Natura

izatasun fisikoko gauza guztien multzoa

Natura edo izadia, zentzu zabalenean, mundu fisiko, natural eta materiala da. Izatasun fisikoa duten gauza guztien multzoa da, osotasuntzat hartua, eta, bereziki, izaki biziduntzat hartua, gizadi-ren aurrez aurre[1]. Askotan ingurumenaren sinonimotzat ere erabiltzen da. Haren inguruko jakintzak natura zientziak dira, eta esparru honetako aztertzaile eta sustatzaileak naturalistak dira.

Algorri hondartza (Zumaia, Gipuzkoa): marearteko zabalgunea eta itsasoa.
Australiako ur-jauzi batzuk.
Galunggung sumendiaren erupzioa eta tximistak (Java uhartea, 1980).

Gaur egungo erabileren barnean, "izadi" hitzak izaki bizidun mota guztien domeinu orokorrari erreferentzia egin diezaioke, landare eta animaliak kasu, eta, kasu batzuetan, objektu bizigabeekin lotutako prozesuei, baita eguraldia, geologia eta izaki hauek guztiek duten materia eta energia ere. Askotan, "ingurune naturala" esan nahi duela esaten da: animalia basatiak, harkaitzak, basoak, hondartzak, eta, oro har, gizakiak funtsean aldatu ez dituen gauza guztiak, edo nahiz eta gizakiak esku-hartu irauten dutenak. Gauza naturalen kontzeptu tradizionalago honek berezkoaren eta artifizialaren arteko bereizketa dakar (azken hau giza gogamenak edo kontzientziak egindako zerbait bezala ulertuta).

Hitza(k) aldatu

"Izadi" izan aditzetik eratorria da -di atzizkia gehituz, eta gutxienez XX. mende hasieratik erabiltzen dute Hegoaldeko idazleek, batzuetan ixadi aldaerarekin[2].

"Natura" latinezko natura hitzetik dator, "berezko izaera" esanahiarekin, nahiz eta jatorrizkoa "jaiotza" izan (natus hitzetik eratorria, "jaioa")[3]. Oraingo esanahiarekin gutxienez Leizarragaren garaitik erabiltzen da euskaraz[4]. Hitzak -a itsatsia du, baina hitz-elkarketan gal dezake[5]. Hala ere urteotan nagusituz joan da -a hori ez kendu eta marratxoa erabiltzeko joera, batez ere jakintza- eta teknika-liburuetan eta ikasliburuetan[6].

Lurra aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lurra» eta «Lurraren zientziak»
 
"Puxtarri urdina", Apollo 17ko eskifaiak atera zuen Lurraren argazkia (1972)

Lurra Eguzki-sistemako bosgarren planetarik handiena da eta hirugarrena Eguzkitik hurbilena. Planeta telurikoen artean handiena da, eta unibertsoan bizia dagoela dakigun toki bakarra.

Lurraren klimaren ezaugarririk nabarmenenak dira bere bi eskualde polar handiak, bi eskualde epel nahiko estuak eta eskualde ekuatorial, tropikal eta azpitropikal zabal bat. Lurrazalaren %70 inguru ur gaziko ozeanoz estalita dago. Gainerakoa, kontinente eta uharteetan datza, Lur bizigarriaren zatirik handiena ipar hemisferioan dagoelarik.

Lurra prozesu geologiko eta biologikoen bidez eboluzionatu da, eta horiek jatorrizko baldintzen aztarnak utzi dituzte. Lurrazala hainbat plaka tektonikotan zatituta dago, oso astiro mugitzen direnak denbora geologikoak aurrera egin ahala (nahiz eta historian zehar gutxienez zenbait alditan posizioz nahiko azkar aldatu diren). Planetaren barnealdea aktibo mantentzen da, material urtuz osatutako geruza lodi batekin eta burdinan aberatsa den nukleo batekin, zeinak eremu magnetiko indartsu bat sortzen duen.

Geologia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Geologia»

Geologia Lurra osatzen duen materia solido eta likidoak aztertzen dituen zientzia da. Geologiak Lurreko materialen konposizioa, egitura, propietate fisikoak eta dinamika ikertzen ditu, eta haien historia aztertzen, nola eratu, mugitu eta aldatu diren ulertzeko. Geologia diziplina akademiko nagusietakoa da, eta garrantzitsua da mineralen eta hidrokarburoen erauzketarako, izadi-arriskuak ezagutu eta arintzeko, eta iraganeko klimak eta inguruneak ulertzeko.

Geologoen lanari esker Lurraren bizitza 4.600 milioi urtekoa dela dakigu (4,6 x 109). Era berean lurreko litosfera plaka tektonikotan banatuta dagoela aurkitu da, eta hauek astenosferan igerian daudela determinatu da. Geologiaren atal ezberdinek petrolioa, ikatza, burdina, kobrea, uranioa... aurkitzeko teknikak garatu dituzte. Beste hainbat arroka eta mineral ere ustiatzeko moduak aztertzen ditu.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lurraren historia»

Lurra duela 4,54 mila milioi urte sortu zela kalkulatzen da, eguzki-nebulosatik, Eguzkia eta beste planeta batzuekin batera[7]. Ilargia 20 milioi urte geroago sortu zen. Hasieran urtua izanik, Lurraren kanpoko geruza hoztu egin zen, lurrazal gotorra eratuz. Gas isurketek eta aktibitate bolkanikoak hasiera-hasierako eguratsa sortu zuten. Ur lurruna kondentsatzean, guztia edo gehiena kometen izotz zatietan jatorria zuena, itsasoak eta beste ur-iturriak sortu zituen[8]. Uste denez, duela 4 mila milioi urte inguru bertako erreakzio kimiko indartsuek molekula autoerreplikatzaile bat eragin zuen[9].

Eguratsa eta klima aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lurraren atmosfera», «Klima» eta «Eguraldi»
 
Lurreko atmosfera espazio hurbiletik ikusia.

Lurraren atmosfera ekosistema mantentzeko faktore garrantzitsua da. Lurra inguratzen duen gas geruza mehea grabitateak eusten du bere lekuan. Airearen osagai nagusiak dira nitrogenoa, oxigenoa eta ur lurruna, baina baita ere kopuru txikiagoan karbono dioxidoa, argona eta abar. Presio atmosferikoa etengabe jaisten da altitudea handitu ahala. Ozono-geruzak paper garrantzitsua du lurrazalera iristen den erradiazio ultramorea (UV) murrizten, DNA erraz hondatzen duenez, lurrazaleko bizia babesteko balio baitu. Atmosferak ere beroa gordetzen du gauean, eta horrela eguneroko tenperatura alde handiak murrizten ditu.

Eguraldiaren aldaketak atmosferaren behealdean gertatzen dira ia erabat, eta sistema konbektibo gisa jarduten du beroa birbanatzeko[10]. Itsaslasterrak klima definitzen duen beste faktore garrantzitsu bat dira, bereziki urpeko zirkulazio termohalinoa, ekuatoreko itsasoetako bero-energia lurburuetara banatzen duena. Itsaslaster horiek lagundu egiten dute neguaren eta udaren arteko tenperatura-aldeak apaltzen eremu epeletan. Are gehiago, aire eta itsaslasterrek egiten dituzten bero-energiaren birbanaketarik gabe, tropikoak askoz beroagoak izango lirateke eta lurburuetako eskualdeak askoz hotzagoak.

 
Tximista

Eguraldiak ondorio onuragarriak eta kaltegarriak izan ditzake aldi berean. Muturreko fenomeno meteorologikoek, hala nola tornadoek edo urakanek, energia-kantitate handia erabil dezakete beren ibilbidean, eta dena suntsitu. Landareek mendekotasuna garatu dute urtaroetako eguraldi desberdinekiko, eta bat-bateko aldaketek, urte batzuk baino irauten ez badute ere, eragin suntsitzailea izan dezakete, bai landaredian, bai elikatzeko horren mende dauden animalietan.

Klima, epe luzeko eguraldiaren ezaugarri-multzoa da[11]. Kliman eragina duten hainbat faktore ezagutzen dira, besteak beste, itsaslasterrak, gainazaleko albedoa, berotegi gasak, eguzki-argitasuneko aldakuntzak eta Lurraren orbitaren aldaketak. Erregistro historikoetan oinarrituta, Lurrak iraganean klima aldaketa drastikoak izan zituela ezagutzen da, izotz aroak barne.

Eguraldia sistema kaotiko bat da, zeina erraz eraldatzen den ingurunearen aldaketa txikiekin. Horregatik, eguraldiaren iragarpena egun gutxi batzuetara mugatzen da[12]. Oro har, bi gauza ari dira gertatzen mundu osoan: batez besteko tenperatura handitzen ari da eta eskualdeko klimek aldaketa nabarmenak jasaten ari dira[13].

Ura aldatu

 
The Iguazuko ur-jauziak, Brasil eta Argentina arteko mugan.
Sakontzeko, irakurri: «Ur»

Ura hidrogenoz eta oxigenoz osatutako gai kimiko bat da (H2O), eta ezinbestekoa da bizi-forma ezagun guztietarako[14]. Ohiko erabileran, urak bere egoera edo itxura likidoari bakarrik egiten dio erreferentzia, baina urak egoera solidoa (izotza) eta gaseosoa (lurruna) ere baditu ingurune naturalean. Urak Lurraren azaleraren %71 estaltzen du[15]. Lur planetan, batez ere itsasoetan eta beste ur eremu handietan aurkitzen da[16], eta %1,6 lurpean (akuiferoetan) eta 0,001% airean (lurrun, hodei eta prezipitazioetan). Itsasoak azaleko uraren %97 dira[16], glaziar eta lurburuetako izotz-kaskoak %2,4 eta lehorreko urak (ibai, aintzira eta istingak esaterako) %0,6. Horretaz gain, kopuru ñimiño bat organismo bizietan eta fabrikatutako produktuetan dago.

Itsasoak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Itsaso»
 
Ozeano atlantikoa, Rio de Janeiro.

Itsasoak (eta ozeanoak) gesalezko hedadura handiak dira, hidrosferaren osagai nagusiak. Lurraren azaleraren %71 (361 milioi kilometro karratu) itsasoak estaltzen du, ur eremu etengabea, baina ohi bezala ozeano nagusitan eta itsaso txikiagoetan banatzen dena[17]. Eremu honen erdia baino gehiagoren sakonera 3.000 metrotik gorakoa da. Itsasoen batez besteko gazitasuna, gutxi gorabehera, %3,5 da, eta ia gesal guztiarena %3 eta %3,8 artean dago.

Ozeanoen banaketa hein handi batean kontinenteen, uhartedien eta beste irizpideen arabera definitzen dira. Ohiko banaketa honakoa da (hedadura jaitsiz): Ozeano Barea, Ozeano Atlantikoa, Indiako ozeanoa, Ozeano Australa eta Ozeano Artikoa. Ozeanoetako eremu txikiagoek itsaso, golko, badia eta beste izen batzuk hartzen dituzte.

Aintzirak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Aintzira»
 
Nahuel Huapi aintzira, Bariloche (Argentina)

Aintzirak (edo lakuak[18]) lurrez inguratuta dagoen ur eremuak dira. Aintzira gehienek ur geza dute, eta gehiago daude Ipar hemisferioan Hego hemisferioan baino. Gehienetan, ur-hornidura nagusia ibai eta errekek egiten dute. Txikiei urmael edo umantzi deritze.

Aintzira asko artifizialak dira (urtegiak) eta helburu jakin batekin erabili dira: industrian edo nekazaritzan erabiltzeko, energia hidroelektrikoa sortzeko, edateko ura hornitzeko, ingurunea estetikoki hobetzeko edo aisialdia garatzeko.

Ibaiak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Ibai»
 
Nilo ibaia Ugandan.

Ibaia ur-laster naturala da, normalean ur gezazkoa, itsasora, aintzira batera edo beste ibai baterantz doana[19]. Kasu gutxitan, ibai bat lurpean desagertzen da edo erabat lehortzen beste ur-eremu batera iritsi baino lehen. Ur-laster txikiagoak beste era batera izendatzen dira, besteak beste, "erreka", "errekasto", "lats", "uhaitza" eta "bidaso". Ibaia uraren zikloaren zati da.

Ibaiko uraren jatorria askotarikoa izan daiteke: lurreko euri-urak jasotzetik, lurpeko uren azaleratzetik, iturburuetatik edo metatutako izozten eta elurretik (adibidez glaziar eta izoztegietatik). Holozenoko iraungipen masiboa gertatzen ari den honetan, ibai eta errekek zeregin garrantzitsua dute igarobide ekologiko bezala, habitat zatikatuak konektatzeko eta, horrela, bioaniztasun mantentzeko.

Ekosistemak aldatu

 
Urdaibai, ekosistema ur-lurtarra, baitan gizataldeak dituena.
Sakontzeko, irakurri: «Ekosistema» eta «Ekologia»

Ekosistemak faktore biotiko eta abiotiko ezberdinek osatzen dituzte, elkar-erlazioan funtzionatzen dutenak[20]. Egitura eta konposizioa elkar-erlazioan dauden hainbat ingurumen-faktorek zehazten dute. Faktore hauen aldaketek ekosisteman eraldaketa dinamikoak abiaraziko dituzte. Osagai garrantzitsuenetako batzuk lurra, atmosfera, eguzkiaren erradiazioa, ura eta organismo biziak dira.

Faktore abiotiko eta biotikoek kate trofikoen bidez lotutako sistema irekia osatzen dute, kanpoko ingurunearekin materia eta energia trukatzen dituena, baita beren ingurumenarekin ere. Truke horretan duten zereginaren arabera, ekosistemaren parte diren izaki bizidunak bost maila trofikotan sailkatzen dira: ekoizleak, kontsumitzaile primarioak, kontsumitzaile sekundarioak, deskonposatzaileak eta eraldatzaileak.

Giza ekosistema adigaia gizadi/izadi dikotomian oinarritzen da, eta espezie guztiak ekologikoki elkarren mende daudela dioen ideian, baita beren biotopoaren faktore abiotikoetan ere[21].

Ekologia da izaki bizidunak eta haien arteko harremanak (ekosistemak) aztertzen dituen jakintza arloa.

Ekosistemen beste sailkapen bat komunitateen arabera egin daiteke, giza ekosistemaren kasuen bezala. Sailkapen zabalena, nahiz eta gaur egun anilisi sakonez azterturik egon, organismo bakar gisa ikusten den planetako bizitza multzo osoarena da, Gaia hipotesia izenarekin ezagutzen dena[22].

Bizia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bizi» eta «Biologia»
 
Basurdea (Sus scrofa) eta bere kumeak: ugalketa funtsezkoa da biziak jarraitzeko.

Biziaren definizioari buruzko adostasun unibertsalik ez dagoen arren, zientzialariek, oro har, onartzen dute bizitzaren adierazpen biologikoak honako faktore edo funtzioak dituela ezaugarri: antolaketa, metabolismoa, haztea, moldaera, estimuluei erantzutea eta ugalketa[23]. Modu sinpleagoan, organismoen egoera bereizgarritzat har daiteke bizia.

Lurreko organismoek (landareak, animaliak, onddoak, protistak, arkeak eta bakterioak) ezaugarri komun hauek dituzte: zelularrak dira, ur eta karbonoan oinarritutako antolaketa konplexua dute, metabolismoa dute eta gai dira hazteko, estimuluei erantzuteko eta ugaltzeko. Horregatik, ezaugarri horiek dituen entitate bat bizirik dagoela uste da. Hala ere, biziari buruz dauden definizio guztiek ez dituzte propietate horiek guztiak funtsezkotzat jotzen.

Biosfera Lurraren kanpoko geruzaren zatia da (atmosfera, lurzorua eta ura barne hartzen dituena), non bizia gertatzen den. Ikuspegi geofisiologikotik, biosfera izaki bizidun guztiak eta hauen arteko harremanak integratzen dituen sistema ekologiko globala da, litosferarekin (harriak), hidrosferarekin (ura) eta atmosferarekin (airea) duten interakzioa barne. Gaur egun, Lurrak 75.000 milioi tona biomasa (bizi-masa) dituela uste da, biosferaren barnean bizi dena.

Lurraren biomasa osoaren bederatzi hamarren inguru landare-bizia da, eta horren mende dago animalien bizitza[24] .

Biologia da biziaren jatorria, izaki txikienak diren mikrobioetatik animalia handietara, aztertzen dituen zientzia.

Zientzialari gehienen ustez Lur planetaren gainean bizia orain dela 3.500-3.000 milioi urte inguru agertu zen[25][26]. Orain arteko fosil zaharrenak 3.700 milioi urte dituzten estromatolitoak dira, Groenlandian[27].

Izadia eta gizadia aldatu

 
Larrunarri (edo Txindoki) izadi-ingurune ederra izan arren, gizakiak ia guztiz eraldatua da: baso landaketak, larreak, soroak eta are bizitokiak.

Gizakiak, Lurreko biomasa osoaren zati ñimiñoa baino ez diren arren, gizakien eragina izadian neurriz kanpokoa da. Eragin horren gehiegizko garrantziagatik, ingurune naturaltzat eta artifizialtzat jotzen direnen arteko muga ez dago argi, bi muturretan izan ezik. Muturreko ingurune naturaletan ere, inolako giza eraginik ez duenen kopurua txikituz doa abiada handian.

Gizakiek teknologia garatzean, baliabide naturalak gehiago ustiatu ahal izan ditu eta izadi-arriskuak ekiditen edo arintzen lagundu du. Era berean, gizadiak izadiari egindako mehatxuak ugaritu dira, besteak beste, kutsadura, baso-soiltzea eta marea beltzak. Gizakiek landare eta animalia batzuen iraungipena eragin du eta, adituen ustez, seigarren iraungipen masiboaren erantzuleak dira[28].

Edertasuna aldatu

 
Udaberri-loreak, estetikoki atseginak.

Historian zehar, izadiaren edertasuna gai nagusia izan da artean, horri buruzko lanak liburutegietako sail handiak betez. Arteak (argazkigintza, margolaritza, poesia eta abarrek) izadia hainbeste erretratatu eta goraipatu izana, agerian uzten du pertsona askok izadai edertasunarekin lotzen duten indarra. Ideia-elkarte hori zergatik existitzen den eta elkartea zertan datzan aztertzen du estetika izeneko filosofiaren adarrak. Oinarrizko ezaugarri batzuez gain, zeinekin filosofo asko ados dauden, edertasuna definitzeko unean iritziak ia zenbatezinak dira[29].

Lurraz haratago aldatu

 
Eguzki sistemaren errepresentazio bat. Argizagien tamaina eskalan dago, ez ordea distantziak
Sakontzeko, irakurri: «Kanpo-espazio» eta «Bizi estralurtar»

Kanpo-espazioa, gehienetan soilki espazioa ere deitua, unibertsoko eskualde nahiko hutsak izendatzen ditu, atmosferatik haratago dagoen. Ez dago muga zehatzik Lurreko atmosferaren eta espazioaren artean, hura pixkanaka ahitzen baita altitudea handitu ahala. Eguzki Sistemaren mugen barnean dagoen espazio kosmikoa planetarteko espazioa deitzen da. Heliopausak mugatzen du izarrarteko espazioarekin.

Kanpo-espazioa berez oso zabala bada ere, ez dago hutsik. Bertan, modu oso sakabanatuan bada ere, dozenaka molekula organiko daude orain arte mikrouhin erradiazioari esker aurkitutakoak, zeinak nukleo atomiko ionizatuek eta zenbait partikula azpiatomikok osatuak dauden. Gas, plasma, hauts kosmiko eta meteoro txiki batzuk ere badaude. Gainera, gizakiek beren jardueraren arrastoak utzi dituzte kanpo-espazioan, eskifatutako eta eskifatu gabeko jaurtiketetatik ateratako materialen bidez. Objektu horiei guztiei "zabor espaziala" deitu zaie, eta espazio-ontzientzat arriskutsuak izan daitezke. Batzuk aldizka atmosferara erortzen dira.

Nahiz eta Lurra den Eguzki-sistemaren barnean bizitza edukitzeko ezagutzen den leku bakarra, frogek adierazten dute Martek iraganean ur likidoa izan zuela gainazalean[30]. Aldi labur batez Marteren historian, ur hori bizia sortzeko gai ere izan zitekeen. Gaur egun, ordea, Marten geratzen den ur gehiena izoztuta dago. Marten bizitza existitzen bada, litekeena da lur azpian kokatzea oraindik ur likidoa egon daitekeen lekuan[31].

Baldintzak beste planeta lurtarretan, Merkurio eta Artizarrean, latzegiak dirudite guk ezagutzen dugun bezalako bizia mantentzeko. Baina uste izan da Europa, Jupiterren laugarren ilargi handiena, ur likidoko itsaso bat izan dezakeela gainazal azpian, eta bizia eduki[32].

Astronomoak Lur analogoak aurkitzen hasi dira, hau da, izar bat inguratzen duen espazioko zona bizigarrian dauden planetak, eta, beraz, guk ezagutzen dugun moduko bizia eduki dezaketenak[33].

Izadia ertian aldatu

Grezia klasikoan, Platonen Fedro laneko gai nagusietako bat izadia da[34].

Erreferentziak aldatu

  1. Izadi sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian (Kontsulta: 2020-11-05)
  2. Izadi sarrera Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian (kontsulta: 2020-11-07)
  3. (Ingelesez) Harper, Douglas. "nature". Online Etymology Dictionary (Noiz kontsultatua: 2006-09-23).
  4. "Naturaren kursu guzia gidatzen eta gobernatzen duena." Lç Ins C 1v.Natura sarrera Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian (kontsulta: 2020-11-07)
  5. 25. araua Euskaltzaindia.
  6. hitz elkartuen osaera eta idazkera Euskaltzaindiaren “Euskara Batuaren Eskuliburua” (kontsulta: 2020-11-07)
  7. (Ingelesez) Dalrymple, G. Brent. (1991). The Age of the Earth. Stanford: Stanford University Press ISBN 978-0-8047-1569-0..
  8. (Ingelesez) Morbidelli, A.. (2000). «Source Regions and Time Scales for the Delivery of Water to Earth» Meteoritics & Planetary Science 35 (6): 1309–20.  doi:10.1111/j.1945-5100.2000.tb01518.x. Bibcode2000M&PS...35.1309M..
  9. (Ingelesez) Earth's Oldest Mineral Grains Suggest an Early Start for Life. NASA Astrobiology Institute 2001-12-24 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006-9-28).
  10. (Ingelesez) Miller; Spoolman, Scott. (2007-9-28). Environmental Science: Problems, Connections and Solutions. Cengage Learning ISBN 978-0-495-38337-6..
  11. Klima Euskaltzaindiaren Hiztegian
  12. Stern, Harvey; Davidson, Noel. (2015-5-25). «Trends in the skill of weather prediction at lead times of 1–14 days» Quarterly Journal of the Royal Meteorological Society (692): 2726–36.  doi:10.1002/qj.2559. Bibcode2015QJRMS.141.2726S..
  13. (Ingelesez) Tropical Ocean Warming Drives Recent Northern Hemisphere Climate Change. 2001-4-6 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006-4-21).
  14. (Ingelesez) Water for Life. Un.org 2005-3-22.
  15. (Ingelesez) «World» CIA – World Fact Book.
  16. a b Hidrosfera - Lur Entziklopedia. Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2020-11-17).
  17. (Ingelesez) «Maps of the whole world ocean» Geographical Review: 431–35.  doi:10.2307/210385..
  18. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan araututa dagoenez, aintzira izena egokiagoa da laku baino.
  19. Ibai Euskaltzaindiaren Hiztegian.
  20. (Ingelesez) Pidwirny, Michael. (2006). «Introduction to the Biosphere: Introduction to the Ecosystem Concept» Fundamentals of Physical Geography (2. argitalpena) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-7-18).
  21. (Ingelesez) Khan, Firdos Alam. (2011-09-20). Biotechnology Fundamentals. CRC Press ISBN 978-1-4398-2009-4..
  22. «Gaia hipotesia - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-25).
  23. (Ingelesez) «Definition of Life» California Academy of Sciences 2006 (Noiz kontsultatua: 2007-01-07).
  24. (Ingelesez) Sengbusch, Peter V.. «The Flow of Energy in Ecosystems – Productivity, Food Chain, and Trophic Level» Botany online (Hanburgko unibertsitatea, Biologia Saila) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-7-26) (Noiz kontsultatua: 2006-9-23).
  25. (Ingelesez) Schopf, J. William; Kudryavtsev, Anatoliy B.; Czaja, Andrew D.; Tripathi, Abhishek B.. (2007-10). «Evidence of Archean life: Stromatolites and microfossils» Precambrian Research 158 (3-4): 141–155.  doi:10.1016/j.precamres.2007.04.009. ISSN 0301-9268. (Noiz kontsultatua: 2018-09-07).
  26. (Ingelesez) Schopf, J. William. (2006-06-29). «Fossil evidence of Archaean life» Philosophical Transactions of the Royal Society of London B: Biological Sciences 361 (1470): 869–885.  doi:10.1098/rstb.2006.1834. ISSN 0962-8436. PMID 16754604. PMC PMC1578735. (Noiz kontsultatua: 2018-09-07).
  27. Galarraga Aiestaran, Ana. (2016/09/01). Orain arteko fosil zaharrenak aurkitu dituzte. Elhuyar Zientzia ISSN Elhuyar 2603-6614 Elhuyar..
  28. Leakey, Richard; Lewin, Roger (1996). The Sixth Extinction: Patterns of Life and the Future of Humankind. New York: Anchor Books. ISBN 0-385-46809-1
  29. (Ingelesez) On the Beauty of Nature. The Wilderness Society (Noiz kontsultatua: 2006-09-29).
  30. (Ingelesez) Bibring, J. (2006). Global mineralogical and aqueous mars history derived from OMEGA/Mars Express data. , 400–04 or.  doi:10.1126/science.1122659. PMID 16627738. Bibcode2006Sci...312..400B..
  31. (Ingelesez) Malik, Tariq. (2005-3-8). Hunt for Mars life should go underground. .
  32. (Ingelesez) Turner, Scott. (1998-3-2). Detailed Images From Europa Point To Slush Below Surface. NASA jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006-9-30) (Noiz kontsultatua: 2006-9-28).
  33. Choi, Charles Q. (2011-3-21) New Estimate for Alien Earths: 2 Billion in Our Galaxy Alone | Alien Planets, Extraterrestrial Life & Extrasolar Planets | Exoplanets & Kepler Space Telescope. Space.com.
  34. Garrido, Manuel (2013). «La filosofía platónica del amor». En Sacristán, Manuel; García Bacca, David, eds. Los diálogos eróticos: Banquete y Fedro (Manuel Sacristán y David García Bacca, trads.). Madrid: Tecnos. p. 12. ISBN 9788430958207.. .

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu