ondorioz, etapa honetan sortutako pinturak, kubismo analitikoan egindakoak baino sinple eta ulergarriagoak izan ziren.

Kubismoa 1914tik 1919ra. aldatu

Hainbat iturrik kubismoa Lehen Mundu Gerrarekin amaitu zela diote 1914an. Hala ere, beste batzuk,1919ra luzatzen dute. Izan ere margolari kubistetako asko, frantsesak izateagatik, Lehen Mundu Gerrarako deitu zituzten, horien artean Braque, Léger, Metzinger, Gleizes, Villon eta Lhote. Horrek aldaketak ekarri zituen mugimenduko artisten lanetan[3].

Alde batetik, Juan Grisek kubismo ortodoxoa lantzen jarraitu zuen, baina estilo soilago eta sinpleago batean. Bestetik, Braquek kubismo sintetikoaren ildo beretik jarraitu zuen, bereziki collage teknikarekin. Horrez gain, margolari berriek hizkera kubista erabili zuten, hala nola, Maria Blanchardek.

Emakume kubistak aldatu

Maria Blanchard aldatu

 
María Blanchard. Nature morte cubiste

Santanderren jaio zen 1881ean eta Parisen hil zen 1932an. Bere ama haurdun zegoela izandako istripuaren ondorioz, Maria bizkarrezurreko deformazioarekin jaio zen. Horrek eragin zuzena izan zuen bere lanetan eta izaeran.

Beste hainbat estilotan pintatu bazuen ere kubismoa izan zen egindako ibilbide artistikoa definitu zuena. Ibilbide horren bereizgarria izan zen gama kromatiko anitzagoa erabiltzea. Gainera bere objektuak ez dira garaiko artistek egiten zituztenak bezain abstraktuak. Horrez gain, pintura materikoa erabili zuen. Hau da, pintura kantitate handi eta oretsuen bitartez objektuei bolumen eta adierazkortasuna ematen zien.

Maria Blanchardek amatasuna transmititzeko beharra zuen guztiaren gainetik. Sentimendu hori bere obra kubistetan eta ondoren egindako obra figuratiboetan islatzen zen. Azken obra horietan emakumeen eta haurren edertasuna erretratatu zuen. Adibide dira Naturaleza muerta (1918) eta Maternidad o Maternité (1921) lanak.

Kubismoa Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian kubismoa ez zen bete-betean landu baina Euskal Herriko artista batzuen pinturetan kubismoaren eragina nabaritzen da.  Aurelio Arteta, Ramiro Arrue eta Jesus Olasagastiren lan batzuetan antzeman ditugu antzekotasun horiek. Izan ere, forma geometrikoak erabiltzen zituzten eta kolore monokromatiko eta okreak. Gama kromatiko hori kubismo analitikoan erabili izan zen batez ere.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «The Collection | MoMA» The Museum of Modern Art (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  2. «parada1» fundacioncanal.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  3. Diccionario Akal de la arquitectura del siglo XX. Akal Ediciones 2004 ISBN 84-460-1747-4. PMC 54773772. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).

Kanpo estekak aldatu