Arkitektura erromaniko

Erdi Aroko arkitektura estiloa

Arkitektura erromanikoa edo erromarra arkitektura-estilo bat da, Europan jaioa eta Behe Erdi Aroko urteetan garatua (950 ingurutik XII. menderaino).

Wikiproiektu bat abian da
Arkitektura gaiari buruz.
Eunateko eliza oktogonala (1170 inguru)
Ospitalepeko eliza
Leireko elizaren atea
Zangozako elizaren atea

Egungo 10 euroko billeteetan ageri den arkitektura-mota da.

Ezaugarriak aldatu

Monasterioak aldatu

Garai hartan, interes militar eta merkatarrengatik sortu ziren hiriez gainera, eratu ziren beste komunitate batzuk ere, monasterioak, non bat egin zuten erromatarren azken aldiak eta Goi Erdi Aroak erromanikoarekin. Monasterioak ez ziren otoitz lekuak soilik, indar handiko ekonomia eta jakintza guneak baizik. Erromatar Eliza Katolikoaren beste erakunde batzuek ez lezala, helburu materialak eta erlijiosoak zituen gizarte mota baten egituratze feudalaren eredu izan ziren. Utzitako lurrak luberritzen eta etekina ateratzen hasteak monjeen artean aurkitu zituen langile trebe eta finenak. Monjeek, hala ere, ez zituzten ahaztu beren bestelako zereginak: eskuizkribuak kopiatu, behartsuei lagundu, erromesei ostatu eman eta abar.

Fraideen bizitza eta monasterioetako arkitektura programa bera ere fundatzaileen erregelen arabera zuzendu ziren. Beneditar ordenaren sortzaile Benito Nursiakoaren erregela zen zabalduena. XI. eta XII. mendeetarako, baina, beneditarren araua oso aldendua zegoen fundatzaileak VI. mendean agindutakotik. Ordenaren oinarrizko legea, otoitzak lan eta lanak otoitz izan behar zuelakoa, Benito Aniangoak baztertu zuen IX. menderako. Izan ere, hasierako erregela hura gizartearekin harremanik ez zuten monjeentzat egina zen: egunean zazpi ordu eskulanetan eta bi ordu burulanetan eginbehar zituzten. Erregela horrek ez zuen balio gizarte gorabeheretan ere parte hartzen zuten monje batzuentzat. Benito Aniangoak eskuzko lan orduak gutxitu eta otoizleku eta ikasleku bihurtu zuen monasterioa. Erreforma hura bi mende geroago burutu zen, Clunyko monasterioko abadeekin garrantzia galdu baitzuten eskulan eta burulanek otoitzen eta ofizioen mesedetan, espirituaren perfekzioa lortzearren. Geroago, XII. mendearen hasieran, beneditarrek beste erreforma bati ekin zioten, Bernardo Clairvauxkoaren gidaritzapean, Zisterko monasterioan; helburua San Benitoren erregelaren jatorrizko soiltasunera itzultzea zen eta, batez ere, eskulana -burulanak baztertua lehenbizi, eta otoitzak gero-, atzera santutzeko. Erlijiozko espiritu berri horrek arteari buruzko ideia berri bat bultzatu zuen, eta arkitektura estilo soil bat ekarri, zeinak, pixkanaka-pixkana, bide eman zion lehen estilo gotikoari.

Monasterioak eraikitzeko aukeratzen ziren lekuek tradizio erlijiosoa izaten zuten, eta ez beti kristaua. Eraikuntza horien arkitektura moldea ez zen monjeen erabakia izaten, eta ordenaren erregelek berek erakusten zuten monasterioak izan behar zuen ideala. San Benitoren erregelaren arabera monasterioa talde bizitza bermatzeko egokitu behar zen, eta, horren arabera, monasterio erromanikoa gune koordinatzaile baten inguruan antolatu zen, klaustroaren inguruan; lauki formako barruti ireki bat da, erdian lorategia eta, gehienetan, putzua izan ohi zuena. Barruti hori inguratuz galeria arkupedun bat izaten zen, eta galeria horretara ematen zuten monasterioko areto nagusiek: galeriaren iparraldera, edo hegoaldera batzuetan, elizak ematen zuen, eta gainerako aldeetara kapitulu aretoak (leku zabal gangaduna), jangelak eta administrazioko langelek. Monjeen logelak goiko solairuan zeuden, eta eskailera batetik elizakc transeptura ematen zuten.

