Eski
- Artikulu hau kirolari buruzkoa da; kirol hau egiteko erabiltzen diren oin-azpiko xaflei buruzkoa beste hau da: «Eski-ohol».
Eskia elurraren gainean praktikatzen den kirola da, eskiatzailearen boten zolari lotutako xafla mehe bi erabiliz. Eski-denboraldia azaroaren amaieran hasten da eta apirilaren hasieran amaitzen da gutxi gorabehera, klimaren arabera betiere. Halaber, eskia urte osoan ere praktikatzen da, izan ere, Tignes bezalako glaziarrak dituzten lekuak daude Frantzian, non kirol hau praktikatzeko urteko denboraldia urriaren amaiera hasten den. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) eta Nazioarteko Eski Federazioak (FIS) eski-ekitaldi lehiakor asko onartzen dituzte.
Badago ur gainean egiten duten beste mota bat, "eski nautikoa" edo uretakoa izena duena.
Historia
aldatuEskiaren lehen zantzuak K.a 8000. urtean izan ziren Altaian. Errusian aurkitu zen eskirik zaharrena, K.a 6000 urtekoa. K.a. 2500. urtean gizaki batek ehiztari baten irudia grabatu zuen harri gainean Radoy uhartean, Norvegian. Irudiko ehiztariak larruz estalitako hiru metroko ohol makur bana du oinetan.
Eskiari buruzko lehen idatziak VI. mendean egin zituen Prokopio historialariak, horietan elur gaineko lasterketa bat deskribatu zuen. Snorri Sturluson islandiar poetak Ull jainkoa aipatu zuen bere obran. Ull eskiaren jainkoa zen eta, Sturlusonen hitzetan, “hain da arkulari eta eskiatzaile trebea, inork ezin baitu harekin lehiatu”.[1] Txinan ere aurkitu dituzte Eskandinaviako herrietan animaliak ehizatzen zituztela testigantza idatziak, oinetan zeramatzaten egurrezko zaldien gainean. Jens Emmahusen kapitainak Norvegiako lehen eski-eskuliburua idatzi zuen 1733an.
Merkataritza harremanei eta migrazio mugimenduei esker, eskia Europan, Ipar Amerikan eta Japonian zabaldu zen. Hasiera batean gehienbat garraiorako erabili zen, baina geroago, gerra garaian ere, ejertzitoak, beren mendiko batailoietan, eskiatzaileak trebatzen hasi ziren. Eski-lasterketa militarrak Norvegian egin ziren XVIII. mendean, eta eski-gerra mende horren amaieran aztertu zen[2]. Ondoren, eskiatzeko era desberdinak sortu ziren, hala nola, alpetarra, iraupen-eskia, freeride...
Berezitasunak
aldatuEskia praktikatzen duena eskiatzailea da, eta snowboarder ohola erabiltzen badu.
Xede-aldaketek barne hartzen dituzte oinarrizko garraioa, jolas-jarduera bat edo neguko kirol lehiakor bat.
Tradizioz eskia errotuago egon den eskualdeetan, aisialdiko eta lehiakortasuneko eskiak iraupen-eskia, mendiko eskia eta nazioarteko eski alpinoaren aldaerarik ezagunenak izan ditzake.
Etimologia
aldatuSki hitza nordiko zaharreko skíth-etik dator, eta 'makila' edo 'egur zatia' esan nahi du, eta, aldi berean, -skied indoeuropar errotik dator , 'moztu' esan nahi duena. [3]
Fridtjof Nansen esploratzaile eta zientzialari norvegiarrak dokumentatu zuen finlandiar dialekto batzuetan sueski hitza erabiltzen zela objektu bera izendatzeko. Gero, Siberia eta Mongolia arteko Alt eskualdean, elurretan irristatzeko objektu bat izendatzeko, ski-ren fonetikoki antzeko hitz bat erabiltzen zela konturatu zen.
Ekipamendua
aldatu- Eskiak praktikatuko den estiloaren arabera aukeratu bahar dira.
- Funtsezkoa da botak egoki jaztea, oina eta orkatila ondo eusteko, horrela, lesioak sahiesten dira. Horretarako, nahitaezkoa da tamaina egokia aurkitzea, neurrizko botak ezinbestekoak dira eskiatzen ondo ikasteko.
- Bastoiak oso garrantzitsuak dira, orekatzen laguntzen baitute. Bastoi egokiak aukeratzeko orduan, kontuan izan behar da besoek 90º-ko angeluan egon behar dutela.
- Eskiatzeko arropa aproposak aukeratu behar dira: beharrezkoa da hiru geruza jaztea beroa mantentzeko, lehenik kamiseta termiko bat, ondoren polar bat eta, azkenik, haize-babeserako jaka, eskiatzeko galtza iragazgaitzeko, eskularruak bereziak izan behar dute elurretarako eta ez dute ura pasatzen utzi behar, horrela eskuak bero mantentzeko.
- Kaskoa nahitaezkoa da eskiatzeko, erortzean burua edozein lesiotatik babesteko.
- Betaurrekoak eguraldiaren arabera.
Ikaskuntza prozesua
aldatuEski-eskolak ez dira ezinbestekoak, oso erabilgarriak badira ere; izan ere, horietan hasiberrientzako eski-teknikak urratsez urrats ikasten dira, eta, ondoren, bakoitza bere kabuz jarrai dezake. Lehenik eta behin, ekipamenduarekin ohitu eta eroso sentitu behar da. Lehen urratsa aldapa batean eski gainean zutik mantentzea da.
Jarrera bi alderditan banatzen da: gorputzaren angelu zuzena eta eskien ertzak ondo kokatzea. Ertzak ondo finkatzeko, eskiak aldaparen maldarekiko perpendikular jarri behar dira, eta ez erortzeko, aldakak mendi tontorraren aldera bultzatu eta gorputzeko goiko zatia beherantz makurtu behar da. Posizio egokia belaunak apur bat tolestuta eta aurrerantz pixka bat okertuta izatea da. Era berean, buruak aurrera begiratu behar du, eta eskiak pixka bat bananduta egon behar dira, gutxi gorabehera aldaken zabaleraren arabera. Azkenik eskiek elurraren gainean lauak egon behar dute, izan ere, jarrera hori lehorrean praktikatzea gomendatzen da horretara ondo egokitzeko. Ziria funtsezko teknika da elurraren kirolean hasten den edonorentzat, horri esker abiadura kontrolatzeko, balaztatzeko eta birak egiteko aukera ematen baitu. Teknika hau eskiak V forman jartzea datza, puntak edo aurreko aldeak elkarrekingandik oso hurbil egon daitezen eta atzeko aldeak bereizita, belaunak tolestu eta barrurantz elkartuz.
Oinarrizko beste alderdi bat biraketa-teknika da. Horri dagokionez, kontuan hartu beharreko funtsezko bi elementu daude: angelua eta inklinazioa. Angelua zure gorputzarekin (koma moduan) inklinazioa doitzeko egin behar den alboko kurbadurari dagokio. Inklinazioak gorputzak biratzean duen bertikaltasunari egiten dio erreferentzia. Biraketa ireki batean eta abiadura txikian gorputza ia tente egon behar da, hau da, bertikalean. Aldiz, biraketa oldarkor batean, makurtu egin behar da, biratzen ari den aldeko eskuarekin elurra ia ukitu arte.
Motak
aldatuAlpetarra
aldatuEski alpinoa da eski-motarik ezagunena. Eski mota hau ohikoena da pistetako eski-estazioetan, non elurra artifizialki prestatzen baita elur-azalera trinkoarekin. Teleaulkiak erabiltzen dira mendi gailurrera iristeko, ondoren eskiatzen jaisteko.
Pistak hasiberritik aurreratura sailkatzen dira eta bakoitza koloreen arabera banatzen da. Berdea hasiberrientzat, urdina gutxienekoa dakitenentzat, gorria aurreratuentzat eta beltza adituentzat. Eski alpetarrek botak dituzte, eskiaren finkapenetan katigatzen direnak, puntan zein orpoan, erortzean bota jaurtitzen laguntzeko eta horrela hankak babesten ditu.
Gizonezkoen eta emakumezkoen eski alpinoa Neguko Jokoetan parte da 1936ko Garmisch-Partenkirchen (Alemania) Olinpiar Jokoetatik.
Nordikoa
aldatuEski nordikoa, iraupen-eskia edo mendi-eskia, mendi, baso edo propio prestatutako pista lauetan praktikatzen da, iraupen-eskiak erabiliz. Iraupen-eskia gutxienez 6.000 urte dituen giza jarduera dela uste da. Hasierako garaietan, iraupen-eskia Iparraldeko herrialdeetan garraiobide gisa erabiltzen zen. Eskiak leku batetik bestera mugitzeko aukera ematen zuen, eta bizirauteko baliabideak ere baziren, jendea eskiak erabiliz ehizara joaten baitzen.
Eski mota horretarako, makila luzeak erabili behar dira, aurrerantz bultzatzen laguntzen duten ukondoenparean daudenak. Ibilaldi lasaia izan daiteke edo, eskiatzenden lurraren arabera, nahiko zaila. Eskiak luzeak eta meheak dira, eta botak malguak; eskiei eusteko diseinatuta daude, orpoak altxatzeko libre uzten dituzten finkagailuen bidez. Eski estilo honekin, beharrezkoa da giza indarra erabiltzea muinoak igotzeko igogailu bat hartu beharrean.
Elurtutako lurra zeharkatzeko, oinkaden mugimendu bat erabil daiteke, oinez egiten den bezala, edo patinage-mugimendu bat, izotz-patinentan bezala.
Telemark
aldatuTurismoko eskiatzaileek orpoak finkatzen dituzte aldapa bat jaisteko, baina telemark-eskiatzaileek orpoak libre uzten dituzte jaistean. Telemarkeko eskiatzaileek oin bat bestea baino aurrerago jartzen dute eta atzeko hankaren orpoa gorantz eusten dute.
Telemark-eskiatzaile askok mendiko eskiak erabiltzen dituzte. Ekipamendu eta teknika hau eski alpinoko estazio batean edo pistatik kanpo erabil daiteke. Pistatik kanpo eskiatu ahal izateko, ekipo osagarrien bat behar da, hala nola eskalada-larruak eta elur-jausien aurkako segurtasun-ekipamendua, bai eta elur-jausien aurkako entrenamendu egokia ere.
Mendiko eskia
aldatuMendiko eskia, pistatik kanpoko eskia edo freeride ere deitua, eski-eremu baten mugetatik kanpo egindako edozein eski-mota da. Mendi bat igo eta eskiatzeko ibilbide bat aukeratzea da kontua. Eski mota honetan mendi osoa zeharkatu daiteke, eta ez bakarrik hasiberriak izango diren bidezidorretatik.
Mendiko eskiek finkapen teknikoak izan ohi dituzte, orpoa libre egon dadin puntak eskiei lotuta dauden bitartean, errazago igotzeko; foka-larruak ere erabiltzen dira elurretan irrist ez egiteko. Mendiko eskiatzaile batzuk mendira igotzen dira, eskiak bizkarrean dituztela, eta gero mendian behera eskiatzeko jartzen dituzte. Mendiko eskia egin aurretik, behar-beharrezkoa da elur-jausiak ebaluatzeko eta erreskatatzeko behar bezala prestatuta egotea.
