Zezenketa zezenak toreatuz egindako tauromakia ikuskizuna da. Espainian, Portugalen, Latinoamerikako herrialde batzuetan (Mexiko, Kolonbia, Venezuela, Peru eta Ekuador[1]) eta Frantziako hegoaldean gertatzen dira, baita Euskal Herrian ere. Ekitaldi horietan, zezen bat edo gehiagoren lidia egiten da, kirol edo aisialdi asmoekin. Haren defendatzaileek, aldiz, lehiaketatzat baino gehiago, artetzat hartzen dute, lehiarik ez dagoela argudiatuz. Ikuskizun hauetan zezena hil ohi da. Portugalen zezena plazan hiltzea debekaturik dago, nahiz eta ukuiluan hiltzen duten. Portugaldarren eraginez, hain zuzen, zezenketen aldaera ez hilgarri bat Tanzanian egiten da, Pemba uhartean.[2] Omanen[3] eta Tamil Nadu Indiako estatuan —jallikattu deitutako ikuskizuna[4]— zezenketaren antzeko ikuskizunak egiten dira.

Zezena plazan banderillak iltzatuta dituela.


Zezenketatarako lekuari zezen-plaza deritzo. Euskal Herrian banaka batzuk daude: Bilbon, Baionan, Iruñean, Gasteizen, Donostian, Azpeitian, Tolosan zein Enkarterrin, besteak beste.

Zezenketak Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian zezenen lehen aztarnak historiaurrekoak dira: uroaren hezurrak eta irudiak aurkitu dira haitzuloetan, esaterako, Santimamiñen, Galdamesko Arenazan eta Altxerrin[5]; baina zezen-festei dagozkien lehen aipamena Alfontso I.a Borrokalariaren garaikoa da, Tuterari Sobrarbeko Forua eman ziotenekoa (1117), hain zuzen. Agiri hartan, soka-muturra arautzen zen. 1144an Errioxako Varean txakurrekin zezen-festak egin ziren Nafarroako Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlearen ezkontzaren karietara. XII. mendearen bigarren erdian, halaber, Soraluzen (Gipuzkoa) Antso Jakitunaren aurrean zakurrekin egindako zezen-festaren berri ematen duen agiria bada, eta 1289an Baionan kaleetan zezen, idi eta betizuak korritzen zirela dioena ere bai.[5] Geroztik, lurralde osoan Erdi Aroan egindako zezen-festei buruzko berriak ugariagoak dira.

XVI. mendean ere Euskal Herrian zezen-festa ugari egin ziren, nahiz eta Trentoko Kontzilioaren ostean Elizak zezenketak debekatu. Horrela, Iruñean indar handia hartu zuten entzierroek eta zezenak Erriberatik Ezkirotzera zein Gatzagara ekartzen zituzten festa-egunean.[5]

XX. mendearen hasierarako, Euskal Herriko zezen-festek gaur egungoen itxura hartu zuten. Bestetik, Euskal Herrian, Bizkaian batik bat, alternatibako toreatzaile ugari izan da, hala nola Castor Jauregibeitia Bilboko Kotxeritoa, Martín Agüero, Saturio Toron, Pedro Basauri Pedrutxo, Joselito Martin, Diego Mazkiaran Fortuna, Jose Muñagorri, Jaime Noain, Pedro Robredo, Alejandro Saiz Ale, Rufino San Bizente, Domingo Uriarte, Serafin eta Faustino Bigiola Torkito, Julian eta Isidro Marin, Manolo eta Rafael Etxebarria Txakarte, Jose Mari Rekondo, Iván Fandiño eta abar[5].

Aurkariak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zezenketen aurkako mugimendua»

Zezenketen aurkako gizabanako zein elkarteak ugariak dira, lurraldearen arabera. Zezenketen aurkakotasunaren arrazoiak historian zehar hainbat izan badira ere, gaur egun, zezenketen aurkako arrazoi nagusia zezenek pairatzen duten tratu krudela da. Aurkakotasun horren eraginez, hainbat herrialdetan zezenketak debekaturik daude.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.