Elizak aldatu

 
Santa Grazi eliza, Urdatx (Zuberoa)

Eliza zen erromanikoaren eraikuntza bereziena. Basilika paleokristautik eratortzen da eliza erromanikoa. Garai hartako eliza ereduak paralelepipedo tankerako espazio bat hartzen zuen; espazio horren barrua hirutar banatua zegoen, luzetara, zutabez eutsitako puntu erdiko arkuen bidez. Eraikuntzaren oina mendebaldean zegoen, eta burua ekialdean.

Eliza erromaniko tipikoa 3 nabez osatzen da. Hirurak gangadunak, nahiz eta ganga oso arinak eta meheak izan. Erdiko nabea, kainoi gangaz estaltzen da, eta alboko nabeak ertz gangaz. Ganga guztiak egurrezko estalki arin batzuen bidez babesten ziren kanpoko aldean.

Elizak, gurutze latino formako planta du. Zutabeak, gurutze forma dute plantan.

Erlikiak gurtzeko funtzioa garrantzitsua zen. Eskaleek eliza zeharkatzen zuten erlikiak zeuden tokiraino. Beraz, meza emankizuna ez eragoztearren, nabe berri bat sortu zen absidearen atzeko aldean, Girola deitua, eta absidearen forma erdibiribila zuen. Ertz gangaz estaltzen zen hau ere. Girolaren inguruan, zoko txiki batzuk ezarri ziren, absidioloak, erlikiak edo aldare txikiak zeuden bertan.

Erdiko nabea, albokoak baino altuagoa zen, eta alboetan leihoen ezarpena ahalbideratzen zen. Hala ere, leihoak txikiak izan behar ziren, eta hormak lodiak, gangaren bultzadari eusteko. Horrek elizak ilunak izatea dakar.

Habearte nagusia da eraikuntzaren ar datza, eta haren alboetako habearteak deskarga egiturak dira, horma bular gotorrei eutsiak kanpotik.

Arkuen eta estalkiaren hasieraren arteko horma zatian leihoak izaten dira: hasi inbutu itxurako irekiune soiletatik eta zutabeek eutsitako arkiboltak dituztenetaraino Zenbait elizatan, eta aurrerago, triforioan jarri ziren leihoen ordez edo osagarri, har da, bi edo hiru arkuko modulu segida ba tez osatutako galeria estuak.

Habearte nagusia beste habearte batek (transeptua deitua) ebakitzen du; habearte nagusiarekin angelu zuzena eratzen du eta gurutze itxura ematen dio oinari. Elizaren burualdea, presbiterioa deitua, zirkulu baten itxurako espazio konkabo soil bat izai daiteke, abside baten baitan bildua, edo handiagoa izan daiteke eta hiru abside edo gehiago izan, eta orobat izan ditzake erdiko tik erradio gisa ateratzen diren kaperak eta deanbulatorioa (albo habearteen luzamen du burualdean). Eliza erromanikoaren barne espazioa absiderantz zuzentzen da, gune hartan ematen delako aditzera jainkotasunaren ahalmen erabatekoa, eta han batzen direlako modu sinboliko batez eraikuntzaren indar lerroak eta arkuen segida erritmoduna.

Baina arkitekto erromanikoaren arazo nagusia habearte nagusia estaltzea izan zen.

Irtenbide errazena zurezko estalkia zen, baina zura askotan baztertu zen, erraz su hartzen zuelako. Hala bada, harrizko ganga erdizilindrikoa erabiltzen hasi zen (kanoi erdiko edo kanoi gangak), zeharkako eustarkuekin.

Espazio karratuak estaltzeko konponbide errazagoak hartu ziren, eta, hala, albo habearteetako tarteak, adibidez, ertz gangez estali ziren, hau da, bi kanoi erdien elkargunez.

Elizaren erdigunea gurutzadura zen, luzetarako eta zeharretarako espazioek elkar ebakitzen duten gunea. Gehienetan kupula erdibiribil bat du gainean, irekia gailurrean (linterna) eta petxina edo tronpez bidez karratu batean berralatua.

Kanpoaldetik eraikuntzak ez du jarraitasunaren hausturarik, ez bada leiho zuloetan eta, leku jakin batzuetan, absideen eta fatxadaren goialdean jarritako lombardiar arkuetan. Apaingarri jarritako arkitektura elementuak ere ez dira asko: teilatuen hegalari eusteko jarritako harburu landuak (izaki bizien itxuran landutako harrizko soliba muturrak-edo), puntu erdiko arku txiki itsuak eliza inguru osoan erlaitzaren azpian jarriak, eta epai angelu-zuzen edo ganbileko zerrenda bertikalak, lombardiar jatorrikoak beharbada.

Baina tenplu erromaniko baten atalik zainduena eta adierazgarriena aurrealdea da, fatxada. Aurrealdea, alde batetik, barneko espazioaren banaketaren isla izaten da: hau da, hiru habearteko eraikuntza batek beste arku bana izaten du ate nagusiaren alboetan . Bestalde, ate nagusiaren gainean, fatxadaren goialdearen erdi-erdian, leiho handi biribil bat izaten da, eliz barnea argitzeko.

Leiho horren parean, barrualdean, galeria edo korua izaten da eliza batzuetan. Aurrealdeak ataria du parterik interesgarriena.

Eliz barrura sartzeko gunea da ataria, horman mailaz maila barrentzen den arkitektura egitura. Kanpotik barrura erradioa txikituz doazen arku eta arkibolten bidez lortzen da barrentze hori. Arkuak eta arkuei eusten dieten zutabeen kapitelak dira, bestalde, arte erromanikoan gehien apaindutako atalak.

Eliza espazio eta sinbolo gisa aldatu

Jainkoaren etxea Lurrean izanik, jainkotasunari darion ordena unibertsalaren ispilu izan behar zuen elizak, eraikuntza premietatik harago joan behar zuen haren egiturak, lege sinboliko jakin batzuk beterik .

Eliza erromanikoaren oina basilika erromatarraren ondorengoa da tipologiaz, eta giza gorputzaren antolaketa gogorarazten clu. Sinbolikoki, oinetik burualderainoko bidean hiru barruti bereiz daitezke: Lurrari dagokiona (habearte nagusia), trantsiziokoa (gurutzadura) eta jainkotasunari dagokiona (absidea).

Habearte nagusia kristau guztien bilgunea da eta Elizaren gorputzaren sinboloa. Barne horretan, bada, puntu erdiko arkuen erritmoak absiderantz bultzatzen du eliztarra. Elizaren atarian ez bezala, non eskulturen bidez adierazten baita elizaren sinbologia konplexua, barne honetan pinturari dagokio naturaz gaindikoa dena errealitate ageriko baten bidez helarazteko eginkizuna. Ganga eta arkuen arteko guneetan, arkuen barnealdean, hormetan, eta are gangaren gainalde erdibiribilean ere eginak, kristau fedean mugarri izan diren pasadizoak irudikatzen dira pintura horietan.

Habearte nagusia zeharkako habearteak ebakitzen duen guneari gurutzadura esaten zaio, kupula eraikitzen den gunea bera.

Habearte nagusiko tarte karratuek Lurra sinbolizatzen duten bezala, eta absidearen biribiltasunak jainkotasuna, gurutzadurako kupulak bietatik zerbait du (lau angeluko oin batek eutsitako egitura erdibiribila baita). Gurutzadura trantsizioko gunea da, beraz, Lurrak eta jainkotasunak sinbolikoki bat egiten duten gunea.

Absideak, berriz, jainkozko espazioaren irudi gisa, Gizateriaren hasiera eta amaiera batzen ditu; haren konkabotasunera biltzen dira elizaren indar lerro guztiak, hala egiturazkoak nola sinbolikoak, eta eliztarren begiradak.

Kokapena aldatu

Aurrekariak aldatu

Erromatar Inperioaren suntsipena ez zen ordura arte garatutakoarekiko erabateko haustura izan: erromatar termak, bideak, zubiak... erabiliak ziren oraindik ere. Politikoki ordea, erresuma ezberdinetan banaturik gelditu zen. Eta Erromatar Inperioaren zibilizazioa gutxinaka desagertzen joan zen.

VIII. mendearen amaieran eta IX. mendearen hasieran, Karlomagnok Erromatar Inperioa eta zibilizazioa berreraikitzen saiatu zen. Egungo Frantziar Estatua denaren eremu gehiena, Alemania, Iberiar penintsula eta Italiaren lurraldeen zati batzuen parteren jabe zen. Azkenik aita santuak enperadore izendatu zuen. Inperioa kudeatzeko, ordena monastikoen laguntza behar izan zuen, izan ere, irakurri eta idazteko gai ziren bakarretakoak ziren.

