Eurovision Abesti Lehiaketa

Eurovision Abesti Txapelketa» orritik birbideratua)

Eurovision Abesti Lehiaketa edo Eurovision (ofizialki ingelesez Eurovision Song Contest eta frantsesez Concours Eurovision de la Chanson) 1956an hasita urtero ospatzen den Europa mailako abesti lehiaketa da. San Remoko Abesti Lehiaketan oinarrituz sortua izan zen. Bertan Europako Irrati-Telebista Batasunaren kide diren herrialde ugarik hartzen dute parte beraien telebista publikoen bitartez. Herrialde partaide bakoitzak abesti bat aurkezten du, saioan zuzenean kantatua izango dena, eta beste herrialdeen ordezkaritzen artean botoak banatzen ditu, lehiaketako abesti gustokoena aukeratua izan dadin.

Eurovision Abesti Lehiaketa
Eurovision Song Contest
Concours Eurovision de la Chanson
Eurovision 2022 - Semi-final 2 - Stage and green room (01).jpg
MotaAbesti lehiaketa
Sorrera1956ko maiatzaren 24a
SortzaileaMarcel Bezençon
IraupenaFinala: 3 ordu t'erdi - 4 ordu
HizkuntzakIngelesa eta frantsesa
EkoizleaEuropako Irrati-Telebista Batasuna
BanatzaileaEurovision
WebguneaWebgunea

Kirol txapelketez aparte, munduan ikusle gehien lortzen dituen telebista saioetako bat da. Europaz gain munduko beste zenbait lekutan ere telebistaz ematen da, besteak beste Txina eta Estatu Batuetan. Australian bereziki jarraipen nabarmena du, eta honen ondorioz 2015an ezohikoz Australia parte hartzera gonbidatu zuen Europako Irrati-Telebista Batasunak. 2000 urtetik, lehiaketa Internet bidez ere jarraitu daiteke.

HistoriaAldatu

1950. hamarkadan, Europako Irrati-Telebista Batasunak Europako herrialdeak elkartuko zituen "entretenimendu arin telesaio" bat sortzeko komitea antolatu zuen. 1955an Monakon egindako bilera batean, Marcel Bezençon telebista suitzarreko buruak nazioarteko abesti lehiaketa bat proposatu zuen, Sanremoko kantu jaialdian oinarriturik. 1956ko maiatzak 24an gauzatu zen lehen edizioa, Luganon.

Zentzu hertsian leihaketa osatzen duten kantetaz gain, Eurovisionen beste askotariko ikuskizun eta jarduerak ematen dira: ospatzen den hirian, segitzaileentzako merkataritza-eremuak instanatu ohi dira, eta baita EuroVillage eremua ere, non leihaketa pantaila erraldoietan segi daitekeen. Leihaketaren aurreko igandean, alfonbra gorriarekin irekiera zeremonia ospatu ohi da, eta emanaldietan herrialde ospatzailearen kultura ikusarazten duten saioak, leihaketaren historiari lotutako emanaldiak eta artista gonbidatuen ikuskizunak ere txertatzen dira. Hauen artean aipatzekoak dira Madonna, Justin Timberlake, Cirque du Soleil, Aqua edo Riverdance irlandar dantza.

Kultura musikalean izandako eraginaAldatu

Kasu askotan, Eurovisionen parte hartzeak artista ugarirentzat musika-industrian leku bat segurtatzea suposatu du, haien herrialdean, eskualdean zein globalki. Azken hau izan da, adibidez, ABBA, Céline Dion, Julio Iglesias, Olivia Newton-John, Domenico Modugno edo Måneskinen kasua. Azken urteotan, sare sozialeen laguntzarekin ere, leihaketako kanta ugari biralizatu egin dira, hala nola, Getter Jaaniren "Rockefeller Street" (Estoniaren ordezkaria 2011an), Duncan Laurenceren "Arcade"[1] (Herbehereentzat irabazlea 2019an) edo Rosa Linnen "Snap"[2] (Armeniaren ordezkaria 2022an).

Leihaketatik pasatu diren beste izen lokalki edo mundialki ezagunak Franco Battiato, Al Bano, Svitlana Loboda, Nana Mouskouri, Raphael, T.A.T.u., Las Ketchup, Polina Gagarina, France Gall, Plastic Bertrand, Cliff Richard, Bonnie Tyler, Cascada, Kate Ryan, Katrina and the Waves, Engelbert Humperdinck, Patricia Kaas, Umberto Tozzi, Lena, Manizha, Dana International, Dima Bilan, Loreen, Lordi, Lulu, Toto Cutugno, Sergio Dalma, Carola Häggkvist, Secret Garden, Charlotte Perrelli, Eleni Foureira, Ricchi e Poveri, Conchita Wurst, Salvador Sobral, Mahmood, Mia Martini, Hadise, Baccara, Anna Vissi, Ani Lorak, Sergey Lazarev, Zeljko Joksimovic, Samira Saïd, Tajci eta Ofra Haza dira.

KritikakAldatu

 
Boikota eskatu izan da inoiz.


Lehiaketak kritika ugari jasotzen ditu, bai musikaren kalitate ikuspuntutik, eta bai herrialdeen arteko lotura politiko, kultural eta demografikoek sailkapenean omen duten eraginagatik 2000 eta 2010ko hamarkadetan bereziki.

Musikari dagokionez, abesti partaide gehienak pop erraz eta itsaskorrenetik ateratzen ez direla leporatzen zaio lehiaketari, izan ere herrialde oso ezberdinetako ikusleen oniritzia lortzea dute helburu. Askotan hala nola deigarritasuna lortzeko musikarekin zerikusirik ez duten antzezpenak edo trikimailu ikusgarriak erabiltzea ere egotzi zaie maiz partaideei.

Festibalean irizpide politiko eztabaidagarri batzuk egon direla ere adierazi izan da.[3] Hauetako asko puntuen distribuzioarekin dute zerikusia, salatu izan baita eskualde berdinetako herrialdeek (Eskandinabia, Balkanak, Ekialdeko Europa) puntu gehienak haien artean banatzen dituztela.

Besteetan, politikak eragin garrantzitsuagoak izan ditu leihaketan, herrialde ezberdinen partaidetzak zailduz. 70. hamarkadan, Zipreko gatazkaren harira, Turkia eta Greziak ez zuten inoiz urte berean parte hartzen. Era berean, Israelen partaidetzak Mediterraneoko herrialde arabiarren partaidetza blokeatu izan du historikoki. Hau bereziki bizi zen 1980ean, non Israelen faltak Marokoren partaidetza bakarra ahalbidetu zuen, eta 2005ean, non Libanok parte hartzeko intentzioa zeukan, baina azkenean uko egin zioten EBUk Israeldar kanta emititzera derrigortu zielako.

Azken urteotan, bereziki famatuak izan dira Ukraina eta Errusiak protagonizatutako gatazkak, hala nola 2017an, leihaketa Ukrainan ospatu zenean, eta bertako legediaren eraginez errusiar kantariaren sarrera debekatu zenean. Egoera antzekoa bizi izan zen 2022an, non Errusiak Ukrainian eragindako inbasioarengatik Errusia leihaketatik kanporatu zen. Beste adibideak honakoak dira:

  • Austriak 1969ko edizioari uko egin zion, Madrilen ospatutakoa, ez baitzuten "herrialde diktatorial bati mesede egiten zion emanaldi baten parte izan nahi".
  • Georgia 2009ko ediziotik kanporatzea. Aurreko urtean Errusiak herrialdean burututako inbasioari erantzun moduan, herrialdeak Stephane & 3G taldea hautatu zuen herrialdea Moskun ordezkatzeko, "We don't wanna put in" kantarekin. Hau Vladimir Putinen kontrako letra bezala antzeman zitekeen, eta EBUren aldatzeko eskaerei kasurik ez egin ondoren, herrialdea leihaketatik kanporatua izan zen.
  • Armeniak 2012 zein 2021eko leihaketak bertan behera utzi behar izan zituen Azerbaijanekin izandako gatazkengatik: lehena segurtasun arazoengatik, edizioa Bakun ospatzen baitzen, eta bigarrena zuzenean Azerbaijanen erasoek eragindako krisi sozioekonomikoarengatik.
  • Ukraina 2015ean erretiratu izatea 2014ko Ukraina ekialdeko gatazka armatuarengatik, Krimearen anexio errusiarra eragin zuena.
  • 2021ean Bielorrusiaren kanporaketa. Aurreko urtean, herrialdeak krisi politiko sakona pairatu zuen, Aliaksandr Lukaxenka presidenteak bere bosgarren elekzioak irabazi zituen, organismo askok emaitza hauek zalantzan jarriz. Honek Bielorrusian inoiz ikusitako manifestazio handienak eragin zituen, oposizioaren errepresio bortitzarekin. Honen harira, BTRC estatu telebisioa kanta pisuki politikoa bidaltzen saiatu zen leihaketara, eta sarea EBUtik kanporatua izan zen gardentasun falta eta tresna politiko bezala erabiltzeagatik.

Azkenik, herrialdeen arteko erlazioak ez ezik, hauen partaidetza berak zalantzan jarri dira, hala nola Azerbaijan, Errusia, Ukraina, Turkia eta bereziki Israelen kasuetan. Herrialde hauek haien urteroko partaidetzetan eta bereziki leihaketa ospatzen dutenean haien irudia errepresioetaz, genozidioetaz, gerretaz eta beste ekintza politikoetaz garbitzeko erabiltzen dutela salatu da.

Islada historiko eta geopolitikoaAldatu

Leihaketa, askotan, europar historiaren parte aktiboa izan da, eta urte ezberdinetako kantak eta ikuskizunak behatuz, kontinentearen momentuko egoeraren adierazle direla ikus daiteke. Hau ikus daiteke adibidez 90. hamarkadan, Berlingo harresia eta altzairuzko oihalaren erorketarekin, herrialde ugarik laguntasunari, esperantzari eta etorkizunari buruzko kantak bidali baitzituzten, hala nola Alemania 1988 eta 1990ean, Italia 1990ean, Bosnia-Herzegovina 1993 eta 1995ean edo Kroazia 1993ean. Besteetan, leihaketaren bidez mezu zuzenak bidali izan zaizkie ikusleei. Adibidez, 1974ean, Portugaldar kantaren hasiera Krabelinen Iraultzarekin ekiteko seinalea izan zen, Salazar diktadorea boteretik ateratzea lortu zuena; edo 1993an, Bosnia-Herzegovinako kantaren zati handi bat ikusleei bizkarra emanda kantatu zen, Europak herrialde horretan zirauen gerraren aurrean egiten ari zena salatzeko.

Era berean, aretoan leihaketa behatzen ari den publikoaren erreakzioek honen islada dira. Aipatzekoa da 90. hamarkadan, Europa ekialdeko herrialdeak lehen aldiz parte hartzen zutenean, txalo luze eta animo oihuak entzun zitezkeen kantak hasi baino lehen. Hauek herrialde horiek puntuak lortzean errepikatu ohi ziren. Bereziki esanguratsua izan zen 1994an Bosnia-Herzegovinako puntuak ematen ari ziren bitartean aretoak ekindako txalokada,Sarajevoko setioa zirauelako momentu horretan. Beste kasu aipagarria 2014 eta 2015ean Errusiaren kantariei egindako txistuak dira, Ukrainako gatazkaren kontestuan.

Aldi bakarrean soilik ez da ospatu, 2020ean, COVID-19 pandemiak eragotzita. Azkenik, mundu osoan musika eta dantzari lotutako emanaldi ugari inspiratu ditu, hala nola Junior Eurovision Abesti Lehiaketa, Eurovision Dantza Leihaketa eta formatu beraren esportazioari esker, Estatu Batuetan[4], Kanadan, Asian zein Latinoamerikan[5] leihaketaren bertsioa adaptatzea.

Identitatea eta LGBT kolektiboarengan inpaktuaAldatu

Eurovisionek bere espazio kultural propioa segurtatu du urteen poderioz. Esate baterako, kitsch identitateraren inguruan erreferentzia ugari aurkitzen dira, eta pop kulturan inpaktu handia du, elementu kulturalak (bereziki musika eta dantza) eta modernotasun internazionala aldi berean erakusteko daukan gaitasuna ugaritan goraipatuz. Gaur egun, leihaketak segitzaile ugari dauzka bereziki sare sozialetan, eta LGBT mugimenduaren barruan bereziki maitatua da. Izan ere, LGBT identitateen adierazpenerako bozgorailu garrantzitsua bihurtu da, bereziki 1998an, lehen irabazle transexuala izan zuenean (Israeleko Dana International) eta 2014ean, lehen drag queen irabazlearekin (Austriako Conchita Wurst). LGBT mugimenduarekiko izan duen jarrerak herrialde askotan polemikak piztu dituzte, hala nola Turkia zein Hungariaren partaidetza eta emititzeak bertan behera uztea[6].

Aurrerapauso teknologikoakAldatu

Egoera historikoa ez ezik, leihaketak urte guzti hauetan zehar emandako aurrerapen teknologikoak islatzen ditu, bereziki ikus-entzunezko komunikazio, emanaldien produkzio eta telekomunikazioko arloetan. Hauetako garrantzitsuenak koloreetako irudiak (1968), satelite bidezko emanaldia (1985), telefono bidezko bozka publikoa (1998), internet bidezko streaming-a (2000) eta irudi definizio altua (2007) edo sare sozialen bidezko emanaldia (2016) izan dira, adibidez.

FormatuaAldatu

PartaideakAldatu

1956an ospaturiko lehen edizioan herrialde bakoitzak bi kanta aurkeztu zitzakeen, baina bigarren ediziotik hasita herrialde partaideen zenbakia hasi zen heinean, herrialde bakoitzak kanta bat bakarrik aurkeztu dezake. 1990. hamarkadatik aurrera, aldaketa politikoen ondorioz, Europa ekialdeko herrialde gehienek parte hartzeko interesa adierazi zuten, gau bakar baterako partaide kopurua handiegia izanik. Hori zela eta, partaide kopurua bakoitzak aurreko urteetan lortutako emaitzen arabera murriztea erabaki zen, emaitza txarrak lortutako herrialdeak kanpoan utziz. Hala ere, 2004 urtean parte hartu nahi zuten herrialde kopurua hain handia zen non txapelketa bi gauetan banandu behar izan zen denei lekua emateko: finalaurrekoa eta finala. Europa mendebaldeko herrialdeak sistemak ekialdeko herrialdeak laguntzen dituela kexu ziren haien kopuru handiagoa zela eta, 2008an sistema berriz aldatzea erabaki zen, bi finalerdirekin. Finalerdi bakoitzetik hamar herrialde pasa daitezke final handira. Horrez gain, herrialde antolatzailea (normalean aurreko urteko irabazlea) eta Big 5 delako herrialdeak (Alemania, Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia) finalerako zuzenki sailkatuak daude, azken bost hauek Europako Irrati-Telebista Batasunari ematen dioten ekarpen handiagoagatik.

2008, 2011 eta 2018 izan dira partaide gehien izan dituzten urteak, 43 partaiderekin. Gutxienez behin 52 herrialdek egin dute agerraldia. Hurrengo taulan lehen partaidetzaren arabera zerrendatzen dira:

Urtea Lehen partaidetza
1956   Alemania[a 1],   Belgika,   Frantzia,   Herbehereak,   Italia,   Luxenburgo,   Suitza
1957   Austria,   Danimarka,   Erresuma Batua
1958   Suedia
1959   Monako
1960   Norvegia
1961   Espainia,   Finlandia,   Jugoslavia
1964   Portugal
1965   Irlanda
1971   Malta
1973   Israel
1974   Grezia
1975   Turkia
1980   Maroko
1981   Zipre
1986   Islandia
1993   Bosnia-Herzegovina,   Eslovenia,   Kroazia
1994   Errumania,   Errusia,   Eslovakia,   Estonia,   Hungaria,   Lituania,   Polonia
1998   Ipar Mazedonia
2000   Letonia
2003   Ukraina
2004   Albania,   Andorra,   Bielorrusia,   Serbia eta Montenegro
2005   Bulgaria,   Moldavia
2006   Armenia
2007   Georgia,   Montenegro,   Serbia,   Txekia
2008   Azerbaijan,   San Marino
2015   Australia
  1. 1990 arte batzuetan Mendebaldeko Alemania bezala aurkeztua, beti ere Alemaniako Errepublika Federala ordezkatuz. Alemaniako Errepublika Demokratikoa ez zen inoiz partaide izan.

Ordezkarien hautaketaAldatu

Herrialde bakoitzeko telebista publiko erakundeak bere kabuz erabakitzen du herrialdeko ordezkaria hautatzeko prozesua. Herrialde batzuetan, ez dago prozesu finkorik eta telebista erakundeak aldatu egiten du urte gutxiro: telebista erakundeak artista bat aukeratzeko barne-erabakia har dezake, abesti lehiaketa propio bat antolatu dezake, edota talent show formatuko lehiaketa bat erabili dezake. Herrialde batzuetan abesti lehiaketa nazionalak esistitzen dira, batzuk Eurovision bezain errotuak, irabazlearen saria Eurovisionera joatea delarik: Melodifestivalen Suedian, Dansk Melodi Grand Prix Danimarkan, Melodi Grand Prix Norvegian, Uuden Musiikin Kilpailu Finlandian, Festival da Canção Portugalen, Söngvakeppnin Islandian, EMA Eslovenian, Dora Kroazian, Eesti Laul Estonian, A Dal Hungarian, Supernova Letonian, edo Festivali i Këngës Albanian, besteak beste. Italian, Eurovision sortzeko eredu izan zen Sanremoko kantu jaialdia ordezkari italiarra aukeratzeko modu bezala erabili izan ohi da, 2015etik aurrera Sanremoko garaileak Eurovisionera joateko aukera irabazten duelarik.

Irabazlearen hautaketaAldatu

Urteetan zehar sistema ezberdinak erabili dira garailea hautatzeko. 1975. urtetik aurrera irabazlea herrialde guztien artean erabakitzen da: bakoitzak lehiakideen artean 12 puntu ematen dizkio gustukoenari, 10 puntu bigarren gustukoenari, 8 puntu hirugarrenari, 7, 6, eta horrela puntu bat eman arte hamargarren gustukoenari. Herrialdeek ezin dizkiote punturik eman bere buruari.

2016. ediziotik aurrera , herrialde bakoitzak bi aldiz ematen ditu 12, 10, 8-1 puntu. Herrialdez herrialdeko epaimahi bakoitzak, alde batetik, eta ikusleen telebozketak, bestetik, guztiz bereizeita, 12, 10, 8-1 puntu ematen ditu. Horrela, herrialde bakoitzak bi aldiz ematen ditu 12, 10, 8-1 puntu.

1997 arte puntu hauek herrialde bakoitzeko epaimahai batek ematen zituen soilik, baina urte hartan zenbait herrialdetan ikusleen bozketak ordezkatu zuen epaimahaia puntuen banaketa, telefono bidezko bozketa erabiliz. 1998tik 2008ra herrialde gehienen puntuak telefono eta sms bidezko boto bidez erabakitzen ziren, eta 2009tik hasita, telefono bidezko botoari musika munduan lanean ari den epaimahai baten botoa gehitu zitzaion. Bi hauek kontuan hartuta, sailkapen bateratu bat sortu eta hori aurkezten zen. Honela egiteko arrazoia aurretik aipatutako teleboto-lagun horren eragina sailkapen "objektiboago" batekin konpentsatzea izan zen.

Hala ere, epaimahaiarekin zein telebotoarekin emaitza ona baino ez nahikoa lortzen zuten kantek puntu asko galtzen zituztela ikusi zen, eta emaitzak kanten popularitatearen adierazle ez osoa zirela erabaki zen. Horregatik, 2016tik hasita, herrialde bakoitzeko ikusleen bozketa eta epaimahiarena %50ean jasotzen dituen sailkapen bakar bat kalkulatu beharrean, epaimahi eta ikusle bozketa bakoitzaren puntuak bereizita gehitzen dira.

Azkenik, herrialde ugarik puntu berdinak lortzeko kasuan, hau hausteko arauak badaude. Hauek 1969an ezarri ziren, urte horretako leihaketan 4 herrialdek (Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Herbehereak) puntu berdinak lortu baitzituzten. Ordura arte araurik ez zegoenez, laurak irabazle izendatu ziren. Hala ere, orduz geroztik, bi eredu egon dira ebrdinketak hausteko:

  • 1970 eta 2015 artean, 12 puntu gehien lortutako herrialdea gailentzen zen. Hauen kopuru berdina jaso izatekotan, 10 puntuen kopurua begiratzen zen, eta horrela puntuetan behera joanez herrialde bat besteekiko gailendu arte.
  • 2016tik, herrialde gehienengandik puntuak jaso dituena kontsideratzen da garaile, haren kanta populazio anitzagoari gustatu zaiolakoan.

Arau hauei esker, beste irabazpen bat erabaki izan da, 1991koa hain zuzen. Leihaketan, Suediak zein Frantziak 146 puntu lortu zituzten. Hortaz, jasotako 12 puntuak begiratu ziren, baina bakoitzak 4 aldiz jaso zituenez, 10 puntuak izan ziren irabazlea erabaki zutenak: Suediak halako 5 jaso zituen, eta Frantziak, aldiz, 2.

Arau orokorrakAldatu

  • Ordezkapen bakoitzeko gehienez 6 pertsona egon daitezke eszenatokian.
  • Partaide guztiek gutxienez 16 urte beteta izan behar dituzte lehiaketari dagokion urteko abenduak 31an.
  • Herrialde bakoitzeko ordezkariek ez daukate zertan lekukoak izan behar, edozein nazionalitate eduki dezaketelarik.
  • Abestiek gehienez 3 minutu iraun dezakete.
  • Abestietako ahots nagusiak zuzenean kantatu behar dira.
  • Aurkeztutako kantak ezin dira argitaratu lehiaketaz aurreko irailak 1 baino lehen.
  • Abestiek ezin dituzte mezu politiko edo iraingarriak jaso olerkietan.
  • Herrialde irabazleak hurrengo urteko lehiaketa antolatzeko gonbidapena jasotzen du.

HizkuntzakAldatu

Hasiera batean ez zegoen araurik herrialde bakoitzak zein hizkuntzatan abestu behar zuen esaten zuenik, baina Suediak 1965ean ingelesez kantatu zuenez, herrialde bakoitza bere hizkuntza ofizial batean abestera behartu zen. 1973-1976 urte bitartean arau hau ez zen indarrean egon, eta 1999tik aurrera ere ez. Horrela, azken urteotan ordezkapen gehienek ingelesez abesten dute, beste batzuek hizkuntza ezberdinak nahasten dituzten bitartean.

Hona hemen Eurovisionen entzun diren hizkuntza guztien taula bat, non hizkuntza bakoitzaren lehen agerpena adierazten den.

Hizkuntza Urtea Herrialdea Abestia Artista
Nederlandera 1956   Herbehereak "De vogels van Holland" Jetty Paerl
Alemaniera 1956   Suitza "Das alte Karussell" Lys Assia
Frantsesa 1956   Belgika "Messieurs les noyés de la Seine" Fud Leclerc
Italiera 1956   Italia "Aprite le finestre" Franca Raimondi
Ingelesa 1957   Erresuma Batua "All" Patricia Bredin
Daniera 1957   Danimarka "Skibet skal sejle i nat" Birthe Wilke & Gustav Winckler
Suediera 1958   Suedia "Lilla stjärna" Alice Babs
Luxenburgera 1960   Luxenburgo "So laang we's du do bast" Camillo Felgen
Norvegiera 1960   Norvegia "Voi voi" Nora Brockstedt
Ipar Samiera 1960   Norvegia "Voi voi" Nora Brockstedt
Gaztelania 1961   Espainia "Estando contigo" Conchita Bautista
Finlandiera 1961   Finlandia "Valoa ikkunassa" Laila Kinnunen
Serbiera 1961   Jugoslavia "Neke davne zvezde" Ljiljana Petrović
Kroaziera 1963   Jugoslavia "Brodovi" Vice Vukov
Portugesa 1964   Portugal "Oração" António Calvário
Bosniera 1964   Jugoslavia "Život je sklopio krug" Sabahudin Kurt
Esloveniera 1966   Jugoslavia "Brez Besed" Berta Ambrož
Maltera 1971   Malta "Marija l-Maltija" Joe Grech
Irlandako gaelera 1972   Irlanda "Ceol an Ghrá" Sandie Jones
Hebreera 1973   Israel "Ey Sham" Ilanit
Greziera 1974   Grezia "Krasi, thalassa kai t'agori mou" Marinella
Turkiera 1975   Turkia "Seninle bir dakika" Semiha Yanki
Arabiera 1980   Maroko "Bitaqat hub" Samira Bensaïd
Montenegroera 1983   Jugoslavia "Džuli" Daniel Popović
Islandiera 1986   Islandia "Gleðibankinn" ICY
Erromantxea 1989   Suitza "Viver senza tei" Furbaz
Napoliera 1991   Italia "Comme è ddoce ò mare" Peppino di Capri
Antillar kreolera 1992   Frantzia "Monté la riviè" Kali
Korsikera 1993   Frantzia "Mama Corsica" Patrick Fiori
Estoniera 1994   Estonia "Nagu merelaine" Silvi Vrait
Errumaniera 1994   Errumania "Dincolo de nori" Dan Bittman
Eslovakiera 1994   Eslovakia "Nekonečná pieseň" Tublatanka
Lituaniera 1994   Lituania "Lopšinė mylimai" Ovidijus Vyšniauskas
Hungariera 1994   Hungaria "Kinek mondjam el vétkeimet?" Friderika Bayer
Errusiera 1994   Errusia "Vyechniy stranik" Youddiph
Poloniera 1994   Polonia "To nie ja" Edyta Górniak
Antzinako greziera 1995   Grezia "Pia Prosefhi" Elina Konstantopoulou
Bretainiera 1996   Frantzia "Diwanit Bugale" Dan Ar Braz
Mazedoniera 1998   Mazedonia "Ne zori, zoro" Vlado Janevski
Samogitiera 1999   Lituania "Strazdas" Aistė
Asmatutako hizkuntza 2003   Belgika "Sanomi" Urban Trad
Letoniera 2004   Letonia "Dziesma par laimi" Fomins & Kleins
Katalaniera 2004   Andorra "Jugarem a estimar-nos" Marta Roure
Ukrainera 2004   Ukraina "Wild Dances" Ruslana
Võroera 2004   Estonia "Tii" Neiokõsõ
Amerikar keinu hizkuntza 2005   Letonia "The War is Not Over" Valters & Kaža
Albaniera 2005   Albania "Zjarr e ftohtë" Luiz Ejlli
Tahitiera 2006   Monako "La Coco-Dance" Sévérine Ferrer
Bulgariera 2007   Bulgaria "Water" Elitsa Todorova & Stoyan Yankulov
Txekiera 2007   Txekia "Malá dáma" Kabát
Armeniera 2007   Armenia "Anytime You Need" Hayko
Swahili 2011   Norvegia "Haba Haba" Stella Mwangi
Udmurtera 2012   Errusia "Party for Everybody" Buranovskiye Babushki
Azerbaijanera 2012   Bulgaria "Love Unlimited" Sofi Marinova
Georgiera 2012   Georgia "I'm a Joker" Anri Jokhadze
Erromaniera 2013   Mazedonia "Pred da se razdeni" Esma & Lozano
Krimeako tatarera 2016   Ukraina "1944" Jamala
Bielorrusiera 2017   Bielorrusia "Story of My Life" Naviband
Sanskritoa 2017   Italia "Occidentali's Karma" Francesco Gabbani
Abkhaziera 2019   Georgia "Keep on Going" Oto Nemsadze
Amharera 2020   Israel "Feker libi" Eden Alene
Sranan Tongo 2021   Herbehereak "Birth of a New Age" Jeangu Macrooy
Latina 2022   Serbia "In corpore sano" Konstrakta

Hizkuntza hauetaz gain, dialekto ugari entzun izan dira leihaketan, hizkuntza nagusitik gehiago zein gutxiago desberdintzen direnak.

Dialektoa Urtea Herrialdea Abestia Artista
Vienera

(Alemanieraren dialektoa)

1971   Austria "Musik" Marianne Mendt
Fino-Suediera

(Suedieraren dialektoa)

1990   Finlandia "Fri?" Beat
Vorarlbergera

(Alemanieraren dialektoa)

1996   Austria "Weil's dr guat got" George Nussbaumer
Estiriera

(Alemanieraren dialektoa)

2003   Austria "Weil der Mensch zählt" Alf Poier
Andaluziera

(Gaztelaniaren dialektoa)

2006   Espainia "Un Blodymary" Las Ketchup
Finlandia ekialdeko kareliera

(Finlandieraren dialektoa)

2010   Finlandia "Työlki ellää" Kuunkuiskaajat
Ghog

(Albanieraren dialektoa)

2012   Albania "Suus" Rona Nishliu
Mühlviertlera

(Alemanieraren dialektoa)

2012   Austria "Woki mit deim Popo" Trackschittaz
Chakaviera

(Kroazieraren dialektoa)

2013   Kroazia "Mižerja" Klapa s Mora
Greziera pontikoa 2016   Grezia "Utopian Land" Argo
Torlakiera

(Serbieraren dialektoa)

2018   Serbia "Nova deca" Sanja Ilić & Balkanika

Gainera, leihaketan agertu ez izan arren, beste hainbat hizkuntza zein dialekto entzun izan dira herrialdeen selekzio-prozesuetan, hala nola, Faroera, Livoniera, Mendebaldeko frisiera, Silesiera, Gagauzera, Groenlandiera, Tagaloa, Lingala, Hegoaldeko Samiera, Jorubera, Japoniera, Réuniongo kreolera, dialekto Erromatarra, Pitjantjatjara, Hutsulera, Galiziera eta baita Euskara ere. 1999an Kukumiku taldea Frantzia ordezkatzeko finalista izan zen "Irradaka" euskarazko kantuarekin. Hautatzeko 12 abestitik, Kukumiku 10. postuan geratu zen.

EgoitzakAldatu

Lehiaketaren lehen bi edizioak Suitzak eta Alemaniak antolatu ondoren, handik aurrera urte bakoitzeko herrialde irabazleak hurrengo urteko lehiaketa antolatzeko gonbidapena jasoko zuela erabaki zen. Ordundik, herrialde irabazleak sei alditan egin behar izan dio uko hurrengo urteko edizioaren antolaketari:

  • 1960: BBCk antolatu zuen Londresen, Herbehereek gastuagaitik uko egin ostean. Erresuma Batua hautatu zen egoitza bezala 1959an bigarren postuan gelditzeagatik.
  • 1963: BBCk antolatu zuen Londresen, Frantziak gastuagaitik uko egin ostean. Bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren Monako eta Luxenburgok ere uko egin zioten antolaketari gastuagaitik.
  • 1972: BBCk antolatu zuen Edinburghen, Monakok ez baitzuen areto aproposik. Monakoko telebistak BBCri pasa zion gonbidapena, aurretik zeukan esperientziagatik.
  • 1974: BBCk antolatu zuen Brightonen, Luxenburgok bigarren urtez jarraian irabazi eta gastuagaitik uko egin ostean.
  • 1980: NOSek antolatu zuen Hagan, Israelek bigarren urtez jarraian irabazi eta gastuagatik uko egin ostean. Horrez gain, aldez aurrez aukeratutako data (apirilaren 19) Memoria Eguna zen Israelen urte horretan. Herbehereek hartu baino lehen beste hainbat telebista-erakundek egin zioten uko antolaketa lanari.
  • 2023: EBUk erabaki zuen Ukrainako UA:PBC telebistak ezingo duela lehiaketa antolatu 2022ko Errusiaren Ukrainako inbasioak sortutako segurtasun kezkak direla eta. Bigarren postuan gelditu zen BBCek hartu zuen antolaketa, eta Liverpool hautatu zuen egoitza bezala.

2015an EBUk Australia parte hartzera gonbidatu zuenean, Australiak irabazten badu, Australiar SBS irrati-telebistak hurrengo urteko edizioa Europako hiri batean ekoitziko zuela iragarri zen, bere aukerako EBUko kide aktibo batekin batera.

Garaileak urtez-urteAldatu

Urtea Egoitza Herrialde irabazlea Abestia Artista
1956   Lugano   Suitza "Refrain" Lys Assia
1957   Frankfurt   Herbehereak "Net als toen" Corry Brokken
1958   Hilversum   Frantzia "Dors mon amour" André Claveau
1959   Cannes   Herbehereak "Een beetje" Teddy Scholten
1960   Londres   Frantzia "Tom Pillibi" Jacqueline Boyer
1961   Cannes   Luxenburgo "Nous les amoureux" Jean-Claude Pascal
1962   Luxenburgo   Frantzia "Un premier amour" Isabelle Aubret
1963   Londres   Danimarka "Dansevise" Grethe & Jørgen Ingmann
1964   Kopenhage   Italia "Non ho l'età" Gigliola Cinquetti
1965   Napoli   Luxenburgo "Poupée de cire, poupée de son" France Gall
1966   Luxenburgo   Austria "Merci, Chérie" Udo Jürgens
1967   Viena   Erresuma Batua "Puppet on a String" Sandie Shaw
1968   Londres   Espainia "La, la, la" Massiel
1969[b 1]   Madril   Erresuma Batua "Boom Bang-a-Bang" Lulu
  Espainia "Vivo cantando" Salomé
  Frantzia "Un jour, un enfant" Frida Boccara
  Herbehereak "De troubadour" Lenny Kuhr
1970   Amsterdam   Irlanda "All Kinds of Everything" Dana
1971   Dublin   Monako "Un banc, un arbre, une rue" Séverine
1972   Edinburgh   Luxenburgo "Après toi" Vicky Leandros
1973   Luxenburgo   Luxenburgo "Tu te reconnaîtras" Anne-Marie David
1974   Brighton   Suedia "Waterloo" ABBA
1975   Stockholm   Herbehereak "Ding-a-dong" Teach-In
1976   Haga   Erresuma Batua "Save Your Kisses for Me" Brotherhood of Man
1977   Londres   Frantzia "L'oiseau et l'enfant" Marie Myriam
1978   Paris   Israel "A-Ba-Ni-Bi" Izhar Cohen & The Alphabeta
1979   Jerusalem   Israel "Hallelujah" Milk and Honey
1980   Haga   Irlanda "What's Another Year" Johnny Logan
1981   Dublin   Erresuma Batua "Making Your Mind Up" Bucks Fizz
1982   Harrogate   Alemania "Ein bißchen Frieden" Nicole
1982   Munich   Luxenburgo "Si la vie est cadeau" Corinne Hermès
1984   Luxenburgo   Suedia "Diggi-Loo Diggi-Ley" Herreys
1985   Göteborg   Norvegia "La det swinge" Bobbysocks
1986   Bergen   Belgika "J'aime la vie" Sandra Kim
1987   Brusela   Irlanda "Hold Me Now" Johnny Logan
1988   Dublin   Suitza "Ne partez pas sans moi" Céline Dion
1989   Lausana   Jugoslavia "Rock Me" Riva
1990   Zagreb   Italia "Insieme: 1992" Toto Cutugno
1991   Erroma   Suedia "Fångad av en stormvind" Carola
1992   Malmö   Irlanda "Why Me?" Linda Martin
1993   Millstreet   Irlanda "In Your Eyes" Niamh Kavanagh
1994   Dublin   Irlanda "Rock 'n' Roll Kids" Paul Harrington & Charlie McGettigan
1995   Dublin   Norvegia "Nocturne" Secret Garden
1996   Oslo   Irlanda "The Voice" Eimear Quinn
1997   Dublin   Erresuma Batua "Love Shine a Light" Katrina & The Waves
1998   Birmingham   Israel "Diva" Dana International
1999   Jerusalem   Suedia "Take Me to Your Heaven" Charlotte Nilsson
2000   Stockholm   Danimarka "Fly on the Wings of Love" Olsen Brothers
2001   Kopenhage   Estonia "Everybody" Tanel Padar, Dave Benton & 2XL
2002   Tallinn   Letonia "I Wanna" Marie N
2003   Riga   Turkia "Everyway That I Can" Sertab Erener
2004   Istanbul   Ukraina "Wild Dances" Ruslana
2005   Kiev   Grezia "My Number One" Helena Paparizou
2006   Atenas   Finlandia "Hard Rock Hallelujah" Lordi
2007   Helsinki   Serbia "Molitva" Marija Šerifović
2008   Belgrad   Errusia "Believe" Dima Bilan
2009   Mosku   Norvegia "Fairytale" Alexander Rybak
2010   Oslo   Alemania "Satellite" Lena
2011   Düsseldorf   Azerbaijan "Running Scared" Ell & Nikki
2012   Baku   Suedia "Euphoria" Loreen
2013   Malmö   Danimarka "Only Teardrops" Emmelie de Forest
2014   Kopenhage   Austria "Rise Like a Phoenix" Conchita Wurst
2015   Viena   Suedia "Heroes" Måns Zelmerlöw
2016   Stockholm   Ukraina "1944" Jamala
2017   Kiev   Portugal "Amar pelos dois" Salvador Sobral
2018   Lisboa   Israel "Toy" Netta
2019   Tel Aviv   Herbehereak "Arcade" Duncan Laurence
2020   Rotterdam bertan behera utzitakoa
2021   Rotterdam   Italia "Zitti e buoni" Måneskin
2022   Turin   Ukraina "Stefania" Kalush Orchestra
2023   Liverpool
  1. 4 herrialdek puntu kopuru berdina lortu zuten, eta garaian berdinketa deuseztatzeko araurik ez zegoenez, laurak garaile izendatu zituzten.

Garaipenak herrialdekaAldatu

Herrialdea Garaipenak Urteak
  Irlanda 7 1970, 1980, 1987, 1992, 1993, 1994, 1996
  Suedia 6 1974, 1984, 1991, 1999, 2012, 2015
  Frantzia 5 1958, 1960, 1962, 1969[c 1], 1977
  Luxenburgo 5 1961, 1965, 1972, 1973, 1983
  Erresuma Batua 5 1967, 1969[c 2], 1976, 1981, 1997
  Herbehereak 5 1957, 1959, 1969[c 3], 1975, 2019
  Israel 4 1978, 1979, 1998, 2018
  Norvegia 3 1985, 1995, 2009
  Danimarka 3 1963, 2000, 2013
  Italia 3 1964, 1990, 2021
  Ukraina 3 2004, 2016, 2022
  Espainia 2 1968, 1969[c 4]
  Suitza 2 1956, 1988
  Alemania 2 1982[c 5], 2010
  Austria 2 1966, 2014
  Monako 1 1971
  Belgika 1 1986
  Jugoslavia 1 1989
  Estonia 1 2001
  Letonia 1 2002
  Turkia 1 2003
  Grezia 1 2005
  Finlandia 1 2006
  Serbia 1 2007
  Errusia 1 2008
  Azerbaijan 1 2011
  Portugal 1 2017
  1. Elkarbanatutako garaipena.
  2. Elkarbanatutako garaipena.
  3. Elkarbanatutako garaipena.
  4. Elkarbanatutako garaipena.
  5. Mendebaldeko Alemania.

ErreferentziakAldatu

  1. (Ingelesez) Lipshutz, Jason; Lipshutz, Jason. (2021-06-10). «Duncan Laurence Has ‘No Idea’ How His Breakthrough Single ‘Arcade’ Keeps Going Viral» Billboard (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  2. (Ingelesez) «Rosa Linn's Snap: Armenia's viral TikTok Eurovision entry charts» BBC News 2022-07-29 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  3. «Eurovision, gerra edo bakea nahieran» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
  4. (Ingelesez) American Song Contest. 2022-08-26 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  5. (Ingelesez) Union (EBU), European Broadcasting. (2022-07-12). «Eurovision Song Contest to launch in Latin America» www.ebu.ch (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  6. (Ingelesez) «Hungary pulls out of Eurovision amid rise in anti-LGBTQ+ rhetoric» the Guardian 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).

Kanpo estekakAldatu