Akrobaziazko eskia
aldatuAkrobaziazko eskia edo freestyle pista, parke eta hodi-erdietan airean akrobaziak egiteko erabiltzen den eski-estiloa da. Eski mota honetako eskiek finkapenak dituzte, baina normalean punta bikiak dituzte, hau da, eski bakoitzaren aurreko eta atzeko aldeak gorantz egiten duela, atzera eta aurrera joan ahal izateko. Akrobaziazko eskiaren ekipamenduan kaskoa erabili behar da, janzkera solteagoa erabiltzen da eski tradizionaleko lasterketekin alderatuz, mugimenduak askatasun osokoak izan daitezen.
XX. mende erdialdean sortu zen eta Joko Olinpikoetara 1992. urtean heldu zen Albertvillen. Gaur egun, kirol lehiakorra da, eta atletak hainbat diziplinatan lehiatzen dira: antenak (jauziak), akroa (errutina koreografiatua), mogulak (eskiatzeko eta jauzi egiteko erabiltzen diren pistetako zuloak), big air (birak eta hainbat posizio Air-en), eta mogul dualak (bi lehiakide aurrez aurre moguletan).
Eski egokitua
aldatuEski egokitzaileari esker, desgaitasun fisikoa duten pertsonek parte har dezakete, hala nola paralinpikoek, hainbat ekipamendu egokiak erabiliz. Eski-estazio gehienek eskiatzaile egokituentzako instalazioak dituzte, baina bidez aurretik egiaztatu beher da.
Eski-jauzia
aldatuEski-jauzia edo tranpolina jauzia prestatutako gainazal inklinatut batetik irristatzean datza, bertatik aireratzen da. Jauziak bi osagai konbinatu behar ditu: batetik, luzera ahalik eta handiena, eta bestetik, eskiatzailearen teknika baloratzen dira. 1924az geroztik, Neguko Olinpiar Jokoetako modalitatea da.
Abiadura-eskia
aldatuAbiadura-eskia FIS-ren barnean dagoen eski-diziplina bat da, aldapa bat lerro zuzen batean jaitsi eta ahalik eta abiadura handiena lortzean datza. Abiadurako eskiatzaileek 200 km/h-ko abiadura gainditzen dute normalean eta airearen erresistentzia murrizteko latexezko edo poliuretanozko jantziak erabiltzen dituzte, baita kasko aerodinamikoak ere. 1992ko Albertvilleko Olinpiar Jokoetan erakustaldi kirola izan zen, nahiz eta ez den kirol olinpikotzat hartzen.
Lehiaketak
aldatuEski alpetarrak hainbat modalitate ditu:
- Jaitsiera: lehiaketa honen helburua oso malkartsua den malda batetik ahalik eta denbora laburrenean irristatzea da. Jaitsierako eskiarekin abiadura oso altuak hartzen direnez, teknika handia behar da. Jaitsieran denbora gutxien inbertitzen duenak irabaziko du.
- Eslaloma: eskiatzaileak malda batetik jaitsi behar duen arren, kasu honetan, pistan kokatutako markak gainditzeko hainbat S ere egin behar ditu.
- Eslalom Erraldoia: modalitate hau aurrekoan baino pista motzagoan egiten da, baina eskiatzaileak egin beharreko biraketak itxiagoak dira.
- Super-G: Proba honek eslalom eta jaitsiera modalitateak konbinatzen ditu, non atletak bira luze eta handiak egin behar dituen abiadura handian.
- Paraleloa: pista batetik bi eskiatzaile jaisten dira aldi berean, eta denbora laburragoan egiten duen eskiatzaileak irabazten du.
Eski nordikoak ere beste hainbat modalitate ditu:
- Iraupen-eskia: modalitate honetan ibilbideak aurrez zehaztutako zirkuituak dira, normalean lauak eta igoera eta jaitsiera arinekin, eta ahalik eta denbora laburrenean egiten duenak irabazten du.
- Eski-jauzia: aurrerago azalduta.
- Nordiko konbinatua: iraupen-eskia eta eski-jauzia konbinatuta egiten den lehiaketa bat da.
- Biatloia: parte-hartzaileak hiru itzuli ematen dizkiote zirkuitu bati, eta ibilbidean karabina batekin bi tiro-serie egin behar dituzte, baikoitza bost dianakin, lehenengoa etzanda eta gero zutik. Huts bakoitzeko, 150 metro gehiagoko penalizazio-erronda bat egin behar dute. Denborarik onena egiten duenak irabaziko du.
Estazioak
aldatuMendikate edo mendilerroetan kokatuta daude eski estazioak. Elurraz gozatzeko prestatutako gune bat da, makina bereziek prestatu eta kolorez sailkatutako eski pista balizatuak dituzte. Pirinio eta Alpeak ohiko lekuak dira Europa mailan.
Euskal Herrian, eski nordikoaren pistak daude:
- Nafarroan: Abodi-Zaraitzu (Zaraitzu) eta Larra-Belagua (Erronkari).
- Zuberoan: Irati (Orhi) eta Izarbe (Santa Grazi).
Espainiako estazioak:[4]
- Aragoiko Pirinioak: Astún, Candanchú, Formigal, Panticosa, Cerler.
- Kantauriar mendikatea: Alto Campoo, Fuentes de Invierno, San Isidro, Valgrande-Pajares...
- Iberiar Sistema: Valdezcaray, Valdelinares...
- Erdialdeko Sistema: Valdesquí, Sierra de Béjar, La Pinilla...
- Mendikate Penibetikoa: Sierra Nevada.
Andorrako estazioak: Grandvalira, Ordino Arcalís, Vallnord Pal Arinsal.[5]
Frantziako Pirinioako estazioak:[6]
- Pirinio Atlantikoak: Artouste, Goreta (Gourette), La Pierre Saint-Martin.
- Pirinio Garaiak: Cauterets, Gavarnie-Gèdre, La Mongie, Luz Ardiden, Peyragudes, Piau-Engaly, Saint-Lary...
- Garona Garaia: Luchon-Superbagnères...
- Ariège Pirinioak: Ax 3 Domaines, Guzet...
- Ekialdeko Pirinioak: Front-Romeu, Les Angles, Porté-Puymorens...
Frantziako Alpeako estazioak: Alpe d'Huez, Portes du Soleil, Tres Valles, Mont Blanc Unlimited, Paradiski, Les 2 Alpes, Foret Blanche, Tignes/Val d'Isere...[7]
- Abruzzo: Campo di Giove, Campo Felice, Ovindoli Magnola, Prato Selva...
- Aosta: Cervinia, Champoluc, Courmayeur, La Thuile...
- Piemonte: Alagna Valsesia, Artesina, Bardonecchia, Claviere, Limone Piemonte...
- Trentino-Alto Adige: Alta Badia, Alpe Cermis-Cavalese, Carezza, Dolomiti Superski...
- Veneto: Arabba/Marmolada, Cortina d'Ampezzo, Civetta...
Suitzako estazioak: Zermatt, Verbier, Champery, Crans Montana, Saas Fee, Arosa...[9]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Historiaurretik dirauen slalom-a» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-07).
- ↑ (Ingelesez) Skiing. 2022-04-20 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) «ESQUIAR» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
- ↑ «Estaciones de esquí de España - Infonieve.es» www.infonieve.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ «Estaciones de esquí de Andorra - Infonieve.es» www.infonieve.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ «Estaciones de esquí de Pirineo Francés - Infonieve.es» www.infonieve.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ «Estaciones de esquí de Alpes Franceses - Alpeski Especialistas de esquí en los Alpes» www.alpeski.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Estaciones de esquí en Italia» Nevasport.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las 10 mejores estaciones de esquí en Suiza» Suiza Vacaciones (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Estaciones de esquí en USA» Nevasport.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Estaciones de esquí en Canadá» Nevasport.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz)Erronkariko Ibaxako Eski Eskola[Betiko hautsitako esteka]
- (Gaztelaniaz)(Frantsesez)(Ingelesez)(Portugesez)Aragoiko estazioei buruzko informazioa[Betiko hautsitako esteka]