Inperioa indartu nahian, eraikuntzen eraiketa sustatu zuen. Sustatu zuen arkitektura mota honi, Karolingiar arkitektura deitzen zaio, eta egun oso adibide gutxik irauten dute. Arkitektura Karolingioaren ezaugarriak dira, ondorenean eman zen Erdi Aroko arkitekturaren oinarri:

  • Egitura elementuen garrantzia
  • Altueraren garrantzia
  • Estalki bikoitza: kupularen gainean, bestelako estalki babeslea
  • Forma bereiztuak

Baina Karlhandiren ahaleginak ez zuten jarraipenik izan, ondorengo garai latzek etenaldia ekarri zutelako. Garai gatazkatsuak izan zen X. mendea, bikingoek iparraldetik, arabiarrak hegoaldetik eta magyarrak ekialdetik erasotzen aritu zirelako. Gainera, gizartearen gogoa oso ezkorra zen, San Joanek Apokalipsian munduren suntsipena aurreikusi baitzuen 1000. urterako.

Arkitektura berria aldatu

1000. urtea igaro zenean, eta munduaren jarraipena agerikoa zenean, baikortasun eta oparotasun garai bat heldu zen Europa kristaura. Arkitektura berri baten jaiotza eman zen, tokian tokiko berezitasunekin, baina oinarrizko ezaugarri komunak mantentzen zituena. Arkitektura berri hau, hizkuntza erromantze edo erromanikoekin batera jaio zelako, arkitektura erromaniko izenaz ezagutua da.

Arkitekturaren ezaugarriak aldatu

Arkitektura erromanikoa, arkitektura kristaua zen, oinarrizko hiru ezaugarri zituena:

  • Landako edo mendiko arkitektura: garai haietan ez zen ia hiririk. Zeudenak oso txikiak ziren.
  • Artisau arkitektura: artisau koadrila txikiek garatzen zuten arkitektura. Haien ezagupenak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren. Talde hauek lortzen zuten neurri handiko eraikinak jasotzea, ia makinarik gabe. Denbora zen faktore nagusiena.
  • Monasterioko arkitektura: monasteriok ziren ekonomikoki orekatuen zeudenak, kultura gehien zutenak, eta beraz, erromanikoaren hazkundea, monasterioen garapenarekin bat zetorren.

Eraikuntza handiak eraikitzeko hartu zen irtenbidea, hau ataletan banatzean datza. Atal bat amaitu arte ez zen hurrengoarekin hasten. Prozedura hau mantentzen zen amaiera arte.

Erromanikoko elementu arkitektonikoen artean, honako hauek dira garrantzizkoenak[erreferentzia behar]:

Funtzioak aldatu

Arkitektura erromanikoaren sorrera eta garapena, Donejakue bidearen fenomenoarekin bat dator. IX. mendetik aurrera, Europa osoa zeharkatzen eta Konpostelan amaitzen zuten bideen sarea zegoen. Horretarako elizak eta komentuak eraiki ziren ondoko asmoekin:

  • Ostatu eman
  • Otoitzerako eliza eskaini
  • Gurtzeko, erlikiak erakustea

Hedapen geografikoa aldatu

Erdi Aroko erromes-bide nagusietan zehar landu zuten bereziki, Tours, Limoges, Conques, Tolosa Okzitania eta Santiago de Compostelarako bideetan alegia.

Horregatik, garai berean eta ia bat-batean agertu zen oraingo Frantziak, Espainiak, Italiak eta Alemaniak hartzen duten lurraldeetan.

Euskal Herria aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Erromanikoa Euskal Herrian»

Euskal Herrian, agerpen erromaniko ugarienak Nafarroan ditugu, horien artean Eunateko baseliza, Done Mikel Aralarkoaren santutegia eta Leireko monasterioa ditugula.

Araban bestalde, aipatzekoak dira Armentiako basilika eta Estibalizko Andre Mariaren santutegia.

Frantzia aldatu

Italia aldatu

Iberiar penintsula aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Erromanikoa Gaztela eta Leonen»

Ugariak dira eskualde honetan ditugun adibideak, bereziki Palentzia eta Zamorako probintzietan.

Sakontzeko, irakurri: «Erromanikoa Katalunian»
Sakontzeko, irakurri: «Arkitektura erromanikoa Portugalen»

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu