1932ko Kataluniako Autonomia Estatutua

Kataluniari onartu zitzaion lehen autogobernu legea

1932ko Kataluniako Autonomia Estatutua, ofizialki Kataluniako Estatutua eta jendartean Nuriako Estatutua bezala ezaguna, Kataluniarentzat idatzi zen lehen autonomia estatutua da. Izaera soberanistakoa, Kataluniako Generalitateko presidente Francesc Maciàk bultzatu zuen eta erreferendum bidez onartua izan zen boto-emaileen %99ak alde bozkatuta. Estatutuaren aurreproiektua 1931ko ekainaren 20an amaitu zen Nurian[1] (Ripollès Gironako eskualdean kokatzen den harana) eta Espainiako Gorteetan hurrengo urteko irailaren 9an onartu zen, Gorte horiek estatutuaren testuan aldaketa nabarmenak egin ondoren.

1932ko Kataluniako Autonomia Estatutua
Irudia
MotaAutonomia estatutu
Data1932ko irailaren 9a
Nongo eskumenen mendeKatalunia
Honen ondorioa1932ko Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak

Testuingurua aldatu

1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan Espainiako ezkerreko alderdiek emaitza onak lortu zituzten eta Espainiako Bigarren Errepublika ezartzea lortu zuten. Katalunian aldiz, sortu berria zen Kataluniako Ezker Errepublikanoa alderdi katalanista eta independentistak emaitza bikainak lortu zituen. Horren ondorioz, alderdi horretako buru Francesc Maciàk Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen Errepublika Iberiarren Federazioaren barruan eta Kataluniako Errepublika aldarrikatu berriaren Gobernua sortu zuen bera buru zela. Aldarrikapenetik hiru egunera, Maciàk Fernando de los Ríos, Marcellí Domingo eta Lluís Nicolau d'Olwer Espainiako ministroen bisita jaso zuen. Negoziazio luze baten ondoren, Maciàk Kataluniako Gobernua Kataluniako Generalitateko Gobernua bihurtzea onartu zuen eta autonomia estatutu baten aurreproiektua tramitatzen hastea adostu zuten, zeinak Katalunia mailako erreferendum baten babesa bildu beharko zuen eta ondoren, Espainiako Gorte Konstituziogileen berrespena jaso beharko zuen.[1]

Estatutua aldatu

Maciàk Espainiako Errepublikako behin-behineko gobernuko ministroekin hitz-emandakoaren harira, 1931ko apirilaren 28an Espainiako Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu zuen, zeinak Generalitatearen osaera ezartzen zuen: behin-behineko Gobernu edo Kontseilu bat, presidenteaz eta kontseilariez osatua; Generalitateko Behin-behineko Diputazioa eta Generalitatearen komisario delegatu batzuk Girona, Lleida eta Tarragonako probintzietan.[2]

Generalitatearen Behin-behineko Diputazioa Kataluniako udalerrietako ordezkariek osatu zuten eta horiek arduratu ziren estatutua sortuko zuen batzordea izendatzeaz eta estatutua onartzeko erreferenduma antolatzeaz.[3] Batzorde hura hamaika diputatuk —Josep Puig i Pujades, Antoni Xirau i Palau, Pere Mías Codina, Domingo Piñana i Homedes, Lluís Companys, Josep Dencàs, Rafael Campalans, Jaume Bofill i Matas, Martí Esteve i Guau, Pere Coromines i Muntanya eta Josep M. Serraclara i Costa— Generalitateko Gobernuko kideek eta Generalitateko eta Diputazioko presidenteek osatu zuten.[3] Ondoren, estatutua idazteaz Jaume Carner[1] buru zuen batzordea arduratu zen; hor Antoni Xirau, ERCkoak; Rafael Campalans, Kataluniako Batasun Sozialistakoak; Martí Esteve, Errepublika alderdi katalanekoak eta Pere Coromines, independenteak parte hartu zuten.[3]

Aurreproiektua 1931ko ekainaren 20an bukatu zuten, Nuriako haraneko ostatuan.[4] Aurreproiektuaren puntu nagusietako bat Katalunia Espainiako Errepublikaren barneko estatu gisa onartzea zen eta puntu horrek ez zuen harrera onik izan Espainiako politikan, horregatik, gerora aldatu egin zen eta Katalunia Espainiako lurralde autonomo gisa definitu zen. Gainera, estatutuak etorkizunean kataluniar herriak autodeterminaziorako aukera zuela ere jaso zuen. Horretaz gain, estatutuak Generalitateari eskumen ugari igortzen zizkion, garai horretan pentsaezinak zenbaitentzat, hala nola, hezkuntza eta osasun arloetan eskumen zabalak eta auzitegi katalan baten eraketa. Hori horrela, Espainiako Gorteetara igorri zenean aurreproiektua, horiek murrizketa nabarmenak egin zizkioten.

Tramiteak aldatu

Estatutuak hainbat fase pasa zituen onarpena jasotzeko bidean. Lehenik, Behin-behineko Diputazioak onartu zuen, ondoren Kataluniako Generalitateak eta azkenik, Kataluniako udaletxeek, horiek ia aho batez ados egon zirelarik 1931ko uztailaren 26an egindako udal plebiszituan.[1][5] Jarraian erreferenduma egin zen abuztuaren 2an, zeinetan deituak izan ziren biztanleen %75ak parte-hartu zuen eta horien %99aren babesa jaso. Garai hartako legeak ez zien utzi emakumezkoei botoa ematen, baina hala ere, 400 000 emakume baino gehiagok haien sinaduraren bidez babesa eman zioten estatutuari. Abuztuaren 11ean Generalitateak ofizial egin zuen estatutuaren proiektua eta Espainiako Gorteetara helarazi zuen bertan berretsia izan zedin. Abuztuaren 13an Francesc Maciàk Espainiako Errepublikako behin-behineko Gobernuko presidenteari, Niceto Alcalá-Zamorari, estatutuaren entrega egin zion eta Espainiako Gorteetan abuztuaren 18an aurkeztu zen.[1]

Kataluniako herriaren babes zabala jaso bazuen ere, Espainian zenbait sektorek ez zuten begi onez ikusi eta horren adibide da Sanjurjo generalak hil horietan egindako estatu-kolpe saiakera, zeinak ez zuen fruiturik eman. Espainiako Gorteek 1932ko irailaren 9an onartu zuten Kataluniako Estatutua, murrizketa nabarmenak egin ondoren eta horrela, Espainiak onartu zuen lehen autonomia estatutua bihurtu zen.

Aplikazioa aldatu

Núriako Estatutuak ez zuen bizialdi luzerik eduki: 1934ko urriaren 6an bertan behera utzi zuen CEDA alderdi eskuindarraren Espainiako Gobernuak, Kataluniakoa hari aurre egiten saiatu ondoren. Beranduago, Fronte Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeak irabazi ostean, Estatutua berriz ere indarrean sartu zen. 1936ko Gerra Zibila amaitu zenean ordea, Francisco Franco general kolpistak behin betirako ezabatzea erabaki zuen. 1938ko apirilaren 5ean hasi zen aplikatzen Estatutuaren ezabaketa general kolpistak Errepublikaren mendeko lurraldeak konkistatu ahala.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e «Estatut de Catalunya del 1932 | enciclopedia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  2. Abelló Güell, 2007, 35. or.
  3. a b c Abelló Güell, 2007, 35-37. or.
  4. Abelló Güell, 2007, 37. or.
  5. (Katalanez) Ciències Socials en Xarxa – Un passeig per la història de les civilitzacions, la cultura i l'art. (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).

Bibliografia aldatu

  • Abello Güell, Teresa. El debat estatutari del 1932 (PDF). Barcelona: Parlament de Catalunya, 2007. ISBN 978-84-393-7587-6

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu