Krabelinen Iraultza (portugesez: Revolução dos Cravos) estatu-kolpe militar bat izan zen, 1974ko apirilaren 25ean gauzatua Lisboan, 1926tik Portugalen zegoen erregimen politikoa edo diktadura amaitzeko balio izan zuena. Orduko gobernuaren aldeko armadak ez zuen erresistentzia handirik erakutsi soldadu matxinoen aurrean.

Krabelinen Iraultza
Irudia
Jatorrizko izena(pt) Revolução dos Cravos
MotaEstatu-kolpe
iraultza
Data1974ko apirilaren 25a
KokalekuPortugal
HerrialdeaPortugal
KausaPortugalgo Bigarren Errepublika
Pertsona hilak11
Pertsona zaurituak40

Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldi luzeari (ia 50 urte) azkena eman zioten matxinoek egun hartan, herritar gehienen sostenguarekin. Bat egin zuen denboran Portugalgo Inperioaren gainbeherarekin, eta mugimendu komunistak eta sozialistak bultzatuta egon zen batik bat.

Jose Afonsoren Grândola, Vila Morena abestiak markatu zuen lehenengo mugimenduen hasiera, Rádio Renascença irratiak herrialde osora zabalduta.

Celeste Martins Caeiro izeneko emakume batek krabelinak banatu zituen soldadu matxinoen artean, eta soldaduek beren fusilen kanoietan paratu. Hori dela eta deitzen zaio matxinadari Krabelinen Iraultza.

Testuinguru politikoa

aldatu

Kolonien auzia konpondu ez izana dago diktadura amaiarazi zuen mugimenduaren oinarrian. Antonio de Spínola jeneral entzutetsuak –Portugal eta etorkizuna liburuaren egilea, non kolonietako gerraren amaia iragartzen zuen, eta metropoliaren eta kolonien arteko federazio baterako igarobidea proposatzen–, hartu zuen Caetano postutik kendu zuen estatu-kolpearen buruzagitza (1974ko apirilak 25). Spínolarekin, politikagintzaren askatasuna berrezarri zen, amnistia dekretatu eta autodeterminazio-prozesuak koloniei eskaini.

Alabaina, egoera sozioekonomiko zailak eta egoera politiko larriak berak iraultza-prozesu nahasi bat jarri zuten abian, protagonista talde militarrak izan zituena. Hala, militar erradikalen presioak Spínola kargutik kendu zuen, haiek baitziren gehienak armadan, eta Costa Gomes jeneralak hartu zuen haren lekua. Taldeen arteko gatazkak eta barne-gatazkak izan ziren aldi iraultzaile horren ezaugarria, eta orobat militarren eta alderdi politikoen arteko areriotasuna.

1975eko apirileko hauteskundeetan, Mario Soares sozialista izan zen garaile (% 37,8), Sa Carneiroren erdi-eskuinaren (% 26,5) eta Alvaro Cunhalen komunisten aurretik (% 18,5). Hala eta guztiz ere, militarren eta alderdi politikoen arteko arazoak ez ziren amaitu eta, era horretan, komunistek armadan zituzten aldekoen presiora jo zuten, ez baitzeuden ados prozesu iraultzailearekin.

Azkenean, Indar Armatuen Mugimenduak baretu zuen nagusitasun zibila, eta era horretan itun konstituziogile baten aldeko bidea zabaldu zen, 1976ko apirileko konstituzioa ekarri zuena. Politika ez zen erabat normaldu, baina egoera ekonomiko zailari aurre egiteko moduko konponbideak bideratu ahal izan ziren, inflazioa % 34koa baitzen eta ordainketa-balantza, oso defizitarioa, emigratzaile asko bizi baitziren atzerrian, ekonomia industriaren bultzadaren beharrean baitzegoen…

Bitartean, 1975etik aurrera, independentzia lortu zuten koloniek.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu