Ireki menu nagusia

Belgika[1] (nederlanderaz: België, frantsesez: Belgique, alemanez: Belgien), izen ofiziala Belgikako Erresuma, mendebaldeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Herbehereak ditu, Alemania ekialdean, Luxenburgo hego-ekialdean, Frantzia hego-mendebaldean, eta Ipar itsasoa ipar-mendebaldean. 30.528 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11,4 milioi biztanle zituen 2018an.[2] Brusela da hiriburua eta hiri nagusia.

Belgikako Erresuma
Koninkrijk België
Royaume de Belgique
Königreich Belgien
Bandera Armarria
Goiburua: nl: Eendracht maakt macht
fr: L'union fait la force
de: Einigkeit gibt Stärke

(“Batasuna da indarra”)
Ereserkia: La Brabançonne
Hiriburua
eta hiri handiena
Brusela
Hizkuntza ofiziala(k) nederlandera, frantsesa, alemana
Herritarra belgikar[1]
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregea Filipe I.a
 -  Lehen ministroa Charles Michel (jardunean)
Independentzia Herbehereetatik
 -  Adierazia 1830eko urriak 4 
 -  Onartua 1839ko apirilak 19 
Azalera
 -  Guztira 30,528 km2 (136.)
 -  Ura (%) 6,4
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2018[2]) 11.358.357 (79.)
 -  Dentsitatea 370 bizt./km2 (36.)
Dirua Euroa (€) (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia +32
ISO 3166 kodea BE
Internet domeinua .be

Monarkia konstituzional federala da. Bi eskualde nagusik osatzen dute: Valonia frantsesduna hegoaldean, eta Flandria nederlanderaduna iparraldean, tartean Bruselako eskualdea dagoela. Hizkuntza ofizialak nederlandera, frantsesa eta alemana dira, eta katolizismoa da erlijio nagusia.

1830. urtean lortu zuen burujabetasuna, Herbehereetatik bereizita erlijioa aitzakia harturik. Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran alemanen mendean egon zen. Harrezkero, eta bere txikitasunean, herrialde moderno eta teknologian aurreratua bilakatu da, Europar Batasunaren barruan. Azkeneko urteotan, krisi ekonomikoak, flandriarren eta valoniarren arteko tirabirak, eta eskuin muturraren gorakadak kinka larrian jarri dute herrialdearen barne egoera eta izatea bera.

Belgikako ekonomian, garrantzi handikoak dira industria (elikagaiak, siderurgia, ehungintza) eta, batez ere, zerbitzuak. Hartara, zerbitzuek ematen dute Belgikako barne produktu gordinaren % 77,2, industriak % 22,1 eta nekazaritzak % 0,7 (2017).[3]

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Belgika Europako ipar-mendebaldean dago, ipar latitudeko 49°30 eta 51°30 artean, eta ekialde longitudeko 2°33 eta 6°24 artean. Iparraldean 478 kilometroko muga du Herbehereekin; ekialdean 133 kilometrokoa Alemaniarekin; hego-ekialdean 130 kilometrokoa Luxenburgorekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean 556 kilometrokoa Frantziarekin. Ipar-mendebaldean Ipar itsasoa du (66,5 kilometroko itsasertza).[3]

ErliebeaAldatu

Hiru alde nagusi bereizten dira: itsasaldeko lautada, erdialdeko goi-ordokia eta, hegoaldean, Ardenetako mendigunea. Itsasaldeko lautada duna eta polderrez osaturik dago. Azken hauek, dike eta ubideen bidez Ipar Itsasoari irabazitako eremuak dira. Erdialdeko goi-ordokiak 100 eta 200 metro arteko garaiera du; haran emankorrak dira, ibai ugarik zeharkatutakoak. Ipar-ekialdean Campineko zabaldi hareatsua dago. Ardenetako muinoak eta goi-ordokiak malkartsuagoak dira, eta baso trinkoz estalirik daude; haitzulo eta arroila txikiak ere daude. Mendebaldean Frantzian ere sartzen da mendigune hori, eta ekialdean Alemaniako Eifel mendiekin loturik dago, Hautes Fagnes goi-ordokiaren bitartez. Bertan dago herrialdeko mendirik garaiena: Signal de Botrange (694 metro)

HidrografiaAldatu

Hiru dira ibai nagusiak: Eskalda (350 km luze, horietako 200 km Belgikan), Mosa (925 km luze, 183 km Belgikan) eta Yser (78 km luze, 50 km Belgikan). Hiruek Frantzian dute iturburua, eta Ipar Itsasora isurtzen dira. Ubide nabigagarri garrantzitsuak dira Brusela-Eskalda, Brusela-Charleroi, Erdialdeko kanala (Mosa-Eskalda) eta Albert kanala (Anberes-Lieja).

KlimaAldatu

Klima ozeanikoa da oro har, Cfb Köppen klima sailkapenaren arabera, gogorragoa mendialdean. Herrialdearen erdialdean, Bruselaren ondoan, dagoen Uccleko estazioan 10,4 gradukoa da urteko batez besteko tenperatura; urtarrila da hilerik hotzena (3,3 °C) eta uztaila beroena (18,4 °C). Urteko prezipitazioak 852 mm ingurukoak dira, ongi banatuak urte osoan: handienak abuztuan (79,3 mm), txikienak apirilean (51,3 mm).[4]

HistoriaAldatu

Artikulu nagusia: «Belgikako historia»

Independentzia aurreko BelgikaAldatu

 
Tongerengo (Atuatuca Tungrorum) erromatar harresia

K. a. 57an, Julio Zesarrek Galiaren ipar-mendebaldea konkistatu zuen; bertan belgae izeneko herri zelta bizi zen. K. a. 22an, Zesar Augustok Galia Belgika erromatar probintzia sortu zuen, Sena eta Rhin ibaien artean; Durocortorum Remorum (egun Reims, Frantzia) zen hiriburua.[5] Erromatarrek galtzada garrantzitsuak eraiki zituzten probintzian zehar, hala nola Boulogne-Kolonia eta Reims-Treveris artekoak, eta latina bilakatu zen administrazioaren hizkuntza. Kristautasuna IV. mendearen hasieratik aurrera hedatu zen; Tongeren izan zen lehenbiziko apezpikutegia.[6] IV. eta V. mendeetako migrazioetan, frankoak kokatu ziren eskualde hartan, eta bertan eratu zuten lehenbiziko erresuma frankoa. Txilderikok Tournain ezarri zuen hiriburua; haren seme Klovis I.ak bataioa hartu zuen 496 aldean, eta Parisera lekualdatu zuen gortea.[7]

843an sinatutako, Verdungo Hitzarmenaren arabera, Luis Errukitsuaren hiru semeen artean banatu zen Karolingiar Inperioa. Egungo Belgikaren lurraldeei dagokienez, Lotario I.ak jaso zituen Eskalda eta Rhinen arteko lurrak (Lotaringia), eta Karlos Burusoilak Flandria. 923ean, Lotaringia Ekialdeko Frantziari lotu zitzaion. XI. eta XII. mendeetan, lurraldea zenbait konderri eta jaurerri feudaletan banaturik zegoen: Flandriako, Namurko, Hainauteko, Luxenburgoko eta Loongo konderriak, Brabanteko eta Linburgoko dukerriak eta Liejako Printzerria. Flandria Frantziako Erresumaren parte zen, eta gainerako lurraldeak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende zeuden.[8]

X. mendetik aurrera, merkataritza bideak sendotuz joan ziren. Haien ondoan hiri berriak sortu eta zaharrak suspertu ziren. Urteko feriek garrantzi handia hartu zuten. XII. mendetik hara, produktu batzuk kanpora saltzen hasi ziren, hala nola Flandesko ehunak eta Valoniako metalurgia-lanak. Hiri batzuek, Gantek, Brujasek eta Ypresek adibidez, hiri gutuna eskuratu zuten. Zistertar abadia ugari eraiki ziren urte haietan: Orval (1132), Ten Duinen (1139), Villers (1146), Aulne (1147), Ter Doest (1174), Val-Saint-Lambert (1191). XIV. mendea izan zen Flandesko hirien garairik oparoena. Bertan ekoitzitako oihalak ontziz eramaten ziren Baltikorantz, Hansaren portuen bitartez. Leku estrategikoan kokatua, finatza gune garrantzitsu bihurtu zen Brujas, eta bertako portuak berealdiko ontzi-trafikoa zeukan.[8]

XIV-XV. mendeetan, Borgoinako dukeen esku gelditu ziren egungo Belgikako lurralde guztiak, Liejako eta Stavelot-Malmedyko printzerriak eta Tournai izan ezik. Frantzia eta Inperio Santuaren artean estatu indartsu bat eratzea zen haien asmoa. Urte horietan, 1400-1450 bitartean batez ere, ekonomia, kultura eta arte loraldia gertatu zen Borgoinar Herbehereetan. Filipe Onberak gauzatu zuen lurralde horien guztien bateratze administratiboa. Hiri handiek, ordea, beren autonomia gorde nahi izan zuten, politika zentralista horren aurka. XV. mendearen amaieran, Brujasen gainbehera hasi zen, eta Anberes bilakatu zen Flandesko merkataritza-hiri nagusi.[8]

 
Hamazazpi Probintziak; Liejako Printzerria berdez

1477an amaitu zen Borgoinar Herbehereen independentzia, Maria Borgoinakoa Maximiliano I.a Habsburgokoarekin ezkondu zenean. Maria eta Maximilianoren iloba Karlos Habsburgokoak oinordetu zituen lurralde horiek, Espainiako Koroa eta Inperio Santuarekin batera. 1521ean Tournai eta egungo Herbehereetako probintzia batzuk ere bereganatu zituen. Eskuratu berriko eskualde horiek eta Borgoinar Herbehereek osatutako estatu multzoari Espainiar Herbehereak (edo Hamazazpi probintziak) izena ematen zaio. Hura zen Europan kapitalismoak indar gehien zuen herrialdeetako bat, eta Pizkundearekin eta Humanismoarekin loturiko arteak eta ideiek zabalkunde gehien izan zutenetakoa. Hura zen, beraz, Erreforma Protestantea errotzeko gune egokienetako bat.[9] Karlos Habsburgokoak aurre egin bazion ere, kalbinismoa azkar hedatu zuen Espainiar Herbehereetako iparraldean.[8]

Filipe II.a Espainiakoa izan zen Karlos Habsburgokoaren oinordekoa. Hamazazpi probintzietako nobleziak ez zuen gogo onez hartu haren jatorri atzerritarra, ezta haren nagusikeria ere. Protestanteen aurka Filipek abiarazi zuen politika bortitzak haserrea areagotu zuen. 1568an espainiarren aurkako matxinada piztu zen, Gilen Isila buru zela. Hasieran espainiarrak nagusitu baziren ere, iparraldeko probintziek borrokari eutsi zioten, eta Zazpi Herbehere Batuen Errepublika independentea (Probintzia Batuak ere deitua) eratu zuten 1581ean. Hegoaldeko hamar probintziak (ipar-mendebaldeko Frantzia, egungo Belgika, Liejako probintzia izan ezik, eta Luxenburgo) Espainiako Koroaren mendean geratu ziren. Horiek horrela, hegoaldeko probintzietako herritar ugari erbesteratu egin zen Zazpi Probintzietara edo beste herrialde batzuetara.[8]

XVII. mendean Espainiak etengabeko gerrak izan zituen, bai Frantziaren aurka, bai Probintzia Batuen aurka. Horren ondorioz, Hegoaldeko Herbehereak guduzelai bilakatu ziren, eta herrialdea suntsiturik geratu zen. Miseria garaia izan zen, artean Inperio Santuaren mende zegoen Liejako Printzerrian izan ezik. Gudu horietan Zeelandako Flandria, Ipar Brabante eta Maastricht aldea konkistatu zituzten Probintzia Batuek, eta Artois, Frantziar Flandria eta Hainauteko hegoaldea bereganatu zituen Frantziak.[8] 1714an, Espainiako Ondorengotza Gerraren ostean, Habsburgotar monarkiak eskuratu zituen Hegoaldeko Herbehereak; handik aurrera, Austriar Herbehereak izena eman zitzaien. 1794an, Frantziako Iraultzako Gerretan, Frantziako Errepublikak beretu zituen; frantsesen nagusitasuna 1815ean amaitu zen, Napoleon erabat azpiratua izan zenean.[10]

Independentzia ondoko BelgikaAldatu

1815ean, Herbehereetako Erresuma Batua sortu zuten Napoleonen aurkako aliatuek, Probintzia Batuak, Austriar Herbehereak eta Liejako Printzerria bateraturik, hizkuntza eta erlijio berezitasunak kontuan hartu gabe, eta Gilen Orangekoa ezarri zuten errege. 1830ean, ordea, hegoaldeko valoniar eta flandriar katolikoak matxinatu eta Herbehereetatik bereizi ziren (Belgikako Iraultza). Monarkia konstituzionala ezarri zen, Leopoldo I.a errege zela. Leopoldo I.a 1865ean zendu zen, eta Leopoldo II.a semea izan zen ondorengoa. Afrikako kolonizazioaren eragile nagusietako bat izan zen Leopoldo II.a; Kongoko Estatu Burujabea haren jabego pribatua izan zen, eta hilketak, bahiketak eta torturak erabili zituen bertako aberastasunak beretzeko. 1908an, Kongoko Estatu Burujabean gertatzen ari ziren izugarrikeriak ezagutu zirelarik, gobernuaren esku utzi behar izan zuen erregeak lurralde hura, harrezkero Kongo Belgikarra izena hartu zuena.[11]

Leopoldo II.a 1909an hil ondoren, Alberto I.a tronuratu zen. Herrialde neutrala bazen ere, Lehen Mundu Gerraren hasieran, 1914ko irailean, Alemaniak Belgika inbaditu zuen, Frantziari erasotzea herburu zuen Schlieffen planaren barnean. Gerrako mendebaldeko fronteko bataila nagusietako batzuk mendebaldeko Belgikan gertatu ziren. Gerra ondoan, Versaillesko Itunaren bitartez, Eupen eta Malmedy bereganatu zituen,[12] eta baita erdialdeko Afrikako Ruanda-Urundi kolonia ere.[13] 1932an onartu zen lehenbiziko hizkuntza legea, herrialdea hiru eremutan banatu zuena: Valonia (frantsesa ofiziala), Flandria (flandesera ofiziala) eta Brusela (elebiduna).[14]

 
Britainiar tropei Bruselan egindako harrera, 1944ko irailak 4

Alberto I.a 1934an hil zen mendi istripu batean, eta haren seme Leopoldo III.a izan zen ondorengoa. 1940eko maiatzaren 10ean, Alemania Naziak herrialdea inbaditu zuen. Erregeak kapitulatzeko agindua eman bazuen ere, Parisen erbesteraturik zegoen gobernuak errefusatu zuen amore ematea. Alferrik izan zen, eta hilaren 28an baldintzarik gabe errenditu zen Belgika.[15] 40.000 belgikar baino gehiago hil zituzten naziek, horietako erdiak juduak. 1944ko irailaren eta 1945eko otsailaren bitartean, Aliatuek herrialdea askatu zuten. Belgikar herriak naziekin kolaboratu izana egotzi zion Leopoldo III.ari, eta 1951n Baudouin semeari utzi behar izan zion erregetza.[16]

1948an, Benelux izeneko ekonomia eta aduana batasuna eratu zuten Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok. Hiru urte geroago, hiru herrialde horiek, Frantziak, Italiak eta Mendebaldeko Alemaniak Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa sortu zuten, Europar Batasunaren ernamuina.1960an, burujabetasuna onartu behar izan zion Belgikar Kongori (egun Kongoko Errepublika Demokratikoa).[17] Ruanda-Urundiri dagokionez, 1961ean egin zen independentziarako erreferenduma, eta bi estatutan banatu zen 1962an: Ruanda eta Burundi.

1960-1961eko neguan, Gaston Eyskensen gobernuaren austeritate politikaren aurkako greba orokorra egin zen, sei aste iraun zuena. Flandesera hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabirak areagotu ziren 1960ko hamarkadatik aurrera. Horren ondorioz, Lovainako Unibertsitatea bitan zatitu zen 1968an: Katholieke Universiteit Leuven eta Université catholique de Louvain. Hainbat erreformen ondoren, konstituzio federala onartu zen 1993an; horren arabera, hiru eskualdez (Brusela, Flandria eta Valonia) eta hiru komunitatez (flandriarra, frantsesa eta germanofonoa) osatutako estatu federala da Belgika.[18] Urte horretan bertan zendu zen Baudouin erregea; haren ondorengoa, Alberto II.a, 1993ko abuztuaren 9an koroatu zuten belgikarren errege.[19]

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

 
Belgikako komunitateak:
     Flandriar komunitatea      Frantziar komunitatea     Alemaniar komunitatea
 
Belgikako eskualdeak:
     Flandria     Brusela-Hiriburua eskualdea     Valonia

Belgika monarkia konstituzionala, ordezkaritzazkoa eta hereditarioa da. Estatuburua erregea da, eskumen mugatuak dituena, eta lehen ministroa da gobernuburua. Legebiltzarra ganbera bikoa da, Senatuaz (60 kide) eta Ordezkarien Ganberaz (150 kide) osatua. Lehenbiziko konstituzioa 1831n onartu zen, eta zazpi aldiz berrikusi da harrezkero, 1993an azkenekoz. Flandriera hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabiren ondorioz-edo, konstituzioaren azken aldaketa horretan estatu federal bilakatu zen.

Hiru eskualdek osatzen dute herrialdea (Flandria, Valonia eta Brusela) eta hiru komunitate daude (flandriarra, frantsesa eta aleman hiztuna), lurralde bakoitzean mintzatzen den hizkuntzaren arabera eraturik. Horrezaz gainera, lau hizkuntza-eremu daude (flandriera hiztuna, frantsesa hiztuna, elebiduna eta alemaniera hiztuna). Komunitate bakoitzak bere parlamentua eta bere gobernua ditu. Flandriako eskualdea eta komunitatea batu egin ziren eta parlamentu bakarra dago bi erakundeak ordezkatzeko. Valoniako eskualdea eta izen bereko komunitatea, berriz, bereizirik daude.[18]

Banaketa administratiboaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Belgikaren banaketa administratiboa»

Hiru mailatan dago banatua Belgikako administrazioa:

  1. Belgikako gobernu federala, egoitza Bruselan duena.
  2. Hiru hizkuntza-komunitate:
    • Flandriar komunitatea (flandriera hiztuna);
    • Frantziar komunitatea (frantsesa hiztuna);
    • Alemaniar komunitatea (aleman hiztuna).
  3. Hiru eskualde:

ProbintziakAldatu

Mapa Probintzia Nederlanderaz Frantsesez Alemanez Hiriburua Hiri handiena Eremua
(km²)
Biztanleria
(2018/1/1)
Anberes Antwerpen Anvers Antwerpen Anberes
(nl: Antwerpen)
(fr: Anvers)
Anberes
(nl: Antwerpen)
(fr: Anvers)
2.860 1.847.486
Ekialdeko Flandria Oost-Vlaanderen Flandre-Orientale Ostflandern Gante
(nl: Gent)
(fr: Gand)
Gante
(nl: Gent)
(fr: Gand)
2.982 1.505.053
Flandriako Brabante Vlaams-Brabant Brabant flamand Flämisch Brabant Lovaina
(nl: Leuven)
(fr: Louvain)
Lovaina
(nl: Leuven)
(fr: Louvain)
2.106 1.138.489
Hainaut Henegouwen Hainaut Hennegau Mons
(nl: Bergen)
Charleroi 3.800 1.341.645
Lieja Luik Liège Lüttich Lieja
(fr: Liège)
(nl: Luik)
(de: Lüttich)
Lieja
(fr: Liège)
(nl: Luik)
(de: Lüttich)
3.844 1.105.326
Linburgo Limburg Limbourg Limburg Hasselt Hasselt 2.414 870.880
Luxenburgo Luxemburg Luxembourg Luxemburg Arlon
(nl: Aarlen)
(de: Arel)
Arlon
(nl: Aarlen)
(de: Arel)
4.443 283.227
Mendebaldeko Flandria West-Vlaanderen Flandre-Occidentale Westflandern Brujas
(nl: Brugge)
(fr: Bruges)
(de: Brügge)
Brujas
(nl: Brugge)
(fr: Bruges)
(de: Brügge)
3.151 1.191.059
Namur Namen Namur Namur Namur
(nl: Namen)
Namur
(nl: Namen)
3.664 493.073
Valoniako Brabante Waals-Brabant Brabant wallon Wallonisch Brabant Wavre
(nl: Waver)
Braine-l'Alleud
(nl: Eigenbrakel)
1.093 401.106

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Biztanleriaren bilakaera, 1948-2013 bitartean

2018aren hasieran 11.358.357 biztanle zituen.[2] Dentsitatea Europako handienetakoa da, 370 biztanle kilometro koadroko. Dentsitate hori ez da berdina alde guztietan: iparraldeko probintziek askoz handiagoa dute Ardenetakoek baino. Biztanle gehienak, % 98, hirietan bizi dira. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 17,2 dira, 15-24 urte bitartekoak % 11,2, 25-54 urte bitartekoak % 39,8, 55-64 urte bitartekoak % 13 eta 65 urtetik gorakoak % 18,8. Bizi itxaropena oso garaia da, 81,2 urtekoa; 78,6 urtekoa gizonezkoena eta 83,9 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[3]

Banaketa etnikoaAldatu

Bi gizatalde nagusi daude Belgikan: flandriarrak (% 55) eta valoniarrak (% 44); eta askoz txikiagoa den beste bat, alemanak (% 0,4). 2011n biztanleen % 25 etorkinak edo etorkinen ondorengoak ziren: italiarrak (% 4,1), marokoarrak (% 3,7), frantziarak (% 2,4), turkiarrak (% 2), herbeheretarrak (% 2), eta beste herrialde batzuetakoak (% 12.8).[3]

HizkuntzakAldatu

 
Bi hizkuntzatako seinaleak Bruselan

Bi dira Belgikako hizkuntza nagusiak: biztanleen % 55k nederlandera dute ama hizkuntza, eta % 38k frantsesa.[20] Nederlandera Flandrian mintzatzen da, Belgikako iparraldeko erdian, eta frantsesa, berriz, [[Valonia]n, hegoaldeko erdian. Aleman hiztunak (% 0,4) ekialdean bizi dira. Biztanleen % 9 elebidunak dira. Hiriburua, Brusela, gizatalde guztien elkargunea da, eta beraz nederlandera eta frantsesa, biak dira ofizialak han.

Aurrekoez gain, honako hizkuntza gutxitu hauek mintzatzen dira ere Belgikako lurralde batzuetan: pikardiera, Valoniako Tournai eta Mons barrutietan; linburgera, Liejako probintziaren iparraldean; eta luxenburgera, Luxenburgo probintzian.

ErlijioaAldatu

Librepentsamenduak eta frankmazoneriak ahuldua izanda ere, katolizismoak eragin handia izan du Belgikako gizarte eta politikan independentzia adierazi zutenetik. Belgikako konstituzio laikoak kontzientzia-askatasuna babesten du eta, gobernuek horren alde egin dute. 2015eko Eurobarometroaren arabera egindako zenbatespenaren arabera, belgikarren % 60 kristaua da (% 52 katolikoa, % 2,1 protestantea, % 1,6 ortodoxoa, % 4,1 beste kristau sineste batekoa), % 5,2 musulmana, % 17,1 agnostikoa eta % 14,9 ateoa.[21]

OsasunaAldatu

 
Anberesko unibertsitate ospitalea

1960ko hamarkadatik aurrera, urtero bi hilabetetan hazi zen bizi itxaropena, Europako batezbestekoaren antzera. Gaitz kardiobaskularrak, neoplasiak, arnas aparatuaren gaitzak eta naturalak ez diren kausak (istripuak eta suizidioak) dira heriotza-arrazoi nagusiak. Minbizia eta heriotza-arrazoi ez naturalak nagusiak dira 24 urte baino gehiagoko emakumeengan eta 44 urte baino gehiagoko gizonengan.[22]

Gizarte-segurantzak eta zergek finantzatzen dute osasun-sistema. Nahitaezkoa da osasun-asegurua kontratatua izatea. Mediku eta ospitale gehienak sektore pribatuan aritzen dira. Gaixoak pagatu ohi ditu gastuak, eta aseguru-etxeak geroago itzultzen dio ordaindutako dirua.[22] Gobernu federalak, hiru eskualdeek eta hiru komunitateek ikuskatzen eta finantzatzen dute osasun-sistema. Beraz, sei osasun-ministerio daude, Flandriako eskualdekoak eta komunitatekoak bat egin zutelako.[22]

Hiri nagusiakAldatu

EkonomiaAldatu

 
Schaerbeekeko finantza barrutia, Brusela

Belgika munduko herrialde industrializatu aurrenetako bat da. Gaur egun industrian eta merkataritzan ditu ekonomiaren bi oinarri nagusiak. Hala, biztanleen % 80,1 hirugarren sektorean aritzen da, eta ia % 18,6 bigarrenean. Nekazaritza-abeltzaintzak ez du % 1,3 baizik hartzen (2013ko datuak),[3] baina oso etekin handiak ematen dituzte, herrialdeko elikagai beharren % 80 asetzen baitituzte gutxi gorabehera.

Nekazaritza eta abeltzaintzaAldatu

Lurraren laurden bat lantzeko erabiltzen da, % 16 belardi eta larreetarako, eta % 22 basoa da.[3] Azkeneko urteotan, beterraba, patata, garia eta garagarra landu dira batez ere, fruituez, tomatez eta lihoaz gainera. Dena dela, nekazari gehienak ez dira baserriko lanetik bakarrik bizi. Nekazaritzarako lur hoberenak Flandriako zelaiak, Brabante eta Hainaut dira. Abeltzaintzan txerri, behi, ardi eta zaldi hazkuntza da aipagarriena. Belgikak kontsumitzen duen haragiaren % 95 ekoizten du, eta behar beste gurin, arrautza eta esne.

MeatzaritzaAldatu

 
Anberesko portua

Garrantzi handiko harrikatz-hobiak izan ditu, baina gaur egun agorturik daude: 5,6 milioi tona ikatz atera ziren 1986an, 634.000 tona 1991n, eta 278.000 baino ez 1992an. Ikatza izan zen Belgikako ekonomiaren suspertzaile nagusia XIX. mendean. Meatze nagusiak Mosa-Sambre eskualdean zeuden, eta besteak beste Charleroi eta Lieja hirien hazkundea eragin zuten. Etorkin gehienak meatzetan aritzen ziren lanean. Azkenik, hobi sakonenak ustiatzeak zituen gastu ikaragarriak eta hidrokarburoen lehiak behartuta, bertan behera utzi ziren.

IndustriaAldatu

Europako herrialde industrializatuenetako bat da, duen kokaleku egokiari eta garraio azpiegiturari esker. Europa kontinentalean Industria Iraultzari ekin zion lehenengo herrialdea izan zen: kokalekuaz gainera, ikatza eta ehungintza (Erdi Aroan Flandriako hirien aberastasun-iturri nagusia) izan ziren iraultza hartako oinarri nagusiak. Industriak bultzada handia izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta beheraldi bat gero, 1950eko hamarkadan, baina 1957an Europako Ekonomia Erkidegoan (Europar Batasuna, gaur egun) sartzeak eta inbertsioa sustatzeko gobernuak bultzatu zituen ekimenek berriro suspertu zuten.

 
Labe garaiak, Ougréen, Mosa ibaiaren ertzean, Liejatik hurbil

Ikatz ekoizpenak sustatuta, garrantzi handiko siderurgia izan du oraintsu arte. Burdin eta altzairu asko ekoizten du, erdia baino gehiago kanpora saltzeko. Ehungintzak —garrantzi handiko jarduera, Erdi Aroaz geroztik— kotoia, artilea, lihoa eta ehun sintetikoak ekoizten ditu, batez ere Brujas, Brusela, Linburgo, Gante, Lieja, Kortrijk eta Malinasen. XX. mendearen bukaeran 46.000 tona kotoizko ehun, 32.000 tona artilezko ehun eta 38.000 tona raion eta zetazko oihal ekoizten ziren urtean.

Belgikako industria kimikoa kobalto eta erradio gatzen munduko ekoizle handiena da, eta munduko handienetako bat egur-mundruna, ongarriak eta plastikoak ekoizten. Garrantzizko beste industria batzuk dira: ontziolak (Anberes) eta trenak; diamanteak lantzeko industria (Anberes), munduko inportanteena; farmazia industria; argazki hornigaiak; beirazko gauzak; altzariak; alfonbrak (Sint-Niklaas); papera eta kartoia; zementua. Burdinarik gabeko metalen industriak, Kongoko Errepublika Demokratikoko (Belgikar Kongo ohia) lehengaiez horniturik, era askotako metalez —kobrea, zinka, beruna, platinoa, germanioa eta uranioa— hornitzen ditu industria metalurgikoak, kimikoak eta bestelakoak.

EnergiaAldatu

Argindarraren %35  erregai fosilen bitartez lortzen da, % 28 zentral nuklearretan, % 1 ur indarretxeetan, eta % 36 beste iturri berriztagarrien bitartez (2016-2017ko zenbatespenak).[3]

AzpiegiturakAldatu

AireportuakAldatu

 

See source Wikidata query..

KulturaAldatu

GastronomiaAldatu

 
Moules-frites / mosselen met friet, Belgikako ohiko jakia
Sakontzeko, irakurri: «Belgikako gastronomia»

Frantziako sukaldaritzaren eragina nabarmena da Belgikan. Sarritan, gourmetak baino gehiago tripontziak (frantsesez: gourmands; nederlanderaz: bourgondiërs) direla esaten dute belgikarrek, hau da fine cuisine baino nahiago dutela grand cuisine edo sukaldaritza zabala. Topikoetatik aldenduz, egia esan, Belgikako sukaldaritza zabala izateaz gain kalitatezkoa ere bada. Izan ere, Alemaniako kantitatea eta Frantziako kalitatea ematen omen dute bertan.[23][24] Bruselako gaufreak, txokolateak eta garagardoak ospetsuak dira herrialdetik kanpo ere. Belgikako sukaldaritza bertoko sasoiko produktuak lantzen ditu batez ere, adibidez Flandriako carbonade flamande izeneko erregosia edo Dinanteko couque izeneko galletak. Egunean hiru otordu egin ohi dira: gosari arina, bazkari arina edo ertaina eta afari handia.

KomikiakAldatu

Belgika osoa, baina batez ere Brusela hiriburua, Europa osoko komikigintzaren egoitza nagusietako bat da.[25] Comanche, Lucky Luke, Pottokiak, Tintin (nederlanderaz: Kuifje) edo Spirou et Fantasio komikiak bertan jaio ziren.

KirolakAldatu

 
Eddy Merckx txirrindulari handia

Belgikan zale gehien duen kirola futbola da, eta RSC Anderlecht da talde nagusia; aipagarriak dira, orobat, Club Brugge KV, Standard Liège eta RKV Malinas, besteak beste. Zale ugari dituzte txirrindularitzak, tenisak, igeriketak eta judoak ere.[26]

Txirrindularitzan, Lieja-Bastogne-Lieja eta Flandriako Tourra klasiko handiak, Valonian eta Flandrian jokatzen dira, hurrenez hurren. Halaber, inoizko txirrindularirik handienen artean dago Eddy Merckx belgikarra.

Belgikar ospetsuakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b c d Chiffres de population au 1er janvier 2018, ibz.rrn.fgov.be
  3. a b c d e f g Belgium The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-01-13.
  4. Les normales mensuelles à Uccle Institut Royal Météorologique, meteo.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-14.
  5. Gallia Belgica Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-15.
  6. La principauté de Liège: Les premiers évêques perso.infonie.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-15.
  7. Pfister, Christian Clovis 1911 Encyclopædia Britannica, en.wikisource.org . Noiz kontsultatua: 2019-01-15.
  8. a b c d e f Histoire avant l'indépendance vivreenbelgique.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-15.
  9. Erlijio gerrak Historia Unibertsala, Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-01-18.
  10. War of the Spanish Succession historyworld.net . Noiz kontsultatua: 2019-01-20.
  11. El Genocidio de Leopoldo II ikuska.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-21.
  12. Robert H., George Eupen and Malmedy foreignaffairs.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-21.
  13. Samson, Anne Ruanda and Urundi 1914-1918-online. International Encyclopedia of the First World War, encyclopedia.1914-1918-online.net . Noiz kontsultatua: 2019-01-21.
  14. Beljika burujabearen hizkuntza politika soziolinguistika.eus . Noiz kontsultatua: 2019-01-21.
  15. May 28: Belgium surrenders unconditionally This Day in History, A&E Television Networks, history.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-22.
  16. Vanderstappen, Tom Leopold III: The Belgian king who was forced to abdicate after the Second World War 2019 The Brussels Times, brusselstimes.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-22.
  17. The Congo, Decolonization, and the Cold War, 1960–1965 Office of the Historian, Bureau of Public Affairs, United States Department of Statehistory.state.gov . Noiz kontsultatua: 2019-01-22.
  18. a b Bernales Soriano, Roberto Federalismo fiskala XXI. mendean: gure inguruko ikuspegi orokor bat conciertoeconomico.org . Noiz kontsultatua: 2019-01-22.
  19. Le roi Albert II monarchie.be . Noiz kontsultatua: 2019-01-22.
  20. Eurobaromètre spécial 386: Les Européens et leurs langues European Commission, ec.europa.eu . Noiz kontsultatua: 2019-01-29.
  21. Eurobarometer 437: Discrimination in the EU in 2015 European Commission, zacat.gesis.org . Noiz kontsultatua: 2019-01-27.
  22. a b c Corens, Dirk (2007) «Belgium, health system review» Health Systems in Transition (European Observatory on Health Systems and Policies) 9 (2).
  23. www.belgium.alloexpat.com Belgian cuisine - General.
  24. Jackson, Michael Michael Jackson's Great Beers of Belgium ISBN 0-7624-0403-5.
  25. Dierick, Charles (2000) Het Belgisch Centrum van het Beeldverhaal Brusela: Dexia Bank / La Renaissance du Livre 11 or. ISBN 2-8046-0449-7.
  26. George Wingfield (2008). Charles F. Gritzner argitaldaria. Belgium. Infobase Publishing. 94–95. orr. ISBN 978-0-7910-9670-3.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Belgika